193. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Gizarte Zerbitzuen Udal Alorreko barne araubidearen erregelamendua. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2021eko maiatzaren 4ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Eguesibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Alorreko barne araubidearen erregelamenduan.

Aldaketa horren hasierako onespenari eta arauzko jendaurreko epeari buruzko iragarkia eman zen argitara 2021eko 133. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 8an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurrean egon bitartean, ez zen alegaziorik aurkeztu. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta bidezkoa da onetsitako testu berria osorik argitaratzea.

Argitara ematen da, bete beharrez ezarrita dagoena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzekoa den gainerako legedian.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2021eko uztailaren 22an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

EGUESIBARKO UDALEKO GIZARTE ZERBITZUEN ALORREKO BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA

Zioen azalpena

I.–Eguesibarko Udalak arlo honetan dituen eskumenak behar bezala baliatzeko esparru juridiko egoki baten beharrari erantzutea, hori da Udaleko Gizarte Zerbitzuen funtzionamendua arautzeko erregelamendu hau onetsita lortu nahi dena.

Behar hori eragin dute, hain zuzen, honako hauek: lehenik eta behin, gizarte zerbitzuek, oro har, izan duten bilakaera, prestazioen-kopurua nabarmen hazi da-eta; bigarrenik, zerbitzu horiek eskaintzea gero eta konplexuagoa dela, eta azkenik, arloa ez dagoela nahikoa araututa juridikoki eta arauketa sakabanatuta dagoela.

II.–Espainiako Konstituzioaren 41. artikuluan jasota dago bermatuta dagoela herritar guztientzat Gizarte Segurantzako araubide publiko bat, eta sistema horrek gizarte laguntza eta prestazio nahitaezkoak bermatuko dituela beharrizan egoeretan.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.K artikuluan ezarritakoaren arabera, udalerriak, beti, Estatuko eta autonomia erkidegoetako legedian ezarritako moduan beteko ditu eskumenak gizarte zerbitzuak, gizarte sustapeneko zerbitzuak eta gizarteratzeko zerbitzuak emateari dagokionez. Orobat, 26.1.c artikuluan zera dio: 20.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriek gizarte zerbitzuak eman behar dituztela.

Lege hori Toki Administrazioaren arrazionalizazioari eta jasangarritasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak aldatu zuen, eta hartan ezarritakoaren arabera, udal guztiei esleitzen zaie, beren eskumen gisa, “premia sozialeko egoerei buruzko ebaluazioa eta informazioa, eta bazterketa sozialeko egoeran edo arriskuan daudenei berehalako arreta ematea”.

Arauen testuinguru horretan, bada, hau da lege esparrurik gertukoena Eguesibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuendako: 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa, zeinaren xedea baita gizarte zerbitzuen sistema publiko bat arautzea, antolatzea eta garatzea.

Lege horren 39. artikuluan, Toki Administrazioak gizarte zerbitzuen alorrean dauzkan eskumenak definitzen dira, ulertuta toki erakundeak direla gizarte zerbitzu orokorren kudeatzaileak. Hala, haien edukia eta eginkizunak zehazten ditu, eta jasotzen du gizarte zerbitzuen zentroa dela, maila horretan, sistemaren oinarrizko unitatea.

III.–Esparru autonomikoko arauak modu zuzenean aplikatzeko beharrak baldintzatu du, neurri handi batean, testu arautzaile honetan xedatutakoa.

Oinarrizko gizarte zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema arautzen dituen uztailaren 19ko 48/2020 Foru Dekretuan, programa horien edukia zehaztu da. Hortaz, arau hori Eguesibarko errealitatera egokitu behar da, eta hori da, hain zuzen, barne araubidearen erregelamendu honen xedea. Izan ere, foru dekretu horretan xedatutakoa Udal honetako Gizarte Zerbitzuen ezaugarri eta berezitasunetara egokitzeko beharrezkoa den arau-garapena jasotzen du.

Autonomia erkidegoko eta udaleko araudi berariazkoa daukaten alderdi batzuk, interes handikoak badira ere eta erregelamendu honen xede den esparrukoak, ez dira arautu, eta aipatutako araudi horietara jotzen da. Udal esparruan hori da, esaterako, alderdi hauen kasua: herritarren parte-hartzearen araubidea; parte-hartze hori artikulatzeko kontsulta organoak eta iradokizunak eta erreklamazioak aurkezteko prozedura.

Halaber, kontuan izanik, batetik, arau hau aplikatzeko esparruaren berezko dinamismoa eta arau hau aldatzeko prozeduraren malgutasun falta, gai zehatz batzuk ez dira modu xehatuan arautu, eta erregelamendu hau garatzeko emango diren agirien bidez zehaztuko dira. Arrazoi bera dela-eta, eskumena aitortzen zaio alkateari edo gizarte zerbitzuen alorrean eskuordetzea duen zinegotziari erregelamendu honetan jasotako eduki batzuk eguneratzeko, hala eskatzen badute gizarte dinamikatik datozen inguruabarrek.

Azkenik, Eguesibarko errealitatea oso aldakorra da eta horrek garapen garrantzitsua eragin du alorraren funtzionamenduan, zerbitzu, figura profesional eta prozedura berriak sortu behar baitira. Orobat, marko egokia sortu behar da nabarmen hedatzen ari den alor baterako, jakinik hedatze horrek dimentsioari eta konplexutasunari eragiten diola. Horiek guztiak horrela, bada, erregelamendua modu integralean aldatzeko proposamena egin da, 2013an onetsitako testua 2020ko errealitate berrira egokitzeko.

1. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

Erregelamendu honen xedea da Eguesibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Alorraren eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren funtzionamendua eta dinamika ezartzea eta arautzea, gizarte zerbitzuen sistema publikoaren oinarrizko prestazioak eskuratzeko herritarrak dituen eskubide eta betebeharrei dagokienez eta eskuratze horretarako betebeharrak betetzeari dagokionez.

Udalaren Gizarte Zerbitzuen helburu nagusia da Eguesibarko udalerriko herritarrei ahalik eta bizi kalitate eta gizarte ongizate handiena bermatzea bere eskumenen esparruan.

2. artikulua. Jarduketa eremua.

