182. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDABIA

Aldaketa, Kaleen garbiketari buruzko udal ordenantzan.
Behin betiko onespena

Mendabiako Udalak, 2021eko apirilaren 29an egin osoko bilkuran, aho batez eta hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Mendabiako kaleen garbiketari buruzko ordenantzan, zeina 2021eko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, maiatzaren 25ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork haren aurka alegaziorik, kexarik edo oharrik egin gabe iraganik, ordenantza hori aldatzeko hasierako onespenaren erabakia behin betiko bilakatu da eta haren testu osoa argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Mendabian, 2021eko uztailaren 7an.–Alkatea, María Josefa Verano Elvira.

MENDABIAKO KALEEN GARBIKETAREN UDAL ORDENANTZA

LEHEN TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da ondotik ematen diren jarduketa eta jarduerak arautzea, Mendabiako Udalaren eskumenen esparruan eta haren udal-mugartean:

A. Eremu publikoaren garbiketa, herritarren erabilera arrunt eta orokorraz den bezainbatean. Halaberean, jabetza pribatuko orubeen ikuskapena eta modu subsidiarioan garbiketa egitea.

B. Karrikan manifestazio publikoak egitearen ondorioz herrian gelditzen den zikinkeriaren prebentzioa, eta udal jabariko ondasunen garbiketa, haren erabilera arrunt, berezi eta pribatiboari dagokionez.

2. artikulua. Aurreko artikuluan jasotako jarduerak Udalak berak kudeatuko ditu, Mendabiako Udalak horien garapenerako duen eskumenaren barnean.

3. artikulua. Ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko dira, izaeragatik ordenantzaren ezarpen esparrukoak izanik espresuki araututa ez dauden kasuetan.

4. artikulua. A. Hiriaren garbitasunari dagokionez, Mendabiako biztanle guztiek izan beharko dute zikinkeria saihestu eta hari aurre hartzeko jokamoldea.

B. Halaber, udal agintaritzari salatu beharko diote, garbiketa publikoaren alorreko arau-hausterik ikusten badute, edo egiazki haien berri badute.

C. Udalak bere buruari betebeharra ezartzen dio herritarrek salatu eta iradokitako erreklamazioei arreta egiteko eta kasu bakoitzean behar diren ekintzak egiteko.

5. artikulua. A. Herritar guztiek ordenantza hau eta garbitasun orokorreko xedapen osagarriak zehatz betetzeko betebeharra dute, hiriaren estetikak une oro agintzen duen apaindura zaintzeko.

B. Udal agintariek noiznahi exijitzen ahalko dute arau hauek berehalakoan betetzea, eta hondaketaren bat eragiten duena kaltea konpontzera behartzen ahalko dute, ezertan ukatu gabe dagokion zehapena ezartzea.

C. Alkatetzak ordenantza honen IV. tituluan xedatuaren arabera zehatuko ditu arau hauetan ezarritakoaren kontra jokatzen dutenak, bidezkoa den zehapen espedientea tramitatu ondotik.

6. artikulua. Garbiketarako udal zerbitzuak subsidiarioki egiten ahalko ditu arau hauen arabera herritarrek egin beharreko lanak, haiei egotzita egindako zerbitzuen kostua, ordenantza fiskaletan xedatutakoarekin bat, eta ezertan ukatu gabe kasu bakoitzari dagokion zehapena eta ikuspegi zibiletik galdegin daitekeena.

II. TITULUA

Eremu publikoaren garbiketa

I. KAPITULUA

Eremu publikoaren garbitasuna, herritarren erabilera orokor eta arruntaren ondorioz

7. artikulua. Garbitasunari dagokionez, eremu publikotzat joko dira honako hauek: etorbideak, pasealekuak, karrikak, espaloiak, zeharkaleak, bideak, lorategiak eta berdeguneak, zubiak eta herritarren erabilera arrunt eta orokorrerako diren erabilera publikoko gainerako ondasunak. Salbuespen dira, publikoak ez izateagatik, urbanizazio pribatuak, igarobideak, barneko patioak, orubeak, merkataritzako galeriak eta gisa horretakoak; izan ere, partikularrei dagokie haiek garbitzea, jabetza bakarra izan, partekatua edo jabetza horizontalaren araubidekoa.

