182. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Etxebizitza sozialak esleitzeko irizpideak eta haien funtzionamendu eta erabilera arauak ezartzen dituen ordenantzaren aldaketa.
Behin betiko onespena

Baztango Udalak, 2021eko martxoaren 25ean egindako ohiko osoko bilkuran, etxebizitza sozialak esleitzeko irizpideak eta haien funtzionamendu eta erabilera arauak ezartzen dituen Ordenantzaren aldaketari hasierako onespena ematea erabaki zen. Aldaketa hori 2021eko apirilaren 19ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 87. zenbakian.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (Nafarroako toki araubidea gaurkotzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearen bidez aldatu zen) eta jendaurrean egoteko aldian inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Baztanen, 2021eko uztailaren 13an.– Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa.

ETXEBIZITZA SOZIALAK ESLEITZEKO IRIZPIDEAK ETA HAIEN FUNTZIONAMENDU ETA ERABILERA ARAUAK EZARTZEN DITUEN ORDENANTZAREN ALDAKETA

ZIOEN AZALPENA

Baztango Udala etxebizitza batzuen jabetzaren titularra da. Etxebizitza horiek Baztango hainbat herritan daude.

Zenbait arrazoiren ondorioz ohiko etxebizitza utzi behar izan duten edota alokairu libreko etxebizitza bat eskuratzeko zailtasun handiak dituzten pertsonek eta/edo familiek bizitzen ahal duten egoera dela eta, Udalak erabaki du aipatu etxebizitzak etxebizitza sozial gisa erabiltzea, gizarte integraziorako baliabide bat gehiago izan daitezen; horrela, etxebizitza-baldintza batzuk ziurtatuko zaizkie etxebizitza alokatuen merkatura iristeko behar adina baliabide ekonomiko ez dutenei.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak, toki entitateen eskumenak aipatzen dituenean, ezartzen du Udalak, bere eskumenen barnean bere interesak kudeatzeko, era guztietako jarduerak sustatzen ahal dituela eta behar adina zerbitzu publiko eman, herritarren behar eta nahiei erantzutearren.

Udalaren eskumeneko jardueretako batek herritarren behar eta nahiei erantzuten die eta, era berean, Konstituzioaren manu bat betetzen du; jarduera hori da behar diren baldintzak sustatzea eta bidezko arauak ezartzea, norberaren beharren araberako etxebizitza duin eta egoki bat izan eta erabiltzeko eskubidea benetan gauzatu ahal izateko.

Ikusi da etxebizitza duin eta egoki bat izateko beharrak ugari direla eta eskura dauden etxebizitzen kopurua aunitzez txikiagoa; hori horrela, ordenantza honen bidez, etxebizitza sozialen eskatzaileen erregistroa sortu da, etxebizitza sozialak behar dituzten herritarren benetako eskaera eta beren egoera sozioekonomikoak ezagutzeko tresna den aldetik.

Era berean, eskura dauden etxebizitza sozialak esleitzeko sistema edo modua ezarri da.

1

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da:

Udalaren jabetzapeko etxebizitzen baldintzak, haietan sartzeko betebeharrak eta erabiltzeko araubidea ezartzea. Etxebizitza horiek erabiltzen dira etxebizitza beharrei erantzuteko, hau da, ohiko etxebizitza izateko beharra betea izan ez, familia zamak jasan eta baliabide gutxi izateagatik merkatu librean etxebizitza bat alokatzerik ez dutenek eremu egoki bat izan dezaten, beren familia beharren eta baliabide ekonomikoen arabera.

Udalaren jabetzapeko eraikinak etxebizitza sozialak bihurtzeko, eraikina kokatua dagoen herriaren batzarreak oniritzia eman beharko du.

Ordenantza hau aplikatu aurretik, erabilera soziala eman behar zaien eraikinen errolda, eta etxebizitza sozialen eskatzaileen errolda osatuko da.

2. artikulua. Araubide juridikoa.

