168. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 20a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

24/2021 FORU AGINDUA, uztailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua. Horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Neurri horiek Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak baimendu zituen, eta uztailaren 2tik 29ra bitarte izanen dituzte ondorioak, biak barne.

Foru agindu horren bigarren apartatuan aurreikusita zegoen neurriak luzatu, aldatu edo indarrik gabe uzten ahal zirela, egoera epidemiologikoaren arabera.

Ildo beretik, zioen azalpenean adierazi zen ezen neurri horiek uztailerako ezartzen zirela, aurreikusten baitzen, txertaketaren inpaktuari esker, egoera epidemiologikoak maila apalean jarraituko zuela. Dena dela, xedatu zen ezen, unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera, uztailaren 29a baino lehen aldatzen ahalko zirela.

Hori horrela, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 5eko 23/2021 Foru Aginduaren bidez aldatu zen 22/2021 Foru Agindua (Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz).

Azken asteotan, egoera epidemiologikoa laster aldatzen ari da, bai Nafarroako Foru Komunitatean, bai gainerako autonomia erkidegoetan.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egindako txostenaren arabera, uztailaren 5etik uztailaren 11ra bitarteko astean 2.388 kasu atzeman dira PCR bidez edo antigeno testen bidez (362 kasu 100.000 biztanleko); hau da, intzidentzia-tasa aurreko astekoa baino %77 handiagoa da. Kasu gehienak gazteen bilera handiekin eta ekitaldi sozialekin lotuta daude.

Intzidentzia-tasa izugarri handia da 15-24 urte bitarteko adin-taldean (2.268 kasu 100.000 biztanleko), eta hirukoiztu egin da 25-34 urte bitartekoenean (570 kasu 100.000 biztanleko).

Transmisioari dagokionez, aste honetan, testuinguru sozialetan kutsatu dira kasuen %40a, eta kutsatzeen jatorria ezezaguna da kasuen %40an. Bigarren maila batean, gora egin du bizikideen arteko transmisioak (%18).

Oinarrizko ugaltze indizea (Rt), uztailaren 15ean, 1,53koa da.

Delta aldaera nagusitu da, kasuen %86 horrelakoak baitira, eta haren hedadura gorantz doa azkar-azkar. Aldaera hori lotua dago ospitaleratzeko aukera gehiagorekin, transmisio handiagoarekin eta txertoaren eraginari ihes egiteko nolabaiteko gaitasunarekin. Hortaz, izugarri garrantzitsua da osasun arloko langileen jarraibide guztiak begiratzea gehiago heda ez dadin. Beste aldaera batzuek eragindako kasuek ere gora egin dute. Horrek iradokitzen du, aldaera berriez gainera, prebentzio neurrietan gertatzen ari den gehiegizko erlaxazioa ere eragin handia izaten ari dela kutsatu kopuruaren igoeran.

Aurreko astearekin alderatuta, COVID-19aren ondoriozko ospitaleratzeak 12tik 16ra igo dira, eta ZIUn sartu direnak 3tik 4ra. Ez da hildakorik izan. Aste honetan ospitaleratu dituztenak 18 eta 94 urte bitartekoak dira, eta horietarik erdiek 40 urte baino gutxiago dituzte.

Uztailaren 16an argitaratutako datuen arabera, Nafarroa da intzidentzia-tasa metatu handiena duen bigarren autonomia erkidegoa 14 egunean (893,9 kasu 100.000 biztanleko) eta 7 egunean (500,9 kasu 100.000 biztanleko), eta ratioa 1,78koa da; horrek adierazten du goranzko joera duela. 14 eguneko eta 7 eguneko intzidentzia metatua estatu osoko batezbestekotik gora dago (537,3 eta 300,8 kasu 100.000 biztanleko), 1,79ko ratioarekin. Horrek ere antzeko goranzko joera adierazten du.

Adin-taldeka, 14 egunean metatutako intzidentziari dagokionez, nabarmentzekoa da Nafarroa dela 12-19 urte bitartekoen adin-taldean intzidentzia-tasa handiena duen erkidegoa (4.226,1 kasu 100.000 biztanleko). Tasa hori autonomia erkidego guztien batezbestekoaren hirukoitza da, eta hurrengo erkidegoarena (Gaztela eta Leon) baino 1,6 aldiz handiagoa.

Horrez gain, 20-29 urte bitarteko adin-taldeari dagokionez, Nafarroa da 14 egunean metatutako intzidentzia-tasa handienetakoa duen bigarren erkidegoa (2.957,4 kasu 100.000 biztanleko), Gaztela eta Leonen atzetik. Tasa hori autonomia erkidego guztien batezbestekoa baino 1,8 aldiz handiagoa da.

Gorantz segitzen dute 14 eta 7 egunean metatutako intzidentziek, eta muturreko balioetan gaude, 2020ko udazkenean izan genuen bigarren olatuan bezala.

