185. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Dirulaguntzen Ordenantza Orokorra.
Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2021eko apirilaren 29an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Dirulaguntzen Ordenantza Orokorra. (2021eko 115. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 18koan).

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz xedatuta dagoenarekin Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Burlatan, 2021eko uztailaren 2an.–Jarduneko alkatea, Ander Carrascón Erice.

BURLATAKO UDALAREN DIRULAGUNTZEN ORDENANTZA OROKORRA

ZIOEN AZALPENA

Burlatako Udalak eta haren erakunde autonomoek, dirulaguntza ugari ematen dute, pertsona fisiko eta juridikoen nahiz erakunde publiko eta pribatuen eskari sozial eta ekonomikoei erantzuteko.

Dirulaguntzak sustapen teknika bilakatu dira, bai eta Administrazio hau eragile partikularrekin elkarlanean aritzeko prozedura ere, interes orokorrekotzat jotzen diren jarduerak kudeatze aldera hainbat esparrutan, hala nola gizarte ekintzan, pertsonen eta herrien arteko lankidetzan eta elkartasunean, etxebizitza, kultura, hezkuntza, gazteria, kirol eta ingurumen arloetan, merkataritzan, interes publikotzat jotako hainbat jarduera pribaturen sustapenean, aisia eta astialdian edo, orobat, herritarren parte-hartzean, hori zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoaren eskakizuna den aldetik.

Dirulaguntzen Ordenantza Orokor honek baditu oinarritzat printzipio orokor batzuk, dirulaguntzak ematerakoan une oro aintzat hartu beharrekoak: berdintasuna, publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, eraginkortasuna eta efizientzia. Dirulaguntzak emateko jardueran saioa eginen da, gainera, merkatuaren gaineko eragin desitxuratzaileak minimizatzeko, halakorik sortzen bada dirulaguntzak ezartzeagatik; saioa eginen da, halaber, kongruentziari eusteko bitartekoen eta laguntzak emateko arrazoi diren helburuen artean.

Aipatu printzipioekin batera, plangintza bat ere ezartzen da, Udalak onetsi beharrekoa: dirulaguntzei buruzko plan estrategiko bat prestatzea, hala helburuak eta lortu nahi diren ondorioak nola aurreikusten diren kostuak eta finantzabideak zedarritzeko. Plan horrek posible eginen du, dirulaguntzak ezartzeko proposamena egin duten organoendako, gero kontrolatzea eta ebaluatzea planaren aplikazioaren ondorioz lorturiko emaitzak.

Burlatako Udalean nahiz haren erakunde autonomoetan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra da aplikatzekoa, legearen beraren 3.1.b. eta 3.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera, eta 9.2 artikuluan xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, onetsi beharko direla horiek ematea arautzen duten oinarri erregulatzaileak, lege horretan ezarritako baldintzetan, eta oinarriok argitaratu beharko direla Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean eta dagokion aldizkari ofizialean. Aipatu legearen 17.2 artikuluaren arabera, bestalde, tokiko korporazioen dirulaguntzak arautzen dituzten oinarri erregulatzaile horiek onetsi behar dira aurrekontua betearazteko oinarrien esparruaren barnean, dirulaguntzen ordenantza orokor baten bidez edo, bestela, berariazko ordenantza bat eginez, dirulaguntza modalitate bakoitzerako.

Aurreko paragrafoan azaldutakoa betetzeko, beharrezkoa da onestea esparru juridiko egoki bat, Burlatako Udalak eta haren erakunde autonomoek eman beharreko dirulaguntzen oinarriak arautuko dituena. Esparru juridiko hori, betiere, azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrari egokitu behar zaio. Hori, hain zuzen, Dirulaguntzen Ordenantza Orokor honen bidez gauzatuko da, zeinak arautuko baitu, dirulaguntzen alorra dela eta, berariazko ordenantzarik indarrean ez dutenen araubide juridiko orokorra. Aitzitik, dirulaguntzen gainean berariazko ordenantza duten alorretan –aipatutako azaroaren 17ko 38/2003 Legeari egokitu ondoren–, eta etorkizunean berariazko ordenantza izanen duten alorretan, berariazko ordenantza horien arabera egonen dira arauturik; nolanahi ere, ordenantza hau osagarri aplikatzekoa izanen zaie.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremu orokorra.

1 Ordenantza honen xedea da arautzea Burlatako Udalak nahiz haren erakunde autonomoek eman eta, alorra dela eta, berariazko ordenantzarik ez duten dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

Hala, bada, egun dirulaguntzei buruzko berariazko ordenantza duten alorretako dirulaguntzak arauturik egonen dira –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrari egokitu ondoren– dirulaguntzei buruzko beren berariazko ordenantzaren xedapenen arabera, nahiz beren artikuluetan ordenantza honetara igorri, berau osagarri aplikatzekoa izanik.

Era berean, beren ordenantzaren xedapenen arabera arauturik egonen dira etorkizunean, Burlatako Udalak hala erabakita, berariazko ordenantza izanen duten alorrak, nahiz beren artikuluetan ordenantza honetara igorri, berau osagarri aplikatzekoa izanik.

2 Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.a) artikuluak ezarritakoa bete beharrez, ondotik azaltzen diren objektu, alor, helburu, proiektu, jarduera edo jokabideak izaten ahalko dira dirulaguntzen xede, kontuan hartuta, betiere, horiek dagozkien deialdietan berariaz garatzen ahalko direla, edo zehazkiago zedarritu. Hona hemen:

2.1.–Arlo sozialean:

a) Laguntza ekonomikoak ematea larrialdi sozialeko egoeran dauden familiei, irauteko oinarrizko beharrei erantzuteko.

b) Garraiobide egokitua ematea mugikortasunaren aldetik desgaitasuna duten pertsonei, garraio publiko kolektiboa erabili ezin dutenean.

c) Laguntza ekonomikoak ematea familiei, adingabeak kirol jardueretara joan daitezen eta udal instalazioak erabil ditzaten.

d) Laguntzak ematea familiei, eskola-jantokietara joan daitezen eskola-adinean dauden adingabeak.

e) Laguntzak ematea pertsonei, izaera terapeutikoko jarduera fisikoak egin behar dituztenean.

f) Laguntzak ematea 60 urtetik gorakoei, podologia zerbitzuak erabili behar dituztenean.

g) Laguntzak ematea garraio gastuak ordaintzeko, desgaitasuna duten pertsonak zentro okupazionaletara joaten direnean.

h) Aisia eta astialdiaren alorrean prebentzio eta sustapen proiektuak aurrera eramatea.

i) Gizarte ekintzako proiektuak aurrera eramatea, hala nola laguntza programak gutxiengo etnikoendako, etorkinendako, gizarte-bazterketan daudenendako eta abar.

j) Lankidetza proiektuak egitea garapen bidean dauden herrialdeekin.

k) Garapenerako prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza jarduketak eta proiektuak egitea.

l) Larrialdi humanitarioko jarduketak egitea.

m) Prestakuntzarako laguntza ekonomikoak, gizarteratzeko eta laneratzeko programan parte hartzen dutenendako.

n) Laguntza ekonomikoak 65 urtetik gorakoei bizitoki alternatiboa emateko, zerbitzu gehigarririk gabe, bere kasa ongi moldatzen badira eta bizitokia lortzeko arazo larriak badituzte.

ñ) Berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren arloetako proiektuak aurrera eramatea.

2.2.–Herritarren parte-hartzearen arloan:

a) Proiektuak eta jarduerak egitea herritarren parte-hartzearen arloan dinamizazio eta parte-hartze soziala bultzatzeko.

b) Laguntzak Burlatan asoziazionismoa bultzatzeko eta egoitza Burlatan daukaten elkarteak eratzea sustatzeko.

c) Dirulaguntzak ematea beren proiektuekin herritarren parte-hartzea bultzatzen duten elkarteei.

2.3.–Kirol arloan:

a) Federazio-liga ofizialetan parte hartzen duten kirol taldeendako laguntzak.

b) Kirol amateurrendako laguntzak (kirol taldeak, klubak eta abar).

c) Kirol jarduera, ikuskizun edo ekitaldiak antolatzen dituzten irabazi asmorik gabeko herritar-elkarteendako laguntzak.

d) Kirol ekitaldiak eta jarduerak, eta ikuskizunak, antolatzea, edo kirola sustatzekoak, eta kirol entitateekin lankidetzan aritzea.

2.4.–Hezkuntza eta gazteria arloan:

a) Gazteendako jarduerak egitea, irabazi asmorik gabeko elkarteek antolatuak.

b) Enpresa-sortzaile gazteendako aholkularitza eta horiek enpresak eratzea.

c) Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako guraso elkarteek antolatzen dituzten berezko jardueretarako laguntza.

d) Ikastetxeek eskolaz kanpoko jarduera osagarriak egitea Haur eta Lehen Hezkuntzan.

e) Ikasleen prestakuntzara bideratutako jarduerak eta hezkuntza sektorera bideratutako gainerako jarduerak.

f) Animazio soziokulturaleko jarduerak, gazteendako programak, lehiaketak, erakusketak, gazte kultura eta sorkuntzarekin zerikusirik duten bestelako jarduerak, argibideak eta aholkuak emateko programak, aisia eta astialdiko programak, prestakuntzako eta hezkuntzako jarduerak, aldizkariak eta argitalpenak, eta gazteen parte-hartzea zein asoziazionismoa bultzatzen dituzten jarduerak oro.

g) Animazio soziokulturaleko jarduerak, aisia eta astialdikoak, prestakuntzako eta hezkuntzako jarduerak, argibideak eta aholkuak ematekoak, aldizkariak eta argitalpenak, eta haurren eta haien familien parte-hartzea bultzatzen duten jarduerak oro.

2.5.–Merkataritza, turismo eta lan arloan:

a) Burlatan turismoa sustatzeko jarduerak, bai eta tokiko foroetan zein foro nazionaletan ezagutzera emateko jarduerak ere.

b) Burlatako merkataritzarekin eta merkatari elkarteekin zerikusia duten prestakuntzako jarduerak nahiz programak eta jarduerak.

c) Zuzeneko laguntzak saltegiendako.

d) Laguntzak ematea herritarrei eta/edo saltegiei, tokiko kontsumoa bultzatzeko.

e) Banakako ekintzailetza-proiektuetarako laguntzak.

2.6.–Kultura eta jai arloan:

a) Kultur elkarteek programatu eta egiten dituzten arte eta kultur jarduerak gauzatzea eta programatzea.

b) Sariak, besteak beste: jaietako kartela.

c) Burlatako kultura eta jai lehiakortasuna sustatzea.

d) Kulturaren eta jaien alderdi guztiak sustatu eta zabaltzea.

e) Kolektibo profesionalen kultur jarduna sustatzea.

f) Euskarazko kultur jarduna sustatzea.

g) Sorkuntza eta arte plastikoak, eszenikoak eta musikalak sustatzea.

h) Hiriko jaiak girotzea eta haiek antolatzen parte hartzea.

i) Eta, oro har, sustatzea arteekin, zientziekin eta letrekin zerikusia duen kultur jarduera oro, bai eta hiriko berezko jarduera soziokulturalak ere.

2.7.–Ingurumen eta osasun arloan:

a) Osasun arloko prebentzio, babes eta sustapenerako jarduerak, bizilagun guztiei nahiz zenbait kolektibori bereziki zuzenduak, hala nola gazte, zahar, emakume, haur eta abarri. Populazio-talde batzuen edo besteen osasuna sustatzeko hezkuntza eta prebentzio helburuak dituzten proiektuak edo programak, arlo horretako argibideak eta prestakuntza emateko jarduerak, jardunaldiak, mintegiak eta abar.

b) Hiri eta natur ingurumena babesteko jarduerak, eta babes hori bereziki lortzeko egiten diren jarduerak oro sustatzea, besteak beste, prestakuntzakoak, argibideak ematekoak, herritarrek parte hartzekoak eta ingurumenari buruzko sentsibilizazioaren gainekoak.

c) Energia-aurreztea, energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatzea.

2.8.–Hirigintza arloan:

a) Etxebizitzen birgaitzea berariazko ordenantzan ezarri bezala: fatxadak, estalkiak, irisgarritasuna, esku-hartze orokorreko proiektuak, energia-efizientzia...

b) Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzea.

2.9.–Euskara arloan:

a) Kultur elkarteek, ikastetxeek edo guraso elkarteek euskarazko jarduerak egitea eta programatzea, edo euskara sustatzekoak.

b) Burlatan euskararen erabilera sustatzea.

c) Euskarazko aisia jarduerak sustatzea.

d) Euskarazko kultur jarduna sustatzea.

e) Euskara ikastea sustatzea.

f) Euskal kultura sustatu eta zabaltzea.

2.10.–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan:

a) Elkarteek, ikastetxeek edo guraso elkarteek jarduerak egitea eta programatzea berdintasuna sustatzeko eta emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko.

b) Hizkuntzaren erabilera ez-sexistaren sustapena.

c) Emakumeen ahalduntzerako jarduerak sustatzea.

d) Emakumeek kulturan ikusgaitasuna izan dezaten sustatzea.

e) Zaintzako erantzunkidetasuna sustatzea.

f) Burlatako herritarren artean berdintasun balioak sustatu eta zabaltzea.

g) Proiektuetan genero ikuspegia txertatzea.

2.11.–Aniztasun arloan:

a) Dirulaguntzak ematea beren ekintzekin aniztasuna aitortzea sustatzen duten irabazi-asmorik gabeko entitateei (kultur aniztasuna, genero aniztasuna, funtzionala, etab.).

2.12.–Beste batzuk: Udalaren jardunaren osagarri izan eta artikulu honetan deskribatu ez den beste edozein jarduera, betiere diruz laguntzeko modukoa bada.

3 Artikulu honetan diruz lagungarritzat ageri diren objektu, alor, helburu, proiektu, jarduera edo jokabideak ez dira numerus clausus moduan hartuko ordenantza honen ondorioetarako; aitzitik, dagokien deialdian zabaldu eta zehazten ahalko dira edo, orobat, dirulaguntza lerro berriak ezarri dirulaguntzei buruzko plan estrategikoaren bidez.

2. artikulua. Kontzeptuak eta aplikazio eremu materiala.

1 Hona zer jotzen den dirulaguntzatzat, ordenantza honen ondorioetarako: Burlatako Udalak edo haren erakunde autonomoek pertsona publiko zein pribatuen alde eginiko diru-xedapen oro, ondoko baldintzak betez gero:

a) Dirua ematea pertsona edo entitate onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe.

b) Dirua emateko baldintza izatea honako hauetako bat: helburu jakin bat betetzea, proiektu bat gauzatzea, jardueraren bat egitea, jokabide berezi bat hartzea (jada gauzatuak izan daitezke nahiz oraindik gauzatu gabeak), edo egoera bat gertatzea; pertsona edo entitate onuradunak ezarritako betebeharrak bete beharko ditu.

c) Finantzatzen den proiektuak, ekintzak, jokabideak edo egoerak xedetzat izatea onura publikoko, interes sozialeko edo interes orokorreko jarduera bat sustatzea, edo helburu publiko bat.

2 Honako hauek ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo daude:

a) Burlatako Udalaren edo haren erakunde autonomoen eta beste administrazio publiko batzuen arteko diru ekarpenak.

b) Udalak bere erakunde autonomoei egindako diru ekarpenak, haien eskumenen esparruko jarduna oro har finantzatzekoak badira.

c) Udalak kuota edo derrama gisa egiten dituen diru ekarpenak (ohikoak nahiz ezohikoak) toki-erakundeen elkarte edo federazioetan, Udala horietako kide denean, interes erkideak babestu eta sustatzeko helburuz.

d) Udaleko talde politikoei edo udalkideei egiten zaizkien diru ekarpenak.

e) Ematen diren sariak, pertsona edo entitate onuradunek aurretik eskatu gabe.

f) Onura fiskalak.

3 Gauzazko laguntzen araubide juridiko berezia:

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. tiluluaren I. kapituluan xedatutakoaren arabera eta hura garatzen duten xedapenei jarraikiz arautuko dira doan emandako ondasun eta eskubideak. Hala eta guztiz ere, ordenantza hau aplikatuko zaio ondasunak, eskubideak edo zerbitzuak emateari, Burlatako Udalak edo haren erakunde autonomoek eskuratzen dituztenean haiek hirugarren baten esku uzteko beste xederik gabe.

3. artikulua. Dirulaguntzei buruzko plan estrategikoa.

1 Dirulaguntzak ezartzea proposatzen duten organoek, aurretik, dirulaguntzei buruzko plan estrategiko bat egin beharko dute, eta bertan honako alderdi hauek zehaztu:

–Dirulaguntzen xedea, hura zehazten ahal bada plan estrategikoa prestatzen den unean.

–Dirulaguntzak aplikatuz lortu nahi diren helburu eta ondorioak. Lortu nahi diren xedeek merkatuari eragiten badiote, argi eta garbi identifikaturiko akatsak zuzentzera bideratu behar dira, eta haien ondorioek ahalik eta distortsiorik txikiena ekarri behar dute.

