170. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko ekainaren 30ean hartua, “Zuaztoiko hustubidea eta araztegia” izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena, nahitaez desjabetzeko.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak urriaren 8an emandako 544/2020 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, “Zuaztoiko hustubidea eta araztegia” izeneko proiektua eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Epe hori bukaturik, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren abenduaren 17ko 685/2020 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, eta jendaurreko aldian aurkeztutako alegazioa ezetsi zen. Onespen horrek berekin dakar erabilera publikoa eta lurrak okupatu beharra deklaratzea.

Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk, Baztango Udalarekin ezarritako lankidetza araubidearen arabera, Nafarroako Gobernuari eskatu dio proiektua presakotzat deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren eta hurrengoen ondorioetarako, eta, horretarako, txosten bat aurkeztu du, justifikatzen duena egin nahi den desjabetze-prozeduraren tramitazioa.

Proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da gaur egun arazten ez den isurkia herriko araztegia eraikiko den tokiraino eraman beharra dagoelako.

Era berean, espedientean jaso da ziurtagiri bat, frogatzen duena badirela funts egokiak ordainketari erantzuteko, hots, ukitutako eskubide eta ondasunak okupatzearen ondoriozko balio justua ordaintzeko.

Nafarroako Gobernuak, ikusirik Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk (NILSA) alegatutako arrazoiak eta egiaztaturik kreditu nahikoa dagoela balio justua ordaintzeko, bidezkotzat jo du deklaratzea presakoa dela desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakotzat deklaratzea “Zuaztoiko hustubidea eta araztegia” izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, ondorioak izan ditzan argitaratzen den egunetik beretik. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Baztango Udalari eta Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri jakinaraztea, eta Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzura igortzea.

Iruñean, 2021eko ekainaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2110472