18. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

190E/2020 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Urrotz-Hiriko udal-mugartean, Untziti eta Urrotz-Hiria artean zuntz optikozko kablearen azpiegitura berria jartzeko proiekturako. Sustatzailea Telefónica de España SAU da.

2020ko abuztuaren 11n, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen direnetakoa da (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuko jarduketaren xedea da zuntz optikoko lur azpiko kanalizazio bat egitea, 8.150 metroko luzerakoa, Untziti, Artaitz eta Urroz-Hiria herrien artean; trazadura ia paralelo joanen da NA-2342, NA-234 eta NA-2400 errepideekin. Proiektuaren arrazoia da eremu horretako komunikazio elektronikoen zerbitzua ez dela aski egungo eskaerari erantzuteko eta ez dituela betetzen eskatzen diren parametroak.

Jarduketa egiteko PVCzko hodi hirukoitza erabiliko da (40 mm eta 3ko oinarria), zangan sartuta, egun lurperaturik doan kobrezko kablearen trazadurarekin paralelo; zangak, gutxieneko, 80 cm-ko sakonera eta 45 cm-ko zabalera izanen ditu, eta lanerako eremua 5 metro zabal izanen da. Trazaduran zehar lokalizaziorako 37 kata proiektatu dira, 39 kutxatila paratuz, trazadura osoan zehar gurutzatu behar baitira hamaika erreka, hiru errepide (NA-134, NA-2344 eta NA-2345) eta bide batzuk, baina denetan egina dagoenez gurutzaketa egungo kablearen kanalizazioarekin, hura erabiliko da ukipen berririk ez eragiteko.

Kanalizazioa Untzitin hasten da, eta bertatik hegoalderantz doa, erreka bat gurutzatu ondoren hondakin uren araztegiaren ondoan. Hortik aurrera, NA-2342 errepidearekin paralelo doa, ekialdetik, eta NA-234 errepidearekin bat egin baino lehen ekialderantz egiten du, NA-234 errepidearekin paralelo joateko, iparraldetik. Artaitzera iritsi aurretik, kanalizazioak gurutzatzen ditu Errondo, Soto, Susu, Ugarka (hau, zehazki, egun dagoen aireko azpiegitura baliatuz) Kapana, Beloso eta Baratxeko errekak eta hilerriko erreka. Horrez gain, lan eremuak larizio pinua landatua duen baso bateko 100 metroko eremu bati eraginen dio. Kanalizatutako azpiegitura berrirako ez da biderik ireki beharko ez landaredia moztu.

Proiektua lehorreko alorretan kokaturik dago, eta ingurumen aldetik aipagarriena da gurutzatzen dituen errekak, Erro ibaira doazenak, ibaitik 500 metrora, ES2200025 kontserbazio bereziko eremuan sartuta dagoen tarte batean. Gurutzatzen diren erreketatik interes berezia dute Ugarka (egun dagoen aireko azpiegituraz baliatuz aurreikusi da gurutzatzea) eta Kapana errekek, bertako ibai-bazterreko landaredia katalogatuta baitago 92A0 EB kodea duen Europako intereseko habitat honetan: “Sahasti eta makaldi mediterraneoak”. Interesekoa da, halaber, Susu erreka-zuloan dagoen ibai-bazterreko landaredia, Artaitz aldera desbideratzen den tokian (gurutzaketa hau ere egun dagoen aireko azpiegituraz baliatuz eginen da).

Espedientean Untzitibarko Udalaren txostena jaso da. 2020ko abenduaren 11n Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena eman zuen.

Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Urrotz-Hiriko, Itzagaondoko eta Untzitibarko udal-mugarteetan, Untziti eta Urrotz-Hiria artean zuntz optikozko kablearen azpiegitura berria jartzeko proiekturako. Sustatzailea Telefónica de España SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Zuntz optikoa eramateko, errekaren bat ezin bada gurutzatu egun dagoen kobrezko kablearen kanalizazioa erabiliz, eta proiektua aldatu behar bada, horren berri emanen zaio Ingurumen Eraginaren Atalari, berak ontzat eman dezan edo, kasua bada, proposamen berria tramitatzeko.

–Materialak biltzeko tokiak eta makinen parkea ur ibilguetatik urruti eta landaredi naturalik ez dagoen eremuetan jarri eta eginen dira.

–Espresuki debekatuta dago erreketan edonolako isuriak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak edo hormigoia. Hormigoi freskoa ibilguan botaz gero, fauna piszikola berehala hilko da.

–Ahalik eta kutxatila gutxien jarriko dira, hau da, ezinbestekoak ba-karrik.