8. artikulua. A. Debekaturik dago eremu publikoan nolanahiko hondakinak botatzea eta uztea. Tamaina tikiko hondakin solidoak, hala nola paperak, bilgarriak eta gisakoak, horretarako dauden paperontzietan bota beharko dira, eta horiek besterik ez, zeren debeku baita bertan bertzelako hondakinak eta zabor poltsak botatzea.

B. Debeku da paperontzietan zigarroak, puruak, zigarro-muturrak edo beste zernahi botatzea, piztuta egonez gero. Botatzekotan, itzalita bota beharko dira.

C. Debeku da eremu publikotik edo balkoi eta terrazetatik arropak eta alfonbrak inarrostea, Alkatetzak aldi bakoitzean ezartzen duen ordutegitik kanpora. Nolanahi ere, lan hori, gaur egun, goizeko 8etatik 10etara egin beharko da, eta pertsonei eta gauzei kalte edo traba ez egiteko moduan.

D. Debeku da eremu publikoan animaliak nahiz ibilgailuak garbitzea, baita ibilgailuak konpontzea ere.

E. Debeku da artaldeek aisiarako guneetan (Legardan, Ebro ibaiaren bazterretan, etab.) abaro hartzea.

F. Txakur, zaldi eta lagun egiteko beste zeinahi animaliaren jabeek behar diren neurriak hartu beharko dituzte beren animaliek gorozkiak eremu publikoan egin ditzaten eragozteko, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eta bestelakoak edukitzea arautzen duen udal ordenantzan ezarritako xedapenei men eginez. Hala ere, apartatu honetan adierazitakoa bete ezean, dagokion zehapen espedientea bideratuko da, bideen garbiketari buruzko ordenantza honen IV. tituluak ezarritako xedapenekin bat.

9. artikulua. A. Partikularrei dagokie espaloiak, pasabide partikularrak, belenak, etxe sailetako barne patioak, orube partikularrak, merkataritzako galeriak eta gisakoak garbitzea.

B. Udalak, udal zerbitzuaren bidez, aurreko 1. zenbakiko elementuen garbitasun egoeraren kontrola eta ikuskapena eginen du, eta horien arduraduna hertsapenez behartzen ahalko du garbitzera, horretarako ematen diren jarraibideekin bat.

C. Udal zerbitzuaren edo horren kudeaketa esleitzen zaion enpresarena izanen da galtzadak, zintarriak, zuhaitzen txorkoak, lurguneak eta paperontziak garbitzeko lana.

10. artikulua. A. Ondoko hauei dagokie espaloiak garbitzea, eta egin ezean, ez-egitezko erantzukizuna izanen dute udal administrazioaren aurrean:

a) Eraikinaren jabeei, espaloia fatxadaren aurrekoa bada, eraikinaren funtzioa edo xedea edozein delarik ere.

b) Negozioaren titularrei, baldin eta beheko solairuan saltokiak edo dendak badaude; kasu horretan, beren aurrealdean hartzen duen espaloi zatia garbitu beharko dute.

c) Jabeei, espaloiak eraiki gabeko orubeetan badaude; kasu horretan, jabeei, bidezko bada, ordenantza honen 21. artikuluan aurreikusitako salbuespena aplikatzen ahalko zaie.

B. Eremu publiko batean espaloiak oraindik egin ez badira, eraikinetatik hurbilen dagoen karrika puskari dagokio garbitzeko betebeharra, gutxienez ere hiru metro zabal baldin bada, aitzineko 1. zenbakian egindako erantzukizun banaketari jarraikiz.

