174. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

648E/2021 EBAZPENA, 2021eko ekainaren 25ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginaren aldeko adierazpena ematen baita Ebro II eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren hustuketa azpiegituraren proiektuari buruz. Solen Energía Ribera SLUk sustatu du proiektua, Fontellasko udalerrian.

Ebazpen honen bidez, Ebro II EIFaren proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena ematen da. Solen Energía Ribera SLUk sustatu du proiektua, Fontellasko udalerrian.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinean (ingurumen-ebaluazio sinplifikatua behar duten proiektuak) sartzen da. Hala ere, lege horren 7. artikuluaren arabera, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta eginen zaie ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua behar duten proiektuei sustatzaileak hala eskatzen duenean, eta mintzagai dugun kasu honetan hala da.

Era berean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak otsailaren 24an emandako 64/2006 Foru Aginduan ezarritakoa aplikatu behar da, horren bidez arautzen baitira lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko aintzat hartuko diren ingurumen eta hirigintza arloko irizpide eta baldintzak.

1. Ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozeduraren garapena eta sustatzailearen eskaera.

2019ko abuztuaren 6an, sustatzaileak “Ebro II eguzki-instalazio fotovoltaikoa”ri zegokion dokumentazioa aurkeztu zion Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari eta aldez aurreko administrazio baimena, eraikuntzarako administrazio baimena, onura publikoaren deklarazioa eta ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta eskatu zituen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 1. atalean adierazitakoaren arabera.

1.1 Jendaurreko informazioa.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen “Ebro II eguzki-instalazio fotovoltaikoa”ren proiektua, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 199. zenbakian, 2019ko urriaren 8koan, iragarkia argitaratuz. Aurkeztu diren alegazioen laburpena I. eranskinean dago.

1.2 Ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskaera.

Sustatzaileak jendaurrean jartzeko izapidearen eta egindako kontsulten emaitza jasorik, Solen Desarrollos SLUk, 2020ko apirilaren 14an, “Ebro II eguzki-instalazio fotovoltaikoa”ren proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa aurkeztu zituen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan eta ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskatu zuen, 21/2013 Legearen 39. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Organo substantiboak dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazio guztia helarazi zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari, aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketa analizatu eta ingurumen eraginaren adierazpena egin zezan.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak, aurkeztutako dokumentazioa berrikusitakoan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari jakinarazi zion ezen, proiektuaren ingurumen izapidetzea egiten jarraitu ahal izateko, sustatzaileak zehaztutako zenbait kontu behar bezala jasotzen zituen dokumentazio osagarria aurkeztu behar zuela. Sustatzaileak 2020ko irailaren 18an aurkeztu zuen eskatutako dokumentazioa.

2020ko urriaren 26an, Solen Desarrollos SLUk “Ebro II eguzki-instalazio fotovoltaikoa”ren proiektuaren aldaketa bat aurkeztu zuen. Nagusiki, instalazioko hegoaldeko muturrean zeuden azpisistema fotovoltaikoak kentzean eta Fontellasko 6. poligonoko 14. lurzatiaren aprobetxamendua optimizatze aldera bertan hainbat panel fotovoltaiko instalatzean zetzan.

2021eko martxoan, sustatzaileak “Ebro II eguzki-instalazio fotovoltaikoa”ren titulartasuna aldatzeko eskatu zuen, Solen Desarrollos SLUren izenean egon beharrean Solen Energía Ribera SLUren izenean egon zedin.

Azkenik, 2021eko apirilean, sustatzaileak 2020ko urriaren 26an aurkeztutakoa osatzeko dokumentuak (“Anexo Complementario a PTA PSF Ebro II–V3” eta “Anexo PTA SET FV Ebro II. Vano Destensado”) aurkeztu zituen. Horietan, instalazioaren bi aldaketa ez-funtsezko sartu zituen:

1.–FV 2 azpisisteman, 4 hesiren ordez hesi bakarra jartzea proposatzen da.

2.–FV 4 azpisisteman, tracker fv baten ezarketa pixka bat aldatzen da.

2. Proiektuaren deskribapena.

2 alternatiba aztertu dira, 0 alternatibaz edo ez jardutekoaz gain, eta haietatik 2. alternatiba aukeratu du sustatzaileak, besteak beste abifaunari, landarediari eta lurzoruari gutxien eragiten diena delako.

