180. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LERATE

Kontzejuaren ordenantza, badia inguruaren eta erabilera publikoko bideen erabilera arautzen dituena. Behin betiko onespena

Lerateko Kontzejuak, 2021eko apirilaren 16an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lerateko badiaren inguruaren eta Lerateko Kontzejuaren (Gesalatz) erabilera publikoko bideen erabilera arautzen dituen ordenantza. 2021eko 115. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 18an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (foru lege hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez), eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lerate, 2021eko uztailaren 9an.–Kontzejuko burua, Gloria Villar Conde.

ORDENANTZA, LERATEKO BADIAREN INGURUAREN ETA LERATEKO KONTZEJUAREN (Gesalatz) ERABILERA PUBLIKOKO BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Ordenantza honen xedea da Lerateko badiaren inguruaren eta Lerateko Kontzejuaren erabilera publikoko bideen erabilerak arautzea.

2. artikulua. Kontzejuaren eskumena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluan xedatuarekin bat, kontzejuen kudeaketa- eta administrazio-organoei dagozkie, besteak beste, eskumen hauek:

–Beren ondarea administratu eta zaintzea, baita haren aprobetxamendua eta erabilera arautu eta antolatzea ere.

–Mugarteko landabideak zaindu, artatu eta begiratzea, baita kontzejuetako interesekoak baino ez diren gainerako erabilera eta zerbitzu publikoko ondasunak ere.

–Bideak garbitzea.

Lerateko Kontzejura ibilgailu asko joaten denez, Allozko urtegiaren erabilera turistikoa dela eta, beharrezkoa da araudi bat ezartzea.

II. TITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

3. artikulua. Definizioak eta arau orokorrak.

1 Erabat debekatuta dago ibilgailuak aparkatzea Lerateko Kontzejuko udal-mugarte guztian. Aparkatzeko toki baimendu bakarra da badian prestatu den aparkalekua.

2 Gelditzea da ibilgailua 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea, jendea hartu edo uzteko edo zama-lanak egiteko. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.

3 Hiriarteko autobusak gelditu ahal izanen dira, bakar-bakarrik, bidaiariak hartzeko eta uzteko, esanbidez baimendutako eta seinaleztatutako geralekuetan.

4 Aparkatzea da ibilgailu bat bi minutu baino gehiagoan ez mugitzea, zirkulazioak hala behartzen duelako ez bada.

5 Gidariek ez dute zilegi izanen ibilgailua geldirik edo aparkaturik uztea motorra pizturik dagoela, ibilgailu barnean gelditzen ez badira.

6 Debeku honetatik kanpo daude:

a) Lerateko Kontzejuak berariaz emandako egoiliarraren txartela edo baimena dutenak. Txartela edo baimena ikusgai egon behar dira aparkatutako ibilgailuaren kanpotik.

b) Lerateko Kontzejuak baimendutako salmenta ibiltarira bideratutako ibilgailuak.

c) Windsurflariak, windsurf-dartsenetik inguruan prestatutako eremuan, Gesalazko Udalak emandako bonua daukatenak. Bonuak ikusgai egon behar du aparkatutako ibilgailuaren kanpotik.

4. artikulua. Ibilgailuak, autobusak, kamioiak, autokarabanak, atoiak, edukiontziak eta karabanak.

Debeku da ibilgailuak, autobusak, kamioiak, karabanak, atoiak, edukiontziak eta erdi-atoiak aparkatzea Lerateko mugarteko bide guztietan, berariaz prestatua dagoen aparkalekuan egin behar baita, edo Lerateko kanpinean.

II. KAPITULUA

Seinaleak

5. artikulua. Seinaleak jartzea.

Lerateko Kontzejuak aginduko du kasu bakoitzean beharrezko diren trafikoko seinaleak jartzea, kentzea eta ordeztea.

Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera bideetan aurkitzen dituzten gainerako erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.

6. artikulua. Aplikazioa.

Lerateko sarreretan jarritako seinaleek, banaka edo karteletan bildurik, Lerateko Kontzejuaren mugarte osoan arautuko dute aparkatzea.

III. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

7. artikulua. Xedapen orokorrak.

1 Ordenantza honen aurkako egiteak eta ez-egiteak arau-hauste administratibotzat joko dira eta bertan jasotakoaren arabera zehatuak izanen dira.

2 Kontzejuaren eskumenekoak ez diren arau-hausteak dagokion administrazio eskudunaren esku jarriko dira.

8. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, baldin trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste araudi batean arau-hauste astunaren edo oso astunaren kalifikazioa ez badu.

Zehazki, arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan araututakoaren arabera aparkatzeko ezarritako lekutik kanpo aparkatzea.

9. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinak 100 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; astunak, berriz, 200 euroko isunekin.

III. TITULUA

Zakurrak edukitzea

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

10. artikulua. Eskualdeak.

Espazioa behar bezala erabiltzeko eta erabiltzaileen arteko bizikidetza ona lortzeko, erraz ikusteko eta bereizteko moduko bi eremu zehaztu dira.

Mendebaldeko eremua: ontziralekutik, egurrezko pasabideraino eta oinezkoen babesguneraino, biak barne.

Ekialdeko eremua: pasabidetik hasi, hura kanpo, eta windsurfeko arrapalaraino.

II. KAPITULUA

Zakurren jabeen betebeharrak

11. artikulua. Zakurrak edukitzea.

