170. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZARRAKAZTELU

Udal ordenantza, Bide publikoan terrazak eta beladoreak paratzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Zarrakazteluko Udalak, 2021eko martxoaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Bide publikoan terrazak eta beladoreak paratzea arautzen duen udal ordenantza. Erabaki hori 2021eko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 19an.

Jendaurreko aldian zenbait alegazio egin ziren, eta, hori dela eta, 2021eko maiatzaren 27an egin bilkuran behin betiko onetsi zen ordenantza honen testua.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua), ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zarrakaztelun, 2021eko ekainaren 10ean.–Alkatea, Javier Igal Iguaz.

ORDENANTZA, BIDE PUBLIKOAN TERRAZAK ETA BELADOREAK PARATZEA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Ordenantza hau ematen da honako hauetan esleitutako ahalmenak baliatuz: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atala; Nafarroako Foru Administrazioaren 6/1990 Foru Legearen 262. artikulua; eta Toki-korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 1.etik 17.era bitarteko artikuluak.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da araubide tekniko nahiz juridikoa ezartzea bide publikoan terrazak eta beladoreak paratzeko, bai eta batzuen zein besteen osagarri diren elementu eta instalazioak ere (esaterako, eguzki-babesak, eguzkitakoak, eguzki-oihalak, alboko babesak, itxitura partzialak, argiak, klimatizazioa, etab.).

Aldi baterako osagarri gisa erabiltzen dituzte Zarrakazteluko udal-mugartean legeztaturik dauden ostalaritzako establezimenduek, ohiko jardueraz gain. Era berean, ordenantza honek xedetzat du salbuespenezko baimenak arautzea, berau indarrean jarri aurretik halakoak eman diren kasuetarako.

Ordenantza honen aplikaziotik kanpo dago ostalaritzako jarduerekin bide publikoa okupatzea feria, bestak, kirol edo kultur jarduerak eta gisakoak egiten direnean.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau aplikatuko zaie erabilera publikoko lurren okupazio guztiei, Zarrakazteluko udal-mugartearen barnean.

4. artikulua. Justifikazioa.

Aurreko artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako, terraza eta beladoretzat hartzen dira ostalaritzako jarduera baten aldi baterako eta kanpoaldeko osagarri gisa erabiltzen diren mahaien, aulkien eta behin-behineko instalazio finko zein mugigarrien multzoa, sektore horretako berezko jarduerarako Udalaren baimena duten establezimenduetan.

Establezimendu bakoitzak espazioaren aldetik dituen baldintzak askotarikoak izaten dira, hiri barnean dituzten kokalekuen beren ondorioz, eta horrek zaildu egiten du ordenantza hauen arauak era uniformean eta orokorrean aplikatzea eskaera bakoitzerako; hala bada, hori ebatziko da banakako ebazpen berariazkoetan, bat etorriz arau honetan ezarritakoarekin.

II. KAPITULUA

Bide publikoa okupatzeko baimena

5. artikulua. Baimena.

Ordenantza honetan araututako bide publikoaren gaineko okupazioak baliatu ahal izateko, Udalaren lizentzia beharko da aurretiaz, eta lizentzia hori emanen da ordenantza honetan xedaturikoari jarraikiz.

6. artikulua. Baldintzak.

Hirugarrenei kalterik egin gabe eta jabetza eskubidea salbu utzirik emanen dira lizentziak. Onuradunak ezin izanen ditu haiek alegatu, hala lokalean nola terrazek okupatutako bide publikoaren zatian jardutean duen erantzukizun zibila edo penala kentzeko edo gutxitzeko. Lizentziak pertsonalak eta besterezinak dira, eta debeku da errentan ematea edo hirugarrenei zernahi eratan lagatzea. Baimenen baldintza izanen da ez erabiltzea ur-harguneak, estalkiak, erregistroak eta okupazio eremuan diren gainerako instalazioak.

7. artikulua. Aurretiaz lizentzia eskuratu beharra.

Aipatu diren bide publikoko instalazioek erabilera komun bereziaren kategoria juridikoa dute, eta baliatu ahal izateko Udalaren lizentzia eskuratu behar da aurretiaz kasu bakoitzean. Lizentzia hori emanen da ordenantza honetan xedaturikoari jarraikiz.

Udal organo eskudunak terrazak paratzeko baimena ukatzen ahalko du interes publikoak hala eskatzen duenean, dela trazadura, kokalekua, bide segurtasuna, obra publikoak edo beste edozein inguruabar. Baimenak emateko edo ukatzeko, besteak beste, honako hauek hartuko dira kontuan: zehapen-espedienteak egotea, jarduera gauzatzeari loturiko zergak edo tasak ordaindu gabe edukitzea, edo inguruko mugikortasunaren gainerako eragina.

