179. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2640E/2021 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, honako dirulaguntza deialdia onesten duena: “Enplegu-zentro berezien bideragarritasuna hobetzen laguntzeko dirulaguntza”. DDBN identifikazioa: 570650.

Koronabirusak eragindako osasun krisiak galera handiak eragin dizkie enpresei. Alarma egoera deklaratu izanaren ondorioz, 2020ko lehen seihilekoan jarduera produktiboak izan zuen etenak, hainbat sektoretan (ostalaritzan, merkataritzan, kulturan, kirolean, etab.) ezarritako osasun murrizketek, eta lanean jarduteko ezarritako prebentzio neurri zorrotzek, murrizketa esanguratsua eragin dute enpresa gehienen negozio bolumenean. Egoera hau areagotu egin da enplegu-zentro berezietan, osasun eta ekonomia krisi honek nabarmen kaltetu baititu. Entitate horien berezitasunak, agindutako lanak egiteko beren langileek dituzten zailtasunak, batik bat gaur egungo osasun murrizketen ondorioz, eta dituzten merkatu-nitxo urriek, haien jarduera mugatu ez ezik erabat geldiarazi dute kasu batzuetan, kalte ekonomiko handia ekarriz, eta etorkizunera begirako bideragarritasun ekonomikoa arriskuan jarriz.

2020ko martxoaren 16tik abenduaren 31ra, pandemiak kaltetutako enpresa ugarik onartu dituzte haien plantilletan aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak (ABEEE). Era berean, enplegu-zentro bereziak ere ABEEEpean egon dira aldi horren parte batean. Hala ere, lehentasuna eman diote desgaitasuna duten langileak egoera horretatik ateratzeari, osasun krisiak haien kontuetan eragingo zuela jakinik ere.

Horiek horrela, koronabirusak eragindako krisiak enplegu-zentro berezietan izan dituen ondorioak aintzat hartuta, bidezkoa da deialdi hau onartzea, entitate horien bideragarritasuna bultzatzeko, eta izan dituzten galerak zati batean arintzeko edo desgaitasuna duten langileen soldaten portzentaje bat diruz laguntzeko, eta modu horretan haien lanpostuei eustea bermatzeko.

Nafarroako Gobernuak 2021eko apirilaren 14an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, banakako ebaluazioaren araubidean, enplegu-zentro berezien bideragarritasuna hobetzen laguntzeko dirulaguntza deialdi bat tramita zezan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua (NL-NEZ) erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Enplegu-zentro berezien bideragarritasuna hobetzen laguntzeko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea. (Ebazpen honen eranskinean jasota daude oinarriak).

2. 700.000 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastuen aurrekontuko “COVID-19 Enplegu zentro berezietarako laguntzak” izeneko 950001 96100 4709 241116 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.

Iruñean, 2021eko uztailaren 5ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea eta jarduketa esparrua.

Deialdiaren xedea da enplegu-zentro berezien bideragarritasuna hobetzen laguntzeko dirulaguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea. Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2. Jarduketa diruz lagungarriak.

2.1. Finantzatuko da enplegu-zentro berezien finantza-zailtasun egoera gainditzea, horretarako soldaten kostuaren portzentaje bat diruz lagunduz, zentro horien bideragarritasuna hobetzen laguntzeko eta haietan zerbitzuak ematen dituzten desgaitasuna duten langileen lanpostuei eutsi ahal izateko.

Enplegu-zentro berezi bat zailtasun egoera horretan dagoela kontsideratuko da, 2020ko martxoaren 16tik abenduaren 31ra bitartean bere plantilla osoa edo haren zati bat ABEEE egoeratik kanpo egon bada.

2.2. Enplegu-zentro bereziek 2020ko ekitaldian zergak aplikatu aurretik izan dituzten emaitza negatiboak finantzatuko dira, xedea izanik zentro horien bideragarritasuna hobetzen laguntzea eta haietan zerbitzuak ematen dituzten desgaitasuna duten langileen lanpostuei eutsi ahal izatea.

