19. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTZIBAR

Aldaketa, Euskara ikasteko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Artzibarko Udalak, 2020ko urriaren 13an egindako osoko bilkuran, behin-behinean onetsi zuen aldatzea Euskara ikasteko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Espedientea 2020ko 261. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 6an, eta jendaurrean egon da 30 egun baliodunean Udalaren iragarki-taulan. Epe horretan erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsita geratu da ordenantzaren aldaketa; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Hona hemen, bada, ordenantzaren behin betiko testua, barnean dituela 3. eta 6. artikuluetarako onetsitako aldaketak.

UDAL ORDENANTZA, EUSKARA IKASTEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

Artzibarko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzaren 22. artikuluak dio ezen Artzibarko Udalak, bertako Euskara Zerbitzuak proposamena eginik, urteko programak prestatuko dituela euskarari buruzko gaien eta haren egoera soziolinguistikoaren gaineko informazio maila handitzeko eta hizkuntza horren ezagutza eta erabilera sustatzeko gizartearen esparru guztietan.

Horrenbestez, Artzibarko Udalak onartu du laguntzak ematea ibarreko herritarrek euskara ikas dezaten, honako oinarri hauekin bat:

Oinarriak

1.–Xedea.

Ordenantza honen xedea da matrikula gastuetarako laguntzen kontzesioa arautzea, Artzibarko bizilagunak izanik euskara ikastaroren bat egiten ari direnei.

2.–Onuradunak.

Ondoko baldintzak betetzen dituzten pertsonak baliatzen ahalko dira laguntza hauetaz:

a) 16 urtetik goitikoa izatea.

b) Artzibarren erroldatua egotea, urtebetez gutxienez ere, kontuan izanik laguntza noiz eskatu den, eta dirulaguntzaren xede den jarduerak irauten duen bitartean.

c) Egiaz udalerrian bizitzea gutxienez urtean 9 hilabetez (salbuesten dira, kasu honetan, ikasketak eta eritasuna direla-eta izaten diren nahitaezko absentziak).

d) Euskaltegi bateko ikastaroren batean matrikulaturik egotea, zer ikastarotarako eskatzen den dirulaguntza, horretan, eta matrikularen kostua ordaindu izana.

e) Euskaltegiak frogatzea gutxienez ere ikastaroaren %80ko aprobetxamendua izan dela. Autoikaskuntza programa batean ikasten dutenek ere ziurtagiri hori aurkeztu beharko dute.

f) Artzibarko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

3.–Diruz lagundutako ikastaroak.

3.1. Diruz lagunduko da urte bakoitzeko irailaren 1etik hurrengo urteko abuztuaren 31 arte egindako ikastaroen matrikula. Garraioaren eta materialaren gastuak ez dira inola ere hartuko diruz lagundu daitezkeen gastutzat.

3.2. Diruz lagunduko dira ikastaro estentsiboak, intentsiboak, barnetegian egindakoak (gutxienez 10 eguneko iraupena dutenak), auto-ikaskuntzakoak, etab.

3.3. Eskatzaileek bitan baizik ezin izanen dute jaso maila bereko ikastaroa egiteko laguntza; hau da, aurretik diruz lagunduriko maila bera egiteko bigarrenez jasotzen ahalko da laguntza, betiere eskola orduen %80an gutxienez parte hartu izana frogatuta.

3.4. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuk helburu berberaz emandakoekin, betiere gehiegizko finantzaketarik gertatzen ez bada.

4.–Laguntzen zenbatekoa.

4.1. Matrikularen kostuaren %50 izanen da laguntza, eta gehienez ere 250 euro.

4.2. Ordenantza hau aplikatzearen ondorioz Udalak aurrekontuko ekitaldi bakoitzean gehienez ere har ditzakeen obligazioek badute muga; aurrekontuan horretarako dagoen diru esleipena, alegia. 2016. urterako, 1.000 euroko kontsignazioa ezartzen da, 2016. urteko aurrekontuko 3200 4820003 kontu-sailaren kargura.

4.3. Dirulaguntzen zenbateko osoa aurrekontuan deialdirako erreserbatutako diru kopurua baino handiagoa baldin bada, deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta dirulaguntzen onuradun direnen artean hainbanatuko da.

5.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Artzibarko Udalean:

a) Dirulaguntzarako eskabidea (Udalean eska daiteke, edo web orritik deskargatu).

b) Ikastaroa antolatzen duen entitatearen ziurtagiria, ezaugarriak zehazten dituena: maila, iraupena, matrikularen kostua, eta dirulaguntza eskatzen duen ikaslearen bertaratze portzentajea.

c) Matrikularen ordainagiria edo entitate antolatzailearen ziurtagiria, azaltzen duena ikastaroaren kostuaren %100 ordaindu dela.

6.–Eskaerak aurkezteko epea.

Udalaren erregistroan aurkeztuko dira eskabideak, irailaren 1etik 30era.

7.–Ebazpena, komunikazioa eta ordainketa.

Artzibarko alkateak hartuko du laguntzak emateko erabakia, edo eskuordetzen duen pertsonak edo organoak, behin aldeko txostena ikusirik. Erabaki hori interesdun guztiei igorriko zaie, eta laguntzak ordainketa bakarrean emanen zaizkie.

8.–Aplikatzeko araudia.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra aplikatuko dira.

Artzibarren, 2020ko abenduaren 24an.–Alkatea, Carlos Oroz Torrea.

Iragarkiaren kodea: L2015933