19. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LAKUNTZA

Terrazak eta beladoreak paratzea eta erabiltzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Lakuntzako Udalak, 2020ko urriaren 7an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Terrazak eta beladoreak paratzea eta erabiltzea arautzen duen udal ordenantza. 2020ko 250. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 27an.

Jendaurreko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onesten da eta testu osoa argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua).

Lakuntzan, 2020ko abenduaren 17an.–Alkate udalburua, Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza.

ZIOEN AZALPENA

Espazio publikoen edo erabilera publikoa duten espazio pribatuen erabilera pribatuak arauketa behar du, esan nahi baita, instalazio horiek arautu behar dira, beren jardueran ari daitezen bateragarri eginik herritarraren aisialdirako eskubidea, jarduera ekonomiko batean aritzea eta inguruko jendearen atsedenerako eskubidea. Beraz, mugatzailea eta banakakoa izan beharko du, edozein arrazoi dela-eta inguruko bizilagunekin gatazkan abiatzen diren instalazioei dagokienez.

Abiapuntua da beladoreak dituzten terrazak, establezimendu batzuen instalazio gehigarriak diren aldetik, ez direla berez bestelako erabilera bat edo erabilera bereizi bat establezimendu nagusikoaz aparte, eta, hortaz, ez daudela haietatik banandurik edo isolaturik; establezimendu horiek, bestalde, irekitzeko eta funtzionatzeko behar diren lizentziak izan beharko dituzte beren jardueran aritzeko.

Horren ondorioz, terraza beladoredunak izateko gaitzen duen titulua baimen administratiboa da. Hala den aldetik, haren ezaugarria da baimen administratibo berezia izatea, Udalaren iritziaren araberakoa. Beraz, abiapuntua da partikularrak ez duela lehenagotik dagoen eskubide bat, beladoreak dituen terraza paratzeko. Administrazioak hartuko du baimena emateko erabakia, une bakoitzean interes publikoa zein den ikusirik, esan nahi baita, oharturik segurtasunari, ingurumenean egiten den kalteari, irisgarritasunari edo hiri estetikaren alderdiei; alde horretatik, ahalmena izanen du mugak jartzeko eta baimena baldintzapean emateko, halako moldez non baldintza horiek ez betetzeak ekar baitezakeen hura ezeztatzea, behar den prozedura erabilita.

Barra-mostradore eramangarrien kasuan, eta jendetza izaten eta metatzen denez festetako ekitaldietatik hurbil dauden eremu batzuetan, herriko festetan baizik ez dira baimenduko.

Xedea

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da terrazen eta beladoreen instalazioa arautzea, horiek direnean aldi baterako osagarri ostalaritzako establezimendu legeztatu batean, Lakuntzako udal-mugarteko eremu publikoetan, baita ostalaritzako behin-behineko instalazioak, eramangarriak edo desmuntagarriak ere.

2. artikulua. Oro har, terraza non jarri nahi den, kale horretara ematen duen fatxada duten establezimenduei baino ez zaie baimenik emanen terrazak jartzeko. Establezimendu nagusia zer eraikinetan dagoen, haren fatxadaren luzera okupatuko da gehienez ere. Ondoko eraikinen fatxada ere okupatzen ahalko da, baldin eta, aurretik, ukitutako eraikinen titularren baimen idatzia lortzen bada.

Ohiz kanpoko ezaugarriak dituzten kaleetan, bestelako kokalekuak ere onartzen ahalko dira, eta eremu horiek baimenaren ebazpenean jasoko dira.

Muga orokorrak.

1. Terraza paratzeko eskubidea izateko, nahitaezko baldintza izanen da Udal Ogasunarekin zorrik ez izatea jardueraren eta/edo jarduera gauzatzen den establezimenduaren ondorioz, eta orobat zaratari buruzko araudia ez betetzeagatik zehatua ez izana, administrazio ebazpen irmoaren bidez, eskabidea aurkeztu aurreko hiru hilabetean.

2. Eguzkitakoak eta berotzeko ekipamenduak, halakorik bada, baita terrazako gainerako elementuak ere, ez dira finkagailuen bidez zoladuran lotzen ahal, eta erraz desmuntatzeko modukoak beharko dute izan.

3. Baimenen izaera juridikoa dela eta, aldi baterako eteten ahal dira, baldin Udalak sustatutako edo baimendutako festa, kultura, gizarte edo kirol jarduerak egiten badira. Orobat, obra publikoak egiteko eteten ahal dira, horiek gauzatzeko baimendutako denborarako.