–Eskuratzeko behar den epea.

–Aurreikusitako kostuak.

–Finantzabideak.

2 Horiek horrela, Udalaren alorrek eta erakunde autonomoek dirulaguntzak ezarri nahi badituzte, plan bat prestatuko dute –bakoitzak bere esparru materialaren barnean–, eta bertan aurreko zenbakian aipatu alderdiak jasoko dituzte.

3 Aipatutako plan horrek ahalbidetuko die dirulaguntzak ezartzeko proposatu duten organoei kontrola eta ebaluazioa egin dezaten gero, planaren aplikazioaren ondorioz lorturiko emaitzen gainean.

4. artikulua. Dirulaguntzak emateko printzipio arauemaileak eta irizpide objektiboak.

1 Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek barne hartzen dituen dirulaguntzak:

a) Publikotasuna, gardentasuna, konkurrentzia, objektibitatea, tratu berdintasuna eta diskriminaziorik eza.

b) Eraginkortasuna, ezarritako helburuak betetzean.

c) Efizientzia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

d) Kongruentzia bitartekoen eta laguntzak ematea justifikatzen duten helburuen artean.

2 Deusetan ukatu gabe kasuan kasuko deialdietan ezarritako irizpide propioak eta berariazkoak, honako irizpide objektibo orokor hauek baliatzen ahalko dira Burlatako Udalak dirulaguntzak emateko oinarritzat:

a) Dirulaguntza eskatzen duen pertsona edo entitatearen ahalmen ekonomikoa.

b) Proiektuaren bideragarritasuna.

c) Ekintzaren justifikazioaren, jarritako helburuen eta proposatutako jardueren arteko koherentzia.

d) Jardueraren edo proiektuaren sormena, lantze maila, berrikuntza, originaltasuna eta interesa.

e) Proiektuan genero-ikuspegia txertatzea, euskararen erabilera eta parte-hartzea.

f) Proiektu edo jarduerak sortutako ondorioen iraunkortasun-maila.

g) Beste entitate batzuekiko koordinazio eta lankidetza maila.

h) Antzinatasuna eta esperientzia, gisako proiektuetan.

i) Entitatea zenbat kidek osatzen duten eta jarduerek zenbateko inpaktu soziala duten, jardueretan izena emaniko parte-hartzaile kopuruaren arabera.

j) Eskatzailearen gaitasun teknikoa eta antolaketarako eta kudeaketarako gaitasuna.

k) Proiektua zer neurritan egokitzen zaien baldintza sozialei, kulturalei edo gauzatuko den esparruari dagozkion beste baldintza batzuei.

l) Kalitate teknikoa.

m) Kalitate artistikoa.

n) Dirulaguntzaren eskatzailea autofinantzatzeko gai izatea eta finantzatzeko beste funts batzuk edukitzea.

ñ) Programatutako proiektuaren edo jardueren jarraipen eta ebaluaziorako sistema.

o) Zer ekarpen egiten duen iritzi publikoaren sentsibilizaziorako.

p) Jardueren irisgarritasun maila Burlatako bizilagunentzat.

q) Boluntarioen parte hartzea proiektua edo jarduera gauzatzen.

r) Lagungarri izatea prestakuntzaren edo hezkuntzaren aldetik, xede den populazioaren bizi-kalitatea hobetzeko.

s) Diruz lagundutako jardueraren xede den populazioak parte-hartze aktiboa izatea.

t) Antzinatasuna Burlatako erroldan.

u) Eskabideak Erregistroan aurkezteko ordena kronologikoa.

5. artikulua. Dirulaguntzak emateko baldintzak.

1 Honako baldintza hauek bete behar dira dirulaguntzak emateko:

a) Dirulaguntza ematen duen administrazio organoa eskuduna izatea.

b) Kreditu egokia eta nahikoa egotea, dirulaguntza emateak berekin dakartzan betebehar ekonomikoei aurre egiteko.

c) Dirulaguntza emateko prozedura izapidetzea.

d) Eduki ekonomikoa duten egintzen aurretiazko fiskalizazioa, aplikatzekoak diren arauetan xedaturikoarekin bat.

e) Horretarako eskumena duen organoak gastua onestea.

2 Aurrekoez gain, nahitaezko baldintza izanen da Burlatako udalerriko lurralde esparrua izatea kokalekua, oro har, xedea, helburua betetzeko, proiektua gauzatzeko, jarduera egiteko edo jokabide berezi bat hartzeko (jada gauzatuak nahiz oraindik gauzatu gabeak), edo diruz laguntzen den egoera gertatzeko.

Salbuespen gisa, dirulaguntzaren xede den inguruabarra Burlatako udal-mugarteaz gaindikoa bada, Udalaren interesen aldekoa izan beharko du zuzenean edo zeharka, halako moduz non baldintza horrek aski justifikaturik gelditu beharko baitu espedientean, txosten arrazoitu baten bidez, dirulaguntza eman baino lehen.

Baldintza horretatik salbuetsirik daude garapen eta lankidetza proiektuetarako dirulaguntzak, garapen bidean dauden herriendako laguntza programaren aurrekontuan aurreikusitako %0,7ari lotutakoak, hain zuzen.

3 Ezin izanen dira dirulaguntzen xede izan herritar orori irekiak ez diren jarduerak, hala horiek prestatzean nola gauzatzean.

4 Orobat, ezin izanen dira diruz lagundu ekintza politiko edo erreibindikaziozkoak –jatorriz nahiz gerora gehiturik– barne hartzen dituzten jarduerak, ez eta halako ekintzak egiteko nolanahi erabiltzen direnak ere, tolerantzia hutsez bada ere. Era berean, ez dira diruz lagungarriak izanen herritarren askatasunaren kontrako jarduerak, Konstituzioa urratzen dutenak edo legeak betetzen ez dituztenak. Halako jarduerak gertatzen badira behin dirulaguntza ematea ebatzirik dagoenean, behar diren itzulketa eta zehapen espedienteak irekiko dira, ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.

6. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Burlatako Udalak eta haren erakunde autonomoek eman eta, haien alorra dela eta, berariazko ordenantzarik ez duten dirulaguntzak honako hauek arautuko dituzte: ordenantza honetan jasotako aginduak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen V. tituluaren VI. kapitulua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta aplikagarriak diren administrazio zuzenbideko gainerako arauak.

2 Europar Batasunaren funtsen kargura finantzatzen diren dirulaguntzak jarraikiko zaizkie kasuan-kasuan aplikagarriak diren Batasuneko arauei eta horien garapen edo transposizio diren estatuko arauei.

7. artikulua. Dirulaguntzak emateko organo eskudunak.

1 Burlatako Udalaren esparruan, Alkatetzak izanen du eskumena dirulaguntzak emateko, egun dauden eskuordetzeak edo etorkizunekoak ukatu gabe; kasu horretan, eskuordetze horietan erabakitzen diren organoek izanen dute eskumena, horiexetan zehazturiko norainokoarekin.

2 Erakunde autonomoen esparruan, Lehendakaritzak izanen du eskumena.

8. artikulua. Pertsona edo entitate onuradunak.

1 Dirulaguntzen pertsona edo entitate onuraduntzat joko da dirulaguntza emateko zer jarduera izan den oinarri, jarduera horixe gauzatuko duena, edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran dagoena.

2 Onuraduna pertsona juridikoa denean, pertsona edo entitate onuraduntzat joko dira, orobat, entitate onuraduneko kide izanik, haren izenean eta haren kontura dirulaguntza emateko oinarri izan diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

3 Pertsona edo entitate onuradun izaten ahalko dira pertsona fisikoen edo juridikoen batasunak –publikoak nahiz pribatuak–, ondasun erkidegoak eta bestelako unitate ekonomikoak edo ondare bereiziak, nortasun juridikorik ez izanik ere, baldin eta dirulaguntza emateko arrazoi izan diren proiektu, jarduera edo jokabideak gauzatzen ahal badituzte edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran badaude.

Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen kasuan, publikoak edo pribatuak izan, espresuki adieraziko dira batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak hala laguntzaren eskabidean nola emateko ebazpenean, bai eta haietako bakoitzari aplikatzekoa zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, kide horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Batasunaren ordezkari edo ahalordedun bakar bat izendatu beharko da, batasunari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin, harik eta ordenantza honen 48. eta 59. artikuluetan ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

9. artikulua. Entitate laguntzaileak.

1 Entitate laguntzailetzat joko dira, dirulaguntzari dagokion guztian organo emailearen izenean eta haren kontura ari direlarik, onuradunei funts publikoak eman eta banatzen dizkietenak edo, aurretiaz funtsak eman eta banatu gabe, dirulaguntzaren kudeaketan laguntzen dutenak. Funts horiek ez dira inoiz hartuko entitate laguntzailearen ondaretzat.

Batasuneko araudiaren arabera pertsona edo entitate onuradun izendatutakoak ere entitate laguntzailetzat joko dira, baldin eta beren gain aurreko paragrafoan aipatutako eginkizunak soil-soilik badituzte.

2 Entitate laguntzailetzat hartzen ahalko dira Udalaren mendeko erakunde autonomoak, merkataritza-sozietateak –baldin eta horietan partaidetza osoa edo handiena Udalarena bada–, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen II. tituluaren III. kapituluaren bigarren atalak aipatzen dituen elkarteak, bai eta ezartzen diren kaudimen eta eraginkortasun baldintzak betetzen dituzten gainerako pertsona juridikoak ere, publikoak nahiz pribatuak izan.

3 Burlatako Udalak entitate laguntzailearen eginkizunak betetzen ahalko ditu, dirulaguntzak ematen dituztenean Estatuko Administrazio Orokorrak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, haien erakunde publikoek eta zuzenbide publikoari lotu behar zaizkion gainerako entitateek. Halaber, eta baldintza beretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haien erakunde publikoek entitate laguntzaileen eginkizunak betetzen ahalko dituzte, Burlatako Udalak eta haren erakunde autonomoek emandako dirulaguntzei dagokienez.

10. artikulua. Pertsona edo entitate onuradun edo entitate laguntzaile izateko baldintzak. Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

1 Pertsona edo entitate onuradun edo entitate laguntzaile izan daitezke dirulaguntza jaso ahal izateko moduko egoeran dauden pertsona edo entitateak, edo ordenantza honetan eta deialdietan adierazitako egoeran daudenak.

2 Pertsona edo entitateak ezin dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, ondoren aipatzen diren arrazoietako bat dagoenean, dirulaguntzaren izaeragatik deialdiak berak salbuespenena egiten duenean izan ezik:

a) Epai irmo baten bidez kondenatua izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera.

b) Konkurtsoaren deklarazioa eskatua izatea, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratua izatea, konkurtsoaren deklarazioa izatea, esku-hartze judizial baten pean egotea, edo desgaiturik egotea Konkurtso Legearen arabera, oraindik bukatu ez dela konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaikuntza epealdia.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, kausaren batean erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoak, merkataritzako sozietateen administratzaileek edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenek bateraezintasunaren bat izatea kontratatzeko, kasu bakoitzari aplikatzen zaion berariazko legediaren arabera, edo Hauteskunde-araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak arautzen dituen hautapen bidezko karguetako bat izatea, hartan ezarritako moduan.

e) Dirulaguntza emateko ebazpena ematen den unean, bete gabe izatea zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak, indarra duten xedapenek behartzen dutenez.

f) Egoitza fiskala izatea erregelamenduz paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

g) Udal honek edo haren erakunde autonomoek emandako dirulaguntzak itzultzera beharturik, haiek ordaindu gabe izatea.

h) Epai irmoz, zehapen gisa, dirulaguntzak hartzeko aukera galdu izana administrazio-prozedura batean, dirulaguntza eta laguntza publikoen arloan edo zerga arloan arau-haustea egiteagatik, edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko legediaren arabera.

i) Ordenantza honen 8. artikuluaren 3. apartatuaren bigarren paragrafoan aipatzen diren elkarteak ezin izanen dira pertsona edo entitate onuradun izan, baldin haietako kideetako edozeinek aurreko debekuren bat badu.

j) Halaber, ezin izanen da dirulaguntzen onuradun izan bere edukien artean sexu-harremanetarako kontaktuen iragarkiak edo prostituzio-iragarkiak jasotzen dituen inongo elkarte edo entitate, eta halako jardueratzat hartuko da beste pertsona batzuekin sexu-harremanak diru truke edukitzea. (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.3 artikulua).

3 Ezin izanen dira inola ere izan ordenantza honetan araututako dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradun edo entitate laguntzaile Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuak dituzten elkarteak.

Halaber, elkarteak ezin izanen dira pertsona edo entitate onuradun edo entitate laguntzaile izan, baldin eta etenik badaukate erregistroan inskribatzeko administrazio-prozedura, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak atzeman eta 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedaturikoa aplikatu zaielako, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

4 Halaber, ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman, Burlatako Udalarekin eta haren mendeko erakundeekin dauzkaten zorrak direla eta, premiamendu bidez kobratzeko prozeduran sarturik dauden entitate edo partikularrei, ez eta toki-erakunde honekin zerga-betebeharrak egunean ez dituztenei ere, harik eta zor horiek ordaindu eta likidatu arte edo zerga-betebeharrak bete arte. Ofizioz egiaztatuko dira inguruabar horiek.

Hala eta guztiz ere, salbuespen gisa, dirulaguntzaren izaera nolakoa den, aldez aurretik Burlatako Udalak eta haren mendeko erakundeek ofizioz kitatzen ahalko dituzte dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradunekin kobratzeke dituzten zorrak, zenbateko horiek osorik edo parte batean konpentsatuta dirulaguntzen bidez; edo, baita ere, baldintza hori bete gabe uzten ahalko du, gizarte larrialdietako egoera berezietan. Salbuespen hori aplikatu ahal izateko, aukera horrek jasota egon beharko du kasuan kasuko deialdian, hitzarmenean edo ordenantza honen 28. artikuluan aipatutako ebazpenean, eta espedientean justifikatu beharko dira, halaber, neurri horren salbuespen egoera egiaztatzen duten arrazoiak, txosten tekniko baten bidez.

5 Pertsona edo entitateek, onuradun edo entitate laguntzaile izateko, artikulu honen 2., 3. eta 4. apartatuetan ezarri diren debekuetako bat bera ere ez dutela frogatzeko, ondoko bideetako bat erabiltzen ahalko dute, hautara:

a) Lekukotza judizialaren, ziurtagiri telematikoen edo datu-transmisioen bidez, bat etorriz Estatuko Administrazio Orokorrak edo autonomia-erkidegoek teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzea arautzen duten erregelamenduzko arauekin, edo kasuen arabera, administrazio-ziurtagirien bidez.

b) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez. Deialdian berariazko frogabideak ezartzen ahalko dira. Betiere, administrazioak ahalmena izanen du aurkeztutako adierazpen edo frogagiriak egiazkoak ote diren ikertzeko.

Ez da beharrezkoa izanen udal artxiboetan jasota dauden alderdiak agiri bidez frogatzea; halakoetan, entitatearen legezko ordezkariak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, udal artxiboetan dauden agiriak indarrean daudela eta ez direla aldatu aditzera emateko.

6 Interesdunen eskaerak egin beharko dira eskatzaileak sinatutako eskabide baten bidez, kasuan kasuko deialdiak ezarritako eredu normalizatuarekin bat.

7 Hona eskaerak aurkezteko epea:

a) Norgehiagoka bidezko dirulaguntzen kasuan, oro har, hilabetekoa izanen da eskaera aurkezteko epea, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita, deusetan ukatu gabe, dirulaguntzaren izaera bereziagatik edo inguruabar bereziak daudelako, deialdiak bestelako epe bat ezartzen ahal duela.

b) Norgehiagokarik gabeko konkurrentzia duten dirulaguntzetan, eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdia argitaratu eta hurrengo lehen egun baliodunean, eta deialdiaren indarraldia bukatu arte iraunen du.

11. artikulua. Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

1. Hauek dira pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntza emateko oinarri izan den helburua betetzea, edo proiektua gauzatzea, edo jarduera egitea edo jokabidea hartzea.

b) Organo emaileari edo, halakorik bada, erakunde laguntzaileari justifikatzea betetzen direla betebeharrak eta baldintzak, eta gauzatu eta bete direla dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua.

c) Organo emaileak edo entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztapenak onartzea, bai eta kontrol organo eskudunek egin beharreko egiaztapenak eta finantza-kontrolak ere, eta halako jarduketak egiteko eskatzen den informazio guztia ematea, udal artxiboetan jasota ez badago.

d) Organo emaileari edo erakunde laguntzaileari komunikatzea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta beti, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman baino lehen, frogatzea egunean izaten direla zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Ofizioz egiaztatuko da Burlatako Udalarekiko zerga-betebeharrak egunean izatea.

f) Egiaztatze eta kontrol ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzearren, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako dokumentuak behar bezala auditatuak izatea, pertsona edo entitate onuradunari kasu bakoitzean aplikatzen zaion merkataritzako eta sektoreko legeetan agindutako moduan, bai eta deialdietan eta ebazpenetan eska daitezkeen kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak ere.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

h) Behar bezalako publizitatea egitea, dirulaguntza jaso duten edonolako programak, jarduerak, inbertsioak edo jarduketak Burlatako Udalak finantzatu dituztela jakitera emate aldera, baldin eta betebehar hori eskatzen badu kasuan kasuko deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak.

i) Jasotako funtsak itzultzea, ordenantza honek xedaturiko kasuetan.

j) Euskararen udal ordenantzan arauturik dagoena bete eta aplikatzea, euskararen presentzia areagotze aldera udalerriko bizitza sozialean.

