194. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

97/2021 FORU AGINDUA, abuztuaren 11koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita ataletik beherako unitate administratiboen egitura Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoan.

Gaur egun, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abenduaren 15eko 105/2015 Foru Aginduak arautzen du ataletik beherako unitate administratiboen antolamendu egitura Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoan. Xedapen horrek, gerora, zenbait aldaketa izan ditu, otsailaren 13ko 22/2017 eta otsailaren 22ko 22/2019 foru aginduen bidez.

Foru agindu berri honen bidez egiten diren aldaketek erakunde autonomoko hiru zerbitzuri eragiten diete. Hala, lehenik, 2. artikulua aldatzen da, Informazioa Eskuratzeko Bideak Kudeatu eta Kontrolatzeko Bulegoa kentzeko, Informazio Sistemen Zerbitzuaren barnean. Kentzeko arrazoia da bulegoaren eginkizun batzuk bazeuzkatela beren gain harturik zerbitzuko beste unitate batzuek, baita beste zerbitzu batzuetako zenbait unitatek ere, eginkizunok zeharkako izaera izaki, eta beste eginkizun batzuk, berriz, ataleko langileek berek egin ditzaketela, beharrezkoa izan gabe aipatutako unitate administratiboari eustea.

Bigarrenik, egoki jotzen da Ikuskapen Jarduketak Erregistratzeko eta Kontrolatzeko Bulegoa kentzea Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuaren barnean, eta Enpresa Handien Kontrolerako Unitate Administratiboa sortzea. Azken bi urteetan burutu da ikuskapen jarduketak erregistratzeko baliatzen den tresna informatikoaren garapena; hori dela eta, automatizatu egin dira horiek erregistratzeko eta kontrolatzeko bulegoak lehen eskuz egiten zituen izapide asko, eta, beraz, bulego hori kentzea komeni da. Bestalde, Enpresa Handien Kontrolerako Unitate Administratiboa sortzeko arrazoia da beharrezkoa dela zergapekoen talde horren gaineko kontrola indartzea, garrantzi berezia baitu. Hala bada, ikuskapen jarduketak koordinatzeko unitate administratiboek berez dituzten eginkizunak hartzeaz gain, unitate berriari beste eginkizun bereziago batzuk ere ematen zaizkio. Halaber, aldaketa puntuala egiten da Plangintza eta Ikerketarako Unitate Administratiboari esleituriko eginkizunetan.

Azkenik, berrantolaketa partzial bat egiten da unitate administratiboen egituran, Zergadunari Laguntza Emateko Atala ukitzen duena, Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuaren barnean.

Zergadunari Laguntza Emateko Atalean, Zergadunari Laguntza Ematea Koordinatzeko 1. Bulegoa sortzen da. Haren helburua izanen da zergadunei ematen zaien arreta eta laguntza koordinatzea Iruñeko zerga-bulegoaren eremuan.

Gainerako zerga-bulegoetan (gaur egun, Tuteran, Lizarran, Tafallan eta Donezteben) herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak koordinatzeko, Zergadunari Laguntza Ematea Koordinatzeko 2. Bulegoa sortzen da, Aholkularitza, Prestakuntza eta Koordinazio Bulegoa kendurik.

Bi unitate horiei eginkizun berberak ematen zaizkie, zeinek bere lurralde-eremuan bete ditzan, eta haiekin efikazia handiagoa lortu nahi da antolaketaren eta kudeaketaren aldetik, bai zerbitzuei dagokienez, bai zerga-bulegoei atxikirik diharduten langile ugariei dagokienez.

Nafarroako Foru Ogasuneko Kudeaketako Zuzendaritzaren proposamenak ez dakar egitura gehikuntzarik, eta baditu funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuen aldeko txostenak, bat etorriz azaroaren 6ko 300/2019 Foru Dekretuaren 69. artikuluan ezarritakoarekin (Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen Foru Dekretua).

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Abenduaren 15eko 105/2015 Foru Aginduan egiten diren aldaketak. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren antolamendu egitura ezarri zen ataletik beherako unitate administratiboetan.

Kendu egiten da Informazioa Eskuratzeko Bideak Kudeatu eta Kontrolatzeko Bulegoa, 2. artikuluan jasotakoa, eta idazketa berria ematen zaie 4. eta 6. artikuluei; hala, testu hau izanen dute:

“4. artikulua. Tributu Ikuskapenerako Zerbitzua.

1. Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuak bulego eta unitate administratibo hauek ditu, zerbitzuari zuzenean atxikiak: Kudeaketa Administratibo eta Dokumentazioaren Bulegoa, Ikuskapen Jarduketak Koordinatzeko 1. Unitate Administratiboa, Ikuskapen Jarduketak Koordinatzeko 2. Unitate Administratiboa, Ikuskapen Jarduketak Koordinatzeko 3. Unitate Administratiboa, Enpresa Handien Kontrolerako Unitate Administratiboa eta Plangintza eta Ikerketarako Unitate Administratiboa.

