181. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZUÑIGA

Ordenantza, arautzen duena Udalaren lokalen erabilera.
Behin betiko onespena

Zuñigako Udalak, 2021eko apirilaren 9an egindako osoko bilkuran, aho batez eta legezko betebehar guztiak beteta onetsi zuen Udalaren lokalen erabilerarako ordenantza.

Erabakia 2021eko 101. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 3an. Jendaurrean egoteko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez gero, behin betikoz onetsirik gelditu da ordenantza, eta haren testu osoa ematen da argitara, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Zuñigan, 2021eko ekainaren 8an.–Alkatea, Pedro María Oteiza Díaz.

UDAL ORDENANTZA, ZUÑIGAKO HERRITARREK ETA HERRITAR-ELKARTEEK UDAL ERAIKINAK ERABILTZEARI BURUZKOA

Ordenantza honen bitartez arauak eta bideak ezarri nahi dira Zuñigako herritarrei eta irabazi asmorik gabeko gizarte entitateei toki bat emateko, beren jarduerak egin ditzaten. Gainera, leku horiek herritarren eta elkarteetako kideen bilguneak eta Zuñigako herritar guztien erreferentzia guneak izanen dira.

Udal titulartasuneko ondasunak direnez, herriko elkarte askok erabil ditzakete. Beraz, Udalari bakarrik dagokio lagapenen onuradunak nor izan daitezkeen erabakitzea, irizpide objektiboak erabiliz eta zenbaterainoko lekua dagoen kontuan hartuz.

Tutoretza ahalmena Zuñigako Udalari dagokionez, antolaketa neurri oinarrizkoak ezarri behar dira, une bakoitzean lokalak okupatzen dituzten herritarren eta entitateen autonomia mendratu gabe. Gisa horretara Zuñigako Udalak eragotzi nahi du Udalaren tokiak erabiltzen dituzten herriko entitate eta herritarren arteko eztabaida edo gatazka eta, haien erabilera inola ere murriztu nahi izan gabe, arautu nahi du, herriko elkarte eta kultur ehunaren hobe beharrez.

Lagapen guztiak, Udalaren eta lagapen hartzaileen artean ardurak partekatzeko printzipioak zuzenduko ditu betiere.

I. TITULUA

Ordenantzaren xedea

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honen xedea da, udal eraikinen lagapenean jarraitu beharreko irizpideak eta prozedura zehaztea; kanpoan gelditzen dira: udal bulegoak dauden eraikina, anbulatorioa, Udalak herritarrei eta hala eskatzen duten elkarteei errentan utzita izan ditzakeen biltegiak eta etxebizitzak.

2 Erabilera-lagapenek xede izanen dute herritarrei eta gizarte entitateei toki bat ematea, kultur jarduerak, gizarte jarduerak eta oro har herritarren interesekoa izan daitekeen beste edozein jarduera garatzeko.

2. artikulua. Lagako diren lokalak.

Zuñigako Udalak, hala erabakita, taberna ondoko lokala lagako die eskaera egiten duten bizilagun eta herriko elkarteei, ahal duen heinean.

3. artikulua. Ordenantza honi heltzen ahal dioten entitateak.

1 Bizilagunek eta legez eratutako elkarteek udalaren lokala erabiltzeko eskaera egiten ahalko dute jarduerak egiteko; nahitaezko baldintza izanen da entitate interesduna irabazi asmorik gabea izatea.

2 Betiere, Udalak lagapenerako lehentasuna bermatuko die herritarrendako zerbitzuak eta laguntza ematea xede duten entitateei, eta erabilerarako xedeen artean honako hauek dituztenei:

–Hezkuntza zerbitzuak.

–Prebentzioa edo laguntza bideratzea honelako gizarte arazoen arloan:

• Aukera berdintasuna.

• Gizarte bazterketaren aurkako borroka.

• Desgaitasunak.

• Droga kontsumoa.

• Immigrazioa.

• Balioak eta ardurak garatzea haurren eta/edo gazteen artean.

• Hirugarren adina.

• Interes orokorreko kulturako eta/edo aisia eta astialdiko proiektu, ikastaro, lantegi eta gainerako jarduerak.

3 Lagatzeko irizpideen artean, zertarakoa ez ezik, kontuan hartuko da lokala zenbat erabiliko den ere (egunero, astean behin, hamabostean behin...).

Erabiltzeko lehentasunak ordena honen araberakoak izanen dira:

1.–Udalaren jarduerak.

2.–Zuñigako Udalak sustatutako jarduerak.

3.–Kultura eta gizarte elkarteek antolatutako jarduerak.

4.–Herriko bizilagunak.

4. artikulua. Eskaerak.

1. Kultur eta gizarte entitateek idatziz eskatuko diote Udalari lokalaren lagapena; idazki hartan azalduko da, besteak beste, zein diren egunak, ordutegiak, eta egin nahi diren jarduerak.

2 Pertsona fisikoek, eskaera egin aurretik, harpidedun gisa alta emanda egon beharko dute udalaren lokala erabili ahal izateko.

Harpidedun egiteko, adinez nagusi izan behar da, eta urteko kuota bat ordaindu beharko da, osoko bilkuran onetsiko dena.

