170. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

57/2021 FORU DEKRETUA, ekainaren 23koa, Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Bat etorriz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50. artikuluan aurreikusitakoarekin, Nafarroak, bere foru araubidearen kariaz, eskumen osoa du Nafarroako Foru Komunitatearen edota udal, kontzeju eta gainerako administrazio entitateen tituIartasunekoak diren mendietan. Orobat, partikularren jabetzako mendien arloan ere, Nafarroari dagokio Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatzea eta betearaztea.

Nafarroako baso-ondarea babestea eta garatzea ingurumen arloko politika integratzaile baten zati da, eta, beraz, eragile sozialen parte-hartze handia behar du, erantzuna emateko planteamendu teknikoei, sozialei, ekologikoei eta kulturalei, eta, horren bidez, proposamenak eta ekimenak bultzatzeko, gero Nafarroako Foru Komunitateko botere publikoek hartzen dituzten erabakietan sar daitezen.

Bada, xede horrekin sortu zen, otsailaren 12ko 107/1996 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseilua, organo aholku-emaile gisa eta mendien babesarekin, kudeaketarekin eta garapenarekin harreman gehien duten sektoreetako ordezkariek osatua, besteak beste, jabeen elkarteek, zuraren enpresaburuek, toki entitateek, erakunde tradizionalek eta natura babesteko elkarteek.

Sortu zenetik, basolanetarako laguntzen kanpainak aztertzeko bildu da batik bat, eta azken urteotan, aurrez aurreko bilera horien ordez, parte hartzeko prozesu telematikoak egin dira. Basogintzarako garrantzitsuak diren beste gai batzuk sortu diren heinean, parte hartzeko berariazko foroak eratu dira, hala nola Nafarroako Zuraren Mahaia, zeina bildu baitzen Frantziako mendiak suntsitu zituzten urakanen ondorioz, edo, berrikiago, Baso Biomasaren Batzorde Mistoa, dendroenergia sustatzeari lotua dagoena.

Alabaina, ez dirudi Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluaren osaerak sektorean azken hogei urtean izandako bilakaerari erantzuten dionik.

Hori horrela, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluaren osaera eta funtzionamendua aldatzea, basogintzan inplikatutako agenteek zuzeneko parte-hartzea izateko ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuak egin beharreko lanean.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko ekainaren hogeita hiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea.

2. artikulua. Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluaren izaera eta atxikipena.

1. Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseilua kide anitzeko organoa da, eta ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuarentzako aholkularitza, proposamen, erabaki, jarraipen eta kontrol lanak egiten ditu.

2. Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseilua ingurumenaren arloan eskudun den departamentuari atxikita dago, eta horrek emanen dizkio jarduteko behar dituen aholkularitza eta bitartekoak.

II. KAPITULUA

Eginkizunak

3. artikulua. Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluaren eginkizunak.

1. Hauek dira Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluaren eginkizunak:

a) Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuarentzako kontsulta eta aholku organo gisa aritzea.

b) Nafarroako Foru Komunitateko baso-planaren edo -estrategiaren jarraipen organo gisa aritzea.

c) Basogintza sektorea hobetzeko ekimenak plazaratzea edo neurriak proposatzea.

d) Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak esleitzen dizkion gaiekin lotutako azterlan eta txostenak egitea.

e) Nahitaezko txostenak ematea Nafarroako basogintza arautzeko lege-aurreproiektuei eta xedapen orokorren proiektuei buruz.

f) Nahitaezko txostenak ematea Foru Komunitateko basogintza sektorea ukitzen duten estrategia edo plan orokorrei buruz.

g) Nahitaezko txostenak ematea Nafarroako Foru Komunitateko basogintzaren gaineko aurrekontu proposamenari buruz.

2. Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluaren txostenak eta irizpenak ez dira inoiz lotesleak izanen.

III. KAPITULUA

Osaera

4. artikulua. Osaera.

Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluak honako kargu hauek izanen ditu:

–Kontseiluko burua.

–Buruordetza.

–Kontseilukideak.

5. artikulua. Antolaketa.

1. Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluak kontseiluko buruak, buruordeak eta kide guztiek osatutako osoko bilkuraren bidez funtzionatuko du.

2. Osoko bilkurari dagokio Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluaren eginkizun guztiak betetzea.

3. Osoko bilkurak lantaldeak eratzen ahalko ditu.

6. artikulua. Kontseiluko burua.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan basogintza arloko eskumena duen zerbitzuko titularra izanen da kontseiluko burua.

2. Kontseiluko buruak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21. artikuluan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu.

3. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, kontseiluko buruaren ordez buruordea arituko da.

7. artikulua. Buruordetza.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan basogintza arloko eskumena duen ataleko titularra izanen da kontseiluko buruordea.