Ratioa 1,7koa da, eta horrek adierazten du joera goranzkoa dela.

Azken 4 egunetan nabarmen areagotu dira ospitaleratzeak, hain zuzen ere 5. olatu hau hasi zenetik ia 2 aste igaro ondoren.

ZIUn sartzen direnen kopurua ere handitzen ari da, baina motelago.

Infekzio aktiboa diagnostikatzeko egiten diren proben emaitzei dagokienez, positibotasun portzentajea %15 ingurukoa izaten ari da egunero.

Oso deigarria da antigenoen test azkarren emaitzen positibotasun maila handia, %20tik gorakoa, test horiek egiten baitzaizkie sintomengatik kontsultatzen duten pertsonei.

Txostenaren ondorio gisa adierazten da beharrezkoa dela interakzio soziala murrizteko prebentzio neurriak hartzea, transmisioa geldiaraziko bada, pixkanaka-pixkanaka hurrengo adin-taldeetara hedatzen ari baita. Horrez gain, txostenean esaten da ezen, kontuan izanik aurretik hartutako neurriekin izandako esperientzia, eragin garrantzitsua izan baitute interakzio soziala murrizteko, gomendatzen dela gaueko joan-etorriak gutxiagotzea eta kalejirak eta horrelako ospakizunak atzeratzea, horietan jende asko elkartzen baita espazio ez oso handietan, haien artean interakzio sozial handiagoa sortuz.

2021eko uztailaren 18an, Nafarroako Ospitaleguneko zuzendari kudeatzaileak txosten bat eman du Nafarroan, COVID-19aren ondorioz eskainitako ospitaleko asistentziaren egoeraren bilakaerari buruz.

Txosten horretan adierazten denez, izugarri handitu da kutsatze berrien kopurua azken hiru asteotan, aurreko hiru olatuetan ikusi ez den bezala, non antzeko gaitasun diagnostikoa genuen. Ekainaren 20an 21 kasu diagnostikatu baziren, 624 kasu diagnostikatu dira uztailaren 14an. Hazkunde hori gertatu bada, honengatik izan da: ikasturte bukaerarekin lotutako agerraldiengatik eta eragin superkutsatzailea izan duten ekitaldi masiboengatik, hasiera batean gazteriarekin lotzen direnak. Nabarmentzekoa da Delta aldaeraren intzidentzia: maiatzaren 27ko astean detektatu zen lehen aldiz, eta aztertutako laginen %2,7 ziren horrelakoak. Uztailaren hasieran, berriz, aztertutako laginen %80tik gora ziren horrelakoak. Aldaera horrek eragin du Nafarroan gaur egun dagoen egoera, eta biztanleen artean azkar hedatu izana, batez ere txertorik hartu ez duten edo txertaketaren pauta osoa ez dutenen artean; baina txertatuta daudenei ere eragiten die.

Pixkanaka, areagotuz joan dira COVID-19arekin zerikusia duten larrialdiei erantzuteko eskaerak, aste honetan 191 eskaera izateraino. Horrela, bada, oraintsu arte 3 lagun artatzen baziren egunean, 37 artatu behar izan ziren uztailaren 17an. Azken asteotan, 48 ordutan pertsona bakarra ospitaleratzetik, ospitaleratze ugariko egunak izatera pasatu gara: 11, 15 eta 9 ospitaleratze uztailaren 15ean, 16an eta 17an, hurrenez hurren. Ekainaren 27an 20 pertsona zeuden ospitaleratuta; uztailaren 17an, berriz, 55. Uztailaren 12ko astean, 49 ospitaleratze metatu dira. Asteko ospitaleratzeak bider 12 egin dira hiru astetan. Azken hiru asteotan, pixkanaka areagotuz joan da ZIUn sartutakoen kopurua (7 lagun uztailaren 12ko astean), eta 20 eta 40 urte bitarteko pertsonak sartzen hasi dira.

Uztailaren 17 eta 18ko asteburuan, 31 pertsona ospitaleratu dituzte.

