194. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZAGRA

Ordenantza, “Udal Kiroldegia” instalazioen barne araubidea arautzen duena. Behin betiko onespena

Azagrako Udalak, 2021eko maiatzaren 6an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen “Udal Kiroldegia” instalazioen barne araubidea arautzen duen ordenantza.

Iragarkia 2021eko 133. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 8an.

Jendaurrean egoteko hogeita hamar eguneko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza behin betiko onetsitzat jo da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Horiek horrela, ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Azagran, 2021eko uztailaren 28an.–Alkatea, Rubén Medrano Romeo.

“UDAL KIROLDEGIA” INSTALAZIOEN BARNE ARAUBIDEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Erregelamendu honen xede nagusia da Udalaren kirol instalazioen erabilera arautzea, zehazki, Azagrako Udal Kiroldegiarena. Hura Azagrako Diputazio etorbidean (z.g.) dago, eta Azagrako Udalaren jabetzakoa da.

Hona hemen instalazio horiek osatzen dituztenak:

–Miguel Induráin pabiloia, hauek barne harturik: kirol anitzeko pista, sauna lehorra, muskulazio gela, aldagelak eta zenbait jarduera gela.

–Pilotalekua. Barnean, gainera, padel pista dauka.

–Futbol zelaia eta aldagelak.

–Estali gabeko kirol anitzeko pista eta padel pista.

–Udako igerilekuak eta haien berdeguneak.

–Egungo instalazioen parte berriak, etorkizunean eginikoak.

Horien barnean sartuko dira, halaber, aipaturiko jarduerei atxikirik dauden eta aurreko paragrafoan azalduriko instalazioetan dauden ondasun higigarriak, instalazioak eta zerbitzuak.

2. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen diren Udalaren kirol instalazioak zerbitzu publikoari atxikitako jabari publikoko ondasuntzat hartuko dira, eta Foru Komunitatean indarra duten arauak bete beharko dituzte, kirolaren, ikuskizun publikoen, ingurumen osasunaren eta aisialdiko jardueren eta ingurumena babesteko jarduera sailkatuen arloan.

3. artikulua. Udalaren kirol instalazioak jende guztiarentzat zabalik egonen dira, baina haietara sartu eta haiek erabiltzeko, kasuan kasuko udal tasa ordaindu beharko da edo, bestela, baldin instalazio horien kudeaketa ez badu Udalak zuzenean egiten, ezartzen diren tarifak ordaindu beharko dira.

3.1. Udalaren kirol instalazioen erabiltzailetzat hartuko dira erregelamendu honen 1. artikuluan aipaturiko instalazioak erabiltzen dituzten pertsona fisikoak, juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak.

3.2. Kirol eremu horien erabiltzaile izan daitezke hala banakoak (bakarkako erabilera) nola talde antolatuak (erabilera kolektiboa), kirol klubak, elkarteak, ikastetxeak, eta erabiltzeko erreserba egiten duten entitate edo pertsonak, betiere aurretik ezarritako programazio eta ordutegi baten barnean.

3.3. Instalazioak ezin dira era kolektiboan erabili instalazioko Zuzendaritzaren edo Kirol Batzordearen berariazko baimena izan gabe.

3.4. Erabiltzaileek ezin izanen dituzte instalazioak irabazi-asmoz erabili Kirol Batzordearen berariazko baimena izan gabe.

4. artikulua. Instalazio bakoitza erabiltzen ahalko da esleitu zaizkion edo egoki diren kirolak eta jarduerak praktikatu eta egiteko.

5. artikulua. Miguel Induráin pabiloiko atezaintzan, erraz ikusteko moduan, gelen okupazio orri bat egonen da, Kirol Batzordeak onetsia.

6. artikulua. Azagrako Udalak eskubidea izanen du erregelamendu honetan ezartzen dena argitu, aldatu edo garatzeko xedapenak eta/edo ebazpenak emateko, instalazioak era egokian erabil daitezen.

Erregelamendu hau jendearen eskura egonen da Azagrako Udal Kiroldegiko kirol instalazioetan, bai eta Azagrako Udalaren webgunean ere.

Azagrako Udalak erregelamendu honetan jasotako eskubideak ez erabiltzea ez da hartu behar eskubide horiei eginiko ukotzat.

7. artikulua. Udalak erantzukizun zibileko asegurua izanen du zuzenean kudeatzen dituen kirol instalazio guztietarako, instalazioaren erabileraren ondoriozko kalte eta galera guztiak estaltzeko. Udalak, orobat, aseguru bera eskatuko dio bere kirol instalazioak kudeatzen dituen enpresari.

8. artikulua. Udalak eta kirol instalazioak kudeatzen dituen enpresak ez dute erantzukizunik izanen Udalaren kirol instalazio guztietan gertatzen diren istripuen gainean. Horri dagokionez, erabilera okerrak eraginiko istripuak erabiltzailearen erantzukizuna izanen dira. Era berean, instalazioen barnean ebasketarik edo lapurretarik gertatuz gero, Udalak eta enpresa kudeatzaileak ez dute erantzukizunik izanen halakoen gainean.