2. Kudeaketa Administratibo eta Dokumentazioaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Dokumentuen sarrerak eta irteerak erregistratzea eta kontrolatzea Ikuskapenerako Zerbitzuan.

b) Zerbitzuko langileei eman beharreko ikuskapen espedienteak prestatzea eta dokumentatzea, eta, behin bukatuta, espedienteak izapidetzea.

c) Ikuskapen espedienteen artxiboa kudeatzea.

d) Izapide administratiboak erregistratzea Ikuskapen Jarduketen Erregistroan.

e) Ikuskapen Zerbitzurako ondasunen eta zerbitzuen eskurapena kudeatzea.

f) Ikuskapen Zerbitzuko langileek beren eginkizunak betetzeko egindako gastuak kudeatzea.

g) Indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eginkizunak eta aurrekoekin zerikusia duen edo haien ondoriozkoa den beste edozein, esleitzen bazaio.

3. Ikuskapen Jarduketak Koordinatzeko Unitate Administratiboek (1.a, 2.a eta 3.a) eginkizun hauek dituzte:

a) Tributuen ikuskapenerako planak prestatzen laguntzea.

b) Tributu Ikuskapenerako Planean sartutako tributudunak esleitzea.

c) Ezartzen diren espedienteen instrukzioan laguntzea.

d) Espediente bakoitzean formalizatzen diren dokumentuen izapidetzea zuzentzea.

e) Ikuskapen jarduketen kalitatea gainbegiratzea eta, unitateari esleitutako espedienteen izapidetzeetan, jarduteko irizpide homogeneoak aplikatzea, Zerbitzuko gainerako unitateekin eta Bulego Teknikoaren Atalarekin koordinaturik.

f) Bere unitateari esleitutako espedienteen ikuskapen jarduketei buruzko txostenak egitea, Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko Zuzendaritzak eskatuz gero.

g) Indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eginkizunak eta aurrekoekin zerikusia duen edo haien ondoriozkoa den beste edozein, esleitzen bazaio.

4. Enpresa Handien Kontrolerako Unitate Administratiboak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Tributuen ikuskapenerako planak prestatzen laguntzea.

b) Berariazko jarduketa lerro eta planak proposatzea, enpresa handiei dagokienez. Horretarako, enpresa handitzat hartuko dira, urtean, kontuak auditatzeko adinako negozio-zifra edo handiagoa duten enpresak.

c) Tributu Ikuskapenerako Planean sartutako tributudunak esleitzea.

d) Ezartzen diren espedienteen instrukzioan laguntzea.

e) Espediente bakoitzean formalizatzen diren dokumentuen izapidetzea zuzentzea.

f) Tributazio-ehunekoen aplikazio egokia egiaztatzea, lurralde bakoitzean egindako eragiketa-bolumenaren araberako aitorpena egiten duten enpresei dagokienez.

g) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuan sinatutako akta bakarrak eta beste zerga administrazio batzuetatik jasotakoak kudeatzea.

h) Nazioarteko fiskalizazioari lotutako ikuskapen jarduketak programatzea, sustatzea eta koordinatzea.

i) Ikuskapen jarduketen kalitatea gainbegiratzea eta, unitateari esleitutako espedienteen izapidetzeetan, jarduteko irizpide homogeneoak aplikatzea, Zerbitzuko gainerako unitateekin eta Bulego Teknikoaren Atalarekin koordinaturik.

j) Unitateari esleitutako espedienteen ikuskapen jarduketei buruzko txostenak egitea, Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko Zuzendaritzak eskatuz gero.

k) Indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eginkizunak eta aurrekoekin zerikusia duen edo haien ondoriozkoa den beste edozein, esleitzen bazaio.

5. Plangintza eta Ikerketarako Unitate Administratiboak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Tributu Ikuskapenerako planen proposamenak egitea, Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko zuzendaritzaren bidez jasotzen dituen irizpide eta jarraibideekin bat.

b) Tributu arloan eragina duen informazioa eskuratu eta aztertzea zerga-egitateak egiaztatzeko, eta iruzur fiskala ikertu eta aztertzea iruzurra egiteko arriskua duten sektoreak eta praktikak atzeman eta hautatzeko.

c) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuaren informazioa ikuskapen arloan aritzen diren beste administrazio publiko eta erakunde batzuekin trukatzea, eta informazio truke hori sustatu eta hobetzea.

d) Tributuen arloko Informazio Sistemen Zerbitzuarekin koordinatzea ikuskapenerako beharrezkoak diren prozedura eta tresnak diseinatu eta ezartzeko.

e) Kudeaketan, zerga-bilketan eta tributuen arloko informazio sistemetan eskumena duten zerbitzuekin koordinatzea, era bateratuan planifikatzeko zerga-kontroleko jarduketak, arrisku fiskalak detektatzeko, egiaztatzeko, erregularizatzeko nahiz emaitzak ebaluatzeko faseetan.

f) Ikuskapen jarduketen emaitzak prestatzea, analizatzea eta ebaluatzea, Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko zuzendaritzaren bidez jasotzen dituen irizpide eta jarraibideekin bat.

g) Zerga administrazioen arteko desadostasunak egiaztatu eta izapidetzea, zergapekoen helbideratzeari dagokionez.

h) Ikuskapen Jarduketak Koordinatzeko Unitate Administratiboen berezko eginkizunak, bere unitateari esleitutako espedienteei dagokienez.

i) Indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eginkizunak eta aurrekoekin zerikusia duen edo haien ondoriozkoa den beste edozein, esleitzen bazaio.”

