182. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

689E/2021 EBAZPENA, uztailaren 3koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen baimen integratua ematen baita Cadreitako udal-mugartean oilaskoak gizentzeko hegazti-instalazio bat jartzeko. Titularra Jorge Lecumberri Pablo da.

Instalazioa Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 9.1 b) epigrafean dago sartua (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori), “Oilategiko hegaztien hazkuntza intentsiborako instalazioak, oilaskoendako 55.000 toki baino gehiago dauzkatenak” izenekoan. Horren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren eta nahitaezko ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren araubidearen menpe dago.

Instalazioa, orobat, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 1. taldeko a) ataleko 2. puntuan dago sartuta.

Lurzoru urbanizaezinean baimenduta dagoen jarduketa bat denez, hura udalaren eskumenean gelditzen da, eta ez du lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Titularrak eskatu zuen ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedurari hasiera ematea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan ezarritakoarekin bat (erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen) tramitatu da espedientea, eta prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Espedientea jendaurrean jarri zen eta, aldi berean, kontsultak egin ziren ukitutako administrazio publikoekin eta pertsona interesdunekin, hogeita hamar eguneko epean, inork alegaziorik aurkeztu gabe. Ebazpen honen eranskinean zerrenda bat jasotzen da, egindako kontsultek eta jasotako txostenek osatua.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Cadreitako udal-mugartean oilaskoak gizentzeko hegazti-instalazio bat jartzeko. Titularra Jorge Lecumberri Pablo da. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.

Bigarrena.–Instalazio hori ezartzeko proiektuari buruzko ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea, aldekoa, hain zuzen, ebazpen honetan ezarritako baldintzetan. Adierazpen honek babesten duen proiektua gauzatzeko lanak gehienez lau urteko epean hasi beharko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota, ingurumen inpaktuaren adierazpenak automatikoki galduko ditu ondorioak, eta eraginkortasunik gabe geldituko da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta kontuan hartuta ebazpen honen VIII. eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira gehienez ere; epe hori amaituta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.

Laugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa (15P02064090322021). Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Bosgarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 0640041755/1/1 plana onestea. Ebazpen honen XI. eranskinean dago.

Seigarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean.

Zazpigarrena.–Era berean, eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, zuzendaritza nagusi honek berrikusi eta egokitzen ahalko ditu baimen integratuaren baldintzak.

Zortzigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabekoa den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat. Halaber, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatu beharko da; hau da, instalazioaren aldaketari ingurumen ebaluaziorako prozedura arrunta edo sinplifikatua ezartzen ahalko zaio, kasuaren arabera.

Bederatzigarrena.–Instalazioa funtzionatzen hasi baino lehen, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hamargarrena.–Martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Ebazpen honen VIII. eranskinean ezarritako hirigintza-baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Titularraren adierazpen bat, non konpromisoa hartuko baitu lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

–Instalazioa paisaian integratzeko landaketen osaerari eta egoerari buruzko txostena, baimen honetan ezarritakoaren arabera.

–Bederatzi hilabeteko epean, erantzukizunpeko adierazpenetik kontatzen hasita, titularrak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

  • Laburpen bat, memoria eta dokumentu grafikoak bilduko dituena, frogatzeko egin direla ezpondak konpontzeko lanak eta, orobat, landareztatze tratamenduaren emaitza. Sendotze lanen egutegi bat ere aurkeztuko da, behar besteko eraginkortasuna lortzen ez bada ere.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotako ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamahirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpen hau igortzea Jorge Lecumberri Pablori, Cadreitako Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari, Ingurumena Zaintzeko Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko uztailaren 3an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2110711