185. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

682/2021 EBAZPENA, uztailaren 14koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean Haurren eta Nerabeen minbiziaren Laguntza Koordinatzeko Batzorde Autonomikoaren osaera eta zereginak, eta eraginik gabe uzten baita abenduaren 31ko 1625/2019 Ebazpena.

Osasun Sistema Nazionalaren (OSN) Lurralde Arteko Kontseiluak 2018ko irailaren 24an erabaki bat hartu zuen Haurren eta Nerabeen Minbiziaren laguntza antolatzeari buruz.

Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak autonomia erkidegoei eskatu zien neurri espezifikoak aplikatzeko, haurren eta nerabeen minbiziaren biziraupen emaitzak hobetzeko Osasun Sistema Nazionalean. Horien artean zegoen laguntza koordinatzeko batzorde autonomiko bat sortzea, populazio honen minbiziaren arreta kudea dezan.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 31ko1625/2019 Ebazpenaren bidez (2020ko 24. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 5ekoan, argitaratu zen), Nafarroako Foru Komunitatean Haurren eta Nerabeen Minbiziaren Laguntza Koordinatzeko Batzorde Autonomikoa sortu zen.

Batzorde Autonomiko honen xedea da Osasun Ministerioak minbizia duten haur eta nerabeen arreta laguntzeko unitateen antolaketa eta kudeaketa optimorako zehaztutako kalitate-irizpideak jasotzen dituen tresna bat ematea osasungintzako profesionalei, osasun arloko administrazioei eta horien kudeatzaileei.

Era berean, Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluaren Erabakiak Autonomia Erkidego esparruko Onkohematologia Pediatrikoko Unitateak ezartzeko oinarriak eman zituen.

Gomendio horri jarraikiz, Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzailearen ekainaren 29ko 57/2021 Ebazpenaren bidez, Haur eta Nerabeen Minbiziaren Diziplina Anitzeko Unitatea eratu da; haren jarduketa esparruak Nafarroako osasun sistema publikoan artatzen diren kasu guztiak barne hartzen ditu.

Foru Komunitate honetako osasun antolaketa-ereduari jarraikiz, eta xedea Koordinaziorako Batzorde Autonomikoaren funtzionamendua optimizatzea izanik, bidezkoa da haren osaera eta eginkizunak moldatzea, gobernantza errazteko eta koordinazioa hobetzeko Nafarroako Haurren eta Nerabeen Minbiziaren Diziplina Anitzeko Unitatearekin.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Pazientearen Laguntza Sanitarioko Zuzendaritzak eta Nafarroako Ospitaleguneko Kudeatzailetzak igorritako txostenean oinarriturik, eta irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Haurren eta Nerabeen Minbiziaren Laguntza Koordinatzeko Batzorde Autonomikoaren osaera eta eginkizunak Nafarroako Foru Komunitatean, hurrengo apartuetan xedatuaren arabera.

2. Honako funtzio hauek izanen ditu Haurren eta Nerabeen Minbiziaren Laguntza Koordinatzeko Batzorde Autonomikoak:

a) Nafarroako Ospitaleguneko Haurren eta Nerabeen Minbiziaren Diziplina Anitzeko Unitatearen (DAU) jarduera gainbegiratzea eta haren emaitzak alderatzea urteroko txostenekin eta aipatu DAUaren zuzendaritza batzordeak zehaztutako adierazleen emaitzekin, Osasun Ministerioak adierazitako gutxieneko betekizunak oinarri hartuta.

b) Arreta maila ezberdinen arteko kudeaketa protokoloak koordinatzea, bermatzeko eskura dauden eta DAUko kideek berrikusitako ebidentzien arabera, pazienteak protokolo terapeutiko eraginkorrenetara bideratzen direla. Koordinazio honek berdintasuna bermatu beharko du gaixoak bideratzeko kudeaketan, honako hauek direlarik helburuak:

1.–Zirkuitu azkar eta eraginkorrak ahalbidetzea, kasu bakoitzari irtenbide azkar eta eraginkorrak eman ahal izateko, dela gaixotasunaren prozesu osoan, dela prozesuaren zati batean.

2.–Lurralde arteko akordioak kudeatzea, errazteko Osasun Sistema Nazionaleko erreferentziako zentro, zerbitzu eta unitateetara (EZZU) bideratzea, gure zerbitzu kartan erabilgarri ez dagoen tratamendu bat hartu behar denean, edo bigarren iritzi bat eskatu nahi denean.

