174. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

272/2021 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2021-2022 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten dituena.

Abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuaren bidez (haren bidez egokitu zen abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretua) ezarri ziren Nafarroan hizkuntzen irakaskuntzen oinarrizko mailako, tarteko mailako eta maila aurreratuko curriculumak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritakoak.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du Nafarroako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2021-2022 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesteko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketak eta jardunak 2021-2022 ikasturtean bete beharko dituzten jarraibideak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (http://www.educacion.navarra.es/portal/) argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Atzerriko Hizkuntzen Atalera, eta Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2021eko ekainaren 24an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialen antolaketa eta jarduna 2021-2022 ikasturtean arautzeko jarraibideak

Indizea:

I.–Ikastetxeko urteko programazio orokorra.

II.–Irakasleak.

III.–Irakaslana koordinatzeko organoak.

IV.–Ikasleak.

V.–Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA. ECOEDUCA kontabilitate sistema.

VI.–Antolaketari dagozkion alderdiak.

I.–Ikastetxeko urteko programazio orokorra

Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetako zuzendaritza taldeek Urteko Programazio Orokorra prestatuko dute, ikasturtea hasi baino lehen, departamentuen proposamenak eta Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen helburuak eta lanerako planak aintzat hartuta. Programazio horrek bermatuko du hezkuntza-jarduera guztiak modu koordinatuan betetzen direla, eskumenak behar bezala baliatzen direla eta eskola-komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela.

1. Urteko Programazio Orokorrean honakoak sartuko dira:

1.1. Ikastetxeko ordutegi orokorra.

Ikastetxeko ordutegi orokorrak, zuzendaritza taldeak prestatu behar duenak, bermatuko du Urteko Programazio Orokorrean aurreikusitako jarduerak betetzea, bai irakaskuntzakoak bai osagarriak.

Ikastetxeak goiz eta arratsaldeko ordutegiarekin egonen dira zabalik eskola-komunitatearentzat. Eskola-oporraldietan, behar diren bitartekoak jarriko dira ikastetxeak goizez zabalik egon daitezen.

Horrez gain, ikastetxeko ordutegi orokorrean eskola-egunetako orduen banaketa jasoko da, eskola-egutegiaren arabera eta ondoko irizpide hauei jarraikiz egina:

a) Irakaskuntza arautua. Eskola-ordutegia astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen da, biak barne, goiz eta arratsaldeko txandetan.

Oro har, kurtso presentzialak izanen dira, zehazki, astean bi ordu eta 15 minutuko bi saio, hau da, 4,5 ordu astean talde bakoitzarentzat. Horrez gain, hizkuntza eskolek ezarriko dute zenbat ostiral izan beharko diren eskola-egun, talde bakoitzak guztira 130 ikastordu izan ditzan.

b) Ikastaro erdipresentzialetarako eta curriculuma malgutzeko ikastaroetarako baimena ematen ahalko da, baina, edonola ere, talde horietako ratioa eta irakasleen ordutegiko eskola-orduen zenbaketa talde presentzialetakoen berdinak izanen dira. Eskaerek Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren oniritzia eduki behar dute.

Ikastaro horien eskola-karga presentziala eta jarduera ez-presentzialak eta tutoretzak (presentzialak edo on line) antolatzeko, kontuan hartuko da departamentuen planifikazioa, kasuan kasuko mailen programazioan jasoko da, eta irakasleen ordutegi pertsonalean islatuko da.

c) Hizkuntza eskola ofizialek baimena eska dezakete hizkuntzaren jarduera bat edo batzuen inguruko ikastaro monografikoak emateko, baita irakasleentzako eguneratze eta hobetze ikastaroak, beste profesional batzuei begirako ikastaroak edo berariazko gaiak ardatz hartzen dituztenak ere. Ikastaro horiek ez dute ziurtapen ofizialik.

1.2. Planifikatzeko irizpideak.

Ikasketaburuak ikasleen eta irakasleen ordutegiak prestatuko ditu, Urteko Programazio Orokorrean ezarritako irizpideak errespetatuz betiere.

Ikastetxeak ekitatez planifikatuko ditu txandak eta ordutegiak hizkuntza guztietarako, eta bermatuko du, ahal delarik, maila guztietan goiz eta arratsaldeko txandak egotea.

1.3. Hobekuntza plana.

a) Hobekuntza planak, ikastetxearen egoeraren azterketatik abiatuta, ikuspegi orokor eta integratzaile batetik aurreikusitako hobekuntza helburuak lortzera zuzendutako jarduketa batzuk ezarriko ditu urtero, kontuan hartuta aurrera begira jarraitutasuna izan behar dutela.

b) Eskolek errendimenduaren eta beren jardunaren hobekuntzarekin lotura handiena duten helburuak hautatuko dituzte, ikastetxearen diagnostikoaren arabera (emaitza akademikoak, departamentuko bilerak, klaustroaren erabakiak, etab.) hala ikusten direnak.

c) Ikastetxearen hobekuntza planean aurreikusitako neurriek adierazle batzuk izan beharko dituzte, haien eraginkortasuna ebaluatzeko. Emaitzak ikasturte bukaerako memorian sartuko dira.

1.3.1. Biurteko hobekuntza plana.

Ikastetxeek 2020-2022 biurteko hobekuntza planaren bigarren urtea gauzatuko dute.

Lehenik eta behin, ikastetxearen bi urteko hobekuntza plana berrikusiko dute. Horretarako, planean egin beharreko egokitzapen eta doikuntzak egiteaz gainera, kontuan hartuko da, batetik, ebaluazio diagnostikoaren emaitzen azterketa, eta bestetik, aurreko ikasturtearen bukaeran zuzendaritzak, koordinazio pedagogikorako batzordeak eta departamentuek egindako barne emaitzen analisiaren ondorioz aurkezten diren hobekuntza proposamenak.

1.4. Departamentuen jarduketa-plana eta programazioak.

a) Departamentu bakoitzak, irailean zehar, 2021-2022 ikasturterako jarduketa-plana prestatuko du, barnean direla departamentuko edo mailako bilerak eta ikasturteko zeregin nagusiak, hala nola, kurtso eta maila guztietako ebaluazio probak egitea, ziurtapenak berrikustekoak barne, kontuan harturik Hezkuntza Departamentuak ezarritakoa, eta hizkuntza bakoitza balidatzeko ardura dutenekin elkarlanean.

Ziurtapen proba horien pilotajerako, gure proba bateratuek izanen dute lehentasuna. Era berean, Nafarroatik kanpoko eskoletako proben pilotajea erraztu eta lagunduko du, ahal den neurrian.

Horrez gain, arduradunak izendatuko dira, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko aleman, ingeles eta italiera departamentuetako kideen artean, hizkuntz horietako ziurtapen proba bateratuak prestatzeko batzordea osatzeko. Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialeko frantses departamentutik izendatuko dira frantseseko proba bateratuak prestatzeko batzordea osatuko duten irakasleak.

b) Departamentuetako programazioa prestatzeko arduradun nagusiak departamentuetako buruak izanen dira. Programazioan honako alderdi hauek jasoko dira: helburuak, edukiak, denbora banaketa, alderdi metodologikoak eta ebaluazio eta kalifikaziorako irizpideak.

Departamentu bakoitzaren programazioaren ale bat ikastetxeko zuzendariari emanen zaio, ezartzen den epearen barnean, ikastetxeko Urteko Programazio Orokorrean sar dezan. Programazioek zuzendaritzaren oniritzia jaso beharko dute.

Programazioaren bi ale, gutxienez, departamentuan geldituko dira: bata kide anitzeko gobernu organoen eskura, eta bestea departamentuaren eskura. Gainera, ale bana emanen zaio departamentuko kide bakoitzari.

1.5. Urteko Programazio Orokorrari erantsi beharrekoak.

1.5.1. Urteko Programazio Orokorrarekin batera, orobat, irakaskuntza-programazioen adostasun agiriak aurkeztuko dira, ziurtatzearren programazioak egoki jaso dituela eskatzen diren atal guztiak.