Udalak diruz lagundutako jardueretan edo Udalarekin edo haren erakunde autonomoekin lankidetza-hitzarmena sinatuta duten elkarte, klub, fundazio, kolektibo, talde eta GKE-ek sustatutako jardueretan, honako hauek izanen dira kontuan:

a) Burlatako Udalaren dirulaguntzak jasotzen dituzten elkarte eta entitateek, pertsona fisiko eta juridikoek, ele bitan idatzi eta ezagutarazi beharko dituzte diruz lagundutako jarduerei dagozkien idazki, iragarki eta oharrak, besteak beste; halaber, ahozko zein idatzizko propaganda euskaraz ere egin beharko dute. Era berean, ekitaldi zehatzetan ematen diren mezuak euskaraz ere jakinarazi beharko dira. Euskaraz eta gaztelaniaz eginiko komunikazio eta adierazpenen elementuak ele bitan eginen dira, berdintasunera albait gehien hurbiltzen den formula bat baliatuz. Horretarako, Euskara Zerbitzuaren laguntza eskatzen ahalko dute.

b) Euskarazko eskariari erantzuteko behar diren bideak jarriko dituzte. Euskarazko taldeak eratzeko eskatuko diren baldintzak (gutxieneko parte-hartzaile kopurua...) gaztelaniazko taldeak eratzeko eskaturiko berberak izanen dira.

c) Behar diren neurriak hartuko dira, jarduera horietarako erabili eta diruz lagunduak dauden jantziak pixkanaka ele bitan ager daitezen.

d) Helburuen artean euskara bultzatzea duten tokiko entitateak sustatu ditu Udalak, eta laguntza ekonomiko eta materiala emanen die, beren zeregina egoki eta eraginkortasunez egin dezaten.

e) Hiriko saltegi eta negozioetan bi hizkuntzak erabiltzea eta ele bitan errotulatzea sustatuko da, bai Euskara Zerbitzuaren zuzeneko laguntzaren bidez, itzulpenak egiteko, bai laguntza ekonomikoak emateko deialdien bidez, establezimenduetako errotuluak eta kartelak berritzeko.

k) Hizkera ez-sexistaren erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantzan arauturikoa betetzea.

12. artikulua. Entitate laguntzaileen betebeharrak.

1 Hauek dira entitate laguntzaileen betebeharrak:

a) Pertsona edo entitate onuradunei funtsak ematea, kasuan kasuko deialdian edo entitate emailearekin sinatutako hitzarmenean ezarritako irizpideei jarraikiz.

b) Dirulaguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak edo betebeharrak betetzen direla egiaztatzea. Halaber, dirulaguntza emateko eta jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla egiaztatzea.

c) Dirulaguntzak ematen dituen organoaren aurrean justifikatzea hartutako funtsak banatu dituela, eta, hala badagokio, entregatzea pertsona edo entitate onuradunek aurkeztutako justifikazioa.

d) Organo emaileak funtsen kudeaketari buruz egin beharreko egiaztapenak onartzea, bai eta kontrol organo eskudunek egin beharreko egiaztapenak eta finantza-kontrolak ere, eta halako jarduketak egiteko eskatzen den informazio guztia ematea, udal artxiboetan jasota ez badago.

13. artikulua. Lankidetza-hitzarmena.

1 Lankidetza-hitzarmen bat eginen da organo emailearen eta entitate laguntzailearen artean, eta bertan arautuko dira entitate laguntzaileak bete beharreko baldintzak eta betebeharrak.

2 Lankidetza-hitzarmenean honako hauek jaso behar dira, gutxienez:

a) Lankidetzaren xedea eta entitate laguntzailea zein diren.

b) Entitate laguntzaileak kudeatuko dituen dirulaguntzen gaineko araudi berezia zein den.

c) Lankidetza-hitzarmenak zer iraunaldia izanen duen.

d) Dirulaguntza ematen duen organoaren aldeko berme neurriak eratu behar badira, horiek zein diren, nola eratuko diren eta horiek ezerezteko prozedura zein den.

e) Entitate laguntzaileak zer baldintza bete eta betearazi behar dituen, dirulaguntzak kudeatzeko prozeduraren fase bakoitzean.

f) Funts publikoen banaketan lagunduz gero, entitate laguntzaileari funtsak emateko epea zein den eta hartutako funtsak pertsona edo entitate onuradunen esku utzi arte horiek gordailutzeko baldintzak zein diren.

g) Funts publikoen banaketan lagunduz gero, organo emaileak onartu dituen dirulaguntzak zer baldintzatan utziko diren pertsona edo entitate onuradunen eskutan.

h) Pertsona edo entitate onuradunek nola justifikatuko duten dirulaguntzak emateko baldintzak betetzen direla eta hori egiaztatzeko baldintzak zein diren.

i) Pertsona edo entitate onuradunek dirulaguntzen gaineko justifikazioa nola eta zer epetan aurkeztuko duten eta, funts publikoen banaketan lagunduz gero, entitate laguntzaileak funtsak onuradunei eman dizkiela nola eta zer epetan frogatuko duen.

j) Entitate laguntzaileak kontabilitateko zer liburu eta zer erregistro eraman behar dituen, dirulaguntzaren justifikazio egokia errazteko eta ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko.

k) Funtsak itzultzeko betebeharra, ez badira betetzen dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak eta betebeharrak eta, betiere, ordenantza honetan arauturiko kasuetan.

l) Entitate laguntzailearen beharra, aurreko artikuluaren 1. apartatuaren d) paragrafoan aurreikusitako egiaztapen eta kontrol jarduketak onartzeko.

m) Entitate laguntzailearendako konpentsazio ekonomikorik ezarri behar bada, hura zein den.

3 Lankidetza-hitzarmenaren testuak dagokion oniritzi juridikoa jaso beharko du, eta horri gehituko zaio Udalaren edo, kasua bada, organo autonomoaren zerbitzu juridikoen txosten juridikoa, zuzenbidearekin bat datorrela adierazteko.

4 Burlatako Udala entitate laguntzaile gisa aritzen denean, Estatuko Administrazio Orokorrak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haiei loturiko edo haien mendeko erakunde publikoek dagozkien hitzarmenak sinatu beharko dituzte Udalarekin; haietan zehaztuko dira funtsak banatu eta emateko baldintzak eta justifikazioa egiteko eta kontu emateko irizpideak.

Era berean eta baldintza beretan jokatuko da Estatuko Administrazio Orokorra, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa edo haiei loturiko edo haien mendeko erakunde publikoak entitate laguntzaile gisa aritzen direnean, Burlatako Udalak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten dirulaguntzei dagokienez.

5 Entitate laguntzaileak zuzenbide pribatuaren mendeko pertsonak izanez gero, aurretiaz hautatuko dira publizitatearen, konkurrentziaren, berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioei lotutako prozedura baten bidez, eta hitzarmen bidez formalizatuko da lankidetza, salbu eta, lankidetzaren xedea dela eta, Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Foru Legea guztiz aplikatzekoa den kasuetan.

6 Hautapen prozeduran eta hitzarmenean berariaz adierazi beharko da entitateak funts publikoak banatuko dizkien ala ez pertsona edo entitate onuradunei.

7 Kontratuan nahitaez jaso beharko da artikulu honen 3. apartatuan xedaturiko gutxieneko edukia, bai eta administrazio kontratuei buruzko araudian eskatutakoa ere, eta berariaz adierazi beharko da kontratistak onartu egiten dituela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean entitate laguntzaileei ezarritako gainerako betebeharrak.

II. TITULUA

Dirulaguntzak emateko prozedurak

I. KAPITULUA

Prozeduren sailkapena

14. artikulua. Dirulaguntza emateko prozedurak: norgehiagokakoa, banakako ebaluazioaren bidezkoa eta zuzenekoa.

Dirulaguntzak emateko ohiko prozedura izapidetuko da norgehiagokako prozeduraren araubideari jarraikiz. Honako hau joko da norgehiagokatzat: dirulaguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, deialdi bakoitzean ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta dirulaguntza esleitzea irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei, deialdi bakoitzean ezarritako gastu muga gainditu gabe.

Eskaerak baloratzeko ebaluazio batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:

–Batzordeburua: ahal dela, alkatea edo dagokion alorreko zinegotzi ordezkaria izanen da.

–Batzordekide bat: ahal dela, teknikari bat.

–Idazkaria: teknikari batek izan beharko du, eta hitza eta botoa izanen ditu.

Ebaluazio batzorde bakoitza eratuko duten kideen izendapena kasuan kasuko deialdian adieraziko da. Bestela, alkateak egiten ahalko du geroago izendapen hori.

Batzordearen jarduna lotuko zaio administrazio-prozedura erkideari buruzko araudiak kide anitzeko organoendako ezarririko araubideari; txosten-proposamen arrazoitu bat eman beharko du, eginiko ebaluazioaren emaitza zehazteko.

Salbuespenez, deialdiaren xedea zein den eta horrexekin bat, eta deialdian hala aurreikusiz gero, organo eskudunak dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatzen ahalko du dirulaguntzetarako esleituriko gehieneko zenbateko osoa.

2 Aurreko apartatuan xedatua gorabehera, dirulaguntzaren izaera kontuan harturik “konkurrentzia” izan bai, baina ez badu “norgehiagokakoa” izateko ezaugarririk, hau da, “norgehiagokarik gabeko konkurrentzia” bada, “banakako ebaluazioaren araubidea” aplikatuko da.

Banakako ebaluazioaren araubidetzat joko da norgehiagokarik gabeko konkurrentzia prozedura, non eskaerak jaso ahala espedienteak izapidetu eta ebatziko baitira eta dirulaguntzak emanen baitira horretarako aurrekontu-krediturik dagoen bitartean.

Banakako ebaluazioaren araubideari ordenantza honetan jasotako norgehiagokako prozeduraren arau orokorrak zaizkio aplikagarri, salbu eta “norgehiagokaren” berezko ezaugarriari dagozkion alderdietan edo eskakizunetan, aplikagarriak ez badira dirulaguntza mota honen izaera bereziagatik.

Araubide berezi honetan ez da nahitaez eratu beharko aurreko apartatuan xedatu den kide anitzeko balorazio batzordea; izan ere, instrukzio organoari egokituko zaio ofizioz egitea eskaeren gaineko ebaluazioa, bat etorriz deialdian, hitzarmenean, ebazpenean edo berariazko ordenantzan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunekin.

3 Dirulaguntza hauek zuzenean ematen ahalko dira:

a) Burlatako Udalaren aurrekontu orokorrean berariaz izendatutakoak.

b) Udalak ematen dituenak lege mailako arauren batek hala aginduta edo horien zenbatekoa zehaztuta. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

c) Salbuespen gisa, interes publiko, sozial, ekonomiko, hezkuntzazko, kultural, zientifiko zein humanitarioko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste batzuk egiaztatzen dituzten dirulaguntzak, baldin eta, hartzaileak direla-eta, konkurrentzia publikoaren aukera baztertu behar bada, dirulaguntzaren xedea gauzatzeko gaitasuna pertsona edo entitate onuradun bakarrak edo pertsona edo entitate onuradunen talde bakarrak daukalako.

3 Hala norgehiagokaren araubidearen nola zuzeneko prozeduraren bidez emandako dirulaguntzek ezin izanen dute gainditu dagokien deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean ezarritako zenbatekoa.

II. KAPITULUA

Dirulaguntzak norgehiagoka bidez emateko prozedura

15. artikulua. Hasiera: deialdia.

1 Dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da beti.

2 Ofiziozko hasiera gauzatuko da ordenantza honetan ezarritako organo eskudunak onetsiko duen deialdi baten bidez.

3 Udaleko alor kudeatzaileak edo erakunde autonomo kudeatzaileak, arloa zein den, organo eskudunari aurkeztuko dio deialdiaren proposamena, behin aurrekontuan eskuragarri dauden kredituetatik beharrezko kreditua atxiki, eta Udalaren Kontu-hartzailetzak txostena egin eta gero, hark onar dezan. Deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) argitaratu beharko da, eta haren laburpena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

4 Deialdiak eduki hau izanen du, gutxienez ere.

a) Adierazi beharko da Burlatako Udalaren Dirulaguntzen Ordenantza Orokorra behin betiko onesteko Udalbatzaren erabakia, eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialaren zein zenbakitan eta zein datatan eman zen argitara ere, salbu eta oinarri arautzaileak deialdian bertan argitaratzen badira, berariazkoak direlako.

b) Aurrekontuetako zein kredituri egozten zaizkion dirulaguntzak, eta dauden kredituen barnean zein den dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa.

c) Dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua.

d) Adierazi beharko da dirulaguntza emanen den norgehiagokaren araubidean ala banakako ebaluazioaren araubidean.

e) Dirulaguntza eskatzeko betebeharrak eta horiek frogatzeko modua.

f) Prozedura ebazteko organo eskuduna zein den, bai eta instrukzio organoa ere.

g) Ebaluazio batzordea eratuko duten kideen izendapena.

h) Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

i) Ebatzi eta jakinarazteko epea.

j) Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta argibideak.

k) Ebazpenak administrazio bideari amaiera ematen diolako ohartarazpena.

l) Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

m) Hala behar badu, eta deialdiaren xedea zein den, adierazi beharko da ea gehieneko zenbateko osoa hainbanatuko den dirulaguntzen pertsona eta entitate onuradunen artean.

n) Jakinarazteko edo argitaratzeko bideak.

ñ) Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka jartzen ahal diren errekurtsoak.

o) Balorazioko berdintasun klausulak edo, bestela, zenbait jarduketa nahitaez bete beharra, entitate eskatzaileek hizkera ez-sexista erabiltzeko eta genero-berdintasuna benetan lortzeko xedez, salbu eta, laguntzaren izaeragatik, halakorik ez sartzea justifikaturik badago

Era berean, klausula batzuk jasoko dira, zeinek galaraziko baitute laguntzak ematea entitate eskatzaileei, baldin zehapena edo kondena jaso badute sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik, horiek ezarrita badaude administrazio ebazpen irmoz edo epai irmoz. Horretarako, enpresa eta entitate eskatzaileek, laguntzak eskatzeko unean, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez direla betetzen ari arrazoi horiengatik ezarritako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik edo, kasua bada, ez dutela betetzeko halako zehapenik edo kondena epairik.

Aurreko apartatuan aurreikusitako egoeran dauden entitate eta enpresek laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo kondena bete, eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legedian xedaturiko baldintzekin, halako plana eskatzen ahal zaien kasuetan.

p) Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

Gehigarri gisa, deialdiak honako alderdi hauek jasotzen ahalko ditu:

a) Azpikontratazioa egiteko aukera, betiere ordenantza honetan ezarritako mugekin bat.

b) Pertsona edo entitate onuradunak proiektuaren aurrekontuaren ehuneko zenbat finantzatu behar duen, dela bere funts propioekin, dela beste dirulaguntza batzuen bidez.

c) Ordaintzeko modua, behar izatera konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak egiteko aukera ezarri eta justifikatuta.

d) Justifikatzeko modua, dagozkion agiriak aurkezteko epea eta ebaluazio memorian adierazi beharreko alderdiak.

e) Proiektuan aldaketak egiteko aukera, aurreikusi ez diren inguruabarrak direla medio.

f) Beharrezkoa bada, eta dirulaguntzaren izaera nolakoa den, adierazi beharko da ea posible den ofizioz kitatzea dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradunekin kobratzeke dituen zorrak, zenbateko horiek dirulaguntzen bidez konpentsatuta.

h) Beharrezkoa bada, pertsona edo entitate onuradunek edo entitate laguntzaileek eratu behar dituzten berme neurriak, eta horiek eratzeko, gordailutzeko eta ezerezteko modua.

i) Beharrezkoa bada, diruz lagundutako jardueraren gaineko agiri guztietan eta propaganda idatzi edo grafiko orotan Udal honen dirulaguntza jaso duela adierazteko baldintza.

5. Deialdi bakoitzaren testuak oniritzi juridikoa izan beharko du.

6. Pertsona edo entitate interesdunen eskabidearekin batera, dagokion deialdian zehaztutako agiriak eta argibideak aurkeztuko dira, salbu eta eskatutako agiriak administrazio honen edo beronen erakunde autonomoen eskuetan badaude; halakoetan, haien ordez erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko, agiriak noiz eta zer organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, kasua bada, egin ziren edo jasota dauden.

