170. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ITZAGAKO ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, administrari-ofizialaren bi lanpostu oposizio bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko

Alkatetzaren uztailaren 6ko 29/2021 Ebazpenaren bidez, deialdia eta haren oinarriak onetsi dira, administrari-ofizialaren bi lanpostu oposizio bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko, Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzura jarduteko.

Deialdia eginen da bat etorriz aplikatu beharreko araudiarekin eta oinarri hauetan ezarritakoarekin:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizialaren bi lanpostu (C mailarekin parekatua) oposizio bidez eta barne igoera murriztuan betetzea, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarritako prozeduraren bitartez.

1.2. 2021eko plantilla organikoan, Mankomunitateko Batzarrak 2021eko maiatzaren 13ko erabakiaren bitartez aldatu baitzuen, C mailako administrari-ofizialaren bi lanpostu sortzea erabaki zen, barne igoera murriztuan betetzeko, plantillako lanpostuen kopurua handitu gabe. Prozedura hau bukatu eta lanpostuak betetzen badira, automatikoki amortizatuko dira D mailako administrari-laguntzaileen bi lanpostuak. C mailako lanpostu hauek 004 eta 005 kodeak dituzte plantillan eta horiexek dira deialdi honen helburua.

1.3. Hautaprobak gainditu ondoan aipatu lanpostuetan aritzeko izendatzen diren izangaiak C mailan/taldean geratuko dira eta plantilla organikoan maila edo talde horretarako ezarritako ordainsariak jasoko dituzte.

1.4. Oposizioaldia gainditzen duten izangaiek lortuko dute barne igoera.

1.5. Mailaz igo direnek jatorrizko zerbitzuari edo arloari atxikirik jarraituko dute; deialdiko maila eta kategoriari, eta eskatutako ikasketei egokitutako lan eta eginkizunetan ariko dira eta, maila berriari dagozkion eginkizunez gain, ordura arte egiten zituztenak ere beteko dituzte.

1.6. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileek izendapenaren aitzinetik zuten araubide juridikoa, izan hori funtzionarioena edo lan-kontratudunena. Halaber, eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari eutsiko diote.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzuko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, D maila edo taldekoa.

b) Administrari laguntzailearen lanpostu bat (D maila) betetzeko izendatua edo kontratatua izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua duela frogatzea.

e) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Titulazioaren baldintzaren ordez, administrazio publikoen zerbitzuan (C maila) zortzi urteko antzinatasuna duela frogatu ahalko du, 15.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak I. eranskineko ereduaren araberakoak izanen dira, eta Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitzetan erregistratu beharko dira, edo bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean; hartan, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

3.2. Eskabideari deialdian eskatzen den titulazioaren egiaztagiria gehituko zaio.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitu eta aurkeztutakoak ebatzita, Lehendakaritzak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakari Elsa Plano Urdaci edo hark eskuordetutakoa.

–Epaimahaikidea: Virginia Itoiz Equisoain, Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko kontu-hartzailea edo hark eskuordetutakoa.

–Epaimahaikidea: Koldo Albira Sola, Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakariordea edo hark eskuordetutakoa.

–Epaimahaikidea: Ines Villanueva Abaurrea, Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko administrari-ofiziala edo hark eskuordetutakoa.

–Epaimahaikide idazkaria: Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko idazkari Beñat Ripodas Beroiz edo hark eskuordetutakoa.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errekusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Lege horren 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

Hautapen prozesuan proba teoriko bat eta proba praktiko bat egin beharko dira, lanpostuaren eginkizunen, egitekoen eta eginbeharren gainekoa.

a) Lehen ariketa: Ariketa teorikoa: test moduko 30 galderako ariketa, deialdi honen II. eranskinean agertzen den programako gaiei buruzkoa. Gehienez ere 30 puntu emanen dira. Galdera bakoitzarendako hiru erantzun-aukera eskainiko dira. Erantzun zuzen bakoitzeko puntu bat emanen da. Erantzun okerrak ez dira zehatuko.

Ariketa honen iraupena ezin izanen da 45 minututik gorakoa izan.

b) Bigarren ariketa: Ariketa praktikoa: kasu praktiko bat egin beharko da. Dokumentu administratibo bat egin beharko da: eskabidea, ziurtagiria, bandoa, erabakien helarazpena eta abar.

Kasu praktiko honetan gehienez ere 30 puntu lor daitezke.

Ariketa honen iraupena ezin izanen da 45 minututik gorakoa izan.

6.4. Oposizioa gaindituko dute bi ariketak batuta gutxienez 30 puntu lortzen dituzten izangaiek.

6.5. Hautaketa-prozedura amaituta, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak, ariketa egin den tokian, eta Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian.

6.6. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta haietara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo horren legezko baliokidea daramatela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak jendaurrean paratuko du Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazioaren arabera ordenatuta.

7.2. Epaimahaiak deialdia egin duen organoari igorriko dio gainditu duen eta deialdiko lanpostuan sartzen den izangaiaren aldeko izendapen proposamena, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Aurreko oinarrian aipatzen den hautaketa-prozedura burutu ondoan, Lehendakaritzak ebazpena emanen du oposizioaldia gainditzen duten izangaiak izendatzeko, eta zer mailatan sartzen diren zehaztuko du bertan. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean lan-kontratuaren eranskina formalizatu beharko du. Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, eranskina formalizatzen ez badu, maila berria lortzeko eskubide guztiak galduko ditu.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Urrotz-Hirian, 2021eko uztailaren 6an.–Mankomunitateko burua, Elsa Plano Urdaci.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioa. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren I. kapitulua: udalerriak.

2. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioa. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren II. kapitulua: beste toki-erakunde batzuk.

3. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioa. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. III. titulua. Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.

4. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina. Abuztuaren 30eko 251/1993 Foru Dekretua. I. titulua: xedapen orokorrak. II. tituluko I., II., III., IV. eta V. kapituluak (Funtzionario publikoak).

5. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena. Atariko titulua: Foru legearen xedea eta helburua. V. tituluaren I. kapitulua: Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

6. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. II. tituluko I., II. eta III. kapituluak (Udal zergak): xedapen orokorrak, lurraren kontribuzioa eta ekonomia-jardueren gaineko zerga.

7. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. II. tituluko IV. eta V. kapituluak (Udal zergak): trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga eta eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga.

Oharra. Gai guztiak baloratuko dira jarraikiz deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari; nolanahi ere, egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahal ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L2110990