1.–Etxebizitza sozialak kokatuta daudeneko eraikinek jabari publikoko ondasunen izaera juridikoa dute eta zerbitzu publiko baterako erabiltzen dira; hortaz, etxebizitza sozialak aldi batez okupatzeko akordioek izaera administratiboa izanen dute eta beren klausulen, ordenantza honen eta, horietan xedatu ez den orotan, zuzenbide administratiboko araudiaren bidez arautuko dira, alde batera utzi gabe zuzenbide zibileko araudiaren aplikazio ordeztailea, aurrekoaren kontrakoa ez den orotan.

2.–Baztango Udalak administrazio araudiak udalerriei ematen dizkien ahalmenak izanen ditu, ordenantza honetan ezarritakoa interes publikoko arrazoiengatik aldatu eta interpretatzeari dagokionez, eta eskumena izanen du horien gainean sortzen diren aferak ebazteko (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa).

3. artikulua. Etxebizitza sozialak esleitzeko betebeharrak eta baldintzak.

1.–Etxebizitza sozial bat behar duen pertsonak edo familia-unitateak Baztango Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko du eskaera, ordenantza honen I. eranskinean ageri den aitorpen-ereduaren arabera, eta ezinbertzekoa izanen da pertsona edo pertsonak jarraian aipatzen diren egoeretakoren batean egotea.

Eskaerarekin batera, aipatu I. eranskinean ezarritako agiriak aurkeztu beharko dira, baita Baztango Udalak eskatzen ahal duen bertze edozein agiri ere.

2.–Etxebizitza sozial bat pertsona fisikoek eskatzen ahalko dute, berentzat edo beren familia-unitatearentzat, beren egoeragatik edo baliabide urriak izateagatik ezin badute etxebizitza bat alokatu merkatuko prezioan. Horretaz gainera, baldintza hauek bete behar dituzte.

a.–Adin nagusiko eskatzailea edo adingabeko emantzipatua izatea, eta ezgaiturik ez egotea kontratu bati lotzeko, Kode Zibilaren arabera.

b.–Eskatzaileak, Baztango udalerriko auzotasuna gutxienez ere bi urte lehenagotik izatea, egoera hori frogatzea, Udalaren erroldako inskripzioaren bidez.

c.–Eskatzailea eta familia-unitateko gainerako kideak etxebizitza baten titular ez izatea, dela jabetzan, dela jabari osoz edo dela bertze etxebizitza bat erabiltzeko eskubide erreal baten bidez. Hala ere, baldintza hori ez da aplikatuko banantze edo dibortzioko epai judizial bat dagoenean, baldin eta, horren ondorioz, familiaren bizileku den etxebizitzaren erabilera esleitzen ez bazaio, eta etxebizitza ezegokiak diren kasuetan.

d.–Baliabidearen onura hartzen duen familia-unitateak frogatzea ez dituela gehieneko diru-sarrerak gainditzen.

e.–Udal zergak ordainduak izatea, eta inolako zorrik ez izatea Baztango Udalean, geroratuta edo zatituta dauden zorren eta zerga-zehapenen kasuan izan ezik edo Baztango Udalak, familia-unitatearen aparteko inguruabarrak ikusirik, horien betearazpena eten edo baimentzen duen kasuetan izan ezik.

3.–Aurreko baldintza horietako edozein ez betetzeak berarekin ekarriko du eskaera ez onartzea.

Halaber, eskatzaileak baldintzaren bati buruzko datu faltsuak ematen baditu, etxebizitza erabiltzeko lagapena bertan behera utziko da, ez betetze horrengatik.

4. artikulua- Familia-unitatea.