Erregelamendu honen jarduketa eremua mugatzen da, batetik, Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren, Familiendako Laguntza Zentroaren, haur-eskolen eta Alorraren meneko gainerako zerbitzuen (egun daudenak eta sor daitezkeenak) funtzionamendu orokorrera, eta bestetik, Eguesibarko udal-mugarteak osatzen duen lurralde esparrura, hartan garatzen baitira udal-mugarte horretan erroldaturiko biztanleriari zuzendutako programa eta oinarrizko prestazioak.

Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeak organigramari eta hura arautzen duen erregelamenduari batu zaizkie. Dena den, garatzeke daude Hezkuntzako alor propio bat eta erregelamendu propio bat, gaiaren araudi erregulatzailearen eta funtzionamenduaren espezifikotasuna direla eta.

Familiendako Laguntza Zentroa zentro instrumentala da, eta horretarako sortu zen, hau da, oinarrizko gizarte zerbitzuari dagozkion ekintzak modu osagarrian garatzeko. Horregatik, haren araudia eta funtzionamendu araubidea gizarte zerbitzuaren funtzionamenduan integratu behar dira.

2. TITULUA

Gizarte Zerbitzuen Alorra: definizioa, titulartasuna eta baliabideak

3. artikulua. Definizioa.

Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren egiturak bi maila ditu: oinarrizko gizarte zerbitzuak edo oinarrizko laguntzakoak eta gizarte zerbitzu espezializatuak edo laguntza espezializatukoak.

Oinarrizko gizarte zerbitzua oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuen sistema publikoko oinarrizko unitatea da, sisteman sartzeko atea eta hartzaileengandik eta esparru familiar eta sozialetik gertuen dagoen maila. Haren konfigurazioa giza baliabideak eta baliabide tekniko, finantzario eta materialak bere baitan biltzen dituen egiturarena da.

Baliabide tekniko horiek zerbitzu osagarrietan ere egituratzen ahal dira, eta zerbitzu osagarriek eta oinarrizko gizarte zerbitzuak osatzen dute Eguesibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Alorra.

4. artikulua. Titulartasuna.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren eta alorreko gainerako zerbitzuen titulartasuna Eguesibarko Udalari dagokio; horrexek hartzen du bere gain haren kudeaketa eta koordinazioa xedetzat dituen prestazioak emateko.

5. artikulua. Baliabideak.

Udalaren Gizarte Zerbitzuen Alorra udal titulartasuneko ekipamendu, prestazio eta baliabideen multzoak osatzen du.

Bere baliabideez landa, Udala ahaleginduko da beharrezkoak direnak erabiltzen bere xedea betetzeko. Horretarako, Udalak lankidetza –formala eta informala– bultzatuko du gizarte zerbitzuen arloan eskumenak dituzten gainerako administrazio publikoekin, gizarte babeseko gainerako sistemekin eta udal zerbitzu guztien artean.

Udalak, gainera, sostengu emanen die interes sozialeko ekimen pribatuei.

3. TITULUA

Gizarte Zerbitzuen hartzaileen eskubideak
eta betebehar instituzionalak

6. artikulua. Betebehar instituzionalak.

–Herritarren eskubideak bermatzeko betebeharra.

–Gizarte zerbitzuen sistema publikoa sendotzeko eta garatzeko betebeharra.

–Koordinatzeko betebeharra.

–Plangintza egiteko betebeharra.

–Herritarren parte-hartzea bultzatzeko betebeharra.

–Zerbitzuen kalitatea hobetzeko betebeharra.

4. TITULUA

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren helburu eta eginkizunak

7. artikulua. Helburu orokorrak.

–Komunitate osorako eta bereziki premia handiena duten taldeendako norberaren autonomia, bizi kalitatea eta gizarte ongizatea sustatzen duten zerbitzu eta programak garatzea.

–Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak bermatzea.

–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko eskualdeko gizarte premiak aztertzea eta baliabide egokienez hornitzea, pertsonendako eta gizarte taldeendako jarduketak eginez beren arazoak konpontzen laguntzeko.

–Gizarte bazterkeriako egoerei aitzintzea eta heltzea.

–Gizarteratze lana egitea.

–Gizarte lankidetza, elkartegintza, gizarte boluntariotza eta partaidetzarako bestelako bideak bultzatzea.

–Sare beraren baliabideen koordinazioa bideratzea, baita gizarte babeseko gainerako sistemekiko koordinazioa ere.

–Herritarrari egungo gizarte baliabideen berri ematea, baita bere eskubideen berri ere.

–Pertsonen, taldeen eta komunitateen garapen osoa sustatzea eta lortzea.

–Gizartearen dinamikak eskatzen dituen gainerakoak.

8. artikulua. Eginkizunak.

–Bere lurralde esparruan premia egoerei antzeman, eta horiek aztertu eta diagnostikatzea, zerbitzu eskudunei jakinaraztea eta erantzunak proposatzea.

–Gizarte zerbitzuetan eskaerak aurkezten dituzten pertsonak hartzea, lehen erantzuna emateko.

–Herritarrari gizarte zerbitzuen sistemaren prestazioez eta babes sozialeko gainerako sistemez baliatzen laguntzea.

–Gizarte premiako egoerak baloratu eta haien diagnostikoa egitea, gizarte arlokoa edo/eta gizarte eta hezkuntza arlokoa, hala eskatzen duenean erabiltzaileak berak, bere familiak edo gizarte inguruneak edo gizarte premiaz arduratzen den sare publikoko beste zerbitzu batek.

–Gizarte premian daudenei sostengu eta akonpainamendu soziala ematea.

–Prebentzioko eta gizarte sustapeneko jarduketak egitea.

–Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen II. tituluan aurreikusitako programak betetzea eta haietan sartutako prestazioak ematea.

–Udal eskumeneko oinarrizko laguntzako prestazio bermatuak garatzea, bat etorriz Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuarekin eta hura aldatzen duen martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuarekin.

–Larrialdi sozialeko prestazioak kudeatzea.

–Gizartea sentsibilizatzeko jarduketak egitea.

–Boluntarioen lana eta elkarrentzako laguntza sustatzea.

5. TITULUA

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan kudeatzen diren programak eta zerbitzuak

9. artikulua. Programak.

Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak ondoko programak kudeatzen ditu; horiek nahitaez ezarri beharrekoak dira, Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legeak bermatzen dituen programak baitira:

a) Harrera eta orientabide sozialerako programa: biztanleria osoari zuzendua, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan eskaerak aurkezten dituzten pertsonendako esku-hartze soziala eskaintzen du.

b) Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko eta haien autonomia sustatzeko programa. Haren xedea da mendekotasuna duten pertsonei beren ohiko ingurunean ahalik eta denbora gehien gelditzeko aukera ematea. Programa horretatik kudeatzen da Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ).

c) Oinarrizko laguntzako gizarteratze programa. Haren xedea da gizartean, edozein esparrutan, bazterturik edo baztertzeko arriskuan daudenak gizarteratzen laguntzea. Programa horretatik kudeatzen da enplegu sozial babestua (ESB).

d) Oinarrizko laguntza programa haur eta familiendako. Haren xedea da adingabeei beren garapen pertsonalerako bide emanen duen ingurunea segurtatzea, babesa eta laguntza pertsonala, familiarra eta soziala emateko tresnen bidez. Genero indarkeriako egoerei ere programa honetatik heltzen zaie.

10. artikulua. Zerbitzu eta prestazioak.

Gizarte Zerbitzuei buruzko 15/2006 Foru Legearekin bat, oinarrizko laguntzan, toki entitateek beren lurraldean eta eskumenen barnean abiatzen dituzten beste programa edo jarduketak gauzatuz osatzen ahalko da esku-hartze maila.

Hizpide dugunari dagokionez, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak zerbitzu eta proiektu hauek gauzatu ditu udalerrian:

–Enplegu sozial babestua.

–Udalaren etxeko laguntza zerbitzua.

–Udalaren prestazio ekonomikoak:

  • Larrialdiko laguntzak.
  • Eskolako jantokirako laguntzak.
  • Bono-taxi laguntzak.
  • Gizarte ekintzako proiektuetarako dirulaguntzak.
  • Gizarte ekintzako entitateendako dirulaguntzak.
  • Garapenerako lankidetzarako dirulaguntzak.
  • Egiten ahal diren bestelako deialdiak.

–Udalaren podologia zerbitzua.

–Laguntza teknikoen mailegu zerbitzua.

–“Gure etxean ongi jaten da” proiektua, zerbitzu hauek biltzen dituena:

  • Oinarrizko saskia.
  • Erosketa txartelak.
  • Gizarte eta hezkuntza arloko ekintzak.

–Etxebizitza eta kontsumo arloko aholkularitza juridikoa.

–Udalaren Familiendako Laguntza Zentroa (FLZ); handik zerbitzu hauek koordinatzen dira:

  • Familiarendako aholkularitza juridikoa.
  • Familiarendako orientabidea, bitartekaritza eta hezkuntza.
  • Gizarte eta hezkuntza arloko zerbitzua haurrentzat (lehen mailako eta bigarren mailako prebentzioa).
  • Gizarte eta hezkuntza arloko zerbitzua gazteentzat (lehen mailako eta bigarren mailako prebentzioa).
  • Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko zerbitzuak: Familiari atseden emateko haurrez arduratzeko zerbitzua.

–Familiendako topaketen proiektua:

  • Gurasotasun positiborako eskolak.
  • Topaketak (0-3 urte).
  • Mendekotasunarekin ikusteko duten herritarren topaketak.
  • Sentsibilizazioko eta trebakuntzako ekintza komunitarioak.

–Denbora bankua eta gizarte boluntarioei sostengu emateko zerbitzua.

–Bizikidetza sustatzeko zerbitzua.

–Zahartzaro aktiborako zerbitzua.

–Eguesibarko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeak.

–Atzemandako bestelako premiei erantzuteko abiarazten diren gainerako zerbitzu eta jarduketak.

11. artikulua.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzua da Udalaren Gizarte Zerbitzuen Alorreko zerbitzu eta prestazio guztiak antolatzen eta koordinatzen dituen unitate organiko funtsezkoa.

6. TITULUA

Eskubidearen titularrak

12. artikulua. Eskubidearen titularrak.

Gizarte laguntzarako eskubidea dutenak dira:

–Oro har:

  • Erroldaturik egonik, ohiko bizilekua benetan udal-mugartean duten herritar guztiak, baita iragaitzazkoak ere, prestazioak eskuratzeko baldintzak betetzen badituzte, haien gaineko arauketaren arabera.
  • Salbuespen gisa, teknikariek aztertuko dute ea posible den arreta ematea erroldaturik egon gabe Eguesibarren bizi direnei, baldin eta ikusten badute arretarik ez jasotzeak kalte handia eginen diela bai haiei bai haiekin bizi diren senideei edo Ibarreko herritarrei (erroldatutako familien arreta jasotzen duten adinekoak edo mendekotasuna duten pertsonak; familia kargak dauzkaten eta erregularizatu gabe dauden pertsonak; zaintza partekatuko adingabeak; aldi baterako bizi direnak eta abar).
  • Udal-mugartean bizi diren atzerritarrak, erbesteratuak eta apatridak, baita iragaitzazkoak ere, premia egoera edo desabantaila sozial nabarmenean badaude, kontuan harturik gai honen gainean dauden nazioarteko arau, itun eta hitzarmenak.

–Lehentasunez:

  • Desabantaila sozialean dauden edo hura pairatzeko arriskua duten pertsona, familia eta talde guztiak.

13. artikulua. Erabiltzaileen erregistroa.

Eskaintzen diren zerbitzuen erabiltzaile bakoitzari espediente bat irekiko zaio, eta eguneratuta egongo da.

Arreta jarraitua ematen duten oinarrizko programa eta zerbitzuetan egindako diagnostikoa eta esku-hartzea jasoko dira, eta orobat jasoko da haren ebaluazioa, egiten diren kudeaketak eta pertsonak bizi duen diziplinarteko esku-hartze prozesua edo banakako gizarteratze ibilbidea, baita haien gaineko txostenak eta gainerako dokumentazioa ere.

Gainerako zerbitzu eta jarduera zehatzetan, berriz, parte-hartzaileei buruzko espediente bat egingo da, honako hauek bilduko dituena: asistentziak, txostenak eta gorabeherak.

Nafarroako Gobernuak ematen ditu gizarte zerbitzuen erabiltzaileak erregistratu eta kudeatzeko beharrezkoak diren aplikazio informatikoak. Horietatik garrantzitsuenak SIUSS, TRAMITA, SIDISS eta GESTIONA dira, eta oinarrizko gizarte zerbitzuen laguntza jaso duten pertsonen erregistro ofizialak dira.