Hautatutako instalazioak 26 MWp-ko potentzia instalatua dauka, lau azpiunitatetan banatuta dago eta Fontellasko udal-mugarteko zenbait landa finka hartzen ditu. Han, morfologia lauko zereal lautadak dira nagusi.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoak, hesi barrukoa barne, guztira 68,92 hektarea hartuko dituela aurreikusten da. Gainera, proiektuaren eragin eremuan 7,09 hektarea ezartzen dira bilakaera naturaleko zonetarako. A-68 errepidetiko bi sarbide puntu eskatzen dira, 100. eta 101. kilometro-puntuetan hurrenez hurren.

Aurreikusitako potentzia lortzeko, 57.764 eguzki-modulu fotovoltaiko erabiliko dira, silizio monokristalinozkoak, ardatz baten gaineko jarraitzaile horizontalen egitura mugikorretan multzoka ezarriak, eremuan ipar-hego norabidean jarriak eta lurzoruan zuzeneko tinkatuaz finkatuak. Jarraitzaileen artean 6 metroko tartea uztea proposatzen da, eta haien altuera, plakak posizio horizontalean daudenean, 1,35 m izanen da. Jarraitzaileok backtracking sistema bat eta haize gogorra dabilenean egiturak posizio horizontalean jartzeko kontrol sistema bat dauzkate. Inbertsoreek modulu taldeek hornitutako korronte zuzena behe-tentsioko korronte alterno bihurtzen dute. Korronte alternoa transformazio zentroetara eramaten da eta, hor, erdi-tentsiora (30 kv) igotzen da. Transformazio zentroak lurpean elkartuko dira eta Ebro II transformazioko azpiestazio elektrikora (66/30 kV) eramanen dute sortutako energia. Ebro II transformazioko azpiestazio elektrikoaren (TAEaren) baotik zuzenean, eta gutxi gorabehera 50 metroko tarte batean, aireko linea (66 kV) dagoen linea elektrikoaren C50 euskarriarekin (Boyal 66 kV) konektatuko da, eta, azkenik, sortutako energia La Cantera TAEan injektatuko da.

Beharrezko zanga sarea nagusiki bideekiko paraleloa izan dadila planteatzen da. 0,6 eta 1,2 m bitarteko zabalera edukiko du eta gehienez ere 1,2 m sakon izanen da.

Proposatzen da dauden bideen erabilera maximizatzea (haietako batzuk egokitu beharko dira) eta 1.364 metro bide berri eraikitzea, eremu batzuetan beharrezkoak dira eta. Hona hemen bideetarako eskatzen diren ezaugarriak:

• 4 m-ko gutxieneko zabalera eta 10 m-ko erradioa kurbatura ardatzean.

• Gehienez ere % 9ko malda eta % 14koa bide asfaltatuetan.

• Bide eraiki berrietan, gutxienez 25 cm lodi den zabor-betegarria.

• Luzetarako drainatzeko arekak, ur pasabideak bidearen bi aldeetan eta % 1eko galtzada ponpaketa.

Zona bakoitzean hesi perimetrala instalatzea proposatzen da. Guztira, 8.376 luze eta 2,5 altu litzateke. Hesia ehiza-sarea izanen da eta lursailean 30 x 30 x 40 cm-ko hormigoizko zapata isolatuz ainguratutako zutoinak edukiko ditu.

3. Azterketa teknikoa.

“Ebro II” instalazio fotovoltaikoa Fontellasko eta Ribaforadako hiriguneen hegoaldean dago, lehenengotik 2,5 km baino gutxiagora (hego-ekialdean) eta bigarrenetik 3 km baino pixka bat gehiagora (hego-mendebaldean). Gutxi gorabehera 1,5 km zabal den zerrenda batean dago, eta haren mugak Lodosako ubidea (iparraldean) eta AP-68 autobidea (hegoaldean) dira.