8. artikulua. Baliogabetzea.

Interes publikoko inguruabarrak direla eta, hala nola ekitaldi publikoak, larrialdiak edo beste edozein, lurzorua ezin bada erabili, baimenak eragina galduko du, harik eta inguruabar horiek desagertu arte.

Halaber, interes publikoko arrazoiak direla eta, noiznahi baliogabetzen ahalko dira baimenak, geroago onetsitako baldintza orokorrekin bateraezinak direnean, jabari publikoari kalte egiten diotenean, interes publiko handiagoko jarduera batzuetarako erabiltzea galarazten dutenean, edo erabilera orokorra trabatzen dutenean.

Kasu horietan, ukitutakoek ez dute izanen kalte-ordainerako edo konpentsaziorako eskubiderik, salbu eta bide publikoa okupatzeagatik ordaindutako zenbatekoaren zati proportzionala atzera eskuratzeko, erabili ez den denboragatik.

9. artikulua. Lizentzia aurretiaz eskuratu beharrik ez.

Instalazioek ez dute ordenantza honetan araututako lizentzia eskuratu beharrik izanen, 3. artikuluan emandako definizioan sartuta egon arren, kasu hauetako batean badaude:

a) Udalaren kontzesio administratibo baten babesean enpresa publiko edo pribatu batek egindako jardueren osagarri direnean, jabari publikoko edo ondareko ondasunetan kokatuta.

b) Herriko bestetako ekitaldiak direla eta, aldi baterako jarduerak direnean, udal organo eskudunak ezarritako egutegiaren eta moduaren barnean.

10. artikulua. Kokalekua.

Terraza eta beladoreak paratzeko lizentzia ematen ahalko da jabari publikoko ondasunak edo erabilera publikoko ondasun pribatuak diren espazioetan.

Oro har, establezimenduen fatxada zein kaletara ematen duen, terrazak kale horretan paratzeko baino ez zaie baimenik emanen. Ohiz kanpoko ezaugarriak dituzten kaleetan, bestelako kokalekuak ere onartzen ahalko dira, eta eremu horiek baimenaren ebazpenean jasoko dira.

10.1 Instalazioak ibilgailuen zirkulazioa duten kaleetako espaloietan.

Instalazioa ez da luzeagoa izanen jarduera nagusia egiten den establezimenduaren fatxada baino, non ez duten haren ondoko jabeek baimen idatzia ematen; azken kasu horretan, ondoko etxebizitza, garaje eta lokaletan sartzeko bidea bermatu beharko da. Okupatzen ez den espaloi zatiak izan beharko du pertsonak eta osagarri gurpildunak libreki eta normaltasunez pasatzeko adinako zabalera.

10.2 Instalazioak oinezkoendako kaleetan.

Instalazioaren eskaeraren xedeko kalea edo kale-tartea aldi baterako edo behin betiko oinezkoendako eremua bada, lizentzia eta baimena ematerakoan, lehenetsiko dira hala oinezkoen nola ibilgailuen zirkulazio beharrak, zamalanak egiteko eta garaje, etxebizitza edo bestelako lokal pribatuetan sartzeko.

10.3 Instalazioak plazetan eta espazio libreetan.

Beladore eta terrazak plaza eta espazio libre publikoetan paratzeko eskaerak kasu bakoitzaren ezaugarrien arabera ebatziko dira, muga orokor hauek beterik:

a) Instalazioaren azalerak (luzeran eta zabaleran) plazaren edo espazio librearen %70 hartuko du gehienez ere.

b) Etxebizitzetan eta lokaletan sartzeko bidea bermatu beharko da.

c) Oinezkoendako pasabide bat utziko da zedarriturik, gutxieneko zabalera bat izanen duena, indarrean dauden goragoko lerruneko lege-arauen arabera.

Betiere, terrazatzat erabilitako espazioaren okupazioak honako dentsitatea izanen du gehienez ere, irizpide orokor gisa: 1 mahai eta 4 aulki terrazaren 2 x 2 m-ko modulu bakoitzeko (mahai batek eta 4 aulkik 4 m² hartzen dute).

III. KAPITULUA

Prozedura

11. artikulua. Lizentzia eskatzea.

1.–Establezimenduaren titularrak eskabidea aurkeztu beharko du Zarrakazteluko Udalaren Erregistro Orokorrean, Hirigintzako Udal Batzordeari zuzendua. Eskabidean datu pertsonalak eta harremanetarako datuak adierazi beharko dira, bai eta jardueraren legezko datuak ere (ekonomia-jardueren gaineko zerga, identifikazio fiskaleko kodea edo interesekotzat jotako beste batzuk).