1.5.2. Kontingentzia plana. Ikastetxeek hezkuntza jardueraren antolaketarako eta prebentziorako Kontingentzia Plana eguneratu beharko dute, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta hezkuntza jarduera ahalik eta egokien garatzen dela bermatzearren.

Plan horrek bete beharko ditu Hezkuntza Departamentuak ikasturte hasieran ezarriko dituen berariazko jarraibideak.

Nolanahi ere, plan horrek, gutxienez, atal hauek izanen ditu:

a) Sarrera.

b) Aurreikusitako aukerak.

Eskola jarduera presentzialerako balizko aukerak. Egoera batetik beste batera igaroz gero zer neurri hartzea aurreikusten den; neurriok malgutasunez ezarriko dira, agintaritzek xedatzen dutenaren arabera, era murriztaileagoan edo malguagoan.

c) Segurtasun eta higiene neurriak.

Aireztapena, maskarak erabiltzea, eskuen higienea (ura eta xaboia edo gel hidroalkoholikoa), garbiketa eta desinfekzioa...

d) Antolaketa neurri orokorra.

Sarrera-irteerak: eraikinaren barruko joan-etorriak; gelen erabilera; komunen erabilera, eta abar.

e) Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

f) Langileen kudeaketa.

Ikastetxeko langileak; ikastetxekoak ez diren pertsonak...

g) Protokoloa COVID-19aren sintomak izanez gero.

h) Irakasle eta ikasle zaurgarriak.

i) Ikastetxeko COVID-19 arduraduna.

Ikastetxeko zuzendariak kontingentzia planaren arduradun izanen d(ir)en irakaslea(k) izendatuko d(it)u 2021-2022 ikasturterako. Arduradunari dagokio kontingentzia plana abian jartzea eta plana koordinatzea, baita ikastetxeko zuzendariak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea ere.

1.6. Ikastetxeko prestakuntza plana.

Etengabeko prestakuntza irakasleen eskubide eta betebehar bat da, bai eta Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen erantzukizuna ere, azken helburua izanik Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea irakasle lanbidea garatuz. Ildo horretan, ikastetxeak prestakuntza instituzionalaren programa bat ezarriko du ikastetxeko irakasle guztientzat. Nahitaezko prestakuntza horrek 35 ordu iraunen du.

Zuzendaritza taldeari dagokio programa horren edukia eta nola banatzen den ikasturtean zehar finkatzea eta antolatzea, eta hori guztia ikastetxearen prestakuntza planean jasoko da. Programa prestatzeko orduan, kontuan hartuko dira ikastetxea hobetzeko urteko planaren helburuak eta Hezkuntza Departamentuak prestakuntza arloan ezarritako lehentasunei buruzko jarraibideak. Prestakuntza hori lehentasunezkoa izanen da, eta irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du irakasle guztiek egiten dutela.

Prestakuntza instituzionala zabalagoa izan daiteke ikastetxeak berak edo, kasua bada, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen beharrak betetzeko. Kasu horretan, irakasleen parte-hartzea boluntarioa izanen da.

Ikasturte berean beste ikastetxe batera lan egitera joaten diren irakasleek behar den akreditazioa aurkeztu beharko diote ikastetxe berriko zuzendaritzari, aurrekoan egin duten prestakuntza mota eta ordu kopurua adierazita. 35 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek prestakuntza indibidualerako eskubideaz baliatzen segitzen ahalko dute, nahi izanez gero.

Zuzendaritza taldeak, departamentuko buruekin koordinatuta, ikastetxeko irakasleen prestakuntza diseinatuko du, haien beharren eta hobekuntza planen arabera, betiere kontuan hartuta hizkuntza eskolen antolaketaren eta jardunaren berariazko ezaugarriak. Nolanahi ere, ikastetxeko prestakuntza interesek lehentasuna izanen dute banakakoen interesen aldean.

1.7. Jarduera osagarriak.

Zuzendaritza taldeak, departamentuen eta Eskola Kontseiluaren proposamenak jaso ondoren, eskola jarduera osagarrien programazioa prestatuko du.

1.8. Memoria administratiboa.

2021eko urriaren 24a baino lehen, zuzendaritza taldeak memoria administratiboa prestatuko du, eta, horretan, beste elementu batzuen artean, Ikastetxearen Antolaketarako Agiria (IAA) sartuko da.

1.9. Aniztasunari erantzutea.

Antolaketari dagozkion alderdiak.

Ikastetxearen lan partekatua da aniztasunari erantzutea. Neurri metodologikoak eta antolakuntzakoak aplikatuz, ikasleen premia desberdinei emanen zaie erantzuna.

Hizkuntza eskola ofizialetan, derrigorrezkoen ondoko irakaskuntzak izanik, bi arreta mota bereiz daitezke: ikasgelan ematen dena eta azterketetan ematen dena.

Ikastetxeak behar den arreta emanen du ikasgelan, metodologiari eta baliabide teknikoei dagokienez (entzungailuak, mahai lagungarriak, toki handiagoa, etab.). Behin ohiko baliabide horiek inklusiboki antolatu ondoren, gerta daiteke ikastetxearen esku ez dauden beste neurri batzuk aurreikustea, esaterako ikasgelan espezialistak izatea (zeinu hizkuntzako interprete bat, esatera). Kasu horietan, baimendu daiteke pertsona hori ohiko ikasgelan egotea, ikuspegi inklusiboz, eta, hala, helburu batzuk sendotzeaz gain, ahalbidetuko da ikasleak ikaskuntza prozesuan parte hartzea. Salbuespenez aukera hori justifikatzen denean, zehaztuko da zenbat denboratarako aurreikusten den esku-hartze hori. Ikasle eskatzaileak ekarriko du kanpoko espezialista hori, eta hark ez dio trabarik ekarriko ikasgelako ikasleen irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuari.

Azterketen kudeaketan arreta emateari dagokionez, inklusiorako antolakuntza neurriak aplikatuko dituzte eskolek, eta ikasleei baliabide tekniko puntualak jarriko dizkie azterketak egiteko.

Nolanahi ere, ebaluazioari eta ziurtapenari dagokienez, ebaluaziorako araudi oinarrizkoak ezartzen duenari jarraituko diote hizkuntza eskola ofizialek.

Ikastetxe bakoitzeko Aniztasunari Erantzuteko Planak ikastetxe horren irizpideak eta baliabideen eta neurrien antolaketa jasoko ditu.

2. Urteko Programazio Orokorra onetsi eta ebaluatzea.

Eskola Kontseiluak onetsi eta ebaluatu beharko du Urteko Programazio Orokorra eta ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharko dute.

Ondoriorik aipagarrienak ikasturte bukaerako memorian jasoko dira, zeina Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko baita 2022ko uztailaren 10a baino lehen.

Urteko Programazio Orokorra 2021eko urriaren 31 baino lehen aurkeztuko da. Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da; beste ale bat ikastetxeko idazkaritzan jasoko da, irakasleek eta Eskola Kontseiluko kideek aztertu ahal izateko.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du Urteko Programazio Orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaion, eta zer aldaketa egin behar den adieraziko du.

II.–Irakasleak

1. Jardunaldia.

225/1998 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (irakasleen lanaldia eta ordutegia), irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, bete behar dituzten eginkizunen ezaugarrietara egokitua.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan. Denbora hori banatuko da eskola-orduetan, astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan eta urtean zenbatu beharreko orduetan.

Gainerako orduak, ikastetxean bete beharrekoak ez direnak, erabiliko dira prestakuntzan, irakaslanak prestatzen eta batzorde, epaimahai edo antzekoetan parte hartzeko, azken horietan aritzeko izendatuz gero.

Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea baimentzen ahalko zaie irakasleei, salbu eta lanaldi zatituetan programatutako jarduerak. Irakasleek, azken azterketak egiteko finkatutako garaian, beren ordutegia egokitu beharko dute haiek egiteko programatu den egutegiaren arabera.