3.–Protokoloak gainerako laguntza baliabideekin koordinatzea, barne hartuta ospitale mailako eta lehen osasun laguntzako pediatria zerbitzuak, pediatriako zainketa aringarriak eta etxez etxeko arreta.

4.–Nerabeei bermatzea helduen arreta zerbitzurako trantsizioa, paziente bakoitzaren heltze prozesuari egokituta.

5.–Pazienteei eta profesionalei zuzendutako prestakuntza estrategiak bultzatzea.

6.–Gizarte laguntzaren arloko koordinazioa erraztea pazienteei eta familiei.

7.–Bizirik jarraitzen dutenen jarraipenerako epe luzeko zirkuituak sustatzea eta ahalbidetzea.

c) Osasunaren, Kontsumoaren eta Gizarte Ongizatearen Ministerioarekin lotura zuzena izatea komunikazioari zein zuzeneko informazioari dagokionean.

1.–Haurren eta nerabeen minbiziaren arretari buruzko datu guztiak eta informazio esanguratsua igortzea Ministeriora, eskatzen dutenean.

2.–DAUaren zuzendaritza organora igortzea Haurren eta Nerabeen Minbiziaren Arretari berariaz eragiten dioten Osasun Ministerioaren ebazpenak.

3. Batzordeak kide hauek izanen ditu:

a) batzordeko burua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan laguntza kudeaketako arduraduna izanen dena, Osasunbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Zuzendaritza Kudeatzailetzako titularrak proposaturikoa. Bera ezean, Eriari Osasun Laguntza emateko zuzendaria ariko da buru.

b) Kideak:

Haurren eta Nerabeen Minbiziaren DAU ordezkatzen duen pertsona bat, Nafarroako Ospitaleguneko Kudeatzailetzak izendatua, Nafarroako Ospitaleguneko Pediatriako Zerbitzuko Burutzaren titularrak proposaturikoa. Bera ezean, DAU koordinatzen duen pertsonak ordezkatuko du.

Nafarroako Ospitaleguneko Zuzendaritza Asistentzialeko kide bat, Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzaileak proposaturikoa.

Nafarroako Ospitaleguneko Zainketen Zuzendaritzako kide bat, Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzaileak proposaturikoa.

Nafarroako Ospitaleguneko Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko ordezkari bat, Nafarroako Ospitaleguneko Zuzendaritza Kudeatzailetzak proposaturikoa.

Batzorde horrek egoerak hala eskatzen duelakoan aukeratutako pertsonak, aditu gisa, modu iraunkorrean edo aldi baterakoan.

c) Idazkari bat; batzordeko kide izan beharko du.

4. Batzordeak bere funtzionamendu araubidea arautuko du, baita bere funtzioak betetzeko beharrezko urteko bilera egutegia ere.

Batzordea eratzeko bileran, kideek beren arteko bat hautatuko dute, batzordeko idazkari moduan arituko dena, hau da, bileretako deialdiak eginen dituena, hartutako erabakien aktak hartuko dituena eta horiek zainduko dituena.

Batzordeko buruaren erantzukizuna izanen da egindako jarduketen urteko memoria egitea; memoria hori Osasuneko Zuzendaritza Nagusiari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Kudeatzailetzari aurkeztuko zaio.

Batzordeak aditu gisa deitutako pertsonak batzordeko kide bihurtuko dira, eta eskubide guztiak izanen dituzte.

5. Batzordea Nafarroako Haurren eta Nerabeen Minbiziaren Diziplina Anitzeko Unitatearekin koordinatuko da, eta Foru Komunitate osoa izanen du jarduketa eremu.

6. Eraginik gabe uztea 625/2019 Ebazpena, abenduaren 31koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, sortzen duena Nafarroako Foru Komunitatean Haurren eta Nerabeen Minbiziaren Laguntza Koordinatzeko Batzorde Autonomikoa.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Ebazpen hau igortzea, dagozkion ondorioak izan ditzan, Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusira; Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Kudeatzailetzara eta Pazientearen Laguntza Sanitarioaren Zuzendaritzara; Nafarroako Ospitaleguneko Zuzendaritza Asistentzialera, Zainketen Zuzendaritzara, Kudeatzailetzara, Pediatria Zerbitzura, Onkologia Medikoko Zerbitzura, Hematologia Zerbitzura, Kudeaketa Klinikoko Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunaren Zerbitzura; Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzara; Tuterako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzara eta Lizarrako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzara.

Iruñean, 2021eko uztailaren 14an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

Iragarkiaren kodea: F2111075