Oinarri honetan arautzen diren dirulaguntza modalitateak elkarrekin bateraezinak dira.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

a) Dirulaguntza 2.1 oinarrian deskribatutako kontzeptuagatik eskatuz gero, diruz lagunduko da desgaitasuna duten enplegu-zentro berezietako langileei dagokien soldaten kostua, lanbide arteko gutxieneko soldataren %10 arte, betiere 2020ko martxoaren 16tik abenduaren 31ra bitarteko epean egiazki lan egindako orduei dagokien portzentajean, eta baldin eta langilea ez bada ABEEEpean egon.

Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2017 (EB) Erregelamenduaren 33.5 artikuluarekin bat, kalkulu honetatik kanpo gelditzen dira dagoeneko LGSaren %75 diruz lagundua duten pertsonak; izan ere, erregelamendu horrek ezartzen du desgaitasuna duten langileak enplegatzerakoan soldatetarako dirulaguntza modura ematen diren laguntzen zenbaterainokoa ez dela diruz lagungarria den kostuaren %75 baino gehiago izanen.

b) Dirulaguntza 2.2 oinarrian deskribatutako kontzeptuagatik eskatuz gero, dirulaguntza enplegu-zentro bereziak 2020ko ekitaldian zergak aplikatu aurretik izan duen emaitza negatiboaren %80 izanen da, 180.000 euroko mugarekin.

4. Entitate onuradunak.

4.1. Dirulaguntzaren entitate onuradun izaten ahalko dira irabazi asmorik ez duten enplegu-zentro bereziak.

4.2. Dirulaguntzen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Hala inskribaturik egotea Nafarroako Foru Komunitateko Enplegu Zentro Berezien Erregistroan, Enplegu Zentro Bereziei buruzko Erregelamendua onesten duen abenduaren 4ko 2273/1985 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatuarekin bat.

b) Egoitza fiskala Nafarroan izatea.

c) 2 egoera hauetako bat egiaztatzea:

c.1) Nafarroako Gobernuak 2012ko apirilaren 4an hartutako Erabakian sartzen direnetakoa izatea, izan ere, akordio horren bidez, hainbat entitate onura publikokotzat eta ezinbestekotzat deklaratu ziren, Nafarroako administrazio publikoarekin haien aurrekontua orekatzeko konpentsazioak jasotzeari begira aurrerantzean ere aldebiko hitzarmenak sinatzeko ondorioetarako.

c.2) Onura publikoaren eta ezinbestekotasunaren honako definizio hauekin bat etortzea:

–Onura publikoa: enplegu-zentro berezi bat onura publikokoa dela kontsideratuko da haren helburu eta xede bakarra desgaitasuna duten pertsonak enplegatzea eta gizarteratzea denean.

–Ezinbestekotasuna: egiaztatzea beren desgaitasun mailaren eta tipologiaren ezaugarriengatik, adinagatik, lanbide prestakuntza eta kualifikazioagatik, eta norberaren eta gizarte doikuntzarako zerbitzuen etengabeko erabiltzaile izateko duten beharragatik, desgaitasuna duten langileek zailtasuna dutela beste zentro berezi batean edo ohiko enpresetan lan berri bat aurkitzeko. Egiaztapen horrek esan nahi du enplegu-zentro bereziko desgaitasuna duten langileen plantillan %60tik gora izan behar dutela lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langileak.

Oinarri hauetan ezarritakoaren ondorioetarako, lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langileak honako hauek izanen dira:

a) Garuneko paralisia, gaixotasun mentala edo adimen-desgaitasuna duten pertsonak, %33ko edo hortik gorako desgaitasun maila aitortua badute.

b) Desgaitasun fisikoa edo zentzumenezkoa duten pertsonak, %65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua badute.

d) Enplegu-zentro berezi onuradunek aurreko urteko abenduaren 31n zuten plantillari bere horretan eutsi beharko diote.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere.

5. Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

5.1. Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira bakar-bakarrik.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, entitateetako batek eskaera aurrez aurre aurkezten badu, eskatuko zaio zuzenketa egin dezala, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

5.2. Aurkezteko epea:

a) Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskabideak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

5.3. Deialdi honetan parte hartu nahi duten entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Dirulaguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web-orri ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.

b) Urteko galera-irabazien kontua, edo, 2.2 oinarrian deskribatutako dirulaguntza eskatuz gero, aurreko urteko emaitzen kontua.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeari buruz

d) Hala badagokio, 4.2.c.2) oinarrian ezarritakoa betetzen dela egiaztatzeko informazioa.