C. Partikularrek eremu publikoa garbitu eta eskobatzean sortutako hondakinak ezin izanen dira inola ere kalean utzi; poltsetan sartu beharko dira eta edukiontzietan utzi. Era berean, debeku da ur zikina isurtzea eremu publikoan, baita beste edozein isurgai botatzea ere, eremu publikoan dauden zuhaitzen txorkoetan edo udalaren paperontzietan.

11. artikulua. Pasabide partikularretan, etxe-sailetako barne patioetan, orube partikularretan, berdegune partikularretan, merkataritzako galerietan eta gisakoetan, jabeei dagokie garbiketa lanak egitea. Jabekidetzakoak izanez gero, garbitzeko erantzukizuna komunitate osoari dagokio, modu solidarioan.

Etxebizitzetako barne patioak eta belenak horietara sarbide pribatu eta esklusiboa dutenek garbitu beharko dituzte, eta debeku da halakoak gauzak, trasteak, hondakinak etab. gordetzeko biltegi modura erabiltzea, baita zakur eta bestelako animalien aterpetarako ere.

Jantziak beheko pisuetako pertsonei edo gauzei kalterik ez egiteko moduan eskegiko dira.

Orube partikularrak garbi eduki beharko dira eta bertan ez dela laborantzarako lanabes, lanerako tresna, eta antzekorik. Partikularrek edozein motatako gauzak uzteko erabili nahiko balute, hormigoizko blokez hesitu beharko dituzte.

II. KAPITULUA

Eremu publikoko zikinkeria, obrek eta bestelako jarduerek sortua

12. artikulua. A. Eremu publikoan zikinkeria sor dezaketen jarduerak egiten badira, nonahi eginak izanagatik eta batere ukatu gabe kasu bakoitzean behar diren lizentziak eta baimenak, titularrak behartuta daude aldez aurreko neurriak hartzera eremu publikoan zikinkeriarik izan ez dadin, eta orobat behartuta daude bai ukitutako eremu publikoa eta bertako egitura-elementuak garbitzera, eta gelditu diren materialak jasotzera.

B. Alkatetzak edo Udal zerbitzuak, bakoitzari dagozkion garbitasuneko lanak egitea exijitu ahal izanen die horren ardura duten pertsonei.

13. artikulua. A. Zikinkeriarik ez sortzeko, obrak egiten ari direnek eremu publikoa babestu beharko dute, elementu egokiak paratuz eraisketen, lurren eta obran sobratutako materialen inguruan, ez daitezen barreia eta heda lanek hartzen duten esparru zehatzetik kanpora.

B. Bereziki, eremu publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta lotura lanen inguruak, beti garbi eta inolako hondakinik gabe eduki beharko dira. Ateratako lurra aurreko 1. zenbakian zehaztu bezala babestu beharko da.

C. Obrak eremu publikoan edo alboko lekuren batean egiten direnean, hesiak eta babes elementuak nahiz seinaleak ezarri beharko dira. Horietaz gain, hodiak ere bai, eraisketako materialen eta produktuen zamalanetarako, behar diren baldintzak betetzen dituztenak, jendeari edo gauzei kalterik ez egiteko eta eremu publikoa ez zikintzeko.

Eraikinak jaso bitartean, eremu publikoa garbitzeko betebeharra, 12. artikuluan ezarritako esparru material osoan, obrako kontratistarena da.

D. Beharrezkoa izanez gero, obran erabiltzen diren garraiorako ibilgailuek eremu publikoa zikintzen badute, ibilgailu horien gurpilak garbitzeko sistema bat instalatuko dute.

E. Eraikinak eraisteko eta hondakinak ateratzeko lanetan, behar adinako presioz bustiko da jarduketaren eremua, lan horiek sortzen duten hautsa gutxitze aldera.

F Lanak egiteko erabiltzen diren ibilgailuek eremu publikoan eraginik badute, gurpilak garbitu beharko dituzte obretatik edo lan eremutik ateratzerakoan, lokatzik eror ez dadin eremu publikoan.

