192. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

137/2021 FORU AGINDUA, uztailaren 30ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2021. urtean neguko zerealen laborantzan prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioak erabiltzeko mugak jartzen dituena.

Produktu fitosanitarioen erabilera kontrolatzeko plan nazionalak, nahitaez gauzatzekoa baita, produktu fitosanitarioen erabilera egokia egiaztatzeko aukera ematen du, produktu horiek ingurumenean eta kontsumitzailearen nahiz erabiltzailearen beraren segurtasunean izan dezaketen eragina murrizteko edo arintzeko.

Planeko 2015-2016 kanpainako programazioa gauzatzean, prosulfocarb materia aktiboa atzeman zen olibetan, nahiz eta hura erabiltzea baimenduta ez egon labore horretan. Egiaztatu zen materia aktibo horren erabilera oso zabaldua zegoela zerealak hazten diren Nafarroako zona batzuetan, hain zuzen olibadiak eta zereal laboreak tartekaturik izan ohi direnetan.

Landare Osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 30.2 artikuluak xedatzen du ezen, baldin egiaztatzen edo arrazoibidez susmatzen bada produktu fitosanitario baten edo defentsa fitosanitariorako beste baliabide baten erabilera arriskugarria dela gizakien edo abereen osasunerako edo ingurumenerako, hura aldi baterako bertan behera utzi edo haren erabilera arautzen ahalko dela.

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak irailaren 20an emandako 969/2016 Ebazpenak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak irailaren 18an emandako 341/2017 Foru Aginduak eta urriaren 2an emandako 241/2018 Foru Aginduak, eta azkenik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak irailaren 17an emandako 14/2019 Foru Aginduak mugak jarri zituzten kasuan kasuko kanpainetan neguko zerealen laborantzan prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioak erabiltzeko.

Xedapen horiek eraginkorrak izan dira materia aktiboaren ondorio txarrei aurrea hartzeko orduan, eta muga horiez bestelako aukerarik ez da aurkitu. Hori horrela, bidezkoa da kanpaina honetan berriz ere aurreko kanpainetarako arauen antzeko bat argitaratzea.

Arau honetako proiektua legez ezarritako epeetan jakinarazi zaie publiko orokorrari eta ukitutako sektoreei, eta ez da alegaziorik jaso.

Prosulfocarb duten produktu fitosanitarioen murrizketa hauek mantendu behar direla uste da, harik eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak hura erabiltzeko baldintzak berraztertu arte edo produktu horien formulazioa aldatu arte, zereal laboreak eta olibadiak tartekaturik dauden zonetan ekoiztutako oliba-olioan prosulfocarb hondarrik ez dagoela bermatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Prosulfocarb duten produktu fitosanitarioen erabilera arautzea.

Prosulfocarb duten produktu fitosanitarioen aplikazioa aldi baterako etetea, foru agindu honek indarra hartzen duenetik 2021eko abenduaren 15era, honako eskualde eta udalerri hauetan:

• III. eskualdea: Udalerri hauek: Añorbe, Tirapu, Obanos, Eneritz, Gares, Legarda, Uterga, Adios, Muruzabal, Biurrun-Olkotz, Ukar, Girgillao eta Artazu.

• IV. eskualdea: eskualdeko udalerri guztiak, Marañón, Genevilla, Cabredo, La Población-Meano, Zuñiga, Lana, Larragoa, Aranaratxe, Eulate eta Ameskoabarrena izan ezik.

• V. eskualdea: eskualdeko udalerri guztiak.

• VI. eskualdea: eskualdeko udalerri guztiak.

• VII. eskualdea: Ebro ibaiaren eskuinaldeko lurzatiak.

Gainerako eskualde, udalerri eta azaleretan, data beretan, uzta bildu gabe duten olibadietatik gutxienez 100 metroko tartea utzi beharko da.

Nafarroako nekazaritza-eskualdeen lurralde banaketari eta horietako bakoitzak biltzen dituen udalerri eta lurraldeei dagokienez, 1998ko martxoaren 2ko Foru Aginduan ezarritakoari jarraituko zaio, horren bidez aditzera eman baitzen Nafarroako nekazaritza-eskualdeen banaketa.

2. artikulua. Prosulfocarb substantziaren erabilera kontrolatzeko plan espezifikoa onestea, baita hurbileko laboreak ez ukitzeko gomendioak ere.

Prosulfocarb substantziaren erabilera kontrolatzeko plan espezifikoa onesten da zerealen laborantzako 2021-2022 kanpainarako, foru agindu honetako I. eranskinean zehazten baita, eta gomendioak onesten dira, II. eranskinean zehaztutako produktu fitosanitarioak aplikatzean horiek jitoan ibiltzeagatik ingurua kutsatzeko arriskua saihestekoak.

3. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen araubidea.

