192. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDIGORRIA

Udal ordenantza, administrazio elektronikoaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Ez da alegaziorik aurkeztu jendaurreko epean, hau da, 2021eko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 1ean, iragarkia argitaratu zenetik 2021eko uztailaren 13ra bitartean. Beraz, ordenantza behin betiko onetsita gelditzen da eta argitara ematen da haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Mendigorrian, 2021eko uztailaren 27an.–Alkate udalburua, Eunate López Pinillos.

UDAL ORDENANTZA, ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Azken urteotan aldaketa teknologiko oso esanguratsuak izan dira, eta, ondorioz, informazioaren eta telekomunikazioen teknologia berrien oldarra gertatu da. Administrazio publikoei dagokienez, aldaketa horiek ekarri dute aipatu teknologiak beren eguneroko funtzionamenduan sartu beharra, bai barneko ikuspuntutik bai administrazio publikoarekin harremanetan jartzen den herritarrari begira.

Gure ordenamendu juridikoak horri buruzko aginduak jaso ditu, pixkanaka. Hartara, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 45. artikuluak ezartzen duenaren arabera, administrazio publikoek honako hau dute betebehar: «teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera eta aplikazioa bultzatzea», beren jarduna gauzatzeko eta beren eskumenak betetzeko.

Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko abenduaren 16ko 57/2003 Legeak 70 bis artikulua erantsi zuen Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legean. Artikulu horren 3. apartatuak agindu bat jasotzen du, batik bat udalei zuzendua, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera elkarreragilea bultzatzeko, bizilagunen parte-hartzea eta haiekiko komunikazioa erraztearren, agiriak aurkeztearren, eta administrazio-izapideak, inkestak eta, hala badagokio, herri galdeketak egitearren.

Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen bidez, herritarrei aitortzen zaie eskubidea administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko, eta administrazio publikoak behartzen dira informazioaren teknologiak erabiltzera lege honetan ezarritakoarekin bat, betiere segurtatuz beren eskumenen barnean kudeatzen dituzten datu, informazio eta zerbitzuen irisgarritasuna, osotasuna, benetakotasuna, konfidentzialtasuna eta kontserbazioa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen erregulazio berria pauso erabakigarria da Administrazio modernoa eta informazioaren gizartean erabat integratua lortzeko bidean. Paradigma berri bat proposatzen du herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanetarako, komunikabide elektronikoen erabilera izanda horren erregulazioaren oinarri.

Legezko xedapen honen ardatz nagusia da onartzea herritar guztiek badutela eskubidea administrazio publikoekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izateko, eta azken horiek behar bezala egokitu beharra dutela, eskatzen diren berme guztiekin gauza dadin eskubide hori.

Mendigorriko Udalak, bere kabuz antolatzeko eta erregelamenduak egiteko duen ahalmena erabiliz, oharturik informazioaren eta komunikazioaren teknologiak pertsonen eguneroko bizitzan aldaketa sakonak sortzen ari direla eta bete daitezen egungo arau-esparrua den Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako helburu eta printzipioak, beharrezkotzat jotzen du ordenantza bat onestea Udal honen esparruan administrazio elektronikoaren erabilera hori arautzeko, araudi berrian jasotako oinarrizko alderdien barnean.

Halaber, ordenantza hau Udalbatzak informazioaren gizartea sustatzeko arloan bultzaturiko estrategiaren gailurra da, bai eta aurrerapausoa ere, benetako administrazio elektronikoa pixkanaka ezar dadin; izan ere, azken horrek batez ere izan behar du irisgarria, erraza, erabilgarria, erosoa, arina, segurua, konfidentziala eta ingurune teknologiko berrietara egokitua.

Hori oinarri hartuta, beharrezko elementu eta zerbitzu guztiak ezartzen dira, herritarrek udal honekiko harreman guztietan bide elektronikoa erabil dezaten, harik eta administrazio-prozedurak bide telematikoz egiteko pixkanakako prozesua osatu arte.

Ordenantzak egitura hau du: bost titulu, hiru xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen.

Atariko tituluan definitzen dira ordenantzaren xedea eta aplikazio-eremua, bai eta administrazio elektronikoaren printzipio orokorrak ere.

Lehenbiziko tituluan jasotzen dira herritarrek administrazio elektronikoaren arloan dituzten eskubideak eta zerbitzu elektronikoetarako irispidea izateko sistemak.

Bigarren titulua, ordenantzaren eduki nagusia jasotzen duena, administrazio elektronikoaren araudi juridikoari buruzkoa da; bertan, besteak beste, funtsezko alderdi hauek arautzen dira: Udalaren egoitza elektronikoa, haren edukia eta herritarren eskura jarri beharreko informazioa adierazirik; herritarren eta udal administrazioaren identifikazio-sistemak; Udalaren erregistro elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen betekizunak eta eraginkortasuna.

Hirugarren titulua agiri eta artxibo elektronikoei buruzkoa da.

Laugarren tituluak beste administrazio publiko batzuekiko harreman elektronikoak ditu xede.

Bosgarren tituluan administrazio-prozedura elektronikoa arautzen da.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Xedea eta aplikazio-eremua

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honek baliabide elektronikoen erabilera arautzen du Mendigorriko udal administrazioaren esparruan, herritarrek aukera izan dezaten Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aitortzen zaizkien eskubideak erabiltzeko; horretaz gainera, administrazio elektronikoa eraginkortasunez ezartzea ere arautzen du.

2. Horren ondorioz, honako hau da ordenantzaren xedea:

–Zehaztea beharrezko printzipio orokorrak administrazio elektronikoa garatzeko Mendigorriko Udalaren esparruan, arlo hau arautzen duen erkidegoko eta Estatuko legedian xedatuarekin bat.

–Eskubideak eta betebeharrak ezartzea, herritarraren eta udal administrazioaren artean bitarteko elektronikoen bidez ezartzen diren harremanak arautzeko.

–Bitarteko elektronikoak erabiltzeko baldintzak eta horren ondorioak arautzea, administrazio jardueraren eremuan eta, bereziki, administrazio-prozedurak izapidetzean.

2. artikulua. Aplikazio-eremu subjektiboa.

1. Ordenantza aplikatuko zaie udal administrazioa osatzen duten organo eta langile guztiei, bai eta zuzenbide publikoaren araubideari jarraikiz jarduten duten haren mendeko entitate eta erakundeei ere.

Mendigorriko Udalak bultzatuko du ordenantza hau bete dadin berak ordezkariak dituen erakunde eta entitate guztietan, eta betiere administrazio ahalak gauzatzen dituztenean.

2. Herritarrei ere aplikatuko zaie ordenantza (halakotzat hartuz pertsona fisiko eta juridiko guztiak), bitarteko elektronikoen bidezko harremanak dituztenean Mendigorriko Udalarekin edo aurreko 1. apartatuan adierazitako entitate eta erakundeekin, eta gainerako administrazio publikoei ere aplikatuko zaie, Mendigorriko Udalarekin harremanetan jartzean.

3. artikulua. Aplikazio-eremu objektiboa.

1. Ordenantza aplikatuko da udal administrazioak parte hartzen duen jardueretan, horiek bitarteko elektronikoen bidez egiten direnean, eta, zehatz-mehatz, hauetan:

–Herritarren eta udal administrazioaren arteko harreman juridiko-administratiboetan.

–Herritarrek kontsultak egitean udal administrazioak dauzkan informazio publiko administratiboari eta datu administratiboei buruz.

–Izapidetze elektronikora gehituriko administrazio izapide eta prozedurak egitean, ordenantza honetan ezarri bezala.

–Udal administrazioak bere ahalmenak erabiliz eskuratutako informazioa tratatzean.

2. Halaber, ordenantza honetan ezarritako printzipioak honako hauetan aplikatuko dira:

–Bitarteko elektronikoen bidez udal administrazioaren eta gainerako administrazio publikoen artean gertatzen diren harremanetan.

–Herritarren eta udal administrazioaren arteko komunikazioetan, halakoak administrazio-zuzenbideari loturik ez daudenean.

–Abisu eta gorabeherak jakinaraztean, kexak aurkeztean, iradokizunak egitean, udal organoei galderak egitean, eta berariaz arautu gabeko eskabide eta bestelako parte-hartzeetan.

II. KAPITULUA

Printzipio orokorrak

4. artikulua. Administrazio elektronikoaren printzipio orokorrak.

–Udal honen udal administrazioaren jardunak, oro har, eta administrazio elektronikoa bultzatzeari dagokionak, bereziki, bete beharko du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa, bai eta honako printzipio orokor hauek ere:

–Herritarrendako zerbitzuaren printzipioa; izan ere, informazioa, izapideak eta prozedurak administrazio elektronikoaren esparrura ekartzea sustatuko du, bere jarduera herritarrei hurbildu ahal izateko, eta interes orokorra lortzeko etengabeko hobekuntza bultzatuko du.

–Sinplifikazio administratiboaren printzipioa; izan ere, administrazio elektronikoaren teknikak erabiltzeak dakarren eraginkortasuna aprobetxatuko du, bereziki, garrantzizkotzat jotzen ez diren izapide eta jarduketak ezabatuz eta prozesu eta prozedura administratiboak birdiseinatuz, aplikatu beharreko araudiaren arabera, informazioaren eta komunikazioaren teknologietatik etorritako aukerak ahalik eta hobekiena erabiliz, administrazio jarduera eraginkorragoa izan dadin, betiere legezko bermeak izanik bere eginkizunetan.

–Bitarteko elektronikoak bultzatzeko printzipioa; izan ere, pizgarriak ezarriko ditu herritarren artean bitarteko elektronikoen erabilera bultzatzeko.

–Neutraltasun teknologikoaren printzipioa: ordenantza honetan araututako jardueren gauzatzea bermatuko du, zein diren ere erabiltzen diren tresna teknologikoak. Garapen teknologikoak berak eta teknologien gizarteratzeak erakutsiko dute une bakoitzean zein diren bitarteko teknologiko egokienak.

–Elkarreragingarritasun printzipioa: elkarreragingarritasunaren estandarren erabilera bermatuko du eta begiratuko du erabiltzen diren informazio sistemak bateragarriak izan daitezen herritarrenekin nahiz beste administrazioenekin, segurtasunaren, egokitasun teknikoaren eta baliabide-ekonomiaren irizpideak kontuan hartuta. Udal administrazioak kode irekiko softwarearen erabilera sustatuko du administrazio elektronikoan.

–Datuen konfidentzialtasunaren, segurtasunaren eta babesaren printzipioa. Ildo horretan, bermatuko da errespeta dadin herritarrek duten eskubidea datu pertsonalen konfidentzialtasuna eta segurtasuna babesturik edukitzeko, datuen babesari buruzko araudian eta herritarren datuen konfidentzialtasuna babesteari buruzko gainerako arauetan zehaztutako baldintzetan. Bereziki babestuko dira herritarren datu pertsonalak eta udal administrazioa osatzen duten departamentu eta entitateek erabili behar duten informazio komuna; haiek datuak komunikatzeko betebeharra izanen dute, informazio hori behar bezala dokumentatua eta eguneratua egon dadin.

–Gardentasunaren eta publizitatearen printzipioa: bitarteko elektronikoen erabileran, sustatuko du prozeduraren jarduketa administratiboek ahalik eta zabalkunde, publizitate eta gardentasunik handienak izan ditzaten, bai eta bere artxiboetan jasotako informazioak ere, bat etorriz gainerako ordenamendu juridikoarekin eta ordenantza honetan ezarritako printzipioekin.

–Eraginkortasun, efizientzia eta ekonomia printzipioak, udal administrazioan bitarteko elektronikoak ezartzean. Bereziki, honako irizpide hauei jarraikiz eginen da:

–Ukitutako udal zerbitzuek herritarrengan duten eragina eta herritarrek haietaz egiten duten erabilera.

