170. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ELIZAGORRIKO, LODOSAKO, MENDABIAKO, SARTAGUDAKO ETA SESMAKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza, Larrialdi sozialeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Mankomunitateko Batzar Orokorrak, 2021eko martxoaren 11n egin ohiko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Larrialdi sozialean diren pertsona edo familiendako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza, Elizagorriko, Lodosako, Mendabiako, Sartagudako eta Sesmako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearena.

Hasierako onespenaren erabakia 2021eko 77. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 8an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Mendabian, 2021eko ekainaren 14an.–Mankomunitateko burua, Fabiola Martínez Sancho.

LARRIALDI SOZIALEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA, ELIZAGORRIKO, LODOSAKO, MENDABIAKO, SARTAGUDAKO ETA SESMAKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEARENA

1. Kontzeptua.

Larrialdi sozialeko laguntza bereziak prestazio batzuk dira, pertsonei edo familiei ematen zaizkienak larrialdi egoerei aurre egin diezaieten eta/edo diru-sarrerak lor ditzaten, funtsezko beharrei erantzun ahal izateko eta gizarte bazterketako egoerak saihesteko edo arintzeko.

Laguntza bereziak finalistak eta enbargaezinak dira, eta zertarako eman diren, horrexetarako soilik erabiliko dira.

2. Familiendako dirulaguntzen helburua.

Laguntza hauen bidez ekonomikoki laguntzeko tresnak sortu nahi dira, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko jarduera profesionalaren osagarri, Mankomunitateko udalerrietan bizi diren familiendako, betiere, ekonomiaren eta/edo gizarte eta osasunaren arloetan premia egiaztatuak izanik, gizarteratzeko oinarrizko beharrei aurre egiteko zailtasun handiak badituzte.

Laguntza hauen bidez krisi egoeretan esku hartzen ahal da, inguruabar horiek okerragora egin ez dezaten edo kroniko bilaka ez daitezen.

Dirulaguntza hauek eskatzen dituzten familiak horietaz baliatzen ahal dira urte natural batez, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean; 6. puntuan ezarritakoa izanen da gehienez.

3. Laguntzen helburua eta xedeak.

3.1. Helburua.

Udalek, erantzukizun sozialez jokatuz, berariazko tresna bat sortu nahi dute beharra dutenei eta beren kabuz baliatzeko gaitasun gutxi dutenei laguntzeko, gainerako gizarte laguntzei modu osagarrian aplikatuz.

3.2. Helburuak.

a) Hainbat inguruabarren ondorioz, ekonomiaren, lanaren, osasunaren, gizartearen, kulturaren eta abarren arloetan zailtasunak edo arazoak dituzten pertsonen edo familien oinarrizko premiak betetzen direla bermatzea, egoera horiek gizarte-bazterketa ekartzen baitute.

b) Gutxiengoetako edo kultur talde desberdinduetako pertsonak edo familiak gizarteratzen laguntzea.

c) Bazterketa egoeran eta/edo gatazkan dauden familietako adingabeen eskolaratzea eta gizarteratzea erraztea.

d) Bere kabuz moldatzeko zailtasunak dituzten pertsonak beren etxeetan gelditu ahal izatea bermatzea.

e) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak gizarteratzeko taxuturiko prozesuetan jarduteko baliabide profesionala eta sostengua izatea.

4. Eskatzaileak eta betebeharrak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten norbanakoek edo bizikidetzako familia-unitateek eskatzen ahalko dituzte larrialdiko laguntzak:

a) Eskatzailea 18 urtetik gorakoa izatea, edo adingabe emantzipatua, bere ardurapean adingabeak dituena.

b) Ezohiko egoera batean egotea, gizarte-bazterketako egoerak saihesteko edo arintzeko beharrezkoak diren gastu espezifikoei aurre egitea zailtzen duena.

c) Egiazki eta jarraian udalerrietako batean bizi dela frogatzea, bertan erroldatuta egonik gutxienez ere hiru hilabete lehenagotik.

d) Oinarrizko gizarte zerbitzuaren erabiltzaile izatea eta esku-hartze sozialeko prozesuren batean sarturik egotea.

e) Egoera horri aurre egiteko baliabide ekonomiko propio nahikorik ez izatea.

f) Eskaera egin aurreko azken sei hilabeteetan, familia-unitatearen diru-sarrerak txikiagoak izatea seihileko horretan familia-unitate horrendako errenta bermatua halako bi baino.

g) Salbuespen gisa, laguntza hauek jaso ahalko dituzte, ezarritako baldintzak bete ez arren, kalte konponezinak eragin ditzaketen arrazoi larriak edo premia handia frogatzen duten pertsonek edo familia-unitateek, gizarte zerbitzuetako teknikariek ezartzen dituzten kasuetan, betiere prebentzio, presa eta egokitasun irizpideetan edo antzekoetan oinarrituz.