Hori horrela izanik, bidezkoa da uztailaren 5ean hartutako neurriei eustea eta beste batzuk hartzea, presakoak, proportzionatuak eta selektiboak, kutsatzeei bide ematen dieten espazioak minimizatzeko, bereziki ekitaldi superkutsaileak deiturikoak (espazio horietan jende asko elkartzen baita, eta harreman sozialak etengabeak baitira, maskararik eta segurtasun-tarterik gabe). Ekitaldi horiek eta aldaera berrien kutsakortasun maila handia direla-eta, gazte ugari kutsatu dira “kale-zurruta” bezalako topaketetan edo festa pribatuetan (gauez egin ohi direnetan), eta transmisio bide berriak sortu dira (makro-agerraldiak). Horrenbestez, mantendu eginen da taberna bereziak, ikuskizunetarako kafetegiak, diskotekak eta dantzalekuen lizentzia duten establezimenduak irekitzeko ordutegiaren muga, 1:00ean itxi beharko baitute. Horrez gain, mugatu –eta ez galarazi– eginen dira gaueko joan-etorriak, ordu horretatik goizeko 06:00etara, arrisku larriko mailan dauden udalerrietan (hau da, intzidentzia-tasa 250 kasutik gorakoa bada 100.000 biztanleko 14 egunean, eta 125 kasutik gorakoa 7 egunean). Oro bat, jende pilaketak saihesteko neurri berriak ere ezartzen dira, batez ere prebentzio neurriak lasaitzen diren ekitaldietan, hala nola kalejiretan, (Nafarroako udalerrietan arrisku egoerak eta kutsaketak eragin baitituzte), herri bazkarietan eta aire zabaleko zezen-ikuskizunetan (zezen-plazetatik kanpo egiten direnetan). Azkenik, neurri sinergiko horien multzoa ixteko, eremu publikoetan bildu daitekeen pertsona kopurua ere mugatzen da: 10 lagun gehienez. Salbuespena izanen da, ohi den bezala, hamar kidetik gorako bizikidetza-unitateen kasua, baldin eta aldatzen den foru aginduan jasotako mugen arabera baimenduta badaude.

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta, betiere, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Aldatzea Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz:

1. Lehenengo apartatuaren 3.1.1.h) puntua aldatzen da. Hona hemen testu berria:

h) Ostatuen barnealdeak 1:00ean itxiko dira beranduenez.

2. Lehenengo apartatuaren 4. puntua (Diskotekak eta dantzalekuak) aldatzen da 4.6 azpipuntuari dagokionez. Hona hemen testu berria:

4.6. 1:00ean itxiko dira beranduenez.

3. Lehenengo apartatuaren 29. puntua (Bingoak, eta joko-, apustu- eta jolas-aretoak) aldatzen da 29.3 azpipuntuari dagokionez. Hona hemen testu berria:

29.3. 1:00ean itxiko dira beranduenez.

4. Lehenengo apartatuaren 32. puntua aldatzen da. Hona hemen testu berria:

32.–Kalejirak.

Ez da segizioa duen kalejirarik baimenduko.

5. Lehenengo apartatuaren 34. puntua aldatzen da. Hona hemen testu berria:

34.–Herri bazkariak.

Ez da herri bazkaririk baimenduko.

6. Lehenengo apartatuaren 35. puntua (Zezen-plaza, esparru eta instalazioen jarduera) aldatzen da 35.5 azpipuntuari dagokionez. Hona hemen testu berria:

35.5. Ez da zezen-ikuskizunik baimenduko zezen-plazatzat hartzen ez diren aire zabaleko tokietako jarduerak direnean.

7. Lehenengo apartatuaren 39. puntua aldatzen da. Hona hemen testu berria:

39.–Bilerak eremu publikoan eta pribatuan.

1. Ez dago baimendua 10 pertsonatik gora biltzea eremu publikoan, horiek bizikideak ez badira, eta ez da gomendatzen halakorik egitea eremu pribatuan, edota bilera horietan hiru bizikidetza-unitate baino gehiago elkartzea.

2. Mugatzen, baldintzatzen edo debekatzen ahalko dira igarobide publikoetan egiten diren bilerak eta manifestazioak, hots, Konstituzioaren 21. artikuluan araututako oinarrizko eskubidea erabiliz egindakoak, baldin eta ez bada bermatzen kutsatzeak eragozteko behar den segurtasun-tartea sustatzaileek aurkeztutako aldez aurreko jakinarazpenean.

3. Ez dira sartuko artikulu honetan aurreikusitako mugan foru agindu honekin bat baimentzen diren jarduerak.

8. Puntu berri bat, 40.a, eransten zaio lehenengo apartatuari. Hona hemen testu berria:

40.–Pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasuna mugatzea Nafarroako Foru Komunitatean.

1:00etik 6:00etara bitarte, COVID-19aren ondorioz arrisku larriko mailan dauden udalerrietan bizi direnak jarduera hauek egiteko bakarrik ibiltzen ahalko dira Nafarroako Foru Komunitateko erabilera publikoko bide edo espazioetatik:

a) Sendagaiak, osasun produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erostea.

b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

c) Larrialdiko arrazoiengatik albaitaritzako zentroetara joatea.

d) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

e) Ohiko bizilekura itzultzea, apartatu honetan aurreikusitako jardueretako batzuk egin ondoren.

f) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

g) Gasolindegietan edo gasolina-zerbitzuguneetan depositua betetzea, aurreko paragrafoetan aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean.

h) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

i) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

Bigarrena.–Foru agindu honetan ezarritako aldaketek ondorioak izanen dituzte argitaratzen diren unetik beretik uztailaren 30eko 0:00ak arte.

Hirugarrena.–Foru agindu hau Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora igortzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak foru aginduari baimen judiziala emateko behar den tramitazioa egin dezan; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Laugarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko uztailaren 19an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2111267