9. artikulua. Kirolarien eta ikusleen segurtasuna eta babesa bermatzeko xedez, Udalaren kirol instalazioetan egiten diren ikuskizunetara eta kirol saioetara sartzea galaraziko zaie barnera honako hauek pasatu nahi dituztenei:

9.1. Edukiz edo esanahiz indarkeria erabiltzera dei egin dezaketen pankarta, sinbolo, ikur edo idatziak.

9.2. Armak, edo kalteak eragin ditzaketen objektuak.

9.3. Bengalak edo su artifizialak.

9.4. Erregelamenduz ezartzen diren beste objektu edo tresna guztiak.

Nolanahi ere, debeku izanen da Udalaren kirol instalazioetan aurreko apartatuan aipatu diren objektuak erakutsi edo erabiltzea, eta instalazioaren titularrak edo kudeatzaileak beharturik daude haiek berehala kentzera.

10. artikulua. Udalak baimendutako jardueretan sarrera-salmentatik ateratzen den dirua geldituko da jarduera hori antolatzen duen entitatearen esku, eta horrek, bere aldetik, ordaindu beharko ditu dagokion erabilera tasa edo kuota eta indarreko udal zergak.

11. artikulua. Kirol entitateren batek hala eskatzen badu, Kirol Batzordearen proposamenez Udalak baimena ematen ahalko du publizitatea jartzeko, mugigarria nahiz estatikoa, iraunkorra edo ez, edozein elementu tekniko edo euskarritan, baldin eta legezko arauak betetzen baditu, bai eta dagokion baimenean Udalak zehazten dituen arauak ere.

12. artikulua. Instalazioko seinale guztiek, barnekoek nahiz kanpoaldekoek, dagokien araudia bete beharko dute, hala Udalarena nola foru administrazioarena eta araudi orokorra. Betiere, seinale horietan agertu beharko du instalazioaren titulartasuna Udalari dagokiola.

13. artikulua. Kirolean aritzeko, edozein espezialitatetan, material eta janzkera egokiak erabili beharko dira. Hori kontuan harturik, oinetakoak zaindu beharko dira bereziki, kirolgune bakoitzaren parketean edo zoru berezian markarik utziko ez duten zolak erabiliz.

13.1. Aldageletan, pasabideetan nahiz kirolgunetzat hartzen ez diren eremu guztietan, ez dago baimenduta jostetan aritzea edo beroketa ariketak egitea baloiak, pilotak edo bestelako objektuak erabiliz.

14. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan sartzeak berekin dakar erregelamendu honetako arauak onartzea.

II. KAPITULUA

Instalazioak ireki eta ixtea

15. artikulua. Azagrako Udalari dagokio kirol instalazioen funtzionamenduaren gainean erabakitzea, eta noiz itxiko diren ezartzea. Hala, egutegia urtero onetsi beharko du.

Oro har, kiroldegia itxita egonen da herriko jaietan, igandeetan eta jaiegun ofizialetan.

Hemen adierazitako egutegi eta ordutegiak aldatzen ahalko ditu Azagrako Udalak, hala behar duenean eta kirol instalazioetan kirol, kultur edo gizarte ekitaldiak antolatzen direnean.

Azagrako kirol instalazioetako abonatuek ezin izanen dute eskatu ordaindu dituzten tasak itzultzeko, kirol instalazioak itxita egoten diren denboragatik, Udalak ixtea erabakitzen duenean instalazioetan antolaturiko ekitaldietarako.

III. KAPITULUA

Abonatuak

16. artikulua. Abonatua izateko, pertsona batek inskripzioa eskatu behar du, hura onartu behar diote, abonatu txartela eduki behar du, eta egunean izan behar du Udalak ezarritako kuoten edo tasen ordainketa.

Abonatu txartela galduz gero, diru kopuru bat ordaindu beharko da, zehaztuko dena.

17. artikulua. Abonatu motak:

Urtero, Kirol Batzordearen proposamenez, Azagrako Udalak abonu eta eduki motak eta horien zenbatekoak onetsiko ditu, dauden modalitateetarako, kontuan harturik ezarritako pertsona eta talde motak. Halakoak argitara emanen dira ezarritako bideak erabiliz.

18. artikulua. Modalitate guztietako abonuak ordaintzeko moduak izanen dira Udalak ezarritakoak.

Behin ordainketa eginik, ezin izanen da itzuli ordaindu den kuota.

19. artikulua. Abonatu txartela galdu, lapurtu edo hondatuz gero, horren berri eman beharko zaio berehala instalazioak kudeatzen dituen entitateari.

20. artikulua. Udalak mugatzen ahalko du abonatuen kopurua, instalazioen erabilera ahalik eta egokiena izan dadin.

21. artikulua. Abonatu txartela pertsonala eta besterenezina da. Beste inork behar ez bezala erabiltzen badu, zehapena ezarriko da, Kirol Batzordeak zehazten duena.

22. artikulua. Abonatuek honako eskubide hauek dituzte:

22.1. Instalazioetan libreki sartzea, abonatu txartela erakutsita, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.

22.2. Instalazioak erabiltzea, Udalak kirol eremu bakoitzerako onesten duen araudiari jarraikiz.

22.3. Udalak kasu bakoitzean onesten dituen deskontuez baliatzea kirol instalazioetan antolatzen diren jardueretarako, beste erabiltzaile mota batzuen aldean.

22.4. Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduari buruz.

23. artikulua. Abonatuak beharturik daude erabiltzaileentzat, oro har, aurrerago ezartzen diren betebeharrak betetzera.