Tresna informatiko horietaz landa, beste baliabide informatiko eta material batzuk erabiltzen dira, oinarrizko gizarte zerbitzua eta haren meneko erakundeak erabiltzen dituzten pertsonak eta bertan egiten diren jarduketak erregistratzeko beharren arabera.

Espedienteek eta horietan jasotako datuek indarrean den legedian datu pertsonalen babesari eta konfidentzialtasunari buruz xedatua bete beharko dute.

7. TITULUA

Gizarte Zerbitzuetako oinarrizko baliabide eta/edo prestazioak eskuratzeko baldintzak

14. artikulua. Gizarte Zerbitzuetako baliabide eta prestazioak eskuratzeko baldintzak aldi bakoitzean indarra duten araudiek finkatzen dituzte.

8. TITULUA

Gizarte Zerbitzuen Alorreko zerbitzu eta programen erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak

15. artikulua. Eskubideak.

–Gizarte Zerbitzuen Alorreko zerbitzuez berdintasunez baliatzeko eskubidea, bereizkeriarik eragin gabe zerbitzuen hartzailearen jaioterria, hizkuntza, etnia, sexua, joera sexuala, egoera zibila, egoera familiarra, adina, desgaitasuna, erlijioa, ideologia, iritzia edo beste edozein baldintza pertsonal edo sozial dela eta.

–Sineste zibiko, politiko, moral eta erlijiosoak errespetatuak izateko eskubidea.

–Teknikoki preskribaturiko baliabide eta prestazioak eta indarra duen araudiaren arabera eskuratzeko eskubidea.

–Dauden prestazio eta baliabideei buruz eta horietaz baliatzeko bete behar diren baldintzei buruz behar adinako informazio egiazkoa modu ulergarrian jasotzeko eskubidea, bai eta babes sozialeko beste baliabide batzuei eta arlo horretan administrazio publikoek dituzten eskumenei buruz ere.

–Norberaren egoerari buruzko balorazioa eta, behar denean, behar sozialen balorazioa ere idatziz eta hizkera argi eta ulergarrian jakiteko eskubidea.

–Norberaren egoeraren balorazioarekin bat heldu den banakako laguntza pertsonal edo/eta familiarrerako plan bat edukitzeko eskubidea.

–Esku-hartze sozialeko prozesuari buruzko erabakietan parte hartzeko eskubidea, bai eta Gizarte Zerbitzuen Alorrean beren kasua esku artean darabilen profesionalak aurkeztutako aukeren artean prestazioak hautatzeko ere.

–Hartzaileari eraginen dion edozein esku-hartzeri buruz aitzinetik informazioa jasotzeko eskubidea, baimen berariazkoa eta librea eman ahal izateko. Baimena idatzizkoa izan beharko da, esku-hartzeak egoitza batean sartzea dakarrenean. Gaitasunik ez duten pertsonen eta adingabekoen baimena legez ezarritako prozedurari jarraikiz emanen da.

–Hartzen dituen zerbitzuen prezioaren berri uneoro izateko eskubidea, eta behar bezalako aitzinapenez haien goiti-beheitien berri izatekoa, baita zerbitzua ematean edozein aldaketaren berri izatekoa ere.

–Bere ohiko ingurunean gelditzeko eskubidea.

–Emandako prestazioei eta zerbitzuei uko egiteko eskubidea, legeria indardunean ezarritakoari jarraikiz.

–Udalaren Gizarte Zerbitzuek duten informazioa konfidentziala izateko eskubidea.

–Banakako espedientea uneoro ikusteko eskubidea, indarra duten legeetan ezarritakoarekin bat.

–Erreferentziako profesional bat esleitu eta libreki hautatzeko eskubidea, arauetan ezarritako moduan, baldin eta profesional bat baino gehiago badago.

–Modu duinean tratatua izateko eskubidea, bai zentroko edo zerbitzuko profesionalen aldetik bai beste erabiltzaileen aldetik.

–Intimitaterik handiena izateko eskubidea, entitate, zentro eta zerbitzuen egiturazko baldintzen barnean.

–Partaidetzarako eskubidea, Gizarte Zerbitzuei buruzko 15/2006 Foru Legearen V. tituluan arautzen den bezala.

–Kalitateko zerbitzuak jaso eta horretarako ezarriak diren estandarren berri izateko eskubidea.

–Alorreko zuzendaritzari jakinaraztea Udalaren Gizarte Zerbitzuetan ikusten den edozein kontu ohiz kanpoko edo arauz kanpoko.

–Komenigarria iruditzen zaien edozein proposamen edo iradokizun aurkeztea.

–Iradokizunak eta erreklamazioak egiteko eskubidea.

16. artikulua. Eginbeharrak eta betebeharrak.

–Prestazio eta zerbitzuetan ezarritako arau, baldintza, betebehar eta prozedurak betetzea eta profesional eskudunek emandako laguntza programa edo zerbitzu eta orientabideen arabera jokatzea, prozesuan parte-hartze aktiboa izateko konpromisoa hartuz.

–Norberaren inguruabar pertsonal, familiar eta ekonomikoei buruzko informazio egiazkoa ematea, betiere hura ezagutzea beharrezkoa bada egoera baloratu eta laguntza emateko; orobat, horietan izaten diren aldaketak jakinaraztea.

–Prestazio ekonomikoa edo materiala zertarako eman den, horrexetan erabiltzea.

–Gizarte zerbitzuetako profesionalek deitzen dituzten elkarrizketetara joatea.

–Zerbitzuaren kostua finantzatzen laguntzea, horretarako ahalmen ekonomikoa dutenean eta arauetan hala ezartzen denean.

–Bizikidetza eta begirune arauak begiratzea gizarte zerbitzuen egoitzen barnean eta haren jarduera edo prestazioekin ikusteko duten edozein tokitan, baita alorreko profesionalekin dituzten harremanetan, haiekin tratu errespetuzkoa eta zuzena izan behar baitu, mehatxurik ez hertsapenik gabe.

–Gainerako erabiltzaileen sineste erlijioso, moral eta politikoak errespetatzea, baita zerbitzuetako langileenak ere.

