182. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1585/2021 EBAZPENA, 2021eko uztailaren 22koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa aldatzen duena”, Gobernu Kontseiluak 2021eko uztailaren 22an hartu zuen erabakiaren bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekreturen bidez onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2021eko uztailaren 22an hartutako erabakia argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa aldatu da.

“NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN PLANTILLA ORGANIKOA ALDATZEN DUENA

1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak ezartzen du plantilla organikoa onetsi egin behar dela. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, aplikatu beharrekoa Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileei, Unibertsitatearen Estatutuen 106. artikuluaren arabera. Plantilla horretan, lanpostuak zerrendatu behar dira, behar bezala sailkaturik, eta adierazi behar da bakoitza zein mailari dagoen atxikia, eta, bidezkoa denean, lanpostuan aritzeko egiaztatu behar diren betebehar espezifikoak, bai eta izendapen librearen bidez bete daitezkeen lanpostuak eta erregelamenduaren arabera ezarri diren ordainsari osagarriak esleituak dauzkatenak ere.

Gobernu Kontseiluak 2009ko urriaren 6an hartu zuen erabaki baten bidez –zeina 2009ko urriaren 30ean errektoreak emandako 1600/2009 Ebazpenaren bidez argitaratu baitzen–, onetsi egin zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa. Plantilla hori askotan aldatu da, urtero argitaratzen da, eta urte bakoitzeko abenduaren 31n dagoen egoera eta egitura organikoa islatzen ditu. Hain zuzen, 2021eko martxoaren 2an argitaratu zen azkenekoa, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 48. zenbakian, errektoreak 2021eko otsailaren 1ean emandako 153/2021 Ebazpenaren bidez.

Ekonomiako, Plangintzako eta Estrategiako Errektoreordetzak lanpostu berri bat sortzeko eskatu du, Analisirako eta Programaziorako Atalean integratuko litzatekeena. Datuen analisirako espezializazio profila duen teknikari batentzako lanpostu bat da.

Proposamena Negoziazio Mahaian aurkeztuta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ordezkaritza duten sindikatuei entzun ondoren, hau da kudeatzaileak, 2021eko uztailaren 22an egindako bileran, Gobernu Kontseiluari proposatu dion

ERABAKIA:

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoaren aldaketak onestea. Eranskin gisa gehitu den oroitidazkian daude aldaketa horiek.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Erabaki honek Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki-ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Laugarrena.–Erabaki honen aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako maila bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita”.

Iruñean, 2021eko uztailaren 22an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA

OROITIDAZKIA: NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN PLANTILLA ORGANIKOAREN ALDAKETAK.

2021. urteko ekitaldia

A.–Sortzen diren lanpostuak.

Honako lanpostu hau sortu da:

Ekonomiako, Plangintzako eta Estrategiako Errektoreordetza /-/ Analisirako eta Programaziorako Atala.

OLko teknikaria (datuen analisia).

Maila: A.

Lanpostu zk.: 861.

Lanaldia: Goizez.

Herria edo hiria: Iruñea.

Bateraezintasun osagarria: %35.

Lanpostuaren osagarria: %6,88.

Justifikazioa: Unibertsitatearen jarduera estatistikoa behar bezala egin eta zabaltzeko, eta erabakiak hartzeko gobernu-organoen esku adierazleak jartzeko, beharrezkoa da datuen egungo euskarrien eraldaketa digitala egitea, eta informazioa kudeatzeko eta argitaratzeko tresnetara pasatzea. Prozesu horretan aurrera egiteko, zeregin eta eginkizun berriak garatu behar dira, gaur egun Analisirako eta Programaziorako Atalean garatzen ari direnez bestelakoak. Eginkizun eta funtzio horiei erantzuteko, beharrezkoa da A mailako oinarrizko lanpostuko teknikari berri bat kontratatzea. Betebeharrak eta unibertsitateko jarduera-arloen analisia BI “Business Intelligence”-eko baliabideetan egiten direnez, beharrezkoa da langileak prestakuntza izatea prozesuen kudeaketan, datu baseen tratamenduan eta informazio sistemetan.

Iragarkiaren kodea: F2111487