1.–Ordenantza honen ondorioetarako, familia-unitatea honako kide hauek osatzen dute:

a) Eskatzailea.

b) Ezkontidea edo afektibotasunaren antzeko harremana duen pertsona, indarrean dagoen legediari jarraikiz.

c) Seme-alaba bizikideak, nahiz eta aldi batez etxetik kanpo bizi, ikasketak egiteko ikastetxetik hurbilago egon behar dutelako.

d) Administratiboki edo judizialki familia batean hartuta dauden adingabeak.

e) Eskatzailearekin batera bizi direnak bigarren gradura arteko odol-ahaidetasunez eta lehen gradura arteko ezkontza-ahaidetasunez.

f) Eskatzailearen anai-arrebak, adingabeak direnean edo erabateko ezintasuna edo iraunkorra dutenean, eskatzailea adin nagusikoa bada eta haien legezko tutoretza badu.

g) Ezintasuna edo menpekotasuna duten pertsonen kasuan, eta hark bertze pertsona bat behar duenean, eta hori behar bezala frogatzen denean, bertze pertsona hori kide bat gehiago izanen familia-unitatearen ondorioetarako.

5. artikulua. Betebehar ekonomikoak, etxebizitza beharra frogatzen dutenak. Gehienezko eta gutxieneko diru-sarrerak.

1.–Familia-unitate bat behar sozialeko egoeran dagoela erranen da unitate osoaren urteko diru-sarrera ponderatuak hamabost mila (15.000) eurokoak direnean gehienez.

2.–Edozein modutan, etxebizitza bat eskuratu ahal izateko, urteko gutxienez hiru mila euroko diru-sarrera ponderatuak ziurtatu beharko dira, bai gaur egun edo etorkizunekoak. Etorkizuneko diru-sarrerak izanen dira, jasotzeko zain daudenak eta dokumentazioaren bidez ziurtatu beharko dira.

3.–Urteko diru-sarrera ponderatuak kalkulatzeko, zenbatuko dira lan etekinak eta/edo jarduera ekonomikoen, profesionalen eta artistikoen etekinak eta/edo bekak, langabeziako prestazioak, pentsioak edo langabeziako sorospenak, ezkontide ohiak emandako pentsio konpentsatzaileak, interesak eta errentak, eta kalkulua egiteko erreferentzia gisa hartuko dira etxebizitzan sartuko diren familia-unitateko kide guztiek urtean guztira dituzten diru-sarrerak, eskaera egunari dagokion ekitaldi ekonomikoan lortuak.

Eskaera egunaren aurreko ekitaldi ekonomikoari dagokion errenta aitorpenaren kopia ere aurkeztu beharko da. Aurkeztu beharrekoa ez bada, Ogasunaren ziurtagiri negatiboa aurkeztuko da eta, gainera, urteko diru-sarreren zinpeko deklarazioa, horien jatorria adierazita.

Urteko diru-sarrera ponderatuak kalkulatzeko, erregela honi jarraituko zaio:

I = (R+B) × N × A

I = diru-sarrera ponderatuak.

R = zati orokorra, zerga-oinarria (507 laukitxoa errenta aitorpenean) edo aitortu diren bertze diru-sarrera batzuk.

B = errenta salbuetsiak (529 laukitxoa errenta aitorpenean) edo aitortu diren bertze errenta batzuk.

N = ponderazio koefizientea, familia-unitateko kideen kopuruari buruzkoa.

• 1 edo 2 kide = N = 1,00.

• 3 kide = N = 0,95.

• 4 kide = N = 0,90.

• 5 eta 6 kide = N = 0,85.

• 6 kide baino gehiago = N = 0,80.

A = ponderazio koefizientea, familia-unitatean diru-sarrerak hartzen dituztenen kopuruari buruzkoa.

• Hartzaile 1 = A = 1,00.

• 2 hartzaile = A = 0,95.

• 3 hartzaile edo gehiago = A = 0,90.

6. artikulua. Etxebizitza eskatzaileen udal zerrenda.

Baztango Udalak zerrenda bat sortuko du, non agertuko diren etxebizitza eskatu eta onartu diren pertsona guztiak, lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran.

Eskaera guztietan, eskatzaile gisa agertzen dena joko da familia-unitatearen ordezkaritzat eta, horrek familia-unitateko kide izateari uzten badio eta eskaerak indarrean segitzen badu, unitatearen bertze ordezkari bat izendatu beharko da.