Aztertzen ari den eremua Ebro ibaiko azken terrazetan dago, funtsean nekazaritzarako erabiltzen den lautada batean, non hainbat muino gailentzen diren. Zati handiena lehorreko eta ureztapeneko nekazaritza laboreek hartzen dute eta han-hemenka Alepo pinuen eta larre mediterraneoen birpopulaketak daude, hegaletan. Landaredi naturalez osatutako esparru txikiak ere badaude; nagusiki bideei edo drainatzeei lotuta daude eta faunaren aterpeak dira.

Ezarketa eremuak interesa izan dezake ingurumen balio handiko espazioak komunikatzeko; zehazki, kontserbazio bereziko eremuak (KBEak) eta estepako abifaunaren kontserbaziorako interes eremuak (NEAKIEak) daude Ebro ibaiaren bi aldeetan, “Peñadil, Montecillo eta Monterrey” eta “Errege Bardea” izenekoak. Halaber, Errege Bardea haren hegoaldean dauden mendilerroekin komunikatzen duen ibilbidea oztopa lezake, baita Ebro ibaiak eraturiko igarobide ekologikoa ere. Dena den, ingurunea gaur egun oso antropizatuta dagoenez, ibairaino 2 km baino gehiagoko distantzia dagoenez eta ibilbide horiek zabalak direnez, irizten da haien gaineko ukipenak saihesten ahal direla.

Eguzki-instalazioak eta haren hustuketa azpiegiturak ez diote ez Europar Batasunaren intereseko ezein habitati, ez katalogazioren bat daukan ezein landaredi naturali eragiten. Era berean, ez daude ezein naturagune babesturen edo Natura 2000 Sareko ezein guneren mugen barruan eta, aurreko paragrafoarekin bat etorriz, ez da aurreikusten haiei edo haien ingurumen balioei eragiten ahal dietela.

Paisaiaren ikuspuntutik, eremuak nekazaritza erabilera intentsiboa du ezaugarri. Bertan, erliebe leunak eta homogeneoak, Ebroko alubioi lautadaren berezkoak, nabarmentzen dira, baita honako hauek ere: Ebroko autobia eta autobidea, Lodosako ubidea, proposatutakoaren ondoan dagoen beste instalazio fotovoltaiko bat eta hurbileko udalerrietan dauden zenbait haize-parke. Gainera, instalazioa ezarriko den eremuan bertan “Volandín” izeneko haize-parke baterako proiektu bat dago, zeinak badaukan ingurumen eraginaren aldeko adierazpena.

Parkeak ekoitzitako energia eramateko eraiki beharreko linea elektrikoaren luzera eskasa denez (50 metro), azterketaren eremua bat dator plaka fotovoltaikoak ezartzeko zonaren azterketa eremuarekin.

“Ebro II eguzki-instalazio fotovoltaikoa”ri buruz sustatzaileak aurkeztu duen ingurumen eraginaren azterketaren arabera, ukipen nagusiak faunari eta paisaiari dagozkie. Prebentziorako eta zuzentzeko hainbat neurri erantsita, eraginak neurritsutzat edo bateragarritzat jotzen dira, eta ingurumen zaintzarako plan bat ere barne hartzen da, obrak egin bitartean zaindu beharreko gaiak adierazten dituena.

4. Proposamena.

Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalak, proiektuaren ingurumen eraginaren analisi teknikoa eginda, ondorioztatu du ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura behar bezala burutu dela. Hala, irizten da proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik eta, beraz, proposatzen da ingurumen eraginaren adierazpena egitea eta zehaztea, ingurumeneko ondorioetarako soil-soilik, aurkeztutako dokumentazioan jasotako neurriak eta baldintzak ez ezik ebazpen honen baldintzetan jasotakoak ere beteta egiten ahalko dela proiektua.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen eraginaren aldeko adierazpen hau ematen da Ebro II eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren hustuketa azpiegituraren proiektuari buruz. Solen Energía Ribera SLUk sustatu du proiektua, Fontellasko udalerrian.

2. Jarduera goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin dadila ezartzea, baita honako baldintza hauek betez ere:

1.–Abelbideen gaineko zuzeneko ukipenei dagokienez, bete beharko da Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Oihan Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak 2020ko maiatzaren 21ean emandako txostenean ezarritakoa (txostena ebazpen honi erantsi zaio).

2.–Jarraitzaileen euskarri egitura lurrean zuzeneko tinkatuaz finkatzeari emanen zaio lehentasuna.

