188. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

311/2021 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezien deialdia egiten duena Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak 2020-2021 ikasturtean bukatu dituzten ikasleentzat.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak aurkezturiko txostenean adierazi du komenigarria dela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezien deialdia argitaratzea, izan ere, abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan eta Hezkuntza Ministerioaren uztailaren 29ko ECD/1611/2015 Aginduan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitatean deialdi hori egitea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2020-2021 ikasturteari dagozkion Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezien deialdia onestea, ebazpen honen I. eranskinean xedatutakoarekin bat.

2. 750 euroko gastua baimendu eta konprometitzea 2021ko aurrekontuko “Sariak eta lehiaketak” izeneko 420005 42800 2268 321100 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2021eko uztailaren 21ean.–Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, Juan Ardaiz Astrain.

(108/2019 Foru Agindua, azaroaren 26koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren ordez aldi baterako arituko direnak izendatzen dituena).

I. ERANSKINA

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezien deialdia, 2020-2021 ikasturtekoa

Hezkuntza Ministerioaren uztailaren 29ko ECD/1611/2015 Aginduan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2020-2021 ikasturteari dagozkion Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezien deialdia egin du Foru Komunitatean. Hona hemen

OINARRIAK

Lehenbizikoa.–Ebazpenaren xedea.

Ebazpen honen xedea da iragartzea Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Bereziak norgehiagokako araubidean emateko deialdia, 2020-2021 ikasturteari dagokiona.

Hiru sari esleituko dira gehienez.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharrekoak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako izangai izan daitezke, aldez aurretik inskribaturik, honako baldintza hauek betetzen dituzten ikasleak:

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoa Espainiako ikastetxeetan egin izana, dela araubide presentzialean, dela urrutiko araubidean, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren esparruan ezarritako aukeretako edozeinetan.

–Ikasketa horiek deialdian zehazten den ikasturtean bukatu izana Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean, etapako irakasgai guztiak gaindituta dituela amaierako ebaluazio arruntean.

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau ikasmailetan, orokorki, 8,75eko batez besteko nota edo handiagoa izatea. Batezbestekoa ateratzeko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau ikasmailetako irakasgai guztietako kalifikazioak hartuko dira aintzat, eta batezbesteko hori hurbilen dagoen ehunenean biribilduko da, eta goitik eta behetik distantzia berberera baldin badago, goiko ehunenean biribilduko da. Kalkulu horretan ez dira kontuan hartuko “gai”, “salbuetsia” edo “baliozkotua” adierazten duten kalifikazioak.

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken ikasmailan, “bikain” lortu izana probaren xede diren irakasgaien azken kalifikazioan, hots: Gaztelania eta Literatura edo Euskal Hizkuntza eta Literatura D ereduan, Lehen Atzerriko Hizkuntza eta Matematika.

Hirugarrena.–Izena emateko prozedura eta epea.

1. Aurreko atalean ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia eskuratu nahi duten ikasleek eskabidea aurkeztuko dute, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. ikasmaila zein ikastetxetan egin duten, hartantxe, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik 2021eko irailaren 10eko 14:00ak arte. Eskabidea II. eranskinari jarraikiz beteko da, eta, horrekin batera, NANaren edo egoiliarren identifikazio-txartelaren kopia aurkeztu beharko da.

2. Izena emateko epea bukatu eta gero, eta betiere 2021eko irailaren 17ko 14:00ak baino lehen, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako idazkariek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko dituzte jaso dituzten eskabideak. Eskabideari Bigarren Hezkuntzako ikasketen ziurtagiria erantsiko diote, EDUCA kudeaketa aplikazioaren bidez jasoko dena eta behar bezala sinaturik eta zigilaturik egonen dena. III. eranskineko inskripzio-orriaren araberako ziurtagiriak ere baliozkoak izanen dira, behar bezala beterik, sinaturik eta zigilaturik badaude. Bai eskabideak, bai ziurtagiriak, telematika bidez igortzen ahalko dira ikastetxetik, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak ezartzen duen moduan.

3. 2021eko irailaren 22an, onartutako ikasleen behin betiko zerrenda argitaratuko da, baita baztertutakoena eta haiek baztertzeko arrazoia ere, webgune honetan horretarako prestatutako fitxan:

https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/Premios-Extraordinarios-de-Educacion-Secundaria-Obligatoria

4. Behin-behineko zerrendan izan litezkeen okerrak zuzentzeko eskaerak eta erreklamazioak irailaren 26ko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira.

5. Onartutako ikasleen behin betiko zerrenda irailaren 30ean argitaratuko da.

6. Ebaluazio epaimahaiak, ikasleek egindako probak zuzendu ondoren, emaitzak jendaurrean jarriko ditu horretarako prestatutako web-orrian:

https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/Premios-Extraordinarios-de-Educacion-Secundaria-Obligatoria

7. Ikasleek probaren emaitzen aurkako erreklamazioa aurkezten ahal dute, kalifikazioak jendaurrean jarri eta biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean.

8. Izan litezkeen akatsen zuzenketak eta interesdunen erreklamazioak, bai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendari egindakoak, baita probaren kalifikazioei egindakoak ere, Hezkuntza Departamentuaren erregistroan aurkeztuko dira, ahal dela. Erreklamazioa urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen beste tokietako batean aurkezten bada, interesdunak, erreklamazioa aurkezturik, posta elektronikoz bidali beharko ditu sie/hiz@navarra.es helbidera erreklamazioaren kopia eta dokumentazio guztia, behar bezala zigilaturik eta dataturik.