IV. KAPITULUA

Abonatu gabeko erabiltzaileak

24. artikulua. Abonatu ez direnak honela bakarrik sartzen ahalko dira kirol instalazioetara:

–Kirol ikastaroren batean izena emanda.

–Eguneko sarrera erosita.

24.1. Eguneko sarrerak instalazio edo zerbitzu bakoitzean sartzeko bide emanen du, sarrera hori instalazioko txarteldegian eskuratzen den egunean bakar-bakarrik.

Eguneko sarrera eskuratzen bada, dena delako instalazio edo zerbitzua egun osoan erabiltzen ahalko dira; kirol instalaziotik ateraz gero, eguneko sarreraren ordainagiria erakutsi beharko da, zeinak eroslearen NANa ageri baitu, berriz sartu ahal izateko.

Eguneko sarrera kiroldegirako edo udako igerilekurako aterako da, baina ezin izanen da erabili bi instalazioetarako.

Instalaziora sartzeko unean ordainduko da, edota, posible bada, Internet bidez. Azken kasu horretan, ordainketa justifikatu beharko da. Behin ordainketa eginik, ez da dirua itzuliko.

24.2. Kirol ikastaroetan izena emateak aipatu ikastaroetara sartzeko eskubidea ematen du bakarrik, hau da, ezin izanen dira instalazioak erabili –salbu aldagelak eta dutxak– beste ezein jardueratarako. Jarduerak iraun bitartean bakarrik egonen da baimendurik instalazioan egotea.

Udalak ezarriko ditu ordaindu beharreko kuotak, abonatuek eta abonatu ez direnek jarduera bakoitzean izena emateagatik.

Azagrako Udalak bestelako sarbideak ezartzen ahalko ditu, eta erregelamendu honetan ezarritakoak aldatu.

Halaber, baldintza bereziak ezartzen ahalko ditu kirol klubentzat, desgaitasunen bat duten bizilagunentzat eta biztanleriako beste sektore batzuentzat, egoki iruditzen bazaio.

V. KAPITULUA

Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

25. artikulua. Eskubideak:

25.1. Erabiltzaileak, dagokion tasa edo tarifa ordaintzen badu, Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko eskubidea du, erregelamendu honetan ezartzen den gisan.

25.2. Erabiltzaileek eskubidea izanen dute Udalaren kirol instalazioetako zerbitzu guztiak erabiltzeko, haietako bakoitzaren arau partikularrak beteta.

25.3. Herritarrak eskubidea du informazioa jasotzeko Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko baldintzez eta haietan eskaintzen diren kirol programez.

25.4. Erabiltzaileek eskubidea dute egokiak iruditzen zaizkien iradokizunak aurkezteko Udalaren kirol instalazioen kudeaketa hobetu beharrez, bai eta erreklamazioak aurkezteko ere haien funtzionamenduaz, Udalak horretarako ezarritako bideak baliatuz.

26. artikulua. Betebeharrak:

26.1. Txartela edo sarrera aurkeztea Udalaren kirol instalazioetara sartzean, eta instalazioko langileek eskatzen dietenean.

26.2. Erabiltzaileak modu egokian jokatu beharko du instalazioen barnean, hala hitzez nola egitez, gainerako erabiltzaileei eragotzi gabe eta gizalegezko elkarbizitzak ezartzen dituen mugen barnean.

26.3. Funtsezkotzat jotzen da, halaber, erabiltzaileek eta instalazioetako langileek elkarri begirunea izatea; eta erabiltzaileek langile horien esanak onartu beharko dituzte.

26.4. Garaiz ordaintzea ezarritako kuotak eta aurretik onarturiko ordu erreserbak.

26.5. Erabiltzaileek modu egokian erabili beharko dituzte instalazio eta eremu guztiak, bai eta horiek zaindu eta zainarazi ere, eta erabiltzailea izanen da erantzule, baldin eta asmo txarrez edo zabarkeriaz kalte edo galerarik eragiten badie instalazioei edo hirugarren batzuei, Udalaren kirol instalazioetan ematen duen denboran.

26.6. Erabiltzaileek bereziki saiatu beharko dute garbi edukitzen erabiltzen dituzten eremuak, paperontziak eta zaborrak biltzeko gainerako elementuak erabiliz horretarako.

26.7. Haurrek gurasoen edo haien ardura dutenen zaintzapean egon beharko dute instalazioetan, istripuak saihesteko eta gainerako erabiltzaileei ez eragozteko.

26.8. Adin nagusiko erabiltzaileak izanen dira erantzule, baldin eta beren ardurapean dituzten adingabeek erregelamendu honetako arauak betetzen ez badituzte edo bertan zehazturiko arau-hausteak egiten badituzte.

26.9. Erabiltzaileek beren gain hartuko dituzte instalazioetan gertatzen diren objektu pertsonalen galerak, desagertzeak edo hondatzeak.

26.10. Erabiltzaileek beti errespetatu beharko dituzte instalazioaren funtzionamendu ordutegiak, bai eta erregelamendu hau ere, eta kasu eginen diote langileek horren inguruan esaten dutenari.

26.11. Erabiltzaileek zorrotz bete beharko dute ezarritako ordutegia, aurretik kalkulatuz zenbat denbora egin beharko duten dutxatzen eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko.