–Zein populazio sektoreri zuzentzen zaien.

–Zerbitzuaren prestazioarekin lor daitezkeen hobekuntzak.

–Herritarrekiko harreman sistemak integratzea gainerako antolakuntzarekin eta udal informazio sistemekin.

–Epeak eta erantzuteko denborak murriztea.

–Eskatzen den ahalegin teknikoaren, antolamenduzkoaren eta ekonomikoaren maila, eta lan-zamaren banaketa eta barneko komunikazioak arrazionalizatzea.

–Teknologien heldutasuna eta eskuragarritasuna.

–Lankidetzaren printzipioa: herritarrendako zerbitzua eta kudeaketaren efizientzia hobetzeko helburuarekin, udal administrazioak hitzarmenak, akordioak eta kontratuak eginen ditu elkargo profesionalekin, elkarteekin eta beste entitate batzuekin, haien bazkide eta bezeroekiko harremana errazteko.

–Parte-hartzearen printzipioa: bitarteko elektronikoen erabilera bultzatuko du parte-hartze eskubideak gauzatzeko, batik bat eskaera eskubidea, entzunaldia eta informazio publikoa izateko eskubideak, herritarren ekimena, kontsultak eta abisu, kexa, erreklamazio eta iradokizunen aurkezpena. Halaber, udal administrazioak eztabaida publikoa eta ideia eta iritzien adierazpena bultzatuko ditu, bitarteko elektronikoen berezko tresnak baliatuz, betiere kontuan hartuz fede onaren eta erabilera arduratsuaren printzipioak.

5. artikulua. Informazio administratibo elektronikoa zabaltzeko printzipio orokorrak.

Interes orokorreko informazio administratiboa nahiz udal administrazioak jendaurrean jarri beharreko informazioa bitarteko elektronikoen bidez zabaltzean, honako printzipio hauei jarraikiko zaie:

–Irisgarritasun eta erabilgarritasunaren printzipioa; izan ere, herritarren intereseko informazioa modu erraz, seguru eta ulergarrian lortzea ahalbidetzen duten sistema soilak baliatuz, bultzatuko du irizpide bateratuak erabil daitezen informazioa bilatzeko eta ikusteko, informazioaren zabalkundea ahalik eta hobekiena egin ahal izatearren, nazioarteko eta Europako irizpide eta estandarrei jarraikiz irisgarritasunaren eta agirien tratamenduaren arloan. Halaber, udal administrazioak desgaitasunak edo zailtasun handiak dituzten herritarren eskura beharrezko baliabideak jarriko ditu pertsona horiek administrazioaren inguruko informazioa bitarteko elektronikoen bidez lor dezaten, orokorrean aitorturiko irizpide eta estandarrei jarraikiz.

–Osotasunaren eta zehaztasunaren printzipioa: udal administrazioak, informazioa bitarteko elektronikoen bidez lortzen denean, bermatuko du agiriak eduki bera izan dezan, alegia, paperean duena edo jatorrizko agiria egiteko erabilitako euskarrian duena. Informazioa formatu elektronikoan edukitzeak ez du galarazi edo zaildu behar bulego publikoetan aurrez aurre egiten den arreta edo beste bitarteko tradizional batzuen bidez egiten dena.

–Eguneratze printzipioa. Udal administrazioko organoek eguneratua izanen dute kanal elektronikoen bitartez irisgarri dagoen informazio administratiboa. Argitalpen elektronikoetan eguneratze datak azalduko dira.

–Kontsulta irekiaren printzipioa, irispide unibertsal eta irekiko informazio-baliabideei dagokienez, legezko xedapenen arabera guztion eskura egon beharreko informazio administratiboa lortzea bermatzeko, inolako aurretiazko identifikaziorik eskatu gabe.

–Datu pertsonalak babesteko bermearen printzipioa. Une bakoitzean eskura dagoen teknologia baliatzera behartzen du, datu pertsonalen babesak berez dakartzan eskubideak bermatzeko, eta, orobat, behartzen du segurtasun neurriak bermatzera, helburuak edo adostasunak babestu gabeko trazabilitate pertsonal oro galarazteko.

6. artikulua. Administrazio-prozedura elektronikoaren printzipio orokorrak.

Udal administrazioaren esparruan, izapide administratiboak elektronikoki egitean, printzipio orokor hauek hartuko dira oinarritzat:

–Bitarteko elektronikoak erabiltzeagatik ez diskriminatzearen printzipioa. Bitarteko elektronikoak erabiltzeagatik ez dute diskriminazio edo murrizketarik jasanen herritarrek udal administrazioarekin dituzten harremanetan. Ildo horretan, administrazioarekiko komunikazio elektronikorako sistemak lege maila duen arau batek halaxe zehazten duenean baizik ez dira izanen nahitaezkoak eta esklusiboak administrazioen arteko harremanetan, zergazko harreman juridikoetan eta lotura bereziko harremanetan, aplikatu beharreko arau juridikoen arabera.

–Prozedura eta agiri administratiboen trazabilitatearen printzipioa. Trazabilitate sistema eta prozedura egokiak eta ulergarriak ezarriko dira, herritarrek noiznahi eta bitarteko elektronikoen bidez izan dezaten izapidetzearen egoeraren berri nahiz prozedura eta administrazio agirien historiaren berri, horrek deusetan galarazi gabe behar diren baliabide teknikoak aplikatzea ukituriko pertsonen intimitatea eta datu pertsonalen babesa bermatzeko.

–Bitartekoen intermodalitatearen printzipioa. Horren arabera, ordenantza honetan eta berau garatzen duten arauetan ezarri bezala, bitarteko baten bidez hasitako prozedurak beste baten bidez segitzen ahalko du, baldin eta prozedura osoaren osotasuna eta segurtasun juridikoa segurtatzen badira. Izapidetze elektronikora gehitutako izapide eta prozedurak gehitze prozesuan zehaztutako kanal eta bitarteko elektronikoen bidez egiten ahalko dira, ordenantzaren hamargarren kapituluan ezarritakoarekin bat.

–Proportzionaltasun printzipioa. Izapide eta jarduketa bakoitza eta haren inguruabarrak nolakoak, haiexen araberakoak baizik ez dira izanen eskatzen diren berme eta segurtasun neurriak, eta helbururako behar-beharrezkoak diren datuak soilik eskatuko zaizkie herritarrei.

7. artikulua. Administrazioen arteko lankidetza bultzatzeko eta sustatzeko printzipio gidariak, administrazio elektronikoaren arloan.

Udal administrazioaren esparruan, printzipio orokor hauen araberakoa izanen da administrazioen arteko lankidetza:

–Administrazioen arteko lankidetzaren eta elkarlanaren printzipioa. Udalak, gainerako administrazio publikoekin batera, behar diren hitzarmen eta akordio guztiak sinatzea bultzatuko du, bereziki ordenantza honetan jasotzen diren aurreikuspenak gauza eta aplika daitezen, besteak beste, helburu dutenak estandar teknikoak finkatzea eta informazioa, datuak, prozesuak eta aplikazioak trukatu eta partekatzeko mekanismoak ezartzea. Udalak argitara emanen ditu gainerako administrazio publikoekin arlo horretan sinatutako hitzarmen guztiak.

–Irispide eta eskuragarritasun mugatuaren printzipioak. Udal administrazioak beste administrazio publikoei aukera emanen die irispidea izan dezaten herritarrei buruz euskarri elektronikoan dituen datuetarako, eta beharrezko baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak zehaztuko ditu datu horietarako irispideak segurtasun eta osotasun berme handienak izan ditzan, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta hura garatzen duen araudian zehaztutakoaren arabera. Datu horien eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da gainerako administrazio publikoek herritarrei eskatzen dizkieten datuetara, halakoak behar dituztenean, dagokien araudiaren arabera administrazio horiek eskumenekoak dituzten prozedurak eta jarduketak izapidetu eta ebazteko. Datu pertsonalen kasuan, interesdunen adostasuna izanen da datu horietara irispidea izateko baldintza, jadanik aipatutako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren baldintzetan, edo lege mailako arau batek ezarritako baldintzetan, salbu eta eskatutako datu edo agiriei aplikatzen ahal zaizkien arauen arabera murriztapenik bada. Bitarteko elektronikoen bidez eman eta jasotzen ahalko da adostasun hori.

I. TITULUA

Herritarren eskubide eta betebeharrak administrazio elektronikoari dagokionez

8. artikulua. Herritarren eskubideak administrazio elektronikoaren esparruan. Udalaren betebeharra laguntza elektronikoa emateko.

1. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 14. eta 53. artikuluetan zerrendatutako eskubideak ezertan ukatu gabe, honako eskubide hauek dituzte herritarrek administrazio elektronikora irispidea izateari eta hura erabiltzeari dagokionez:

–Udal administraziora bitarteko elektronikoen bidez jotzekoa, agiriak aurkeztekoa, informazioa jasotzekoa, kontsultak egin eta alegazioak aurkeztekoa, eskabideak egitekoa, adostasunak adieraztekoa, uziak aurkeztekoa, ordainketak egitekoa, izapideak eta prozedurak aurrera eramatekoa eta, oro har, ordenamendu juridiko-administratiboak aitortzen dizkien eskubide eta ahalmenak erabiltzekoa, baliozkotasun eta segurtasun osoarekin.

–Udal administrazioari eskatzekoa bitarteko horien bidez komunika dadila haiekin, eta agiriak formatu elektronikoen bidez eskuratzekoa.

–Udal administrazioak badauzkan datu eta agiriak ez aurkeztekoa.

–Kalitatezko eduki elektronikoak, irisgarriak, gardenak eta ulergarriak izatekoa.

–Bitarteko elektronikoen bidez irispidea izatekoa informazio administratibo, erregistro eta artxiboetara.

–Administrazio elektronikoa izatekoa eta erabiltzekoa, erabilitako tresna teknologikoak direnak direlarik, urritasun fisiko, psikiko edo sentsoriala izan arren, eta erabiltzeko prestakuntza eta laguntza jasotzekoa.

–Udalaren kudeaketa hobetzeko prozesuetan bitarteko elektronikoen bidez parte hartzekoa, eta egindako eskabide eta kontsulten erantzuna jasotzekoa.

–Datu pertsonalen konfidentzialtasuna eta babesa izatekoa, bai eta datuen babeserako araudiak ematen dizkion gainerako eskubideak izatekoa ere; bereziki, emandako informazio pertsonala beste helburu batzuetarako ez erabiltzekoa.

–Udal administrazioarekiko komunikazioen pribatutasuna eta segurtasuna izatekoa, bai eta Udalak egindako komunikazioena ere, horietan herritarren datuak ageri badira.

–Bitarteko elektronikoen bidez emaniko zerbitzu publikoak kalitatezkoak izatekoa.

–Prozeduren izapidetze egoera bitarteko elektronikoen bidez jakitekoa, baldin haietan interesdun badira, salbu aplikatu beharreko araudiak mugak ezartzen dituenean haiei buruzko informaziorako irispidea izateko.

–Prozedura osatzen duten agiri elektronikoen kopia elektronikoak eskuratzekoa, prozedura horretan interesdun direnean.

–Espediente baten barnean dauden agiri elektronikoak udal administrazioak formatu elektronikoan kontserbatzekoa.

2. Eskubide horiek erabiliko dira aplikatzekoa den araudian eta ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz.

3. Bereziki, Udalak interesdunei bermatuko die berarekin harremana bitarteko elektronikoen bidez izan ahal izatea. Horretarako, haien esku jarriko ditu beharrezko diren irispide-kanalak eta kasu bakoitzerako erabakitzen diren sistema eta aplikazioak.