Inoiz ere ezin izanen dira bost urte baino gehiago iragan, dagokien prozedura amaitu zenetik.

Arestian xedatua gorabehera, administrazio honek edo beronen erakunde autonomoek ezin badute agiria eskuratu, aurkezteko eskatzen ahal izanen diote eskatzaileari edo, bestela, agirian erakusten diren baldintzak beste bide batzuen bidez frogatzeko, ebazpen-proposamena eman aurretik betiere.

7. Dirulaguntzen deialdiak, aukeran, agiri jakin batzuen ordez, eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea onartzen ahalko du.

8. Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak, pertsona edo entitate interesdunari zuzen dezala eskatuko zaio, gehienez ere 10 eguneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egintzat joko dela, aurretiaz ebazpena emanik.

16. artikulua. Instrukzioa.

1. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa honako hauek eginen dute:

a) Burlatako Udalaren esparruan, dirulaguntza kudeatzen duen alorreko teknikariek.

b) Erakunde autonomoen esparruan, deialdian zehaztutako organoak edo langileek.

2 Instrukzio organoak datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketak eginen ditu, ofizioz, horiei jarraikiz eginen baita ebazpen-proposamena.

3 Instrukzio jarduketek honako hauek barne hartuko dituzte, nahitaez:

a) Ebazpena emateko beharrezkotzat jotzen diren txosten guztiak eskatzea. Txostena emateko epea 10 egunekoa izanen da, instrukzio organoak, txostenaren edo prozeduraren ezaugarriak kontuan hartuta, txostena epe luzeagoan edo laburragoan emateko eskatzen duenean izan ezik; betiere epeak ez du bi hilabetetik gora joko.

b) Eskaeren gaineko ebaluazioa, betiere deialdian ezarritako balorazio irizpideak, moduak eta lehentasunak aintzat harturik.

4 Instrukzio organoak aurre-ebaluazio bat eginen du, eta haren emaitza txosten batean jasoko da, non egiaztatuko baita, eskura daukan informazioaren arabera, pertsona edo entitate onuradunek betetzen dituztela halakoak izateko bete behar dituzten baldintza guztiak.

5 Aurre-ebaluazioko fasea bukaturik, espedientea balorazio batzordera igorriko da, eskaeren ebaluazioa egiteko. Balorazio batzordeak egin beharko du proposamen-txosten arrazoitu bat, eta bertan agertuko da egindako ebaluazioaren emaitza.

6 Instrukzio organoak, espedientea eta balorazio batzordearen txostena ikusita, ebazpen-proposamena eginen dio, behar bezala arrazoitua, ebazteko eskumena duen organoari.

7 Ebazpen-proposamenak ez du inolako eskubiderik sortzen proposatutako pertsona edo entitate onuradunarendako Burlatako Udalaren edo haren erakunde autonomoen aurrean, harik eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten zaion arte.

17. artikulua. Ebazpena.

1. Behin ebazpen-proposamena eta espedientearen gainerakoa jasota, organo eskudunak prozedura ebatziko du, betiere Udalaren Kontu-hartzailetzak hori fiskalizatu eta gero.

2 Ebazpena arrazoituko da ordenantza honetan eta bera arautzen duen deialdian ezarritakoarekin bat; prozeduran egiaztaturik gelditu behar dira emandako ebazpenaren oinarriak.

3 Ebazpenak hauek adierazi beharko ditu berariaz: dirulaguntza ematea onartzen zaien eskatzaileen zerrenda, dirulaguntzaren zenbatekoa eta, eskaera ezetsirik izanez gero, horien pertsona edo entitate eskatzaileak.

4 Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabete izanen da, gehienez ere. Epea kasuan kasuko deialdia argitaratu eta hortik aurrera zenbatuko da, salbu eta deialdiak berak ondorioak aurreragoko data batera geroratzen baditu. Prozedura ebazteko gehieneko epea iragaten bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

5 Ebazpena eskatzaileei jakinaraziko zaie, eta amaiera emanen dio administrazio bideari. Adierazi beharko da zein errekurtso diren bidezko haren aurka eta horiek zein organo administratibori eta judiziali zuzendurik aurkeztu behar diren, eta zein epetan, interesdunek egokia iruditzen zaien beste edozein erabiltzen ahalko badute ere.

18. artikulua. Publizitatea.

1 Dirulaguntza emateko ebazpena Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da indarreko legediak hala eskatzen duenean, honako hauek adierazirik: deialdia, aurrekontuan dagozkion kreditua eta programa, pertsona edo entitate onuraduna, ematen den zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea edo xedeak. Alabaina, argitaratzea ez da inoiz ere beharrezkoa izanen honako kasu hauetan:

a) Emandako dirulaguntzen zenbatekoak, banan-banan hartuta, 3.000 eurotik beherakoak direnean. Kasu horretan, horren ordez, gardentasun atarian argitaratuko da.

b) Dirulaguntzaren xedea dela eta, daitekeena denean pertsona edo entitate onuradunaren datuak argitaratzeak kalte egitea ohorearekiko errespetu eta babesari, pertsona fisikoen edo horien familiaren intimitateari, edo norberaren irudiari, maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan xedaturikoaren arabera (Ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako babes zibilari buruzko Lege Organikoa).

2 Burlatako Udalak, patronatuek edo enpresa publikoek emandako dirulaguntza orok berekin ekartzen ahalko du baldintzatzat, diruaz lagundutako jardueraren gaineko agirietan eta propaganda idatzi edo grafikoan, Udal honen dirulaguntza jaso izana adierazi beharra, baita Burlatako Udalaren logotipoa ere agertuta.

18.bis artikulua. Burlatako Udalak, patronatuek edo enpresa publikoek emandako dirulaguntza orok, edo Nafarroako administrazio publikoen parte-hartzea dutenek, emakumeen eta gizonen berdintasunezko, aniztasunezko eta estereotiporik gabeko irudi bat emanen dute, eta programazioak prestatzean hizkera eta irudi ez-sexistak erabiliko dituzte.

III. KAPITULUA

Udalaren aurrekontu orokorrean berariaz izendatutako dirulaguntzak zuzenean emateko araubidea eta prozedura

19. artikulua. Araubidea.

1 Udalaren aurrekontu orokorrean berariaz izendatuta aurreikusitako dirulaguntzak arautuko dituzte berak emateko ebazpenek nahiz berak bideratzeko sinatuko diren hitzarmenek. Hitzarmen horietan ezarriko dira aplikatzen ahal zaizkien baldintzak eta berariazko konpromisoak, betiere ordenantza honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako xedapenekin bat, salbu eta konkurrentzia eta publizitate printzipioei dagozkienak.

2 Hitzarmenaren testuan, honako hauek zehaztu beharko dira, gutxienez:

a) Hitzarmena sinatzen duten alderdiak, pertsona edo entitate onuradunaren identifikazio datuak adierazita.

b) Xedearen deskribapena.

c) Aurreikusitako jarduketak eta alderdien konpromisoak.

d) Zein aurrekontu-kredituri egozten zaion dirulaguntza.

e) Dirulaguntzaren zenbatekoa eta, hala badagokio, pertsona edo entitate onuradunak proiektuaren aurrekontuaren ehuneko zenbat finantzatu behar duen, dela finantzaketa propioaren bidez, dela beste dirulaguntza batzuen bidez.

f) Justifikatzeko modua, dagozkion agiriak aurkezteko epea eta ebaluazio memorian adierazi beharreko alderdiak.

g) Pertsona edo entitate onuradunak aurkeztu beharreko agiriak.

h) Indarraldia, betebeharrak eta baldintzak.

i) Dirulaguntzaren bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

j) Jarraipena egiteko mekanismoak, hitzarmena nola gauzatzen den egiaztatzeko.

k) Araubide juridikoa.

l) Hitzarmenaren administrazio izaera, eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioari men egiteko beharra, hitzarmenaren edukien eta aplikazioaren inguruan sortzen diren auzietan, halakorik sortuz gero.

3 Gehigarri gisa, hitzarmenak honako alderdi hauek jasotzen ahalko ditu, besteak beste:

a) Azpikontratazioa egiteko aukera, betiere ordenantza honetan ezarritako mugekin bat.

b) Konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak egiteko aukera ezarri eta justifikatzea, kasua bada.

c) Beharrezkoa bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezarritako arau orokorretatik salbuestea dakartzaten berariazkotasunak.

d) Beharrezkoa bada, eta dirulaguntzaren izaera nolakoa den, adierazi beharko da ea posible den ofizioz kitatzea dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradunekin kobratzeke dituen zorrak, zenbateko horiek dirulaguntzen bidez konpentsatuta.

e) Beharrezkoa bada, pertsona edo entitate onuradunek eratu behar dituzten berme neurriak, eta horiek eratzeko, gordailutzeko eta ezerezteko modua.

f) Beharrezko bada, diruz lagundutako jardueraren gaineko agirietan eta propaganda idatzi edo grafikoan Udal honen dirulaguntza jaso duela adierazteko baldintza.

20. artikulua. Hasiera.

Dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, Udalaren alor edo erakunde autonomo kudeatzailearen proposamenaren bidez, betiere nahitaezkoa izanik Udalaren aurrekontu orokorrean berariazko esleipena egotea, dirulaguntza jaso behar duen pertsona publikoaren edo pribatuaren alde.

Udalaren aurrekontu orokorrean zehaztu beharko dira dirulaguntza izendunaren pertsona edo entitate onuraduna, zenbatekoa eta kontzeptua (objektua).

Aurrekontu-partida Udalaren aurrekontuan agertzeak ez du sortzen inolako eskubiderik pertsona edo entitate onuradunarendako, harik eta organo eskudunak, ezarritako prozedurari jarraiki eta gero, dirulaguntza emateko ebazpena ematen duen arte.

Halaber, aurrekontu-ekitaldi batean dirulaguntzaren bat esleitu izanak ez du hurrengo urtealdietarako inolako eskubide igurikimenik sortzen.

21. artikulua. Instrukzioa.

1. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa honako hauek eginen dute:

a) Burlatako Udalaren esparruan, dirulaguntza kudeatzen duen alorreko teknikariek.

b) Erakunde autonomoen esparruan, ebazteko eskumena duenak izendatutako organoak.

Instrukzio jarduketek honako hauek barne hartuko dituzte, nahitaez:

a) Dirulaguntzak arautzen dituen hitzarmenaren testua, zeinak jaso beharko baititu oniritzi juridikoa eta Udalaren edo, bestela, erakunde autonomoen zerbitzu juridikoen txosten juridikoa, zuzenbidearekin bat datorrela adierazteko.

b) Kontu-hartzailetzaren txostena.

c) Instrukzio organoaren txostena, non jasoko baita, eskura dituen datuen arabera, pertsona edo entitate onuradunak baldintzak betetzen dituela dirulaguntza eskuratzeko.

2 Behin instrukzioa buruturik, dirulaguntza emateko proposamena aurkeztuko zaio ordenantza honetan ezarritako organo eskudunari, onets dezan.

22. artikulua. Ebazpena.

1. Behin ebazpen-proposamena eta espedientearen gainerakoa igorrita, organo eskudunak dirulaguntzak emateko prozedura ebatziko du.

2 Ebazpena arrazoituko da ordenantza honetan eta indarreko araudian ezarritakoarekin bat, eta onuradunari jakinaraziko zaio.

23. artikulua. Dirulaguntzaren onarpena.

Dirulaguntzaren onarpena alderdiek hitzarmena sinatzean formalizatuko da.

IV. KAPITULUA

Gainerako dirulaguntzak zuzenean eta salbuespen gisa emateko araubidea eta prozedura

24. artikulua. Araubidea.

Salbuespen gisa, zuzenean ematen ahalko dira interes publiko, sozial, ekonomiko, hezkuntzazko, kultural, zientifiko zein humanitarioko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste batzuk egiaztatzen dituzten dirulaguntzak, baldin eta, hartzaileak direla-eta, konkurrentzia publikoaren aukera baztertu behar bada, dirulaguntzaren xedea gauzatzeko gaitasuna pertsona edo entitate onuradun bakarrak edo pertsona edo entitate onuradunen talde bakarrak daukalako.

Kasu honetan, dirulaguntzaren erabilgarritasuna, interes soziala edo helburu publiko baten lorpena arrazoitu ez ezik, espedientean eta txosten arrazoitu baten bitartez, justifikatu beharko da ezinezko izan dela publizitate eta konkurrentzia printzipioak aplikatzea.

25. artikulua. Hasiera, instrukzioa eta tresna.

1 Organo kudeatzaileak emanen dio hasiera espedienteari; hartan, nahitaez sartu beharko da aurreko kapituluan deskribatutako inguruabarrak badirela egiaztatzen duen justifikazio txosten arrazoitua.

2 Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa honako hauek eginen dute:

a) Burlatako Udalaren esparruan, dirulaguntza kudeatzen duen alorreko langileek.

b) Erakunde autonomoen esparruan, ebazteko eskumena duenak izendatutako organoak edo langileek.

3 Instrukzio jarduketek honako hauek barne hartuko dituzte, nahitaez:

a) Dirulaguntzak arautzen dituen hitzarmenaren testua prestatzea, zeinak jaso beharko baitu oniritzi juridikoa, Udalaren edo, bestela, erakunde autonomoaren zerbitzu juridikoena.

b) Udalaren Kontu-hartzailetzaren fiskalizazioa.

c) Instrukzio organoaren txostena, non jasoko baita, eskura dituen datuen arabera, onuradunak baldintzak betetzen dituela dirulaguntza eskuratzeko.

4 Behin instrukzioa buruturik, dirulaguntza emateko proposamena aurkeztuko zaio ordenantza honetan ezarritako organo eskudunari, onets dezan.

5 Aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera emaniko dirulaguntzak bideratzeko tresna, oro har, hitzarmena izanen da, eta bertan ezarriko dira berariazko baldintzak eta estipulazioak.

26. artikulua. Hitzarmenaren edukia.

1 Hitzarmenaren testuan honako hauek zehaztu beharko dira:

a) Hitzarmena sinatzen duten alderdiak, pertsona edo entitate onuradunaren edo onuradunen identifikazio datuak adierazita.

b) Dirulaguntzen xedearen deskribapena, betiere adierazita hala dirulaguntzen izaera berezia nola interes publiko, sozial, ekonomiko, hezkuntzazko, kultural, zientifiko zein humanitarioa, edo behar bezala justifikatutako beste edozein, egiaztatzen dituzten arrazoiak, baldin eta horiek, hartzaileak direla-eta, konkurrentzia publikoaren aukera baztertzen badute, dirulaguntzaren xedea gauzatzeko gaitasuna pertsona edo entitate onuradun bakarrak edo pertsona edo entitate onuradunen talde bakarrak daukalako.

c) Aurreikusitako jarduketak eta alderdien konpromisoak.

d) Zein aurrekontu-kredituri egozten zaion dirulaguntza.

e) Dirulaguntzaren zenbatekoa eta onuradunak edo onuradun taldeak proiektuaren aurrekontuaren ehuneko zenbat finantzatu behar duen, dela finantzaketa propioaren bidez, dela beste dirulaguntza batzuen bidez.

f) Justifikatzeko modua, dagozkion agiriak aurkezteko epea eta ebaluazio memorian adierazi beharreko alderdiak.

g) Pertsona edo entitate onuradunak aurkeztu beharreko agiriak, behar izanez gero.

h) Indarraldia, betebeharrak eta baldintzak.

i) Dirulaguntzaren bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

j) Jarraipena egiteko mekanismoak, hitzarmena nola gauzatzen den egiaztatzeko.

k) Araubide juridikoa.

l) Hitzarmenaren administrazio izaera, eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioari men egiteko beharra, hitzarmenaren edukien eta aplikazioaren inguruan sortzen diren auzietan, halakorik sortuz gero.

2 Gehigarri gisa, hitzarmenak honako alderdi hauek jasotzen ahalko ditu, besteak beste:

a) Azpikontratazioa egiteko aukera, betiere ordenantza honetan ezarritako mugekin bat.

b) Konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak egiteko aukera ezarri eta justifikatzea, kasua bada.

c) Beharrezkoa bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezarritako arau orokorretatik salbuestea dakartzaten berariazkotasunak.

d) Beharrezkoa bada, eta dirulaguntzaren izaera nolakoa den, adierazi beharko da ea posible den ofizioz kitatzea dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradunekin kobratzeke dituen zorrak, zenbateko horiek dirulaguntzen bidez konpentsatuta.

e) Pertsona edo entitate onuradunek eratu behar dituzten berme neurriak, halakorik ezartzen bada, eta horiek eratzeko, gordailutzeko eta ezerezteko modua.

f) Beharrezkoa bada, diruz lagundutako jardueraren gaineko agiri guztietan eta propaganda idatzi edo grafiko orotan Udal honen dirulaguntza jaso duela adierazteko baldintza.