26.12. Erabiltzaileak instalazioetatik egozten ahalko dira, eta hortik erabiltzaile gisa dauzkaten eskubide guztiak galdu, baldin eta beren jarduerekin iskanbilarik sortzen badute, elkarbizitza normala nahasten badute, portaera axolagabea badute edo instalazioak erabiltzeko arauren bat hausten badute.

26.13. Arau hauetan aipatzen ez den gainerako guztian, eta haien interpretazioan, une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hartuko du dagokion erabakia hasteko eta behin, eta gero, bidezko bada, gaia kirol teknikariari igorriko zaio, Kirol Batzordera, hark behin betiko ebazpena eman dezan. Erabiltzailea beharturik dago une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hasteko eta behin hartzen duen erabakia onartzera.

26.14. Kirol Batzordearen proposamenez Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.

27. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak bermatzeko, instalazio bakoitzean erreklamazio orriak edukiko dituzte eskura. Edozein erabiltzaile baliatzen ahalko da erreklamazio orri horietaz, bertan jarrita izena, deiturak, helbidea, eta telefono eta NAN zenbakiak, baldin eta instalazioetako zerbitzuen funtzionamendua desegokia dela uste badu. Erreklamazioa egiten duen erabiltzaileak kopia bat gordeko du beretzat eta erantzuna hartuko du. Erantzuna nahitaez emanen da hura jasota uztea ahalbidetzen duen bideren bat erabiliz, nahiz eta aldez aurretik telefonoz jakinarazten ahal den.

Erabiltzaileek noiznahi eskatzen ahalko dute instalazioetako zerbitzuetako langile edo arduradunen identifikazioa, egokiak iruditzen zaizkien erreklamazioak egin ahal izateko.

28. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan biltzen diren gauza galduak instalazio bakoitzeko argibide zerbitzuan (harreragunea) utziko dira, 15 egunean. Behin epe hori iraganez gero, instalazio bereko biltegian utziko dira 30 egunean. Denbora hori ere iragandakoan, Udaltzaingoaren egoitzara eramanen dira, legez ezarritako bideak segi dezan.

VI. KAPITULUA

Instalazioen erabileraren gaineko araudia

29. artikulua. Zerbitzu eremua.

29.1. Zerbitzu eremua esaten zaion aldean sartzen dira harreragunea, kafetegia, armairuak, dutxak, zerbitzuak eta botikina.

29.2. Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioa garbi egon dadin, langileekin lankidetzan arituz, eta instalazioko bazter guztietan dauden paperontziak erabiliz. Higiene arrazoiak direla-eta, erabat debeku da bizarra egitea, depilatzea eta pedikura, manikura edo gisako tratamenduak egitea.

Debeku da inon erretzea Udalaren kirol instalazioetan.

29.3. Erabiltzaileek errespetatu eta zaindu beharko dituzte altzariak, bankuak, lorategiak, arbolak, etab.

29.4. Erabiltzaileek errespetatu beharko dituzte instalazioaren funtzionamendu ordutegiak, eta kasu eginen diote langileek horren inguruan esaten dutenari.

29.5. Erabiltzaileek behar diren jokabidea eta egokitasuna agertu beharko dute, gainerako erabiltzaileak errespetatu behar baitituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean.

29.6. Jantzitegi zerbitzua armairuen eremuan bakarrik izanen da. Udalaren kirol instalazioetako armairuak erabiltzen direnean, behar-beharrezkoa izanen da bai pertxak bai eserlekuak libre uztea kirol eremuak erabiltzen diren bitartean.

29.7. Erabat debeku da armairu bat erreserbatzea edo itxirik uztea biharamunerako. Instalazioak irekita dauden ordutegian soilik erabil daitezke giltzak. Arau hori betetzen ez duenari isuna ezarriko zaio, eta armairuan gorde duen materiala handik atera eta instalazioko zuzendaritzak agintzen duen tokian utziko da, harik eta isuna harreragunean ordaindu eta armairuko giltza itzultzen den arte.

29.8. Giltza galduz gero, instalazioko arduradunari emanen zaio horren berri, eta hark dagokionari emanen dio armairuaren barrenean utzitako materiala, baldin eta jabetza frogatzen bada. Jabetza frogatzerik ez badago, egunaren bukaera arte itxaron beharko da materiala itzultzeko. Gainera, halakoetan, inplikatutako erabiltzaileak sarraila aldatzearen kostu guztia ordaindu beharko du, armairua berriz ere erabiltzeko moduan uzteko, hura bortxatu eta, beraz, ezin erabilirik utzi bada.

29.9. Zazpi urtetik gorako haurrak ez dira inola ere sartzen ahalko beste sexukoen aldageletara, ez bakarrik eta ez heldu batek lagundurik.

29.10. Erabiltzaileek eskura izanen dute botikin zerbitzua, langile espezializatuen ardurapean (igerilekuetako bainu ordutegiaren barnean).

29.11. Higienea dela-eta, txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.

29.12. Debeku da irristailuak, bizikletak eta gisakoak aldagelen eremuan sartzea.

29.13. Instalaziora sartu nahiz ateratzeko, nahitaez pasatu beharko da horretarako dauden tornuetatik.

29.14. Berdegunea utzi beharko da igeri-ontzia ixten den une berean.

30. artikulua. Igerilekuak. Ur-bazterrak eta igeri-ontziak.