4. Udalak bitarteko elektronikoak erabiltzeko laguntza emanen die administrazio publikoekin elektronikoki erlazionatzeko betebeharrik ez duten interesdunei, hala eskatzen badute; batez ere, identifikazio eta sinadura elektronikoari buruz, eskabideak erregistro elektroniko orokorraren bidez aurkezteari buruz eta kopia autentikoak eskuratzeari buruz emanen die laguntza.

Halaber, interesdun horietakoren batek ez badauzka behar diren bitarteko elektronikoak, funtzionario publiko batek egin dezake, balio osoz, interesdun hori administrazio-prozeduran identifikatzeko edo sinadura elektronikoa emateko izapidea, funtzionarioak berak erabiltzen duen sinadura elektronikoko sistemaren bidez. Kasu horretan, behar den bitarteko elektronikorik ez daukan interesdunak bere burua identifikatu egin beharko du funtzionarioaren aurrean, eta adostasun adierazia eman hala jarduteko; hala jasota utzi beharko da, desadostasuna edo auzia gertatzen den kasurako.

9. artikulua. Herritarraren betebeharrak baliabide elektronikoen bidez egindako administrazio harremanen esparruan.

1. Administrazio jardueran nahiz udal administrazioarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzean, eta funtzionamendu eta kudeaketa egokiak bermatzea helburu, herritarrek honako betebehar hauek dituzte administrazio elektronikoaren informazioari, komunikazioei, prozesuei zein aplikazioei dagokienez:

–Administrazio elektronikoaren zerbitzu eta prozedurak borondate onaren printzipioaren arabera erabiltzea.

–Administrazio elektronikoari dagokionez, udal administrazioari informazio egiazkoa, osoa eta zehatza ematea, zertarako eskatzen den, horrexen araberakoa.

–Norbera identifikatzea udal administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidez izaten dituzten administrazio harremanetan, harremanok halaxe eskatzen dutenean.

–Zaintzea bitarteko elektronikoen bidez udal administrazioarekin administrazio harremanak izatean erabiltzen dituzten elementu identifikagarri pertsonal eta besterenezinak.

–Errespetatzea pribatutasunerako, konfidentzialtasunerako eta segurtasunerako eskubideak, bai eta datuen babesaren arloko gainerako eskubideak ere.

2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluak honako hau ezartzen du: pertsona fisikoek noiznahi erabaki dezakete, beren eskubideak eta betebeharrak baliatzeko, administrazio publikoekin komunikatzean bitarteko elektronikoak erabili edo ez, non eta ez dauden behartuak administrazio publikoekiko harremana bitarteko elektronikoen bidez izatera. Pertsona bakoitzak noiznahi aldatzen ahalko du Udalarekin komunikatzeko aukeratu bidea.

Nolanahi ere, administrazio-prozedura baten edozein izapidetarako, administrazio publikoekin harremana bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuak egonen dira honako subjektu hauek, gutxienez:

–Pertsona juridikoak.

–Nortasun juridikorik gabeko entitateak.

–Nahitaez elkargokide egitea eskatzen duen lanbide-jardueraren bat egiten dutenak, administrazio publikoekin lanbide-jarduera hori gauzatzean egiten dituzten izapide eta jarduketetarako. Betiere talde horren barnekotzat joko dira notarioak, jabetza-erregistratzaileak eta merkataritzako erregistratzaileak.

–Administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dauden interesdunen ordezkariak.

–Administrazio publikoetako langileak, enplegatu publiko izateagatik haiekin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako, administrazio bakoitzak erregelamendu bidez zehaztu bezala.

Udalak ezartzen ahalko du nahitaezkoa dela berarekin bitarteko elektronikoen bidez jartzea harremanetan, bai prozedura jakin batzuetarako, bai behar diren bitarteko elektronikoez baliatzeko aukera duten pertsona fisikoen zenbait kolektiborendako, haien gaitasun ekonomiko edo teknikoa, haien dedikazio profesionala edo egiaztaturiko beste arrazoiren bat dela eta.

3. Udal administrazioak begiratuko du betebehar horiek betetzen direla, aplikatzekoa den araudian ezarritakoaren esparruan eta ordenantza honetan ezartzen denaren barnean.

10. artikulua. Zerbitzu elektronikoetarako sarbide sistemak.

Udal administrazioak bermatuko du herritarrek zerbitzu elektronikoetarako irispidea izan dezaten, hainbat kanaleko sistema baten bidez, eta honako baliabide hauekin gutxienez:

–Aurrez aurreko arretarako zehazten diren bulegoak: ordenantza honetan aitortzen diren eskubideak erabiltzeko baliabide eta tresnak jarriko dituzte herritarren eskura, libreki eta doan, eta laguntza eta orientabidea eman beharko dute haien erabileraz, dela kokatuta dauden bulegoetako langileek emanda, dela baliabide edo tresnari berari gehitutako sistema batzuen bidez.

–Irispide-puntu elektronikoak: organoek eta mendeko erakunde eta entitateek sortu eta kudeaturiko egoitza elektronikoak dira, komunikazio sareen bidez herritar guztien eskura daudenak.

–Hona hemen irispide-puntu orokorra, herritarrei bide ematen diena dagoen informazio guztira nahiz eskura dauden zerbitzuetara iristeko, udal administrazioarekin eta haren erakunde eta entitateekin dituzten harremanetan: https://sedeelectronica.mendigorria.es/eu/

II. TITULUA

Administrazio elektronikoaren araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Egoitza elektronikoa

11. artikulua. Egoitza elektronikoa.

Egoitza elektronikoa da helbide elektroniko bat, herritarren eskura dagoena telekomunikazio sareen bidez, eta titulartzat toki erakunde hau duena, edo, bestela, haren mendeko entitate bat.

Egoitza elektroniko bakarra egonen da udal honetako organo guztietarako, eta entitate eta erakunde publikoak zein haren mende dauden kapital erabat publikoko tokiko sozietateak eta sozietate mistoak sar daitezke hor.

Egoitza elektronikoak honako printzipio hauek bete behar ditu: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, eskuragarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

12. artikulua. Egoitza elektronikoa sortzea.

Organo eskudunaren ebazpen edo erabaki baten bidez sortuko da egoitza elektronikoa. Dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko da, eta gutxienez honako eduki hau izanen du: Egoitzaren aplikazio-eremuari dagokionez, gutxienez Mendigorriko Udala izanen da, eta, halaber, bere mendeko entitate, erakunde eta sozietateak bil ditzake.

a) Egoitzaren erreferentziazko helbide elektronikoaren identifikazioa.

b) Titularraren identifikazioa, egoitza elektronikoa kudeatu eta administratzeko organoa edo organoak, eta herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak.

c) Egoitzan eskura dauden zerbitzuetarako irispide-kanalen identifikazioa, zehaztuz, behar denean, aipatutakoez gain zerbitzuok erabiltzeko zer telefono eta bulego dauden.

d) Iradokizunak eta kexak egiteko bitartekoak.

e) Egoitza zuzen identifikatzeko eta haren fidagarritasuna bermatzeko komenigarritzat jotzen den beste edozein inguruabar.

Egoitza elektroniko nagusitik eratorritako egoitza elektroniko bat edo batzuk (azpiegoitzak) sor daitezke. Egoitza nagusiaren helbide elektronikotik iristen ahalko da egoitza elektroniko eratorrietara, nahiz eta posible izan zuzeneko irispide elektronikoa izatea. Egoitza elektroniko eratorriek egoitza elektroniko nagusiaren baldintza berak bete beharko dituzte, salbu hura sortzeko ebazpena edo erabakia argitaratzeari dagokionez, haien egoitza nagusian argitaratuko baita.

13. artikulua. Egoitza elektronikoen ezaugarriak.

1. Jarduketak, prozedurak eta zerbitzuak egoitza elektronikoaren bidez eginen dira, beharrezkoa denean bitarteko elektronikoekin autentifikatzea toki erakundea, beste administrazio publiko batzuk edo herritarrak. Halaber, organo eskudunak zerbitzuen eraginkortasunaren eta kalitatearen mesederako ezartzen dituen jarduketak, prozedurak eta zerbitzuak egiten ahalko dira, bai eta kontratistek eta emakidadunek emandako zerbitzuak ere, dagozkien kontratu agirietan ezarritako baldintzetan.

2. Egoitza elektronikoaren bidez lor daitezkeen zerbitzuen eta informazioaren osotasuna, egiazkotasuna eta eguneratzea bermatzen dira.

3. Egoitza elektronikoetan informazioak, zerbitzuak eta transakzioak argitaratzean, irisgarritasunaren eta erabilgarritasunaren printzipioak errespetatuko dira, bat etorriz horri dagokionez ezarritako arauekin, estandar irekiekin eta, hala behar badu, herritarrek erabili ohi dituztenekin.

4. Egoitza elektronikoak komunikazio seguruak ezartzea ahalbidetzen duten sistemak izanen ditu, baldin halako komunikazioak beharrezkoak badira.

5. Egoitza elektronikoek webgunea kautotzeko ziurtagiri aitortuak edo kualifikatuak edo horien baliokidea erabiliko dituzte beren burua identifikatzeko eta haiekin komunikazio segurua egon dadin bermatzeko.

6. Egoitza elektronikoko zerbitzuak egunaren 24 orduetan eta urteko egun guztietan egonen dira erabiltzeko moduan. Arrazoi teknikoak direla-eta aurreikusten bada egoitza elektronikoa edo haren zerbitzuetako bat beharbada ez dela egonen erabiltzeko moduan, horren berri eman beharko zaie erabiltzaileei, ahalik eta azkarrena, adierazita ordezko zer bitarteko dauden eskura.

7. Mendigorriko Udalaren egoitza elektronikoak Espainiako data eta ordu ofizialei eusten die.

14. artikulua. Egoitza elektronikoak identifikatzeko baldintzak eta haien komunikazioen segurtasuna.

1. Mendigorriko Udalaren eta hari lotutako edo haren mendeko erakunde publikoen helbide elektronikoak egoitza elektroniko badira, erabat argi eta garbi adierazi beharko dute hori.

2. Egoitza elektronikoak eskuragarri izanen du bera sortzeko erabilitako tresna, zuzenean edo dagokion aldizkari ofizialari lotutako estekaren bidez.

3. Egoitza elektronikoen euskarri diren informazio sistemek bermatu beharko dituzte esku artean duten informazioaren konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta osotasuna, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalari eta Segurtasun Eskema Nazionalari jarraikiz.

15. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukia.

1. Egoitza elektroniko orok gutxienez honako eduki hauek izanen ditu:

a) Egoitzaren identifikazioa, erreferentziazko helbide elektronikoa zehaztuta.

b) Egoitzaren titular den organoaren (edo organoen) identifikazioa, eta kudeatu eta administratzeko ardura dutenena.

c) Egoitza sortzeko ebazpen edo erabakia, eta, halakorik bada, eratorritako azpiegoitzena.

d) Egoitzaren eremu subjektiboa eta, halakorik bada, eratorritako azpiegoitzena.

e) Egoitza behar bezala erabiltzeko beharrezko informazioa, egoitza elektronikoaren mapa edo horren baliokidea den informazioa barne, nabigazio egitura eta eskuragarri dauden atalak zehaztuz, bai eta jabetza intelektualarekin lotutako informazioa ere.

f) Egoitza zuzen erabiltzeko aholkularitza zerbitzuak, bai elektronikoak, bai telefonikoak.

g) Egoitzaren ziurtagiriak egiaztatzeko sistema; zuzenean eta doan egon beharko du eskuragarri.

h) Egoitzan onartu edo erabilitako sinadura elektronikoko sistemen zerrenda.

i) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa, barnean dela Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren egoitza elektronikoaren esteka.

j) Toki erakundearen eta haren mendeko erakundeen organo, zentro eta unitate administratiboak identifikatzeko kodeen zerrenda eguneratua.

k) Agiriak elektronikoki aurkezteko laguntza ematen duten bulegoen zerrenda eguneratua, direktorio geografikoa izanen duena, interesdunak identifika dezan erregistro arloko laguntza-bulego hurbilena.

l) Data eta ordu ofiziala.