27. artikulua. Ebazpena.

1. Udalaren alor edo erakunde autonomo kudeatzaileak, behin beharrezko kreditua atxikirik eta Udalaren Kontu-hartzailetzak txostena egin eta gero, ordenantza honetan ezarritako organo eskudunari aurkeztuko dio dirulaguntzak emateko proposamena, onar dezan.

2 Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabete izanen da, gehienez ere. Epea zenbatuko da hasteko ebazpena ematen denetik aurrera, salbu eta ebazpenak berak ondorioak aurreragoko data batera geroratzen baditu.

3 Ordenantza honen 17. eta 18. artikuluak arautuko dituzte dirulaguntza emateko erabakiaren motibazioa, edukia, jakinarazpena, errekurtso araubidea eta argitalpena.

4 Dirulaguntza emateko ebazpena argitaratuko da.

Dena dela, ez da argitaratu beharko kasu hauetan:

a) Emandako dirulaguntzen zenbatekoak, banan-banan hartuta, 3.000 eurotik beherakoak direnean. Kasu horretan, horren ordez, gardentasun atarian argitaratuko da.

b) Dirulaguntzaren xedea dela eta, daitekeena denean pertsona edo entitate onuradunaren datuak argitaratzeak kalte egitea ohorearekiko errespetu eta babesari, pertsona fisikoen edo horien familiaren intimitateari, edo norberaren irudiari, maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan xedaturikoaren arabera (Ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako babes zibilari buruzko Lege Organikoa).

28. artikulua. Prozedurako salbuespenak.

Salbuespenez, ez da beharrezkoa izanen aipatu hitzarmenik egitea, baldin eta, ordenantza honen 24. artikuluan jasotako inguruabarrez gain, ondoko bi baldintza hauek betetzen badira:

a) Dirulaguntzaren zenbatekoa 3.000 eurotik gorakoa ez bada, pertsona edo entitate onuradun, jarduera eta ekitaldi bakoitzeko.

b) Jarduera gauzatuko duen pertsona fisiko edo juridikoaren edo entitatearen ezaugarriak direla eta, ezinezko gertatzen bada konkurrentzia publikoa sustatzea, dirulaguntzaren xedea gauzatzeko gaitasuna pertsona edo entitate onuradun bakarrak edo pertsona edo entitate onuradunen talde bakarrak daukalako.

Kasu honetan, dirulaguntza emateko ebazpenak berak ezarriko du zergatik ez den deialdia konkurrentzia bidez egin, salbuespena egiteko arrazoiak emanez. Ebazpenean, orobat, baldintzak eta konpromisoak ezarriko dira, bai eta pertsona edo entitate onuradunak edo onuradunek jasotako funtsen aplikazioa justifikatzeko modua ere, ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.

Nolanahi ere, dirulaguntzak emateko espedientea izapidetuko da. Espedientean txosten tekniko bat jaso beharko da, norgehiagoka bidez ezin dela gauzatu eta salbuespenezko prozedura hau nahitaez aplikatu behar dela egiaztatze aldera, bai eta txosten juridiko bat ere, hori zuzenbidearekin bat datorrela adierazteko.

III. TITULUA

Udalaren dirulaguntzak kudeatu eta justifikatzeko prozedura

I. KAPITULUA

Gastu diruz lagungarriak, azpikontratazioa eta finantzaketa

29. artikulua. Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarritzat joko dira diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozenak, baldin eta deialdian edo hitzarmenean ezarritako epean egiten badira. Gastu diruz lagungarriaren eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatu-balioa baino handiagoa.

2 Deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean kontrakorik xedatu ezean, egindako gastutzat joko da deialdian edo hitzarmenean –edo, halakorik ezean, ordenantza honetako 41. artikuluan– ezarritako justifikazio-epea amaitu aurretik benetan ordaindu dena.

3 Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 40.000 eurotik gorakoa bada, obrak egiteak sortutako kostuaren kasuan, edo 15.000 eurotik gorakoa, ekipamendu-ondasunen hornidurek edo aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresen zerbitzuek sortutako gastuen kasuetan, pertsona edo entitate onuradunak gutxienez ere hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu baino lehen, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duen behar adina enpresa ez badago, edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

Aurkeztutako eskaintzak justifikazioan azaldu beharko dira, edo dirulaguntzaren eskaeran, bestela. Haien artean hautatzeko, efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiko zaie, eta memoria batean berariaz justifikatu proposamen ekonomiko onuragarriena ez den beste bat hautatzen denean.

4 Ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, zaharberritu edo hobetzen direnean, honako arau hauek beteko dira:

a. Deialdiak edo hitzarmenak ezarriko du pertsona edo entitate onuradunak noiz arte erabili beharko dituen ondasun horiek dirulaguntzaren xederako, eta epe horrek gutxienez bost urtekoa izan beharko du erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak badira, edo bi urtekoa, bestelako ondasunen kasuan. Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira.

b. Aurreko paragrafoan ondasunak xederako erabiltzeko betebeharra betetzen ez bada, eta ez-betetze hori gertatuko da, betiere, ondasuna besterentzen bada edo baimenik gabeko kargaren bat ezartzen bazaio, dirulaguntza itzuli egin beharko da, ordenantza honetan ezarritako moduan. Ondasuna itzulketaren ordainketari atxikirik geldituko da, zein ere den haren edukitzailea, salbu edukitzaile hori erregistroko fede publikoak babesturiko hirugarren bat denean edo frogatzen denean ondasunak fede onez eta titulu zuzenez eskuratu direla edo, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan, merkataritza edo industria establezimendu batean eskuratu direla.

5 Honako kasu hauetan ez da bete gabetzat joko aurreko 4. apartatuan ondasunak dirulaguntzaren xederako erabiltzeko ezarritako betebeharra:

a. Erregistro publikoan inskribatu ezin diren ondasunei dagokienez, horiek ordezten badira dirulaguntza ematea eragin zuen xederako antzeko eran erabiltzeko moduko beste batzuez, eta erabilera horrek lehengo ondasunei ezarritako epea bete arte irauten badu. Dirulaguntza eman duen udalak baimendu beharko du ordezte hori, betiere.

b. Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunei dagokienez, dirulaguntza eman duen administrazioak baimendu badu erabilera aldatzea, besterentzea, edo kargaren bat ezartzea. Kasu honetan, eskuratzaileak hartuko du bere gain ondasunak dirulaguntzaren xederako erabiltzeko betebeharra epearen gainerakoa amaitu arte, eta, bete ezean, dirulaguntza itzuli beharra ere bai.

6 Amortizazio gastuak diruz lagungarriak izaten ahalko dira, honako baldintza hauek betez gero:

a. Dirulaguntzak ondasunak erosteko baliatu ez izana.

b. Amortizazioa kalkulatzeko, oro har onartutako kontabilitateko arauak erabiltzea.

c. Kostua izatea diruz lagungarria den epealdikoa bakarrik.

7 Finantza-gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako proiektua egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio gastuak gastu diruz lagungarritzat joko dira guztiak, baldin eta zuzeneko lotura badute dirulaguntzaren xede den jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz gauzatzeko.

Salbuespenez, banku-bermearen gastuetarako dirulaguntza ematen ahalko da, dagokion deialdian edo hitzarmenean hala xedatuz gero.

Honako hauek ez dira inoiz gastu diruz lagungarritzat hartuko:

a) Banku kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

d) Tokiko tributuak, legean aurreikusi gabeko salbuespen fiskalak badira, eta toki ogasunarekiko zorren konpentsazioak edo murrizketak.

8 Tokikoak ez diren tributuak gastu diruz lagungarriak dira, baldin eta dirulaguntzaren pertsona edo entitate onuradunak zuzenean ordaintzen baditu. Honako hauek ez dira inoiz gastu diruz lagungarritzat hartuko:

a) Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak. Zehazki, balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, pertsona edo entitate onuradunak ordaindutako zenbatekoak gastu diruz lagungarriak dira baldin eta kostu errealak badira, hau da, pertsona edo entitate onuradunak benetan ordaindu baditu eta kengarriak ez badira; izan ere, kengarriak badira, pertsona edo entitate onuradunak zerga berreskura lezake. Onuradunak modu fede-emailean frogatu beharko du.

b) Errentaren gaineko zerga pertsonalak.

9 Zeharkako kostuei dagokienez, pertsona edo entitate onuradunak arrazoizko zati egokia egotziko dio dirulaguntzaren xedeko jarduerari, oro har onartzen diren kontabilitateko printzipio eta arauei jarraikiz kalkulatua eta, betiere, halako kostuak jarduera benetan egin den epealdiari dagozkion heinean.

30. artikulua. Azpikontratazioa.

1 Pertsona edo entitate onuradunak azpikontratua egiten duela ondorioztatuko da, hirugarren batzuekin hitzartzen duenean dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean gauza dezaten. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da dirulaguntzaren xede den jarduera berez egin ahal izateko pertsona edo entitate onuradunak egin behar dituen gastuen kontratazioa.

2 Azpikontratazioa onartuko da, salbu eta dirulaguntzaren deialdi, hitzarmen edo ebazpenak berariaz baimentzen ez duenean. Deialdi, ebazpen edo hitzarmenak ezarriko du pertsona edo entitate onuradunak hirugarren batzuei gehienez azpikontratatzen ahal dien ehunekoa, dirulaguntzaren xede den jardueratik. Halakoetan ez bada ezer aipatzen, azpikontratatzeko gehieneko ehunekoa izanen da dirulaguntzaren zenbatekoaren %50, ez gehiago.

Ezin izanen da azpikontrataziorik egin, diruz lagundutako jardueraren kostua gehituta, hari baliorik eransten ez bazaio.

3 Hirugarrenekin azpikontratatutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratua nahitaez idatziz egiteko eskatuko da, eta Udalak berariaz eta aurretiaz eman beharko du baimena kontratu hori egiteko.

4 Ezin izanen da kontratu bat zatikatu haren zenbatekoa gutxitzearren eta, hala, aurreko apartatuan eskatutako baldintzak saihestearren.

5 Kontratistek pertsona edo entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

6 Aurreko apartatuan ezarritakoaren ildotik, pertsona edo entitate onuradunek izanen dute erantzukizuna hirugarren batzuekin hitzartzen duten jardueran errespeta daitezen deialdi, hitzarmen edo ebazpenean ezarritako mugak, gastu diruz lagungarrien izaerari eta zenbatekoari dagokienez. Kontratistek, berriz, lagundu beharra izanen dute, ahalbidetzeko behar bezala egiazta dadin aipatutako muga horiek betetzen diren.

7 Onuradunak inola ere ezin izanen du honako hauekin hitzartu diruz lagundutako jarduerak osorik edo zati batean gauzatzea:

a) Ordenantza honen 10. artikuluan jasotako debekuren bat duten pertsona edo entitateekin.

b) Kontratazioaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo entitateekin.

c) Eragiketaren kostu osoaren ehuneko bat kobratzen duten bitartekari edo aholkulariekin, non eta ordainketa hori ez den justifikatzen egindako lanaren edo emandako zerbitzuaren merkatu-balioa erreferentziatzat hartuta.

d) Pertsona edo entitate onuradunarekin lotura duten pertsona edo entitateekin, baldintza hauek bete ezean:

–Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egitea.

–Aldez aurretik organo emailearen baimena eskuratzea.

e) Deialdi eta programa berean laguntza edo dirulaguntza eskatu eta –baldintzak ez betetzeagatik edo behar adinako baloraziorik ez lortzeagatik– dirulaguntzarik eskuratu ez duten pertsona edo entitateekin.

31. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

1 Eskatzen ahalko da diruz lagundutako jarduera zati batean edo ehuneko batean funts propioekin finantza dadila, dirulaguntzaren deialdi, hitzarmen edo ebazpenean. Justifikatu beharko da finantzaketa horren zenbatekoa eta jatorria, bai eta diruz lagundutako jardueran egindako aplikazioa ere.

2 Dirulaguntzaren deialdi, hitzarmen edo ebazpenean bateragarritasun edo bateraezintasun araubidea zehaztuko da, xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzeko beste edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik, deusetan ukatu gabe hurrengo apartatuan xedatzen dena.

3 Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, dela bakarrik, dela beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera.

4 Dirulaguntzak emateko kontuan harturiko baldintzetan egiten den aldaketa orok eta, betiere, deialdi, hitzarmen edo ebazpenean baimendutako kasuetatik kanpoko beste ekarpen batzuk ere eskuratzeak eragiten ahalko du dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.

5 Pertsona edo entitate onuradunek jasotako funtsetatik sortzen diren finantza-etekinak dirulaguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio, eta diruz lagundutako jarduerarako erabiliko dira horiek ere, salbu eta dirulaguntzaren deialdian besterik xedatzen bada.

Apartatu hau ez da aplikatuko, administrazio publiko bat izanez gero pertsona edo entitate onuraduna.

6 Deialdiaren, hitzarmenaren edo ebazpenaren oinarriek horretarako bidea ematen badute, aurreikusi ez diren inguruabarrak direla medio, aldaketak egiten ahalko dira proiektuan; kasu honetan, organo eskudunak onetsi beharko ditu horiek, Udalaren kasuan kasuko alorrak edo erakunde autonomo kudeatzaileak balorazioa egin eta gero.

7 Defizit erreala edo gastu errealak eskaera egitean aurreikusiak baino gutxiago diren kasuetan, kontuan harturik, betiere, horien arabera zehaztu zela hasiera batez dirulaguntzaren zenbatekoa, aintzat hartuko da inguruabar hori, eta proportzioan murriztuko da behin betiko ordaindu beharreko kopurua.

II. KAPITULUA

Aurrekontua kudeatzeko prozedura.

32. artikulua. Gastuaren onespena.

1 Dirulaguntzen deialdiarekin edo dirulaguntzak zuzenean ematearekin batera, organo eskudunak gasturako baimena onetsi beharko du, Nafarroako Toki Ogasunen gainean aurrekontuen arloan aplikagarria den arauekin bat.

2 Dirulaguntzak emateko ebazpenak edo kasuan kasuko hitzarmena onesten duenak berekin ekarriko dute dagokion gasturako konpromisoa edo xedapena onestea.

3 Dirulaguntzak zuzenean ematekoak badira, metatzen ahalko dira aurreko aurrekontu-faseak.

33. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.

1 Dirulaguntza zertarako eman zen, jarduera, proiektu edo helburu horiek gauzatu direla edo jokabideak hartu direla justifikatu beharko dute onuradunek, betiere ordenantza honetan eta kasuan kasuko deialdian, hitzarmen arauemailean edo ebazpenean ezarritakoarekin bat, eta horren ondotik ordainduko da dirulaguntza.

Dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da behar bezala justifikatzen ez bada, edo gertatzen bada Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoietako bat.

2 Dirulaguntzaren izaerak justifikatzen badu, konturako ordainketak egiten ahalko dira. Halakoak ordainketa zatikatuak izaten ahalko dira, diruz lagundutako ekintzak gauzatu ahalean eginen direnak. Aurkeztutako justifikazioan adierazitako zenbatekoa ordainduko da.

Ordainketa aurreratuak ere egiten ahalko dira, hau da, justifikazioa egin aurretik funtsak eman, dirulaguntzari lotutako jarduerak gauzatu ahal izateko finantzaketa gisa.

Hala konturako ordainketek nola ordainketa aurreratuek aurreikusita egon behar dute dirulaguntzen deialdian, hitzarmen arauemailean edo ordenantza honen 28. artikuluan aipatutako ebazpenean.

Ordainketa aurreratuak eginez gero, bermea aurkezteko eskatzen ahalko da gordailu, abal eta kauzio aseguruen bidez edo berme pertsonal eta solidario eta berme eskubide errealen bidez, indarreko legedian araututakoak, betiere. Berme horiek ezarri beharko ditu dirulaguntzen deialdiak, hitzarmenak edo ordenantza honen 28. artikuluan aipatutako ebazpenak. Bermea ezarri beharko da nahitaez aurrerakina 60.000 eurotik gorakoa bada, entitate onuraduna sektore publikokoa denean salbu.

3 Ez zaie inoiz ordainketa aurreraturik eginen pertsona edo entitate onuradunei konkurtsoaren deklarazioa eskatu bada, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratu badira, konkurtsoaren deklarazioa badute, esku-hartze judizial baten pean badaude edo desgaiturik badaude Konkurtso Legearen arabera, oraindik bukatu ez dela konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaikuntza epealdia, deklaratu bada haien porrota edo hartzekodunen konkurtsoa, kaudimengabe kobraezintzat jo badira, edozein prozeduratan edo esku-hartze judizialaren pean deklaratu badira, kita eta itxaronaldi espedientea abiatu bada edo ordainketa etendurarena, edo porrotaren eskaera judiziala edo hartzekodunen konkurtsoarena aurkeztu bada, birgaitzen ez diren bitartean.

