18. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1372/2020 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita Haurren Hortzak Zaintzeko Programako (PADI) zerbitzuak 2021. urtean emanen dituzten gaitutako pertsonen zerrenda.

Abenduaren 28ko 249/2011 Foru Dekretuak arautzen du Nafarroako Haurren Hortzak Zaintzeko Programa. Eta hark ezartzen duenez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak bermatu behar du Nafarroan bizi diren 6 urtetik 15era bitarteko haurren hortzetako osasun laguntza oinarrizkoa, zeina doakoa izanen baita. Osasun laguntza hori haurrak sei urte betetzen dituen urteko urtarrilaren 1ean hasi, eta 15 urte betetzen dituen urteko abenduaren 31n amaituko da.

Foru dekretu horretan aipatzen diren pertsonak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko odontologoek edo mediku estomatologoek artatzen ahalko dituzte, edo sektore pribatukoek, baldin eta horretarako gaituta badaude.

Osasuneko kontseilariak azaroaren 5ean emandako 324E/2020 Foru Aginduaren bidez, prozedura ezarri zen estomatologiako mediku espezialistak, odontologoak eta hortzak zaintzeko helburu soziala duten pertsona juridikoak gaitzeko. Gaikuntza horri esker, aho-hortzak zaintzeko zerbitzua ematen ahalko dute Nafarroako Haurren Hortzak Zaintzeko Programan sarturik (PADI), zeina abenduaren 28ko 249/2011 Foru Dekretuak arautu baitzuen.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak azaroaren 8an emandako 1262/2019 Ebazpenaren bidez, onetsi zen Nafarroako Haurren Hortzak Zaintzeko Programako zerbitzuak 2020. urtean emanen zituzten mediku estomatologoen edo odontologoen eta elkarteen zerrenda, zerbitzu horiek kontratatzeko esparru-akordioaren babesean.

Ikusirik PADIren koordinatzailearen eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruaren txostena, zeinean, alde batetik, aipatzen baitira 324E/2020 Foru Aginduaren babesean eta horretarako baldintzak beteta aho-hortzak zaintzeko zerbitzua emateko gaikuntza eskatu duten pertsonak, eta, bestetik, proposatzen baita onestea Nafarroako Haurren Hortzak Zaintzeko Programako zerbitzuak 2021. urtean emanen dituzten gaitutako profesionalen eta erabiliko diren hortz kontsulten edo kliniken zerrenda.

Erabiliz irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Gaitzea ebazpen honen eranskinean aipatzen diren estomatologiako mediku espezialistak, odontologoak eta hortzak zaintzeko helburu soziala duten pertsona juridikoak 2021. urtean aho-hortzak zaintzeko zerbitzuak eman ditzaten Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren esparruan, Nafarroan.

2. Nafarroako Haurren Hortzak Zaintzeko Programako zerbitzuak horretarako gaitutako profesionalekin emanen dira 2021. urtean, aipatutako eranskinean aipatzen diren hortz kontsultetan edo kliniketan.

3. Zerbitzuak benetan ematen hasteko eguna 2021eko urtarrilaren 1a izanen da.

4. Agintzea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

5. Ebazpen hau igortzea Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzari, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuari, Kudeatzailetzari, Aho-hortzetako Osasunaren Atalari, PADIren koordinatzaileari eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Kontabilitate-kudeaketaren eta Fakturazioaren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea, eta adieraztea honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezaketela, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3. artikuluarekin.

Iruñean, 2020ko abenduaren 30ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

ERANSKINA

2021. urteko PADI

Pertsona fisiko eta juridikoen, odontologoen eta hortz kliniken zerrenda(Excel).

Iragarkiaren kodea: F2100012