2.–Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu eskatzaileak:

a) Jarduera gauzatzeko Udalaren lizentzia izatearen frogagiria (instalazio lizentzia eta/edo irekitzeko lizentzia).

b) Ondoko higiezin partikularrek emandako baimenaren frogagiria, halakorik behar denean, 10.1 artikuluaren arabera.

c) Kokalekuaren krokisa/planoa, instalazioak okupatzeko eskatzen den azalera ongi zehazturik.

d) Instalatu nahi diren hiri-altzari homologatuen zerrenda, haien mota, ezaugarriak eta kopurua adierazita, eta, kasu guztietan, haien banaketa oinplanoan.

e) Instalazioaren memoria teknikoa, beharrezkoa badu.

f) Establezimendu nagusiaren erantzukizun zibileko aseguruaren eta sute-aseguruaren polizaren indarra frogatzen duen agiria; haren estaldura handitu beharko da kanpoaldeko instalazioaren funtzionamenduaren ondoriozko arriskuetara.

12. artikulua. Ebazpena.

Toki Araubidearen gaineko legediaren arabera Udaleko zein organok duen eskumena, hura izanen da terrazak eta beste elementu batzuk instalatzeko lizentzia emateko udal organo eskuduna.

Ebazpena eman aurretik, udal zerbitzuek titularrari eskatzen ahalko diote tokiaren gainean erakusteko terrazak, itxiturak eta beladoreak nola kokatuko diren.

1.–Eskabidea ordenantza honetan zehaztu bezala aurkeztu ondotik, eta aurretiaz txosten teknikoa eta juridikoa eginik, beharrezkoak izanez gero, udal organo eskudunak legez ezarritako epeetan emanen du ebazpena.

2.–Lizentziaren agirian instalazioaren eta elementu osagarrien baldintzak zehaztuko dira, hala nola, okupatu beharreko azalera, mahai eta aulkien kopurua, eman den lizentziaren indarraldia eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak.

3.–Lizentzia ukatzen ahalko zaio, eskatzaileak ez badu ordaintzen jabari publikoa okupatzeagatik dagokion prezio publikoa edo ordenantza honen arabera ezarritako isunak.

13. artikulua. Indarraldia eta berritzea.

Ematen diren baimenen indarraldia bat etorriko da funtzionamendurako baimendutako epearekin. Betiere, ezin izanen da terraza paratu baimenaren agiria eskuratu arte.

Terrazak paratzeko aurreko aldian emandako baimenak automatikoki berrituko dira, ez bada aldaketarik izan eta bi aldeek, Udalak eta titularrak, berritzearen aurkako borondatea azaltzen ez badute aldi berria hasi baino bi hilabete lehenago gutxienez.

Interesdunek aurreko urtean baimendutakoa aldatu nahi izanez gero, berariaz eskatu beharko dute, baimen berriak eskatzeko emandako epe berean, egin nahi den aldaketa baimentzeko behar den informazioa erantsirik.

Automatikoki berrituko dira, eta ez da inolako agiririk aurkeztu beharko, salbu eta terrazan aldaketarik egin nahi bada; izan ere, halakoetan aurreko paragrafoa aplikatuko da, eta berriz eskatuko da terrazarako baimena.

Automatikoki berritzeko, Udaletik dagokion tasa kobratzeko abisua igorriko da, eta, ondotik, tasa hori kobratuko. Instalazioaren titularraren betebeharra izanen da tasaren ordainketa frogatzea, kobrantzak helbideratu gabe baditu; halaber, aseguru polizaren eta jarduera ekonomikoen zergaren ordainketa eta indarraldia frogatu beharko ditu.

Titularra aldatzen bada, hori jakinarazi beharko da, eta une horretan berrituko da automatikoki.

Udalak berritzearen aurkako borondatea agertuko du, besteak beste, kasu hauetan:

–Prozeduraren bat hasirik, ondorioztatzen denean jarduera nagusiaren edo osagarriaren funtzionamenduak eragozpenak edo kalteak eragiten dituela.

–Baimenaren edo ordenantzaren baldintzak betetzen ez direla ikusten denean.

–Baimendutako aldian jarduketa publikoak egitea aurreikusten denean, baimena ematen den uneko errealitate fisikoa aldatuko dutenak.

–Tasa ordaintzen ez den kasuetan.

14. artikulua. Lizentziaren baldintzak.

