176. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

165E/2021 EBAZPENA, ekainaren 29koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona “Mues-Los Arcos hornidurarako eroanbidea berritzea” delako proiektuari, Los Arcosko eta Muesko udal-mugarteetan. Sustatzailea Jurramendiko Mankomunitatea da.

2020ko uztailaren 8an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “kategoria” epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Espedientean jasota dago Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 2021eko ekainean emandako txostena.

Proiektatutako jarduketa Mues eta Los Arcos artean hornidurarako eroanbide tarte berri bat egitean datza; izan ere, egungo eroanbidearen sekzioa oraingo eskarirako desegokia da eta zaharkituta dago. Gutxi gorabehera 4.378 m luze izanen da eta 500 mm-ko diametroko hoditeria bat, burdinurtu nodularrezkoa, edukitzea proiektatzen da. Sakontasuneko hustubide eta bentosa kutxeta egokiak aurreikusten dira.

Eroanbidea Chiquito bidetik hurbil dagoen kutxetan hasten da, Muesko 5. poligonoko 464. lurzatian, bertan dagoen nekazaritzako eta abeltzaintzako eraikinaren ekialdean. Puntu horretatik, eroanbidea I-H noranzkoan doa, pixka bat IM-HE noranzkoan, Odrón ibaiaren ezkerraldeko ertzeko ibarretako laborantzetan zehar. Gero, NA-129 errepidera hurbiltzen da, gutxi gorabehera 11. kilometroan, Huertos de la Cadenako eremuan. Tarte horretan, ibilgu txiki edo hustubide batzuk eta El Barranco de San Isidro zeharkatzen ditu. La Cadenako eremuan, hegoalderantz biratzen da, errepidearen eta Odrón ibaiaren arteko laborantza zerrenda estu batetik, La Presa eta El Molinoko eremuraino. Han, ibaia zeharkatzen du, Los Arcosko 1. poligonoko 273. eta 336. lurzatien artean.

Odróngo bidegurutzetik, eroanbidearen trazadura Los Encajonados biderantz igotzen da, zeina El Calvarioaren hegalaren behealdean eta ekialdean baitago, eta lurzatiaren zenbait muga eta El Regadíoko erretena zeharkatzen ditu. Gero, bide horrekiko paraleloan jarraitzen du, pixka bat HM noranzkoan, Los Arcosko 1. poligonoko 690. lurzatian dagoen eskorta baten ingurunean. Zona horretatik igaro ondoren, Donejakue bidea zeharkatzen du (tarte horretan, Camino de los Caleros esaten zaio) eta, gero, NA-8401 eta NA-1110 errepideak gurutzatzen ditu. Bidegurutze horien ondotik, eroanbidea zereal laborantzetan zehar joanen da amaieraraino, hots, Acequia de Carraelbustoraino; toki hori Camino de la Paradaren eta Camino de Valverderen elkargunean dago.

Erreka txikietako bidegurutzeak aire zabalean eginen dira. Odrón ibaiko bidegurutzea eta NA-8401 eta NA-1110 errepideetakoak, berriz, iltzatze pneumatikoz zulatuz eginen dira.

Oro har, eroanbidea instalatzeko, zanga bat eginen da; 1,5 eta 3 m bitarteko sakontasuna izanen du lursail naturalari dagokionez, gutxi gorabehera 0,9ko zabalera oinarrian, 1H:3V-ko ezponda eta, beraz, gutxi gorabehera 2 m-ko zabalera lursailean. Odrón ibaiko iltzatzearen putzuaren ingurunean, hondeaketa 4 m-ko sakontasuneraino helduko da gutxi gorabehera.

Proiektuak erriberako landarediaren lerrokadurak (zumar hostotxikiak, fruta arbolak, etab.) kenduko ditu erreka txikietako bidegurutzeetan, El Barranco de San Isidron eta oztopatutako erretenetan, baita Odróngo bidegurutzearen eta Los Encajonados bidearen artean dauden zelai txikiagoetakoren baten muga heskaietan ere. El Regadíoko erreteneko bidegurutzearen ondoren, Los Encajonados bideko eremuan, eroanbideak Los Arcosko 1. poligonoko 690. lurzatiari eragiten dio. Han, iparraldean larre naturalak eta almendrondoak daude; eskortaren ingurunean, hegoaldean, belar estalkia; eta bidearen ondoan, Alepo pinuen lerrokadura bat. Eroanbideak ez dio eragiten aipatutako pinu lerrokadurari, baina larre naturalen gunean zanga bat irekitzea dakar.

Ingurumen ukipenen azterketak obrek ukitutako eremuak lehengoratzeko eta landareztatzeko proposamen bat jasotzen du, batez ere egun erabilera naturala daukatenei eta ibilguen eta erretenen ertzei dagokienez.

Espedienteak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txosten bat barne hartzen du, proiektua eta guneko aztarna arkeologikoen babesa bateragarriak diren aztertzen duena. Txosten horren arabera, proiekturako ezinbestekoa da obrak hasi aurretik zundaketa bateria bat egitea eta lanak egin bitartean jarraipen arkeologikoa egitea.