2. Orduen banaketa.

Irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean asteko eskola-orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak jasoko dira, 25 osotara, nahitaez ikastetxean egon beharrekoak. Horietatik, 5 ordu gutxienez ostiraletan izanen dira. Asteko beste 5 orduak, urtean zenbatu beharreko ordu osagarritzat hartuko dira.

2.1. Eskola-ordutegia.

Irakasleen eskola-ordutegia araudian ezarritakoa izanen da. Horretan sartuko dira, batetik, zuzeneko eskola-orduak eta, bestetik, eskola-ordu gisa zenbatzen direnak.

Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunaren emaitza gisa, zeina argitaratu baitzen irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduaren bidez, zuzeneko irakaskuntza-orduak murriztu dira, eta murriztutako ordu horiek honela erabiliko dira: ordu bat ikastetxeko koordinazio lanetarako eta plangintza instituzionaleko agiriak prestatzeko, eta beste ordua ikastetxeak parte hartzen duen proiektuak, programak eta planak egiteko, bai eta aipatu foru aginduan adierazten diren zereginetarako.

Nolanahi ere, irakasleen eskola-orduen kopuruak bermatu beharko du kurtso arautuetako eta espezializazio kurtsoetako talde bakoitzak zuzeneko 130 eskola-ordu izatea.

Honako hauek hartuko dira eskola-ordutzat:

a) Zuzendaritza taldea.

Matrikula presentzialen kopurua ikusirik, zuzendaritza taldeek ondokoak izanen dituzte:

–Iruñeko HEO: astean 63 eskola-ordu, honela banatuak: zuzendariak 13,5 ordu, ikasketaburuak 13,5 ordu, idazkariak 13,5 ordu, zuzendariordeak 13,5 ordu eta ikasketaburu albokoak 9 ordu.

–Tuterako HEO: astean 36 eskola-ordu, honela banatuak: zuzendariak 9 ordu, ikasketaburuak 9 ordu, idazkariak 9 ordu eta zuzendariordeak 9 ordu.

b) Departamentuko buru eta koordinatzaileak.

Kargu horietan aritzen diren pertsonek talde bati dagozkion 4,5 eskola-ordu erabiltzen ahalko dituzte astean eginkizun horietarako.

c) Ziurtapen probak prestatzea: 4,5 ordu prestatu den maila bakoitzeko. Italierarako 4,5 ordu esleituko dira guztira.

d) Teknologia berrien koordinazioa: 4,5 ordu.

e) Kalitate Programaren arduraduna: 4,5 ordu.

2.2. Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera, honako hauek sartuko dira:

a) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

b) Astean ordu bat ikasleei arreta emateko.

c) Bi ordu, gehienez, ziurtapen, ebaluazio eta entsegu probak prestatzeko eta pilotajea egiteko.

d) Ordu bat Eskola Kontseiluko kideentzat.

e) Ikastetxean egoteko orduak.

f) Ordu bat koordinazio didaktikorako.

2.3. Urtean zenbatu beharreko orduak.

Astean egin beharreko 30 orduak betetzeko kontuan hartzen diren asteko 5 ordu urtean zenbatzeko ordu osagarriak dira. Ordu horiek, irakasle guztiek egin beharrekoak, honelako lanetarako erabiliko dira:

–Klaustroak.

–Ikasle libreen azterketak aplikatzea eta zuzentzea.

–Ikastetxean ezarritako beste edozein proba prestatzea, aplikatzea eta zuzentzea.

–Proben emaitzak aztertzea.

–Departamentuei dagozkien unean uneko lanak, programazio didaktikoetan sartuta daudenak.

–Plangintza instituzionalerako tresnak prestatu edo berrikustearekin lotutako zereginak, bai eta irakasten den hizkuntzarekin lotutako prestakuntza jarduerak ere.

3. Ordutegiak prestatzea eta onestea.

Ordutegiak prestatzeko, ikasketaburuak departamentuetako buruei jakinaraziko die zenbat talde, txanda eta ordutegi dauden maila bakoitzean, eta zenbat irakasle dituen departamentu bakoitzak. Departamentuburuak ordu-tarte orekatutan banatuko ditu taldeak, ikasketaburuaren jarraibideen arabera.

Irakasleen eskola-ordutegia asteko egun guztietan banatuko dira, salbu eskolarik gabeko ostiraletan.

Ikasturtea bukatutakoan, departamentuek bilera berezi bat eginen dute hurrengo ikasturteko ordu-tarteak kideen artean banatzeko, jarraibide hauetan jasotako irizpideak errespetatuz betiere.

3.1. Txanden eta taldeen banaketa.

Eskola goiz eta arratsaldez ematen duten ikastetxeetan, departamentu bakoitzeko irakasleek erabakiko dute bakoitza zein txandatan arituko den, goizez edo arratsaldez.

Ezinezkoa bada ordutegia betetzea aukeratzen den txandan, beste txandan bete beharko da.

Txandak hautatu ondoren, erabakiko da ordu-tarteak nola banatu.

Ordu-tarteak banatzerakoan departamentuko kideak ados jartzen ez badira, honela aukeratuko dira taldeak:

Departamentuko kide bakoitzak talde bat hautatuko du, ekitaldian agertzen diren departamentuko irakasle guztiekin txanda oso bat egin arte.

Lehen txanda hori amaitutakoan, beste batzuk eginen dira, eskola-ordutegi indibidual guztiak osatu arte edo talde guztiak esleitu arte.

Aurrekoa gorabehera, taldeak hautatzeko prozesuan ordutegien arteko bateraezintasunak gertatzen badira, eta departamentuko kide guztien artean adostasunik ez badago, horren berri emanen zaio ikasketaburuari, konpon dezan.

Ordu-tarteak banatzeko bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; akta horren kopia bat ikasketaburuari emanen zaio berehala.

3.2. Hautatzeko ordena.

Ordena honi jarraikiz eginen da hautaketa:

a) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

b) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa ez dutenak.

c) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

d) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, destinoaren zain daudenak.

e) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, praktikaldian daudenak.

f) Zerbitzu-eginkizunetan dauden Bigarren Hezkuntzako kidegoko irakasleak.

g) Funtzionarioak eta lan kontratu mugagabea dutenak, prestakuntzarako zerbitzu bereziak egiten ari direnak.

h) Aldi baterako kontratudunak, lan edo administrazio araubidekoak.

Arestiko a), b), c), d) eta f) ataletan, taldeak hautatzeko lehentasuna kidegoan duten antzinatasunak ezarriko du (borondatezko eszedentzietako denbora kontuan hartu gabe), eta antzinatasuna berdina baldin bada, atal bakoitzaren lehentasun hurrenkera ezartzeko, honako irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:

–Ikastetxean antzinatasun handiena izatea.

–Kidegoan antzinatasun handiena izatea.

–Kidegoan sartzeko hautapen prozesuetan puntu gehien lortu izana.

Aurreko e) atalari dagokionez, prozesua gainditu zuten oposiziogileen zerrendak onesteko ebazpenetan agertzen den hurrenkerak ezarriko du taldeak hautatzeko lehentasun hurrenkera.

Aurreko g) eta h) ataletan, ordea, lehentasun hurrenkera ezartzeko, Giza Baliabideen Zerbitzuan ageri diren zerrendetan egokitu zaien tokiari segituko zaio.

3.3. Zaintzak.

Ikasketaburuak ezarri eta gainbegiratuko ditu ikastetxeko zaintzak, kontuan hartuta eskola-ordu guztietan egon behar dela zaintzako irakasleren bat ikastetxean.

Kontuan harturik hizkuntza eskola ofizialetako ikasleen ezaugarriak, zaintza lana ohiz kanpoko kasu eta egoera bereziak bideratzeko izanen da.

Zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak hauek dira:

a) Beren zaintza aldian sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.

b) Irakasleen puntualtasunaren eta asistentziaren berri ematea.