–Alorreko zerbitzuak erabiltzeko baldintza orokorren gainean erregelamendu honek ezarritako arauak jakitea eta betetzea.

–Alorreko zerbitzuen instalazioak eta tresnak zuzen erabiltzea eta haiek behar bezala mantentzen laguntzea.

–Gizarte Zerbitzuen Alorraren meneko zerbitzuen gaineko araudi berariazkoan ezartzen diren gainerako betebeharrak.

Eginbehar eta betebehar hauez gain, erabiltzaileek men egin beharko diete debeku hauei:

–Ez zaie inola ere sartzera utziko hordirik daudenei edo hordi itxura dutenei, estupefazienteren bat hartu izanaren itxura dutenei edo ordena publikoa hausten dutenei.

–Animaliei ere ez zaie sartzen utziko Alorraren instalazioetara, laguntza funtzionala eta soziala ematen duten zakur edo bestelako animaliei izan ezik, eta horiei indarra duen legerian xedatutako baldintzen arabera eta hari jarraikiz.

Ez da onartuko Alorraren instalazioen barnean inolako erabilerarik eta/edo jarduerarik egitea, baldin eta haren eta bertako materialaren funtzionamendu eta erabilera arruntaren kalterako bada, ezta inolako portaerarik ere, erregelamendu honetan ezarritakoari eta jendetasun eta bizikidetza arau oinarrizkoei kontra egiten badiete.

17. artikulua. Herritarrak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan eta Alorraren meneko zerbitzuetan onartzeko araubidea.

Udaleko Gizarte Zerbitzuen Alorra unibertsala, irekia eta balio anitzekoa da, gizarte zerbitzuen sistema eskuratzeko ohiko bidea, eta sistemaren unibertsaltasuna bermatzen du, baita erabiltzaileekiko eta familia eta gizarte esparruarekiko hurbiltasuna ere.

Zerbitzu eta prestazioak eskuratzeko, interesdunak edo haren legezko ordezkariak eskaera egin beharko du, edo bestela ofizioz gerta daiteke, administrazio ebazpen baten ondorioz bada edo beste baliabide, zerbitzu edo administrazioek deribatuta.

Haur-eskoletarako sarbidea Foru Dekretuz arautua dago, urtero xedatzen baititu Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetarako sarbidea eta haiek erabiltzeko baldintzak.

Gainerako zerbitzuak nolakoak diren, horren arabera eskuratuko dira, bakoitzerako jartzen diren sarbide eta izen emateko epeen arabera.

18. artikulua. Laguntzaren kalitatea.

OGZren eta haren meneko zerbitzuetako zerbitzu, programa eta prestazioak eskuratzen dituen pertsona edo bizikidetza unitate bakoitzari erreferentziako profesional bat esleituko zaio.

Hark bideratuko ditu pertsona edo bizikidetza unitate bakoitzak behar dituen prestazio guztiak, eta begiratuko du esku-hartzeen globaltasuna eta Alorreko gizarte zerbitzuetako lan-taldearen eta oinarrizko laguntzako gainerako sareen arteko koordinazioa, erabakiak errazago eta arinago hartuz.

19. artikulua. Zerbitzuan baja emateko edo aldi baterako gelditzeko arrazoiak.

Honako hauek ekarriko dute baja ematea Gizarte Zerbitzuen Alorrean:

–Zentro edo zerbitzuetan ematen diren zerbitzu eta baliabideei nork bere borondatez uko egitea.

–Erabiltzaile bilakatzeko arrazoiak desagertu izana.

–Bizilekua beste udalerri batera aldatzea.

–Erregelamendu honen 16. artikuluan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

–Heriotza.

–Zerbitzua ematetik aldi baterako gelditzeko arrazoiak izanen dira hertsapenak eta/edo mehatxuak edo bestelako presio mota egitea Alorreko langileen gainean, baita beste erabiltzaileen edo haien senideen gainean ere. Hertsapen, mehatxu eta/edo eraso mailaren gainean, zerbitzua ematetik aldi baterako gelditzea hiru hilabetetik hiru urte bitartean izan daiteke.

–Haur-eskolan baja emateko, berariazko araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

20. artikulua. Zerbitzuen finantzaketa.

Hauek dira Gizarte Zerbitzuen Alorrean ematen diren zerbitzuen finantzaketa-iturri nagusiak: Administrazio Publikoak eta, batzuetan, entitate pribatuak; Estatuko funtsen transferentziak eta Nafarroako Gobernua. Azken horrek, hain zuzen, honako hauen bitartez bideratzen du finantzaketa: Gizarte Politiketako Departamentua, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia eta Hezkuntza Departamentuko 0-3 urte arteko haurrendako arloa.

Udalak, orobat, Udaleko Gizarte Zerbitzuen Alorreko zentroetan eta horietan egiten diren zerbitzu eta programen finantzaketan parte hartzen du, bere urteroko aurrekontuari jarraikiz.

Udalaren Osoko Bilkurak onetsitako ordenantza eta erregelamenduetan zehaztutako dago zer baldintzatan parte hartuko duten erabiltzaileek zerbitzuen ordainketan.

Haur-eskoletan ordaindu beharreko tasak Nafarroako Gobernuko dagokion departamentuak ezarriko ditu arau bidez.

9. TITULUA

Funtzionamendu egitura

21. artikulua. Funtzionamendu egitura eta eginkizunak.

Antolaketaren eta eginkizunen aldetik honako hauek osatzen dute egitura:

21.1. Alorraren antolaketa orokorra.

1. Udalaren Gizarte Zerbitzuen Alorreko zuzendaria:

Alorraren gaineko ardura teknikoa du, eta, besteak beste, eginkizun hauek betetzen ditu:

–Gizarte Zerbitzuen Alorraren funtzionamenduaren plangintza orokorra; egin beharreko ekintzen proiektu teknikoa eta ekonomikoa.

–Alorraren ordezkari gisa jardutea arduradun politikoaren aurrean eta bestelako udal-alorrekin. Lotura da, aldi berean, alderdi horien eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren eta Alorreko gainerako zerbitzuen artean.

–Alorraren batzorde politikoak prestatzeko ardura eta haietan parte hartzea eta udal organo guztiek hartutako erabakien berri ematea eta horiek betearaztea.

–Gizarte Zerbitzuen Alorrak beste erakunde edo instituzio batzuekin sinatzen dituen hitzarmenak eta kontratuak gainbegiratzea.

