175. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

631E/2021 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita “Legardako Udal Planeko 1. eta 2. sektoreetarako determinazio egituratzaileen aldaketa”ri buruz. Sustatzailea Legardako Udala da.

Legardako Udalak 2021eko urtarrilaren 21ean onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean jarri zuen iragarki bat argitaratuz Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 26. zenbakian, 2021eko otsailaren 4koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5f eta 6.2 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, aldaketa txikia da eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua baino ez du behar.

Aldaketaren xedea S1 eta S2 sektoreetan xedatutako bizitegi garapena optimizatzea da, toki etxebizitzaren eskariari erantzuteko eta sektore berriko zuzkidura lurzatian erabilera anitzeko (hots, kirol, gizarte eta kultura erabilerako) instalazioen eskariak betetzeko.

Horretarako, proposatzen da bi sektoreak bizitegi sektore bakarrean (SR-1) bateratzea eta sektorearen muga aldatzea, dagoen errealitate fisikora eta udal plan orokorrean jasotako sarbideetarako ezartzen diren aldaketetara egokitzeko; izan ere, A-12 errepidea abian jartzearen ondorioz, eta oraingo trafiko inguruabarrak kontuan hartuta, sarbide horiek ez dira beharrezkoak.

Aldaketak antolamendu xehatua halako moduan ezartzen du non egoki den urbanizazio proiektuaren eta partzelazio proiektuaren bidez garatuko den.

Aldaketaren eremua Legardako hirigunearen iparraldean dago, nabarmenki horizontala den goi-lautada baten gainean. Mendebaldean NA-1110 errepidea du muga, eta iparraldean eta ekialdean, berriz, haren ertz naturalak, zeinak Arganbela edo Beheitiko errekarantz jaisten baitira. 2,5 hektarea hartzen ditu eta, indarreko planeamenduaren arabera, bizitegi lurzoru urbanizagarria da. Arloa bi sektoretan banatuta dago, eta aldaketak sektore bakarrean (SR-1) elkartuko ditu. Antzinako txanpiñoitegiak hartu dituen zona da (jada eraitsiak dira), eta gaur egun nekazaritza biltegi bat eta futbol-zelai bat daude han. Ez dauka ingurumen edo kultura balio aipagarria duten elementu edo enklaberik; beraz, ez da ingurumen ukipen nabarmenik aurreikusten. Aldaketa proposamenak bizitegi-erabilerari eusten dio; hortaz, ez du aldaketarik sartzen Legardako lurralde ereduan.

Antolaketak ezartzen du bide eraztun bat jarriko dela, hego-ekialdean Legardako hirigunearekin eta mendebaldean NA-1110 errepidearekin konektatuko dena. Xedatutako 37 lurzatiak biderantz orientatuta daude eta perimetroan kokaturiko espazio libreak eta berdeguneak ditu (ZV1, ZV2 eta ZV5) NA-1110 errepidetik eta ezponda naturaletik banantzeko iragazki gisa, baita ZV3 eta ZV4 direlakoak ere, sektorearen muturretan. Beraz, berdeguneak 5 eremutan banatzen dira eta haien guztizko azalera, gutxienez, 2.501 m² da. Hala ere, ez da gune bakoitzaren azalera zehazten. Espazio publikoan aparkatzeko 19 plaza, ZV1 eta Z2 berdeguneekin mugakideak, erreserbatuko direla ezartzen da. Eremuaren ekialdean eta 2. poligonoko oraingo 492. lurzatian, kirol erabilerarako zuzkidura lurzati bat planifikatzen da.

Aurkeztutako dokumentazioak “ingurumen memoria” izeneko eranskina dauka (ingurumen dokumentu estrategikoari dagokio). Memorian, abiapuntutzat hartzen da aldaketak ingurumen eragin eskasa dakarrela, ez duelako aldatzen udal plan orokorrean ezarritako lurzoruen sailkapena. Azaleko ingurumen analisia eginda, aurreikusten ahal diren ingurumen ondorioak neurrizkoak edo deusezak direla ondorioztatzen du eta prebentzio eta zuzenketa neurriak proposatzen ditu, baina gero ez da halakorik sartu SR.1 sektoreari buruzko araudian.

Beraz, Legardako Udal Plan Orokorra indarrean sartu zenetik (2003tik) igaro den denbora kontuan izanik, ingurumenean eta paisaian integratzeko eta klima aldaketara egokitzeko neurrien aplikazioan aurrera egin behar da; neurriok lurralde antolamenduko planetatik (LAP3tik) eta udal planeamenduaren ondoren onetsitako plan sektorialetatik eratortzen dira. Ildo horretan, Biodibertsitatearen Zerbitzuak 2021eko maiatzaren 26an emandako txostenak SR-1 garatzeko baldintza lotesleak ezartzen ditu, euri uren kudeaketari, berdeguneen diseinuari eta tratamenduari, mugikortasunari, gaueko ingurunearen babesari eta hiri paisaiaren babesari dagokienez.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea “Legardako Udal Planeko 1. eta 2. sektoreetarako determinazio egituratzaileen aldaketa”ri buruz, irizten baita ez duela ingurumen ukipen nabarmenik sortzen. Sustatzailea Legardako Udala da.

2. Aldaketa ingurumenean integratzeko, neurri hauek txertatu behar dira, SR1 sektorearen urbanizazio proiekturako determinazio lotesle gisa:

–Euri uren kudeaketari dagokionez, euri urak biltzeko sare bat ezartzeaz haraindi, euri uron iragazketa prozesuen alde egiten duten lursail iragazkorren presentzia maximizatuko da. Beraz, euri uren kudeaketa berdeguneak diseinatu eta kudeatzeari eta espazio publikoak, hala nola aparkatzeko guneak, iragazkortzeari lotuta dago. Berdeguneen diseinuan irizpide bioklimatikoak barne hartzeaz gain, mantentze-lan eskasak eskatzen dituzten eta guneko klimaren ezaugarrietara egokituta dauden espezieak erabiliko baitira, berdegunea eta espazio publikoak drainatze jasangarriko sistemaren elementu funtzional gisa integratuko dira (egiturazko zuhaitz-txorkoak bide berrietako zuhaiztian, urak har ditzakeen parterreak). Gainera, berdeguneen diseinuaren xedea izanen da bero olatuen maiztasuna eta iraupena areagotzearen ondorioak arintzea (horretarako, espazio publikoetan itzalguneak jarriko dira) eta eremuko konfort akustikoa hobetzea.

–Hirigintzako planeamenduari eta horrek mugikortasunean eta lotutako ingurumen ukipenetan dituen inplikazioei dagokienez, bizikletak aparkatzeko guneak gaituko dira.

–Oinezkoentzako bideetan zuhaitzak jarriko dira intsolazioa murrizteko eta hiri espazioei lotutako bero uharteak arintzeko.

–Argiteria publikoak azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea, argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzkoa, garatzeko erregelamendua onesten duen irailaren 15eko 199/2007 Foru Dekretua beteko du.

–Bizitegi-eremu berria ezartzeko, LAP3aren 33. artikulua, hiri paisaia babesteko irizpideei buruzkoa, beteko da.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Legardako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 24an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2110325