3.–Eguzki-instalazio fotovoltaikoa lursailaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko da, obrak egin bitartean ukipenak guztiz ezinbestekoak diren zonei soilik eragiteko moduan eta lur mugimenduak ahalik eta txikienak izateko moduan. Plakak ezartzeko eremuan egin beharreko sasi-garbitzea eta nibelazioa ez dira eremu osoak ukituz eginen; aitzitik, jarraitzaileen zutoinek osatzen dituzten lerroei bakarrik eraginen diete, erabilera eta ezarpen egokirako behar-beharrezkoa denean, baita bideei, kanalizazioei, transformazio zentroei eta TAE-ei ere.

4.–Ahal den neurrian, lurzatien eta bertan dagoen landarediaren artean banaketa ezpondak kontserbatu beharko dira. Era berean, makineria eta materialak biltzeko guneak ezin izanen dira kokatu landaredi naturalak estalitako lekuetan.

5.–Obrak egin bitartean Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (254/2019 FDa) edo Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (139/2011 EDa) jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada eta obrek haiei eragiteko aukera badago, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

6.–Hesi perimetralaren azpiko zatia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari igarotzeko aukera emateko; beraz, azpitik hutsarte nahikoa utzi beharko da, gutxi gorabehera 15-20 cm-koa.

7.–Ingurumen eraginaren azterketan ezartzen den moduan, hesiaren trazadura guztian seinale islatzaileak jarriko dira 10 metroan behin, abifaunak talka egiteko aukera murrizteko.

8.–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiliko da eta, behar berezia izanez gero, sasi-garbitze mekanikoa baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

9.–Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko produktu kimiko kutsagarri edo arriskutsurik.

10.–Lagomorfoak, karraskariak eta bestelako animaliak kontrolatu behar badira, egokiak diren baimenak eskuratu ondoren, baliabide mekanikoak eta biologikoak erabiliko dira eta guztiz debekaturik egonen da pestizidak, intsektizidak, errodentizidak eta bestelako pozoiak erabiltzea.

11.–Instalazioan argi punturik jarriko bada, ezinbestekoak direnak bakarrik jarriko dira, talka eremu potentzialetatik (hesietatik, tentsoreetatik, aireko linea elektrikoetatik eta abarretatik) urrun. Argi kutsadura txikiagotzen duten luminariak, intentsitate baxukoak eta lurrera begira jarriak, erabiliko dira.

12.–Lurzorua higatzeko eta hegalean lurrak isurtzeko arriskua saihesteko eta paisaia eragina murrizteko helburuarekin, X: 618.881, Y: 4.650.243 koordenatuen eta X: 618.760, Y: 4.650.177 koordenatuen artean (ETRS89, European Datum, 30. zona), gutxi gorabehera irudi erantsian gorriz markaturiko tartean, planta diseinatzean gutxienez 15 metroko distantzia gordeko da instalazioaren itxitura perimetralaren eta erliebearen ertzaren artean.

13.–Ingurumen eta paisaia integrazioa:

–Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko dira.

–Egin beharreko lur erauzketa eta betelanetarako, gehienez 2H:1V-ko maldak izanen dira onargarriak, bertako espezieekin eginen den landareztatzeak emaitza onargarria izan dezan.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eremu osoan eta obrek eragin dioten beste edozein gainazaletan, aldi batez izan bada ere, bertako belardiko hazien nahasketa bat ereinen da; haziok egin beharreko jarduerarekin bateragarri izan beharko dute. Obrak egin bitartean landare lurrezko geruza kendu edo hondatu bada edo halakorik ez badago, erein baino lehen landare lurrezko geruza bat jarriko da, gutxienez 30 cm-koa, aurretik behar bezala erauzi eta metatua.

–Aurkeztu den ingurumen eraginaren azterketan zehaztutako lehengoratze planean azaltzen denez, modulu fotovoltaikoak ezartzen diren perimetroaren inguruan, landarediz osatutako pantaila bat ezarriko da. Bertako espezieak erabiliko dira, garaiaren arabera egokiak, eta debekatuta dago espezie exotikoak erabiltzea.