4 Dirulaguntza ezin izanen zaio ordaindu pertsona edo entitate onuradunari, baldin eta egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo dirua itzuli beharra xedatu duen ebazpenen batek zorduntzat jotzen badu.

Hala eta guztiz ere, salbuespen gisa, dirulaguntzaren izaera nolakoa den, aldez aurretik Burlatako Udalak ofizioz kitatzen ahalko ditu dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradunekin kobratzeke dituen zorrak, zenbateko horiek osorik edo parte batean konpentsatuta dirulaguntzen bidez; edo, baita ere, baldintza hori bete gabe uzten ahalko du, gizarte larrialdietako egoera berezietan. Salbuespen hori aplikatu ahal izateko, aukera horrek jasota egon beharko du kasuan kasuko deialdian, hitzarmenean edo ordenantza honen 28. artikuluan aipatutako ebazpenean, eta espedientean justifikatu beharko dira, halaber, neurri horren salbuespen egoera egiaztatzen duten arrazoiak, txosten tekniko baten bidez.

III. KAPITULUA

Burlatako Udalarengandik jasotako dirulaguntzen justifikazioa

34. artikulua. Justifikazioa.

1 Dirulaguntza emateko egintzan ezarri ziren baldintzak bete direla eta helburuak lortu direla justifikatzeko, ordenantza honek xedaturikoari jarraiki behar zaio, salbu eta berariazko araubidea, ordenantzaren edukiarekin bateraezina ez dena, ezarri badu dirulaguntzen deialdiak, lankidetza-hitzarmenak edo ordenantza honen 28. artikuluan aipatutako ebazpenak.

2 Justifikazioa organo emaileari aurkeztu behar zaio. Dirulaguntzak justifikatzeko modua dirulaguntzen deialdiak zehaztuko du, edo, bestela, lankidetza-hitzarmenaren testuak edo ordenantza honen 28. artikuluan aipatutako ebazpenak, eta betiere modu hauetakoren bat izanen da:

a) Egindako gastuaren justifikazioko kontua.

b) Gastua moduluka frogatzea.

c) Kontabilitateko egoera-orriak aurkeztea.

Ez deialdiak, ez hitzarmenak, ez ebazpenak ez badute zehazten justifikazio-modua, orduan, egindako gastuaren justifikazioko kontua aurkeztuko da.

3 Dirulaguntza eman bada pertsona edo entitate hartzailearen halako egoera batengatik, egoera bera baizik ez da frogatu behar zuzenbidean onarturiko edozein bide erabiliz, betiere dirulaguntza eman aurretik; horrez gain, dena dela, kontrolak ezartzen ahalko dira hori hala dela egiaztatzeko. Justifikazioa, horrenbestez, ez da dirulaguntza jasotzeak eragindako karga edo betebehar bat, baizik eta dirulaguntza jasotzeko baldintza.

35. artikulua. Egindako gastuaren justifikazioko kontua aurkeztuz egitea justifikazioa.

1 Dirulaguntza eman duen organoari aurkeztu behar zaion justifikazioko kontua nahitaez egin beharreko egintza da pertsona edo entitate onuradunarendako edo entitate laguntzailearendako. Kontu horretan justifikatu behar dira, aitortzailearen erantzukizunpean, diruz lagundutako jarduera dela-eta eginiko gastu guztiak (ez bakarrik dirulaguntzaren zenbatekoaren adinakoak), gastuen zuzeneko egiaztagiriak aurkezturik. Fakturak eta gainerako frogagiri baliokideak aurkeztu beharko dira, betiere trafiko juridikoan balioa edo eraginkortasun administratiboa dutenak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko modukoak.

2 Justifikazioko kontua honako agiri hauek osatuko dute:

a) Ebaluazio memoria, gauzatu den diruz lagundutako jardueraren gainekoa, non xehetasunez adieraziko baitira dirulaguntzaren bidez finantzatu diren jarduerak eta kostua.

Memoriaren edukia, gutxienez, hau izanen da:

–Programaren edo proiektuaren izena.

–Dirulaguntzaren xedea, aurkeztutako aurrekontuaren eta proiektuaren araberakoa.

–Egindako jarduketak eta proposatutako helburuen zein lortutako emaitzen deskribapena.

–Egindako aldaketak proiektua edo jarduera gauzatzean.

–Finantzabideen zerrenda: dirulaguntzarekin finantzatu diren jardueren deskribapena, aditzera emanik bai haien kostua, bai funts propioekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzaturikoak.

–Ondorioak.

b) Udaleko teknikari eskudun batek sinatutako balorazio-txostena, non berariaz jasoko baita dirulaguntzaren xedea guztiz bete dela edo, bestela, justifikazioaren onespena eragozten duten akatsak edo inguruabarrak azalduko. Inbertsioak egiteko dirulaguntzen kasuan, akta edo txosten bat aurkeztu beharko da, egindako egiaztapen materialaren emaitzen gainean.

c) Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda izenpetua eta hurrenez hurren zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta horien guztizko zenbatekoak emanik.

d) Maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak (uztailaren 4ko 96/2005 Foru Dekretuak aldatua) aipatzen dituen egiaztagiriak, fakturak edo horien ordezkoak, ordainagiriak, baita nominak, tributuak zein Gizarte Segurantzako kuotak ere, eta, oro har, trafiko juridikoan balioa duten gainerako agiriak, antzeko froga-balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, egindako gastua frogatzekoak, modu korrelatiboan ordenaturik, zerrenda zenbakituan emandako ordena-zenbakiaren arabera. Agiri horien fotokopiak egin eta zerbitzu kudeatzaileak konpultsatu eta adostuko ditu; jatorrizkoak interesdunei itzuliko zaizkie. Jatorrizko agiri horiek edo haien kopia konpultsatua gutxienez ere lau urtean gordailutuko dira entitate onuradunean.

Aurrekoaz gain, honako baldintza hauek bete beharko dira:

d.1) Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZetik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena modu fede-emailean egiaztatzen duena.

d.2) Langileen gastuei dagozkien soldata kostuak frogatutzat eman daitezen, erantsi beharko dira lan kontratuaren kopia eta hartzaileak sinaturiko nomina ordainduen kopiak, edo bankuko abonu-agirienak, bai eta Gizarte Segurantzako kotizazioen egiaztagiriak ere.

d.3) Onartuko dira proiektua gauzatzeko hasieran aurreikusitakoak ez diren beste data batzuetako fakturak, baldin eta organo eskudunak aurretiaz proiektuaren aldaketaren bat baimendu badu, proiektua gauzatzeko epeari eragiten ziona.

e) Pertsona edo entitate hartzekodunei ordaindu izana egiaztatzen duten ziurtagiriak. Ordaindu izana egiaztatu behar da banku zordunketa bidez, behar bezala sinaturiko hartze-agiri baten bidez edo, bestela, aurkeztutako fakturak ordaindu egin direla ziurtatzen duen beste agiri bat aurkeztuz.

f) Dagokion itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik bada edo diruz lagundutako jardueraren kostua baino diru gehiago eskuratu bada, eta horiei dagozkien berandutze-interesak.

36. artikulua. Gastua moduluka frogatzea.

1 Modulukako araubidea aplikagarri izanen da dirulaguntzen xedeak berekin dakarrenean unitate fisikoen bidez neurtzen ahal diren jarduerak bete direla frogatu beharra.

2 Dirulaguntzak moduluka frogatzea aplikatuko da bakarrik, hala ezartzen badu dirulaguntzen deialdiak, lankidetza-hitzarmenak edo ordenantza honen 28. artikuluan aipatutako ebazpenak.

Halakoetan, deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak ezarriko du modulu bat zenbat unitatek osatzen duten, bai eta haien kostu unitarioa eta behar diren gainerako alderdiak ere.

37. artikulua. Kontabilitateko egoera-orrien bidezko justifikazioa.

Helburu orokorrak (elkartea mantentzea, jardueren kudeaketa orokorra) xede dituzten funtsen kasuan edo ustiaketan defizita estaltzea xede duten dirulaguntzenean, aski izanen da kontuak edo egoera orri finantzarioak aurkeztea; haien bidez egiaztatuko da bai aipatu defizita, bai partez lagundutako programa edo jarduera gauzatu izana, pertsona edo entitate onuradunari dirulaguntza ordaindu ahal izateko.

Ordenantza honen ondorioetarako, kontuak edo egoera orri finantzarioak izanen dira ofizialak diren horiek, entitate bakoitzeko organo egokiek behar bezala onetsitakoak.

Eta hori, deusetan ukatu gabe finantza-kontrolaren eginkizuna edo, hala behar izanez gero, kontu-ikuskaritza pribatu baten eskakizuna.

38. artikulua. Entitate laguntzaileek kudeatutako dirulaguntzen justifikazioa.

Entitate laguntzaileek kudeatutako dirulaguntzen justifikazioak barne hartzen du bai dagozkien funtsak pertsona edo entitate onuradunei eman zaizkiela egiaztatzea, bai pertsona edo entitate onuradunek aurkeztutako justifikazioa organo emaileari helaraztea. Onuradunen justifikazioan, bestalde, funtsen aplikazioa ez ezik, kobratzeko ezarritako baldintzak bete izana ere egiaztatu beharko da, betiere lankidetza-hitzarmenean xedatutakoaren arabera.

Entitate laguntzaileek, halaber, onartu egin beharko dituzte organo emaileak Udalaren funtsa horien kudeaketaren gainean erabakitako egiaztapen guztiak, bai eta egiaztapen eta finantza-kontrolari loturiko beste jarduketa oro ere; hala, aurreko jarduketak egiteko eskatzen den informazio guztia eman beharko dute.

39. artikulua. Justifikatzeko epea.

Dirulaguntzen deialdiak eta, hala badagokio, lankidetza-hitzarmenak edo ordenantza honen 28. artikuluan aipatutako ebazpenak zehaztuko dute dirulaguntzak justifikatzeko epeak.

Baldin eta deialdiak, lankidetza-hitzarmenak edo ebazpenak ez badute adierazten dirulaguntza justifikatzeko epea, hura izanen da, gehienez ere, hiru hilabetekoa, jarduera egiteko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita.

40. artikulua. Justifikatzeko betebeharra ez betetzeak dakartzan ondorioak.

Dirulaguntza justifikatzeko betebeharra betetzen ez bada, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza itzuli egin beharko da, osorik edo parte batez, ez-betetzearen maila eta gainerako inguruabarrak kontuan harturik.

41. artikulua. Dirulaguntzak egiaztatzea.

1 Behin dirulaguntza justifikatzeko agiriak aurkeztuta, behar den epean eta deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak xedaturiko tokian, honako hauek gauzatuko dira, administrazio-prozedura orokorraren araudian ezarritakoarekin bat:

1. Zerbitzu kudeatzailearen egiaztapen materiala, ziurtatzeko ea aurkeztutako agiriek betetzen dituzten ordenantza honetan, dirulaguntzen deialdian, lankidetza-hitzarmenean edo ordenantza honen 28. artikuluak aipatzen duen ebazpenean ezarritako baldintzak.

2. Udalaren kasuan kasuko alor edo erakunde autonomo kudeatzaileak txostena ematea, ea dirulaguntzaren xedea ikuspuntu materialaren aldetik bete den egiaztatzeko.

Aipatu txostenak hauek jaso beharko ditu Udalaren diru-ekarpena eta, halakorik bada, pertsona edo entitate onuradunak izan dituen gainerako baliabideak. Datu horiek, bestalde, ebaluazio-memorian eman beharko ditu pertsona edo entitate onuradunak.

Halaber, txosten horretan balorazio bat jaso behar da pertsona edo entitate onuradunak gastu eta diru-sarrerei buruz aurkeztu beharreko justifikazioaren gainean.

3. Espediente osoa Udalaren Kontu-hartzailetzara igortzea, dagokion fiskalizazio-txostena emateko. Ikuskapen horren norainokoa aldez aurreko kontu-hartze mugatuak dakarren bera izanen da, eta barne hartuko du, baita ere, aurkeztutako justifikazioari buruzko adostasun txostena eman izanaren egiaztapena.

2 Justifikazio hori, behin fiskalizatuta, organo eskudunak onetsi beharko du, hau da, dirulaguntza eman zuen organoak. Udalaren kasuan kasuko alor edo erakunde autonomo kudeatzaileak artxibatuko du justifikazioa, eta horren berri emanen zaio Udalaren Kontu-hartzailetzari.

3 Dirulaguntzen konturako ordainketarik ezarriz gero, horiek zatika egindako ordainketatzat joko dira, justifikatzen den zenbatekoari dagokionez bakarrik, eta justifikazio hori dirulaguntza osorako xedaturiko modu berean egin beharko da, eta araudi honetan justifikatzeko ezarri diren betebeharrekin bat.

42. artikulua. Balioak egiaztatzea.

1 Udal zerbitzuek egiaztatzen ahalko dute diruz lagundutako gastuek merkatuan duten balioa, horretarako bide hauetako edozein erabiliz:

a) Merkatuko batez besteko prezioak.

b) Espainiako nahiz atzerriko merkatuetako kotizazioak.

c) Erregistro ofizial fiskaletan ageri diren balioen araberako zenbatespena.

d) Administrazioko perituen irizpena.

e) Perituen alde biko tasazioa.

2 Udal zerbitzuek egiaztatzen duten balioa oinarritzat hartuko da dirulaguntza kalkulatzeko, eta hori jakinaraziko da behar bezala arrazoiturik eta aditzera emanik zer bitarteko eta irizpide erabili diren, dirulaguntzaren likidazioa jasotzen duen egintzaren ebazpenarekin batera.

3 Pertsona edo entitate onuradunak betiere izanen du perituen alde biko tasazioa sustatzeko aukera, artikulu honen 1. apartatuan adierazi diren balioak egiaztatzeko gainerako prozedurak zuzentze aldera, prozeduraren ebazpenaren aurka jar daitekeen lehen errekurtsoaren epearen barnean.

Perituen alde biko tasazioa egiteko eskaera aurkezteak berekin ekarriko du eten daitezen ebatzitako proposamenaren exekuzioa eta horren aurka errekurtsoa jartzeko epea.

4 Udal zerbitzuek egiaztaturiko balioaren eta pertsona edo entitate onuradunaren perituak eginiko tasazioaren arteko aldea 120.000 euro baino gutxiagokoa bada, eta administrazioak egiaztaturiko balioaren %10 baino txikiagoa, pertsona edo entitate onuradunaren perituak eginiko tasazioa hartuko da oinarritzat dirulaguntza kalkulatzeko. Hala ez bada, hirugarren batek izendatu beharko da, tasazioa egin dezan.

Pertsona edo entitate onuradunak berak ordaindu beharko ditu bere perituaren zerbitzu-sariak. Hirugarren perituak eginiko tasazioa txikiagoa bada pertsona edo entitate onuradunak justifikatutako balioa baino, azken horrek ordaindu beharko ditu peritu-gastuak oro, eta, kontrara, tasazio hori justifikazioaren parekoa edo handiagoa bada, administrazioaren kontura joanen dira gastuok.

Hirugarren perituaren balorazioa hartuko da oinarritzat dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko.

IV. TITULUA

I. KAPITULUA

Dirulaguntzen itzulketa

43. artikulua. Dirulaguntza emateko ebazpenaren baliogabetasuna.

1 Dirulaguntza emateko ebazpenaren baliogabetasuna gertatuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean adierazitako deuseztasun eta deuseztagarritasun kasuak izaten direnean, edo krediturik ez dagoenean edo aski ez denean, Nafarroako toki ogasunei buruzko legedian ezarritakoaren arabera.

2 Dirulaguntza emateko egintza aurreko apartatuan aipatutako kasuren bati dagokionean, organo emaileak ofizioz berrikusiko du egintza hori, edo, bidezkoa izanez gero, kaltegarri deklaratu eta gero aurkaratu eginen du, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 106. eta 107. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

3 Deuseztasunaren edo deuseztapenaren deklarazio judizial edo administratiboa eginez gero, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira.

4 Ez da bidezkoa izanen dirulaguntza emateko egintza ofizioz berrikustea, baldin eta hurrengo artikuluan azaltzen diren itzulketarako arrazoietako bat gertatzen bada.

44. artikulua. Ordainketak itzultzeko eta atxikitzeko arrazoiak.