–Lider gisa jardutea praktikak egiten ari diren langileekin.

–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren barnean eta Alorraren meneko zerbitzuen barnean lan alorrak koordinatzea: Udalaren haur-eskolak, Familiendako Laguntza Zentroa eta abar.

–Alorreko zerbitzuak kontrolatzea, gainbegiratzea eta ebaluatzea.

–Funtzionamendurako barne protokoloak eta lan-sistemak sortzea eta gainbegiratzea, Alorrak hobeki funtziona dezan lortzeko.

–Gizarte Zerbitzuen Alorrari eragiten dioten finantzaketa-deialdien gaineko ardura.

–Alorreko langileen berariazko prestakuntzaren ardura.

–Barne araubidearen erregelamendua aplikatzea.

–Herritarrek Alorrari buruz egiten dituzten iradokizun, ekarpen, kexa eta erreklamazio guztiak kontuan hartzea.

Zuzenean dihardu alkatearen edo eskuordetutako zinegotziaren mende.

2. Koordinatzailea: Alorreko zuzendariari laguntzeko teknikaria.

Gizarte Zerbitzuaren funtzionamenduaren gaineko ardura operatiboa du, eta, besteak beste, eginkizun hauek betetzen ditu:

–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren plangintza eta ebaluazio orokorrean laguntzea.

–Alorreko zuzendaritzarekin koordinatzea.

–Lanak eta kasuak banatzea programen barnean.

–Zuzendariari laguntzea funtzionamendu protokoloak eta hobekuntzarako sistemak aplikatzen.

–Gizarte Zerbitzuko deialdiak dinamizatzea eta kudeatzea.

–Alorreko zuzendariak esleitzen dizkion bestelako eginkizunak.

–Alorreko zuzendariaren ordez jardutea hura aldi baterako falta denean.

Zuzenean dihardu Gizarte Zerbitzuen Alorreko zuzendariaren mende.

3. Alorreko zuzendariari laguntzeko administraria:

–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren deialdien kudeaketa administratiboa.

–Alorreko zuzendariari laguntza administratiboa ematea.

–Oinarrizko Gizarte Zerbitzua administratzeko lantaldea antolatzea.

–Zentroetako administrazio-zerbitzuekin eta Alorreko zerbitzuekin koordinatzea.

–Lankidetzan jardutea Udalaren gainerako administrazio-alorrekin.

–Alorreko zuzendariak eta eskuordetutako zinegotziak esleitzen dizkioten bestelako eginkizunak.

Zuzenean dihardu Gizarte Zerbitzuen Alorreko zuzendariaren mende.

4. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan, 21.1 artikuluan aipatutako antolaketa orokorreko lanpostuak betetzeko, Tokiko Gobernu Batzordeak deialdi bat onetsi beharko du, batzorde eskudunaren txostena jasota eta Langileen Batzordeari entzun eta gero.

21.2. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren antolaketa.

1. Administrariak.

Alorraren barneko proiektu bakoitzetik heldu diren jarduera guztien euskarri administratiboa ematen dute. Programa edo zerbitzuen euskarri izateaz gain, hauek dira haien eginkizun nagusiak:

–Lehen arreta.

–Erregistroa (OGZn).

–Sarbide kontrola.

–Inskripzioak.

–Artxiboa.

–Laguntza logistikoa.

–Lanpostuak berezko edo lotuak dituen gainerako guztiak, egin beharrekoak badira.

Profesional bakoitza zerbitzu edo zentro bati atxikia egonen da.

Zuzenean dihardu zentroaren arduradunaren mende eta, ondoren, alorreko zuzendariari laguntzeko administrariaren mende. Eta, azkenik, Gizarte Zerbitzuen Alorreko zuzendariaren mende.

2. Gizarte-laneko eta -hezkuntzako profesionalak.

Profesional bakoitza Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren oinarrizko lau programetako bakoitzari atxikita dago, eta gainerako programekin lankidetzan jardun ahal izango du, zuzendaritzak antolakuntza aldetik egoki irizten dionean arreta hobetzeko eta lan-kargak orekatzeko.

Eguesibarko Udalari, bere eskumenen alorrean, dagozkion oinarrizko programa eta zerbitzuen edukia garatzen dute.

Programari lotuta dauzkaten oinarrizko eginkizunak, hain zuzen, zioen azalpenean aipatutako foru arauan xedatuta daude (48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 19koa).

Alorreko zerbitzu osagarriak sustatu eta haiekin lankidetzan jarduten dira, eta helburu dute erabiltzaileei ahalik eta arreta onena eman dakien bermatzea, bat etorriz gizarte zerbitzuen arloan indarrean dagoen legedian eta erregelamendu honetan xedatutakoarekin.

Eginkizun nagusien artean, honako hauek gailentzen dira:

–Banakakoaren/familiaren artatzea: pertsonen behar sozialak atzematea, haien gabeziak, gaitasunak, ahalmenak eta lehentasunak kontuan hartuta, behar horiei erantzuna eman edo beste gizarte zerbitzu espezializatu batzuetara igortzeko (Oinarrizko Laguntzatik kanpo). Horretarako, zenbait prozesu abiarazi behar dituzte: harrera, azterketa, balorazioa, baterako diagnostikoa, gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzea, akonpainamendua eta ebaluazioa, eta horiek guztiak modu jarraituan.

–Taldearen/komunitatearen artatzea: elkarteak eta herritar guztiak gizarteratzearen alde egiten duten bestelako sostengu sozialerako bideak bulkatu eta sustatzea, eta biztanleria osoari edo/eta gizatalde zehatzei zuzendutako jarrera sozial positiboen alde egitea. Horretarako, profesional guztiek beren lanaldiaren zati bat eman behar dute programa bakoitza guztiz hedatzeko beharrezkoak diren taldekako eta komunitateko ekintzak bultzatzen, gainbegiratzen eta ebaluatzen.

Alorreko gai orokorren gaineko erabakiak hartzeko gizarte zerbitzuaren proposamen teknikoan laguntzen eta parte hartzen duen talde kudeatzaileko kideak dira. Gai horiek batzorde politikoetan eztabaidatzen dira, eta lantaldeko barne bileren eta Udalaren arlo arteko lan-bileren bidez bideratzen.

