182. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URRITZA

Herri-lurretako aprobetxamenduen ordenantza.
Behin betiko onespena

Urritzako Kontzejuko herri-lurraren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza 2010eko otsailaren 23an onetsi zen hasiera batez, eta jendaurrean izan da hilabetez, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz. Epe horretan ez denez haren aurkako alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsitzat jotzen da. Jarraian dator ordenantzaren testua.

Urritzan, 2021eko uztailaren 8an.–Mikel Quintero Fernández.

ORDENANTZA, HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Urritzako Kontzejuaren mugarteko herri-lurretako ondasunen administraziorako, erabilerarako, zainketarako, berreskuratzeko eta aprobetxamendurako.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Urritzako Kontzejuari dagozkio herri-lurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Urritzako Kontzejuak hartzen dituen erabakiek beharko dute Nafarroako Gobernuaren baimena, Herri ondasunei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du, eta, hori baino lehen, Urritzako Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Urritzako Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke, herri-lurretako ondasun gisa.

Horretarako, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluko prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Urritzako Kontzejua herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Urritzako Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena eginda eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Urritzako Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuko Batzordeak hartu beharko du jakinarazpen horien gaineko erabakia.

10. artikulua. Urritzako Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa beharko du aldez aurretik, baldin eskualdaketarik egin nahi badu ondasunak herriaren ondarerako berreskuratzearren.

11. artikulua. Urritzako Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du, beti, iraungi daitezen baimen, kontzesio edo beste ezein tituluren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, betiere ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Urritzako Kontzejuak, herri-lurrei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Urritzako Kontzejuak bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean herri-lurretako ondasunak defendatzeko, herritarren ekimenaren txanda izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Urritzako Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

b) Herri-larreen aprobetxamenduak.

c) Epaitzen aprobetxamenduak.

d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. 1 Orokorrean, familia unitateak edo norbanakoak izanen dira herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunak, baldin eta beren aziendak inskribaturik badituzte Urritzako Kontzejuko abere aberastasunaren katastroan, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

–Familia unitateak:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Urritzako Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea 3 urteko antzinatasunez.

c) Urritzan urtean bederatzi hilabetez, gutxienez, jarraian bizi izatea.

d) Urritzako Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea.

–Norbanakoak:

Abeltzaintzan edo nekazaritzan beren familia-unitatetik kanpora aritu nahi duten gazteak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Udal erroldan izena emana izatea eta herrian segidan bizitzea.

b) Haien bizimodua abeltzaintza edo nekazaritza izateko asmoa izatea.

c) Nekazaritzako Gizarte Segurantzaren Araubidean inskribaturik egotea.

16. artikulua. Norbanakoak baldin badira nekazaritzan urte anitzeko laboreetan jardun nahi dutenak, eskaera egin beharko diote Kontzejuari eta kasu bakoitza aztertu ondoren baimena emanen du, hala uste badu.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

17. artikulua. Urritzako herri-lurretako larreen aprobetxamenduak banatuko dira ordenantza honetako artikuluak betetzen dituzten eskatzaile guztien artean.

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

b) Enkante publikoan esleitzea edo Urritzako Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Urritzako Kontzejuak eginen du herri-lurretako larreen aprobetxamenduak esleitzeko prozesua.

18. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 10 urtekoa izanen da.

19. artikulua. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak izaten duen igoeraren arabera egokitzeko, erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onetsitako indizeen arabera.

20. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Horri dagokionez, Urritzako Kontzejuak ondoko kasu hauetan ulertuko du larreak ez dituela onuradunak zuzenean aprobetxatzen:

a) Onuradunak bere aziendak kentzen baditu Kontzeju honen Aziendaburuen Erregistrotik.

b) Larreen jabe izanik, hirugarrenei errentan ematen dizkietenak. Neguko hilabeteetan bakarrik ematen ahal dira larreak errentan, ardiak edo bestelako aziendak bazka daitezen, udalerrian ohitura den bezala.

c) Kontzejuaren Batzarraren txostenaren arabera, esleitutako larreak zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ez dituztenak.

21. artikulua. Beren larreak apartzerian eman edo lagatzen dituzten onuradunei herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.

