170. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERROMANTZATUA

Ordenantza, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Erromantzatuko Udalak, 2021eko martxoaren 25ean egin osoko bilkuran, legez behar den gehiengoa izanik, erabaki zuen hasiera batean onestea Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Erabaki hori argitaratu zen 2021eko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 19an.

Legez ezarritako epea igaro delarik inork erreklamaziorik eta/edo alegaziorik aurkeztu gabe, bidezko da behin betiko onestea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin bat.

Erromantzatuan, 2021eko ekainaren 15ean.–Alkatea, Aitor Sola Ochotea.

ERROMANTZATUKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Erromantzatuko Udalaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Herri-lurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Erromantzatuko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Erromantzatuko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzin, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Erromantzatuko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Erromantzatuko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.

Prozedurari dagokionez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Erromantzatuko Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen, eta kontra eginen dio haiendako kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Erromantzatuko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aitzinetik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari Erromantzatuko Udalak, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Komunikazio horien gaineko erabakia hartuko du Udalak.

10. artikulua. Erromantzatuko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Baimena, emakida edo beste zernahi bide dela-eta herri-ondasunen gainean sortu diren eskubideak iraungitzeko, eta haiek ekarritako okupazioak ere iraungitzeko, Erromantzatuko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Erromantzatuko Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Erromantzatuko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, posible izanen da herritarren ekimena, horretarako ezartzen den eran. Ekimen horrek aurrera eginez gero, sortu diren gastuak itzuli beharko dizkie Erromantzatuko Udalak herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamenduak.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitatearen titularrak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Erromantzatuko Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea gutxienez urte bateko antzinatasunez.

c) Erromantzatuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

d) Erromantzatuko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

Artikulu hau eta aurrekoa interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak Erromantzatuko Udalak argituko ditu, kasuz kasu.

Aprobetxamenduak herrien edo tokien arabera esleitzeko, lehentasunak zehazteko honako arau hauek ere ezarri dira:

1. Erromantzatuko biztanleen udal erroldan bizilagun gisa izena emanda egotea, gutxienez ere urtebete lehenagotik, eta aprobetxamendua kokatzen den tokian edo herrian bizitzea.

2. Erromantzatuko biztanleen udal erroldan bizilagun gisa izena emanda egotea, gutxienez ere urtebete lehenagotik, eta Erromantzatuko beste herri, toki edo kontzeju batean bizitzea.

16. artikulua. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteetan, eman gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egin ahalko dira, hasierako prezioa baino ehuneko hamar eta hogei merkeago, hurrenez hurren. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean adjudikatzen ahalko da, baina prezioa ez da azken enkantearen hasierako prezioa baino merkeagoa izanen.

II. KAPITULUA

Laborantzarako herri-lurren aprobetxamendua

17. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modu hauetan eginen dira, ondotik adierazitako lehentasun ordenaren arabera aplikatuta:

a) Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Udalak egindako ustiapen zuzena edo enkante publikoan adjudikatzea.

1. ATALA

Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak

18. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitatearen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia-unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu beharreko irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira; hau da, kontuan hartuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, pentsioak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen zerga-kapitala, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta mota horretako beste edozein datu ere.

Baldintza ekonomikoak baldin badira lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendua emateko oinarria, baldintza horiek mantendu beharko dira adjudikazioak indarra duen bitartean.

19. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen, salbu eta epe handiagoko zikloa duten laboreen kasuan, horrelakoetan aprobetxamendua laborearen bizitzari egokituko baitzaio, eta nekazaritza ekologikoaren ekoizpen araubideari lotutako laboreen kasuan, epe hori ez baita hamasei urtetik beherakoa izanen. Azken kasu horretan, lurrak inskribaturik egon beharko dira Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseilu arauemailean (NNPEK).

20. artikulua. Udalak urtero onetsiko du herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino gutxiago.

Erromantzatuko Udalak finkatuko du herritar bakoitzari adjudikaturiko laborantzako lurraren azalera, kontuan harturik herri-lurrak norainoko aukerak ematen dituen.

21. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikaturiko lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 18. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epea bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

22. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Erromantzatuko Udalak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Laborantza pertsonala galarazten duen arrazoia eskatu eta egiaztatu ondoren, Erromantzatuko Udalak onuradunei abonatuko dizkie adjudikaziotik eskuratutako diru-sarrerak, kanona kendu ondoren.

