19. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALLO

Ordenantza fiskala, Ordezko betearazpenen eta betearazteko aginduen tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Alloko Udalak, 2020ko irailaren 25ean egin osoko bilkuran, legez behar den gehiengoa izanik, erabaki zuen hasiera batez onestea Ordezko betearazpenen eta betearazteko aginduen tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Erabaki hori argitara eman zen 258. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 4an, eta jendaurrean egon zen hogeita hamar egun naturalean, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin. Epe horretan inork ez zuen eragozpenik aurkeztu; hartara, bidezko da behin betiko onestea eta testu osoa ediktu bidez argitaratzea.

Allon, 2020ko abenduaren 15ean.–Alkatea, Susana Castanera Gómez.

ORDEZKO BETEARAZPENEN ETA BETEARAZTEKO AGINDUEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea, lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atala), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.

Zerga-egitatea

2. artikulua.

1. Zerga-egitatea honako kasu hauetan zerbitzu egitea edo laguntza ematea da:

a) Ibilgailuak, zaborrak eta obra-hondakinak kentzea, baldin eta lur edo lokalen jabeek, okupatzaileek -edo pilaketaren arduradunek- kentzeko agindua bete nahi ez edo horren aurka egiten badute.

b) Betearazpen aginduak, eraispenak, konponketak, urbanizazio pribatuen exekuzioak, kolektoreen garbiketa, eta orokorki Udalaren ordenantza nahiz erabakiak betetzeko ordezko betearazpenen eginbideak.

2. Interesdunek berek eragiten dituzten zerbitzuek, edo bereziki haien mesederako diren horiek, baita ondasunak berreskuratzeko presagatik edo ordena publikoa, segurtasuna, osasungarritasuna edo higienea direla medio eman beharrekoak direnek ere, ordainarazpena sortzea ekarriko dute, nahiz eta zerbitzua ez izan interesdunek eskatua.

3. artikulua. Udalak zilegi izanen du, nolanahi ere, enpresa pribatu bat kontratatzea ordenantza honek aipatzen dituen zerbitzuak emateko. Presako kasuetan, eta kontratazio arautegiak agintzen duenaren arabera, udal zerbitzuek zilegi izanen dute zuzenean kontratatzea enpresen, teknikari fakultatiboen eta beste bitarteko partikular batzuen zerbitzuak. Gero horren berri eman beharko diote Alkatetzari edo, hala badagokio, Udalbatzari.

Tasaren sortzapena

4. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da zerbitzua egiten den momentu berean, eta zilegi da konturako nahiz zatikako likidazioak ordaintzeko eskatzea.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Modu solidarioan ordaintzera behartuta daude legez erantzule diren pertsona natural nahiz juridikoak; hurrengook, alegia:

a) Zerbitzua egin beharra eragiten duten egintzetako ondasunen jabe edo erantzuleak edo haren onura jasotzen dutenak.

b) Halakorik bada, maizter edo erabiltzaileak, edozein titulu dela bide.

c) Espresuki egindako betearazpen erabaki edo agindu baten ondorioz erantzule ateratzen direnak.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Honako hauek dira ordainarazpen honen zerga-oinarri:

a) Betearazpen aginduak: eginkizun dagoen obrari edo lanari egin behar zaion baloraziotik heldu dena izanen da.

b) Ordezko betearazpena: egin den betearazpenaren kostu osotik heldu dena.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Obren kasuan, Udalak zilegi izanen du kautelazko likidazioak aldez aurretik egitea, tasen zenbateko zenbatetsien adinakoak. Ordainarazpena eta bilketa ordenantza fiskal orokorrean jasotako moduan eginen dira. Obrak bukatu ondoren, tasak likidatuko dira eta ondoriozko soberakinak itzuli edo eskatuko dira.

Zilegi izanen da kautelazko likidazio horiek erantzuleen artean zatitu edo banatzea edo, erabiltzaile nahiz errentari gisa, borondatez kostuaren zati proportzional bat beren gain hartu nahi dutenen artean.

Arau-hausteak eta zehapenak

8. artikulua. Tasa honen aplikaziotik ateratzen den likidazioaren zenbatekoa gorabehera, subjektu pasiboak erantzun beharko du irekitzen ahal den espediente zehatzailetik sor daitezkeen zehapenen aurrean, hori guztia Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztietan xedatzen direnak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Betearazpen aginduak.

–Karga-tasa izanen da zerga-oinarriaren %1.

II. epigrafea.–Ordezko betearazpenak.

–Ezarritako tasa %125 da.

Iragarkiaren kodea: L2015666