14. artikulua. Debeku da eremu publikoan nahiz bertako edozein elementutan hondakinak zuzenean utzi, hustu edo botatzea, udal agenteek horretarako espresuki zehaztutako lekuetan izan ezik.

15. artikulua. A. Eremu publikoa zikin dezakeen edozein ibilgailuk bukatutakoan zamalanak, obrak nahiz biltegietako sartu-ateratzeak, etab., lan horietaz arduratu diren langileek eta, bestela, establezimendu edo obretako titularrek eta, azken finean, ibilgailuaren jabe edo gidariek garbitu beharko dituzte eremu publikoa eta bertan zikindutako elementuak, eta botatako materiala jasoko dute.

B. Aurreko zenbakian aipatutako pertsonak izango dira, aipatu hurrenkera berean, ordenantza honetako xedapenak haustearen eta gerta daitezkeen kalteen erantzule.

16. artikulua. Erakusleiho, denda, saltoki, merkataritzako establezimendu eta abarretan partikularrek garbiketa egiten badute, kasu emanen dute eremu publikoa ez zikintzeko, eta horren erantzukizuna jardueraren titularrarena izanen da; debeku da garbiketa egin ondoren soberan gelditutako ura eremu publikoan edo zuhaitzen txorkoetan isurtzea.

III. KAPITULUA

Higiezinetako elementuen eta kanpoaldeen garbitasuna
eta mantentze-lana

17. artikulua. A. Higiezinen jabeak behartuak daude horiek behar bezalako baldintzetan mantentzera, segurtasunari, garbitasunari eta apaindura publikoari dagokienez.

B. Debeku da jendeen ikuspegian izatea etxeen irekiduretan eta terrazen kanpoko barandetan arropa hedatzea, zikina nahiz garbitua, edo eremu publikoaren begiramenari edo hiri estetikaren mantentzeari kalte egiten dion edozein gauza.

Patioetan edo karrikatik ikusten ez diren beste leku batzuetan arropa hedatzeko tokirik ez duten etxebizitzen eraikinetarako, Alkatetzak horretarako araua edo baimena ezartzen ahalko du, txosten teknikoak egin ondotik, halakorik behar izanez gero.

18. artikulua. A. Establezimendu, finka eta etxebizitzen jabeak behartuak daude garbi edukitzera fatxadak, karrikako zenbakien errotuluak, ageriko mehelinak, sarrerak eta sarbideko eskailerak eta, orokorrean, eremu publikotik ikus daitezkeen eraikin zati guztiak.

B. Honen aurreko 1. zenbakiari dagokion guztian, jabeek egin beharko dituzte mantendu, garbitu, berritu eta iztukatze lanak, apaindura publikorako beharrezko denean eta hala agintzen duenean udal-agintaritzak, dagokion udal zerbitzuak aldez aurretik txostena egin ondotik.

C. Orobat, jabeek hauek ere garbi atxiki behar dituzte: tximiniak, biltontziak, patioak eta argi patioak, ur eta gas hodiak, hustubideak, tximistorratzak, telebista antenak edo higiezinetako instalazio osagarri guztiak.

D. Balkoietan, terrazetan edo fatxadetan dauden landareak ureztatzean saihestuko da ura eremu publikora isurtzea. Nolanahi ere, eremu publikoaren edo haren elementuen gaineko isurketak edo zipriztinak saihestuko dira, eta landareak ureztatuko dira 22etatik 8etara bitarteko ordutegian.

IV. KAPITULUA

Orubeen garbitasuna eta mantentze lana

19. artikulua. A. Jabeek zabor eta hondakinik gabe eduki beharko dituzte lursailak eta orubeak, eta behar bezalako baldintzetan, higienearen, osasungarritasunaren, segurtasunaren eta apaindura publikoaren aldetik. Orubeak edozein material, lanabes edo produkturen biltegi modura erabili ahal izateko, hormigoizko blokez hesitu beharko dira.