2. Egoitza elektronikoak honako hauek izanen ditu herritarren eskura:

a) Mendigorriko Udalaren eta hari lotutako edo haren mendeko entitate eta erakundeen irispide-puntu elektroniko orokorra.

b) Herritarrek, Udalarekin komunikatzeko duten eskubideaz baliatzean, erabil ditzaketen bitarteko elektronikoen, telefonikoen eta aurrez aurrekoen zerrenda.

c) Kasu bakoitzean eskumena duten organoei iradokizunak eta kexak adierazteko esteka.

d) Eskabide ereduak.

e) Erregistro elektroniko orokorra sortzeko ebazpen, erabaki edo xedapena.

f) Erregistro elektroniko orokorrean has daitezkeen izapideen zerrenda eguneratua.

g) Egun baliogabeen zerrenda, erregistro elektronikoan epeak zenbatzeko aplikatzekoa.

h) Epeak luzatzea ekartzen duten gorabehera teknikoen identifikazioa.

i) Toki erakundearen eta haren mendeko erakundeen iragarki edo ediktuen taula elektronikoa (ediktu-taula), argitalpen elektronikoa ordezkoa ala osagarria den adierazita.

j) Irispidea aldizkari eta egunkari ofizialen argitalpenerako.

k) Jakinarazpen elektronikoen zerbitzua.

l) Interesdunak identifikatu eta sinatzeko sistemak.

m) Egoitza elektronikoan sartuta dauden organo edo erakunde publikoen zigilu elektronikoen zerrenda, zehaztuta ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak, horien emaileak eta egiaztatzeko neurriak.

n) Interesdunei bitarteko elektronikoen erabilerari buruz aholkularitza emateko eta kopia autentikoak egiteko gaitutako funtzionarioen erregistroa.

o) Toki erakundearen eta haren mendeko entitateen Gardentasun Ataria edo, halakorik ez bada, publizitate aktiboaren xede den informazioa, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearekin eta hura garatzeko araudiarekin eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin.

p) Kontratatzailearen profila.

q) Legez edo erregelamenduz eskatzen diren beste eduki, informazio edo zerbitzu batzuk.

r) Egoitzaren titular den organo arduradunak gehituriko beste eduki, informazio edo zerbitzu batzuk.

3. Aurreko apartatuetan aipatutako informazioa eta zerbitzuak ez dira azpiegoitzetan jaso beharko, baldin eta nagusi den egoitzan jasota badaude.

4. Toki erakunde honen egoitza elektronikoek betiere ahalbidetuko dute hizkuntza koofizialetan izatea irispidea haien eduki eta zerbitzuetara. Salbuesten dira beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuei dagozkien esteka edo loturetako edukiak, eduki horiek bi hizkuntzetan eskaintzeko betebeharra ez baldin badute.

16. artikulua. Ediktu-taula elektronikoa.

1. Ediktu-taula elektronikoan argitaratzen ahalko dira legezko edo erregelamenduzko xedapen baten ondorioz Udalaren ediktu-taulan argitara eman behar diren egintza eta komunikazioak, eta argitaratze hori ordezkoa edo osagarria izaten ahalko da.

2. Herritarrak ez du bere identitatea egiaztatzeko sistema berezirik beharko irispidea izateko ediktu-taula elektronikora.

3. Ediktu-taula elektronikoa Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

4. Ediktu-taula elektronikoak izanen ditu bere edukiaren egiazkotasuna, osotasuna eta eskuragarritasuna bermatzeko sistemak eta mekanismoak. Bereziki, epeak zenbatzeari dagokionez, ediktuen argitalpenaren data eta ordua egiaztatuko duen mekanismoa ezarriko da.

5. Ediktu-taula elektronikoa eskura egonen da egunaren 24 orduetan, urteko egun guztietan, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Arrazoi teknikoak direla-eta ediktu-taula elektronikoa ez dela ibiliko aurreikusten denean, erabiltzaileei horren berri emanen zaie behar den denboraz, adierazita ordezko zer bitarteko dauden eskura, taula kontsultatzeko.

17. artikulua. Herritar karpeta.

1. Udalaren egoitza elektronikoak eremu bat izanen du «herritar karpeta» izenekoa; titularrak baizik ez du irispidea izanen, eta horretarako erabiltzailearen identitatea autentifikatu egin beharko du, egoitza elektronikoan sinadura elektronikorako onartzen diren sistemetako bat erabiliz.

2. Herritar karpetaren bidez, pertsona fisikoek eta haien ordezkari erregistratuek sistema eta prozesu telematikoak erabiltzen ahalko dituzte komunikatzeko bitarteko gisa, besteak beste, honako zerbitzu hauetarako:

–Irispidea izateko udal administrazioaren datu baseetan erregistraturik dagoen pertsonaren informazio partikularrera.

–Modu pertsonalizatuan izateko irispidea udal administrazioaren gaineko informazio orokorrera.

–Administrazio eragiketak eta izapideak egiteko udal administrazioak pixkanaka herritar karpetan sarturiko prozeduretan.

3. Herritar karpetan sartu eta erabiltzeak erabiltzaile izaera ematen du, eta aditzera ematen du aurretik irakurri eta onartu direla Udalaren egoitza elektronikoan argitaraturiko arau eta baldintzak. Herritar karpetan sartu eta erabiltzeak berez inplikatzen du erabiltzaileak espresuki, osorik eta erreparorik gabe onartzen dituela sartzeko unean egoitza elektronikoan erabiltzeko argitaraturik dauden arau eta baldintza guztiak.

4. Udalak herritar karpeta erabiltzeko arau eta baldintzak aldatzen baditu, aldaketaren berri eman beharko du egoitza elektronikoan. Herritarra ados ez badago herritar karpeta erabiltzeko arau eta baldintza berriekin, utzi egin beharko du udal administrazioarekin komunikatzeko bitarteko hori.

18. artikulua. Egoitza elektronikoko edukietarako irispidea.

1. Udalak, bere egoitza elektronikoan, agiri elektronikoak bilatzeko mekanismo egokia jarriko du herritarren eskura, kontsultak egiteko aukera izan dezaten jada amaitutako administrazio-prozedurei buruz.

Aplikatu beharreko araudia dela eta, agiri zehatz batek berehalako irispiderik ez duenean, herritarrak automatikoki sortzen ahalko du agiri horretarako irispidea izateko eskabidea, eta azken hori berehala bideratuko zaie agiriaz arduratzen diren udal zerbitzuei.

2. Herritarrek, administrazio publikoei aplikatu beharreko araudiak jarritako baldintzekin, libreki kontsultatzen ahalko dituzte Udalak biltegiratutako agiri elektronikoak, betiere kontsultaren egunean amaiturik dauden prozedurei buruzkoak. Aipatu kontsultarako eskubidea arduraz eta gehiegikeriarik gabe erabiltzen dela bermatzeko, Udalak zehaztutako bitarteko elektronikoen bidez identifikatu beharko dute herritarrek, jasota gera daitezen eskatzailearen identitatea eta eskatu duen informazioa.

3. Agiri izendunak direnean, pertsonen intimitateari buruzko datuak dituztenean eta espedienteak amaitu gabe daudenean, kasu bakoitzean administrazio publikoei aplikatu beharreko araudian ezarritako baldintzak egiaztatzen dituztenek baino ez dute irispidea izanen. Kontsultarako eskubidea legez horretarako gaituta dauden herritarrek erabil dezaten bermatzeko, Udalaren zerbitzuek identifikatzeko eskatuko diete, ordenantza honetan aipatu identifikazio segururako edozein prozedura elektronikoren bidez.

4. Interesdunek beren herritar karpetaren bidez izanen dute irispidea amaitu gabeko espedienteei buruzko informaziora. Berehalako irispidea izaten ahalko da espedientea osatzen duten agirietarako, ordenantza honetan xedatuaren arabera horretarako aukera dagoenean; bestela, irispidea izateko eskabidea sortzen ahalko du erabiltzaileak, eta azken hori berehala bideratuko zaio espedienteaz arduratzen den organo edo unitateari.

5. Irispidea izateko eskubidea ezin izanen da erabili administrazio publikoei aplikagarri zaien araudiaren arabera halaxe ezarrita duten espedienteekin. Aplikagarri den araudiaren arabera, artxibo eta agirietarako irispidea berariazko xedapen batzuei jarraikiz egin behar denean, indarreko legediak kasu bakoitzerako eskatzen dituen baldintzak egiaztatzen dituzten pertsonek baino ez dute izanen horretarako aukera.

6. Goiko paragrafoetan aipatzen ez den beste edozein informaziotarako, egoitzaren elektronikoaren bidezko irispidea librea izanen da herritar guztiendako, identifikatu behar izan gabe. Zehazki, herritar guztiek libre izanen dute irispidea honako lege hauetan aipatzen den informaziorako: Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean.

Pertsonalak ez diren datuak eskatzen ahalko ditu Udalak haren egoitza elektronikoko informaziorako irispidea izateko eragiketetan, estatistika ondorioetarako bakarrik edo bere zerbitzuak hobetzeko; datu horiek emateak ez du inola ere baldintzatuko Udalaren informaziorako irispidea.

19. artikulua. Segurtasuna.

1. Bermatu eginen da egoitza elektronikoaren segurtasuna, azaltzen den informazioaren egiazkotasuna eta osotasuna helburu.

2. Egoitza elektronikoak komunikazio seguruak ezartzea ahalbidetzen duten sistemak izanen ditu, baldin halako komunikazioak beharrezkoak badira. Betiere, norbere burua identifikatzeko eta komunikazio segurua bermatzeko, webgunea kautotzeko ziurtagiri aitortuak edo kualifikatuak erabiliko dira, edo horien baliokidea.

3. Udalarekin izanen duen harremana erraztearren herritarrak ematen dituen datuek, hala nola telefono zenbaki, helbide elektroniko eta bestelakoek, segurtasun, osotasun eta eskuragarritasun bermeak izanen dituzte, bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta hura garatzen duen araudian xedatuarekin, bai eta Udalak arloz arlo berri eman diezaion herritarrak nahiago dituen bideek ere.

4. Segurtasun mekanismoek aktibatuta egon beharko dute beti iragarki-taularekiko konexioetan, haren edukiaren egiazkotasuna eta osotasuna bermatzeko, bai eta herritar karpetarekiko konexioetan ere; azken horietan, gainera, konfidentzialtasun-zifratzea ere beharko da.

II. KAPITULUA

Identifikazioa eta kautotzea

20. artikulua. Pertsona fisikoen identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak.

1. Pertsona fisikoek, orobat, erabiltzen ahalko dituzte ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako identifikazioko eta sinadura elektroniko aurreratuko sistemak, edo sinadura elektroniko kualifikatukoak, emaile kualifikatuek emanak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzko erregelamendua; 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen).

2. Horiez gain, pertsona juridikoen edo nortasun juridikorik gabeko entitateen ordezkariei dagokienez, Mendigorriko Udalak onartuko ditu halako pertsona fisikoei emandako ziurtagiri elektroniko kualifikatuetan oinarritzen diren sistemak, baldin bat badatoz Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura elektroniko eta ziurtagirien politikaren II. eranskinean ezarritakoarekin (politika hori onetsi zen Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren 18. artikuluan ezarritakoari jarraikiz).

