179. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

174E/2021 EBAZPENA, uztailaren 1ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita hondakin ez-arriskutsuetarako hondakindegi baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako eskatu den aldaketa. Instalazioa Vianako udal-mugartean dago eta haren titularra Dionisio Ruiz SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren abenduaren 23ko 1454E/2016 Ebazpenaren bidez emana.

2019ko maiatzaren 9an, titularrak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu zuen, hondakin ez-arriskutsuen hondakindegia handitzea (2. ontzia) abian jartzekoa; dokumentazio hori 2021eko martxoaren 12an osatu zuen, isurketa ontzien ustiapenerako baimenduta zituen baldintzei beste batzuk gehitzea proposatuz.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Ikusi da, kasu honetan, gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin, iritzita ez dela beharrezkoa aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Hondakin ez-arriskutsuen hondakindegi baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako eskatutako aldaketa onartzea; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak instalazio horren ingurumen baimen integratuaren espediente administratiboetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak ere. Instalazioa Vianako udal-mugartean dago eta haren titularra Dionisio Ruiz SL da.

Bigarrena.–Ulertzea instalazioak irekitzeko lizentzia duela, ikusirik bai Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduan, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak onesten dituenean, 16. artikuluan, adierazitako prozeduraren arabera aurkeztu den dokumentazioa, bai tramitazio honi dagokion dokumentazio osagarria.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Dionisio Ruiz SLri eta Vianako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko uztailaren 1ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2110672