B. Aurreko aginduan sartzen da orubeetan arratoi-garbiketa eta desinfekzioa egin beharra.

C. Udalak ahalmena du aurreko 1. eta 2. zenbakietan aipatutako garbiketa lanak ikuskatu eta subsidiarioki eginak izan daitezela agintzeko, orubeak publikoak nahiz pribatuak izan.

20. artikulua. A. Hirigintzako planeamenduak ukitutako finkak badira eta jabeek erabilera publikorako lagapena egina badute, Udalak, interesa dutenek diotena entzun ondotik, bere gain har dezake, osotara edo parte batean, 19. artikuluan jasotako baldintzak betetzeko ardura.

B. Aurreko apartatuan aipatutako kasuan, Alkatetzak, bere ahalmenaz baliatuz, erabakiko du zer egin behar den, herritarren interesei begira.

III. TITULUA

Herriaren garbitasuna, erabilpen arrunt, berezi eta pribatiboari eta karrikako agerpen publikoei dagokienez

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak eta aplikazio eremua

21. artikulua. 1. artikuluaren 2. zenbakian ezartzen denarekin bat, titulu honek arauak ematen ditu hiriko garbitasuna mantentzeko, honako hauei dagokienez:

A. Udal jabari publikoko ondasunen erabilpen arrunta, berezia eta pribatiboa egiten denean.

B. Herriko kalean egiten diren ekitaldi publikoen eta publizitateko zenbait jardueren ondoriozko zikinkeriaren prebentzioa.

22. artikulua. A. Erabilpen arrunt eta pribatiboaren ondorioz eremu publikoan zikinkeria sortzen denean, erabilpenaren titularrak izanen dira haren erantzule.

B. Finkoak nahiz ez-finkoak diren establezimenduetako titularrek, hala nola ostatu, kafetegi, kiosko, salmentako postu eta gisakoek behar bezain garbi eduki beharko dituzte bai instalazioak bai haien eraginpeko hiri espazioa.

23. artikulua. A. Kalean ekitaldi publikoren bat antolatzen dutenak ekitaldi hori egiteagatik sortzen den zikinkeriaren erantzule izango dira.

B. Hiriaren garbitasuna dela eta, ekitaldi publikoen antolatzaileek ekitaldiaren leku, ibilbide eta ordutegiaren berri eman behar diote Udalari. Udalak eskatzen ahalko die eskudiruzko fidantza eratu edo bankuko abala aurkezteko, ekitaldi publikoak sortzen duen zikinkeriaren ondorioz antolatzaileei legokiekeen garbiketarako zerbitzu subsidiarioen kostua kitatzeko adinakoa.

24. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, honela ulertuko da:

A. Kartelak dira iragarkiak -inprimatuak nahiz pintatuak-, paperean edo sendotasun txikiko beste material batean eginda badaude. Kartelak formatu txikikoak eta eskuz banatzekoak badira, esku orriak direla erranen dugu.

B. Errotuluak dira iragarkiak, finko edo mugikorrak, baldin pintura, baldosa eta iraupen luzea emanen dieten bestelako materialez eginda badaude.

C. Pankartak dira tamaina handiko iragarki publizitarioak, eremu publikoan noizbehinka eta ekitaldi publikoren bat egin behar dela-eta gehienez ere hamabost egunean egoten direnak.

D. Pintaketak dira eremu publikoan egindako eskuzko inskripzioak, hiriko murru edo paretetan, espaloi edo galtzadetan, edo egiturazko elementuren batean eginak.

E. Opuskuloak eta liburuxkak dira paperez nahiz antzeko materialez egindako argitalpenak, edozein agerpen publiko nahiz pribatutan herritarrei eman edo banatzen zaizkienak eremu publikoan.

F Errotulutzat hartuko dira kartelak, instalazio edo babes aldetik hamabost egunetik goitiko iraupena izateko baldintzetan ezartzen direnean.

25. artikulua. Kartel eta pankartak paratzeko eta itsasteko, orrixkak banatzeko eta titulu honetan araututako beste edozein publizitate jarduera egiteko, beharrezkoa izanen da Alkatetzak aitzinetik udal baimena ematea.