Mendebaldeko eremua: Lerateko badiaren alde honetan dabiltzan txakurrek behar bezala identifikatuta eta txertatuta egon beharko dute, eta horien erantzuleek katez edo uhalez eraman beharko dituzte.

Ekialdeko eremua: zakurrak aske egon daitezke, betiere animaliaren arduraduna inguruan baldin bada eta haren kontrolpean badaude.

Bi eremuetan, jabeak beharturik daude haien gorozkiak eta haiek sortzen dituzten zikinak garbitzera.

Gainera, arriskutsuak gerta daitezkeen animaliei nahitaez animalia bakoitzaren arraza-tipologiarako egokia den muturrekoa jarri beharko zaie, 50/1999 Legeak xedatutakoaren arabera. Kontrolpean eraman beharko dira bi metrotik beherako kate edo uhal luzaezinaren bidez, eta pertsona bakarrak ezin izanen du halako zakur bat baino gehiago eraman.

III. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

12. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

1 Lerateko badian zakurrak kate edo uhalik gabe eramatea, baimendu gabeko eremuan.

2 Lagun egiteko animaliek espazio publikoetan utzitako gorozkiak ez biltzea.

13. artikulua. Arau-hauste astunak.

Honako hauek dira arau-hauste astunak:

Arau-hauste arinetan berrerortzea.

14. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Honako hauek dira arau-hauste oso astunak:

Arau-hauste astunetan berrerortzea.

15. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinak 60tik 150 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; larriak 151tik 600 eurora bitartekoekin, eta oso larriak 601etik 3.000 eurora bitartekoekin.

IV. TITULUA

Berariaz debekatutako jarduerak

I. KAPITULUA

Jarduera debekatuak

16. artikulua. Kanpaldi librea.

Espresuki debekatzen da kanpaldi librea egitea Lerateko Kontzejuko mugarte osoan.

Kanpaldi librea da lege eta erregelamenduek arautzen dituzten turismoko kanpalekuetatik kanpo hauetariko bat edo bat baino gehiago paratzea: aterpe mugikorra, karabana, autokarabana, kanpadenda edo erraz garraiatzen edo desmuntatzen den antzeko edozein elementu. Kanpatzeko elementuak dira erraz garraiatzen direnak eta zimendurik ez dutenak.

17. artikulua. Ingurua garbitu eta mantentzea.

Ezin da lurrera edo uretara bota paperak, plastikoak, botilak, zigarrokinak, janari hondarrak eta bestelako hondakin organiko edo inorganikoak; hondakinak sortzen dituztenek jaso eta gorde beharko dituzte, edo, bestela, paperontzietan, edukiontzietan eta espresuki horretarako diren lekuetan utzi.

18. artikulua. Kutsadura akustikoa.

Espazioaren “ondare sentsoriala” babesteko, ez dago baimenduta erabiltzea megafonoak, bozgorailuak edo soinuak, ultrasoinuak edo zaratak sortzen dituzten tresnak, baldin eta erabiltzaileei enbarazu egiten badiete eta natura-ingurunea asaldatzen badute, Gesalazko Udalaren edo Lerateko Kontzejuaren berariazko baimena duten jarduerak izan ezik.

19. artikulua. Ibilgailu motordunak erabiltzea.

Ezin da motordun ibilgailurik erabili horretarako prestatu diren eremuetatik (aparkalekuetatik) kanpo, larrialdietan eta Gesalazko Udalaren edo Lerateko Kontzejuaren berariazko baimena duten ibilgailuak izan ezik.

II. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

20. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

1 Kontzejuaren mugapean kanpatzea, horretarako espresuki baimendutako tokietatik at.

2 Paperak, plastikoak, botilak, zigarrokinak, janari hondarrak eta bestelako hondakin organiko edo inorganikoak lurrera edo uretara botatzea, paperontzi, edukiontzi eta espresuki horretarako diren lekuetatik kanpo.

3 Kutsadura akustikoa.

4 Ibilgailu motordunen erabilera horretarako prestatu diren eremuetatik kanpo.

21. artikulua. Arau-hauste astunak.

Honako hauek dira arau-hauste astunak:

Arau-hauste arinetan berrerortzea.

22. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Honako hauek dira arau-hauste oso astunak:

Arau-hauste astunetan berrerortzea.

23. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinak 60tik 150 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; larriak 151tik 600 eurora bitartekoekin, eta oso larriak 601etik 3.000 eurora bitartekoekin.

V. TITULUA

Zehapen prozedura

24. artikulua. Prozedura.

Prozedura izapidetuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

25. artikulua. Berehalako ordainketa.

Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalean %50 merkeago ordainduko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzen bada, uko eginen zaio alegaziorik aurkezteari eta berariazko ebazpenik eman behar izan gabe bukatu daiteke prozedura. Nolanahi ere, gainerako kasuetan dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.

26. artikulua. Eskumena.

Gesalazko alkatearen eskumena da ordenantza honetan jasotako arau-hausteak zehatzea, eta ahalmena du antzematen diren arau-hausteen berri emateko organo eskudun zehatzaileari; hori guztia, kontzejuko langileei ordenantza honetan jasotakoak antolatzeko eta betetzen direla kontrolatzeko ematen zaien ahalmenaren kaltetan izan gabe.

Iragarkiaren kodea: L2111093