179. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AURITZ/BURGUETE

Baso-bideen erabilera, finketarako eta herriko karriketarako sarbideak eta autokarabanak aparkatzea arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Aurizko Udalaren Osoko Bilkurak, 2021eko ekainaren 28an egindako bilkuran, behin betiko onetsi zuen Aurizko baso-bideen erabilera, finketarako eta herriko karriketarako sarbideak eta autokarabanak aparkatzea arautzen dituen udal ordenantza. Hasierako onespena 2021/03/14an eman zitzaion, 109. zenbakidun NAOn, eta haren testu osoa argitaratzea xedatu zuen, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren arabera, behar diren ondorioetarako.

Auritzen, 2021eko ekainaren 28an.–Alkatea, José Irigaray Gil

BASO-BIDEEN ERABILERA, FINKETARAKO ETA HERRIKO KARRIKETARAKO SARBIDEAK ETA AUTOKARABANAK APARKATZEA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

2006an Aurizko Udalaren Osoko Bilkurak baso-bideen erabilera eta herri-finketarako sarbidea arautzen duen udal ordenantza onetsi zuen, 2006ko urriaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 130. zenbakian argitaratua.

Denborak aurrera egin ahala eta izandako gizarte-aldaketekin batera, eguneratu egin behar dela ikusi da, egungo gizarte-egoerara egokitzeko.

Ordenantza honek Aurizko Udalaren herri-lurretako bideen erabilera arautzen du.

Orain onesten den araudiaren helburua da konpontzea indarrean dagoenak alderdi batzuetan duen gabezia, bai eta egon daitezkeen gehiegikeriak eta erabilera txarrak saihestea ere; udalaren betebeharra baita bideak ongi kontserbatzea.

1. kapitulua

Bideen definizioa eta sailkapena

Bidea da oinarrian asfaltoa eta/edo harrobiko zagorrak dituena edo eraikuntzako hondakinak berrerabiliz egindakoa.

Baso-ustiapenari dagokionez, zuhaitzak ateratzen diren eremuan lurrean halakotzat markatuta daudenak dira bideak, eta haien erabilera une horretan egiten den baso-jarduerako ibilgailuentzat baino ez da.

2. kapitulua

Bideak erabiltzeko baimena eta baldintzak

1. artikulua. Ibilgailuz ibiltzeko baimena izanen dute udalerrian errotutako nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, industria edo aisialdi-jarduera guztiek, bai eta udalerrian erroldatuta dagoen eta Aurizko Udalari ibilgailuaren zirkulazio-zerga ordaintzen dion pertsona orok ere. Hartara, baimena eskatu beharko da eta Udalak baimen-txartela emanen du.

Aurreko baldintzak betetzen ez dituzten baina udalerrian kontribuzio-zerga ordaintzen duten pertsonek baimenaren identifikazio-txartela jaso ahal izanen dute, I. eranskinean finkatutako tasa ordaindu ondoren.

Aurreko bi paragrafoetan adierazitako ibilgailuek ordenantza hauetako gainerako artikuluetan ezarritako mugak bete beharko dituzte.

2. artikulua. Ibilgailu motordunen pisuari beharrezko mugak ezarri ahal izanen zaizkio, batez ere zoruaren egoera eta izaera, ur-ibilguen gaineko pasabide goratuak eta drainatze-azpiegiturak kontuan hartuta, eta kasu bakoitzerako gehieneko tona-kopurua ezarriko da.

3. artikulua. Bideak erabiltzeko garaian mugak ezarri ahal izanen dira, hezetasuna eta bide-zoruen egoera direla eta, hondoratzea eta kontserbazio txarra saihesteko. Horri dagokionez, eta bideak erabiltzeagatik kalteak eragiteko arriskua badago, udal-arduradunen jarraibideak hartuko dira kontuan.

4. artikulua. Debekatuta dago bide eta pistetatik kanpo edozein herri-lurretan ibilgailu motordunekin zirkulatzea, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako jarduerekin zerikusia duten ibilgailuak izan ezik.

5. artikulua. Debekatuta dago motordun edozein lehiaketa, lasterketa edo jarduera turistiko egitea, Udalaren baimena izan ezean eta aldez aurretik 100 euroko fidantza jarrita.

