18. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDIGORRIA

Udal ordenantza, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Mendigorriko Udalak, 2020ko urriaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udal ordenantza, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duena.

Onesteko erabakia 2020ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 20an, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Mendigorrian, 2021eko urtarrilaren 12an.–Alkatea, Eunate López Pinillos.

ORDENANTZA FISKALA, MENDIGORRIKO UDALAREN TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Mendigorriko Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautuko da, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean edo horren ordezko araudian ezarritakoarekin.

2. artikulua. Bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 162.4 artikuluan ezarritakoarekin, Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren kuotaren gainean honako hobari hauek ezarri dira:

a) %50eko hobaria “EKO ibilgailuetarako”.

b) %100eko hobaria “0 isurtze ibilgailuetarako”.

3. artikulua. “EKO ibilgailuak” dira:

Turismoak eta merkataritzako ibilgailu arinak, Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu entxufagarriak, ibilgailu hibrido ez-entxufagarriak (HEV), gas natural konprimituaz higiarazitako ibilgailuak (GNC) edo petrolio-gas likidotuz higiarazitakoak (GLP). Nolanahi ere, gainera parametro hauek bete beharko dituzte: erregaia eta gasolina duten ibilgailuak, EURO 4/IV, 5/V edo 6/VI emisio-mailakoak, edo diesel erregaia, EURO 6/VI emisio-mailakoa.

8 eserlekutik gorako ibilgailuak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuak, Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu entxufagarriak, hibrido ez-entxufagarriak (HEV), gas natural konprimituaz higiarazitako ibilgailuak (GNC), gas natural likidotuz (GNL) edo petrolio-gas likidotuz higiarazitakoak (GLP). Nolanahi ere, ibilgailuen emisio-maila EURO 6/VI izatea ere bete beharko dute, erregai-mota edozein izanda ere.

Ibilgailu arinak (L kategoria), Ibilgailuen Erregistroan 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu hibrido entxufagarri (PHEV) gisa sailkatuta daudenak, edo entxufagarriak ez diren ibilgailu hibridoak (HEV).

Nolanahi ere, C etiketako irizpideak bete beharko dituzte.

4. artikulua. “0 isurtze ibilgailuak” dira:

Ziklomotorrak, trizikloak, kuatrizikloak eta motozikletak; turismoak; furgoneta arinak, 8 eserlekutik gorako ibilgailuak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: bateriako ibilgailu elektrikoak (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoa (REEV), 40 kilometroko gutxieneko autonomia duten ibilgailu elektriko hibrido entxufagarria (PHEV) nahiz erregai-pilako ibilgailuak.

5. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako edozein hobari aplikatzeko, zergaren subjektu pasiboak eskatu egin beharko du, eta zer ibilgailurentzat eskatzen den hobaria, hura hobaria jasotzeko moduko egoeran dagoenaren frogagiriak erantsi beharko ditu.

Hobaria jaso dezakeela egiaztatu ondoren, Udalak hori ziurtatzen duen dokumentua igorriko du. Hobaria aplikatuko da subjektu pasiboak eskaera egin eta hurrengo hiruhileko naturaletik hasita, eta hiruhileko naturaletan hainbanatuko da zergaren kuota, ondorio horietarako.

6. artikulua. Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan”.

Iragarkiaren kodea: L2100519