23. artikulua. Erromantzatuko Udalak eskumena du ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

24. artikulua. Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia-unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Erromantzatuko Udalak, aitzinetik Nafarroako Gobernuaren baimena izanda, ordenantza honen aurreko artikuluetan adierazitako faktoreak beheititu ahalko ditu, proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Erromantzatuko Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

25. artikulua. Erromantzatuko Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ahalko ditu noiznahi, eta dokumentuak eskatzen ahalko dizkie onuradunei, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari adjudikatu herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Erregaiak, ongarriak eta lehengaiak erosi izanaren agiriak edo saldutako produktuenak aurkezteko eskatu eta ezarritako epealdian aurkezten ez baditu.

c) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez direnean, egin beharra izanda.

d) Laborantzako lurren jabe izanik, errentan ematen badituzte.

e) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen lantzen ez dutenen kasuan.

26. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte landu adjudikatu zaizkien herri-lurrak adjudikazioan ezarritako xedea ez bezalako beste erabilera, aprobetxamendu edo laborantza mota baterako, Erromantzatuko Udalak espresuki emandako baimena ez badute.

2. ATALA

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

27. artikulua. Lurzatiak lehen atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, soberan geratzen diren laborantzako herri-lurrak, baita onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, familia-unitateko titular diren herritarrei zuzenean adjudikatuko zaizkie, betetzen badituzte herri-lurretako aprobetxamenduen adjudikazioaren onuradun izateko oro har ezarritako baldintzak (15. artikulua).

28. artikulua. Erromantzatuko Udalak finkatuko du herritarrendako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, eskura diren lurren arabera.

29. artikulua. Adjudikazioaren epea 19. artikuluan adierazitako berbera da. Udalak erabakiko du zein den herritarrendako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, lehentasuna dutenen arteko adjudikazioa egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan; adjudikaziodunak nekazariak badira, haien ustiategien tamainaren alderantzizko proportzioan. Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, bi irizpideak ehuneko berrogeita hamarrean hartuko dira kontuan.

1.–”Familia-unitatearen diru-sarrera garbiak” irizpidearen tasa kalkulatzeko, alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Diru-sarrera guztiak, familia-unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenetik ateratzen direnak, eurotan: Balioa, puntuazioaren ondorioetarako, %50.

b) Nekazaritza/abeltzaintzako ustiapeneko lurren jabetza, hektareatan: Balioa, puntuazioaren ondorioetarako, %25.

c) Tokiko zergapeko ondasun higiezinen zerga-kapitala, ondasun horiek Espainiako edozein lurraldetakoak izanda, salbu eta etxebizitza propioari dagokiona, eurotan: Balioa, puntuazioaren ondorioetarako, %25.

2. “Ustiapenen tamaina” irizpidea kalkultzeko, alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Nekazaritza/abeltzaintzako ustiapeneko lurren jabetza, hektareatan: Balioa, puntuazioaren ondorioetarako, %50.

b) Nekazaritza/abeltzaintzako lurren errentamenduko edo bestelako tituluetako jabetza, hektareatan: Balioa, puntuazioaren ondorioetarako, %25.

c) AzLUren arabera araututako abelburu kopurua: Balioa, puntuazioaren ondorioetarako, %25.

30. artikulua. Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, ordenantza honen 21., 22. eta 23. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

31. artikulua. Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamendu mota honetan, herri-lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona onetsiko du Erromantzatuko Udalak, lur motaren arabera. Kanona urtero eguneratuko da, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat. Nolanahi ere, kanonak Erromantzatuko Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

32. artikulua. Lurzati kopuru bat gordeko da onuradun berrientzat; gutxienez ere laborantzako herri-lurren azalera guztiaren ehuneko bost.

Laborantzako lur horiek behin-behinekoz adjudikatzen ahalko dira, baina adjudikazio horiek indarrik gabe geldituko dira lehentasunezko eskubidea duen onuradun berri bati emateko. Azken horien kasuan, baldintzen artean sartuko da baldintza suntsiarazle hori.

33. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte landu adjudikatu zaizkien herri-lurrak adjudikazioan ezarritako xedea ez bezalako beste erabilera, aprobetxamendu edo laborantza mota baterako, Udalak espresuki emandako baimena ez badute.

3. ATALA

Udalak egindako ustiapen zuzena edo enkante publikoan adjudikatzea

34. artikulua.

1. Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lur sobera baldin badago, enkante publikoan adjudikatuko ditu, hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanez.

2. Udalak finkatuko du hasierako prezioa, horretarako onetsitako baldintza-agirietan; prezio hori urtero eguneratu ahalko da, kontuan hartuz erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoera. Edozein kasutan, zenbateko hori izanen da antzeko ezaugarriak dituzten lurrak errentan emateko eskualdean izaten diren prezioen parekoa.

