180. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

44/2021 FORU AGINDUA, uztailaren 2koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura organikoa ezartzen duena bulegoen mailan.

Urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren bidez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Hartan, egitura osatzen duten zuzendaritza nagusiak, zerbitzuak eta atalak bildu ziren.

Horren ondorioz, bidezkoa da aipatutako foru dekretuan xedatutakora egokitzea Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura organikoa, bulegoen mailan.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 34.4 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

KAPITULU BAKARRA

Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzua

1. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

1. Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuko atalen azpian bulego hauek daude:

a) Garraioaren Araubide Juridikoaren Atala.

–Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoa.

b) Modernizazio Atala.

–Informazio Sistemen Bulegoa.

2. Administrazio Laguntzako Bulegoa Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaritzari atxikitzen zaio.

2. artikulua. Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoa.

Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Garraio arloan jarritako errekurtso administratiboak tramitatzea eta horien gaineko txostenak egitea.

b) Gai juridikoei buruzko aholkularitza eta txostenak.

c) Txostenak egitea garraio zerbitzuen kontratazioetan eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak sustaturik, garraio jarduerak xede dituzten dirulaguntzak emateari begira.

d) Foru Komunitateko, Estatuko eta Europar Batasuneko garraio arloko araudia biltzea.

e) Bulegoaren jarduerari buruz aldian behingo txostenak egitea.

f) Bere jardueraren esparruan agintzen zaizkion gainerakoak.

3. artikulua. Informazio Sistemen Bulegoa.

Informazio Sistemen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zerbitzuko informazio geografikoko sistema eguneratzea eta haren mantentze-lanak egitea.

b) Zerbitzuko kudeaketa tresnak egoki ibiltzen direla begiratzea.

c) Modernizazio sistema eta tresneria egoki ibiltzen direla begiratzea.

d) Informazio sistemen artean datuak egoki trukatzen direla bermatzea.

e) Bidaiarientzat Interneten dauden informazio sistemak egoki ibiltzen direla begiratzea.

f) Bulegoaren jarduerari buruz aldian behingo txostenak egitea.

g) Bere jardueraren esparruan agintzen zaizkion gainerakoak.

4. artikulua. Administrazio Laguntzako Bulegoa.

Administrazio Laguntzako Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Dagokion zuzendaritza nagusiarekin koordinatzea eta lotura izatea, garraio arloko web orriko informazioaren mantentze-lanetarako.

b) Sektoreko argitalpenen informazioa tratatzea, banatzea eta antolatzea.

c) Zuzendaritza nagusiko zerbitzuen garapen informatikoa sustatzea.

d) Zuzendaritza nagusiko zerbitzuetako dokumentuen eta espedienteen erregistroa antolatzea, kontrolatzea eta haren jarraipena egitea.

e) Zuzendaritza nagusiko zerbitzuen aurrekontu-aplikazioaren eragiketak kontrolatzea eta horien jarraipena eta barne-kontabilitatea egitea.

f) Zuzendaritza nagusiko zerbitzuetako langileriarekin lotutako gaiak departamentuko idazkaritza tekniko nagusian tramitatzea, baita haren eskumeneko beste edozein gai ere.

g) Zuzendaritza nagusiko zerbitzuek proposatutako foru aginduak eta Gobernuaren erabakiak idazkaritza tekniko nagusian tramitatzea.

h) Zuzendaritza nagusiko zerbitzuetarako altzarien, material informatikoaren eta bestelako hornigaien erosketak tramitatzea.

i) Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuetako administrazio jarduera kontrolatzea eta bultzatzea.

j) Zuzendaritza nagusiko zerbitzuetako atal guztiei sostengu administratiboa ematea.

k) Zerbitzuko zuzendaritzaren idazkaritza lanak. Agenda prestatzea eta horren artxiboa antolatzea.

l) Bulegoaren jarduerari buruz aldian behingo txostenak egitea.

m) Bere jardueraren esparruan agintzen zaizkion gainerakoak.

2. ATALA

Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren
eta Mugikortasunaren Zerbitzua

5. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

1. Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko atalen azpian bulego hauek daude:

a) Mugikortasun, Logistika era Garraio Atala.

–Mugikortasun Jasangarriaren Bulegoa.

b) Garraioen Ikuskapenaren eta Arbitraje Batzordearen Atala:

–Garraio Ikuskapenaren Bulegoa.

–Garraioko Zehapenen Bulegoa.

c) Kudeaketa Atala:

–Garraio Baimenen Bulegoa.

–Deialdien eta Txartelen Bulegoa.

6. artikulua. Mugikortasun Jasangarriaren Bulegoa.