30.1. Ur-bazterrak eta igeri-ontziak erabiltzeari dagokionez, erregelamendu honetan ezarritakoa bete beharko da, bai eta erabilera publikoko igerilekuetan nahitaez bete behar den osasun arloko berariazko araudia ere, une bakoitzean indarrean dagoena, alegia.

30.2. Igerilekuak erabiliko dira bainatzeko, igeri egiteko nahiz, kasua bada, lehiaketak egiteko, betiere igerilekuan ongi zehazturik bakoitzari dagokion aldea.

30.3. Igeri-ontzian, soroslea da arduradun nagusia, eta betearazi beharko ditu Udalak emaniko arauak, instalazioak zentzuz erabiltzea eta igerilari guztien segurtasuna zaintzea beste xederik gabe.

30.4. Kirol instalazioetako langileek ahalmena dute portaera gaitzesgarria duten erabiltzaileei kargu hartzeko edo haiek instalaziotik egozteko.

30.5. Ur-bazterrera eta igeri-ontzira joateko nahitaez dutxetatik pasatu beharko da. Bainatu aurretik nahitaez dutxatu behar da. Bainatu ondoren ere dutxatzeko gomendatzen da.

30.6. Ur-bazterrera edo igeri-ontzira oinutsik edo txankletak jantzita joan beharko da, instalazioko langileek izan ezik, horiek oinetako egokiak edo bereziak jantziko baitituzte, behar izanez gero. Erabiltzailea ezin da igerilekura sartu kaleko arropa eta oinetakoekin.

30.7. Debeku da ur-bazterretara aulkiak, etzaulkiak edo eskuoihalak sartzea, eguzkitan egoteko.

30.8. Debeku da baloiak, koltxonetak edo gainerako erabiltzaileei traba egin diezaieketen objektuak sartzea (hegatsak, urpeko betaurrekoak eta abar); zilegi da, berriz, igerian aritzeko betaurrekoak erabiltzea. Debeku diren horiek, baina, egun jakinetan onartzen ahalko dira, aisialdiko jarduerak edo ikastaro bereziak egiteko, kirol instalazioak berak antolatuak. Igerilekuko langileek erabakiko dute erabiltzaileei uretako materiala mailegatu ala ez, aisialdiko erabilerarako, aintzat harturik une horretan igerilekuan zer egoera dagoen (erabiltzaile kopurua, material beharra, etab.).

30.10. Ur-bazterrean edo igeri-ontzietan debeku dira gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna galarazten dituzten ekintza eta jarduera guztiak.

30.11. Igeri-ontzi bakoitzak bainulari kopuru bat har dezake gehienez, arauek hala aginduta. Kopuru horretara iritsiz gero, dena delako igeri-ontzian sartzea galarazten ahalko da denbora batean.

30.12. Igeriketa ikastaroak egin bitartean, izena eman ez dutenek ez dituzte erabiltzen ahalko horretarako bereizitako alde edo kaleak.

30.13. Erabiltzaile guztiek bainurako txanoa erabili beharko dute igerilekuetako igeri-ontzietan sartzeko.

30.14. 6 urtetik gorako haurrek, gazteek eta helduek debeku dute igerilekuko plisti-plastako ontzia erabiltzea, salbu eta txikiak zaintzen ari diren helduak badira. Kasu horretan, pertsona heldu horiek ur-bazterrean eta inguruan egon beharko dute, eta ez dira uretara sartuko, beharrezkoa izan ezean.

30.15. Plisti-plastako ontzia behar bezala babesturik eta bereizirik egonen da, umeak beren kasa sar ez daitezen beste igeri-ontzi batzuetan. Pertsona heldu baten begiradapean egon beharko dute, dena den.

30.16. Aisialdiko igeri-ontzian, zortzi urtetik beherakoek etengabe egon beharko dute heldu baten begiradapean, eta hark izanen du zaintzaren ardura.

30.17. Erabat debeku da listu egitea, pixa egitea eta, oro har, uraren kalitatea txartzen ahal duen gauza oro.

30.18. Beste xede batzuetarako (ikastaroak, entrenamendua, etab.) mugaturik ez dauden aldeak erabiliko ditu erabiltzaileak.

30.19. Izena eman dutenek bakarrik erabiltzen ahalko dute, eta ikastaroetan baizik ez, ikastaroetarako ematen den materiala (taulak, flotatzeko mahukak, ikasmateriala...).

30.20. Debeku da igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei heltzea.

30.21. Bainu librean ari direnek ez diete liskar, bulka edo traba eginen, inola ere, ikastaroren bat edo instalazioak kudeatzen dituen entitateak antolatutako jardueraren bat egiten ari diren parte hartzaile, igerilari eta oro har erabiltzaileei.

30.22. Instalazioak kudeatzen dituen entitateak programaturiko jardueraren batean izena eman dutenek kasu eginen diete monitoreek emandako aholku eta aginduei, direla jarduerako saioen gainean edo instalazioen erabileraren gainean, eta errespetatuko dituzte bai erregelamendu hau, bai indarreko araudia.

30.23. 0tik 3 urte arteko umeek nahitaez erabili beharko dute bainurako pixoihala.

30.24. Ezin izanen da erabili flotatzeko elementu osagarririk, non eta ez diren txurroak, pull-boyak, taulak, mahukak, burbuilak edo flotatzeko uhala. Sorosleak edo instalazioko langileek baimena eman ezik.