Etxebizitza lortzeko egiten diren eskaera guztiak, aztertu eta onartu ondoren, etxebizitzen udal zerrendan sartuko dira; hala, espedientean agertuko dira ordenantza honetan eskatutako datu guztiak, bai eta balorazio prozesuan lortutako puntuazioa ere. Hemen ezarritako baldintzak betetzen ez badira, interesdunari adieraziko zaio ez dela bidezkoa zerrendan sartzea.

Udalaren etxebizitza bati uko egiteak berarekin dakar etxebizitzen udal zerrendatik ateratzea hurrengo bi urtetarako.

Etxebizitza eskatzen dutenen zerrenda urtebetean behin argitaratu eta berrituko da; beraz, epe horretan etxebizitza sozialen bat hutsik gelditzen bada, puntuazioa esleituko da.

7. artikulua. Prozedura.

Etxebizitza sozial bat lagatzeko eskaera jasorik, ezarritako baremoaren arabera baloratuko da eta lortutako puntuen arabera esleituko dira etxebizitzak.

Behin betiko esleipena etxebizitza soziala lagatzeko erabakia sinatzearekin batera formalizatuko da.

8. artikulua. Balorazio irizpideak.

Etxebizitzen kontzesiorako puntuazioa zehazteko irizpideak honako hauek izanen dira:

1) Etxebizitza beharraren ondoriozko puntuazioa.

–Etxebizitzaren baldintzei buruzkoa (bi kasuetako bat puntuatuko da).

a) Erabat edo hein batean aurri egoeran deklaratutako eraikinean izatea etxebizitza eta horrek eragina izatea; etxebizitza horretan gutxienez 3 urtez bizi izana frogatu beharko da: 4 puntu.

b) Etxebizitza bizigarritasuneko egoera txarrean egotea segurtasunaren, baldintza higienikoen eta abarren aldetik; etxebizitza horretan gutxienez 3 urtez bizi izana frogatu beharko da: 3 puntu.

–Etxebizitzaren azalerari buruzkoa (bi kasuetako bat puntuatuko da).

a) Etxebizitza, zeinaren azalera erabilgarria, familia kide bakoitzeko, 10,00 m²-koa edo txikiagoa baita: 4 puntu.

b) Etxebizitza, zeinaren azalera erabilgarria hau baino txikiagoa baita:

• 30 m² pertsona batentzat edo birentzat.

• 50 m² 3 pertsonarentzat.

• 65 m² 4 pertsonarentzat.

• 80 m² bortz edo sei pertsonarentzat.

• 90 m² 7 pertsonarentzat.

3 puntu.

–Oraindik gauzatu gabe izatea etxegabetze, enkante edo desjabetzapeneko espediente bat: 10 puntu.

–Etxebizitzarik ez izatea: etxebizitzarik ez izatea eta familia-unitatea bizikide izatea bertze etxebizitza batean (okupatua, lagata) edo behin-behineko establezimenduan (etxola, karabana etab.): 4 puntu.

2) Familia osaeraren araberako puntuazioa.

–18 urtetik beherako seme-alabak izateagatik (14 puntu gehienez): 5 puntu lehenagatik eta 3 puntu gainerako seme edo alaba bakoitzagatik.

–Mendeko pertsonak izateagatik (5 puntu gehienez).

a) Mendekotasun moderatua: puntu 1.

b) Mendekotasun larria: 3 puntu.

c) Mendekotasun handia: 5 puntu.

–65 urtetik gorakoak: 4 puntu.

–Genero indarkeriaren biktimak: 4 puntu.

3) Ezintasun egoerak (5 puntu gehienez).

–% 33tik beherako ezintasunak : puntu 1.

–% 33tik %64ra bitarteko ezintasunak: 2 puntu.

–% 65etik %74ra bitarteko ezintasunak: 3 puntu.

–% 75etik %100era bitarteko ezintasunak: 5 puntu.

4) Baztango erroldan zenbateko antzinatasuna (8 puntu gehienez).

Baztanen benetan erroldatuta egondako urte bakoitzeko: 2 puntu.

9. artikulua. Balorazio mahaia.