Kasu horretan, ordezkaritza erabat egiaztaturik geldituko da, dagozkion lege ondorioetarako.

3. Udalak eskuzko sinadura elektronikoko mekanismoak ezar ditzake, pertsona fisikoek buruz buruko harremanetan erabiltzeko.

4. Mekanismo horiek betiere bermatu beharko dute sinaduraren ordezkaritza datuak konfidentzialak direla, toki-erakundeak edo hirugarrenek ez dituztela berrerabiliko eta sinatutako datuak osorik daudela eta ezin direla aldatu.

21. artikulua. Pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak.

1. Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek erabili ahalko dituzte ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako identifikazioko eta zigilu elektronikoko sistemak, edo zigilu elektroniko kualifikatukoak, emaile kualifikatuek emanak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzko erregelamendua; 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen).

2. Zigilu elektronikoa onartzeak honako baldintza hauek ditu:

a) Zigilu elektronikoa erabiltzeak berekin dakar jarduketa zuzenean egozten zaiola pertsona juridikoari edo nortasun juridikorik gabeko entitateari, ordezkaritza egiaztatu beharrik gabe.

b) Zigilu elektronikoari ezin jar dakioke mugarik hura onartzen duten izapideetan.

c) Ordezkari ari diren pertsona fisikoek zigilu elektronikoa erabil dezakete sinadura elektronikoaren sistemaren ordez, alegia, sistema bat nahiz bestea erabil daiteke, interesdunaren erabakiaren arabera.

3. Datuen jatorriaren zuzentasuna eta datuen osotasuna bermatzea aski den jarduketetan baino ezin izanen da onartu zigilu elektronikoaren erabilera.

22. artikulua. Toki erakundearen identifikazio eta sinadura elektroniko automatizatuko sistemak.

1. Mendigorriko Udalak modu automatizatuan sinatzen eta bere burua identifikatzen ahalko du elektronikoki, erabiliz ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko aurreratuko sistemak, edo zigilu elektroniko kualifikatukoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzko erregelamendua; 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen). Erabili beharreko zigilu horiek emaile kualifikatuek emanen dituzte, jarduketa bakoitzak behar duen segurtasun maila aintzat hartuta, indarreko legediak eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak ezarritakoa betez (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen errege dekretua).

2. Ahal dela, toki erakunde honen zigilu elektronikoko ziurtagiri kualifikatuak erakundearen organoei emanen zaizkie, legez ezarrita dauzkaten eskumenak bete ditzaten. Hala ere, toki erakundeak aukera du zigilu elektronikoko ziurtagiri kualifikatu bat izateko bere izenean.

Organo administratiboei egindako zigilu elektronikoko ziurtagiri kualifikatuek organo horien titularren identifikazio pertsonaleko datuak jasoko dituzte betiere, Nortasun Agiri Nazionalaren edo baliokidearen zenbakia izan ezik, ez baita nahitaezkoa izanen.

3. Udalak une bakoitzean dituen zigilu elektronikoko ziurtagiri kalifikatuak iragarriko ditu bere egoitza elektronikoan.

4. Baliozkoa izateko, egiaztapenerako kode segurua aurretik sortu beharko da Alkatetzaren edo hark eskuordetzea emaniko organoaren dekretu bidez, eta honako berme hauek eman beharko ditu gutxienez:

a) Agiri bakoitzerako sortutako kodea bakarra eta ausazkoa izatea, eta igorlearekin lotura izatea.

b) Segurtasun kriptografikoa izatea, ziurtagiri kualifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko aurreratuko sistema baten baliokide.

c) Kodea baliatuz irispidea egotea autentifikatutako agirira, egoitza elektronikoaren bidez eta, halakorik badago, hura gordetzen duen artxibo elektronikoaren bidez, agiriak lege ondorioak sortzen dituen epealdi osoan zehar. Pertsonek berehala eta dohainik izanen dute agirirako irispidea.

Egiaztapenerako kode segurua sortzeko tresna Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

d) Toki erakundea identifikatutzat joko da, haren Interneteko atarian edo beste irispide-puntu batean haren izenean argitara ematen den informazioari dagokionez, baldin horiek legez egoitza elektronikoak badira.

Informazioa egoitza elektronikotik kanpo argitaratzen bada, toki erakundeak autentifikatu egin beharko du, kapitulu honetan identifikaziorako eta sinadurarako xedatutako sistemetako edozein erabiliz.

23. artikulua. Toki erakundeko langileen identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak.

1. Mendigorriko Udaleko organoen titularrek edo kideek nahiz haren zerbitzuko langileek erabiltzen ahalko dituzte ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako identifikazioko eta sinadura elektroniko aurreratuko sistemak, edo sinadura elektroniko kualifikatukoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzko erregelamendua; 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen). Erabili beharreko zigilu horiek emaile kualifikatuek emanen dituzte, jarduketa bakoitzak behar duen segurtasun maila aintzat hartuta, indarreko legediak ezarritakoa betez eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak ezartzen duena (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen errege dekretua).

2. Toki erakundeak eman behar dizkie ziurtagiri horiek bere zerbitzuko langileei. Hala ere, pertsona horiek pertsonalak baizik ez diren ziurtagiri kualifikatuak baldin badituzte, baimena eman dezake, Identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikari buruzko dokumentuan, ziurtagiri horiek borondatez erabiltzeko.

Ziurtagiriek informazio osagarria izan dezakete, pertsonari dagokion organoa, unitatea edo kargua edo lanpostua identifikatzeko, neurriz, eta gardentasunari eta datu pertsonalen babesari buruzko legediak ezarritako mugak errespetatuz.

3. Izenordea darabilten sinadura elektronikoko ziurtagiri kualifikatuak eman daitezke, indarreko legediak mugak ezartzen dituenean agiriak sinatzen dituzten pertsonak identifikatzeko. Izenordea osatzeko, lanbide identifikazioko zenbakia edo haren baliokidea erabiliko da.

Organo judizialek edo legitimazioa duten beste organo eta pertsona batzuek eska dezakete izenordea darabilten ziurtagiri kualifikatuarekin sinatu dutenen identitatea ezagutzera emateko, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 11.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

4. Udalak eskuzko sinadura elektronikoko mekanismoak ezar ditzake, haren zerbitzuko pertsonek buruz buruko harremanetan erabiltzeko.

Mekanismo horiek betiere bermatu beharko dute sinaduraren ordezkaritza datuak konfidentzialak direla, toki erakundeak edo hirugarrenek ez dituztela berrerabiliko eta sinatutako datuak osorik daudela eta ezin direla aldatu.

24. artikulua. Aurreko artikuluetarako arau komunak.

1. Toki erakundeak eskuratuko dituen zigilu eta sinadura elektronikoko ziurtagiri kualifikatuek beteko dute Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura elektronikoen eta ziurtagirien politikaren II. eranskinean jasotakoa. Politika hori onesteko, honako hauetan ezarritakoa hartu zen oinarri: urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren 18. artikulua (errege-dekretu horren bidez Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautu zen administrazio elektronikoaren eremuan) eta azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuaren 24. artikulua (errege-dekretu horren bidez partzialki garatu zen Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea).

2. Mendigorriko Udalak, sinadura edo zigilu elektronikoko sistemak ezartzean, sustatuko ditu sinadura edo zigilua sortzeko gailuen eta datuen kudeaketa zentralizatua egiten duten ziurtagirietan oinarritutako sistemak.

3. Elkarreragingarritasuna bultzatzeko eta ziurtagiri kualifikatuetan oinarritzen ez diren sistemekin autentifikatutako agiri elektronikoen sinadura elektronikoa automatikoki egiaztatzea ahalbidetzeko, Udalak ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko propioa gainezar dezake agirietan, beste organo, erakunde publiko, zuzenbide publikoko entitate edo administrazio publiko batzuei bidaltzeko edo haien eskura jartzeko.

III. KAPITULUA

Erregistro elektronikoa

25. artikulua. Erregistro elektroniko orokorraren sorrera, kudeaketa eta erabileraren araubide orokorra.

1. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan xedatua betetzeko, Udalaren erregistro elektroniko orokorra sortzen da, herritarrek edo udal administrazioaren organoek berek hura erabil dezaten bide telematikoz eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko.

2. Erregistro elektroniko orokorrean, Udalaren edozein organotan aurkezten edo jasotzen den agiri ororen idazpena jasoko da. Erregistro horretan jasoko da, halaber, beste organo edo partikular batzuei zuzendutako agiri ofizialen irteera ere.

3. Mendeko erakunde edo entitateek beren erregistro elektronikoa izaten ahalko dute, eta hura guztiz elkarreragingarria izanen da eta interkonektatuta egonen da Udalaren erregistro elektroniko orokorrarekin. Azken horrek funtzionatuko du mendeko erakunde edo entitate bakoitzaren erregistro elektronikora iristeko aukera emanen duen atari gisa.

4. Bai Udalaren erregistro elektroniko orokorrak, bai mendeko erakunde edo entitate bakoitzarenak bete beharko dituzte izaera pertsonaleko datuak babestearen arloko legedian ezarritako segurtasun berme eta neurriak.

5. Erregistro elektronikoa eskuragarri egonen da une oro Udalaren egoitza elektronikoan. Erregistro telematikoak ahalbidetuko du urteko egun guztien 24 orduetan sar daitezen agiri elektronikoak telekomunikazioko sare irekien bidez, salbu eta arrazoi teknikoen ondoriozko etenaldirik bada; egoitza elektronikoan bertan emanen da azken horien berri. Halaber, erregistro-unitate telematikoaren funtzionamenduan planifikatu gabeko etenaldirik bada, inguruabar horren berri ematen duen mezu bat bistaratuko da, ahal izanez gero.

6. Udalaren eskumeneko prozedurak hasteko herritarren esku jarritako inprimaki elektronikoak eta, kasua bada, aplikazio informatikoak, zuzenean lotzen ahalko zaizkio erregistroari, berme eta baldintza formal guztiak betetzen badira agiriak aurkeztean eta dagokien hartze-agiria jasotzean.

Erregistro elektronikorako irispidea ematen duen egoitza elektronikoan, erregistro horretan has daitezkeen izapideen zerrenda eguneratua agertuko da.

7. Alkate udalburuari dagokio erregistro elektronikoa zuzendu eta sustatzea, eta behar diren ekintzak bultzatuko ditu hura mantentzeko eta etorkizuneko berrikuntza teknologikoetara egokitzeko.

26. artikulua. Erregistro elektronikoaren eginkizunak

Udalaren erregistro elektronikoak honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Udal administrazioari edo beste administrazio publiko batzuei igorritako eskabide, idazki eta komunikazioak hartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazi bezala.

–Herritarrek eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztu izanaren ziurtagiriak sortzea; sistema informatikoak berak sortuko ditu automatikoki.

–Jakinarazpen abisuak sortzea, interesdunek jakin dezaten eskura dituztela, herritar karpetan, udal administrazioko organo eta entitateek egiten dituzten komunikazio eta jakinarazpen telematikoak.

–Udal administrazioko organoek interesdunei zuzendutako idazki eta jakinarazpenak igortzea.

–Urte naturalari dagozkion eskabide, idazki eta komunikazio telematikoen sarrera eta irteera idazpenen artxibo informatikoa mantentzea eta kontserbatzea.

27. artikulua. Erregistro elektronikoaren funtzionamendua.

1. Erregistro elektronikoak bermatuko du egiten den idazpen bakoitzean honako hauek adieraziko direla: zenbakia, agiri mota adierazten duen epigrafea, agiria aurkeztu den eguna eta ordua, interesdunaren identifikazioa, administrazio-organo igorlea, hala badagokio, eta pertsona edo administrazio-organo hartzailea, eta erregistratutako idazki edo komunikazioaren edukiaren aipamena.