31. artikulua. Aulki eta etzaulkien biltegia.

31.1. Belardietan aulkiak eta etzaulkiak erabil daitezke, baina betiere lurrean finkatu behar ez badira.

31.2. Toki bat esleituko da, instalazioetako abonua dutenek han aulkiak eta etzaulkiak biltzeko udan zehar. Librea eta aukerakoa izanen da toki hori erabiltzea ala ez; hortaz, ez Udalak, ez enpresa kudeatzaileak ez dute inolako erantzukizunik izanen ezer lapurtzen bada. Baimendurik dago toki horretan biltegiratzen diren aulki eta etzaulkiak giltzarrapoz gakotzeko.

31.3. Biltegiratze-toki hori barruti guztian zehar dago, eta horman ainguraturiko barra batzuk ditu, lurretik garaiera jakin batera; barra horietan, hain zuzen, kako batzuk daude, aulki eta etzaulkiak hantxe jartzeko. Eguna bukatzean, zintzilik egon beharko dute aulki eta etzaulki guztiak. Lurrean aurkitzen den aulki edo etzaulki oro jaso, eta egoki iritzitakoa eginen da halakoekin.

31.4. Udako denboraldia bukatutakoan, jabeek bertatik eraman beharko dituzte aulkiak eta etzaulkiak. Bestela, udako denboraldia bukatu eta hamar egun igarotakoan, instalazioetako langileek bertan dauden aulki eta etzaulki guztiak eramanen dituzte eta egoki iruditzen zaiena eginen dute haiekin. Hala gertatuz gero, erabiltzaileek ezin izanen dute inolako erreklamaziorik egin.

32. artikulua. Muskulazio gela edo fitness gela.

32.1. 16 urtetik gorako abonatuak bakar-bakarrik sartzen ahal dira muskulazio gelan. Salbuespenez, gazteagoek erabiltzen ahalko dute, baldin badute medikuaren baimena edo kirol klub baten jarduera bada, adinera behar bezala egokitua. Arau hori ez betetzeak zehapena ekarriko du, eta guraso edo legezko tutoreen erantzukizuna izanen dira han egotearen ondorioak.

32.2. Gelan dauden aparatuek kalte larria egin diezaiekete era desegokian erabiltzen dituztenei. Erabiltzaile bakoitzaren erantzukizuna izanen da aparatu horiek egoki erabiltzea.

32.3. Instalazioko arduradunek aginpidea dute aretoa gaizki erabiltzen dutenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, bertatik egozteko, baldin eta nahasmendua sortzen badute, makinak gaizki erabiltzen badituzte eta arriskua badago erabiltzaileen osotasun fisikoarentzat.

32.4. Gelara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, kaletik ekartzen direnak aldatuta.

32.5. Higienea dela eta, eta gainerako erabiltzaileenganako errespetuagatik, eskuoihala eraman beharko da aparatuak erabiltzen direnerako.

32.6. Gelaren erabiltzaileek, pisuak altxatzen aritu eta gero, pisuak beren lekuan utziko dituzte, gela txukun egon dadin eta beste erabiltzaileen entrenamenduan trabarik egin ez dezaten.

32.7. Gomendatzen da erabiltzaileak osasun azterketa egin dezala aldez aurretik.

32.8. Udalak eta instalazioa kudeatzen duen enpresak ez dute erantzukizunik izanen gelan dauden aparatu eta materialez erabiltzaileek egiten duten erabilera okerraren gainean.

33. artikulua. Jarduera gela.

33.1. Kirol instalazioak kudeatzen dituen entitateak eta Udalaren kirol eskolek antolatutako ikastaroak egiteko baizik ez dira taldekako jardueren gelak. Hortaz, ikastaroetako parte hartzaileak baizik ez dira haietara sartuko. Azagrako ikastetxeek izanen dute horiek erabiltzeko lehentasuna.

33.2. Ikastaro orduetatik kanpo, kirol eremu hori itxita egonen da erabiltzaileentzat. Taldeek edo partikularrek erabili nahi izanez gero, Jarraipen Batzordearen baimena beharko da.

33.3. Kirol eremu horretara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, kaletik ekartzen direnak aldatuta. Arau hori betetzen ez duten erabiltzaileei kirol eremu horretara sartzea ukatzen ahalko zaie.

33.4. Udalak eta enpresa kudeatzaileak ez dute inolako erantzukizunik izanen kirolean aritzetik sor daitezkeen lesioengatik.

34. artikulua. Kirol anitzeko pista.

34.1. Kiroldegi estalia erabiltzean, honako kolektibo hauek izanen dute lehentasuna:

–Ikastetxeak (ikastetxea, BHI).

–Udalak antolatutako jarduerak eta txapelketak.

–Azagrako kirol klubak.

34.2. Kirol anitzeko pistara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako oinetakoak janztea, kaletik ekartzen direnak aldatuta, nahiz eta horiek ere kirol-oinetakoak izan, bermatu ahal izateko instalazioko zoladuraren iraunkortasuna. Erabiltzaileak arau hori ez betetzeak zehapena ekarriko du, eta instalazioko langileek kirol anitzeko pistatik egotziko dute.

34.3. Kirol klubetako kirolariek, instalazioko abonatu ez badira eta instalazioa erabiltzeko baimena badute, Udalak eta haren Kirol Batzordeak helburu hauetarako ezarritakoa bete beharko dute.