2. Kontseiluburuak edo Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluaren Osoko Bilkurak esleitzen dizkion eginkizunak beteko ditu buruordeak, kontseiluak kudeaketa, antolaketa eta funtzionamendu ona izan ditzan. Gainera, buruordeari dagokio kontseiluburuaren ordez aritzea, hura kanpoan edo eri denean, edo justifikatutako gainerako kasuetan.

3. Kontseiluko buruordearen kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, haren ordez arituko da Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluan hierarkia handiena duena, administrazioan antzinatasun handiena duena eta zaharrena dena, ordena horri jarraikiz, administrazioak izendatzen dituen pertsonen artean.

8. artikulua. Idazkaritza.

1. Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalaren titularra arituko da idazkari Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluan, hizpidea duela baina botorik ez.

2. Idazkariak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 22. artikuluan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu.

3. Kontseiluko idazkariaren kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, haren ordez arituko da Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalean administrazio publikoko teknikari (arlo juridikoa) lanpostua betetzen duenak.

9. artikulua. Kontseilukideak.

1. Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluko kideak hauek izanen dira:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barruan landa garapenaren arloan eskumenak dituen zerbitzuko titularra.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barruan nekazaritzaren arloan eskumenak dituen zerbitzuko titularra.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barruan abeltzaintzaren arloan eskumenak dituen zerbitzuko titularra.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barruan arkeologiaren arloan eskumenak dituen zerbitzuko titularra.

e) Nafarroako Zuraren Industriaren Elkarteak (ADEMAN) izendatutako pertsona bat.

f) Nafarroako Baso Jabeen Elkarteak (FORESNA-ZURGAIA) izendatutako pertsona bat.

g) Basolanetako enpresek izendatutako pertsona bat.

h) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatutako hiru pertsona, Nafarroa ingurumenaren aldetik zatitzen duten hiru eskualde biogeografikoen ordezkari.

i) Elkarte administratibo tradizionalek izendatutako hiru pertsona, hiru eskualde biogeografikoetako bakoitzaren ordezkari, honako hauen artean hautatuak: Aezkoa Ibarra, Erronkaribarko Mankomunitatea. Zaraitzu Ibarreko Unibertsitatea, Errege Bardeako Komunitatea, Limitaciones Mendiko Batzarrea, Aralarko Elkartea, Bidasoa eta Berroaran Mendietako Biltzarra, Lokiz Mendiko Administrazio Batzarrea, eta Kintoako Mankomunitatea.

j) Mendi Ingeniarien Elkargo Ofizialak izendatutako pertsona bat.

k) Biologoen Elkargo Ofizialak izendatutako pertsona bat.

l) Basogintzako Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialak izendatutako pertsona bat.

m) Xedetzat ingurumenaren defentsa edo naturaren gaineko azterlanak dituzten entitateak eta elkarteak ordezkatuko dituzten bi pertsona.

n) Europa Hegoaldeko Basoginen Batasunak (USSE) izendatutako pertsona bat.

ñ) Baso esparruarekin lotutako ikastetxeak ordezkatuko dituen pertsona bat (Agroforestal ikastetxe bateratua eta Donibane ikastetxe bateratua).

o) Nafarroako Unibertsitateak izendatutako pertsona bat, Zuraren Katedrarekin lotura duena.

2. Kontseilukideek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 23. artikuluan aurreikusitako eginkizunak izanen dituzte.

3. Zenbat kide titular diren, beste hainbeste ordezko kide izendatuko dira, ordezkapenak egin ahal izateko ez-bertaratzeak gertatzen direnean gaixotasunarengatik edo justifikatutako beste arrazoi batengatik.

4. Titularrak eta ordezkoak izendatzeko, idazkia bidaliko zaio idazkariari, eta hark kontseiluko buruari helaraziko dio, ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuko titularrak izenda ditzan foru agindu baten bidez.

5. Lau urteko agintaldia izanen dute kideek, eta hura iraupen bereko epetan berritzen ahal da. Kargualdia bukatzeagatik ez beste edozein arrazoirengatik uzten bada kargua, ordezten duen kontseilukidearen kargualdia bukatu arte arituko da titular berria.

10. artikulua. Genero berdintasuna.

Ordezkaritza, bai titularrei dagokienez, bai ordezkoei dagokienez ere, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko oreka zaintzen saiatuko da, indarreko araudiak ezartzen duenarekin bat.

IV. KAPITULUA

Antolaketa eta funtzionamendua

11. artikulua. Funtzionamendu araubidea.

1. Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluko osoko bilkurak bilkura arrunta eginen du urtean hirutan bederen, eta bilkura berezia egin dezake kontseiluko buruak hala erabakitzen badu, edo kontseilukideen herenak eskatzen duenean. Eskabidean aipatuko da ukitu beharreko gaien zerrenda, eta aintzat hartu behar den dokumentazioa gaineratuko da.

Eskabidea erregistratu eta gero, bilkura berezia egiteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da.

