19. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

302/2020 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Milagro-Aezkoa (CRMA) errege altxonbidearen trazadura aldatzea Garesko udal-mugartean, katastroko 10/327 lurzatian.

Garesko abelbideak administrazio egintza hauetan ezarri ziren:

–Nafarroako Gobernuaren Erabakia, 2013ko maiatzaren 22koa; haren bidez, sailkapen espedientean azaltzen diren zabalera, trazadura eta bestelako ezaugarri fisiko orokorreko abelbideak daudela deklaratzen da, eta hondatu edo desagertutako mugarriak berrezartzea onesten da, udal-mugarte hauetan: Beraskoain, Zizur, Gares, Legarda, Uterga, Muruzabal eta Obanos.

–Nafarroako Gobernuaren Erabakia, 2016ko urriaren 26koa; haren bidez, sailkapen espedientean azaltzen diren zabalera, trazadura eta bestelako ezaugarri fisiko orokorreko abelbideak daudela deklaratzen da, Deierriko eta Lezaungo udal-mugarteetan hondatu edo desagertutako mugarriak berrezartzea onesten da eta Gesalatz, Lizarra, Villatuerta, Gares, Zirauki eta Mañeruko udal-mugarteetako abelbideen sailkapena aldatzen da.

2019ko urrian, Julián Echeverría Salinas eta M.ª Angeles Ayerra Echarte senar-emazteek, Garesko udal-mugartean dagoen eta aipatutako altxonbidearen mugakide den 10/327 lurzatiaren jabeek, eskatu zuten trazadura aldatzea, sektore horretan sobera irregularizatuta dauden mugak bateratzeko, abelbidearen erabilera nahiz nekazaritza lanak zailtzen dituztelako. Proposatutako trazadura aldaketaren bidez akatsa zuzentzen da bi alderdientzat, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen 10. artikuluaren babesean (trazaduraren aldaketa), erantsitako VP118-19 txostenean ezartzen denez, eta jabari publikoko ondasunaren izaera hobetzen da, abelbideen kasuan garrantzi handikoa baita; horregatik guztiagatik, Milagro-Aezkoa (CRMA) errege altxonbidearen zati horretarako proposatutako trazadura berriaren aldeko txostena ematen da.

Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen arabera, altxonbideek jabari publikoko ondasunen izaera dute. Hori horrela izanik, interes publikoko arrazoiengatik eta, salbuespen gisa eta behar bezala arrazoitu ondoren, interes partikularragatik ere, abelbide baten trazadura aldatzeko edo desbideratzeko baimena eman daiteke, baldin eta azaleraren osotasuna, ibilbideen egokitasuna, trazaduren jarraitutasuna, abereen pasaera eta jarduera horrexekin bateragarri eta osagarri diren gainerako erabilerak bermatzen baldin badira.

Premisa hori kontuan hartuta, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak, Nafarroako abelbideak kudeatzeaz arduratzen denak, zenbait baldintza ezarri ditu, “Milagro-Aezkoa errege altxonbidea” delakoaren trazadura berriak bete beharko dituenak. Abelbidea birjartzeko proiektuak biltzen eta betetzen ditu baldintza horiek. Aipatu proiektua onesteko eskaera egin da VP118-19 txostenean, jendaurrean jartzeko eta entzunaldia emateko tramiteak bete ondoren, 2020ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 30ekoan jakinarazita, eta inork alegaziorik aurkeztu gabe.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Milagro-Aezkoa errege altxonbidearen trazadura aldatzea Garesko udal-mugartean, katastroko 10/327 lurzatian, erantsitako planoaren arabera.

2. Katastroari igortzea zein diren banandutako lurzatiak, abelbideen zati bihurtuko direnak, eranskinean atxikitako planoarekin bat.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Basoen eta Ehizaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Julián Echevarría Salinas jaunari, M.ª Angeles Ayerra Echarte andreari eta Garesko Udalari.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

Aurrekoa gorabehera, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, beste arrazoi batzuetan oinarrituta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko abenduaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

ERANSKINA

Milagro-Aezkoa errege altxonbidearen trazaduraren aldaketa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2015546