34.4. Esleitutako ordutegiak zorrotz betez sartu eta aterako dira pistatik. Ezin izanen dira pistan sartu, harik eta aurreko orduko talde erabiltzailea ateratzen den arte. Pista hutsik egon arren, ezin izanen da sartu erreserbatutako ordua iritsi arte.

34.5. Salbuespenez, baimentzen ahalko da kirol anitzeko pista uztea kirolekoak ez diren ekitaldiak egin daitezen; baldin betetzen bada Udalak eta haren Kirol Batzordeak ezarritakoa.

Enpresa antolatzaileak izanen du bere gain instalazioak ekitaldirako garbitzea, bai eta hura egiteko behar den beste lan oro egitea ere.

Nahitaezkoa izanen da erantzukizun zibileko eta istripuen aseguru bat kontratatzea, ekitaldia estaltzeko adinakoa.

Une oro segurtatuko da betetzen dela ikuskizun publikoei buruzko indarreko araudian ezarritakoa.

Eskatzaileak ebakuaziorako eta edukiera kontrolatzeko plana aurkeztu beharko du, eta Azagrako Udalaren onarpena beharko du horrek, aztertu ondoren.

VII. KAPITULUA

Kirol ikastaroak

35. artikulua. Azagrako Udal Kiroldegian antolatzen diren gorputz eta kirol jardueretan parte hartzeko, erabiltzaileek kirol ikastaroetan eman beharko dute izena.

36. artikulua. Honako hauek dira kirol ikastaroen funtzionamendu arauak:

36.1. Udalak banan-banan ezarriko ditu kirol ikastaro mota bakoitzean parte hartzeko prezioak.

36.2. Kirol ikastaro guztietan gehieneko parte-hartzaile kopuru bat ezarriko da.

36.3. Halaber, ikastaro guztietan, gutxieneko parte-hartzaile kopuru bat ezarriko da, Kirol Batzordeak erabakitakoa.

36.4. Kirol ikastaro batean izena eman ondoren, ez da inola ere berreskuratzen ahalko ordaindutako diru kopurua, baldin eta jarduera aurreikusi bezala egiten bada.

36.5. Kirol Batzordea da ikastaroen kudeatzailea. Ikastaroetan edozein aldaketa egiteko, batzordeari jakinarazi beharko zaio, eta hark erabakiko du.

VIII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

37. artikulua. Azagrako Udalari dagokio abonatu edo erabiltzaileentzako zehapen neurriak hartzea, erregelamendu hau betetzen dela begiratzeko eta instalazioaren barneko udal ondasunak zaintzeko.

38. artikulua. Instalazioetako langileek eskumena dute erabiltzaileei hitzez kargu hartzeko, baita bertatik egozteko ere, eta Kirol Batzordeari berri ematen ahal diote orobat, instalazioetatik aldi baterako edo behin betiko egozteko zehapenak ezar ditzan.

39. artikulua. Hona hemen zehapena ezartzeko prozedura:

Erregelamendu honetako edozein arau hausteak ekar dezake txartela kentzea eta instalaziotik egoztea, prebentziozko neurri gisa.

Instalazioko langileek txosten bat eta arau-hauslearen datuak igorriko ditu Udalera, bidezko zehapen neurriak har ditzan erregelamendu honetan oinarrituta. Zehapen horiek arau-hausleari jakinaraziko zaizkio. Ematen diren ebazpenen aurka, indarreko legedian oro har ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira, eta errekurtso horiek ebatzi arte, ezin izanen da instalaziora sartu hura erabiltzeko aukera aldi baterako edo behin betiko galdu duen erabiltzailea.

40. artikulua. Barne erregelamenduan eta kirol eremuen berariazko araudiari buruzko eranskinetan jasotako arauak hausten dituen egitate oro izanen da arau-haustea, eta ekarriko du apartatu honetan aurreikusten diren zehapenak ezartzea.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

41. artikulua. Arau-hauste arinak dira:

41.1. Kirol eremu bakoitzaren berariazko araudia ez errespetatzea.

41.2. Kirol instalazioak erabiltzea erreserbako egun eta/edo orduetatik kanpo.

41.3. Kirol instalazioak erabiltzea abonatu izan gabe, salbu eta eguneko sarrera edo berariazko baimen puntuala dutenentzat, kirol ikastaro batean izena emanda daudenentzat edo instalazioak erabiltzen dituzten klub edo taldeetako batekoak direnentzat.

41.4. Berariaz debekaturiko eremuetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.

41.5. Kirol instalazioen barnean erretzea, horretarako ezarritako aldeetan izan ezik.

41.6. Armairuak modu desegokian erabiltzea.

41.7. Instalazioetako langile akreditatuen esanei kasurik ez egitea.

41.8. Bi zehapen-abisu izatea.

41.9. Erregelamendu honetan ezarritako arauetako edozein ez betetzea, berariaz falta astuntzat edo oso astuntzat hartzen direnak izan ezik.

Arau-hauste arina egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo subjektu arau-hausleari:

–Kirol instalazioetatik aldi baterako egoztea, gehienez ere 15 egunerako, eta aldi horretan abonu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

–Ohartarazpen publiko edo pribatua.

–Zehapen-abisua aplikatzea.