4. Terrazek edo beladoreek, betiere, honako hauek libre utzi beharko dituzte, berehala erabili ahal izateko:

–Higiezin eta garajeetarako sarbideak.

–Larrialdietarako irteerak.

–Eraikin publikoetarako eta osasun laguntzako etxeetarako sarbideak.

–Oinezkoentzako pasabideak.

–Ibilgailuak ibiltzen diren galtzada erabili behar denean, babes-hesiak jarriko dira, desmuntagarriak, eta zirkulazioa ahalbidetu beharko da, galtzadaren %60 gutxienez utziz ibilgailuak ibil daitezen. Hori dena, terraza erabiltzen duten pertsonen segurtasuna bermatuta.

5. Terraza edo beladorea ez da inola ere lorategi moduko azaleran paratzen ahal.

6. Halaber, terrazak eta beladoreak jartzea debekatzeko beste arrazoi batzuk izan daitezke, behar bezala arrazoituz gero: bide segurtasuna, traba nabarmena egitea oinezkoen trafikoari, irisgarritasuna, nahiz segurtasuna (eraikin eta lokal hurbilen ebakuazioa, larriki galarazten edo trabatzen delako hiri-ekipamenduenk edo altzarien erabilera, edo interes publikoko antzeko beste inguruabar batzuk).

3. artikulua. Establezimenduko fatxadaren zabalera nolakoa, halakoa edo txikiagoa izanen da terraza/beladorea, eta haren aurrean kokatuko da, gutxienez ere 1,80 metroko tartea utzita.

Salbuespen gisa eta toki aldaketa justifikatu ondoren, betiere udal zerbitzuek erabakita, beste toki batean jartzen ahalko da, baldin irizpide orokorrari jarraitzea ezinezkoa bada.

Terraza/beladoreetarako guneak erabilera publikokoak izanen dira beti. Baldintza horren ondorioz, debekatuta dago horiek ataripeetan eta eraikin pribatuetako elementu amankomunetan ezartzea.

4. artikulua. Terrazatako erabilitako espazioaren okupazioak, oro har, honako dentsitatea izanen du gehienez ere: mahai 1 eta 4 aulki terrazaren 2x2 metroko modulu bakoitzeko (mahai batek eta 4 aulkik 4 m² hartzen dute).

Eremuak markatu eginen dira, udal zerbitzuek horiek zoruan margotuta, lizentzia eman duenarekin adostuta. Eremu horietan aurreko kalkuluan agertzen den mahai kopurua jartzen ahalko da, beladorea jartzeko baimendutako lekuetan. Beladoreak ezin izanen dituzte gainditu markatutako mugak.

Horiek ere hesien eta loreontzi-euskarrien bidez mugatzen ahalko dira, udal zerbitzuek baimena eman ondoren. Kasu horretan, terrazaren kontzesio hartzaileak arduratuko dira instalazioaz, eta udal zerbitzuek egiaztatu eta onetsiko dute.

Ibilgailuen trafikoko eremuetan terraza duten establezimenduek terraza modu horretan mugatu beharko dute nahitaez.

5. artikulua. Terraza edo beladorearen jabea arduratuko da bezeroek terraza heda ez dezaten muga baimenduetatik at.

6. artikulua. Terrazako elementuak (mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak, etab.) ezin izanen dira zoladuran tinkatu eta aise desmuntatzeko modukoak izanen dira.

7. artikulua. Haizea harrotzen denean eguzkitakoak tolestu eta altzariak bildu egin beharko dira, haren abiadura baldin bada fabrikatzaileak segurtasun baldintzak mantentzeko gehienekotzat jotzen duena edo handiagoa.

8. artikulua. Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak.

Jabearen erantzukizuna izanen da terraza edo beladore eremuan baldintza horiek mantentzea, baita higiene eta garbiketa baldintza egokiak ere.

9. artikulua. Aulkiak, mahaiak eta eguzkitakoak lokalaren kanpoaldean pilatzen ahal dira, horretarako mugatutako eremu batean, baldin eta ez bada oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa trabatzen. Ongi lotuta egon beharko dute, eta, hala, ez dira ordutegitik kanpo erabiliko.

10. artikulua. Terrazak eta beladoreak erabiltzeko ordutegia tabernak erabiltzeko ordutegi bera izanen da, horretarako eman den alkatetzaren ebazpenaren arabera.

11. artikulua. Lokalen jabeen erantzukizuna izanen da trabak saihestea, terraza edo beladoreko bezeroek ozenki hitz egiteagatik edo bestelako arrazoiengatik.