Eskaerak baloratzeko mahaiak kide hauek izanen ditu:

–Alkatea.

–Bi zinegotzi (haietako bat gizarte zerbitzuetakoa).

–Udal aparejadorea.

–Idazkaria.

–Gizarte Zerbitzuetako teknikari bat.

10. artikulua. Ordaindu beharreko alokairua soziala.

Etxebizitzen esleipena hartzen dutenek hilean behingo alokairu sozial bat ordainduko diote Udalari, eraikina zaindu eta mantentzeko gastuei aurre egite aldera.

Hileko alokairu sozial orokor bat ezartzen da, 100 eurokoa, eta hilaren lehen 5 egunen epean ordaindu beharko zaio Udalari.

Zenbateko hori urtero berrikusi eta eguneratuko da argitaratutako azken KPIarekin.

11. artikulua. Esleipena ukatzea.

Etxebizitza sozialen esleipena ukatzeko arrazoi izanen da ordenantza honetan ezarritako baldintzak ez betetzea, edo eskatzaileak edo bere familia-unitateak datu faltsuak ematea baldintzei dagokienez.

12. artikulua. Epea.

1.– Etxebizitza sozialak urtebeterako emanen dira, gehienez bost urte osatu arte, betiere ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen badira.

2.–Bost urtetako epe hori bukatutakoan, automatikoki bukatuko da etxebizitza okupatzeko eskubidea.

3.–Esleipen-hartzaileak etxebizitza soziala izateko bertze luzapen bat eslei dakiola eska dezake, ezarritako epea bukatu baino bi hilabete lehenago gutxienez. Horretarako, bertze eskaera bat egiteko behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu.

Kontratua berritzeko, bai eskatzaileak bai familia-unitateko gainerako kideek udal zergak ordainduak izan beharko dituzte, eta ez dute inolako zorrik izan beharko ezein kontzepturengatik, geroratuta edo zatituta dauden zorren eta zerga-zehapenen kasuan izan ezik edo Baztango Udalak, familia-unitatearen aparteko inguruabarrak ikusirik, horien betearazpena eten edo baimentzen duen kasuetan izan ezik.

Aurkeztutako agiriak ikusirik, Baztango Udalak erabakiko du ea bidezkoa den etxebizitza sozialaren lagapena berritzea.

Beharra izatea frogatzen ez bada edo ordenantza honetan eta lagapen akordioan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ezetza emanen zaio etxebizitza sozialaren kontratua berritzeko eskaerari, eta jakinaraziko da lagapena amaitu dela eta etxebizitza gehienez ere hilabeteko epean utzi behar dela.

Etxebizitza erabiltzeko lagapen eskubideen berritzea urtero eginen da, 65 urtetik gorakoen eta %33tik gorako ezintasuna dutenen kasuan izan ezik, horiek lagapen eskubidea 2 urtean behin berritzen ahalko baitute, baldin eta ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta Udalak horixe zehazten badu.

Lagapen berri baterako eskaerari ezetza emateko arrazoi izanen dira, ordenantza honetako baldintzak ez betetzeaz gain: beharrezkoa den dokumentazio osoa ez aurkeztea, portaera arloko hutsegiteak, kontzesioaren indarraldian gertatu eta egiaztatzen direnak.

13. artikulua. Etxebizitzaren lagapena formalizatzea.

Etxebizitza benetan okupatu aurretik, eskatzaileak etxebizitza soziala lagatzeko kasuan kasuko akordioa sinatu beharko du, II. eranskineko eredua erabiliz.

14. artikulua. Esleipen-hartzaileen eskubideak eta betebeharrak.

–Esleipen-hartzaileari lagatzen zaion etxea ohiko etxebizitza iraunkor gisa erabili beharko da, eta modu egokian erabili, baita bertan dauden altzariak eta gauzak ere, eta hasieran zuten baldintza beretan mantendu eta zaindu beharko dira.