Alorreko koordinatzaileak –bai eta, ondoren, zuzendariak– esleitzen dizkien bestelako eginkizunak.

Familia-langileak:

ELZren prestazioa betetzea da haien lana. Haien eginkizunak uztailaren 19ko 48/2020 Foru Dekretuan araututa daude, eta lanak, berriz, zerbitzu hori arautzen duen ordenantzan ageri dira definituta. Funtsean dira erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion egitekoak, baita hura laguntzea ere ohiturak eta gaitasunak sortzen eta mantentzen; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko dute beren esku-hartze jarraituaren ondorioz egoera izaten ari den bilakaeraz. Arduradunak edo zuzendariordeak esleitzen dizkien eginkizunak ere bete beharko dituzte.

Haien arduradun zuzena da ELZko gizarte-langilea. Hurrengo arduradunak, berriz, alorreko koordinatzailea eta zuzendaria dira.

1. Lantegiko monitoreak:

Enplegu sozial babestuko enplegatuen laguntza zuzenaren arduradunak, halako lantoki batean. Enplegu sozial babestuko langileen zereginak zuzentzen dituzte.

Organikoki, zuzenean dihardute gizarteratzeko programako teknikariaren mende. Ondoren, alorreko koordinatzailearen eta zuzendariaren mende.

2. Gizarte-integrazio osagarriko beste figura batzuk Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren programen barnean (gizarte-integrazioko teknikaria eta abar).

Gizarte-integrazioko langileak dira, eta haien ardura da Alorrak abiarazten dituen proiektu edo zerbitzu berariazkoak garatzea.

Langileen profila egokituko da gauzatu nahi den proiektuaren edo zerbitzuaren ezaugarrietara.

Zuzenean laguntzen badiote erreferentziako oinarrizko programa bati, zuzenean jardungo dute programa horretako teknikariaren mende.

Aldiz, zeharka laguntzen badiete lau programei, Alorreko zuzendariak izendatuko ditu erreferentziazko programak eta profesionalak.

Hurrengo arduradunak, berriz, alorreko koordinatzailea eta zuzendaria dira.

21.3. Alorraren mendeko beste zerbitzu batzuen antolaketa.

1. Arloak garatzen dituen berezko zerbitzuak: CAF-EEII eta ezartzen ahal diren bestelako zerbitzuak.

Zerbitzu bakoitza eratu eta koordinatuko da bere ezaugarriak kontuan hartuta. Proiektu bakoitzerako lanbide profilak eta organigrama zehaztuko dira, eta erregelamendu honetan xedatuari lotuko zaizkie. Dena den, berariazko agiriak ematen ahalko dira, modu zehatzagoan arautzeko haien funtzionamendua; hori guztia, zuzendaritza taldeak eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren oinarrizko lantaldeak gainbegiratuta.

Organikoki, Gizarte Zerbitzuen Alorraren barnean egituratuko dira, 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta laguntzen dituzten programetako profesionalek eta Alorreko koordinatzaileak gainbegiratuta jardungo dute, eta haiekin koordinatuta.

Zerbitzuek zeharkako laguntza ematen badute, beste programen antzera koordinatuko da haien lana, hau da, zuzendaritza-taldearen bidez.

Edonola ere, Alorreko zuzendaria da haien azken arduraduna.

–Alorrari laguntzeko kanpoko zerbitzuak:

Hirugarren sektoreko entitateak, lanbide elkargoak, enpresak edo erakunde publikoak; kudeaketaren profesionalak dauzkate, zerbitzu bakoitzean behar eta egokia den prestakuntzarekin. Berariaz egindako kontratuen bidez gauzatzen dituzte zerbitzuak eta ekintzak, eta indarrean den legediari jarraikiz. Lankidetza-hitzarmenak ere egiten ahal dira.

22. artikulua. Alorreko egitura programatikoa.

Urte anitzeko plangintza estrategikoak definitzen du Alorreko egitura programatikoa; hura Gizarte Gaien Alorraren barnean dauden programa eta proiektu guztien urteko kudeaketa planetan garatzen da. Plangintza hori egin beharko da kontuan harturik une bakoitzean Estatuan nahiz autonomia erkidegoan indarra duen legeria eta Udalaren esparru politikoa, eta oinarritzat harturik Eguesibarren dauden gizarte premiak.

23. artikulua. Langileen errotazioa, lan eremuka.

Lantaldearen lana ahalik eta hoberena izan dadin, arrisku psikosozial bereziko lanpostuetan estresari aitzintzeko neurria izanen da diziplinartekotasuna eta aukera berdintasuna bulkatzea eta, aldiz, saihestea urtez urte denbora gehiegi egitea lan zehatz bera egiten; horretarako, profesionalek errotazioa eginen dute maila bereko lan talde/profesionalen arabera, antzeko eginkizunetan, baina programa desberdinetan.

Alorreko Zuzendaritzak erabakiko ditu aldizkakotasuna eta errotazio sistema. Hain zuzen, errotazioak proposatzerakoan, kontuan hartuko ditu, arestian aipatutako irizpideez gain, atzemandako premiak eta errotazioaren egokitasuna ere.

Kontuan hartuko da profesionalek zer nahiago duten, baita errotazioan sartzen diren lanpostuek zer premia eta zer ezaugarri dituzten.

10. TITULUA

Zehapen araubidea

24. artikulua. Arau-hausteak eta subjektu erantzuleak.

1. Gizarte zerbitzuen arloko arau-hauste administratiboak dira subjektu erantzuleen eginak eta ez eginak, baldin eta lege edo erregelamenduzko arauen kontrakoak badira eta horrela tipifikaturik eta zehaturik badaude.

–Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

–Titulu honetan tipifikaturiko arau-haustetzat har daitezkeen eginak eta ez eginak egozten ahal zaizkien pertsona fisiko nahiz juridikoak dira subjektu erantzuleak.