Debeku da kartelak eta eranskailuak bereziki horretarako antolatutako tokietatik aparte paratzea eta itsastea, udal agintaritzak bereziki baimendutako kasuetan salbu. Betiere, zinta itsasgarriz edo sokaz finkatuko dira, eta baztertuko da kola, itsasgarri edo gisakoak erabiltzea.

26. artikulua. A. Errotuluak eta aitzineko 25. artikuluan aipatutako gainerako publizitate elementuak paratu edo banatu ahal izateko baimena jasotzeak berekin dakar erantzuleak bere gain hartu beharra eremu publikoan zikindu diren espazioak garbitzeko eta erabilitako publizitate elementuak eta haien osagarriak biltzeko obligazioa.

B. Eremu publikoan 25. artikuluan aipatutako publizitate elementuak paratu edo banatu ahal izateko, Udalak eska dezake eskudiruzko fidantza edo bankuko abala, zikinkeria sor dezaketen elementuak garbitu eta biltzeko aurreikus daitezkeen kostuak kitatzeko adinakoa.

II. KAPITULUA

Pintaketak

27. artikulua. Debekaturik dago eremu publikoan pintaketak egitea, hala bertako egiturako elementuetan, galtzada, espaloi eta hiri altzarietan, nola etxebizitzen kanpoaldeko horma eta paretetan. Salbuespen izanen dira jabearen baimenarekin eta udal-agintaritzak baimenduta egiten diren horma-pintura artistikoak.

III. KAPITULUA

Esku orrien banaketa

28. artikulua. A. Esku-orriak edo antzekoak banatuz gero, hori egiten duen enpresak eskura entregatu beharko ditu, edo haizetakoetan zein gisakoetan paratu, baina inolaz ere ez ditu eremu publikora botako, ez oinez doala ez eta ibilgailuetan joanda ere.

B. Zehatu eginen dira esku-orriak baimenik gabe barreiatzen edo banatzen dituztenak.

C. Udal zerbitzuek garbituko dute esku-orriak banatzearen eta barreiatzearen ondorioz zikindutako hiriko alderdia, eta zerbitzu horien kostua erantzuleei ezarriko zaie, deusetan ukatu gabe legozkiekeen zehapenak ere ezartzea.

IV. TITULUA

Zehapen araubidea

29. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen gaiei dagokienez, arau-hauste administratiboak dira ordenantza osatzen duten arauetan ezarritakoa hausten duten egiteak edo ez-egiteak, 32. artikuluari jarraikiz.

30. artikulua. Ordenantza hau urratzeagatik abiatutako zehapen espedienteak ebazteko eskumena Alkatetzaren titularrari dagokio, tokiko araubide erkideari jarraikiz.

31. artikulua. Udal ordenantza honen ondorioetarako, arau-hausteak arinak, astunak edota oso astunak izanen dira.

A. Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Edozein motatako hondakinak (tamaina txikikoak barne, hala nola, paperak, latak edo plastikozko bilgarriak), zakarrak eta zaborrak bota edo uztea eremu publikoetan edo hesitutako edo hesirik gabeko finketan.

b) Ibilgailuak, garbitu eta manipulatzea eremu publikoan.

c) Garbiketarik eza kale partikularretan, barneko patioetan edo izaera bereko beste espazio batzuetan.

d) Ordenantza honetan baimendutako ordutegitik kanpo ureztatzea landareak, eta/edo eremu publikora ura botatzea, betiere herritarrei eragozpenak edo eremu publikoan kalteak eragin baditzakete.

e) Eremu publikoan uztea merkataritzako establezimenduetako erakusleihoak, ateak edo toldoak garbitzearen hondarrak.

f) Eremu publikotik ikus daitezkeen higiezinen zatiak une oro garbi ez mantentzea.

g) Lursail eta orube partikularrak une oro txukun ez mantentzea, higiene, osasun, segurtasun eta apaindurari dagokionez.

h) Kartelak, pankartak edo itsasgarriak paratzea Alkatetzaren aurretiazko udal baimenik gabe.

i) Ordenantza honetan jasotako xedapenetan ezarritako beste edozein ez-betetze, espresuki arau-hauste astun edo oso astun modura tipifikatuta ez badago.

B. Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Eremu publikoan egiten diren obrak trakets edo eraginkortasunik gabe babestea, alegia, obrako material edo substantziak lanen eremutik kanpora isuri edo barreiatzea eragozten ez duen moduan.

b) Ibilgailuen zamalanak egin ondoren behar den garbiketa ez egitea.

c) Obretarako sarbide eta aterabideetan eremu publikoa ez garbitzea.

d) Eremu publikoan erabiltzen diren ibilgailuen gurpilak ez garbitzea, hura zikindu dezaketenean.

e) Udal agintaritzaren berariazko errekerimenduak ez betetzea, lehenbiziko aldiz egiten direnean.

f) Berrerortzea, urtebetean arin gisa tipifikatutako arau-hauste bat baino gehiago egin bada, administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

C. Hona hemen arau-hauste oso astunak:

a) Berrerortzea, urtebetean astun gisa tipifikatutako arau-hauste bat baino gehiago egin bada, administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

32. artikulua. Honako hauek dira ordenantza honetan ezarritako arau-hausteengatik aplikatuko diren zehapenak:

a) Arau-hauste astunengatik: 80 eurotik 150 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste astunengatik: 151 eurotik 500 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso astunengatik: 501 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna.

33. artikulua. Lursailaren edo orubearen jabeak bat baino gehiago direlako pertsona bat baino gehiagori badagokie ordenantza honen 19. artikuluan ezarritako betebeharra betetzea, edo horietako bakoitzak arau-haustean zer parte-hartze maila duen zehaztea ezinezkoa bada, modu solidarioan erantzun beharko diete arau-hausteei eta ezarritako zehapenei, halakorik balego; horri horrela, Alkatetzaren titularrak ahalmena izanen du zehazpen espedientea kasuan kasuko lursailaren edo orubearen jabeetako bakarrarekin tramitatzeko.

34. artikulua. A. Zehapenak ezartzerakoan, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasun errealaren eta ezartzen zaion zehapenaren artean. Honako irizpideak hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:

a) Nahitasuna.

b) Herriko ingurumenaren babesean edo osasun publikoan eragindako kaltea edo sortutako arriskua.

c) Arau-hauslearen kargua edo funtzioa, edo ordenantza honek garbitasunerako ezartzen dituen betebeharrak ez betetzeak dakartzan ondorioen ezagutza handiagoa izatea.

d) Jokabide berean arau-hausteak pilatu izana.

e) Arau-hausleak agintaritza eskudunari laguntza eman izana ala ez, gertaerak argitzeko eta eremu publikoa lehengoratzeko.

B. Egitate berean bi arau-hauste administratibo edo gehiago pilatzen badira, arau-hauste astunenari dagokion zehapena ezarriko da, erdiko edo goiko mailan.

35. artikulua. A. Ordenantza honetan ezarritako arau-hausteek honela preskribatuko dute: arinek urtebeteko epean; astunek, bi urteko epean; eta oso astunek, hiru urteko epean.

B. Arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenek urtebeteko epean preskribatuko dute; astunen ondoriozkoek, bi urteko epean; eta oso astunen ondoriozkoek, hiru urteko epean. Zehapenaren gaineko ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik aurrera hasiko da epea kontatzen.

C. Zehapen-ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen da, zehapen-prozeduraren hasiera-datatik kontatzen hasita.

36. artikulua. Edozein kasutan, ezar daitezkeen zehapenak gorabehera, jabari publikoko ondasunetan egindako kalteek beren ordaina izan behar dute, Udalaren zerbitzu eskudunek horiek ebaluatu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2111048