–Erabat debekatuta dago zerbitzu eta elementu komunak bertze xede baterako erabiltzea. Debekatuta dago, gainera, eraikineko elementu komunetan (ataria, sarrera, eskailerak, eskailera-buruak etab.) gauzak uztea edo pilatzea, behar den baimenik izan gabe.

–Esleipen-hartzailearen ardura izanen da etxebizitza, altzariak eta gainerako gauzen garbiketa. Elementu komunen garbiketa etxebizitza bakoitzean arauei jarraituz egin beharko da. Garbitasun hau egiteko ezintasunaren bat edukiz gero, garbiketa egiteaz salbuetsia egonen da.

–Zerbitzuaren onuradunak pisua behar ez bezala edo axolagabekeriaz erabiltzeagatik gauzak hondatuta badaude, nahitaezkoa izanen du horiek konpondu edo berritzeko gastuak bere gain hartzea.

–Eraikineko elementu komunetan izaten diren kalte guztiak eraikinean bizi diren esleipen-hartzaile guztien kargura izanen dira, denek zati berdinak ordainduz, baldin eta kalteen sortzailea bereizterik ez badago.

–Lagapen akordioan hartutako konpromisoak eta ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzea, eta bizikidetzaren arauak ere betetzea etxebizitzan bizi diren bitartean.

–Debekatuta dago auzokoei asotsak eta eragozpenak sortzen dizkieten jarduerak egitea, asotsei buruzko araudiak betetzen ez direnean, batez ere gaueko 10:00etatik goizeko 08:00ak arte.

–Hilero ordaintzea, aurretiaz, etxebizitza sozialaren lagapenerako ezarritako alokairu soziala, komunitate gastuak eta dagozkion zerbitzuen kostua: argiaren, uraren, zaborraren eta abarren fakturak.

–Ez da zilegi animaliarik edukitzea, gida txakurrak izan ezik, beharrezko izanez gero, eta ez da zilegi izanen higienearen kontrako materialik eta/edo arriskutsurik pilatzea ez etxebizitza barnean ez korridoreetan edo atarian.

–Eskaeran familia-unitateko kide gisa espresuki jarritako pertsonak soilik bizitzen ahalko dira etxebizitzan. Arau hori ez betetzeak baimena deuseztatzea ekarriko du.

–Etxebizitza ezin izanen da azpikontratatu edo osorik zein hein batean hirugarren batzuei laga, eta baldintza hori ez betetzeak ere lagapena deuseztatzea ekarriko du.

–Ezin izanen da inolako obrarik egin etxebizitza erabiltzen ari direnen ekimenez. Instalazioetan matxuraren bat izanez gero, Udalari horren berri eman beharko zaio berehala.

–Esleipen-hartzaileak bidezkoak diren kudeaketak egin beharko ditu, behar sozialei erantzuteko etxebizitzan egon bitartean sortu dituen arazo partikularrak konpontzeko.

–Baztango Udalari idatziz jakinarazi beharko zaio onuradunaren edo familia-unitatearen diru-sarreretan edo inguruabar pertsonaletan izaten den edozein aldaketa, bai alokairua bai lagapen akordioko gainerako alderdi garrantzitsuak egunera daitezen.

–Jabe ororen betebeharra da bere etxebizitzan sartzen uztea, bai egiaztapen teknikoak egiteko bai beharrezkoak diren konponketak egiteko, zerbitzuek funtzionamendu orokor ona izan dezaten.

15. artikulua. Lagapenaren iraungitzea. Deuseztatzea.

1.–Etxebizitza sozialean egoteko baimena automatikoki amaituko da esleipenean hasiera batez ezarritako epea bukatzen denean edo, bertzela, espresuki aurreikusitako azken luzapenaren epea bukatu ondoren.

Onuradunak berak eskatzen duenean ere bertzerik gabe amaituko da.

2.–Etxebizitzako egonaldia bukatutakoan, onuradunak giltzak utzi beharko ditu Baztango Udalean; Baztango Udalak etxebizitza zein egoeratan dagoen begiratuko du eta, zerbitzuaren onuradunak pisua behar ez bezala edo axolagabekeriaz erabiltzeagatik kalteak daudela ikusten badu, onuradunak nahitaezkoa izanen du horiek konpondu edo berritzeko gastuak bere gain hartzea.