Horretarako, automatikoki, hartze-agiri bat sortuko da, kasu bakoitzeko agiriaren kopia autentifikatua izanen dena, barnean direla aurkezpenaren data eta ordua eta erregistroko sarrera zenbakia.

Hartze-agiriok herritar karpetaren bidez helaraziko zaizkio hartzaileari, Udalaren egoitza elektronikoan, hartutako agiriaren idazpena egin eta berehala.

2. Agirien sarrera edo irteera daten hurrenkerari jarraikiko zaio idazpenak egiteko, eta adieraziko da zer egunetan egin diren. Erregistroko izapidea bukatuta, agiriak berehala igorriko zaizkie hartzaileei eta kasuan kasuko administrazio unitateei, jaso diren erregistro beretik.

3. Udalean aurrez aurre aurkezten diren agiriak digitalizatu egin beharko dira, ordenantza honetan eta aplikatzen ahal diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera, eta jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, salbu eta arauaren arabera aurkeztutako agiriak Udalak gorde behar baditu, edo nahitaezkoa bada objektuak edo digitaliza ezin daitekeen euskarri jakin batean dauden agiriak aurkeztea.

4. Udalarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dagoen subjekturen batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, eskatuko zaio hura zuzendu eta elektronikoki aurkezteko. Horren ondorioetarako, zuzenketaren eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen eguntzat.

28. artikulua. Idazpen elektronikoen edukiaren egiazkotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa.

1. Erregistro elektronikoaren euskarria den sistema informatikoak bermatuko ditu egindako idazpenen egiazkotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa, sinadura elektroniko aurreratuaren bidez.

2. Organo eskudunei, erregistro elektronikoaren bitartez, idazki, eskabide eta komunikazioak igortzen zaizkienean izapidetu ditzaten edo organo horiek interesdunei igortzen dizkietenean, behar diren segurtasun neurriak hartuko dira ez daitezen komunikazioak atzeman edo aldatu, baimenik gabe eskuratu eta, orobat, datu pertsonalen babesa berma dadin, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

3. Halaber, erregistro elektronikoaren euskarria den sistema informatikoak hartan sartu nahi duten herritarrei eta udal organoei jakinaraziko die ezen, idazkiak, eskabideak eta komunikazioak bide telematikoz aurkeztean, haien datu pertsonalak jarriko direla horiek hartu eta izapidetzeko eskumena duten administrazio organo edo entitateen esku.

29. artikulua. Epeen zenbaketa erregistro elektronikoan.

1. Udalak argitaratuko du zer egun eta ordutan dauden zabalik agiriak modu elektronikoan aurkezteko laguntza ematen duten bulegoak, berma dadin interesdunek laguntza jasotzeko duten eskubidea bitarteko elektronikoak erabiltzean.

2. Epeen zenbaketarako, erregistro elektronikoa oinarrituko da irispideko egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialetan, eta beharrezko segurtasun neurriak izanen ditu haien osotasuna bermatzeko, eta eskuragarri eta ikusgai egoteko.

Erregistro elektronikoko epeen zenbaketa honako arau hauen araberakoa izanen da:

–Aukera emanen du agiriak urteko egun guztietan eta hogeita lau orduz aurkezteko.

–Egun baliodunetan ezarritako epea zenbatzeko, eta interesdunek epeak betetzeari dagokionez, egun baliogabe batean egiten den aurkezpena hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan egintzat joko da, salbu egun baliogabean jasotzeko berariazko aukera ematen duen araurik badago.

–Agiriak joko dira aurkeztutzat egun baliogabean aurkeztu ziren ordu zehatzaren hurrenkeran. Egun baliogabean aurkeztutako agiriak hurrengo lehen egun baliodunean aurkeztutakoen aurretik aurkeztutzat joko dira, hurrenkera berari jarraikiz.

–Udalak bete behar dituen epeen zenbaketa hasiko da udal erregistro elektronikoko aurkezpenaren data eta ordua aintzat hartuz. Betiere, epeen zenbaketaren hasierako data eta orduaren berri eman beharko zaio agiria aurkeztu zuenari.

3. Egoitza elektronikoan zehaztuko da zein diren, artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, baliogabetzat jotzen diren egunak, Udala dagoen lurraldeari eta lan-egutegi ofizialari kasu emanez.

IV. KAPITULUA

Jakinarazpen elektronikoen betekizunak eta eraginkortasuna

30. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak egiteko baldintza orokorrak.

1. Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez eginen dira lehentasunez, eta beti interesdunak betebeharra duenean halakoak bide horretatik jasotzeko. Aurrekoa gorabehera, Udalak jakinarazpenak bitarteko ez-elektronikoen bidez egiten ahalko ditu honako kasu hauetan:

–Interesduna edo haren ordezkaria berez agertzen denean Udalaren bulegoetan eta une horretan komunikazio edo jakinarazpen pertsonala eskatzen duenean.

–Administrazioaren jardunaren eraginkortasuna bermatzeko, beharrezkoa denean jakinarazpena zuzenean eman dezan jakinarazpena egin behar duen administrazioko langile batek.

Erabilitako bitartekoa edozein izanik ere, jakinarazpenak beti izanen dira baliozkoak baldin eta aukera ematen badute jasota uzteko honako hauek: jakinarazpena igorri edo eskuragarri jarri izana; interesdunak edo haren ordezkariak jaso izana edo hartara iritsi izana; datak eta orduak; jakinarazpenaren eduki osoa; eta igorlearen eta hartzailearen identitate fidagarria. Egindako jakinarazpenaren egiaztapena espedienteari erantsiko zaio.

Jakinarazpen elektronikoak jasotzeko betebeharra ez duten interesdunek noiznahi erabaki eta jakinarazten ahalko diote Udalari, horretarako ezartzen diren eredu normalizatuen bidez, hortik aurrerako jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egin diezazkien nahi dutela, edo, bestela, jakinarazpenak bitarteko horien bidez egiteari utz diezaion.

Udalak ezartzen ahalko du nahitaezkoa dela jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egitea prozedura batzuetarako, bai eta pertsona fisikoen zenbait kolektiborendako ere, hain zuzen ere, baldin beren gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, jardun profesionalagatik edo egiaztaturiko beste arrazoiren batengatik, behar diren bitarteko elektronikoez baliatzeko aukera badutela frogatutzat jotzen bada.

Modu osagarrian, interesdunak gailu elektronikoa eta/edo helbide elektronikoa ematen ahalko ditu, artikulu honen bosgarren apartatuan araututako abisuak helarazteko, baina ez jakinarazpenak egiteko.

2. Ez dira inola ere bitarteko elektronikoen bidez eginen honako jakinarazpen hauek:

–Formatu elektronikora bihurtu ezineko elementuak dauzkaten jakinarazpen-egintzak.

–Betebeharpekoen aldeko ordainbideren bat dutenak, esaterako, txekeak.

3. Interesdunak eskatuta hasitako prozeduretan, hark horretarako adierazitako bitartekoa erabiliz eginen da jakinarazpena. Jakinarazpena elektronikoa izanen da, baldin administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta badago.

Jakinarazpena eskabidean adierazi bezala egiterik ez denean, horretarako egokia den edozein tokitan eginen da, eta honako hauek frogatzen dituen edozein bitarteko erabiliz: interesdunak edo haren ordezkariak jakinarazpena hartu izana, noiz jaso duen, jasotzailearen identitatea eta jakinarazitako egintzaren edukia.

4. Interesdunak edo haren ordezkariak administrazio jarduketa baten jakinarazpenari uko egiten badio, halaxe jasoko da espedientean, jakinarazpen saiakeraren inguruabarrak eta erabilitako bitartekoa zehaztuz; izapidea amaitutzat joko da eta prozedurak aurrera segituko du.

5. Alde batera utzita jakinarazpena paperean ala bitarteko elektronikoen bidez egin den, Udalak interesdunari abisua igorriko dio hark adierazitako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora, jakin dezan jakinarazpen bat duela eskuragarri Udalaren egoitza elektronikoan edo gaituriko helbide elektroniko bakarrean. Abisu hori egin gabe ere, jakinarazpena guztiz baliozkotzat joko da.

6. Interesdunari jakinarazpena bide bat baino gehiago erabiliz egiten zaionean, lehenengo jakinarazpenaren data hartuko da aintzat.

31. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak.

1. Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak eginen dira Udalaren egoitza elektronikoan agerraldia egitean.

Horren ondorioetarako, egoitza elektronikoko agerralditzat hartuko da interesduna edo haren ordezkaria, behar bezala identifikatuta, jakinarazpenaren edukira iristea.

2. Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak egintzat joko dira haien edukira iristearekin bat.

Jakinarazpena bitarteko elektronikoz egitea nahitaezkoa denean, edo interesdunak espresuki hori aukeratu duenean, jakinarazpena ez onartutzat joko da baldin haren edukirako irispiderik gauzatu ez bada hamar egun natural igarotakoan, jakinarazpena eskuragarri jarri zenetik zenbatzen hasita.

3. Udala behartuta dago jakinarazpena egitera hamar eguneko epean gehienez, egintza ematen den datatik aurrera; betebehar hori betetzat joko da jakinarazpena Udalaren egoitza elektronikoan edo gaituriko helbide elektroniko bakarrean eskuragarri jartzearekin bat.

4. Interesdunek jakinarazpenetarako irispidea izanen dute administrazioaren irispide-puntu elektroniko orokorretik, irispide-atari gisa erabiliko baita.

32. artikulua. Egoitza elektronikoaren bidezko jakinarazpena.

Honela eginen da egoitza elektronikoaren bidezko jakinarazpena:

–Erregistro elektronikoaren bidez, interesdunari informaziorako jakinarazpen-abisu bat igorriko zaio, berak udal administrazioari emandako helbide elektronikora; abisuaren bidez, interesdunari aditzera emanen zaio jakinarazpen bat duela bere izenean, bai eta hura zer web-orrialdetan sartuz eskura dezakeen ere.

–Interesduna jakinarazpen elektronikoko orrialdean sartzen ahalko da, aldez aurretik erabiltzaile ziurtagiriaren bidez identifikatuta.

–Jakinarazpen elektronikoko orrialde horren bidez, jakinarazpenaren edukian sartzen ahalko da; hartan adieraziko dira jakinarazpena egiten duen administrazio organoaren edo entitatearen izena, jakinarazten den agiri motaren erreferentzia, espedientearen zenbakia, eta irteera data eta erregistroa.

–Interesdunak jakinarazpena onartuz gero, horrekin lotutako agirietarako irispidea izanen du. Agiri horiek inprimatzeko formatua izanen dute.

–Administrazio-espedientean jasoko da jakinarazpen elektronikoa onartu den ala ez, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako ondorioak sortuko ditu.

33. artikulua. Agerraldi elektronikoaren bidezko jakinarazpena.

1. Agerraldi elektronikoaren bidezko jakinarazpenean interesduna, behar bezala identifikatuta, dagokion administrazio jarduketaren edukira iristen da Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

2. Agerraldi elektronikoak, jakinarazpenaren ondorioak izan ditzan, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

–Edukira iritsi aurretik, interesdunak abisu bat ikusi beharko du, adieraziko duena bertara iristea jakinarazpen-izaerako administrazio jarduketa izanen dela.

–Dagokion informazio sistemak jasoko du edukira iritsi dela, bai eta zer egun eta ordutan iritsi den ere.

III. TITULUA

Agiri eta artxibo elektronikoak

34. artikulua. Agiri elektronikoak.

