188. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

183E/2021 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita telefonia mugikorreko oinarrizko estazio bat legeztatzeko Señorío de Arinzano upategian, Aberingo udal-mugartean. Sustatzailea Telxius Torres España SL da.

2021eko otsailaren 23an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “M” epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta izanen dituela uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 117. artikuluan ezarritako ondorioak (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Proiektatutako jarduketan, Aberingo Señorío de Arinzano upategian dagoen telefono mugikorreko oinarrizko estazioa legeztatuko da, Aberingo Udalak eskatuta, kokatuta dagoena gutxi gorabehera UTM ETRS89 30T 582383, 4720250 koordenatuetan, Aberingo 2. poligonoko 300. lurzatian (oihan erabilera zuhaitzekin), udalerri horretako 2. poligonoko 742. lurzatiko mahastiaren mugan. Instalazioek armairu bat daukate, 70 cm x 70 cm-ko oinarria eta 152 cm-ko garaiera dauzkana eta teknologiak bilduko dituena (GSM, UMTS eta LTE), eta, halaber, K80010647v01D antena bat, 8 m garai dena.

Estazioak telekomunikazio zerbitzuak emanen ditu, eta jarduera hori interes orokorreko zerbitzutzat jotzen du Telekomunikazioari buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorrak.

Proiektuaren lurzatia mendi-magal bat izan arren, zuhaitzez estalita dagoena, instalazioen kokalekua soilgune bat da, ez zuhaitzik ez zuhaixkarik ez duena. Lurzatiko goialdean dago, eta ondoko mahastitik ailegatzen da bertara (Aberingo 2. poligonoko 742. lurzatia).

Instalazioen xedapena, modeloa eta garaiera direla eta, eta kontuan izanik ezen, instalazioen ondoan, baso-masa bat dagoela (garriga heldua), tamaina eta trinkotasun handikoa, ez da ukipen nabarmenik eginen paisaian.

Arintzanoko jaurerria, proiektuaren lurzatiaren mugakide dena, lotuta dago 13. iraganbidearen abelbidearekin. Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak txostena egin du Nafarroako abelbideen babesari buruz, eta adierazi proiektuak ez duela ukipenik sortzen.

Espedientean jasota dago Aberingo alkatearen 2021eko otsailaren 2ko 4/2021 Ebazpena, non zehazten baita azpiegitura bateragarria dela udalerrian indarra duen lurzoruaren hirigintzaren araubidearekin. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin.

Ingurumen Eraginaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eman du, eta adierazi ez direla ukitzen ez landare hurbilak (tamaina eta trinkotasun handiko garriga heldua), ez paisaia.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea telefonia mugikorreko oinarrizko estazio bat legeztatzeko Aberinen, Señorío de Arinzano upategian. Sustatzailea Telxius Torres España SL da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

• Obraren ingurunea garbi geldituko da, eta lanetan sortzen diren hondakinak izaeraren arabera kudeatuko ditu baimendutako kudeatzaile batek, alor horretan indarra duen legedia betez.

–Hirigintza eta lurralde arlokoak:

• Baimen honek telekomunikazioetako antena bat eta hari lotutako instalazioak legeztatzea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraituz.

• Jarduketak ezinbestean bete beharko ditu ingurumen organoak ezartzen dituen neurri eta baldintzak, ingurune naturalean eragiten ahal diren kalteei eta jarduketa paisaian eta ingurumenean integratzeari dagokienez.

• Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

• Ekainaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, gehienez bi urteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egin edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira zuzenean, eta baliorik gabe geldituko da.

• Baimendutako jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Aberingo Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari («Lizarra Hegoaldea» 7. koordinazio unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko uztailaren 28an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2111714