179. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASTEJÓN

Castejongo (Nafarroa) Musika Eskola izeneko erakunde autonomoa desegitea. Behin betiko onespena

Castejongo Udalak, 2021eko apirilaren 29an egin osoko bilkuran, legez behar den gehiengoa izanik, erabaki zuen hasiera batez onestea Castejongo (Nafarroa) Musika Eskola toki erakunde autonomoa desegitea.

Iragarkia toki entitate honen iragarki taulan argitaratu da, baita 2021eko 115. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, maiatzaren 18an. Horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da, inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, erabakia behin betikoa bilakatu da, eta ordenantzaren testu osoa argitara ematen da, ondorio juridikoak izan ditzan.

Castejonen, 2021eko uztailaren 12an.–Alkatea, David Álvarez Yanguas.

ERANSKINA

Castejongo Udalak, 2021eko apirilaren 29an egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Castejongo (Nafarroa) Udal Musika Eskola izeneko erakunde autonomoa desegin eta likidatzeko espedientea aztertuta, udal honek toki erakunde autonomo hori sortu zuen Castejonen musika eskolaren udal zerbitzua emateko.

Proposatutako desegitearen ondorioz, eraginkortasuna eta efizientzia hobetuko dira eskolaren beraren kudeaketa ekonomikoan, administratiboan eta lan arlokoan, udalean integratuko baita ondorio guztietarako.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 22.2.f) eta 85.bis.1-a) artikuluek, hurrenez hurren, ezartzen dute Udalbatzaren osoko bilkurari dagokiola zerbitzuen kudeaketa moduak onestea eta erakunde autonomoak sortzea, aldatzea eta kentzea.

Kontuan harturik indarra duen legeriak ez duela arautzen desegiteko eta likidatzeko prozedura eta doktrina nagusiaren arabera, estatutuek izaera erregelamenduzkoa dutenez, haien onespenerako bete behar direla Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 49. artikuluak herrietako ordenantzak onesteko galdatzen dituen baldintza berak (toki entitate honen kasuan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua). Eta, analogiaz, desegiteko erabakiak hura onesteko tramite berberak behar dituela.

Kontuan harturik Toki Korporazioen Zerbitzuen gaineko Erregelamenduaren 88.2 artikuluak ezartzen duela Udala subrogatuko dela desegitea erabakitzen den erakunde autonomoaren eskubideak eta betebehar guztietan.

Ikusirik Udaleko Idazkaritzaren eta Kontu-hartzailetzaren txostenak, espedientean daudenak, eta Kulturako eta Turismoko Informazio Batzordearen 2021eko apirilaren 22ko irizpena,

Ikusirik Udal Musika Eskolaren Gobernu Batzordearen erabakia, aho batez hartu zena 2020ko urtarrilaren 10ean erakunde autonomoa desegiteko.

ERABAKITZEN DA:

1 Hasiera batez onestea Castejongo (Nafarroa) Udal Musika Eskola tokiko erakunde autonomoa desegitea, espedientearen behin betiko onespenak ondorio juridikoak sortzen dituen egunetik aurrerako ondorioekin; izan ere, beste udal espediente batzuetan duen eraginaren kariaz, ahalik eta lasterren egin behar dira desegitea eta integrazioa.

2 Udalak bere gain hartzea Castejongo Udal Musika Eskolaren zerbitzua, erakunde autonomoa desegiteak ondorioak dituen egunetarako, zuzeneko kudeaketaren bidez.

3 Udal hau haren ondorengoa izanen da, izaera unibertsalez, erakunde autonomoa deseginda konplitu gabe zituen eskubide eta betebehar guztietan.

4 Desegiteak ondorioak dituen egunean kobratu gabe dauden eskubideak eta ordaindu gabe dauden obligazioak udal aurrekontuan sartuko dira.

5 Castejongo (Nafarroa) Udal Musika Eskola toki erakunde autonomoaren izenean dauden banku-kontu guztiak ixtea eta deuseztatzea eta saldoak Castejongo Udalaren titulartasunpeko kontu operatiboetara pasatzea.

6 Castejongo Udal Musika Eskolaren zerbitzuko enplegatuak Udalaren plantilla organikoan sartzea.

7 Desegiteak ondorioak dituen egunean, Castejongo Udal Musika Eskolak bere xedeak betetzeko eta zerbitzua zuzen egiteko atxikirik zituen ondasun guztiak udal ondarera itzuliko dira, baita hark bidezko edozein tituluren bidez erosi dituen guztiak eta desegiteko tenorean bere esku dituen baliabide eta eskubide guztiak ere.

8 Bere gain hartzea desegitearen egunean indarra duten obra kontratu, zerbitzu, hornidura, hitzarmen edo gainerako guztien ondoriozko eskubide eta betebehar kontraktual guztiak.

9 Alkatetzari ahalmena ematea eragiketa material guztiak kudea ditzan, Udalak zuzeneko kudeaketaren bidez bere gain hartzen duen zerbitzuari atxikitako baliabide material guztiak transferitzeko, eta bidezko zuzemen guztiak egin ditzan edozein erakunderen aitzinean.

10 Alkatetzari ahalmena ematea erabaki hau betearazteko beharrezkoak diren agiri guztiak sinatzeko.

11 Erabaki hau jendaurrean edukitzea hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Herriko Etxeko iragarki oholean agertuta, bizilagunek eta legezko interesa dutenek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak egin ditzaten.

12 Aurkeztutako erreklamazio, kexa edo oharrak Udalak ebatziko ditu osoko bilkuran, erakunde autonomoaren desegitearen behin betiko onespena erabakitzeaz batera.

Hala ere, erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez bada ez da beharrezkoa izanen berriz ere erabakirik hartzea eta hasierako onespena behin betikoa bilakatuko da eta horren ziurtagiria eginen du Udal Idazkaritzak. Behin betiko onespena edo automatikoki halakoa bilakatutako erabakia –hala izan dela zehaztuta– Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, behin betiko testuarekin batera, ondorio juridikoak sor ditzan.

Iragarkiaren kodea: L2111071