1 Eskuratutako zenbatekoak osorik edo hein batean itzultzea bidezkoa izanen da honako kasu hauetan, bai eta berandutze-interesa eskatzea ere, dirulaguntza ordaindu den egunetik hasita itzulketaren bidezkotasuna erabakitzen den egunera bitarte:

a) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Ez betetzea dirulaguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua, edo hartu behar zen jokabidea ez hartzea, osorik nahiz hein batean. Dirulaguntza emateko oinarri den helburua ez betetzeari dagokion apartatu honetan bereziki sartuko da ekintza politiko edo erreibindikaziozkoak barne hartzen dituzten jarduerak egitea eta, orobat, halako ekintzak egiteko nolanahi erabili direnak, tolerantzia hutsez bada ere, bai eta herritarren askatasunaren kontrako jarduerak, Konstituzioa urratzen dutenak edo legeak betetzen ez dituztenak ere, ordenantza honen 5.4 artikuluan aipatutakoaren arabera betiere.

c) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea, edo behar bezainbat ez justifikatzea.

d) Egiaztapenen eta finantza-kontrolen aurreko jarkitzea, desenkusa, oztopoa edo ukoa, eta ez betetzea kontabilitateari, erregistroari eta agirien kontserbazioari buruzko betebeharrak, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den, benetan eta erregulartasunez egin diren dirulaguntza jaso duten jarduerak, edo xede bererako eskuratu ote diren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk, estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik, edo nazioarteko erakundeetatik.

e) Ez betetzea administrazioak entitate laguntzaileei eta pertsona eta entitate onuradunei ezarritako betebeharrak, ez eta hartutako konpromisoak ere, baldin eta halakoek zerikusia badute dirulaguntzaren emateko oinarri izan diren helburuak lortzeko, jarduera egiteko, proiektua gauzatzeko edo jokabidea hartzeko moduarekin, edo horretan eragina badute.

f) Ez betetzea administrazioak entitate laguntzaileei eta pertsona eta entitate onuradunei ezarritako betebeharrak, ez eta dirulaguntza ematean horiek hartutako konpromisoak ere, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako funtsak zertarako erabili diren, helburua lortu ote den, dirulaguntza jaso duten jarduerak benetan egin diren eta, hala bada, behar adinako maiztasunez egin diren, edo eskuratu ote diren xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk, estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.

g) Ez betetzea publizitate eta zabalkunde neurriak hartzeko betebeharra, zeinaren arabera agirietan eta propagandan jarri behar baita jarduera Udal honek diruz lagundua dela, halako baldintza ezarri den kasuetan.

h) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean aurreikusitako gainerako kasuak.

2 Pertsona edo entitate onuradunak edo, halakorik egonez gero, entitate laguntzaileak lortutako betetze maila aski hurbil badago erabateko betetze mailatik, eta horiek ezbairik gabe erakusten badute beren konpromisoak betetzen ahalegindu direla, itzuli beharreko kopurua proportzionaltasun printzipioa aplikatuta xedatuko da; hartara, diruz lagundutako zein heinetan bete den, horrenbesteko ehunekoan jasoko du pertsona edo entitate onuradunak dirulaguntza, organo emaileak dagokion espedientea hasi eta gero, betiere.

3 Era berean, beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk jaso badira, eta horiekin batera gainditzen bada diruz lagundutako jardueraren kostua, bidezkoa izanen da diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzularaztea, bai eta dagokion berandutze-interesa eskatzea ere.

45. artikulua. Itzuli beharreko kredituaren izaera.

1 Itzuli beharreko zenbatekoak eskubide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira.

2 Eskuratutako zenbatekoak itzuli beharrak berandutze-interesa ere eskatzea ekarriko du berekin; interes hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezarritakoa izanen da, eta dirulaguntza ordaindu denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arteko aldia hartuko du.

3 Dirulaguntzak itzularazteko prozedurak administratiboak izanen dira beti.

46. artikulua. Preskripzioa.

Lau urtera preskribatuko du itzulketa aitortu edo likidatzeko eskubideak. Epearen kontaketa eta preskripzioaren etena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean xedatuari jarraikiko zaizkio.

47. artikulua. Itzultzeko betebeharra dutenak.

1 Pertsona edo entitate onuradunek eta entitate laguntzaileek itzuli beharko dituzte, ordenantza honen 44. artikuluan adierazitako kasuetan sartzen badira, hartutako zenbatekoak, osorik edo zati batean, dagozkien berandutze-interesak gehituta. Betebehar horrez gain, zehapenak eskatzen ahalko dira.

2 Ordenantza honen 8. artikuluaren 2. apartatuan eta 3. apartatuaren bigarren paragrafoan aipatzen diren pertsona juridiko eta entitateetako kideek solidarioki erantzunen diote pertsona edo entitate onuradunaren itzultzeko betebeharrari, hartutako konpromisoaren ondorioz egin behar zituzten diruz lagundutako jarduerei dagokienez.

Pertsona edo entitate onuradunak jarduteko gaitasunik ez badu, haren legezko ordezkariek solidarioki erantzunen diote itzultzeko betebeharrari.

Ordenantza honen 8. artikuluaren 3. apartatuan aipatutako entitateetako kide, partaide edo titularkideek solidarioki erantzunen dute, bakoitzak bere partaidetzaren neurrian, haien entitatea ondasun erkidego bat izanez gero, edo beste edozein motatako unitate ekonomiko edo ondare bereizi bat.

3 Itzultzeko betebeharrari subsidiarioki erantzunen diote merkataritza-sozietateen administratzaileek, edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenek, ez badituzte egin beren esku zeuden beharrezko egintzak, konplitu gabeko betebeharrak bete zitezen, edo ez betetzea ahalbidetzen zuten erabakiak hartu badituzte, edo beren mendekoen ez-betetzeak eragotzi ez badituzte.

Halaber, beren jarduerei utzi dieten pertsona juridikoak ordezkatzen dituztenek, aplikatzekoak zaizkien lege eta estatutuetako xedapenen bat etorriz, subsidiarioki erantzunen dute betiere pertsona juridiko horiei dagokien itzultzeko betebeharraren aurrean.

4 Sozietateak edo entitateak desegin eta likidatu badira, halakoek betetzeko dituzten itzultzeko betebeharrek bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki erantzunen dute haien aurrean, esleitu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

5 Itzultzeko beharra duenaren heriotza gertatzen bada, itzuli gabe dauden zenbatekoak ordaintzeko betebeharra haren kausadunei pasatuko zaie, deusetan ukatu gabe zuzenbide zibilaren arabera zenbait kasutan oinordetzari aplikatu behar zaizkien xedapenak, bereziki, jaraunspena inbentario-emaitzaren arabera onartzen denean aplikatu behar direnak.

II. KAPITULUA

Itzultzeko prozedura

48. artikulua. Itzultzeko prozedura.

1 Estatuko araudi orokorrean administrazio-prozedurei buruz jasotako xedapen orokorrek arautuko dute dirulaguntzak itzultzeko prozedura, deusetan ukatu gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako berezitasunak.

2 Dirulaguntzak itzularazteko prozedurari ofizioz emanen zaio hasiera, organo eskudunak hala erabakita.

3 Behin itzultzeko prozeduraren hasiera erabakita, kautelazko neurri gisa, organo emaileak erabakitzen ahal du etetea pertsona edo entitate onuradunari edo entitate laguntzaileari ordaintzeko dauden zenbatekoen ordainketa-aginduak, inoiz ere gainditu gabe itzulketa espedientea hasteko proposamenak edo ebazpenak ezarritako kopurua, une horretara arte sorturiko berandutze-interesak ere kontuan hartuta.

Kautelazko neurri hori ebazpen arrazoitu baten bidez hartu behar da, eta alderdi interesdunari jakinarazi behar zaio, aditzera emanik zer errekurtso jar ditzakeen.

Nolanahi ere, etendura bidezkoa izanen da baldin arrazoizko zantzurik bada aurreikusteko ordaina jasotzea ezinezko izanen dela, edo hori zapuztu badaiteke edo zailtasun handiak badaude, eta, bereziki, jasotzaileak egintzak egiten baditu bere ondasunak ezkutatzeko, haiei kargak ezartzeko edo haien gaineko xedapenak gauzatzeko.

Ordainketen atxikipena, aurreko kasu guztietan, araubide juridiko honi lotuko zaio:

a. Lortu nahi den helburuaren heinekoa izan behar du, eta atxikipena ez da inoiz ere gauzatuko, ondorio konpongaitzak edo konponezinak sortzen ahal baditu.

b. Atxikipenari eutsi behar zaio harik eta itzulketa espedienteari amaiera ematen dion ebazpena eman arte, eta ezin du gainditu izapidetzeko ezarritako gehieneko epealdia, luzapenak barne.

c. Aurreko paragrafoan xedatua gorabehera, atxikipena kendu beharko da hura sortu zuten inguruabarrak desagertuz gero, edo alderdi interesdunak kautelazko neurri horren ordez nahikotzat jotako berme bat eratzea proposatuz gero.

4 Prozedura izapidetzean, alderdi interesdunari betiere bermatuko zaio entzunaldia izateko eskubidea.

5 Organo emailea izanen da itzulketa prozedura ebazteko eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea 12 hilabetekoa izanen da, prozedura hasteko erabakia hartu zen egunetik hasita. Epe hori eten nahiz luzatzen ahalko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22. eta 23. artikuluetan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

6 Itzulketa egin behar duten pertsona edo entitateek, ebazpenean xedatuarekin bat, osorik edo hein batean itzuli beharko dituzte jasotako zenbatekoak, dagozkien berandutze-interesak gehiturik. Itzultzeko betebeharraz gain, bidezko diren zehapenak ere ezartzen ahalko dira.

Pertsona edo entitate onuradunak azkenean itzuli behar duen zenbatekoa zehazteko, kontuan hartu beharko dira, aurrekoaren arabera, ez-betetzea mailakatzeko ezarritako irizpideak, espedientearen ondoriozkoak, eta betiere proportzionaltasunaren printzipioa gorde beharko da.

7 Itzulketa prozeduraren ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari.

V. TITULUA

Finantza kontrola

49. artikulua. Finantza kontrolaren xedea.

1 Pertsona edo entitate onuradunei eta, hala dagokionean, entitate laguntzaileei eginen zaie finantza kontrola, honako hauek egiaztatzeko helburuz: funtsak bidezko eran lortu izana; jasotako funtsak aplikatzeko betebeharrak betetzea; dirulaguntzaren justifikazio egokia; aurkeztutako justifikazioaren arabera dirulaguntzaren bidez finantzatu diren eragiketen errealitatea eta erregulartasuna; diruz lagundutako jarduerak behar bezala finantzatu izana, kontrolatzeko dirulaguntzen zenbatekoa ez izatea handiagoa –berez edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuk gehituta– dirulaguntzaren xedea den jardueraren kostua baino, eta badauden ala ez deklaratu ez diren gertaera, inguruabar edo egoeraren batzuk, eragina izan lezaketenak diruz lagundutako jardueraren finantzaketan, dirulaguntzaren eskuratze, erabilera edo justifikazio egokian edo dirulaguntzarekin finantzaturiko eragiketen benetakotasunean edo erregulartasunean.

2 Aurreko apartatuaren ondorioetarako, hona finantza-kontrola zer modutan egin daitekeen:

a) Kontabilitate-erregistroak, kontuak edo finantza-orriak aztertzea, bai eta horien oinarri diren agiriak ere.

b) Banakako eragiketa zehatzak aztertzea.

c) Alderdi partzial eta zehatzak egiaztatzea emandako dirulaguntzei lotutako edo haietan eragina izan dezaketen egintza batzuen inguruan.

d) Finantzatutako inbertsioen egiaztatze materiala.

e) Dirulaguntza arautzen duen kasuan kasuko araudi, lankidetza-hitzarmen edo, kasua bada, emateko ebazpenaren arabera egin behar diren kontrol jarduketa zehatzak.

f) Diruz lagundutako jardueren ezaugarri bereziak direla-eta, beharrezko diren beste egiaztapen batzuk.

3 Kontrol araubide honi loturik daude pertsona edo entitate onuradunak eta, kasua bada, entitate laguntzaileak; hala bada, behartuak egonen dira laguntza ematera eta aipatu eginkizunak gauzatzean organo eskudunak eskatzen dizkien agiri guztiak ematera, administrazio honek jasota ez baditu. Horretarako, organo eskuduneko langileek izanen dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedaturiko ahalmenak eta eginbeharrak.

Betebehar hori ez betetzea jarkitze, desenkusa, oztopo edo ukotzat hartuko da, eta hori dirulaguntza itzularazteko arrazoia izan daiteke, ordenantza honetan aurreikusitako ondorioetarako, deusetan galarazi gabe kasu bakoitzean ezar daitezkeen zehapenak.

50. artikulua. Finantza kontrolaren prozedura.

Udalaren Kontu-hartzailetzak du eskumena Udal honek eta beronen erakunde autonomoek emandako dirulaguntzen gaineko finantza kontrola egiteko.

Udalaren Kontu-hartzailetzak emandako informazioan bidezko jotzen bada dirulaguntza osorik edo hein batean itzultzea, Udaleko alor edo erakunde autonomo kudeatzaileak, hilabeteko epean, erabaki beharko du itzulketa espedienteari hasiera ematea, eta hala jakinarazi beharko dio, halaber, pertsona edo entitate onuradunari edo entitate laguntzaileari. Horrek 15 eguneko epea izanen du egoki iruditzen zaion oro alegatzeko bere defentsan.

VI. TITULUA

Dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak. Zehapen prozedura

51. artikulua. Arau-haustea zer den.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta ordenantza honetan tipifikaturiko egiteak eta ez-egiteak, eta zehatzen ahalko dira baita utzikeria hutsagatik ere.

52. artikulua. Erantzuleak.

Ordenantza honen 8. artikuluaren 3. apartatuak aipatzen dituen pertsona fisiko nahiz juridikoak –publikoak zein pribatuak– eta nortasunik gabeko entitateak izanen dira dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboen erantzuleak, dela egiteen, dela ez-egiteen ondorioz arau-haustetzat hartutako kasuetan erortzen badira, eta bereziki honako hauetan:

a) Dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradunak eta ordenantza honen 8. artikuluaren 2. apartatuan eta 3. apartatuaren bigarren paragrafoan aipatutako pertsona edo entitateetako kideak, hartutako konpromisoen arabera egin beharreko eta diruz lagundutako jarduerei dagokienez.

b) Entitate laguntzaileak.

c) Jarduteko gaitasunik ez duten pertsona edo entitate onuradunen legezko ordezkariak.

d) Dirulaguntzaren xedearekin edo haren justifikazioarekin zerikusia duten pertsonak edo entitateak, baldin eta beharturik badaude laguntzera eta eskatutako agiri guztiak ematera, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 46. artikuluan xedatutakoaren arabera.

53. artikulua. Erantzukizunetik salbuetsiriko kasuak.

Honako kasu hauetan, ez dute erantzukizun administratiborik sortuko dirulaguntzen arloko arau-hauste gisa tipifikaturiko egiteek edo ez-egiteek:

a) Jarduteko gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

b) Ezinbesteko kasuetan.

c) Erabakia kolektiboa denean, beren botoari eutsi ziotenentzat edo erabakia hartu zen bileran egon ez zirenentzat.

54. artikulua. Jarduketen pilaketa zigor arloko jurisdikzioarekin.

1 Jokaera delitu izan daitekeen kasuetan, jarduketak jurisdikzio eskudunaren esku utziko dira, eta zehapen prozedura eten eginen da, harik eta epaileek epai irmoa eman arte, jarduketak largetsi edo artxibatu arte, edo fiskaltzak espedientea itzuli arte.

2 Epaileek zigortzeko epaia emanez gero, ez da administrazio zehapenik izanen.

3 Deliturik atzematen ez bada, hasiera edo segida emanen zaio zehapen espedienteari, bidezkoa bada, epaitegiek frogatutzat jo dituzten egitateak oinarritzat harturik.

55. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honen ondorioetarako, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

A) Arau-hauste arinak:

Arau-hauste arintzat hartzen da ez betetzea hala ordenantza honetan nola Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako betebeharrak, halako arau-hausteak astunak edo oso astunak ez direnean, eta zehapena mailakatzeko elementutzat jokatzen ez dutenean. Bereziki, honako jokaera hauek izanen dira arau-hauste arinak:

a. Hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatzeko kontuak epez kanpo aurkeztea.

b. Aurkeztutako justifikazio kontuak ez-zuzenak edo osatugabeak izatea.

c. Artikulu honen gainerako apartatuetan berariaz aurreikusi ez, baina dirulaguntza jasotzearen ondorioz hartzen diren betebehar formalak ez betetzea.

d. Kontabilitateko edo erregistroko betebeharrak ez betetzea, eta zehazki, honako hauek:

1 Eragiketa bat edo gehiago ez-zuzenak izatea edo jaso gabe uztea kontabilitatean eta legez eskatzen diren erregistroetan.

2 Hauek eraman edo gordetzeko betebeharra ez betetzea: kontabilitatea, legez ezarritako erregistroak, horien euskarritzat erabili beharreko informatika programak eta fitxategiak, eta erabilitako kodifikazio sistemak.

3 Zenbait kontabilitate eramatea jarduera eta ekitaldi ekonomiko berari buruz, horiek entitatearen benetako egoera jakitea galarazten badute.