Beladoreen baldintza bereziak

12. artikulua. Beladoreek uniformetasun estetikoa izan beharko dute eta integratuta egon behar dute bai hiri-ingurunean bai beste establezimenduetako beladoreen artean.

Itxiturek diseinu berezi irekia izanen dute, eta hartan lehentasuna izanen du begiak trabarik ez izateak; beraz, ez dira oztopo izanen hiria ikusteko eta ez dute edukiontzi trinko baten itxurarik izanen.

Beladoreak jartzeko baimena duten establezimenduen jabeek adostu behar dute beladore eredua, eta Udala izanen da, azken batean, ikus-onetsia emanen duena.

Establezimenduek, hasiera batean ez badute beladorerik jartzen baina beste une batean hala egin nahi badute, daudenetara egokitu beharko dituzte.

13. artikulua. Beladoreetarako materialak ahal dela altzairuzkoak izanen dira (herdolgaitza, burdinurtua) eta akabera pinturan eginez gero, hura oxiron motakoa izanen da, eta marroia, ahal dela, edo eskumena duten udal zerbitzuek zehazten dutena, herriko hiri altzariei esleitu zaienarekin bat.

14. artikulua. Elementu desmuntagarriek osatuko dituzte beladoreak. Beladoreak lurrari lotuak egonen dira, segurtasunez eta erraz desmuntatzeko moduan. Udalak baimendu beharko du ainguratze-sistema.

Itxituren lokailuak aise desmuntatzeko sistemen bidez eginen dira, eta espaloi gainean paratu, betiere haien neurriek horretarako aukera ematen badute.

Salbuespenez baizik ez dira espaloiaren gainean finkatuko, betiere beharrezkoa egiten duen sistema zehatz-mehatz arrazoitu ondoan. Finkagailu horrek berekin ekarriko du fidantza ezartzea; hura Udalaren zerbitzu teknikoek zehaztuko dute, proiektuaren arabera, eta ez du galaraziko kendu beharra Udalak eskatuz gero. Behin kenduta zoladura lehengoratu beharko da eta, Udalaren oniritzia bilduz gero, fidantza itzultzeko eskatzen ahalko da.

Interes publikoko inguruabarrak tartean daudelako (obra publiko zein pribatuak, ekitaldi publikoak, irisgarritasun kontuak, larrialdiak, bide segurtasunari edo bestelakoei dagozkien aferak edo beste edozein), ezin bada lurzorua egiazki baliatu baimenduriko erabilera horretarako, baimena baliorik gabe geldituko da inguruabar horiek desagertu arte, eta horrek ez du ekarriko inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik.

15. artikulua. Beladore estalia paratzeko eskaerarekin batera, honako hau aurkeztu beharko da: oinplanoak, altxaerak eta instalatu beharreko sekzioa, elementuen EBko ziurtagiriak, zorura ainguratzeko sistema, baita erabili beharreko koloreak ere. Eskaerarekin batera, onartuko dira katalogoko beladoreen argazkiak.

16. artikulua. Beladore estaliak okupatuko duen gehieneko azalera kasu bakoitzean zehaztuko da, eta gehieneko garaiera 2,80m-koa izanen da.

17. artikulua. Oro har, terraza eta beladoreetan debekaturik dago honako hau jartzea:

–Ur hornidurako, saneamenduko eta/edo elektrizitateko harguneak, baita airea ateratzeko eta girotzeko edozein instalazio finko ere beladorean.

–Salmenta-makinak, salgaia zeinahi delarik, eta edariak edo jakiak prestatzeko instalazio osagarriak.

–Josteta makinak instalatzea.

Ez dago debekaturik musika eta/edo soinu erreproduzigailuak instalatzea, baina debekaturik dago halakoak erabiltzea 21:30etik aurrera. Betiere, arlo honetan indarrean dagoen araudia bete beharko da.

18. artikulua. Terrazako eremua berotzeko, berogailuak instalatzen ahalko dira, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak homologatuta egon beharko dutenak. Kontsumo apaleko gailuak beharko dute izan, eta kontuan hartuko da ardura handiz zaindu beharra dagoela ingurumenaren jasangarritasuna.

19. artikulua. Ostalaritzako jarduerak egiteko erabiltzen diren behin-behineko instalazioek, instalazio eramangarriek edo desmuntagarriek udal baimena izan beharko dute aldez aurretik, eta bat eginen dute horretan eta aplikatu beharreko araudian ezarritakoarekin (apirilaren 29ko 1222/1987 Foru Agindua). Instalazioa baimentzen duen ebazpenean zehaztuko da instalazio mota horretarako baimenaren indarraldia.