Baldin foru agindu honen 1. artikulua betetzen ez bada, Landare Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legearen IV. tituluko I. eta II. kapituluetan arau-hausteei eta zehapenei buruz xedatutakoari jarraituko zaio.

4. artikulua. Esperimentazio eta aholkularitza jarduketak.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak zuzenean edo Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuaren (INTIA) bidez eginen ditu nekazarientzako esperimentazio eta aholkularitza jarduketak, prosulfocarb duten produktu fitosanitarioak ez diren alternatibekin.

5. artikulua. Defentsa fitosanitariorako baliabideen murriztapenei buruzko komunikazioa.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari proposatzen zaio berrazter ditzala prosulfocarb duten produktu fitosanitarioak baimentzeko baldintzak.

6. artikulua. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko uztailaren 30ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA

Plan espezifikoa, prosulfocarb substantziaren erabilera kontrola dadin Nafarroan zerealen laborantzako 2021-2022 kanpainan

Nekazaritza Zerbitzuko kontrol zerbitzu ofizialek gauzatuko duten planaren baitan, kontrol dokumentalak eta ikuskapenak eginen dira tokian bertan.

Ekintza hauek gauzatuko dira:

• Prosulfocarb duten produktu fitosanitarioen salmenta kontrolatuko da.

• Olibadietatik gertu dauden zereal lurzatiak begiz ikuskatuko dira, haizea dabilen egunetan bereziki.

• Laginak hartuko dira prosulfocarb hondarren analisia egiteko haren erabilera mugatua duten zereal laboreetako lurzatietan.

• Laginak hartuko dira prosulfocarb hondarren analisia egiteko, inguruan zereal laboreak dituzten olibondo lurzatietan.

• Ustiatze koadernoak kontrolatuko dira arrisku zonetan.

II. ERANSKINA

Gomendioak, olibondoen inguruan prosulfocarb duten produktu fitosanitarioak aplikatzean horiek jitoan ibiltzeagatik ingurua kutsatzeko arriskua saihesteko, haren erabilera erabat murriztuta geratzen ez den eskualde eta udalerrietan

• Prosulfocarben ordez beste herbizida batzuk erabiltzen saiatzea.

• Olibadiekin muga egiten duten lurzatietan kokatzea greening-eko interes ekologikoko azalerak edo antzeko araubide bati jarraitzen diotenak.

• Ahal den neurrian, zerealak berandu ereitea eta, olibadiak dauden ingurunean tratamendua egiteko, olibak bildu arte itxoitea.

• Ustiatze lurzatiekin muga egiten duten edo horietatik gertu dauden olibadien zerrenda bat edukitzea, tratamenduak planifikatu ahal izateko haizearen noranzkoaren eta beste faktore batzuen arabera (beroa, hezetasuna, tenperatura, eta abar).

• Prestakuntza-jardueretan parte hartzea, hain zuzen ere honako hauei buruzkoetan: produktua jitoan ibiltzeagatik ingurua kutsatzeko arriskuak murriztea, saldak dosifikatzea, makineriaren erregulazioa, eta abar.

• Iragarpen meteorologikoak kontsultatzea, eta olibondoetatik gertu dauden lurzatiak eguraldia aldekoen denean tratatzea:

–Haizeak eremu kalteberaren kontrako aldera jotzea.

–Haizearen abiadura < 2,5 m/s.

–Tenperatura leuna (< 25º C).

–Hezetasuna (> % 50).

• Produktua jitoan ez ibiltzeko pitak erabiltzea, tanta finen kopurua murrizteko. Tantak zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta handiagoa da produktua jitoan ibiltzeko arriskua. 20 mikrako diametroko tantak 125 metrora zabal daitezke 3 m/s haizea baldin badabil.

• Barraren altuera behar bezala egokitzea, jomugatik 50 cm-ra mantenduz. Kontuan izan barra 75 cm-ko altueran badago, produktua jitoan ibiltzeko arriskua % 50 handiagoa dela 50 cm-ko altueran dagoenean baino.

• Lur gorabeheratsuetan, barrak egonkortzeko sistemak dituzten zipriztingailuak erabiltzea gomendatzen da.

• Kalte har dezaketen zonetatik gertu zipriztintzean, 8 km/h abiaduran baino azkarrago ez joatea. Kontuan izan behar da zenbat eta azkarrago joan orduan eta denbora luzeagoz izan daitezkeela jitoan tantarik finenak.

• Haizez lagundutako zipriztingailuak erabiltzeko aukera aztertzea, haize bortitza dabilenean aplikatu behar izaten badira maiz produktu fitosanitarioak.

• Aplikazio ekipamendua kalibratzea eta pitak behar bezala daudela egiaztatzea kanpaina bakoitza hasi aurretik.

Iragarkiaren kodea: F2111916