3. Enkantea egin ondoan ere laborantzako lur sobera bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, ordenantza honen 21., 22. eta 23. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

35. artikulua. Laborantzako herri-lurrak herritarren artean adjudikatzeko prozedura hasiko da Erromantzatuko Udaleko Osoko Bilkurak erabaki ondotik; 15 egun balioduneko epea irekiko da, aprobetxamendua eska dezaten horretarako eskubidea dutela uste duten familia-unitateko titularrek, aldez aurretik iragarkia argitaratuta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udaleko iragarki-taulan.

36. artikulua. Eskaerei honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazioa erantsiko zaie:

a) Herriko bizilaguna dela, gutxienez urtebete lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizi dela.

b) Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak, eta lehentasuna duten herritarren aprobetxamenduak eskatzen dituztenen kasuan, ezintasun fisikoa edo adimenekoa duten kideak.

d) Jabetzan duten laborantzako azalera, labore motak berariaz adierazita.

e) Errentan edo jabetza ez den beste titulu baten bidez lantzen dituzten lurrak, eta laborantza motak.

f) Familia-unitateko kide bakoitzak hiri-lurrean dituen zerga-kapitalak, norberaren etxebizitzarena kenduta, baita dauzkan abelburuak eta azienda-espezieak ere.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, abeltzaintzaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

h) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduen eskatzaileen ogibide nagusia nekazaritza denean, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian sartuta daudelako ziurtagiria, eta azken ordainagiriaren fotokopia. Jardueran hasten direnek gehienez ere sei hilabeteko epean bete beharko dute baldintza hori.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzearren, Erromantzatuko Udalak beretzat gordetzen du beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko ahalmena, egiaztatze aldera errenta mailak, dokumentu eta datu objektiboetan oinarrituak.

37. artikulua. Udaleko Osoko Bilkurak adjudikazio modalitate bakoitzean –lehentasunezkoan edo zuzenekoan– onartutakoen behin-behineko zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori Udalaren iragarki-taulan iragarriko da eta interesdunei jakinaraziko zaie, eta hamabost egun naturaleko epea izanen da erreklamazioak paratzeko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

Alegazioak aurkeztu eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, haien gaineko ebazpena emanen du Udalak osoko bilkuran, eta onetsiko du mota bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda. Udaleko iragarki-taulan jarriko du ikusgai. Behin betiko adjudikazioaren erabakia interesdunei jakinaraziko zaie.

38. artikulua. Ikusita herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrenda, adjudikatuko dira ordenantza honetan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Erromantzatuko Udalak, zozketa bidez, laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduen behin betiko zerrendan dauden familia-unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen araberakoak izanen dira.

Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da 15 egunean, Udalaren iragarki-taulan. Zerrenda Erromantzatuko Udalak onetsiko du, osoko bilkuran.

39. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegaziorik baldin bada, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

40. artikulua. Erromantzatuko Udaleko herri-larreen aprobetxamendua baterako ustiapen unitatea da beste finka partikular batzuekin, antzinako ohiturari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz, eta larre hauetan banatzen da:

a) Usungo larreak.

b) Isuko larreak.

c) Napalgo larreak.

d) Orradreko larreak.

e) Fontariako larreak.

f) Berroiako larreak.

g) Murillo Berroiako larreak.

41. artikulua.

1. Erromantzatuko Udalaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

2. Toki-erakundeak zenbait finka edo lursail kanpoan uzten ahalko ditu, behar bezala justifikatuta, aprobetxamendu modalitateak adjudikatu aurretik, IV. kapituluan araututako xedeekin eta prozedurarekin.

42. artikulua. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak dira herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidezko larreen aprobetxamenduaren onuradun.

43. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egiteko edo beste batzuei lagatzeko. Horri dagokionez, Erromantzatuko Udalak ondoko kasu hauetan ulertuko du larreak ez dituela onuradunak zuzenean aprobetxatzen:

a) Toki entitatearen zergetan beren aziendei edo abeltzaintza jarduerari baja ematen dietenek.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean abeltzaintzako etekinak aitortzen ez dituztenek, hartara behartuta egonik.

c) Bazkalurren jabe izanik ere, haiek hirugarrenei errentan emanda dituztenek.

d) Zuzeneko aprobetxamendua egiaztatzen duten agiriak, hala nola, artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak eskaturik, ezarritako epean aurkezten ez dituztenek.

44. artikulua. Aprobetxamenduen epea 8 urtekoa izanen da gutxienez eta 15 urtekoa gehienez.

45. artikulua. Erromantzatuko Udalak, aitzinetik ohartarazita, eraginik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien adjudikazioak, herri-lurretan hobekuntzak egitea bultzatzen duenean. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

46. artikulua. Erromantzatuko Udalak beretzat gordetzen ahal du, adjudikazio espediente bakoitzean, larre guztien bostetik bat, onuradun berririk balitz urtean adjudikatzeko.

47. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita betetzen direla Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 1. artikuluan eskatzen diren baldintzak, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

48. artikulua. Prozedura.

Udalak erabakia hartu eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udaleko ediktuen taulana argitaraturik, hogeita hamar egun naturaleko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek larreak haiei adjudikatzeko eska dezaten.

49. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da honako hauen gainean:

a) Erromantzatuko Udaleko herritarra izatea, gutxienez ere urtebete lehenagotik, eta gutxienez ere bederatzi hilabetez Erromantzatuan bizitzea.

b) Erromantzatuko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute eskatzaileek.

d) Jabetzan eta/edo errentan dituen lurren azalera, haietan larreen aprobetxamendua egiten ahal bada.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzearren, Erromantzatuko Udalak beretzat gordetzen du beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko ahalmena, egiaztatze aldera errenta mailak, dokumentu eta datu objektiboetan oinarrituak.

50. artikulua. Udalak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, gorabehera hauek kontuan harturik:

a) Larreak adjudikatuko dira azaleraren arabera eta eskatzaileen kopuruaren arabera, betiere familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan eta, adjudikaziodunak nekazariak eta/edo abeltzainak badira, ustiategien tamainaren alderantzizko proportzioan.

b) Larreak adjudikatzerakoan, abere-zama hartuko da kontuan bigarrenik, dena delako eremuak onartzen ahal duen abelburu kopuruaren antzekoa duten eskatzaileendako, bai eta ustiategiaren gertutasuna ere.

c) Larre bera abeltzain bat baino gehiagori adjudikatzen ahal zaio, betiere abelburuek, guztira, abere-zama gainditzen ez dutenean. Horrelakoetan, kanona abelburu bakoitzeko ezarriko da, guztizko zenbatekoa hainbanatuta.

d) Abeltzain bakar bati bi larre adjudika dakizkioke, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

51. artikulua. Aurkeztutako eskabideak ikusirik eginen da banaketa. Behin-behineko zerrenda bat eginen da eta Udaleko iragarki-taulan iragarriko, 15 egun naturaleko epean erreklamazioak aurkezteko; epe hori halakorik gabe iraganez gero, behin betiko onetsitzat joko da. Bestela, aurkeztutako erreklamazioak ebatziko ditu toki-erakundeak eta erabaki egokia hartuko du behin betiko adjudikazioaren gainean.

52. artikulua. Herritarren arteko banaketan larrerik soberan gelditzen bada, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, Udalak osoko bilkuran erabakitzen duen denborarako eta indarra duen araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari loturik.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

53. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua gaiari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

54. artikulua. Herri-lurren okupazioa eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Erromantzatuko Udalak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da. Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

55. artikulua. 1. Erromantzatuko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, laguntza eman dakien inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela frogatzen duten herritarrei.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, onesteko proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

5. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hamabost egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

56. artikulua. Herri-lurrak luberritzeko, Nafarroako Gobernuko Departamentu eskudunaren baimena beharko da, aldez aurretik.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

57. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak ezartzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herri-lurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Aprobetxamenduaren %80, gutxienez ere, ez erabiltzea.

e) Azienda sartzea ordenantza honek baimentzen ez duen garaian eta tokian, herri-lurzatien laborantza hondatuz.

f) Kalte egitea aziendaren eskorta eta putzuetan.

g) Labore iraunkorrak edo adjudikazio aldia baino ziklo luzeagokoak (frutarbolak, zainzuriak etab.) jartzea, Udalaren baimenik gabe.

h) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

i) Ez betetzea Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatzen dena, herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruz.

j) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

k) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

l) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

58. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d), g) eta i) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez dituen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak.

–h) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteengatik, ordainduko da egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez, eta halako hamar, gehienez, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10 euro eta 1.202,02 euro bitarteko zehapena ezarriko da.

–Zehapen prozedura honako arauei jarraituz eginen da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta, hala behar badu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Erromantzatuko Udaleko Osoko Bilkurak ebatziko ditu, banan-banan, dagokion udal batzordeak txostena egin ondotik.

Bigarrena.–Udalbatzak hala iritzita, inguruabarrek hartaratzen badute, baldintza berezien agiria prestatzen ahalko da zenbait larre, lote edota aprobetxamendu eremu arautzeko; horiek deialdiak egin aurretik onetsi beharko ditu Erromantzatuko Udaleko Osoko Bilkurak, aldez aurretik dagokion udal batzordeak txostena eginda.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau behin betiko onestean indarrik gabe geldituko dira Erromantzatuko Udalaren lehenagoko ordenantzak, arautzen dituztenak Erromantzatuko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2109968