Arreta berezia edo zaintza modu desberdin batez egitea eskatzen duten egoeretan, ikastetxeko zuzendariak zilegi izanen du irakasle batzuk eskatzea zaintza-ordu horiek betetzeko.

3.4. Irakasleen ordutegi pertsonala.

Irakasleek beren asteko ordutegian jaso beharko dituzte ikastetxean nahitaez bete beharreko 25 orduak, eranskin honen 2. puntuan adierazitako jarraibideekin bat.

Halaber, ikastetxe bereko irakasle guztiek ordu beretan beteko dituzte ikastetxean egon beharreko ordu batzuk, gutxienez 5 ordu, eta hori zuzeneko irakaskuntzarik ez dagoen ostiral goizetan izanen da.

Zuzendaritza taldeko kide diren irakasleen orduak txanda bakoitzean gutxienez kide baten presentzia ziurtatzeko moduan banatu beharko dira.

Irakasleek, azken azterketak egiteko finkatutako garaian, beren ordutegia egokitu beharko dute haiek egiteko programatu den egutegiaren arabera.

3.5. Ordutegia onetsi eta jakinaraztea.

Ikastetxeko zuzendaritzak onetsiko du ordutegia, indarreko araudiaren arabera. Onetsi arte, irakasleak beharturik daude ikasketaburuak prestatu eta zuzendariak behin-behinean onetsitako ordutegia betetzera. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko du haren gaineko edozein erreklamazio.

Ongi ikusteko moduko toki batean paratuko da irakasle guztien ordutegiari eta lantokiari buruzko informazioa: eskola-orduak, zaintza-orduak, departamentuko bilerak eta abar.

3.6. Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orriak.

Zuzendaritza taldeak irakasleak ikastetxean egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, lan edo administrazio araubideko kontratudunak zein egunetan hasten diren lanean.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko zaio: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal

Aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden langileek bajaren frogagiria aurkeztu behar dute gehienez ere 3 eguneko epean, lanera huts egindako lehen egunetik zenbatzen hasita. Baja berresteko parteak sendagileak erabakitzen duen maiztasunarekin aurkeztuko dira, Gizarte Segurantzaren barruan daudenen kasuan, eta Mufacekoen kasuan, berriz, hamabostean behin edo hilean behin, fakultatiboak hala erabakiz gero. Alta-agirien kasuan, agiria egin eta gehienez 24 orduko epean jakinaraziko da.

Bajaren edo altaren berri emateko jatorrizko agiriak Hezkuntza Departamentura igortzeko, bide hauek erabiltzen ahal dira: posta arrunta, aurrez aurre Nafarroako Gobernuaren Erregistro Ofizialaren edozein bulegotan, edo Erregistro Orokor Elektronikoa.

Ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako dauden epeak ongi betetzearren, proposatzen da, ahal den guztietan, komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea.

Parteak bidaltzeko gorabeheren berri emateko, aukera osagarri gisa, mezu elektroniko bat bidaltzeko aukera egonen da, helbide honetara: bajaseducacion@navarra.es.

Era berean, nahitaezkoa da lantokira kopia bat bidaltzea ahalik eta lasterren, lantokiak jakin dezan zehatz-mehatz zein egunetan huts egin behar duen, bajaren bilakaera eta/edo bukaeraren berri izan dezan eta, orobat, ordezkapen bat eskatu ahal izan dezan. Ikastetxearekiko komunikazio bidea ikastetxe bakoitzak erabakiko du, zuzendaritza talde bakoitzak finkatzen duen funtzionamenduaren arabera.

Alta-agiriari dagokionez, horren berri emateko epea betetzen ez bada eta hutsegiteen ziurtagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun bajengatiko egoerak kontrolatu eta komunikatzeaz gainera, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarentzako lizentzia tramitatzeko komunikazioa hiru eguneko epean egitea gehienez, ezarritako prozedurari jarraikiz.

Irakasleen hutsegiteen ziurtagiriak (baja agiriaren kasuan, haren kopia edo fotokopia) ikastetxeko zuzendaritzan geldituko dira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura.

Eskola emate normala aldatzen duten gorabehera guztiak berehala jakinaraziko zaizkio telefonoz Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, eta, gero, asistentzia orrietan jasoko dira.

III.–Irakaslana koordinatzeko organoak

1. Departamentuak.

1.1. Departamentuak lantaldeak dira, eta haien ardura eta zuzendaritza departamentuko buruari dagozkio, eta, hori ez badago, ikasketaburuari.

1.2. Hizkuntza eskola bakoitzean, departamentu bat eratuko da irakasten den hizkuntza arautu bakoitzeko.

Ikastetxeko irakasle guztiak, zein hizkuntzatan ematen duten ordu gehien, hizkuntza horri dagokion departamentuari atxikirik egonen dira, eta departamentu horretan antolatzen diren bileretara joan beharko dute.

1.3. Departamentuen eginkizunak hauexek izanen dira:

a) Kasuan kasuko hizkuntzaren programazio didaktikoa prestatzea, jarraibide hauetan zehaztutakoaren arabera.

b) “Urteko Programazio Orokorra” izeneko I. ataleko 2.3. puntuan aipatzen den jarduera plana prestatzea, eta departamentuaren jardueren egutegia prestatzea.

c) Ebaluazioko proba idatziak prestatzea.

d) Ikasturte bukaerako memoria prestatzea, emaitzen balorazioa barne, talde eta kurtsoen araberako kalifikazioen estatistikak eta ikasketa errendimenduaren azterketa erabiliz horretarako; era berean, ikasleen ebaluazioan erabilitako irizpideen, prozeduren eta jardueren balorazioa, ikasle libreentzako probak barne.

Era berean, programazioan jasotako alderdi guztien garapenaren balorazioaren ondorioz proposatzen diren hobekuntzak jasoko dira.

Departamentuko buruak ikasturte bukaerako memoriaren ale bat emanen dio ikastetxeko zuzendariari, zuzendaritzak ezartzen duen epean eta, betiere, ekainaren 30a baino lehen.

e) Beste eginkizun batzuk.

Departamentuen zeregina da, halaber, hezkuntza arloko ikerketa eta kideen trebakuntza zientifiko eta didaktikoa bultzatzea.

1.4. Ikastetxeko ordutegiaren barruan, astean ordu bat utziko da gutxienez, batez beste, departamentuko kide guztiak bil daitezen. Bilera horren helburua izanen da programazioa nola garatzen den aztertzea, materiala prestatzea, emaitzak aztertzea eta ebaluaziorako irizpideak zehaztea, bai eta ezartzen diren bestelako jarduera guztiak ere.

Ekainean, departamentuko bilerak erabiliko dira, bereziki, jarduketa-plana aztertzeko eta programazioak egokitzeko, gero amaierako memorian sartzeko.

Egindako bilera guztietan akta eginen da. Dokumentazio hori departamentuburuak eginen du, eta departamentuan artxibatuko da.

1.5. Bileretako aktez gain, departamentuek material inbentariagarri guztiaren zerrenda eguneratua izan beharko dute, bai eta ikasturtean zehar ikasleak ebaluatzeko baliatu diren probak eta agiriak ere.

2. Departamentuko burutza.

2.1. Irailean, ikastetxeko zuzendaritzak departamentu bakoitzeko burua izendatuko du, ikasturte horretarako. Kargu horri ezin zaio uko egin, eta ikastetxean behin betiko destinoa duen Hizkuntza Eskola Ofizialen Katedradunen Kidegoko irakasle batek beteko du.

Katedradunik ez badago, departamentuko burua izendatu aurretik zuzendaritzak behar den informazioa bilduko du, karguan aritzeko hautagairik ba ote dagoen jakiteko.

Hautagai horiek aditzera emanen dute departamentuko bilera batean zer proiektu duten jarduketa ildoei dagokienez, eta ikastetxeko zuzendaritzak, departamentuaren iritzia entzun ondoren, izendapena eginen du.

Hautagairik ez badago, departamentuaren iritzia entzun eta gero, behin betiko destinoa duen kide bat izendatuko du, horrelakorik baldin badago.