Mugikortasun Jasangarriaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Mugikortasun azterketak egitea zuzendaritza nagusiaren eskumeneko eginkizunen arloetan.

b) Zuzendaritza nagusiak mugikortasunari buruz dituen informazio sistemak eguneratzea eta haien mantentze-lanak egitea.

c) Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Gidariaren adierazleak prestatzea eta eguneratzea.

d) Nafarroako entitate publiko eta pribatuen mugikortasun planetan aurreikusitako jarduketen jarraipena egitea.

e) Nafarroako Foru Komunitatean bizikletentzako azpiegiturak diseinatzeko arau teknikoak prestatzea.

f) Mugikortasun jasangarria sustatzeko asmoz partikularrei eta entitate publiko eta pribatuei ematen zaizkien laguntzak kudeatzea.

g) Entitate publiko eta pribatuei laguntza teknikoa ematea mugikortasun jasangarriarekin loturiko jarduketen esparruan.

h) Entitate publiko eta pribatuei laguntza teknikoa eta aholkuak ematea mugikortasuna digitalizatzeko prozesuari buruz eta mugikortasuna zerbitzu gisa garatzeko prozesuari buruz (Maas).

i) Bere jardueraren esparruan agintzen zaizkion gainerakoak.

7. artikulua. Garraio Ikuskapenaren Bulegoa.

Garraio Ikuskapenaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ikuskapen planak proposatzeko, prestatzeko eta horien jarraipena egiteko laguntza ematea eta, oro har, garraio arloko ikuskapenak egitea.

b) Salaketak kalifikatzea, zehapen espedienteak tramitatzea eta horien alegazioak aztertzea.

c) Bulegoaren jarduerari buruz aldian behingo txostenak egitea.

d) Bere jardueraren esparruan agintzen zaizkion gainerakoak.

8. artikulua. Garraioko Zehapenen Bulegoa.

Garraioko Zehapenen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Garraioko araudiaren kontra egindako arau-hausteekin lotutako zehapen espedienteak kudeatzea eta kontrolatzea.

b) Garraio arloko zehapenak ordainaraztea.

c) Bulegoaren jarduerari buruz aldian behingo txostenak egitea.

d) Bere jardueraren esparruan agintzen zaizkion gainerakoak.

9. artikulua. Garraio Baimenen Bulegoa.

Garraio Baimenen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Salgaien errepide-garraioko baimenak eta jarduera osagarriak eta lagungarriak egitekoak kudeatu, kontrolatu eta ematea.

b) Bidaiarien errepide-garraioko baimenak kudeatu, kontrolatu eta ematea.

c) Erabilera mugatuko bidaiari-garraioko baimenak kudeatu, kontrolatu eta ematea.

d) Bidaiarien eta salgaien errepide-garraioko baimenen bisak kudeatu eta ematea, baita jarduera osagarri eta lagungarrienak ere.

e) Garraioko Enpresa eta Jardueren Erregistro Orokorra kudeatzea, garraio baimenen eremuari dagokionez.

f) Segurtasun aholkularien altak eta bajak kudeatzea, baita salgai arriskutsuekiko jarduerak egiten dituzten establezimendu edo instalazioenak ere, eta salgai arriskutsuak kudeatzeko sisteman gertatzen diren aldaketak ere bai.

g) Baimenen kudeaketari lotutako gaietan arreta ematea telefono bidez eta aurrez aurre.

h) Dirulaguntzen edo laguntzen espedienteak tramitatzea.

i) Bulegoaren jarduerari buruz aldian behingo txostenak egitea.

j) Bere jardueraren esparruan agintzen zaizkion gainerakoak.

10. artikulua. Deialdien eta Txartelen Bulegoa.

Deialdien eta Txartelen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Honako ziurtagiri hauek lortzeko proben deialdiak kudeatzea: errepide bidezko garraio publikoan aritzeko gaitasun profesionalaren agiria; errepide bidezko garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa frogatzen duen gaitasun profesionalaren agiria; eta errepide bidez edo trenbidez gai arriskutsuak garraiatzeko segurtasun aholkularien agiriak lortu eta berritzekoak.

b) Gaitasun profesionalaren agiriaren txartelak kudeatu eta ematea.

c) Takografo digitalaren txartelak kudeatu eta ematea.

d) Gaitasun profesionala lortzeko ikastaroak homologatzea, baliozkotzea eta haien ikuskapena antolatzea.

e) Gaitasun profesionala lortzeko ikastaroak ematen dituzten ikastetxeak homologatzea eta ikuskatzea.

f) Kudeaketa Ataleko beste bulegoari laguntza administratiboa ematea.

g) Bulegoaren jarduerari buruz aldian behingo txostenak egitea.

h) Bere jardueraren esparruan agintzen zaizkion gainerakoak.

Xedapen gehigarri bakarra.–Izendapena berrestea

Berresten da, bitarte baterako izendapen gisa, Bidaiariak Garraiatzeko Baimenen Bulegoko buruaren izendapena, baina izena aldatuta, aurrerantzean Garraio Baimenen Bulegoko burua izanen baita.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Xedapen hauek indarrik gabe uzten dira:

a) Garapen Ekonomikorako kontseilariaren azaroaren 30eko 137/2017 Foru Aginduaren 55. artikulutik 63.era bitarteko artikuluak. Foru agindu horren bidez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen bulegoen mailan.

b) Foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko uztailaren 2an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2110753