6. artikulua. Erakunde eta entitate publikoen ibilgailuek ez dute baimenik beharko beren eginkizunak betetzean.

3. kapitulua

Salbuespeneko baimenak

7. artikulua. Aurreko artikuluetan ezarritako muga batzuk urratuz gero, interesdunak baimena eskatu beharko dio Udalari. Lana egiten duen bide bat modu intentsiboan erabili behar duenak ere eskatu beharko du.

Kasu bakoitzean, eta jardueraren eta baimenduko diren bideak edo ibilgailuak erabiltzeko garaiaren arabera, Udalak egokitzat jotzen dituen muga osagarriak eta fidantzak ezarriko ditu.

8. artikulua. 7. artikuluan adierazitako baimenen bat eskatu behar duenak dagokion eskabidea bete beharko du, eta honako hauek adierazi beharko ditu: lana eginen duen partikularraren edo enpresaren titulartasuna, haren ezaugarriak, erabiliko den bidea, batez besteko tona-kopuruak eta zirkulaziorako gehieneko tonak, eta eskatzen den denboraldia.

9. artikulua. Udalak, 7. artikuluan ezarritako eskabideak ikusita, baimendu edo ukatu eginen ditu, erabili beharreko bideetarako emakidak dakarren arriskuaren arabera.

Baimenak urtebeterako edo lana esleitzen den denbora-tarte bererako izanen dira.

Artikulu honetan baimendutako erabiltzaileek bideak erabiltzeari dagokionez, ordenantza honetako 2., 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoa bete beharko dute.

7. artikuluan jasotako baimen guztiek berekin ekarriko dute fidantza edo abal bat jartzea. Fidantza edo abal hori bideetan ustez dagoen arriskuaren arabera kalkulatuko du udalak, eta bidea hasierako egoerara kalterik gabe itzuli dela egiaztatu ondoren itzuliko da. Modu berean, Udalak pasabide-kuota bat ezarri ahal izanen du bideen erabileraren eta amortizazioaren arabera, aldez aurretik erabiltzaileari jakinaraziz.

Baimena inplizituki emandakotzat joko da baso-aprobetxamenduen esleipendunen edo udal-lanen kontratisten kasuan, baina horrek ez du salbuesten bideak erabiltzeko emandako arauak betetzetik.

10. artikulua. Udalak egindako biderik ez duen eremuren batera sartu nahi duten ibilgailu-gidariek hurbilen duten bidearen eskuineko ertzean utzi beharko dute ibilgailua, baldin eta bide horietatik zirkulatzen ari den edozein ibilgailuri pasatzen uzten badiote.

Debekatuta dago udal-pista edo -bideetatik kanpo ibilgailuak aparkatzea, bideetatik eta horretarako baimendutako guneetatik ibiltzeko baimendutakoak izan ezik. Ibilgailuekin sartzeko mugak seinaleen bidez adieraziko dira.

4. kapitulua

Baimena identifikatzeko txartelak

11. artikulua. 1. eta 7. artikuluetan xedatutakoaren arabera baimendutako ibilgailuek Udalak emandako identifikazio-txartela (urtebetekoa) edo parke mikologikoko txartel baimendu bat eraman beharko dute agerian.

Udalak txartel horiek nekazaritzako ibilgailuentzat edo nekazaritzarako beharrezkoak direnentzat ere emanen ditu.

Aldi baterako txartelak emanen dira, baldin eta etxebizitzetako egur-lotearen adjudikaziodunek beharrezkotzat jotzen badituzte, eta adjudikaziodun bakoitzari bi txartel eman ahalko zaizkio.

Ehiza garaian aldi baterako txartela eskuratzeko eskubidea izanen dute Tokiko Ehiztarien Elkarteko bazkideek. Hartara, elkarte horretako kide izateko txartela aurkeztu beharko da.

Parke mikologikoko zerbitzuek emandako baimen-txartela duten ibilgailuak horretarako prestatutako aparkalekuetara sartu ahal izanen dira.

5. kapitulua

Abiadura eta bideen sailkapena, baimenaren arabera

Ollarburuko, Aranandiko, Jauregiaroztegiko Iturriko eta Antsobiko ibai-eremuko askaldegietara 13 orduko epean sartu ahal izanen da inolako baimenik gabe. Azken eremu horretan aparkatzeko aukera izanen da ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean.

