182. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LANTZ

Ordenantza, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Lanzko Udalak, 2021eko maiatzaren 18an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.

Erabaki hori 2021eko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 1ean, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluarekin.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, aipatu ordenantza fiskalaren aldaketa behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Lantzen, 2021eko uztailaren 13an.–Alkatea, Isabel Baleztena Larraza.

DESGAITASUNA DUTEN PERTSONENDAKO APARKATZEKO TXARTELA EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikagarria den araudia betez, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak ematea arautzea, eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan aurreikusitako betebeharrak betetzea (legea martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuko aurreikuspenak jasota (haren bidez Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautu ziren).

2. artikulua. Titularrak.

Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

1.–Desgaitasuna duten eta honako egoera hauetakoren batean dauden pertsona fisikoak:

a) Mugikortasun murriztua izatea, Desgaitasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinaren arabera.

Aipatutako eranskinean jasotako baremoaren arabera, nahitaezkoa da A, B edo C apartatuetan deskribatutako egoeraren batean egotea, edo gutxienez 7 puntuko puntuazioa lortzea gainerako apartatuetan (D, E, F, G eta H) lortutako puntuen baturan.

Aplikatu beharreko baremoa:

Baremoa:

A) Gurpil-aulkian ibili behar izatea.

B) Mugitzeko behar-beharrezkoak izatea bi makila.

C) Mugitzeko gauza izatea, baina eskasia intelektual larrien ondorioz kontrolatzen zailak diren portaera erasokor edo gogaikarriak agertzea, eta horrek garraiobide normalizatuak erabiltzeko zailtasunak sortzea.

EZ DU ZAILTASUNIK

MUGAPEN ARINA

MUGAPEN LARRIA

MUGAPEN OSO LARRIA (ezin du)

D) Eremu lauetan ibiltzea

0

1

2

3

E) Oztopoak dituzten eremuetan ibiltzea

0

1

2

3

F) Eskailera tarte bat igotzea edo jaistea

0

1

2

3

G) 40 cm-ko eskailera maila gainditzea

0

1

2

3

H) Garraiobide normalizatu bateko plataforman zutik irautea

0

1

2

3

b) Begirik hoberenean ikusmen-zolitasuna 0,1 edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

Bi egoera horiek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalaren irizpena jaso behar dute.

2.–Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak jasotzen duenaren arabera, desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuak dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak ematen dituztenean. Halaber, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei eta horien Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginak (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) aipatzen dituen gizarte zerbitzuak.

3. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

Aparkatzeko txartela titularraren alde eta berak soilik erabiltzeko emanen da, txartelaren titularrak joan-etorrietarako ibilgailuetan erabil dezan. Pertsonala eta besterenezina da, eta erabiliko da, bakar-bakarrik, baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.

Aurreko artikuluko 2. apartatuan jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.

Aparkatzeko txartela erabili ahal izateko, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.

4. artikulua. Balio epea.

Aparkatzeko txartel iraunkorren balio epea 5 urtekoa izanen da, baldin eta desgaitasun txostenek adierazten badute mugikortasun murriztua behin betikoa dela.

Mugikortasun murriztua aldi baterakoa bada, noiz arteko desgaitasuna den, ordura arteko balioa izanen du.

Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskabidea egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak bete ditzala txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak.

Txartela berritzeko eskabidea aurkeztean, aurretiaz emandako txartelaren balio epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, indarrean segituko du aurreko txartel horrek, harik eta berritzeko prozedura ebatzi arte.

Txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusteko epea laburragoa baldin bada artikulu honetan aipatutako balio epea baino, epe hori bat etorriko da desgaitasun maila berrikusteko falta den denbora tartearekin.

5. artikulua. Aparkatzeko behin-behineko txartela.

Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatu mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarren larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik. Betiere, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dagoenean.

Halako egoerak osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiria eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzak baliozkotu beharko du.

Txartel hori urtebeterako emanen da gehienez ere, eta epe bererako luzatzen ahalko da, mantentzen baldin badira hura emateko hasiera batean eskatzen ziren baldintzak.

Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzearren.