–Zerbitzuetako administratzaileak, kudeatzaileak, zuzendariak eta arduradun teknikoak ere erantzuleak izan daitezke, beren eginkizunen esparruan eta erregelamendu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

25. artikulua.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean berariaz tipifikaturiko arau-hausteez landa, gizarte zerbitzuen alorreko arau-hauste administratiboak dira jarduketa hauek:

1. Arau-hauste arinak:

a) Gizarte zerbitzuen alorreko langileak arbuiatzea edo haiei lotsa galtzea.

b) Zerbitzuen erabiltzaileek, Gizarte Zerbitzuen Alorraren udal egoitzetako instalazioen barnean, lantalde profesionalaren jarraibideei ez segitzea, bertan dauden bitartean duten portaerari eta jarrerari dagokienez. Hori aplikatzen ahal da harreman profesionala esparru ez formaletan gertatzen denean ere, hau da: enplegu soziala gauzatzen den bitartean, etxeetako laguntza zerbitzuan edo beste erakunde batzuetan edo esku-hartzea kalean gauzatzen delarik.

2. Arau-hauste astunak:

a) Zerbitzuen hartzaileak prestazio eta zerbitzuetan ezarritako arau, baldintza eta prozedurak ez betetzea.

b) Zerbitzuen hartzaileak zerbitzua nahasten duten edo nahasten ahal duten liskarrak sortzea Gizarte Zerbitzuen Alorraren udal egoitzetan.

–Arau-hauste oso astunak:

a) Gizarte Zerbitzuen Alorreko langileei, erabiltzaileei edo haien familiartekoei bortxak edo/eta mehatxuak edo bertze edozein presio larri egitea.

26. artikulua. Zehapen administratiboak.

1. Arau-hausteek zehapen hauek ezartzea ekarriko dute:

–Arau-hauste arinak: idatzizko kargu-hartzea edo gehienez ere 12.000 euroko isuna.

–Arau-hauste astunak: 12.001 eurotik 60.000 eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste oso astunak: 60.001 eurotik 600.000 eurora bitarteko isuna.

2. Erregelamendu honen 26.3 artikuluaren a) letran tipifikaturiko arau-haustearen zehapen gisa, hiru hilabetetik hiru urtera bitarteko epean prestazioaz baliatzeko debekua ezarriko zaio gizarte zerbitzuen erabiltzaileari. Arau-hauslea legez ezgaituriko erabiltzaile baten legezko ordezkaria denean, 6.000 euro bitarteko zehapena ezarriko zaio horri, eta erabiltzaileari ez zaio ezarriko puntu honetan agindutakoa.

3. Aparteko kasuetan eta arau-hauslearen egoera sozioekonomikoari begiraturik, zehapenak %75 beheititzen ahal dira.

27. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Zehapen prozedura Alkatetzaren ebazpenak abiaraziko du, ofizioz edo salaketaren bidez egindako jarduketei jarraikiz.

Ebazpenean zehaztuko da nor izanen den jarduketen instruktorea eta hura jakinaraziko zaio ustezko erantzuleari.

Instruktoreak karguen agiria prestatuko du, egitateei dagokien arau-haustea zehazturik. Egotz daitekeen zehapena eta hori ezartzeko organo eskuduna ustezko erantzuleari jakinaraziko zaizkio, eta hark hamabost eguneko epea izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko bere eskubideen defentsan.

Instruktorearen karguen agirian ondokoa zehaztuko da:

a) Egiaztatutako egintzak, betiere garrantzitsuenak nabarmenduta arau-haustearen tipifikazioari eta zehapenaren graduazioari dagokienez.

b) Ustez egindako arau-haustea, urratutako agindua edo aginduak adierazita.

c) Kasuan kasuko zehapena, haren graduazioa eta kuantifikazioa.

d) Prozedura ebazteko eskumena izan dezakeen organoa, eta hura zer arauditan zehazten den.

Alegazioak aurkezteko epea iraganik, eta hala balegokio, baita frogak egitekoa ere, beharrezkoak juzgatzen diren eginbideen aurretik, instruktoreak ebazpen proposamena eginen du eta espedientearekin batera Alkatetzari igorriko dio. Alkateak, organo eskuduna izanik, beharrezko ebazpena emanen du edo, bestela, instruktoreari aginduko dio behar adina eginbide osagarri aurrera eramateko.

Alegazioen edo frogen ondorioz bestelako egintzak egiaztatzen badira edo karguen agirian jasotakoak baino astunagoak badira, instruktoreak interesdunari helaraziko dio karguen beste agiri bat dagokion zehapenarekin, hamabost eguneko epean bidezko iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan.

Ustezko arau-hausleak bere borondatez aitortzen badu erantzulea dela, instruktoreak organo eskudunari igorriko dio espedientea, ebazpena eman dezan, deusetan galarazi gabe tramitatzen segitzea baldin eta iruzur zantzu arrazoizkorik badago edo beste pertsona edo entitate errudunen bat isilpean gelditu den susmo arrazoizkoa baldin bada, edo prozedura irekitzeak sortu duen kontua ororen interesekoa baldin bada.

Zehapen prozedura amaitzen duen ebazpena arrazoitua izanen da eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatziko ditu.

Ebazpenak ez du onartuko prozeduran aztertu ez den gertaerarik, zein den ere haien balorazio juridikoa.

Ebazpena betearazlea izanen da bide administratiboari amaiera ematen badio.

Zehapen prozedura ebazteko eperik luzeena, arau-haustearen kalifikazioa kontuan hartu gabe, sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedientea abiarazteko ebazpenaren egunetik hasita. Beste sei hilabeterako luzatzen ahalko da, gehienez ere, erabaki arrazoituaren bidez betiere.

2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki gertaerak, arau-hauste administratibo ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-hauste ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko du zehapen prozedura –hasita badago–, harik eta agintari judizialak erabakia hartu arte.

Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

3. Ezartzen den isunaren zenbatekoa %30 murriztu daiteke arau-hausleak isunaren gainerako zatia eta dagozkion kalte-ordainak hilabeteko epean ordaintzen baditu, zehapena jartzeko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, eta idatziz adierazten badu ezarritako zehapenarekin eta eskatzen zaion kalte-ordainarekin ados dagoela.

28. artikulua.

Alorreko bulegoetan dauden lagun guztiek obeditu behar diete haren ardura duten langileek ematen dizkieten jarraibideei, eta orobat begiratu erregelamendu hau.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean eta aplikatzen ahal diren gainerako lege indardunetan ezarritakoa aplikatuko da Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren eta haren mendeko erakundeen funtzionamenduaren araubidearen erregelamendu honetan aurreikusirik ez dagoen orotan.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Erregelamendu honek indarra hartuko du bere testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2111512