192. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

70E/2021 FORU AGINDUA, uztailaren 19koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, zeinaren bidez hasiera batean onesten baita Jurramendi paisaia bereziaren multzoko planaren espedientea. Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak sustatu du, udal hauekin elkarlanean: Aberin, Arellano, Arroitz, Aiegi, Barbarin, Deikaztelu, Lizarra, Iguzkitza, Lukin, Morentin eta Villamayor de Monjardín.

2021eko maiatzaren 14an, hirigintzako lankidetza hitzarmen bat sinatu zen Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren eta udal hauen artean: Aberin, Arellano, Arroitz, Aiegi, Barbarin, Deikaztelu, Lizarra, Iguzkitza, Lukin, Morentin eta Villamayor de Monjardín. Hitzarmenaren helburua da Jurramendi paisaia bereziaren babesa, antolamendua eta kudeaketa garatzea.

Hirigintzako tresna horren bidez, Jurramendi paisaia bereziaren eremua mugatu nahi da, bai eta paisaia-balioaren araubidea ezarri ere aipatu udal-mugarteen zati batean eta Aranbeltza (Arellano, Arroitz eta Deikaztelu) izeneko 29. fazerian eta Jurramendi (Villamayor de Monjardín, eta Azketa eta Urbiolako kontzejuak) izeneko 67. fazerian.

Aipatutako hitzarmenarekin bat, departamentuak konpromisoa hartu zuen multzoko plan bat egin eta tramitatzeko hiru hilabeteko epean, sinatzen zenetik zenbatzen hasita. Horretarako, Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAren (NASUVINSA) laguntza teknikoa izan du. NASUVINSAk Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak emandako aginduaren esparruan egin du lan, arlo teknikoko laguntza emanez lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloan.

NASUVINSAk Jurramendi paisaia bereziaren multzoko planaren espedientea aurkeztu du Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuan. Hortaz, bidezkoa da hura hasiera batean onestea.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedienteari hasierako onespena ematea.

Adierazitakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Hasierako onespena ematea Jurramendi paisaia bereziaren multzoko planari. Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak sustatu du, udal hauekin elkarlanean: Aberin, Arellano, Arroitz, Aiegi, Barbarin, Deikaztelu, Lizarra, Iguzkitza, Lukin, Morentin eta Villamayor de Monjardín.

2. Multzoko plana jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea, berrogeita bost egunez, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren ondorioetarako eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean ezarritakoaren ondorioetarako (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru-dekretuaren bidez onetsi zen). Horretarako, dagokion iragarkia paratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai eta Nafarroako Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietan ere.

Ondorio horietarako, espedientea helbide elektroniko honetan kontsultatzen ahalko da: www.ExposicionpublicaOT.navarra.es, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta bidezkotzat jotzen diren alegazio guztiak aurkezten ahalko dira, idatziz eta epe horren barnean, Nafarroako Gobernuaren Erregistroaren bidez.

Era berean, espedientea paperean ere kontsultatzen ahalko da multzoko planaren eremuan sartutako udaletxeetako bakoitzean. Kasua bada, laguntza administratiboa emanen dute multzoko planaren eremuan sartuta dauden udalek alegazio idazkiak erregistratzeko; horrek ez du galarazten idazkiak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako erregistro eta bulegoetan aurkeztea.

3. Lizentzien etendura onestea multzoko planak mugatutako eremu osoan, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; izan ere, haren determinazio berriek berekin dakarte indarreko hirigintza araubidea aldatzea. Hori guztia, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 70. artikuluan xedatutakoarekin bat.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuari; ukitutako udalei (Aberin, Arellano, Arroitz, Aiegi, Barbarin, Deikaztelu, Lizarra, Iguzkitza, Lukin, Morentin eta Villamayor de Monjardín); Azketa, Urbiola eta Iguzkitzako kontzejuei; Jurramendiko Mankomunitateari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari; eta Defentsa Ministerioak Nafarroako Foru Komunitatean duen ordezkaritzari.

Iruñean, 2021eko uztailaren 19an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2111565