1. Udalaren administrazio-agiri publikoak dira udal administrazioko organoek balioz eginikoak. Udalak administrazio-agiriak idatziz eginen ditu, oro har, bitarteko elektronikoen bidez, salbu eta haien izaerak eskatzen badu modu egokiagoan adierazi eta jaso behar direla.

2. Baliozkotzat jotzeko, administrazio-agiri elektronikoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Era guztietako informazioa euskarri elektronikoan artxibaturik edukitzea, identifikatzeko eta bereiz tratatzeko modukoa den formatu baten arabera.

–Indibidualizatzeko aukera ematen duten identifikazio datuak izatea, hargatik eragotzi gabe espediente elektroniko batean sartzeko aukera.

–Egin diren uneari buruzko denbora-erreferentzia bat izatea.

–Eskatzen diren gutxieneko metadatuak izatea.

–Aplikatzekoa den araudiaren arabera dagozkion sinadura elektronikoak izatea.

Baliozkotzat joko dira betekizun horiek betetzen dituzten eta hirugarren bati bitarteko elektronikoz helarazten zaizkion agiri elektronikoak.

3. Ez dute sinadura elektronikoaren beharrik izanen Udalak edo beste administrazio publikoek egin eta informazio hutserako argitaratzen diren agiri elektronikoek eta, orobat, administrazio-espediente baten zati ez direnek. Betiere, agiri horien jatorria identifikatu beharko da.

35. artikulua. Administrazio publikoek eginiko kopien baliozkotasuna eta eraginkortasuna.

1. Udalak erabakiko du zer organok dituen eskumenak administrazio-agiri publiko edo pribatuen kopia autentikoak egiteko.

Agiri pribatuen kopia autentikoek ondorio administratibo hutsak dituzte. Administrazio publiko batek egindako kopia autentikoak baliozkoak izanen dira gainerako administrazioetan.

2. Administrazio-agiri publiko edo pribatu baten kopia autentikotzat joko dira, edozein euskarritan eginda daudela ere, Udalak egindakoak, bermaturik geratzen bada kopia egin duen organoaren identitatea eta agiriaren edukia.

Kopia autentikoek jatorrizko agirien baliozkotasun eta eraginkortasun berak izanen dituzte.

4. Interesdunek noiznahi eskatzen ahalko dute Udalak balioz eginiko administrazio-agiri publikoen kopia autentikoak emateko. Jatorrizko agiria eman zuen organoari zuzenduko zaio eskabidea eta, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Legea aplikatzeak dakartzan salbuespenak salbuespen, hamabost eguneko epean emanen da, eskabidea udal administrazioaren edo haren mendeko entitatearen erregistro elektronikoan jasotzen denetik zenbatzen hasita.

Era berean, interesdunek paperean aurkezten duten eta administrazio-espediente batean sartuko den edozein agiriren kopia elektroniko autentikoak eman beharko ditu Udalak.

5. Udalak kopia elektroniko autentikoak ematen dituenean, halaxe adieraziko da espresuki kopiaren agirian.

6. Notario-agiri publiko, erregistro-agiri publiko eta agiri judizial publikoen eta aldizkari ofizialen kopia autentikoak emateko modua bakoitzaren legedia espezifikoaren araberakoa izanen da.

36. artikulua. Interesdunek administrazio-prozedurara ekarritako agiriak.

1. Interesdunek administrazio-prozedurara ekarri beharko dituzte aplikatzekoa den araudiaren arabera Udalak eskatzen dituen datu eta agiriak. Komenigarritzat jotzen duten beste edozein agiri ere ekar dezakete interesdunek.

2. Interesdunak ez daude beharturik administrazioren batek eginak diren dokumentuen kopiak ekartzera, nahiz dokumentu horiek prozeduran aurkeztea nahitaezkoa izan nahiz aukerakoa izan, interesdunak adostasuna adierazi badio dokumentu horiek kontsultatzeari edo ateratzeari. Kontsultatzeko edo eskuratzeko baimena emantzat joko da, baldin eta prozeduran interesdunen aurkakotasun adierazia jaso ez bada edo aplikatzekoa den lege bereziak ez badu agintzen adostasun adierazia emateko.

Interesdunaren aurkakotasunik ez bada, Udalak elektronikoki eskuratuko ditu agiriak, bere sare korporatiboen bitartez edo kontsulta eginez datu-bitartekaritzarako plataformei edo hartarako prestaturiko beste sistema bati.

Nahitaezko txostenak direnean, prozedura izapidetzen ari den administrazio-organoaz beste batek lehendik eginak, hamar eguneko epean igorri beharko ditu hark, eskatzen direnetik aurrera zenbaturik. Epe hori betetakoan, interesdunari jakinaraziko zaio berak ekar dezakeela txosten hori edota geldi daitekeela organo eskudunak igortzeko zain.

3. Udalak ez die interesdunei eskatuko jatorrizko agiriak aurkezteko, aplikatzekoa den araudiak, salbuespenez, hala agintzen duenean izan ezik.

Era berean, Udalak ez die interesdunei eskatuko aplikatzekoa den araudiak eskatzen ez duen edo interesdunak lehendik administrazioren bati ekarria dion datu edo agiririk. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen agiri horiek, eta Udalak elektronikoki eskuratu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuk baliatuz. Kontsulta hori interesdunek baimendutzat joko da, non eta prozeduran ez den haren aurkakotasun adierazia jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen adostasun adierazia emateko; bi kasuetan ere, aurrez informazioa eman beharko zaie datu pertsonalen babesaren aldetik dituzten eskubideei buruz. Salbuespenez, Udalak ezin baditu aipatutako agiriak eskuratu, berriz ere eskatzen ahalko dio interesdunari ekar ditzala.

4. Baldin eta, salbuespenez, Udalak eskatzen badu jatorrizko agiri bat aurkezteko eta hura paperean badago, interesdunak kopia autentiko bat lortu beharko du, ordenantza honetan adierazitako betekizunen arabera, elektronikoki aurkeztu baino lehen. Ateratzen den kopia elektronikoak espresuki jasoko du xehetasun hori.

5. Salbuespenez, agiriak prozeduran duen garrantziak hala eskatzen badu edo kopiaren kalitateak zalantza eragiten badu, Udalak eskatzen ahalko du, arrazoiturik, interesdunak ekarritako kopiak erkatzeko; horretarako, jatorrizko agiria edo informazioa erakusteko eskatzen ahalko du.

6. Interesdunek administrazio-prozedurara ekartzen dituzten kopiek administrazio publikoen jardueraren eremuan bakarrik izanen dute eraginkortasuna.

7. Interesdunak izanen dira aurkezten dituzten agirien egiazkotasunaren erantzule.

37. artikulua. Agirien artxibo elektronikoa.

1. Udalak artxibo elektroniko bakarra izanen du amaitutako prozedurei dagozkien agiri elektronikoetarako, aplikatzekoa den araudian ezarri bezala.

2. Agiri elektronikoak gordeko diren formatuak bermatu beharko ditu agiriaren egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa, bai eta haiei kontsulta egin ahal izatea ere, igarotzen den denbora kontuan hartu gabe. Betiere, datuak beste formatu eta euskarri batzuetara pasatzeko aukera segurtatuko da, hainbat aplikaziotatik irispidea izatea berma dezaten. Agiri horiek ezabatzeko, baimena beharko da, aplikatzekoa den araudian xedatuarekin bat.

3. Agiriak gordetzeko bitarteko edo euskarriek segurtasun neurriak bete beharko dituzte, Segurtasunaren Eskema Nazionalean ezarritakoarekin bat, bermatu ahal izateko gordetako agirien osotasuna, egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa. Bereziki, bermatuko dituzte erabiltzaileen identifikazioa eta irispide-kontrola, bai eta datuak babesteari buruzko legedian ezarritako bermeak betetzea ere, eta administrazio publikoek sortutako agiri elektronikoen berreskurapena eta luzaroko kontserbazioa, hala behar den kasuetan, erabilitako zerbitzu eta sistemen bizi-zikloari buruzko zehaztapenekin bat.

4. Partikularren eskubideak edo interesak ukitzen dituzten administrazio egintzak dituztenean agiri elektronikoek, agiriok halako euskarrietan kontserbatu beharko dira ezinbestean, dela agiria sortu zenetik erabilitako formatu berean edo erreproduzitu ahal izateko behar den informazioaren identitatea eta osotasuna segurtatuko dituen beste edozeinetan. Betiere, datuak beste formatu eta euskarri batzuetara pasatzeko aukera segurtatuko da, hainbat aplikaziotatik irispidea izatea berma dezaten.

IV. TITULUA

Harreman elektronikoak beste administrazio publiko batzuekin

38. artikulua. Datuen truke elektronikoa komunikazio-ingurune itxietan.

1. Udalaren eta beste administrazio publiko batzuen komunikazio-ingurune itxietan helarazitako agiri elektronikoak baliozkoak izanen dira igorleen eta hartzaileen autentifikazio eta identifikaziorako.

2. Komunikazioetan parte hartzen duten pertsonak Udalekoak badira, azken horrek zehaztuko ditu komunikazioa arautuko duten baldintzak eta bermeak, eta horietan jasoko dira, gutxienez, igorle eta hartzaile baimenduen zerrenda eta trukatuko diren datuen nolakotasuna.

3. Parte-hartzaileak administrazio publiko batekoak baino gehiagokoak badira, aipatu baldintzak eta bermeak haien artean izenpetutako hitzarmenaren bidez ezarriko dira.

4. Edonola ere, komunikazio-ingurune itxien segurtasuna eta transmititzen diren datuen babesa bermatu beharko dira.

39. artikulua. Sinadura elektronikoa segurtatzea eta haren elkarreragingarritasuna.

1. Udalak erabakitzen ahalko du zein izapidek eta txostenek eduki behar duten sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako sinadura elektroniko aitortu edo kualifikatua eta aurreratua.

2. Elkarreragingarritasuna sustatzeko eta agiri elektronikoen sinadura elektronikoaren egiaztapen automatikoa ahalbidetzeko, Udalak ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatu batean oinarritutako zigilu elektroniko bat gainjartzen ahalko du, ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako sinadura elektronikoko sistemak ez diren beste sistema batzuk erabiltzen dituenean, elektronikoki sinatutako agiriak administrazio publikoei igortzeko edo haien esku jartzeko.

40. artikulua. Datuen transmisioa administrazio publikoen artean.

1. Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoarekin bat, Udalak irispidea eman beharko die gainerako administrazio publikoei bere esku dituen interesdunei buruzko datuetara, betiere zehazturik beharrezko baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak, datu horietara ahalik eta segurtasun, osotasun eta eskuragarritasun handienaz iristeko.

2. Datu horien eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da gainerako administrazio publikoek herritarrei eskatzen dizkieten datuetara, halakoak behar dituztenean, dagokien araudiaren arabera administrazio horiek eskumenekoak dituzten prozedurak eta jarduketak izapidetu eta ebazteko.

3. Udalak beharrezko neurriak hartuko ditu eta dagokion eremuan behar dituen teknologiak sartuko, bere sareen interkonexioa ahalbidetzeko, sortze aldera administrazio publikoen informazio sistemak elkarrekin lotzen dituen komunikazio sare bat, haien artean trukatu ahal izateko informazioa eta zernahi zerbitzu, bai eta ahalbidetzeko ere Europar Batasuneko eta beste estatu kideetako erakunde sareekiko interkonexioa ere.

4. Bereziki, Udalak Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala hartu beharko du aintzat, hura harturik informazioaren, formatuen eta aplikazioen segurtasun, kontserbazio eta normalizazio arloko irizpide eta gomendioen multzo gisa.