Hirugarrenei kalterik egin gabe eta jabetza eskubidea salbu utzirik emantzat joko dira beti lizentziak. Eskatzaileak ezin izanen ditu haiek alegatu, hala lokalean nola terrazek okupatutako bide publikoaren zatian jardutean duen erantzukizun zibila edo penala kentzeko edo gutxitzeko.

2.–Udal lizentzia prekarioa izanen da beti, eta dagokion udal organoak instalazioa bide publikotik kentzeko agintzen ahalko du hala egin behar denean pertsonen mugikortasunari, zirkulazioaren arintasunari eta hiri antolamenduari eragiten dieten arrazoiengatik edo interes orokorreko beste batzuengatik. Halakoetan, kentzeko gastuak baimendutako instalazioen titularraren kontura izanen dira, eta horrek ez du eskubiderik emanen inolako kalte-ordainik jasotzeko.

15. artikulua. Prezio publikoa.

Lizentziaren titularrak dagokion prezio publikoa ordainduko dio Udalari, ordenantza fiskalean ezarritako zenbatekoan eta moduan. Prezio hori 15 eguneko epean ordaindu beharko da, lizentzia eman dela jakinarazten denetik hasita; lizentziaren titularrak ezin izanen du baimendutako instalazioa gauzatu prezio hori ordaindu arte. Aipatu epea iragaten bada ordainketa egin gabe, baimena iraungi eginen da; hala gertatuz gero, beste lizentzia bat eskatu beharko da, instalazioa egin nahi bada.

Tasak zehaztuko dira prezio publikoen proposamenean, zeina onesteko aurkezten baita hurrengo ekitaldia indarrean sartu baino lehen.

IV. KAPITULUA

Baldintza teknikoak

16. artikulua. Instalazioaren baldintzak.

1.–Lizentzia eskuraturik, titularra harremanetan jarriko da Udaleko zerbitzu teknikoekin, tokian bertan muga dezaten baimendutako gehieneko okupazio azalera.

2.–Materialak.

Beladoreen itxituran erabili beharreko materialak izanen dira aluminioa, altzairua eta olanak, eta nagusiki kolore argiak, zuria edo artile-kolorea erabiliko dira, eta alboetan, gardena. Material guztiek CE araudia bete beharko dute segurtasunaren, suteen, erresistentziaren eta abarren aldetik. Beladore guztiak elementu desmuntagarriz osaturik egonen dira.

3.–Irizpide teknikoz instalazioak hala behar duenean, proiektua aurkeztu beharko da, teknikari eskudunak sinatua, beladore estalia jartzeko eskaerarekin batera. Bertan, egin beharreko egitura justifikatuko da, eta ezaugarriak xehaturik azalduko dira. Paratuko den elementuaren oinplanoa, altxaerak eta sekzioa aurkeztu beharko dira.

17. artikulua. Denboraldia.

1.–Aire zabaleko terrazak paratzea bi alditarako baimentzen ahalko da:

1.1 Udakoa (martxotik urrira bitarte).

1.2 Urtekoa (urte osorako).

2.–Udako aldirako eskaerei dagokienez, baimena emateko ebazpenean bertan jasoko dira instalatzeko eta desmuntatzeko egun zehatzak.

3.–Justifikaturiko arrazoiak badaude, aldatzen ahalko dira denboraldi bakoitza hasteko egunak, aurretiaz eskaera kolektiboa eginik jarduera legeztatua duten establezimendu gehienek. Aldaketa hori nahitaez bete beharko dute eskaera sinatu ez duen gutxiengoko establezimenduek ere.

18. artikulua. Ordutegia.

1.–Eskumena duenak berariazko ebazpena eman ezean, beladore edo terrazak erabiltzeko ordutegia izanen da, gehienez, establezimenduaren barnean jarduera nagusirako baimendutako bera, establezimenduak duen jarduera sailkatuaren kategoriaren araberakoa.

2.–Orobat, udal organo eskudunak salbuespenez baimentzen ahalko du instalazioa kentzeko ordutegi malguagoa herriko bestetan eta beste egun berezi batzuetan.

19. artikulua. Instalazioa kentzea.

Aurreko artikuluan ezarri ordutegia bukatutakoan, instalazioaren titularrak baimenduriko material guztia bilduko du. Material hori bildurik, pilaturik eta babesturik gelditzen ahalko da baimendutako eremu publikoan, lokala itxi eta 30 minutura. Baimenduriko altzariak bildutakoan, lizentziaren titularraren ardura izanen da okupaturiko eremua behar bezain garbi uztea.

V. KAPITULUA

Araubide juridikoa

20. artikulua. Instalazioaren titularraren betebeharrak.