Aipatu den moduan, eroanbideak Donejakue bidea zeharkatzen du, Los Arcosko mendebaldean; toki hori kultura intereseko ondasuntzat jotzen da.

Oihan Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak jakinarazi du proposamenak ez diela eragiten Nafarroako abelbideei, eta Donejakue bidea zeharkatzen duen tartean lanetarako ezarri beharreko baldintzen berri eman du. Espedientean Muesko Udalak eta Los Arcosko Udalak emandako aldeko txostenak daude.

Ingurumen Eraginaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eman du, espedientean eta bildutako txostenetan jasotako baldintzekin.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Mues-Los Arcos hornidurarako eroanbidea berritzea” delako proiektuari, Los Arcosko eta Muesko udal-mugarteetan. Sustatzailea Jurramendiko Mankomunitatea da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

• Eraso eta irteera putzua Odrón ibaiko bidegurutzean kokatzean, ziurtatuko da eremua ertzetatik nahikoa urrunduta dagoela, oheari eta ertzetan hazten den erriberako landarediari ez eragiteko moduan. Lanak, metaketen kokapena eta abar kontrolatzeko neurriak ezarriko dira, bai ibilguaren eta uren ustekabeko ukipenak, bai obrak egin bitartean izan daitezkeen uholdeen ondoriozko kalteak saihesteko.

• Lehengoratzeko eta landareztatzeko proposamena exekutatuko da, besteak beste zeharkatutako ibilguen ertzetan eta erretenetan sahatsak aldaxkatuz eta erriberako zuhaixkak landatuz, landare estalki naturala berreskuratzeko asmoz. Halaber, nekazaritza erabilerarik ez daukaten lursail ukituetan ereintza lana eginen da, adibidez, Los Arcosko 1. poligonoko 690. lurzatiko ukipen eremuan.

• Donejakue bideko bidegurutzeari dagokionez, lanak egiten direnean, Plangintza Estrategikorako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak emandako baldintza hauek aintzat hartuko dira:

  • Ezin izanen da erromesen igarotzea eten; beraz, hautazko trazadura bat gaitu beharko da, zirkulazio askea eta beharrezko segurtasun neurriak bermatzen dituena. Bestela, obrak alde horretatik erromes gehien ibiltzen diren orduetatik kanpo egin beharko dira.
  • Obra egin bitartean, seinale egokiak paratuko dira, erromesek jakin dezaten lanak daudela inguru horretan, eta kontuz ibil daitezen. Seinaleak 5 hizkuntzatan jarriko dira (gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez, frantsesez eta alemanez).
  • Bide zoruak ez du narriadurarik izanen obrak egiteko erabilitako makinen eraginez.
  • Obrak bukatu ondoren, Donejakue bidea eta haren ingurunea jatorrizko egoerara lehengoratu beharko dira.

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

• Jarduketak ezinbestean bete beharko ditu ingurumen organoak ezartzen dituen neurri eta baldintzak, ingurune naturala ukitzeari, ibilguari lotutako ibai eremuko ingurumen balioak babesteari eta jarduketa ingurumenean eta paisaian integratzeari dagokionez.

• Bide publikoetan, lehengoratzea eta arestian zegoen lur berdinketa berreskuratzea bermatu beharko da, eta kontuan hartuko da lursailaren sestraren gainean elementurik egonez gero 3 m-ko zortasun-eremua errespetatu beharko duela, bide publikoaren kanpoko ertzetik neurtuta (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikulua).

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

• Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri nahi diren beste jarduera zehatz batzuk hornidura sarera konektatzea edo handik hargunerik ateratzea.

• Eginen den jarduerak ukitzen ahal dituen edo exekuzioa baldintzatzen ahal dituzten azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, arroko erakundearen baimena eskuratuko beharko da, uraren arloan indarrean den legeriarekin bat etorriz.

• Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2020ko apirilaren 14an emandako txostenean xedatutakoa beteko da (txostena espedientean jaso da), baita Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2020ko urriaren 19an emandako txostenean ezarritakoa ere, bertan adierazten baita sustatzaileak, NA-1110 (Galar-Viana) eta NA-8401 (Los Arcoserako sarbidea) toki errepideak ukitzean, aipatutako herri-lanetarako 2020/225 baimenean ezarritako baldintzak bete beharko dituela. Baimen hori Herri Lanetako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak abuztuaren 21ean emandako 615/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ebazpen honek babesten dituen jarduerak edo jarduketak baimena eman eta bi urteko epean gauzatu edo abiarazi beharko dira gehienez ere. Epe hori amaituta, automatikoki agortuko dira haren eraginak, eta eraginkortasunik gabekotzat jo beharko da. Baimendutako jarduera eteteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak hark ukitutako lursailak berrezarri behar izatea, lehengo egoerara bueltatuz, beranduenez bost urteko epean, eraikinak eraitsiz edo/eta erretiratuz. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Los Arcosko Udalari, Muesko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (9. Koordinazio Unitatea, “Lizarra Hegoaldea”) eta interesdunari helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 29an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2110436