Departamentuko buruak talde bati dagozkion eskola-orduak izanen ditu, eta zuzendaritzako beste ezein kargurekin bateraezina izanen da.

2.2. Departamentuko buruak eginkizun hauek ditu:

–Departamentuko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

–Bilerak antolatu, prestatu eta zuzentzea, baita aktak idatzi eta sinatzea ere. Horiek akten liburuan/artxiboan bilduko dira nahitaez.

–Programazioaren eta ikasturte bukaerako memoriaren prestaketa lana koordinatzea, eta programazioa betetzen den begiratzea edukiei eta eskatzen diren gutxieneko mailei dagokienez.

–Departamentuak prestaturiko proben kalifikazioak gainbegiratzea.

–Azterketak kudeatzeko zereginen banaketa koordinatzea.

–Ikasleen ebaluazioari buruzko erreklamazioak egiteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.

–Material inbentariagarriaren zerrenda eguneratzea.

–Ikasleen balorazioa egiteko erabiltzen diren proba eta dokumentuak gordetzea.

–Departamentuan atzematen den edozein akatsen berri zuzendaritzari eta ikasketaburuari ematea.

–Hobekuntza pedagogikoa bultzatzea, bilerak prestakuntzarako lagungarriak izan daitezen.

–Estandarizaziorako garrantzitsuak diren laginak biltzea, eta saioak antolatu eta gidatzea, beste eskoletako departamentuekin elkarlanean.

3. Departamentuko koordinazioa.

Irakaskuntza arautuko kurtsoetan 27 talde baino gehiago dituzten departamentuetako buruek departamentuko kide bat proposatu dezakete koordinatzaile lanak egin ditzan, betiere erabaki horrek plantilla handitzea ez badakar.

Irakaskuntza arautuko kurtsoetan 60 talde baino gehiago dituzten departamentuetan, beste koordinatzaile bat izendatzen ahalko da.

Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko Ingeles Departamentuak koordinazio osagarria izanen du, Lizarrako Unitateaz arduratzeko.

Departamentuetako koordinatzaileek departamentuburuak esleitzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, departamentuko kideen proposamenak kontuan hartuta.

Departamentuko koordinazioak talde bati dagozkion eskola-orduak izanen ditu, eta zuzendaritzako beste ezein kargurekin bateraezina izanen da.

4. Teknologia berrien koordinazioa.

4.1. Eskolek teknologia berrietarako koordinatzaile bat izendatu dezakete klaustroko kideen artean, ikasturte baterako, betiere horretarako gai den langileren bat baldin badago.

4.2. Koordinazio lan horretan aritzen denak ohiko talde baterako adina denbora izanen du zeregin horretarako.

4.3. Koordinatzailearen eginkizunak hauek izanen dira:

–Ikastetxeko zuzendaritzak eskuordeturik, teknologia berrien arlorako mintzakidea izatea Hezkuntza Departamentuarekin.

–Zuzendaritza taldeari eta departamentuei aholku ematea baliabide eta material informatikoen erabileran eta erosketan.

–Ikastetxeko zuzendaritzari proposatzea baliabide informatikoei erabilera didaktiko berriak emateko irizpideak.

–Baliabide informatikoak egoera onean daudela zaintzea eta instalazio eta ekipo informatikoak gainbegiratzea eta programak erabiltzeko moduan daudela ziurtatzea.

–Teknologia berrien arloan dagoen informazioa zabaltzea eta horren gaineko dokumentazioa erabiltzeko bidea erraztea.

–Ikastetxeko zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea baliabide informatikoen inbentarioak eguneratzen eta arlo horretarako dauden aurrekontuak kudeatzen.

5. Unitateko koordinatzailea.

Unitateko koordinatzailearen helburua da unitate horretan irakasleren bat duten departamentuen jarduera akademikoa ahalik eta hobekien garatzen dela bermatzea. Bere lana aurrera eramateko erreferentzia nagusia ikastetxearen hezkuntza proiektuan eta Urteko Programazio Orokorrean ezarritakoa izanen da; izan ere, agiri horietan argi eta garbi zehazten dira hizkuntza eskola ofizialaren arau eta helburuak. Ikasketaburuarekin koordinaturik jardun beharko du, hura baita agiri horietan ezarritakoa betetzearen arduradunetako bat.

5.1. Lizarrako unitateko koordinatzailearen eginkizunak

–Eskolarik gabeko ostiraletan eta deitzen zaion guztietan, zuzendaritza taldeko kideekin biltzera joatea.

–Programazioak betetzen direla begiratzea.

–Zuzendariari irakasleen hutsegiteen eta horren zergatien berri ematea.

–Atzerapenak eta ordutegiaren inguruko gorabeherak apuntatzea eta zuzendariari horren berri ematea, ikasturte hasierako jarraibideak betez.

–Zuzendaritza taldeak igortzen dion informazioa ikasleei eta irakasleei garaiz jakinaraztea.

–Tierra Estella BHIko zuzendaritzarekin koordinatzea ikasgelen mantentze-lanen eta ekipamenduaren kudeaketa, baita eskola-egutegia eta azterketen egutegia ere.

6. Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.

Jarduera hori kasuan kasuko hezkuntza maila duten ikastetxeetan egin behar da, eta, antolatzeko eta gauzatzeko orduan, beharrezkoa da irakasleen parte-hartzea. Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:

–Tutoretza: ikasturteko tutoretza lana ziurtagiri bidez jasoko da. Lekualdatze-lehiaketetan merezimendutzat joko da.

–Prestakuntza: praktiken tutoretza lana norberaren prestakuntza ordu gisa kontabilizatuko da. Orduak kalkulatzeko, tutoretzapeko praktiken ikasketa-planean aipatzen diren ECTS kredituen kopurua hartuko da aintzat. Ikasle baten tutoretza lanetan irakasle batek baino gehiagok parte hartzen badu, berdintasunean banatuko dira dagozkien prestakuntza orduak.

Hezkuntza Departamentuak tutoretza lan hori aitortuko die titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasle funtzionarioei eta lan-kontratu mugagabea duten ikastetxe pribatu itunduetako irakasleei, gutxienez bi urteko antzinatasuna badute.

Praktikak egiteko ikasleak hartzen dituen ikastetxeari “prestakuntza ikastetxe” izaera aitortuko zaio, eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxeentzat ezartzen dituen deialdietan baloratuko da inguruabar hori, kasuan kasuko deialdian ezartzen den moduan, halakorik jasotzen bada betiere.

–Ziurtagiria: praktiken tutoretzagatiko eta prestakuntzagatiko ziurtagiriak lortu ahal izateko, beharrezkoa da prestakuntza zentro gisa aitortutako ikastetxeko zuzendariak tutoretza lanetan aritu diren irakasleen datuak jakinaraztea Hezkuntza Departamentuari, Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia betez:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/practicas, ekainaren 1a baino lehen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu amaierako lanak/master amaierako lanak: praktiketan parte hartzen duten ikastetxeetako irakasle tutoreak eta zuzendaritza taldea Giza eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak gradu amaierako lanak/master amaierako lanak defendatzeko antolatzen dituen aurrez aurreko saio batzuetara joaten ahalko dira.

Adingabea Babesteko Legearen arabera, curriculumeko praktikak egiten dituzten ikasleek sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute. Baldintza hori betetzea Hezkuntza Departamentuak unibertsitate bakoitzarekin sinatzen duen hitzarmenean jasota dago, eta ikastetxeak agiri hori eskatzen ahalko dio ikasleari praktikak hasi baino lehen.

7. Ikastetxeetako ikerketa.

Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako unibertsitate zentroen artean horretarako egindako hitzarmenean ezarri bezala gauzatuko da funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetako ikerketa jarduera. Hitzarmen horrek barnean du ikastetxe laguntzaileek unibertsitateetan sortzen den jakintza zientifikoaren transmisio saioak jasotzeko duten eskubidea, besteak beste. Horren gaineko informazioa hemen eskuratu daiteke:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/actividad-investigadora

IV.–Ikasleak

1. Onarpenerako prozedura.

1.1. Hizkuntza eskola ofizialek ezarriko dituzte onartzeko eta ebazteko prozedurak zuzenduko dituzten arauak.

1.2. Hizkuntza eskola ofizialek ikasturteko eskaintza akademikoaren publizitatea eginen dute, eta onartzeko prozedura nolakoa den azalduko dute.