–Lanak eginen dira lur mugimendu nabarmenik gabe eta azaleko ur-isurien sareari kalterik eragin gabe.

–Lanak hasi aurretik, argi mugatuko dira tokian bertan hargunearen trazadura eta materialak pilatzeko gunea. Lan eremuaren zabalera ezinbestekoa baizik ez da izanen, eta ez da inola ere gaindituko proiektuan aurreikusi den 5 metroko zabalera.

–Obrak egitean, zuhaitz eta/edo zuhaixkak kendu behar badira, horren berri eman eta baimena eskatu behar zaio aldez aurretik Basoak Kudeatzeko Atalari, bat etorriz Nafarroako Baso Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoarekin (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen lege hori) eta hura garatzen duen erregelamenduarekin.

–Beharrezko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratuko dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare lurreko geruza kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran zangaren gainazala estaltzeko eta obrek ukitutako gainazalak leheneratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte.

–Baimendutako hondakin-kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan erabiltzen ez diren hondeaketako soberako lurrak. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, hondakinei buruzko araudi indardunarekin bat. Zerbitzutik kanpo gelditzen diren instalazio guztiak kendu eta modu berean kudeatuko dira.

–Baldin inguruabarren bat dela-eta sustatzaileak abisua eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Atalari, Agoizko Koordinazio Unitatearekin jarri beharko du harremanetan (telefonoa: 608062669; helbide elektronikoa: gmaaoiz@navarra.es).

–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek lurzoru urbanizaezinean kokatutako azpiegituraren zatia besterik ez du babesten, zuntz optikoko kanalizazioa egin eta Urrotz-Hiria, Artaitz eta Untziti herriak konektatzeko proiekturako.

–Ez dira baimen honetan sartzen lehendik dauden azpiegiturak, legezkoak direlakoan. Baimena izateko baldintza izanen da horiek benetan legezko egoeran egotea.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, jarduketak eragina duenez ur-laster natural batzuen polizia eremuan (besteak beste, Errondo, Susu, Ugarka, Kapana, Beloso, Baratxeko, eta hilerriko erreka-zuloa), sustatzaileak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu beharko du.

–Trazadurak errepide sarea ukitzen duenez, obrak gauzatu baino lehen sustatzaileak lortu beharko du Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren baimena, eta aintzat hartu beharko du zuzendaritza nagusi horrek 2020ko urriaren 6an emandako txostena, eta determinazio hauek bete:

a) Errepide Sareko zirkulazio bideetako babes guneak, eraikuntza-lerroa eta publizitatearen debeku-gunea Nafarroako Errepideei buruzko Foru Legeak ezartzen dituen bide azpiegiturekin bat etorriz mugatuko dira, beren kategoriaren arabera.

b) Foru lege horren 36.1 artikuluaren arabera, eraikuntza guztien eraikuntza-lerroa, baita lurpeko eraikuntzena ere, galtzada mugatzen duen kanpoko lerrotik 25 metrora kokatu behar da, Foru Komunitatearen intereseko NA-234 errepidearen kasuan (Arrizabalaga - Urrotz-Hiria), eta 18 metrora tokiko errepide hauen kasuan: NA-2342, Untziti, NA-2344, Itzagaondoko Lizarraga, NA-2345, Idoate, NA-2400, Itzagaondoa, eta NA-8103, Urrotz-Hiriko sarbidea.

c) Era guztietako kanalizazioak eta kutxatilak zortasun eremuan jarriko dira, ahal dela eremu horren bazterraldean; eremu zelaituaren kanpoko lerroari dagokionez, 8 metrora dago horien muga, zehaztutako errepideen kasuan.

d) Sustatzaileak, Foru Komunitateko errepideei eragiten dienez, baimen-eskaerarekin batera, egin beharreko obrak behar bezala zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusian, baimena eman diezaion.

–Herri-lurren gaineko ukipenei dagokienez, Herri-lurren Atalak determinazio hau ezarri du 2020ko urriaren 28ko txostenean:

  • Obra lizentzia eman aurretik, ukitutako toki erakunde bakoitzak okupazio espediente bat izapidetu eta hura onartzea lortu behar du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri lurzati bakoitzean ukitutako azalerak (ukipen iraunkorra, zortasuna edo aldi batekoa) zehaztu ondoren eta nahitaezko tramiteen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan xedatutakoaren arabera.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 8.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Urrotz-Hiriko, Itzagaondoko eta Untzitibarko udaletara, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Agoizko Koordinazio Unitatea), Nafarroako Ubidea SAra (CANASA), Herri-lurren Atalera, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira eta interesatuari.

Iruñean, 2020ko abenduaren 16an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2015529