Gisa honetara, lurzatirik gabe gelditu diren onuradunek apartzeria edo lagapena egin zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Kontzejuaren Diruzaintzan.

22. artikulua. Urritzako Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztatze lanak egiten ahal ditu noiznahi, ziurtatzeko zuzenean eta pertsonalki egiten ari dela lurzatietako laborantza.

23. artikulua. Urritzako Kontzejuak urtero banatzen diren lurzati handienetako baten pareko lurzati bat gordeko du beretzat, onuradun berriak agertuko balira.

24. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa bi epetan eginen da.

–Lehen epea: urteko zenbatekoaren %50ari dagokiona, adjudikazioa egin eta sei hilabeteren buruan.

–Bigarren epea: urteko zenbatekoaren gainerako %50ari dagokiona, adjudikazioa egin eta hamabi hilabeteren buruan.

25. artikulua. Onuradunak fidantza gisa utzi beharko du, adjudikazio egunetik 30 eguneko epean, 10 urteko adjudikazioaldiari dagokion diru kopuruaren %5.

26. artikulua. Lurrik soberan bada, enkante publikoan esleituko da.

27. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, egiaztatzeko betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak (foru lege horrek hizpide du herri-larreetan bazkatzen den aziendaren babesa), eta bete beharko ditu foru lege horretako eta haren erregelamenduko baldintza guztiak.

28. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta abeltzainendako kalteak eragozteko, Kontzejuak ondoko baldintzak ezarri ditu:

Lursailek ez dute baltsako urik izanen hura garbitzen ari diren egunetan.

29. artikulua. Eskabideekin batera aurkeztu behar da abelburuen kopurua frogatzen duen katastroko ziurtagiria, baita hauen gaineko zinpeko aitorpena ere:

a) Urritzako biztanleak izatea, gutxienez 3 urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

30. artikulua. Prozedura: Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua agertuta, 30 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

31. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

32. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira, 10 urterako, jarraikiz indarra duen araudiari eta ordenantza honetatik aplikatzekoa denari.

33. artikulua. 10 urte horiek bete gabe herri-lurretako aprobetxamenduaren kontratua deuseztatu nahi duten familia-unitateek edo norbanakoek horren berri eman beharko diote Kontzejuari, gutxienez sei hilabete lehenagotik.

34. artikulua. Herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunek garbi eduki behar dituzte lurzatiak, hau da, sasitzarik gabe, ongi ongarrituak eta, oro har, egoki nekazaritzarako.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

35. artikulua. Oihanean aski bada eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoan, Urritzako Kontzejuak etxerako epaitzak banatuko ditu denen artean, betiere herrian bertan erabiltzekoak badira.

36. artikulua. Urritzako Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

37. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

38. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen zaie mendi zaindariordeak ematen dituen jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

Ordenantza hauek baliorik gabe uzten du orain arteko ordenantza, bai eta arau guztiak ere herritarrei zenbait eskubide ematen zizkietenak zuhaitzak botatzeko, helburua zela gurdiendako endaitzak, gapirioak eta abar egitea.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

39. artikulua. Urritzako Kontzejuak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste aprobetxamendu edo hobekuntza oro. Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

40. artikulua. 1 Urritzako Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, laguntza eman dakien inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela frogatzen duten herritarrei.

2 Proiektu hauek Udalak nahiz herritar interesdunek berek sustatzen ahal dituzte.

3 Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuaren erabakia aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4 Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei pagatuko zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

41. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki ondoren, eta Udalak ebatzi ondoren aurkezten diren alegazioak.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

42. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

c) Herri-lurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Udalak adjudikatu gabe herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, soro utziak.

f) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta arbolak etab.), Udalaren baimenik izan gabe.

g) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

h) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Herri-lurretako zuhaitzak botatzea.

l) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

m) Azienda bazkatzea herri-basoan, errentan emandako herri-larreetatik kanpo.

n) Herri-lurren aprobetxamendua bukatzen denean finkak behar bezala zainduak ez egotea.

43. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, ukatu gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak.

Aurreko g) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikazio hartzailea izateko eskubidea.

Gainerako arau-hausteengatik, zehapena izanen da egindako kaltearen balioa halako bostetik hamar bitarte ordaintzea. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 1.200 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: L2111050