“6. artikulua. Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzua.

1. Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuak bulego eta unitate administratibo hauek ditu: Zergadunari Laguntza Ematea Koordinatzeko 1. Bulegoa, Zergadunari Laguntza Ematea Koordinatzeko 2. Bulegoa, Laguntza Teknikoaren Unitate Administratiboa, Entitate Laguntzaileen Unitate Administratiboa eta Jakinarazpenak Kudeatzeko Bulegoa.

2. Zergadunari Laguntza Ematea Koordinatzeko 1. eta 2. Bulegoak Zergadunari Laguntza Emateko Atalari atxiki zaizkio.

3. Laguntza Teknikoaren Unitate Administratiboa eta Entitate Laguntzaileen Unitate Administratiboa Laguntza Teknikoaren eta Entitate Laguntzaileen Atalari atxiki zaizkio.

4. Jakinarazpenak Kudeatzeko Bulegoa Errekerimenduen, Jakinarazpenen eta EJZaren Atalari atxiki zaio.

5. Zergadunari Laguntza Ematea Koordinatzeko 1. eta 2. Bulegoek eginkizun hauek izanen dituzte, zeinek bere eremuan:

a) Iruñeko zerga-bulegoaren eta lurralde-bulegoen, hurrenez hurren, antolaketako kudeaketa.

b) Nafarroako Foru Ogasunak ordainarazten dituen tributuei buruzko kontsulta eta erreklamazio administratiboen gainean, zergadunari laguntza eta argibideak ematea aurrez aurre, telefonoz nahiz baliabide telematikoak erabiliz.

c) Ekonomia eta Ogasun Departamentuan sartzen diren dokumentuak jaso eta erregistratzea, eta tributu aitorpenak jasotzea.

d) Ziurtapen digitaleko zerbitzuen nortasuna eta erregistroa egiaztatzea, bai eta identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoko beste sistema batzuk ere, Nafarroako Foru Ogasunak onartzen dituenak eta zergadunari harreman elektronikoa ahalbidetzen diotenak.

e) Indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eginkizunak eta aurrekoekin zerikusia duen edo haien ondoriozkoa den beste edozein, esleitzen bazaio.

6. Laguntza Teknikoaren Unitate Administratiboak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Foru Ogasunak ordainarazten dituen tributuei buruzko kontsulta eta erreklamazio teknikoen gainean, zergadunari laguntza eta argibideak ematea aurrez aurre, telefonoz nahiz baliabide telematikoak erabiliz.

b) Nafarroako Foru Ogasunaren web-orria etengabe eguneratzea.

c) Aholkularitza teknikoa ematea Zerbitzuko unitate administratiboei, eta laguntzea unitate horietako langileei prestakuntza ematen.

d) Nafarroako Foru Ogasuneko unitateekin koordinatzea aplikatu beharreko irizpideak bateratzeko eta prozedurak finkatzeko.

e) Indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eginkizunak eta aurrekoekin zerikusia duen edo haien ondoriozkoa den beste edozein, esleitzen bazaio.

7. Entitate Laguntzaileen Unitate Administratiboak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kanal anitzeko berariazko laguntza ematea Nafarroako Foru Ogasunarekin kanpoko lankidetzan aritzeko akordioari atxikita dauden profesional eta entitateei.

b) Telematika bidezko zerbitzu berriak diseinatzea, zerga arloko betebeharrak betetzeko bide ematen dutenak, eta lehendik dauden zerbitzuak hobetzea.

c) Tresna telematiko eskuragarrien inguruko informazioa eta haien erabileraren ingurukoa eman eta zabaltzea.

d) Bide telematikoaren erabilera sustatzeko neurriak hartzea zerga arloko betebeharrak betetzeko.

e) Indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eginkizunak eta aurrekoekin zerikusia duen edo haien ondoriozkoa den beste edozein, esleitzen bazaio.

8. Jakinarazpenak Kudeatzeko Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Foru Ogasunari atxikitako organoek ematen dituzten egintza administratiboen jakinarazpenak prestatzea, gauzatzea eta kontrolatzea.

b) Indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eginkizunak eta aurrekoekin zerikusia duen edo haien ondoriozkoa den beste edozein, esleitzen bazaio.”

Xedapen indargabetzailea.

Indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 11n.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2112436