–Obrak amaitu eta hurrengo 6 hilabeteetan landareztatu beharko da. Landaketak, garaiaren, klima baldintzen eta abarren menpe daudenez, obrak amaitu eta hurrengo landaketa garaian eginen dira. Landaketen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, eguzki-instalazioaren bizitza baliagarri guztian.

–Erabilerari lotutako eraikinak (transformazio zentroak, azpiestazioa, etab.) ingurunearekiko harmonia errespetatuz diseinatuko dira, eremuko eraikin motekin bat eginez eta bat datozen eta paisaian integratzea errazten duten koloreak erabiliz.

14.–Jarraipen eta zaintza plana:

–Obrak hasi baino lehen, jarraipen eta zaintza plan bat aurkeztu beharko da obren eta funtzionamenduaren faserako. Plan horrek Ingurumen Eraginaren Atalaren onespena jaso beharko du eta egin beharreko jarduketen metodologiaren proposamena barne hartuko du.

15.–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari ohartarazi beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).

16.–Zangak irekitzean eta zimendatzean ordura arte ezezaguna zen aztarna arkeologikoren bat agertzen bada lurpean, sustatzaileak gogoratu beharko du Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari berehala jakinarazteko legezko betebeharra duela, ondare historikoari buruzko indarreko legediak jasotzen duenaren arabera (Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/85 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak).

17.–Ustiapen aldia amaitzean, eguzki-instalazioak ukitutako eremuko landaredia lehengoratuko da, urtebete igaro aurretik. Instalazio guztiak behar bezala eraitsi eta kenduko dira, hondakinak indarreko legediaren arabera kudeatuko dira eta landare estalkia lehengoratuko da. Jarduketa horiek dagokien ingurumen-ebaluazioko prozeduraren esparruan eginen dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Fontellasko Udalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tuterako Koordinazio Unitateari), Oihan Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, alegatzaileei eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 25ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

JENDAURREAN JARTZEKO IZAPIDEAREN EMAITZA

Aurkeztutako alegazioen laburpena

Gurelur.

1. Sustatzaileak proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egiteko eskatzen duen arren, izapidetze horretarako aurkeztutako eta Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 199. zenbakian, 2019ko urriaren 8koan, jendaurrean jarritako dokumentua ingurumen ukipenen azterketa da, ingurumen eraginaren azterketa izan beharrean.

Erantzuna:

Sustatzaileak jendaurrean jartzearen eta egindako kontsulten emaitza jasorik, 2020ko apirilaren 14an, “Ebro II eguzki-instalazio fotovoltaikoa”ren proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa aurkeztu zituen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan.

2. Alternatiben azterketan gabeziak daude, 21/2013 Legean adierazitakoari dagokionez.

Erantzuna:

Ingurumen Eraginaren Atalak uste du espedientean dagoen dokumentazioa aski dela proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio egokia egiteko. Halaber, irizten da hautaturiko alternatiba bateragarria dela ingurumen aldetik, baldin eta aurkeztutako dokumentazioan eta ingurumen eraginaren adierazpen honen baldintzen atalean jasotako neurriak eta baldintzak betetzen badira.

3. Instalazioa ezartzeko behar diren obrei buruzko informazioa falta da.

Erantzuna:

Instalazioa ezartzeko behar diren obrei buruzko informazioa zenbait agiritan osatu da: sustatzaileak 2020ko apirilaren 14an, jendaurrean jartzeko izapidearen eta egindako kontsulten emaitzaren ondoren, aurkeztutako dokumentazioan, Biodibertsitatearen Zerbitzuak egindako errekerimenduari erantzuteko aurkeztutakoan eta 2020ko urriaren 26an proiekturako aurkeztutako aldaketan.

Ingurumen Eraginaren Atalak uste du espedientean dagoen informazioa aski dela proiektuaren ingurumen-ebaluazio egokia egiteko.

4. Oraingo landarediaren deskribapenean gabeziak daude.

Erantzuna:

Sustatzaileak 2020ko apirilaren 14an, jendaurrean jartzeko izapidearen eta egindako kontsulten emaitzaren ondoren, aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketan konpondu zuen alderdi hori. Sustatzaileak aztertu egin du faunaren gainean duen ondorioa eta kontuan izan da ingurumen eraginaren adierazpen honetan.