Eskaerak betetzen ez baditu adierazi diren betebeharrak, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio zuzendu dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio zuzendu ezean ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinarazi eginen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. apartatuan xedatu bezala.

5.4. Dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.5. Eskaera aurkezteak berarekin dakar entitate eskatzaileak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea erakunde eskudunei informazioa eskatzeko, egiazta dezan aipatu entitateak betetzen dituela zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta ebazpena emateko behar den beste edozein. Entitate eskatzaileak berariaz uko egiten badio baimen hori emateari, kasuan kasuko agiriak erantsi beharko ditu.

Halaber, baimena ematen dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dirulaguntzaren xedeko langileen lan bizitzaren gaineko kontsultak egin ditzan.

6. Instrukzioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

6.1. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

6.2. Prozeduraren instrukzioaz arduratuko den organo eskuduna Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da.

Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

6.3. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkera berari jarraikiz eginen da.

7. Prozeduraren ebazpena.

7.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, ebazpena emanen du, eskatutako dirulaguntza eman edo ukatzeko, eskaera aurkeztu ondoko hiru hilabeteko epean, gehienez ere.

7.2. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, ulertuko da aurkeztutako eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela. Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

8. Onuradunek bete beharrekoak.

Oro har, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Jarduketa egin dela frogatzea, eta dirulaguntza ematean eta horren gaineko ebazpenean ezartzen diren betekizun eta baldintzak betetzen direla ere bai.

b) Laguntza emateko orduan aintzat hartu ziren inguruabar eta baldintzetan gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea.

c) Jarduketak sustatu eta zabaltzeko adierazpen guztietan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela agerraraztea.

d) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eman zaion dirulaguntzaren gainean eskatzen dion informazio guztia ematea.

e) Nafarroako Gobernuaren kontu-hartzailetza orokorrak egiten dituen finantza-kontrolerako jarduketa guztiak onartzea.

f) Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (aipatutako foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

9. Dirulaguntzaren ordainketa.

Instrukzio organoak egiaztatu ondoren bigarren oinarrian aurreikusitako jarduketa diruz lagungarria egin dela, eta entitate onuraduna egunean dagoela bere zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharretan, dirulaguntza eman eta ordainduko da.

10. Jarraipena eta kontrola.

Entitate onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, bidezko diren finantza kontrolekoak, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko kontu-hartzailetzarenak, Kontuen Ganberaren legedian aurreikusitakoak eta legez bidezko diren gainerakoak.

11. Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, xede bererako emandako beste laguntza batzuekin.

12. Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

12.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutakoak.

12.2. Emandako dirulaguntza osorik itzuli beharko da, orobat, oinarri hauetan adierazitako gardentasun betebeharrak betetzen ez badira.

12.3. Onuradunak dirulaguntzaren baldintzen aldaketa jakinarazi eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartzen badu, azken horrek aldaketa baino lehen jasotako diru guztia edo parte bat itzul dezala eskatzen ahalko du, baina berandutze-interesak eskatu gabe.

12.4. Galeren konpentsaziorako dirulaguntza behin-behineko emaitzen kontuak aurkeztutakoan ematen ahalko da. Kasu horretan, enplegu-zentro bereziak behin betiko emaitzen kontuak aurkeztu beharko ditu, dirulaguntza eman den urteko urria amaitu baino lehen betiere.

Behin betiko emaitzek zergak aplikatu baino lehen beste emaitza bat erakutsiko balute, kasu horretan dirulaguntza ematearen berrikuspena eta dagokion itzulketa espedientea izapidetuko lirateke.

13. Arau-hausteak eta zehapen araubidea.

13.1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

13.2. Dirulaguntzen arloko zehapenak ezartzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen IV. tituluko III. kapituluan xedatutakoa beteko da.

14. Publizitatea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat. Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

15. Araudi osagarria.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

16. Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

Iragarkiaren kodea: F2111228