1.3. Eskabide bat, pertsonala eta besterenezina, beteko da, hizkuntza eta eskola bakoitzeko.

1.4. A1 ez den beste maila batera sartzeko, prozedura hauetako bat erabiliko da:

1.4.1. Hizkuntza baten jakintza maila ziurtatzea, otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduaren eranskinean jasotako titulazioen bidez (foru agindu hori apirilaren 10eko 30/2018 Foru Aginduak aldatu zuen).

1.4.2. Igoera txanda: Hizkuntzaren jarduera guztiak gainditzea %50eko puntuazioarekin gutxienez, 430/2020 Ebazpenaren XIII. eranskinaren arabera.

1.4.3. Sailkatze/mailakatze proba egitea.

Mailakatzeko proba horien emaitzak ez du ondorio akademikorik eta ikasturte horrexetarako bakarrik balioko du. Ikasle hauek ez badute gainditzen sailkatu ziren maila, behin baino ezin izanen dute errepikatu.

1.5. Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialetako ikasleentzako tokiak gordetzea.

Toki kopuru bat erreserbatuko da, ekaineko deialdian “gai” kalifikazioarekin ikasketak bukatzen dituzten ikasleentzat, dela bigarren hezkuntzako ikastetxeen eta NUHEOren arteko lankidetza programaren bidez, dela That’s English! programan. Horretarako, banaketa hau eginen da 2021-2022 ikasturtean tokiak erreserbatzeko:

–Ingelesa:

1. maila aurreratua Iruñeko HEOan: 30 ikaspostu.

1. maila aurreratua Tuterako HEOan: 10 ikaspostu.

C1 maila, Iruñeko HEO: 10 ikaspostu.

C1 maila, Tuterako HEO: 10 ikaspostu.

–Euskara:

1. maila aurreratua Iruñeko HEOan: 16 ikaspostu.

1. maila aurreratua Tuterako HEOan: 10 ikaspostu.

C1 maila, Iruñeko HEO: 25 ikaspostu.

C1 maila, Tuterako HEO: 10 ikaspostu.

1.6. Tokia erreserbatzea Nafarroako Gobernuaren menpe jardunean ari diren irakasle eta hezitzaileentzat.

1.6.1. Toki kopuru bat erreserbatuko da, ikastaro arruntetan, maila hauetako jarduneko hezitzaile eta irakasleentzat: haur, lehen eta bigarren hezkuntza, lanbide heziketa eta unibertsitateko irakasleak.

1.6.2. 2021-2022 ikasturtean, baliabide gehiagorik gabe, irakasle berrientzat erreserbatu den toki kopurua hau da:

INGELESA

B2.1

B2.2

C1

IHEO-THEO

25

25

50

Tuterako HEO

12

13

25

FRANTSESA

B2.1

B2.2

C1

IHEO-THEO

12

13

25

Tuterako HEO

12

13

25

1.6.3. Hezkuntza Departamentuak egiaztatuko du irakaslea jardunean dagoela ikastetxe publikoen kasuan. Ikastetxe itunduetako irakasleek eta unibertsitatekoek beren ikastetxeko zuzendariaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute matrikula egitean.

1.6.4. Administratiboki, ikasle hauek ikastetxeko ikasle ofizialtzat hartuko dira.

1.6.5. Hizkuntza maila ziurtatzeko, hizkuntza eskola ofizialen ziurtapen proba gainditu behar da. Ikastaro hauetako parte-hartzea urtean nahitaez bete beharreko prestakuntza orduen barruan zenbatu daiteke. Hala ere, ikastaro hauetan parte hartzeagatik ez da prestakuntza orduen ziurtapenik jasoko.

2. Matrikulazioa.

2.1. Hizkuntza eskola ofizialek ikaspostuak eta epeak gordeko dituzte ikasle ofizialak izan diren eta ofizialak izaten segitu nahi duten ikasleentzat, hau da, mailaz igo edo ikasmaila errepikatzen dutenentzat.

2.2. Halaber, epe bat ezarriko dute ikasle berrien matrikularako, eta epe berezi bat Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasketak amaitu dituzten ikasleentzat eta irakasleentzat, zeinak eranskin honen 1.5 eta 1.6 puntuetan aipatzen baitira, hurrenez hurren.

2.3. Lehenago zehaztutako matrikula prozesuak bukatuta, martxoaren 31ra arte egonen dira zabalik gelditzen diren ikaspostu hutsak jende guztiarentzat.

2.4. Ikasle bat matrikulaturik badago edo egon bada beste hizkuntza eskola ofizial batean, espedientea lekualdatzea eskatu beharko du jatorrizko eskolan, destinokoan matrikula egin ahal izateko, behin tokia baieztatuta.

2.5. Hizkuntza berean ezin dira aldi berean eduki irakaskuntza arautuko bi matrikula. Aurrekoa gorabehera, ziurtapen ikastaroetako ikasleak, ziurtagiririk gabe igotzen badira mailaz, era librean matrikulatzen ahal dira aurreko ikasmailako ziurtapen proba egiteko, ikasle ofizialaren izaera galdu gabe.

3. Matrikulari uko egitea.

3.1. Edozein ikaslek eska diezaioke, martxoaren 31ra arte, bere espediente akademikoaren hizkuntza eskola ofizialeko zuzendaritzari kasuan kasuko matrikulari uko egitea.

3.2. Matrikulari uko egitea tramitatuta, ukoa ikaslearen espediente akademikoan jasota geratuko da diligentzia baten bidez, eta ulertuko da ikasturte hori ez dela zenbatuko kurtsoa errepikatzearen ondorioetarako.

3.3. Irakaskuntza horiek dituzten kurtsoetako bakoitzean behin baizik ez zaio uko egiten ahalko matrikulari.

3.4. Orobat, dokumentu bidez justifikatzen ahal bada, hutsegite justifikatuei dagokienez asistentziari buruzko araudiak ezartzen dituen irizpideak betez, ukoak bide ematen du ikaspostu bat erreserbatzeko hurrengo ikasturtean; hala, zer matrikulari egin zaion uko, horren mailan eta hizkuntzan matrikulatzen ahalko da ikaslea, ekainean gainditu duten ikasleentzat irekitzen den epe berean.

3.5. Matrikula deuseztatzeak ez du berarekin ekarriko ordaindutako tasak itzultzea eskolak hasi ondoren eskatzen bada.

4. Matrikularen lekualdaketa.

Ikasturtea amaitu gabe beste eskola batera aldatzen den ikasleak jatorrizko eskolak emandako egiaztagiri akademiko bat ekarri beharko du, eta honek bidaliko dio destinoko eskolari, destinoko eskolak eskatuta, ikaslearen espediente akademikoa. Matrikula behin betikotzat joko da destinoko eskolak espediente akademikoa eta lekualdatzearen komunikazioa jasotzen dituen unetik aurrera.

5. Ikasle ofizialen asistentzia.

5.1. Ikasle ofizialen eskubide eta betebeharra da eskolara joatea, eta ezin da inola ere ezarri borondatezko asistentzia duen sistemarik.

Ikasleei gutxienez %70eko asistentzia eskatuko zaie hizkuntza horretan ikaspostua erreserbaturik edukitzeko eskubidea izateko. Bestela, eskubide hori galduko da.

5.2. Horretarako, irakasle bakoitzak ikasleak egunero eskolara joaten diren kontrolatu eta egoera orri bat beteko du. Orri horretan, ikasle bakoitzaren absentziak adieraziko ditu.