5. Faunari dagokion informazioan gabeziak daude.

Erantzuna:

Sustatzaileak 2020ko apirilaren 14an, jendaurrean jartzeko izapidearen eta egindako kontsulten emaitzaren ondoren, aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketan osatu zuen alderdi hori.

Ingurumen Eraginaren Atalak uste du espedientean dagoen informazioa aski dela proiektuaren ingurumen-ebaluazio egokia egiteko.

6. Metatze ondorioen eta ondorio sinergikoen azterketan gabeziak daude.

Erantzuna:

Biodibertsitatearen Zerbitzuak egindako errekerimenduari erantzuteko, sustatzaileak eranskin bat sartu zuen 2020ko irailaren 18an aurkeztutako dokumentazioan. Bertan, sinergiak eta metatze ondorioak aztertu zituen, Ebro II eguzki-instalazioaren inguruko 5 km-ko erradioan dauden eta aurreikusten diren haize-parkeak eta parke fotovoltaikoak aintzat hartuta.

7. Itxitura perimetralak fauna lurtarrarengan duen hesi efektuaren analisian gabeziak daude.

Erantzuna:

Alderdi hori kontuan izan da ingurumen eraginaren adierazpen hau egitean eta, beraz, baldintza hau gehitu da: “Hesi perimetralaren azpiko zatia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari igarotzeko aukera emateko; beraz, azpitik hutsarte nahikoa utzi beharko da, gutxi gorabehera 15-20 cm-koa”.

Gainera, Biodibertsitatearen Zerbitzuaren errekerimenduari emandako erantzunean, sustatzaileak 20 metroan behin katazuloak edo atetilak, gutxienez 25 x 25 cm-koak, instalatzea aurreikusten du.

8. Ingurumena lehengoratzeko planean gabeziak daude:

Erantzuna:

Sustatzaileak 2020ko apirilaren 14an, jendaurrean jartzeko izapidearen eta egindako kontsulten emaitzaren ondoren, aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketan osatu zuen alderdi hori, baita Biodibertsitatearen Zerbitzuaren errekerimenduari emandako erantzunean ere.

9. Ez dago aurrekonturik ingurumen zaintzarako programarako.

Erantzuna:

Sustatzaileak 2020ko apirilaren 14an, jendaurrean jartzeko izapidearen eta egindako kontsulten emaitzaren ondoren, aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketan osatu zuen alderdi hori.

Esperanza Ursua Sesma, Ainara Cortés Avizanda eta Jose Antonio Donazar Sancho.

1. Landarediaren eta landareak lehengoratzeko proposaturiko neurrien deskribapenean gabeziak daude.

2. Faunari buruzko azterketaren metodologian eta lortutako emaitzetan gabeziak daude.

3. Espezieen zerrendan eta babesean gabeziak daude.

4. Ingurumen eraginaren azterketaren apartatu batzuetan (paisaia eta demografia) informazioa osatugabea eta nahasia da.

5. Ingurumen eraginaren azterketan ez dira zenbait alderdi ebaluatu.

6. Proposaturiko neurrietan eta ingurumen zaintzan gabeziak daude.

Erantzuna (berbera alegazio guztietarako):

Sustatzaileak 2020ko apirilaren 14an, jendaurrean jartzeko izapidearen eta egindako kontsulten emaitzaren ondoren, aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketan osatu zituen alderdi horiek, baita Biodibertsitatearen Zerbitzuaren errekerimenduari erantzuteko 2020ko irailaren 18an aurkezturiko dokumentazioan ere.

Aurkeztutako dokumentazio guztia kontuan izanik, Ingurumen Eraginaren Atalak uste du espedientean dagoen dokumentazioa aski dela proiektuaren ingurumen-ebaluazio egokia egiteko. Alabaina, alegatzaileek egindako oharrak aintzat hartu dira ingurumen eraginaren adierazpen hau prestatzean.

“Solar flux” efektuak faunarengan izan dezakeen eragina, bestalde, ez da kontuan izan, eguzki-energia termikoko ustiategiei lotuta egon daitekeela irizten den arren ez dagoelako frogatuta eguzki-energia fotovoltaikoko ustiategiei eragiten diela, eta horixe da aztergai dugun kasu hau.

Iragarkiaren kodea: F2110324