Goian aipatutako 13 orduak 9:00etatik 22:00etara izanen dira.

12. artikulua. Inolako baimenik ez duten ibilgailuek bide hauetatik pasatu ahalko dira: Arrosariobidetik Xuringoako atakaraino, Antsobiko bidetik atakak dauden tokietaraino, Soroluzeko bidetik ataka kanadarreraino eta Ollarburu, Ipetea, Aetzubi eta Jauregiaroztegiko bideetatik iturriraino. Baita lurzatien baterakuntza egin zeneko bideetatik ere.

13. artikulua. Bide guztietatik zirkulatzeko gehieneko abiadura orduko 30 kilometrokoa izanen da ibilgailu guztientzat. Hala ere, abiadura ahalik eta gehien murriztu beharko da oinezkoak, abereak eta abar hurbil daudenean, istripuak eta eragozpenak saihesteko.

Nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako ibilgailuek izanen dute zirkulatzeko lehentasuna beti, gainerakoen aldean, eta, horien artean, zama handiagoa daramaten ibilgailuek.

14. artikulua. Hiriguneko abiadura orduko 30 kilometrokoa izanen da, Orreaga kalean izan ezik, horretan orduko 40 kilometrokoa izanen baita, eta San Nikolas kalean izan ezik, zeharkaldia izateagatik administrazio autonomikoaren eskumenekoa baita, eta hark finkatuko baitu egokitzat jotzen duena.

6. kapitulua

Autokarabanak zirkulatzea eta aparkatzea

15. artikulua. Autokarabanak eta camping-car edo camper gisa egokitutako ibilgailuak, udalerriarteko aparkalekurik prestatzen ez den bitartean, horretarako izendatutako guneetan aparkatu ahal izanen dira hiru egunez, eta debekatuta egonen da udalerriko beste toki batean aparkatzea. Eremuak hauek dira:

–Ipetea (6. poligonoko katastroko 282. lurzatia) horretarako seinaleztatutako eremuan.

–Elizako eta frontoiko atzeko aldeko aparkalekua, horretarako seinaleztatutako eremuan (5. poligonoko katastroko 161. lurzatia).

Autokarabana edo etxebizitza-ibilgailu bat aparkatuta eta kanpatu gabe dagoela joko da, baldin eta:

A.–Gurpilen edo segurtasun-oinetakoen bidez baino ez duen lurra ukitzen (ez daude jaitsita egonkortasun-hankak, ezta beste edozein tramankulu ere).

B.–Ez duen ibilgailu itxiak baino leku gehiago hartzen, hau da, ez da ibilgailuaren perimetroa gainditzen duen berezko elementurik zabaltzen.

C.–Ez duen inolako isurki kutsatzailerik isurtzen, salbu eta ihes-hodiaren bidezko motorraren errekuntzari dagozkionak edo bide publikoan erabilitako urak hustea bezalako jokabide kaltegarri eta/edo osasungaitzak gauzatzen badira.

D.–Ez du zarata gogaikarririk egiten, adibidez, elektrizitate-sorgailu bat martxan jartzeak, edo ekipo akustikoen bolumen handiegia mantentzen du atseden-orduetan edo egunez, luzeegiak diren aldietan.

7. kapitulua

Zehapen-araubidea

16. artikulua. Udalak urtero aztertuko ditu bide guztiak, eta, gainera, egoerak hala eskatzen badu, ahal den neurrian, bide horiek konpondu eta egokituko ditu.

17. artikulua. Ordenantza honetako arau-hausteak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoaren arabera zehatuko dira, eta 100 euroko isuna ezarriko da; horrek ez du eragotziko arau-hausteak eragiten dituenak eragindako kalte-galerak konpontzeko betebeharra izatea.

Xedapen indargabetzailea

Baso-bideen erabilera eta herri-finketarako sarbidea arautzen duen Udal Ordenantza, 2006ko urriaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 130. zenbakian argitaratua, indargabetuta geratzen da.

Azken xedapena

Indarrean jartzea

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egunean.

I. ERANSKINA

1. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako pasatzeko baimenari dagokion tasaren zenbatekoa 20 euro-koa izanen da.

Auritzen, 2021eko ekainaren 28an.–Alkatea, Jose Irigaray Gil.

Iragarkiaren kodea: L2110836