19. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

189E/2020 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “80280 Irurtzun: AMP.ALIM A-101 PEBANG 2018” proiekturako. Sustatzailea Telefónica de España SAU da.

2020ko otsailaren 2an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen direnetakoa da (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren helburua da elkar lotzea ARQ-A26D kutxatila, NA-4104 errepidearen ondoan, Zuastiko zerbitzugunetik gertu dagoena, eta P765 (9TC-1600) zutoina, N-240-A errepidetik hurbil dagoena. Horretarako, lur azpiko kanalizazio berri bat eginen da (3x40 mm-ko hodi hirukoitza), 280 metroko luzerakoa, NA-4104 errepidearen zelaigune-ertzaren bukaeratik 3 metro baino gehiagoko tartea utzita, ARQ-704 DM kutxatila berriraino, eta beste 1.250 metroko tartea Zuastiko bidearen ezkerreko bazterrean barna, P765 (9TC-1600) zutoineraino.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren aldeko txostena dago. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “80280 Irurtzun: AMP.ALIM A-101 PEBANG 2018” proiekturako, Itzan (Saratsa). Sustatzailea Telefónica de España SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek babesten du bakar-bakarrik proiektu honek lurzoru urbanizaezinean duen azpiegituraren zatia: zuntz optikorako kanalizazioa egiteko proiektua, Zuastiko zerbitzugunearen inguruetan (AP-15) dagoen kutxatila eta aireko linearen P-765 zutoina elkar lotzeko, lurzoru urbanizaezinean, Saratsan.

–Ez dira baimen honetan sartzen lehendik dauden azpiegiturak, legezkoak direlakoan. Baimena izateko baldintza izanen da horiek benetan legezko egoeran egotea.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Aintzat hartu beharko da Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren 2020ko azaroaren 20ko txostena eta determinazio hau bete:

–Sustatzaileak, NA-4104 errepidea (Saratsa-Zuasti) ukitzean, bete beharko ditu aipatu obra publikoaren baimenean (AOP 2020/349) ezarritako baldintzak. Baimen hori onetsi zen Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren irailaren 21eko 688/2020 Ebazpenaren bidez.

–Herri-lurren gaineko ukipenei dagokienez, Herri-lurren Atalak determinazio hau ezarri zuen 2020ko azaroaren 9ko txostenean:

–Itzako Udalak okupazio espediente bat izapidetu beharko du, eta lortu beharko du onets dezala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalak. Horretarako, nahitaezko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, bat etorrita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin.”

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, jarduketaren zati bat Berruetako errekaren polizia eremuan kokatzen denez, sustatzaileak dagokion arro hidrografikoko erakundearen baimena eskuratu beharko du.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan ezartzen da lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, Herri-lurren Atalera, Itzako Udalera eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 16an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2015531