–Arau-hauste arintzat hartutako egitateen ondorioz instalazio, ekipamendu edo materialetan kalte-galerarik eragin bada, zehapenean agin daiteke haren kostua ordaintzeko; azken hori betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

Arau-hauste eta zehapen arinek 6 hilabetera preskribatuko dute.

42. artikulua. Arau-hauste astunak dira:

42.1. Liskarrak edo/eta eraso fisikoak edo jendearen intimitatearen aurkako erasoak piztea edo/eta haietan parte hartzea, dela instalazioetako langileekin, dela erabiltzaileekin.

42.2. Kirol instalazioak hondatzen dituzten animaliak eta/edo gaiak sartzea.

42.3. Instalazioak nahita zikintzea edo hondatzea.

42.4. Igerilekuetako uraren kalitatea txartzea.

42.5. Kirol instalazio, ekipamendu eta/edo materialetan listu edo pixa egitea, zikintzea edo kalte egitea.

42.6. Abonatu txartela era desegokian erabiltzea, hala nola beste inori lagata, barrutira sartzeko.

42.7. Hiru hilabeteko epean 3 arau-hauste arin egitea.

42.8. Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste arau-hauste oro.

42.9. Instalazioko edozein ondasun higigarri edo higiezin hondatzea.

42.10. Instalazioetan sartzea mozkor zantzu nabarmenekin edo drogen eraginpean.

42.11. Ez ordaintzea instalazioetako armairuak ordutegitik kanpo erabiltzeagatik ezarritako isuna.

42.12. Ez ordaintzea instalazioetan sortutako kalte eta galeren zenbatekoa.

42.13. Instalazioetara sartzea edo horiek erabiltzea eritasun kutsakorrak edo zauri infekziosoak izaten direnean, gainerako erabiltzaileentzat arriskugarriak izan daitezkeenak edo instalazioetako higiene eta osasun baldintzei eragiten ahal diezaieketenak.

42.14. Instalazioaren barnean ordena larriki nahastea dakarren egite edo ez-egite oro.

Arau-hauste astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo subjektu arau-hausleari:

–Kirol instalazioetatik behin betiko egoztea, eta abonu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

–Kirol instalazioetatik aldi baterako egoztea, gehienez ere sei hilabeterako, eta aldi horretan abonu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

–Arau-hauste astuntzat hartutako egitateen ondorioz instalazio, ekipamendu edo materialetan kalte-galerarik eragin bada, zehapenean agin daiteke haren kostua ordaintzeko; azken hori betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

Arau-hauste eta zehapen astunek 2 urtera preskribatuko dute.

43. artikulua. Arau-hauste oso astunak dira:

43.1. Instalazioak eta/edo kirol materiala hondatzea, ebastea edo lapurtzea.

43.2. Instalazioetako langileei edo gainerako erabiltzaileei gorputzez, hitzez edo psikologikoki eraso egitea.

43.3. Erabiltzaileen nahiz langileen gauzak ebatsi edo lapurtzea.

43.4. Instalazioaren barnean bizikidetza, ordena eta segurtasuna bereziki okertzen dituzten jarduketak.

43.5. Instalazioaren barnean drogak saldu edo kontsumitzea.

43.6. Instalazioetara sartzea edozein arma mota aldean eramanik.

43.7. Instalazioen funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larri eta nabarmenak jartzea.

43.8. Ekipamendu, azpiegitura, elementu edo instalazioak modu larri eta nabarmenean hondatzea.

43.9. Urtebetean 2 arau-hauste astun egitea.

Arau-hauste oso astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo subjektu arau-hausleari:

–Kirol instalazioetatik behin betiko egoztea, eta abonu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

–Kirol instalazioetatik aldi baterako egoztea, gehienez ere urtebeterako, eta aldi horretan abonu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

–Arau-hauste oso astuntzat hartutako egitateen ondorioz instalazio, ekipamendu edo materialetan kalte-galerarik eragin bada, zehapenean agin daiteke haren kostua ordaintzeko; azken hori betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

Arau-hauste eta zehapen oso astunek 4 urtera preskribatuko dute.

44. artikulua. Ematen diren ebazpenen aurka, indarreko legedian oro har ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira.

Errekurtso horiek ebatzi arte, ezin izanen da instalaziora sartu hura erabiltzeko aukera aldi baterako edo behin betiko galdu duen erabiltzailea.

45. artikulua. Honako hauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko da zehapen araubidea: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; eta 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

IX. KAPITULUA

Kirol instalazioetako erabiltzaileen datu pertsonalen babesa

46. artikulua. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 3/2018 Lege Organikoak agindutakoaren arabera, kirol instalazioetako erabiltzaileei izen ematen duten unean eta langile arduradunak datuak jaso ondoren, klausula bat sinatuko dute, non aditzera emanen baitzaie utzitako datuak tratatu eta gordeko direla, tratamendu horren arrazoiarekin batera; orobat, behar diren jakingarriak emanen zaizkie eskubide horiek behar bezala erabiltzeko.

X. KAPITULUA

Erregelamendu honetan xedatua

47. artikulua. Azagrako Udalari dagozkio erregelamendu honen interpretazioa eta aplikazioa. Zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den pertsona edo entitatea Udalak eskuordeturik arituko da xedapenak interpretatu eta aplikatzeko eginkizunetan, eta konponbiderik zuzenena bilatuko du instalazioen eguneroko erabileran sortzen diren arazoetan.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2111819