9. Sariak esleitzeko proposamena izangaiek lortzen duten azken kalifikazioaren arabera eginen da, puntuazio handienetik txikienera ordenaturik. Proposatzen den sari kopuruak ez du gaindituko deialdiko sari kopurua.

10. Berdinketarik izanez gero, honako irizpide hauek aplikatuko dira, adierazten diren ordena berean, berdinketa hautsi arte:

a) Ariketa bakoitzean lortutako puntuazio onena, ebazpen honen bosgarren oinarrian ezarritako ordenari jarraikiz.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako batez besteko nota hoberena.

c) Izangaien ordena alfabetikoa, deituren araberakoa. Giza Baliabideen Zerbitzuak zozketa bat egiten du urtero, Nafarroako Foru Komunitateko hautapen prozesuetan izangaiak zer ordenatan arituko diren zehazteko, eta zerbitzu horrek egindako azken zozketan ezarritako letratik hasiko da aipatutako ordena alfabetikoa.

11. Epaimahaiak 2020ko urriaren 25erako izan beharko ditu bukatuak bere lan guztiak.

Bosgarrena.–Probaren egitura eta kalifikazioa.

1. Indarreko araudian ezarritako curriculum elementuak hartuko dira erreferentziatzat probetan, eta hiru ariketa izanen dira:

a) Lehenbiziko ariketan, hizkuntza komunikazioan eskuratu den gaitasun maila egiaztatzeko alderdiak jorratuko dira, Gaztelania eta Literatura irakasgaiarekin lotuak (edo Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasgaiarekin, D ereduko ikasleentzat). Ariketak honako hauek izanen ditu: gaztelaniazko testu baten azterketa eta iruzkin kritikoa egitea (edo euskarazkoa, D ereduko ikasleentzat), eta hizkuntzari edo literaturari buruz planteatzen diren galderei erantzutea.

b) Bigarren ariketan, Matematikan eskuratu den gaitasun maila egiaztatzeko alderdiak jorratuko dira. Galdera batzuei erantzun beharko zaie, eta/edo ariketa praktikoak ebatzi eta/edo problemak ebatzi, honako irakasgai hauen berezko edukiei buruz: Irakaskuntza Akademikoetara bideratutako Matematika edo Irakaskuntza Aplikatuetara bideratutako Matematika, segun zer irakasgai ikasi duen ikasleak, inskripzioan hala jaso beharko baitu.

c) Hirugarren ariketan, hizkuntza gaitasun maila egiaztatzeko alderdiak jorratuko dira, Atzerriko Lehen Hizkuntza irakasgaiarekin lotuak. Kulturako, literaturako edo dibulgazioko testu bat emanen zaie, eta horren gainean ulermena eta idatzizko adierazpena neurtzeko lan batzuk egin beharko dira.

2. Probak 2021eko urriaren 2an eginen dira Iruñeko Basoko BHIan.

3. Ikasleek gaztelaniaz edo euskaraz egiten ahal dituzte probak, ikasketetan izan duten hizkuntza ereduaren arabera.

4. Ariketa bakoitzak kalifikazio bakarra izanen du, 1etik 10era artekoa, gehienez bi dezimalekin. Probaren azken kalifikazioa ikasleak hiru ariketetan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da, bi dezimalekin adierazia. Batezbesteko hori hurbilen dagoen ehunenean biribilduko da, eta goitik eta behetik distantzia berberera baldin badago, goiko ehunenean biribilduko da.

5. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia eskuratzeko, ikasleek gutxienez 5 puntu lortu behar dituzte ariketa bakoitzean.

6. Ariketetan aplikatuko den prozedurari esker, ariketak zuzentzen diren bitartean ezin izanen da jakin nor den egilea.

Seigarrena.–Epaimahaia.

Ebaluazio epaimahaia hezkuntzako ikuskatzaileek eta probetako gaietan adituak diren Bigarren Hezkuntzako irakasleek osatuko dute. Epaimahaiburu lanetan Hezkuntzako ikuskatzaile bat arituko da. Ebaluazio epaimahaiak, orobat, probak prestatzeko ardura izanen du.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak izendatuko ditu mahaikideak, eta bertan buru eta idazkari gisa ariko direnak zehaztuko.

Zazpigarrena.–Sarien esleipena.

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia eskuratzen duten ikasleek Hezkuntza Departamentuaren aintzatespen ofiziala jasoko dute eta horren berri emanen da ikasketa espediente pertsonalean.

2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Bereziak 250 euro gordineko zuzkidura izanen du, 200 euro garbi PFEZaren %20ko atxikipena egin ondoren, eta ordainduko da 2021eko gastuen aurrekontuko “Sariak eta lehiaketak” izeneko 420005 42800 2268 321100 partidaren kargura.

3. Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia erdiesten duten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Nazionala eskuratzeko lehian parte hartzen ahal dute.

Zortzigarrena. Deialdi honen eta sor ditzakeen egintzen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Inskripzio-orria.

III. eranskina.–Ikasketen ziurtagiria.

Bete beharreko eredu guztiak deskargatu (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2111462