Kuota honek eskubidea ematen du aretoa urte osoan zehar eta nahi adina bider erabili ahal izateko.

II. TITULUA

Lokala erabiltzeko arau orokorrak

5. artikulua. Erabilerak.

1 Lagatako lokalak inoiz ez dira izanen erabilera esklusiborako, eta Udalak aukera izanen du lagapena baliogabetzeko edo aldi berean lagatzeko beste pertsona edo elkarte bati.

6. artikulua. Mantentzea.

1 Onuradunek behar bezala zaindu behar dituzte erabilera esklusiboko tokiak, erabilera erkidekoak eta, orokorrean, areto osoa, baita altzariak ere. Erantzule izanen dira elkartekide edo erabiltzaileek ekintzaz edo axolagabekeriaz eragiten dituzten kalteen aurrean.

2 Herritarrena eta elkarte edo talde onuradunena izanen da garbitasunaren eta ordenaren ardura. Lokala erabili ondotik, garbitu eginen da eta altzariak zein barneko elementuak ordenatuko dira. Horrela, bermatu beharko da aretoa erabiltzeko baldintza hoberenetan egotea hurrengo jarduerarako, erabilera partekatua izanez gero.

3 Erabilera laga ondoan, Udalak elkarte bakoitzaren zuzendaritza batzordeari, edo eskaera egin duen pertsonari emanen dizkio lokalak ireki eta ixteko giltzak. Elkartearen zuzendaritza batzordeak edo eskatzaileak izanen du giltza horiek behar bezala gorde eta erabiltzeko ardura. Lagapen epea bururatuta, Udalari itzuliko zaizkio beren esku dituzten giltza guztiak.

7. artikulua. Ordutegiak.

1 Udako ordutegia: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 22:00 arte.

2 Neguko ordutegia: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 21:00 arte.

8. artikulua. Onartzen ez diren jarduerak.

Lagatako lokalaren barnean, elkartearen eta herritarren autonomia ukatu gabe, ezin izanen da egin pertsonen arteko berdintasunaren printzipioen aurkako jarduerarik. Horregatik, debeku dira indarkeriazko ekintzak, edo pertsonen duintasunaren kontrakoak, edo arraza, sexua, erlijioa, pentsaera, sexu orientazioa edo gainerako inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta bereizkeria egitea gizabanako edo taldeei.

9. artikulua. Erantzukizun zibila.

1 Herritar edo entitate bakoitzak zuzenean erantzun beharko du berari lagatako espazioetan entitateko kideek nahiz erabiltzaileek egitez, omisioz, edo zabarkeriaz hirugarrenei eragiten dizkieten kalte-galerengatik. Halakoetan, Zuñigako Udala izanen da hirugarrena.

2 Elkarteek edo herritarrek lokaletan uzten dituzten materialak galdu, ebatsi edo hondatzen badira, Udalak ez du inolako erantzukizunik izanen.

III. TITULUA

Udalaren lokalak erabiltzen dituzten herritar, elkarte, entitate eta taldeen betebeharrak.

Betetzearen kontrola

10. artikulua. Betebeharrak.

Herritar eta elkarte guztiek ondotik ematen diren arau orokorrak bete beharko dituzte, eta zehazki:

a) Lagapen erabakian ezarritako ordutegiak edo Zuñigako Udalak baimentzen dizkienak errespetatu behar dituzte.

b) Lagatako tokia beren xedeetarako erabili behar dute eta, beraz, beren jarduera programa betetzeko, eta lagapen erabakian ezartzen edo Udalak baimentzen dituen helburuetarako.

c) Lokaleko giltzak zainduko dituzte eta zentroa itxiko dute, erabiltzen azkenak badira, salbu eta lagapen erabakian besterik xedatzen bada. Gainera, lagatako tokiak behar bezala erabil daitezen begiratuko dute, erabiltzaileak zainduz eta kontrolatuz.

d) Jendearendako zabalik dauden lokaletan, funtzionamendu orduetan, inori sartzea ez galaraztea bere arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik, sexu orientazioagatik edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik.

e) Zuñigako Udalari ematea gertatzen diren anomalia, gorabehera edo arazoen berri, eta larrialdiak berehala jakinaraztea.

11. artikulua. Betebeharrak betearazteko kontrolaren araubidea.

Lokalak erabiltzen dituzten entitateen arau-haustetzat joko dira honako hauek:

a) Aretoa Udalaren baimenik gabe okupatzea.

b) Aretoa garbi ez edukitzea ordenantza honetan ezarri bezala.

c) Lokalean, instalazioetan, ekipamenduetan eta aretoko gainerako ondasun higigarrietan kalteak egitea.

d) Aretoan sartzeko giltzen kopiak egitea Udalaren baimenik gabe.

e) Aretoan sartzeko giltzak ez itzultzea jarduera edo lagapena bukatu eta berehala.

f) Lokalaren erabilera beste herritar edo elkarte batekin ez partekatzea, Udalak horretarako errekerimendua eginda.

g) Beste edozein arau-hauste, ordenantza honen kontra.

Iragarkiaren kodea: L2110812