174. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

66/2021 FORU DEKRETUA, uztailaren 14koa, uztailaren 30eko 61/2014 Foru Dekretua aldatzen duena. Haren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea arautu zen.

ATARIKOA

Boluntariotzari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko boluntarioen lana arautu zen, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluko 17., 14. eta 18. zenbakiek Nafarroari eskumen esklusiboa esleitu baitzioten gizarte laguntzaren, aisialdiaren erabilera egokiaren, komunitatearen garapenaren eta hirugarren adinekoen politikaren arloetan.

Horri loturik, Boluntariotzari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen 16. artikuluak, Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea eratzen du; batzorde hori boluntariotzako programekin zerikusia duten departamentuetako zuzendari nagusiek osatzen dute, eta egun Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea arautzen duen uztailaren 30eko 61/2014 Foru Dekretuaren bidez arautzen da.

Ikusirik boluntariotza sustatzeko politiken zeharkakotasuna, zeinak ekintza koordinatua eskatzen baitu Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eremuan, egoki ikusten da herritarren partaidetzaren arloko eskumena duen departamentuak boluntariotzaren arloko unitate eskudunak bultzatu eta sektoreka koordinatzea, eta boluntariotzako lanak egiten dituzten entitateen errolda kudeatzea.

Beraz, xedea hori izanik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea arautzen duen uztailaren 30eko 61/2014 Foru Agindua aldatzea.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak eta Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko uztailaren hamalauan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea 61/2014 FORU AGINDUA, uztailaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea arautzen duena.

Bat. 3. artikulua aldatzen da. Hemendik aurrera, testu hau izanen du:

“3. artikulua. Atxikipena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea partaidetzarren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiari atxikia egonen da.”

Bi. 4. artikulua aldatzen da. Hemendik aurrera, testu hau izanen du:

“4. artikulua. Araubide juridikoa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea arautuko da honako hauetan ezarritakoaren arabera: kide anitzeko organoak arautzeko araudietan, foru dekretu honetan, eta hala badagokio, haren funtzionamendurako barne araudian.”

Hiru. 6.1. artikulua aldatzen da. Hemendik aurrera, testu hau izanen du:

“6. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea kide hauek, edo horiek eskuordetzen dituzten pertsonek osatuko dute:

a) Batzordeburua: Herritarren partaidetzaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.

b) Idazkaria: herritarren partaidetzaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusira atxikitako pertsona bat.

c) Batzordekideak:

–Babes sozialaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titulartasuna duena.

–Pertsonen autonomiaren eta garapenaren arloko eskumena duen erakundearen kudeaketaren titulartasuna duena.

–Kirolaren arloko eskumena duen erakundearen kudeaketaren titulartasuna duena.

–Gazteriaren arloko eskumena duen erakundearen kudeaketaren titulartasuna duena.

–Osasunaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titulartasuna duena.

–Ingurumenaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titulartasuna duena.

–Barneko gaien arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titulartasuna duena.

–Hezkuntzaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titulartasuna duena.

–Kulturaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titulartasuna duena.

–Berdintasunaren arloko eskumena duen erakundearen kudeaketaren titulartasuna duena.

–Migrazio politiken arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titulartasuna duena.”

Lau. Azken xedapenetan lehena aldatu da. Hemendik aurrera testu hau izanen du:

“Azken xedapenetako lehena.–Arauak emateko gaitasuna.

Herritarren parte-hartzearen arloko eskumena duen departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau gauzatu eta garatzeko behar den xedapen oro eman dezan, eta zehazki, indargabetzekoa Gizarte Politiketako kontseilariaren maiatzaren 13ko 306/2014 Foru Agindua, Lan boluntarioko entitateen errolda arautzen duena.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko uztailaren 14an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren ordez (Nafarroako Gobernuko Lehendakariaren ekainaren 28ko 33/2021 Foru Dekretua).

Iragarkiaren kodea: F2111109