5. Horrez gain, Segurtasunaren Eskema Nazionalari ere jarraikiko zaio bitarteko elektronikoak erabiltzeko segurtasun politika bat ezartzearren, betiere erabat errespetatuz tratatutako informazioaren segurtasuna behar bezala bermatzen duten oinarrizko printzipioak eta gutxieneko baldintzak.

V. TITULUA

Administrazio-prozedura elektronikoa

41. artikulua. Espediente elektronikoa.

1. Administrazio-espediente elektronikoa da izaera horretako izapide eta jarduketen multzo ordenatu bat; izapide eta jarduketa horiek balio dute administrazio-ebazpenaren aurrekari eta oinarri gisa. Administrazio ebazpena betearazteko eginbideak ere jasotzen ditu espediente elektronikoak.

2. Espedienteek formatu elektronikoa izan beharko dute, eta haien zati diren agiri, froga, irizpen, txosten, erabaki, jakinarazpen eta gainerako eginbideak ordenaturik batuz osatuko dira. Igortzen direnean, barnean dituzten agiri guztien aurkibide zenbakitu batekin joanen dira. Espedientean jaso beharko da, orobat, harturiko ebazpenaren kopia elektroniko ziurtatua.

Aurkibide zenbakitu horrek espediente elektronikoaren osotasuna bermatuko du eta aukera emanen du hura behar den guztietan berreskuratzeko. Onargarria izanen da agiri bera hainbat espediente elektronikotan egotea.

3. Interesdunari espedienteak igorri beharrean, erabat legezkoa izanen da espediente elektronikoa haren eskura jartzea; interesdunak kopia eskuratzeko eskubidea izanen du.

4. Arau baten ondorioz espediente elektroniko bat igorri beharra dagoenean, Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean eta Elkarreragingarritasunari buruzko Arau Teknikoetan ezarritakoaren arabera igorriko da, osorik, orrialdeak zenbakiturik, kautoturik eta dituen agiri guztien aurkibide orobat kautotu batez lagundurik. Aurkibide hori kautotzeak bermatuko du sortutako espediente elektronikoa osorik eta aldaezina izatea sinatzen denetik, eta aukera emanen du behar den guztietan berreskuratzeko. Onargarria izanen da agiri bera hainbat espediente elektronikotan egotea.

5. Ez da administrazio-espedientearen zati izanen lagungarria edo osagarria den informazioa, hala nola honako hauetan jasotakoa: aplikazio, fitxategi eta datu-base informatikoetan; ohar, zirriborro, iritzi, eta laburpenetan; eta komunikazio eta txostenetan, izan txostenok barnekoak edo administrazio organo edo entitateen artekoak. Orobat, ez dira administrazio-espedientearen zati izanen administrazio publikoek emaniko balio-iritziak, non eta ez diren prozedurari amaiera ematen dion administrazio-ebazpena baino lehen eskatutako txostenak, nahitaezkoak nahiz aukerakoak.

42. artikulua. Administrazio-prozedura hastea.

1. Alderdi batek eskaturik hasten ahalko dira bitarteko elektronikoen bidez izapidetze elektronikora gehituta dauden administrazio-prozedurak, ereduaren araberako eskabidea aurkeztuz ordenantza honetan arautu den erregistro elektronikoan.

2. Aurreko apartatuan aipatutako eskabide elektronikoek eskatzen den sinadura elektronikoa izan beharko dute, eta, halaber, bete beharko dituzte Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 70. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak.

3. Interesdunek eransten ahalko dituzte behar diren edo komenigarritzat jotzen dituzten agirien kopia digitalizatuak; horien jatorrizkoarekiko fideltasuna bermatzeko, sinadura elektroniko aurreratua erabiliko dute. Udalak noiznahi eskatzen ahalko dio interesdunari jatorrizko agiria edo informazioa erakusteko, eta orobat, dagokion artxiboari eskatzen ahalko dio aurkeztutako kopien edukia jatorrizkoarekin erkatzeko. Kopia horiek aurkezteak esan nahi du administrazioari baimena ematen zaiola agiri horietan jasotako informazio pertsonala eskuratu eta tratatzeko.

4. Haien erabilera erraztu eta bultzatzeko, eskabidea egiteko sistema normalizatuek egiaztapen automatikoak izaten ahalko dituzte, ikusteko ea aurkeztutako informazioa bat ote datorren beren sistemetan edo beste administrazio publiko batzuen sistemetan jasotako datuekin, eta are inprimaki elektronikoaren eremuak osorik edo partez beteta eskaini ahalko dituzte, interesdunak informazioa egiazta dezan eta, hala behar badu, alda eta/edo osa dezan.

43. artikulua. Prozeduren izapidetze elektronikoa.

1. Administrazio izapideak bitarteko elektronikoen bidez egiteko onesten diren programa, aplikazio eta sistema informatikoek honako hauek bermatu beharko dituzte: epeen kontrola, data eta ordua agertzea, eta jarduketen arduradunen identifikazioa; gainera, espedienteen izapidetze hurrenkera errespetatu beharko dute.

2. Administrazio-organoek bermatuko dute aukera egon dadin bitarteko elektronikoen bidez gauzatzeko interesdunei entzuteko eskubidea eta herritarrei informazio publikoa emateko eskubidea, bidezkoa denean.

3. Interesdunak izapidetzearen egoerari buruzko informazioa eskatzen eta eskuratzen ahalko du izapidetze elektronikora gehitutako izapideetan ezartzen diren modalitateez baliatuz.

4. Udalak interesdunari abisuak igortzen ahalko dizkio izapidetzearen egoerari buruz, interesdunak, harremanetarako, adierazi dizkion helbide elektronikoen bidez.

44. artikulua. Administrazio-prozeduraren instrukzioa.

1. Bitarteko elektronikoen bidez izapideturiko administrazio-prozedura batean, interesdunaren jarduketa guztiek eta dagozkien administrazio egintzek bete beharko dituzte legeak oro har ezartzen dituen baliozkotasun irizpideak; horrez gain, eman eta jaso beharko dira ordenantza honetan arautzen den erregistro elektronikoaren bitartez.

2. Interesdunek prozeduraren instrukzioan parte hartu beharrez bitarteko elektronikoak erabiltzen direnean, ordenantza honetan komunikatzeko eta jakinarazteko jasotzen diren bitartekoak baliatuko dira interesdunek erabil dezaten alegazioak aurkezteko duten eskubidea, ebazpen proposamenaren aurreko edozein unetan, bai eta entzunaldiaren izapidea gauzatzean ere.

3. Bai ziurtagiri eta agiri elektronikoei dagokienez bai datu transmisioei dagokienez, ordenantza honi jarraikiko zaio haiek eman eta tratatzean, bai eta haien ondorioen ingurukoan ere, eta hertsiki beteko dira datu pertsonalak babesteko araudia eta administrazio-prozedurari aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

Paperezko ziurtagiri bat dagozkion datuen transmisioaz ordezkatu ahal izateko, beharrezkoa izanen da horien titularrak transmisioa espresuki baimentzea, datu pertsonalei buruzko araudiak xedatzen duenarekin bat, lege mailako arau batek ezartzen dituen kasuetan izan ezik. Baimenik ematen ez badu, interesdunak behar den ziurtagiria eskatu beharko du, eta hura aurkeztu.

4. Ekartzen bada administrazio-prozedura elektroniko batekin zerikusia duen paperezko agiriren bat, edo bestelako euskarri fisiko bat duena, jaso beharko da erregistro elektronikoan prozedura horri dagokion erregistro zenbaki edo kode indibidualizatua.

5. Udalak bultzatuko du interesdunak erantzukizunpeko adierazpena egin dezan, baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharrean, bertan adierazita baldintza horiek betetzen dituela eta konpromisoa hartzen duela administrazioak eskatzen dituen agiriak aurkezteko.

45. artikulua. Administrazio-prozedura amaitzea.

1. Kasu bakoitzean eskuduntzat hartzen den organoaren identitatea bermatuko da prozedura bat bitarteko elektronikoen bidez ebazten denean.

2. Prozedura elektroniko bati amaiera ematen dion egintzak edo ebazpenak beteko ditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako baldintzak, eta egintza edo ebazpena emateko eskumena duen organo administratiboaren sinadura elektroniko aitortua izanen du.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Aplikatzeko, garatzeko eta abian jartzeko gaikuntza.

1. Alkate udalburua gaitzen da bidezko diren jarraibideak eman ahal izan ditzan, ordenantza hau benetan aplikatze eta garatze aldera.

2. Teknologia berriez arduratzen den zinegotzia gaitzen da ordenantza hau egoki aplikatu eta garatzeko behar diren zuzemenak egin ditzan, ordenantza honetan ezarritakoa abiarazi eta aplikatzeko erabiliko diren aplikazio eta programa elektronikoak gaitze aldera.

Bigarren xedapen gehigarria.–Idazkaritza Nagusiaren goi-mailako kudeaketa eta zuzendaritza.

Udaleko Idazkaritza Nagusiari dagozkio Udalean administrazio elektronikoaren benetako ezarpenaren goi kudeaketa eta zuzendaritza eta, bereziki, alderdi hauei dagokienez: egoitza elektronikoa, ediktu elektronikoen taula, ahalordetzeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, jakinarazpen elektronikoak eta agiri elektronikoak. Hori guztia, lotura zuzena izateagatik Udalaren fede publikoarekin, zeina erreserbatuta baitago gaikuntza nazionala duten toki administrazioko funtzionarioendako.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Langileen prestakuntza eta herritarrei zuzendutako kanpaina.

1. Udalak bere zerbitzuko langileen prestakuntza bultzatuko du, beren jardueretan bitarteko elektronikoak erabil ditzaten.

2. Udalak beharrezko informazio kanpainak eramanen ditu aurrera, herritarrek ordenantza honetan xedaturikoen berri izan dezaten.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehendabiziko xedapen iragankorra.–Izapide eta prozedurak administrazio elektronikora gehitzea.

1. Udalak progresiboki gehituko ditu izapidetze elektronikora udal izapide eta prozedura administratiboak, ordenantza honetan ezarritako printzipio orokorrei eta prozedurari jarraikiz, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen babesean.

2. Betiere, izapide eta prozedurek gehiturik egon beharko dute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea indarrean sartu baino lehen, honako hauei dagokienez: ahalordetzeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, enplegatu publiko gaituen erregistroa, administrazioaren irispide-puntu elektroniko orokorra eta artxibo elektroniko bakarra.

Bigarren xedapen iragankorra.–Izapidetzen ari diren prozedurak.

Ordenantza hau ez da aplikatuko beronek indarra hartu baino lehen hasitako prozeduretan. Horiek lehengo araudiari jarraikiko zaizkio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzea.

Ordenantza honek indarra hartzen duenean indarrik gabe utziko dira ordenantza honetan ezarritakoari aurka egiten dioten Udalaren xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehenbizikoa.–Izapide eta prozedura berriak.

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, prozedura eta izapide administratibo berriez edo egun direnen aldaketez egiten diren arauketa guztiek aukera jaso beharko dute halakoak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko, eta bat egin beharko dute ordenantza honetan ezartzen diren baldintzekin.

Azken xedapenetan bigarrena.–Arauak egokitzea.

Udalak bere arauak egokitzeko konpromisoa hartzen du, ordenantza hau abian jartzeko, betiere udal aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera.

Azken xedapenetan hirugarrena.–Administrazio-prozedura erkidearen arloko legeak aplikatzea.

Ordenantza honetan ezarritakoa aplikatuko da, deusetan ukatu gabe honako hauetan xedatutakoa: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta haiek garatzeko emandako arauak, halakorik ematen denean.

Azken xedapenetan laugarrena.–Indarra hartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea bukatu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2111915