1.–Garbitasuna: ukatu gabe betebehar orokorrak eta ordenantza honen aplikazioaren ondoriozkoak, instalazioaren titularra beharturik dago egoera ezin hobean edukitzera baimendutako okupazioaren xedeko lurzorua, instalazioa bera eta haren elementu osagarriak, garbitasunaren, segurtasunaren nahiz apainduraren aldetik, horretarako behar diren bitarteko guztiak erabilita, hala nola paperontziak, hautsontziak eta abar.

2.–Elementu osagarriak: berariazko baimena izan ezean, ezin izanen da paratu kanpoko zerbitzurako barrarik, soinu-ekipo eta bozgorailurik, karaokerik, ekipamendu informatikorik eta bideozaintzako ekipamendurik.

3.–Berogailu bidezko berokuntzak, instalazioan halakorik paratzen bada, indarreko araudia bete beharko du, eta Nafarroako Gobernuko industriaren alorreko departamenduak homologaturik egon. Aparatuek kontsumo txikikoak izan beharko dute, eta aukera hori bateratu beharko da ingurumen jasangarritasunarekiko errespetu handienarekin.

4.–Instalazioak bideo/telebista pantaila badauka, instalazioaren titularrak begiratuko du onartutako sonometria-mailak errespetatzen direla, kanpoalderako arauturik dagoena gainditzeari dagokionez. Bizilagunen lasaitasunerako eskubidea nagusituko da, eta ez dute, beraz, eragozpenik sortu beharko.

21. artikulua. Arau-hausteak.

1.–Arau-hauste arinak dira:

a) Terrazak edo beladoreak hartzen duen eremua behar bezain garbi ez edukitzea.

b) Terrazak edo beladoreak okupatzen duen eremua behar bezain garbi ez uztea, hura bide publikotik kendu ondoren.

c) Lizentzian baimendurikoa ez den espazio bat okupatzea.

d) Lizentziaren ebazpenean jaso baino mahai, aulki edo bestelako objektu gehiago paratzea, edo ebazpenean jasorik ez zeudenak.

e) Ez betetzea ordenantza honetan ezarritako ordutegia.

f) Ez betetzea lizentziaren bestelako baldintzak edo ordenantza honetan bildutako bestelako aginduak.

2.–Denboraldian bi arau-hauste arin baino gehiago egitea arau-hauste astuntzat joko da.

22. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinak 300 euro bitarteko isunekin zehatzen ahalko dira. Isunak mailakatuko dira arau-haustearen larritasunaren arabera eta hirugarrenendako kaltearen arabera.

2.–Arau-hauste astunak 1.000 euro bitarteko isunekin zehatzen ahalko dira; orobat, udal organo eskudunak baimena baliogabetzen ahalko du eta, ondorioz, instalazioa kenarazi.

3.–Aurreko apartatuan aurreikusitako moduan lizentzia baliogabetzen bada, establezimenduak ezin izanen du ordenantza honetan araututako baimenik eskuratu bi urte iragan arte, gehienez ere.

23. artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak.

1.–Udal organo eskudunak, interesdunari entzunaldia eman ondoren, berehala kentzen ahalko ditu ordenantza honen 6. artikuluan aipatzen diren espazioetan lizentziarik gabe paraturiko terrazak eta beladoreak, eta haiek Udalaren biltegietara eraman, erregelamenduzko zehapenak ezartzeko aukera baztertu gabe.

2.–Zehapen espedientea izapidetu ondoren, instalazio guztia kentzeaz gain, zehapen hauek ezartzen ahalko dira:

a) Hirigintzari buruzko diziplina erregelamenduan aurreikusitako isuna.

b) Establezimendua desgaitzea ordenantza honetan araututako baimenak eskuratzeko, bi urterako gehienez ere.

24. artikulua. Betearazte subsidiarioa.

Instalazioaren erantzuleak kasurik egiten ez badio bide publikoan paraturiko elementuak kentzeko udal aginduari, ordenantza honetan ezarritako kasuetan, Udalak kenduko ditu eta bere biltegietara eramanen. Bertatik atera ahalko ditu jabeak, behar diren tasak ordaindu ondoren.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorioak sortuko ditu haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero.

I. eranskina.–Eskabideari erantsitako agirien zerrenda.

II. eranskina.–Terraza/beladorea paratzeko espazioaren eskabidea.

III. eranskina–Espazioaren kokalekua eta altzariak adierazteko eredua.

IV. eranskina–Ondoko higiezin edo etxebizitzen baimenaren eredua.

Bete beharreko eredu guztiak deskargatu (DOC).

Iragarkiaren kodea: L2109623