16. artikulua. Subrogazioa.

1.–Etxebizitzan jarraitzeko subrogazioa esleipen-hartzailea hiltzen denean soilik gertatzen ahalko da, arau hauei jarraikiz:

–Baldintza beretan eta gelditzen den denborarako soilik subrogatzen ahalko dira honako hauek, behean azaltzen den lehentasun hurrenkeran, betiere heriotzaren ondoren etxebizitzan jarraian eta ohiko moduan bizitzen jarraitu badute: heriotzaren unean bizikide zen ezkontidea, edo hildako pertsonarekin modu iraunkorrean eta ezkontidearen pareko harremana izanik bizi zena, heriotzaren aurreko bi urteetan gutxienez, sexu-joera bat edo bertze izan; bien arteko haurrik izanez gero, aski izanen da bizikidetza hutsa. Hildakoaren ondorengoak, baldin eta heriotza unean haren guraso-ahalaren edo tutoretzaren mende bazeuden, edo hildakoarekin batera ohikotasunez bizi izan baziren aurreko bi urteetan. Hildakoaren aurreko ahaideak, baldin eta harekin batera ohikotasunez bizi izan baziren aurreko bi urteetan. Hildakoaren anai-arrebak, baldin eta harekin batera ohikotasunez bizi izan baziren aurreko bi urteetan.

Aipatu diren horiek guztiak ez diren pertsonak, baldin eta %65eko desgaitasuna edo handiagoa badute eta hildakoaren alboko ahaideak badira hirugarren mailara bitarte, eta heriotzaren aurreko bi urteetan hildakoarekin batera bizi baziren.

Heriotzaren unean halako pertsonarik ez bazen, iraungita geldituko da lagapenaren akordioa

2.–Subrogazioa Baztango Udalari eskatu beharko zaio, idatziz, eta bai titularraren heriotza bai subrogatzailearen eskubidea frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dira, heriotza izan eta 6 hilabeteko epean.

3.–Subrogazioak berarekin dakar etxebizitza lagatzeko akordioan ezarritako eskubideak eta betebeharrak onartzea eta, bereziki, ordaindu gabe dauden alokairuak eta antzeko diru kopuruak ordaindu behar izatea, hala heriotzaren aurrekoak nola ondorengoak.

17. artikulua. Deuseztatzeko arrazoiak.

1.–Udalak erabaki dezake etxebizitza soziala lagatzeko baimena deuseztatzea, aldez aurretik administrazio espedientea eginik, zeinean entzunaldia emanen baitzaio esleipen-hartzaileari 15 egun baliodunez.

Deuseztatzea ekar dezaketen arrazoiak:

–Esleipen-hartzailearen heriotza, subrogazio kasurik ez dagoenean edo eskatu ez denean.

–Etxebizitza lagatzeko arrazoiak desagertzea (nork bere etxebizitza izatea, ordenantza honetan ezarritako gehienekoak gainditzen dituzten baliabide ekonomikoak lortzea...).

–Ordenantza honetan ezarritako baldintza edo betebeharretako edozein ez betetzea, bertzeak bertze, behar sozialaren inguruabarrak baloratzeko beharrezkoak diren datuak ezkutatzea edo datu faltsuak ematea.

–Etxebizitza uztea, Udalari aldez aurretik abisatu gabe eta kanpoan egoteko arrazoirik izan gabe, hogeita bortz (25) egun baino gehiago.

–Bizikidetzaren arauak ez betetzea, pertsonei edo ondasunei kalteak sortzea edo eraikineko gainerako bizilagunekin liskarrak izatea.

–Datu edo agiri faltsuak ematea edo horiek ezkutatzea.

–Baztango Udalarekin batera elkarlanik ez egitea etxebizitzaren jarraipenaren inguruan.