Baimentzeko prozedura eta tasak

20. artikulua. Terrazak, beladoreak edo instalazio eramangarriak paratzeko tasa ezartzeko, jarraituko zaio mahai kopurua kontuan hartzen duen egungo sistemari, eta, hartara, aplikatuko da Udalak osoko bilkuran kasuan kasuko ekitaldian aplikatu beharreko tasak eta zerga-tasak onesteko ezartzen duen tarifa. Beladoreen kasuan, horretarako tasa sortuko da eta okupatutako azalaren m² bakoitzeko kobratuko da.

Abenduaren 30a baino lehenago, baimena eskatuko da hurrengo ekitaldian terrazak eta beladoreak paratzeko, eta eskaeran adieraziko da zenbat hilabetetan izanen den eta nolako okupazioa eginen den hil bakoitzean.

Eskatzailea izanen da establezimendua irekitzeko lizentziaren titularra, edo, bestela, ziurtagiria izanen du frogatzeko Udalak baduela jarduera hasi zelako komunikazioaren berri edo, instalazioa zer establezimendutarako eskatzen den, horren lizentziaren eskualdaketaren berri.

Eskaera egiten duten pertsona fisiko edo juridikoek eguneratuak izan behar dituzte Lakuntzako Udaleko Ogasunarekiko betebeharrak, terrazak, beladoreak edo instalazio eramangarriak paratzeko tasari dagokionez.

Emandako baimenean egiten den edozein aldaketatarako, eskaera egin beharko da hilabete bat lehenago.

21. artikulua. Interes publikoaren arrazoiak direla eta, Udalak noiznahi utz dezake baliorik gabe baimena, baina horrek ez dio konpentsaziorik ekarriko baimendutako establezimenduari.

Hirugarrenei kalterik egin gabe eta jabetza eskubideari eutsiz emanen dira lizentziak. Lizentziak prekarioan emantzat jotzen dira eta noiznahi baliogabetzen ahalko dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122.4. artikuluari jarraikiz.

Indarraldia

22. artikulua. Terraza eta beladoreen kontzesioak urtebeteko indarraldia izanen du, eta urtero eskatu beharko da kontzesio berria.

Arau-hausteak

23. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Eremua ez zaintzea eta ez garbitzea.

b) Onartu dena baino eremu handiagoa okupatzea.

c) Dagokion udal tasa ez ordaintzea.

d) Terrazako elementuak (aulkiak, mahaiak, eguzkitakoak, etab.) ez jasotzea erabiltzeko ordutegitik kanpo.

e) Baimendutako kopurua baino mahai gehiago paratzea.

Honako hauek dira arau-hauste astunak:

a) 6 hilabetean bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.

b) Terrazan edo beladorean EBko araubidea betetzen ez duen edozein elementu jartzea, segurtasunari, suteei, eta abarri dagokienez.

c) Terraza, beladorea edo instalazio behin-behineko edo eramangarria paratzea kasuan kasuko udal lizentzia eduki gabe edo baimeneko baldintzak bete gabe.

Honako hauek dira arau-hauste oso astunak:

a) 6 hilabetean bi arau-hauste astun edo gehiago egitea.

b) Arau-hauste arin edo astuntzat hartzen ez den edozein artikulu ez betetzea.

Zehapenak

24. artikulua. Arau-hauste arinen zehapena 100 eurorainoko isuna izanen da; astunena, 150 eta 250 euro bitarteko isuna eta lizentzia urtebetez kentzea, eta oso astunena, 300 eta 500 euro bitarteko isuna eta lizentzia 5 urtez kentzea.

25. artikulua. Zehapenak ezartzeko, dagokion zehapen prozedura instruituko da, honako arau hauen arabera: azaroaren 26ko 30/1992 Legea (hizpide du Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkidea, eta urtarrilaren 13ko 47/1999 Legearen bidez aldatu zen) eta 1398/1993 Errege Dekretua (horren bidez onetsi zen Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamendua).

Erantzukizun zibila

26. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du galarazten erantzukizun zibila, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu beharreko ordainak ere.

Aplikatu beharreko araudia

27. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren instalazioek, gainera, bete beharko dituzte ikuskizun publiko eta josteta jarduerei buruzko indarreko arauak, bai eta ingurumenaren eta osasun publikoaren babesari buruzko indarreko arauak ere; beraz, haien determinazioak oso-osorik galdatzen ahalko dira, ordenantza honetan berariaz ez aipatuagatik ere.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorioak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: L2015653