2. Foru dekretu honetan aurreikusi ez den orotarako, Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluaren antolaketaren eta funtzionamenduaren araubidea honako arau hauetan kide anitzeko organoentzat ezarritakoa izanen da: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

12. artikulua. Bilkuren deialdia.

1. Deialdiak bilkura eginen den data baino zazpi egun natural lehenago eginen dira, gutxienez.

Salbuespen gisa, epe hori berrogeita zortzi ordukoa izan arte laburtzen ahalko da gehienez ere, kontseiluko buruak aintzat hartzen dituen presazko arrazoiengatik.

2. Deialdiak baliabide elektronikoen bidez eginen dira, kide bakoitzak emandako helbide elektronikoan, eta mezu horietan gai-zerrenda ere bidaliko da, eztabaidatzeko beharrezkoa den dokumentazioarekin batera; eta ahal denean, bilkura zein baldintzatan eginen den jakinaraziko da, baita konexio-sistema ere, eta, halakorik balitz, bilkuran izateko eta parte hartzeko beharrezkoak diren baliabide teknikoak zein tokitan dauden ere jakinaraziko da.

13. artikulua. Eraketa.

1. Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluaren eraketa baliozkoa izan dadin, bilkurak egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzeari dagokionez, beharrezkoa izanen da buruak eta idazkariak edo haien ordezkoek parte hartzea, bertaratuz edo urrutitik, baita kontseiluko kideen erdiak ere.

Bigarren deialdia lehena egiteko ezarri den ordua baino ordu erdi geroago izanen da, eta orduan aski izanen da elkartzea kontseiluko burua eta idazkaria, edo haien ordezkoak, hala badagokio, eta gutxienez ere kontseilukideen laurden bat.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, bilkurak ireki ahal izanen dira, aurretik deialdirik egin beharrik gabe, Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluko kide guztiak bildurik direla aho batez erabakitzen badute ekitaldia bilkuratzat hartzea.

3. Kontseiluko buruak Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluaren bilkurak bertan behera utz ditzake. Hala denean, bilkurak zer egunetan eta ordutan jarraituko duen adierazi behar du. Edonola ere, bilkura jarraitzeko ez da beste deialdi formal idatzi bat egin beharko.

14. artikulua. Erabakiak hartzea.

1. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da gai-zerrendan sartuta agertzen ez den deus, salbu, kide anitzeko organoko kide guztiak bildurik daudela, gaia presazko deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanez.

2. Erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira.

3. Organoko kideek kontrako botoa eman edo abstenituz gero, ez dute erabakien ondorioz suerta litekeen erantzukizunik izanen.

4. Interes legitimo baten titulartasuna frogatzen dutenek kide anitzeko organoarengana jotzen ahal dute hark bere erabakien ziurtagiria eman diezaien. Ziurtagiria elektronikoki jaulkiko da, salbu interesdunak berariaz kontrakoa azaltzen badu, Administrazioarekin modu horretan erlazionatzera behartuta egon gabe.

5. Gehiengoaren erabakiarekin bat etortzen ez diren kideek zilegi izanen dute idatzizko boto partikularra egitea, lehendakariak ezartzen duen zuhurtasunezko epe baten barrenean. Boto hori testu onetsiari erantsiko zaio.

15. artikulua. Adituak eta lantaldeak bertaratzea.

1. Bertan laguntza emateko beharrezkotzat jotzen diren adituak joaten ahalko dira Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluaren bilkuretara, baldin eta buruak deitu badie bere ekimenez edo kontseiluko beste kide batek eskatuta.

2. Lantaldeak eratzen ahalko dira Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluan hala eskatzen duten gai espezifikoak lantzeko, eta zehatzago, Nafarroako baso-planarekin edo -estrategiarekin lotutako lanak ezartzeko. Lan-mahai espezifikoak eratuko dira zeregin horretarako.

16. artikulua. Aktak.

Idazkariak akta eginen du Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluko osoko bilkurak edo sortzen ahal diren lantaldeek egiten duten saio bakoitzari buruz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 27. artikuluan ezarri bezala.

17. artikulua. Publizitatea.

Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluak, maiatzaren 17ko Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 5/2018 Foru Legeak ezartzen dituen publizitate aktiboaren betebeharrak betetzeaz gain, proposatuko du bere bilkuretan ukitutako eta interes publikokoak diren gaiei buruzko alderdirik esanguratsuenak argitaratzeko, Nafarroako Gobernuak eskura dituen bitartekoen bidez.

18. artikulua. Urteko memoria.

Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluko idazkariak prestatuko du, urtero, bere jardunei buruzko memoria bat.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Nafarroako Foru Komunitateko Oihangintzako Kontseilu Aholku-emailea sortzen duen otsailaren 12ko 107/1996 Foru Dekretua.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Garatzeko gaikuntza.

Ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuaren titularrari ahalmena ematen zaio behar diren egintza eta xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko ekainaren 23an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2110093