6. artikulua. Txartela emateko prozedura.

Interesdunak eskaera egin ondoren emanen da txartela.

Txartela Udaleko erregistro orokorrean eskatuko da, ordenantza honen I. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izen-deiturak.

–Desgaitasuna duen pertsonaren bi argazki, nortasun agirikoaren neurrikoak, koloretan.

–NANa.

–Herrian erroldaturik egotearen ziurtagiria.

–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

–Eskaera desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu, desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. apartatuan jasotako baldintzetan. Dokumentazioa desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek bete beharko dute.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa baderitzo, Nafarroako Gobernuko arlo horretako departamentu eskudunari txostena eskatzen ahalko dio, eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela frogatzen duena, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emandako ziurtagiria, balioztatu beharko duena eskatzailearen bizilekuan eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak.

–Ordenantza honen 1. artikuluko 2. apartatuan aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko ematen dituztela mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak.

Eskatzen diren baldintzak betez gero, aparkatzeko txartela emanen da.

7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.

Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatu kideetan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

1.–Txartelaren titularrek ondoren aipatzen diren eskubideak izanen dituzte estatu osoan, betiere, txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago.

a) Bizilekutik edo lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatzen bada, eta premia justifikatuz gero.

b) Desgaitasuna duten pertsonendako gaitutako lekuetan aparkatzeko eskubidea.

c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duten denboran aparkatzeko eskubidea.

d) Zamalanetarako erreserbaturiko eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea; oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez, eta eragozpenik sortzen ez bazaie, ez oinezkoei, ez trafikoari, eta betiere agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

f) Zirkulazioa bertako bizilagunendako mugaturik duten bideetan, eremuetan nahiz guneetan sartzea; baldin eta helmuga aipatu eremu horren barnean badago.

2.–Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzea debeku den lekuetan eta kasuetan, autoendako pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio erreiak txikiagotzen dituzten eremuetan.

9. artikulua. Titularren betebeharrak

1.–Txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aurreko panelean jartzea, edo aurreko haizetakoan, barnetik itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.

c) Bere burua identifikatzea, agintaritzaren agente batek hala eskatzen badio.

d) Agintaritzaren agenteei laguntzea, ahal den neurrian saiheste aldera sor daitezkeen trafiko arazoak, aparkatzeko txartela erabiltzeak berekin dakartzan eskubideak erabiltzean.

e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea, txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.

f) Txartelak eskuratzeko eskatu zitzaizkien baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, horren berri eman beharko diote txartelaren onuradunek Udalari, horren arabera erabaki beharko baita berritzen ala deuseztatzen zaien. Aldaketen berri ematen ez bada, txartela besterik gabe kenduko da eta ezinezkoa izanen da etorkizunean txartelik erdiestea, bidezko diren zehapenez gain.

g) Txartela galdu, norbaitek ebatsi edo hondatuz gero, hura eskuratu zen Udalean eman beharko da gertaeraren berri.

Ebasten badute, salaketaren frogagiria aurkezteko eskatuko da. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du. Halakoetan, Udalak txartel zaharraren iraungitze egun berarekin emanen du berria.

2.–Betebehar horiek ez betetzeak ekar dezake aparkatzeko txartela deuseztatzea edo aldi baterako kentzea. Horrez gain, ekar dezake legezko eta erregelamenduzko xedapenetan ezarritako zigorrak ezartzea.

Txartela deuseztatzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.

Txartela deusezta nahiz aldi baterako ken daiteke baita espedientea izapidetu aurretik ere, zeinean interesdunei entzunaldia emanen baitzaie.

Xedapen iragankorra.–Ordenantza hau onetsi aurretik emandako aparkatzeko txartelak baliozkoak izanen dira txartela emateko jatorrizko agirian jasotzen den mugaegunera arte, eta ordenantza honetan ezarritakoaren arabera erabili beharko dira.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du haren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, eta behin iraganda ezarririk dagoen epea Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki erakundeei errekerimendua egiteko duten eskumena erabiltzeko, horiek beren egintza edo erabakiak indargabetu ditzaten.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2111058