–Etxebizitzan bizitzeko espresuki baimendutako familia-unitatekoak ez direnei etxebizitza erabiltzen uztea, zaintzaleak edo tutore lanak egiten dituena izan ezik.

–Argi eta ur horniduretan alta ez ematea.

–Hileko alokairu soziala, komunitate gastuak edo argiaren, uraren, zaborren eta abarren gastuak ez ordaintzea, ordaindu behar diren egunetik hasita bi (2) hilabeteko epean, non ez duen Udalak espresuki baimendu, familia-unitatearen aparteko inguruabarrak direla eta.

18. artikulua. Deuseztatzearen ondorioak

1.–Etxebizitzan dagokion epean egoteko baimena automatikoki bukatzen denean edo Udalak deuseztatzea formalki deklaratzen duenean, erabiltzaileek etxebizitzatik alde egin eta libre utzi beharko dute, sartu zirenean zituen baldintza beretan, 10 eguneko epean, eta giltzak Baztango Udalari eman beharko dizkiote.

2.–Epe horretan etxebizitza Udalaren esku ez badago, etxegabetzeari ekinen zaio. Etxegabetzea xedatzeko eta bertakoak aterarazteko eskumenak eta prozedurak izaera administratiboa izanen dute.

19. artikulua. Datuen babesa.

1.–Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikuluaren arabera, jakinaren gainean daude eskaeran erregistraturiko datu pertsonalak Datuak Babesteko Espainiako Agentzian inskribatua dagoen eta Baztango Udalaren ardurapekoa den fitxategi batean sartuko direla, oinarri hauetan arautzen diren etxebizitzak kudeatu beharrez. Eskatzen diren datu guztiak beharrezkoak dira udal etxebizitza lortzeko eskaerari erantzuteko, eta deialdira aurkezteak berez dakar baimena ematea horiek eskuratzeko eta aztertzeko eta horien gaineko agiriak luzatzeko. Baztango zuzendurik erabil daitezke datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak

2.–Bestalde, Baztango Udalari baimena ematen zaio fitxategi automatizatuetan sartzen diren datu pertsonal, ekonomiko eta sozialak bertze xede batzuetarako, hala nola estatistiketarako edo ikerketa zientifikorako, erabiltzeko, datu pertsonalak babestearen gaineko arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoari jarraikiz.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Gaur egun etxebizitza sozialak erabiltzen ari diren pertsonen kasuan, jarraipena izan dezakete non eta bere garaian ematerako orduan erabili ziren kondizio ekonomiko edo sozialak gaur betetzen badituzte.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Oinarri hauetan aipatzen diren zenbatekoak eta bertze erakunde publiko batzuek finkatzen ez dituztenak urtero eguneratuko dira, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako argitaratzen duen iragan urteko KPIaren arabera (KPIaren gorabehera aurreko 12 hilabeteetan, urtebeteari dagokiona).

XEDAPEN IRAGANKORRA

Etxebizitza sozialen eskatzaileen erroldak, hala nola erabilera horretarako bereiziko diren etxeen zerrenda osoak, Ordenantza hau indarrean jarri aitzinean egina egon beharko du.

Gaur egun etxebizitza sozial edo gaurdaino izen baliokidea duen etxebizitza baten, edo udal jabetzako etxebizitza baten alokairuaren onuradunak diren pertsonek, jarraitu ahalko dute onuradun izaten esleipena ekarri zuten baldintza ekonomiko eta sozialak aldatzen ez diren bitartean, aitzineko ordenantza eta ezarririko araugintzaren arabera.

Gaur egun udal etxebizitza baten onuradun diren eta hamar urtez horrela izan diren 65 urte baino gehiagoko pertsonak, Baztango udalerrian bertze etxebizitzaren jabe ez badira, Ordenantza honen ezarpenetik salbuetsiak izanen dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean jarriko da indarrean.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Etxebizitza soziala lagatzeko eskaera.

II. eranskina.–Etxebizitza soziala lagatzeko akordioa.

Deskargatu I. eta II. eranskinak dituen agiria (DOC).

Iragarkiaren kodea: L2111049