174. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

34/2021 EBAZPENA, ekainaren 29koa, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emana, jendaurrean jartzen duena Nafarroako Logopeden Elkargo Ofiziala eratzeko espedientea.

Ikusirik Nafarroako Logopeden Elkargo Ofiziala sortzeko eskaera eta erantsitako txosten juridikoa, non azaltzen baita aurkezturiko dokumentazioa Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren 6. artikuluan eskatutakoa dela.

Foru dekretu horren 7. artikuluan xedatutakoari jarraituz, adierazten da elkargo horretako kide izateko eduki behar den titulazio ofiziala Logopediako gradudun titulu unibertsitarioa dela.

Espainiako Logopeden Elkargoen Kontseilu Orokorreko Idazkaritzaren ziurtagiriaren bidez, egiaztatu da ezen, Osasungintzako Lanbideen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 7.2 artikuluko f) letraren arabera, logopedek prebentzio, ebaluazio eta berreskuratze jarduerak egiten dituztela entzumenaren, fonazioaren eta hizkuntzaren nahasmendu prozesuetan, diziplina horrek berezkoak dituen teknika terapeutikoen bitartez.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak eta kontuan hartuta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuan xedatutakoa,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Logopeden Elkargo Ofiziala eratzeko espedientea jendaurrean jartzea hilabete batez, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Horretarako, espedientea Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Elkarteen, Fundazioen eta Lanbide Elkargoen Erregistroan (Karlos III.aren etorbidea 2, behea, Iruña) egonen da ikusgai, epe horren barrenean jendeak egoki iruditzen zaizkion alegazioak aurkeztu ahal izateko, idatziz.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzura igortzea.

Iruñean, 2021eko ekainaren 29an.–Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia, Joseba Asiain Albisu.

Iragarkiaren kodea: F2110553