5. Aplikazio-eremua.

Larrialdietarako laguntza hauek izaera puntuala izanen dute eta subsidiarioa, Nafarroako Gobernuak eskubide sozial eta osasun eskubideen arloan ematen dituen laguntzekiko; ez-aldizkakoak, borondatezkoak, pertsonalak eta besterenezinak dira, familia-unitateari zuzentzen zaizkion heinean. Halaber, helburu zehatz baterako dira, hau da, zertarako ematen diren, hartarako bakarrik erabiliko dira. Urte berean, kontzeptu beragatik laguntza bat baino gehiago tramitatzen bada, guztizko zenbatekoak ez ditu gaindituko oinarri hauetako 6. puntuan jasotako muga ekonomikoak.

6. Laguntza hauen kategoriak eta gehieneko zenbatekoak.

KATEGORIA

KONTZEPTUA

URTEKO GEHIENEKO ZENBATEKOAK

FAMILIA-UNITATEKO KIDE KOPURUAREN ARABERA

a) Bizitokia

–Alokairua, hipotekaren kuota, etxebizitza partekatuko gela edo bestelako bizitoki bat (pentsioa, hotela eta abar) ordaintzea. Gehienez ere lau hilabete, elkarren segidakoak izan ala ez, urtean.

2.000 euro

–Beste etxebizitza baterako alokairu kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizitegia izanen bada (barne hartzen ditu fidantza, hilabetekoa eta higiezinen arloko bitartekaritza gastuak).

2.000 euro

b) Oinarrizko hornidurak

–Ur hotzaren hornidura gastuak eta bestelako zerbitzuetakoak (zaborrak eta abar). Gehienez ere lau hilabete urtean.

–Argindarraren, gasaren, berokuntzaren, ur beroaren eta bestelako erregaien gastuak (egurra, ikatza, gasolioa eta abar). Gehienez ere lau hilabete, elkarren segidakoak izan ala ez, urtean.

800 euro

–Ohiko etxebizitzen oinarrizko horniduretan alta ematea.

2.000 euro

c) Nutrizioa eta higienea

–Familia-unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (oinarrizko elementuak norberaren higienerako eta etxekorako).

500 euro (kide bakarra)

700 euro (bi kide)

940 euro (hiru kide)

1.220 euro (lau kide edo gehiago)

d) Hezkuntza eta lan munduan sartzea

–Laguntzak, parte hartu ahal izateko hezkuntza jarduera ez arautuetan eta/edo laneratze eta gizarteratze jardueretan, norbera gaitzeko, gizarteratze eta laneratze prozesuaren barnean.

800 euro

e) Osasunarekin lotutako gastuak

–Farmaziako gastuak, osasun sistema publikoak ordaintzen ez dituenak.

–Funtzionamendu integraturako beharrezkoak diren elementuak eskuratzeko laguntzak, zentzumenei dagozkienak barne.

–Bestelako jarduketa soziosanitarioak, gizarte-bazterketa egoerak saihesten dituztenak eta integrazio prozesuak errazten.

500 euro (kide bakarra)

700 euro (bi kide)

940 euro (hiru kide)

1.220 euro (lau kide edo gehiago)

–Gaixotasunen ondoriozko gastuak: joan-etorrien edo egonaldien gastuak (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak igorrita).

1.000 euro

f) Oinarrizko beste premia batzuk

–Aurreko apartatuetan zehaztu gabeko laguntzak jasoko dira, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren balorazio teknikoaren bidez justifikatzen badira.

1.500 euro

Kontzeptu guztiengatik eta familia-unitateko, gehienez ere 3.000 euro emanen dira urtean.

Kontzeptuaren arabera aplikatzekoa den gehieneko zenbatekoa aldatu ahalko da Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek honako alderdiei buruz egiten duten balorazioaren arabera: sortutako premia, horrek duen garrantzia bazterketa egoeran dauden pertsonak gizarteratzen laguntzeko, edo premiaren lehentasuna.

7. Eskatzeko prozesua eta laguntza ematea.

Dirulaguntzak jaso ahal izateko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko profesionalek ezagutu eta baloratu behar dute kasua, eta hemen azaltzen diren kasuen artean sailkatu.

a) Larrialdi sozialeko egoeretarako dirulaguntzen eskaerak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan eginen dira, urtean zehar eta urte horretako abenduaren 31ra arte, Mankomunitatearen aurrekontu orokorrean horretarako dirua dagoen bitartean.

b) Laguntza eskatzen duen familiak eskaera-orri bat aurkeztu beharko du, agiri hauekin batera:

–Eskatzailearen eta familia-unitateko gainerako kideen NANaren edo nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia.

–Familia-liburuaren edo jaiotza-agirien fotokopia.

–Erroldatze eta bizikidetza ziurtagiria.

–Familia-unitateak azken sei hilabeteetan dituen diru-sarreren frogagiria eta/edo horren gaineko zinpeko deklarazioa.

–Laguntza oinarrizko eta presakoa zer premiatarako eskatzen den, horri lotutako aurrekontua edo zorraren frogagiria (fakturak edo zorren ziurtagiriak).

–Banantze hitzarmena, egoera horretan badago.

Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko, Mankomunitatearen datu-basean baldin badago.

c) Profesional arduradunak eskaeraren aldeko edo kontrako txostena aurkeztuko du.

d) Ahal den guztietan, dirulaguntza zuzenean helbideratuko da eskatzailea zordun den entitatean edo establezimenduan, edo gastua eginen duen horretan eta abar.

e) Larrialdietarako laguntza emanen da Lehendakaritzaren ebazpen baten bidez, gehienez ere hilabeteko epean, eskabidea Mankomunitateko erregistroan tramitatzeko sartzen denetik. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igarotzen bada, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, dirulaguntzei buruzko araudian ezarritakoarekin bat.

f) Larrialdietarako dirulaguntzak lotuta egonen dira familia-unitatearen azken sei hilabeteetako diru-sarrerekin, oinarri hauetako 4.f) apartatuari jarraituz.

g) Esku-hartze sozialeko prozesuaren barnean, profesionalak baloratuko du laguntza osorik, hein batean eta/edo itzultzeko konpromisoarekin eman.

8. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Larrialdietarako laguntzak bateragarriak izanen dira kontzeptu beragatik beste erakunde publiko eta/edo pribatu batzuetatik lortutako laguntzekin, baldin eta epealdi berari ez badagozkio eta laguntza guztien baturak ez badu eskaeraren %100a gainditzen.

9. Dirulaguntzaren ordainketa, gastuen justifikazioa eta itzultzeko konpromisoa.

Dirulaguntza ordainduko da hamabost egun balioduneko epean, gehienez ere, dirulaguntza emateko ebazpena ematen denetik hasita.

Onuradunak gehienez ere hilabeteko epea izanen du emandako laguntzarekin egindako ordainketen frogagiriak aurkezteko (oinarrizko horniduren enpresei, adibidez, Mankomunitateak ezin izan dienean zuzenean ordaindu). Frogagiririk aurkeztu ezean, ordaindutako zenbatekoa eskatuko da.

Laguntza itzultzeko konpromisoa adostuko da teknikari arduradunaren eta eskatzailearen artean. Konpromiso hori betetzen ez bada, ordaindutako zenbatekoa eskatuko da.

Ezin izanen da beste laguntzarik eskatu, aurrekoa erregularizatuta ez badago.

10. Onuradunaren betebeharrak.

–Esku-hartze sozialeko prozesu batean egotea.

–Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari jakinaraztea xede bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo jaso dituela beste entitate edo administrazio batzuetatik, edo beste erakunde batzuetatik, publikoak zein pribatuak izan.

–Laguntza bateragarria baldin bada lehendik emandako beste batzuekin, ezin izanen dute inoiz ere gainditu diruz lagundu beharreko gastuaren zenbatekoa, ez eta, inola ere, ordenantza honetako 6. puntuan familia-unitate bakoitzeko ezarritako urteko gehieneko zenbatekoen muga ere.

–Laguntza itzultzeko betebeharra, eskatzaileak arau-hausteren bat egiten badu edo dirulaguntza hauen arauak betetzen ez baditu.

11. Jasotako zenbatekoak itzultzea.

1. Dena itzultzea: ondoko kasuetan itzuli beharko dira jasotako zenbatekoak:

–Justifikatzeko betebeharra ez betetzea.

–Eskatzen diren baldintzak bete gabe eskuratzea dirulaguntza.

–Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak ez betetzea.

–Oinarri hauetan aipatutako egiaztatze-jardueretan laguntzeko betebeharra oztopatzea edo ez betetzea.

–Ikuskatzean edo kontrolatzean, zantzuek erakusten badute jasotako dirulaguntza edo laguntza modu okerrean lortu edo gastatu dela, edo beste helburu baterako erabili dela, ikuskatu eta kontrolatzeaz arduratzen diren agenteek erabakitzen ahal dute atxikitzea fakturak, horien pareko agiriak edo horien ordezkoak, eta zantzu horiek agertzen diren eragiketei buruzko beste agiri guztiak.

2. Zati bat itzultzea: emandako zenbateko osoa justifikatzen ez bada. Onuradunak justifikatu gabeko zenbatekoa itzuli beharko du.

3. Emandako diru-laguntza itzultzeko prozedura lotuko zaio Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan araututakoari.

12. Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta iruzurra, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

–Laguntza edo dirulaguntza lortzea hura eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko zuten datuak ezkutatuz.

–Dirulaguntza ematean ezarririk zeuden helburuetarako ez erabiltzea jasotako dirua, salbu eta, errekerimendurik egin gabe, diru hori itzuli egin bada.

–Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, dirulaguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.

–Arau-hausteak zehatu ahalko dira urtebetean beste dirulaguntza bat lortzeko ezintasunarekin.

13. Dirulaguntzen gaineko arauak.

Deialdi hau agiri honetan bildutako oinarriei jarraikiz eginen da eta bertan jasotzen ez den orotan, berriz, hurrengo araudian ezarritakoari lotuko zaio:

• 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

• 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

• 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta hura garatzeko erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsia.

14. Interesdunei jakinaraztea eta errekurtsoak.

Interesdunei haien eskubideak eta interesak ukitzen dituzten ebazpenak eta administrazio-egintzak jakinaraziko zaizkie, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoarekin.

Oinarri hauen aurka eta horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori zenbatuko da errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L2109896