4 Kontuak erabiltzea izaeraz dagozkien esanahia ez den beste bat emanez, horrek diruz lagundutako jardueren errealitatea egiaztatzea oztopatzen badu.

e. Egiaztagiriak edo horien agiri baliokideak gordetzeko betebeharra ez betetzea.

f. Entitate laguntzaileek ordenantza honen 12. artikuluan ezarritako betebeharrak ez betetzea, horiek artikulu honen gainerako apartatuetan berariaz aurreikusi ez badira.

g. Finantza kontroleko jarduketen aurreko jarkitzea, desenkusa, oztopoa edo ukoa.

B) Arau-hauste astunak:

Jokaera hauek arau-hauste larriak dira:

a. Ordenantza honek ezarritakoarekin bat, organo emaileari edo entitate laguntzaileari xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk lortu izana jakinarazteko betebeharra ez betetzea.

b. Ezarritako baldintzak ez betetzea, dirulaguntza emateko arrazoi izan ziren helburuen funtsa nabarmen aldatuz. Hor sartuko da izaera politiko edo erreibindikaziozkoa duten jarduerak egitea, edo baita horiek toleratzea ere, diruz lagundutako jardueraren barnean. Era berean, dirulaguntza emateko arrazoi izan ziren helburuak ez direla betetzen iritziko zaio, egindako edo toleratutako jarduerak herritarren askatasunaren kontrakoak izanez gero, edo Konstituzioa edo gainerako ordenamendu juridikoa urratuz gero.

c. Funts publikoak zertan erabili diren ez justifikatzea, behin hori egiteko ezarritako epea iragan eta gero.

d. Entitate laguntzailearen izaera eskuratzea, halakoa izateko dirulaguntza arautzen duten oinarrietan eskatutako baldintzak faltsutuz edo halakoa izatea eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

e. Entitate laguntzaileek beren betebeharra ez betetzea, dirulaguntzak emateko erabakigarriak diren baldintzak edo betebeharrak benetan betetzea egiaztatzeari dagokionez, horiek ez betetzeak dirulaguntza itzultzeko betebeharra sortzen duenean.

f. Europar Batasunak dirulaguntzei buruz emanak dituen arauetan arau-hauste astuntzat jotako gainerako jokaerak.

C) Arau-hauste oso astunak:

Jokaera hauek arau-hauste oso astunak dira:

a. Dirulaguntza eskuratzea hura emateko eskaturiko baldintzak faltsutuz edo ematea baztertuko edo mugatuko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b. Dirulaguntza zertarako eman zen, bestelako helburuetarako erabiltzea jasotako zenbatekoak, osorik edo hein batean. Kasu honetan sartuko da funtsak erabiltzea helburu politiko edo erreibindikaziozkoetarako, edo herritarren askatasuna mugatzen duten jardueretako, edo, oro har, ordenamendu juridikoaren aurkakoak jardueretarako.

c. Hurrenez hurren, ordenantza honen 11. artikuluaren 1. apartatuaren c. paragrafoan eta 12. artikuluaren 1. apartatuaren d. paragrafoan ezarritako kontrol jardueren aurreko jarkitzea, desenkusa, oztopoa edo ukoa, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den, benetan eta erregulartasunez egin diren dirulaguntza jaso duten jarduerak, edo xede bererako eskuratu ote diren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk, estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik, edo nazioarteko erakundeetatik.

d. Entitate laguntzaileek harturiko funtsak pertsona edo entitate onuradunei ez ematea, dagokion deialdian aurreikusitako irizpideekin bat halakorik egin behar dela ezarrita dagoenean.

e. Europar Batasunak dirulaguntzei buruz emanak dituen arauetan arau-hauste oso astuntzat tipifikaturiko gainerako jokaerak.

56. artikulua. Zehapenak, mailaketa eta zenbatekoa.

A) Zehapen motak:

1 Dirulaguntzen arloko arau-hausteak zehatzeko, diruzko zehapenak ezarriko dira, eta, bidezko denean, ez-diruzkoak.

2 Diruzko zehapenak isun finkoak edo proportzionalak izan daitezke. Diruzko isun proportzionala aplikatuko da bidegabeki lortu edo aplikatu den edo justifikatu ez den zenbatekoaren gainean.

Isun finkoa 75 eta 6.000 euro bitartekoa izanen da, eta isun proportzionalak kasuan kasuko zenbatekoa halako hiru bitarte izaten ahalko da, alegia, kontuan hartuta bidegabeki eskuratu edo aplikatu den zenbatekoa, justifikatu ez dena edo, entitate laguntzaileen kasuan, bidegabeki aplikatu edo justifikatu diren funtsak.

Diruzko isunak ez du kenduko dirua itzultzeko ordenantza honetan jasotzen den beharra, eta hura kobratzeko zuzenbide publikoko diru-sarreren kasuan aurreikusitako araubide juridikoa izanen da aplikagarri orobat.

3 Ez-diruzko zehapenak arau-hauste astunen edo oso astunen kasuan ezartzen ahalko dira, eta honako hauek izanen dira, ezarriz gero:

a. Burlatako Udalaren, haren erakunde autonomoen nahiz haren mendeko gainerako erakunde publikoen dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak hartzeko aukera galtzea, gehienez ere bost urteko epean.

b. Ordenantza honetan araututako dirulaguntzei dagokienez, entitate laguntzaile gisa jarduteko aukera galtzea, gehienez ere bost urteko epean.

c. Burlatako Udalarekin, haren erakunde autonomoekin nahiz haren mendeko gainerako erakunde publikoekin kontratuak sinatzeko debekua izatea, gehienez ere bost urteko epean.

B) Zehapenen mailaketa:

1 Arau-hausteek eragindako zehapenak mailakatuko dira kasu bakoitzean honako hauek kontuan hartuz:

a. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak behin eta berriz egitea. Hori gertatu dela ondorioztatuko da, arau-hauslea administrazio-ebazpen irmo bidez zehatu badute izaera bereko arau-hauste astuna edo oso astuna egiteagatik, arau-haustea egin eta lau urte lehenagoko epean.

Hori arau-hauste astun edo oso astun batekin gertatzen bada, gutxieneko zehapenaren ehunekoa 10 eta 75 puntu bitarte handituko da.

b. Ordenantza honen 11. artikuluaren 1. apartatuaren c. paragrafoan eta 12. artikuluaren 1. apartatuaren d. paragrafoan jasotako kontrol jarduketen aurreko jarkitzea, ukoa edo oztopoa. Hori arau-hauste astun edo oso astun batekin gertatzen bada, gutxieneko zehapenaren ehunekoa 10 eta 75 puntu bitarte handituko da.

c. Dirulaguntzen arloko arau-haustea egitean iruzurrezko baliabideak erabiltzea.

Horren ondorioetarako, nagusiki honako hauek joko dira iruzurrezko baliabidetzat:

1 Kontabilitatean eta legez ezarritako erregistroetan anomalia nabarmenak egitea.

2 Faktura, frogagiri edo bestelako agiri faltsuak edo faltsutuak erabiltzea.

3 Bitarteko pertsonak edo entitateak erabiltzea, horiek diruz lagundutako jardueraren errealitatea egiaztatzea oztopatzen badute.

Hori arau-hauste astun edo oso astun batekin gertatzen bada, gutxieneko zehapenaren ehunekoa 20 eta 100 puntu bitarte handituko da.

d. Administrazioari ezkutatzea jasotako dirulaguntza zertan aplikatu den egiaztatzeko beharrezko datuak, dela frogatzeko behar den dokumentazioa ez aurkeztuz, dela dokumentazio osatugabea edo ez-zuzena aurkeztuz. Hori arau-hauste astun edo oso astun batekin gertatzen bada, zehapenaren ehunekoa 10 eta 50 puntu bitarte handituko da.

e. Berandu ibiltzea betebehar formalak betetzean.

2 Mailakatze irizpideak aldi berean aplika daitezke. Arau-hauste arinei dagozkien zehapenak mailakatzeko baizik ez da erabiliko e. letran ezarririko irizpidea.

3 Aurreko apartatuetan jasotako mailakatze irizpideak ezin izanen dira erabili arau-haustearen astuntasuna handitzeko, baldin eta jokaera arau-hauslearen deskribapenean bertan jasotzen badira edo arau-hauste administratiboaren beraren parte badira.

4 Pertsona edo entitate arau-hausle bat eta berari dirulaguntza bakoitzeko ezarritako zehapen arinen zenbatekoak ez du gaindituko, osotara, hasiera batez emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

5 Pertsona edo entitate arau-hausle bat eta berari dirulaguntza bakoitzeko ezarritako zehapen astunen eta oso astunen zenbatekoak ez du gaindituko kasuan kasuko zenbatekoa halako hiru, alegia, bidegabeki eskuratu edo aplikatu den zenbatekoa edo justifikatu ez dena halako hiru, edo, entitate laguntzaileen kasuan, bidegabeki aplikatu edo justifikatu diren funtsak halako hiru.

C) Arau-hauste arinen zehapenak.

1 Arau-hauste arin bakoitza 75etik 900 eurora bitarteko isunarekin zehatuko da, hurrengo apartatuan xedatutakoaren kasuan izan ezik.

2 Honako arau-hauste hauek, kasuan-kasuan, 150etik 6.000 eurora bitarteko isunarekin zehatuko dira:

a. Eragiketa bat edo gehiago ez-zuzenak izatea edo jaso gabe uztea kontabilitatean eta legez eskatzen diren erregistroetan.

b. Ez betetzea kontabilitatea eta legez ezarritako erregistroak eramateko betebeharra.

c. Zenbait kontabilitate eramatea jarduera berari buruz, entitatearen benetako egoera jakitea galarazita.

d. Kontuak erabiltzea izaeraz dagozkien esanahia ez den beste bat emanez, horrek diruz lagundutako jardueren errealitatea egiaztatzea oztopatzen badu.

e. Kontrol-organoek eskatutako frogak eta agiriak ez ematea edo horiek aurkezteari bidegabeki uko egitea.

f. Entitate laguntzaileek ordenantza honen 12. artikuluan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

g. Laguntzeko eta dokumentazioa emateko ordenantza honek ezartzen duen betebeharra ez betetzea betebehar horri loturiko pertsonek edo entitateek, horrek berekin badakar ezinezko izan dadin pertsona edo entitate onuradunak edo entitate laguntzaileak emandako informazioa egiaztatzea.

D) Arau-hauste astunen zehapenak.

1 Arau-hauste astunak zehatuko dira kasuan kasuko zenbatekoa halako bi den diruzko isun proportzional batekin, alegia, bidegabeki eskuratu edo aplikatu den edo justifikatu ez den zenbatekoa halako bi, edo, entitate laguntzaileen kasuan, bidegabeki aplikatu edo justifikatu diren funtsak halako bi.

2 Arau-hauste astunari dagokion kalte ekonomikoaren zenbatekoa emandako dirulaguntzaren edo entitate laguntzaileek jasotako zenbatekoen %50 baino handiagoa denean, eta 30.000 eurotik gorakoa denean, eta aldi berean gertatzen denean ordenantza honen 56. artikuluaren B) letraren 1 apartatuaren b. eta c. letretan aurreikusitako inguruabarretako bat, pertsona edo entitate arau-hausleei honako zehapen hauek ezar dakizkieke, gainera:

a. Udal honen, beronen erakunde autonomoen nahiz beronen mendeko gainerako erakunde publikoen dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak hartzeko aukera galtzea, gehienez ere hiru urteko epean.

b. Udal honekin, beronen erakunde autonomoekin nahiz beronen mendeko gainerako erakunde publikoekin kontratuak sinatzeko debekua izatea, gehienez ere hiru urteko epean.

c. Ordenantza honetan araututako dirulaguntzei dagokienez, entitate laguntzaile gisa jarduteko aukera galtzea, gehienez ere hiru urteko epean.

E) Arau-hauste oso astunen zehapenak.

1 Arau-hauste oso astunak zehatuko dira kasuan kasuko zenbatekoa halako bitik hirura bitarte doan diruzko isun proportzional batekin, alegia, bidegabeki eskuratu edo aplikatu den edo justifikatu ez den zenbatekoa halako bitik hirura bitarte, edo, entitate laguntzaileen kasuan, bidegabeki aplikatu edo justifikatu diren funtsak halako bitik hirura bitarte.

Dena dela, ez dira zehatuko ordenantza honen 56. artikuluaren C) apartatuaren b. eta d. letretan jasotako arau-hausteak, baldin eta arau-hausleek kopuruak zein ordura arte sortutako berandutze-interesak itzuli badituzte, aurretik errekerimendurik egin gabe.

2 Arau-hauste oso astunari dagokion kalte ekonomikoaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean, eta aldi berean gertatzen denean ordenantza honen 56. artikuluaren B) apartatuaren 1. puntuaren b. eta c. letretan aurreikusitako inguruabarretako bat, pertsona edo erakunde arau-hausleei honako zehapen hauek ezar dakizkieke, gainera:

a. Udal honen, beronen erakunde autonomoen nahiz beronen mendeko gainerako erakunde publikoen dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak hartzeko aukera galtzea, gehienez ere bost urteko epean.

b. Udal honekin, beronen erakunde autonomoekin nahiz beronen mendeko gainerako erakunde publikoekin kontratuak sinatzeko debekua izatea, gehienez ere bost urteko epean.

c. Lege honetan araututako dirulaguntzei dagokienez, entitate laguntzaile gisa jarduteko aukera galtzea, gehienez ere bost urteko epean.

57. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen preskripzioa.

1. Arau-hausteek preskribatzeko epea lau urtekoa izanen da, arau-haustea egin den egunetik zenbatzen hasita.

2 Zehapenek preskribatzeko epea lau urtekoa izanen da, zehapena ezartzeko ebazpena irmo bilakatu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Preskripzio epea etenen da administrazio prozedura erkideari buruzko araudi orokorrean ezarritakoaren arabera.

4 Preskripzioa ofizioz aplikatuko da; nolanahi ere, alderdi interesdunak preskripzioaren deklarazioa eskatzen ahalko du.

58. artikulua. Zehapen prozedura eta zehapenak ezartzeko organo eskuduna.

1 Administrazio espediente bidez ezarriko dira dirulaguntzen arloko zehapenak. Bertan, alderdi interesdunari entzunaldia emanen zaio betiere, erabakia hartu baino lehen. Espediente hori izapidetuko da administrazio araubideari buruz indarrean dagoen araudi orokorrean xedatutakoaren arabera.

2 Prozedura ofizioz hasiko da, organo emaileak edo entitate laguntzaileak egindako egiaztapen jardueraren ondorioz, bai eta ordenantza honetan aurreikusitako finantza kontroleko jarduketen ondorioz ere.

3 Zehapenak ezartzeko ahalmena Alkatetzari dagokio.

4 Zehapenak ezartzeko erabakiek amaiera emanen diote administrazio bideari.

59. artikulua. Arau-hausteak egiteak sortutako erantzukizunaren iraungitzea.

Arau-hausteek sortzen duten erantzukizuna zehapena ordaindu edo betetzean iraungitzen da, edo, bestela, preskripzioz edo heriotzaz.

60. artikulua. Erantzukizunak.

1 Ordenantza honen 8. artikuluaren 3. apartatuan aipatutako entitateetako kide, partaide edo titularkideek solidarioki erantzunen diote diruzko zehapenari, bakoitzak bere partaidetzaren neurrian, haien entitatea ondasun erkidego bat izanez gero, edo beste edozein motatako unitate ekonomiko edo ondare bereizi bat.

2 Diruzko zehapenari subsidiarioki erantzunen diote merkataritza-sozietateen administratzaileek, edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenek, aplikatzekoak zaizkien lege edo estatutu xedapenen arabera, ez badituzte egin beren esku zeuden beharrezko egintzak, konplitu gabeko betebeharrak bete zitezen, edo ez betetzea ahalbidetzen zuten erabakiak hartu badituzte, edo beren mendekoen ez-betetzeak eragotzi ez badituzte.

3 Sozietateak edo entitateak desegin eta likidatu badira, eta legeak bazkide, partaide edo titularkideen ondare erantzukizuna mugatzen badu, betetzeko dauden zehapenak haiei pasatuko zaizkie, eta betebehar solidarioa izanen dute zehapen horiei dagokienez, esleitu zaien edo esleitu behar zitzaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

4 Sozietateak edo entitateak desegin eta likidatu badira, eta legeak ez badu mugatzen bazkide, partaide edo titularkideen ondare erantzukizuna, betetzeko dauden zehapenak haiei pasatuko zaizkie, eta betebehar solidarioa izanen dute zehapen horiei dagokienez.

Xedapen gehigarria.–Hurrengo ekitaldietako aurrekontuetan eragina izanen duten dirulaguntza-gastuak onesteko aukerari dagokionez, aurrekontuei buruzko araudi aplikagarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

Azken xedapenetako lehena.–Ordenantza orokor honetan aurreikusi ez den orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa izanen da aplikagarria.

Azken xedapenetako bigarrena.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak duten epea iragan arte, toki erakundeei errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko, horiek beren egintzak edo erabakiak deusezta ditzaten.

Iragarkiaren kodea: L2110717