5.3. Ikasleek hutsegiteak kontsultatzen ahalko ditu hilero Erabiltzaileen gunean. Ikastetxeko zuzendaritzak, azaroan eta ikasturtearen bukaeran, argitara emanen du onartutako hutsegiteen kopurua gainditu duten ikasleen zerrenda bat.

5.4. Hala ere, zerrenda argitaratu eta bost egun balioduneko epean, ikasleek osasun edo lan arrazoiak alegatzen ahalko dituzte, behar bezala justifikatuak, Eskola Kontseiluak balora ditzan. Horretaz gain, behar bezala egiaztatutako kasuetan, honako hauek ere onartuko dira: graduondoko espezializazio praktikaldiak (enpresetan edo erakundeetan aritzeko bekak edo kontratuak eta unibertsitateko eta Lanbide Heziketako heziketa zikloetako lan praktikaldiak), laneko oporrak, ezkontzagatiko lan baimena, amatasun baja, Erasmus programak eta ikasketetako prestakuntza bekak.

5.5. Eskolak hasten direnetik azaroaren 15era bitarte, justifikatu gabeko absentziak 14 ordu edo gehiago badira (6 ordu ikastaro erdipresentzialetarako), ikasle ofizialaren izaera galduko da, baina ez azterketa egiteko eskubidea. Zuzendaritza taldeak ikasturte hasierako absentziak kudeatuko ditu, eta kasuan kasuko ziurtagiriak eskatuko ditu, ikaspostu hutsak badira matrikula berriei esleitzeko.

6. Ikasle libreen inskripzioa.

Maila bakoitzaren ziurtagiriak lortzeko, ikasle libreek inskripzioa egin beharko dute, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen modu, baldintza eta egunetan.

7. Ebaluazioa.

7.1. Ebaluazioari esker ikasleak zenbat aurreratzen duen neur daiteke eta, orobat, proposaturiko helburuak lortzeko eta zuzentzeko neurriak hartu. Hori horrela, eta horren garrantzia kontuan hartuta, departamentu didaktikoetako irakasleek hasierako ebaluazio bat eginen dute ikasturtea hastean, beharrezkoa den informazioa jasotzeko ikasleen ezaugarriak eta ezagutzak irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuari egokitzeko. Gainera, ebaluazio etengabea eta diagnostikoa eginen da ikasleen ikasketari buruzko informazioa biltzeko behaketa sistematikoaren, lanen baliospenen eta proba espezifikoen bidez.

Irakasleek proposatzen ahalko diete ezagutza eta gaitasun desberdinak dituzten ikasleei, hasierako ebaluazioaren bidez, beste maila batera pasatzeko, ikaspostu hutsik baldin badago. Hasierako ebaluazio honek ez du eraginik izanen espediente akademikoan.

7.2. Ondorio hauetarako, kontuan hartuko da programazio didaktikoek hizkuntza jarduera bakoitzaren ebaluaziorako edukiak, helburuak eta irizpideak dauzkatela, abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuak ezartzen duen curriculumeko ikasmaila bakoitzerako.

7.3. Ebaluazio agiri ofizialak espediente akademikoa eta kalifikazio aktak dira, abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarri bezala.

8. Kalifikazioa.

8.1. Goragoko ikasmaila batera igotzeko edozein ikasmailatatik, ebazpen honen 10. artikuluak zehazten dituen agiri ofizialetan jaso beharko da hizkuntzaren jardueren kalifikazio osoa, “Mailaz igotzen da” eta zenbakizko nota edo “Ez gai” adieraziz.

8.2. Horretaz gain, ziurtagiri hauek lortzeko: A1 oinarrizko maila, A2 oinarrizko maila, B1 tarteko maila, B2 tarteko maila, C1 maila aurreratua eta C2 maila aurreratua, proba egitean indarra zuten zehaztapenak betez, foru agindu honen 7.3 artikuluak zehazten dituen agiri ofizialetan jasoko da hizkuntza jardueren kalifikazio osoa, “Mailaz igotzen da” eta zenbakizko nota, “Ez gai” eta “Aurkeztu gabea” adieraziz.

9. Mailaz igotzea eta irautea.

9.1. Deialdien muga: Maila hauek gainditzeko: oinarrizkoa, B1 tarteko maila, B2 tarteko maila, C1 maila aurreratua eta C2 maila aurreratua, ikasleek zenbait ikasturte izanen dituzte gehienez, ikasmaila bakoitzerako agintzen direnen bikoitza, alegia.

MAILA

KURTSOA

DEIALDIEN MUGA

Oinarrizkoa

A1

4

A2

B1 tarteko maila

B1

2

B2 tarteko maila

B2.1

4

B2.2

C1 maila aurreratua

C1

2

C2 maila aurreratua

C2.1

4

C2.2

9.2. Ikasle bat zuzenean bigarren ikasmailara igotzen bada, eskubidea izanen du lehendabiziko ikasmaila urte batean gainditu dutenek bezainbeste aldiz egiteko irakaskuntzak.

9.3. Maila gainditu ezean epe horietan, hizkuntza horretako ikasle ofizialaren izaera galduko da, eta ikasle berri gisa inskribatzeko prozesuari ekin beharko zaio.

10. Maila ziurtatzeko probei buruzko ohar orokorrak.

10.1. Araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen maila bakoitzaren ziurtapen proba bateratuetako azterketen zehaztasunak Hezkuntza Departamentuak helburu horrekin argitaratzen dituenak izanen dira.

10.2. Hezkuntza Departamentuak argitaratuko ditu maila bakoitzaren azterketen izangaien zehaztapenak, baita proben ereduak ere, Hezkuntzaren atariaren bidez: https://www.educacion.navarra.es/eu/

10.3. Izangaientzako zehaztapenez gain, Hezkuntza Departamentuak beste batzuk ere ezarriko ditu proben prestaketa eta aplikazioa zehazteko xedearekin.

11. Araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen mailen ziurtapena.

11.1. Mailen ziurtapena egiteko, berariazko proba bat gainditu beharko da; hori gainditzeak bermatuko du abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuak eta indarreko zehaztapenek ezartzen duten curriculumean maila horretarako aurreikusirik dauden helburuak lortu direla.

11.2. Modalitate ofizialean, A2 oinarrizko mailaren ziurtagiria etengabeko ebaluazioaren bidez ere lortzen ahalko da. Gainera, A2 oinarrizko mailako ikasle ofizial batek etengabeko ebaluazioaren bidez gainditu ez badu ikasturtean berariazko azken probako hizkuntzaren jardueraren bat, deialdi berezian aurkezten ahalko da horretara.

11.3. B1 tarteko mailaren, B2 tarteko mailaren, C1 maila aurreratuaren eta C2 maila aurreratuaren kasuan, proba bakarra izanen da maila ziurtatzeko, eta gutxienez urteko deialdi batean aplikatuko da hizkuntza eskola ofizialetan. Horretarako, hizkuntza bakoitzeko proba aldi berean aplikatuko da deialdi bakarrean, salbu ahozko adierazpenaren proba, horretarako egutegi bat prestatuko baita.

11.4. Antolaketa dela eta, behin jakinda zer behar duen Hezkuntza Departamentuak, egun desberdinak zehazten ahalko dira testu idatzien produkzioko eta koprodukzioko eta bitartekotza idatziaren hizkuntzaren jarduerak egiteko, zeinak ebazpen bidez urtero ezartzen den ziurtapen proben egutegian sartuko baitira.

11.5. Hizkuntzaren jarduera guztietan kalifikazio orokor positiboa izateak eskubidea emanen du dagokion ziurtagiria eskuratzeko. B1 tarteko mailaren, B2 tarteko mailaren, C1 maila aurreratuaren eta C2 maila aurreratuaren kasuan, ikasle batek lortzen ez badu gaitasun orokorreko ziurtagiria, gainditutako jardueren ziurtagiria eska dezake, probak egin eta 30 eguneko epean.

11.6. Hezkuntza Departamentuak eratu eta koordinatuko ditu prestaketa eta pilotaje batzordeak, ziurtapen probak prestatzen dituztenak indarrean dauden zehaztapenekin bat.

11.7. Hezkuntza Departamentuak zehaztuko ditu behar diren prozedurak emaitzen ebaluazio bat egiteko, probak aplikatu eta kalifikatu eta gero, ondorengo proben antolamenduan eta prestakuntzan behar diren hobekuntzak eta zuzenketak egin ahal izateko.

12. Informazioa jasotzeko bidea eta erreklamazioak.

12.1. Ebaluazio prozesua ahalik eta gardenena izan dadin, ikasleak kurtsoaren helburuak, edukiak, ebaluatu eta kalifikatzeko irizpideak, ebaluazio prozedurak, eskatzen zaizkion gutxienekoak eta abar ezagutzeko eskubidea izanen du.

12.2. Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko, 49/2013 Foru Aginduaren VI. kapituluak araututako prozesuari jarraituko zaio.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin bat, ikasleek edo, adingabeak izanez gero, gurasoek edo legezko tutoreek, eskubidea izanen dute ebaluazio prozeduretako agiriak ikusteko eta horien kopia eskuratzeko. Ikastetxeek zerbitzu hori gauzatzeko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak, tasak...) arautu beharko dute plangintza instituzionalaren agirietan.

V.–Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA.
ECOEDUCA kontabilitate sistema

Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA.

1. Educa koordinatzea: zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.

Educa arloan ikastetxeetan koordinazio lana eginen duten pertsonen erregistroa izateko asmoz, zuzendariak “Educa koordinatzailea” lanpostu osagarria esleitu beharko du aplikazioan.

Zuzendaritza taldeak bideak ezarri beharko ditu ikasturtean zehar laneratzen diren eta kudeaketa eginkizunak dituzten pertsonei Educaren gaineko jakintza eta erabilera bermatzeko.

Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu ikasturtearen hasieran, koordinatzaileei, zuzendaritza taldeei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei Educa plataformaren berri emateko.

Hezkuntza Departamentuaren webgunean, Educari eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta ikasNOVA atarian ere (http://ikasnova.digital), hainbat jarraibide eta bideotutorial argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, Educa taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionaltasun berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo euskarria eskatzeari begira.

Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta-kontuak Educa-ren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > ikasNOVA posta eta kontuak > Kontuen kudeaketa). Kontu berriak ireki beharra dagoenean, zuzendariak eskatu beharko du Erabiltzaileen Laguntza Zentroaren bidez. Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira eskoletan baliatuko ikasleekin. Posta-kontuen alternatiba gisa, gomendatzen da Google-ko taldeak eta unitate partekatuak erabiltzea.

Zuzendariak berrikusiko ditu Educa-tik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea), eta aurki ditzakeen akatsen berri emanen dio Educa euskarriari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.

Ikastetxeei gogorarazten zaie komeni dela EDUCAk eskura dituen funtzionaltasun guztiak erabiltzea; aipatzekoak dira, besteak beste, honako hauek: ikasleen jarraipena, ebaluazio saioaren kudeaketa (informazio fluxua), informazio esanguratsua.

2. ECOEDUCA kontabilitate sistema:

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko guztiek ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute kudeaketako kontu korrontearen diru-sarrerei eta gastuei lotutako eragiketak kontabilizatzeko. Eragiketa horiek aurrekontua betearazteari lotuta daude, eta beharrezkoak dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentze-lanak eta kontserbazioa bermatzeko.

Diru-sarrerak banku-kontuan agertzen diren unean edo agiri bidez diru-sarreraren berri izaten den unean kontabilizatu behar dira. Erabili beharreko euskarria diru-sarreraren jakinarazpena edo bankuko kontu-laburpena da.

Gastuei lotutako eragiketek haien justifikazioa frogatzen duten bidezko dokumentu euskarria izanen dute beti, nagusiki ikastetxearen izenean egin behar diren fakturak.

VI.–Antolaketari dagozkion alderdiak

1. Laneko arriskuen prebentzioa.

Arriskuen ebaluazioren bat eginez gero, ikasturte bukaerako memorian, Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak proposatu dituen eta benetan hartu diren prebentziozko neurriak azalduko dira, eta bete ez diren eta aurreikusitako gauzatze-epea iraungita duten neurriak arrazoituko dira.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako irakaskuntzako eta irakaskuntzaz kanpoko langileren bati erasotzen diotenean, ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako protokoloa jakinarazi eta ofizioz aktibatuko dute.

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/protocolos-de-actuacion

Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo bat dagoela jakinarazi beharko dute klaustroetan. Halaber, horren berri emanen zaie irakaskuntzaz kanpoko langileei ikasturtean hasierako berariazko bilera batean.

Kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo hori Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan argitaratuko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeen barne-agirietan agertuko da: Internet, drive, etab.

Hezkuntza Departamentuko prebentzioko ordezkarien eginkizunei eta harremanetarako datuei buruzko informazioa Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan argitaratuko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.

2. Kalitatea kudeatzeko sistema.

Kalitatea kudeatzeko sistemak (KKS) ezarri eta mantentzeko programa, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzua buru duena, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetara dago zuzenduta.

IKKS 2020 Araua aplikatzeko proposamena eta ikastetxeetako KKSen ebaluazioa egiteko, Hezkuntza Departamentuko zerbitzuekin elkarlanean arituko da.

2.1. IKKS 2020 Araua.

Ikastetxeak kudeatzeko sistemek IKKS 2020 Araua beteko dute, abuztuaren 27ko 71/2020 Foru Aginduaren bidez onetsi zena.

2.2. Prestakuntza-saio laburren bidezko prestakuntza.

Prestakuntza emanen da prestakuntza-saio laburrak oinarri hartuta, zeinak lotuta baitaude IKKS 2020 Arauko apartatuei. Kalitatearen prestakuntza planaren edukia Kadineten web orrian jarriko da jendaurrean.

Jarraituko da baliabideak eta tresnak garatzen ikastetxeetako KKSak IKKS 2020 Araura egokitzeko.

“Recursos Norma SGCC 2020 / Baliabideak IKKS 2020 Araua” web-orrian argitaratuko dira baliabideak, eta programan parte hartzen duten ikastetxeetako pertsonek izanen dituzte eskura, “educacion.navarra.es” domeinuko posta-kontuaren bidez.

2.3. Ikastetxeen konpromisoak.

Zuzendariak ikastetxearen KKSa etengabe garatzeko eta hobetzeko konpromisoa hartuko du, eta ikastetxearen KKSaren autodiagnostikoa egitearen arduraduna izanen da.

Programan parte hartzen duten ikastetxeek Klaustroko kide bat izendatuko dute kalitate arloko arduradun. Kalitate arduraduna EDUCAn erregistratuko da.

Kalitate arduraduna Kalitatea Kudeatzeko Sistema ikastetxean ezartzeko koordinazioaz arduratuko da, eta sistema osoaren dokumentazioa eta erregistroak antolatuta eta eskuragarri mantenduko ditu.

Zuzendariak edo kalitate arduradunak, gutxienez, Kalitate Bulegoak antolatutako prestakuntza espezifikoan parte hartu beharko du, eta ikastetxeak dagokion Kalitatea Kudeatzeko Sistema ezartzeko eta mantentzeko mailarekin bat datorren lana egiten duenaren ardura izanen du.

Programan parte hartzen duten ikastetxeetako zuzendaritza taldeetako karguetan eta kalitate arduradunen karguetan lehen aldiz dauden pertsonek ikastetxean ezarritako KKSa ezagutzeko prestakuntza espezifikoa egin beharko dute.

2.4. KKSaren kanpo ebaluazioak.

KKSaren kanpo ebaluazioak kanpo auditoretzen bidez eginen dira; ikastetxeentzako prestakuntza izaera izanen dute.

“Kalitatezko Ikastetxea” edo “Ikastetxe Bikaina” aintzatespenak 2020-2021 ikasturtean eskuratu edo berritu nahi dituzten ikastetxeak IKKS 2013 Arauari jarraituz ebaluatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F2110327