167. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

567E/2021 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena egiten baita bioegonkortze prozesuaren jarduera proiekturako, Nafarroako “Planta de Carcar” hondakinak tratatzeko zentro integralean. Proiektuaren sustatzailea Servicios de Montejurra SA da.

2020ko abenduaren 30ean Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-eraginaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri du Biodibertsitatearen Zerbitzura. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. epigrafean.

21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. 10 erakunderi egin zaie kontsulta eta 3 erantzun jaso dira. Erantzun horien edukia ingurumeneko ebaluazio txosten honen I. eranskinean laburbildu da.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzeari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena emateari buruz ebazpen honetan ezarritako baldintzetan.

Proiektuaren deskribapena.

Gaikako bilketatik ez datozen hondakin organikoen bioegonkortze gune bat eraiki nahi da, Carcarko hondakinen instalazioko iparreko aldean, Carcarko udal-mugarteko 10. poligonoko 370 K azpilurzatian. Horretarako, zolata hormigoiztatu bat (2.000 m²) eta kutsatutako euri-urak biltzeko sistema eraiki behar dira, bai eta ondoriozko produktuak biltegiratzeko gune bat ere. Biltegiratze beharrak kontuan hartuta, 3.120 metro koadroko azalera behar da. Beste 535 metro koadroko azalera ere sartu da inausketaren biltegirako, mugatzeko 2,8 metroko altuerako harresia duena.

II. eranskinean laburturik ageri dira proiektuaren funtsezko datuak, eta III. eranskinean, berriz, ingurumen dokumentuaren alderik aipagarrienak.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Kontsulten emaitzak kontuan izanik, eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, honako hau jakinarazi du:

Aztergai dagoen proiektuan, ingurumenari lotutako alderdi nagusia da bere exekuzio osoa ES2200031 kontserbazio bereziko eremuaren (KBE) barruan dela: Estellerriko Erriberako igeltsuak. Dena den, Natura sarearen gune horren gaineko inpaktua murrizten da, bai instalazio berrien kokapenagatik (daudenen alboan, Carcarko hiri hondakinak tratatzeko instalazioan), bai laborantza lurrak besterik ez ukitzeagatik (hautsa eta gai hegalarien isurketengatik, bada zeharkako afekzioaren arriskua lehentasunezko habitatetan: 1520 eta 6220 lehentasunezko habitatak gertu daude). Gune horren gaineko integritatea bermatzen da proiektuarekin doan ingurumen dokumentuan dauden ingurumen inpaktuaren prebenitzeko eta zuzentzeko neurriak aplikatzen direnean, bai eta ingurumen ebaluazio txosten honetan proposatzen direnak ere.

Bada kontuan hartu beharreko beste ingurumen inpaktu bat: behin jarduera martxan dagoenean, faunaren gainean izaten ahal duen eragina. Inguru horretan dagoen berezko fauna taldea zerealen laborantzari lotuta dago. Horren barruan estepako hegaztiak nabarmendu behar dira, zaurgarriak eta urriak baitira. Instalazio mota horretan dagoen hondakinak jateko aukera fauna oportunista erakartzen ahal du, hala nola hegazti haratusteljaleak, zikoinak, ardeidoak eta lurreko haragijaleak, eta horiek inguruko fauna ordezkatzen ahal dute. Horregatik, ezinbestekoa da inpaktu hori prebenitzeko neurri egokiak hartzea; horietako batzuk dagoeneko martxan ditu instalazioak (soinu emisioak), eta beste batzuk ingurumen dokumentuan jasotzen dira.

Lixibiatuak eroateko sistemak, eta plataformaren hormigoiztatzeak berak, bermatzen dute lurrak eta urak (azalekoak zein lur azpikoak) kutsaduraren kontra babestea. Lixibiatuak eroateko sistema honelakoa da: biegonkortze plataformatik datozen lixibiatuak putzura, gero kutxatilara eta hortik, bertan dagoen eroanbidetik, instalazio guztietako lixibiatuak hartzen dituen putzu orokorrera eta, bukatzeko “0” isurketa ibilgu publikora.

Paisaiari dagokionez, proiektuak handitzen du eremuan aldatutako paisaiaren azalera, baina instalazio berria ibarbide batean dago, erliebe gorabeheratsu baten barruan, eta horrek ikusgarritasun kentzen dio, eta duen inpaktua murrizten du.

Proposatutako jarduerak kiratsa eragiten du, gai organikoek deskonposatzean eta egonkortzean eragindakoa. Inpaktu hau ere bateragarria da, instalazioak ibarbidean baitaude eta 3 km baino gehiago baitaude industria area bateraino eta 4 km baino gehiago herriraino.

Bestetik, hondakinak kudeatzeko metodo egoki eta komenigarritzat jotzen da bioegonkortzearen bidez gai organikoak kudeatzea, gero erabiltzeko, klima aldaketaren eta baliabideen optimizazioaren gainean eragin onuragarriak baititu. Alde horretatik, bere inpaktua positiboa da.

Horiek horrela, inpaktua prebenitzeko eta zuzentzeko, ingurumen dokumentuan jasotako neurriak eta txosten honetan proposatzen direnak hartzen badira, proiektuak eta hura martxan jartzeak izanen duten osoko inpaktua bateragarritzat kalifikatzen da eta barnean hartzen duen Natura sareko espazioaren integritatea errespetatzen du.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua egikaritzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, zehazten du ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako determinazioak betetzen badira, baita funtzionamendurako behar diren baldintza guztiak ere; horiek proiektuaren funtsezko baimenean txertatuko dira.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako “Planta de Carcar” hondakinak tratatzeko zentro integralean bioegonkortze prozesuaren jarduera proiektuak, zeina Servicios de Montejurra SAk sustatu baitu, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan adierazten den baldintzetan, eta, beraz, ez da hari buruzko ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntik egin behar, 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusi bezala.

2. Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du baldintza hauek betetzea:

Inpaktua prebenitzeko eta zuzentzeko, ingurumen dokumentuan bildutako neurri guztiak aplikatu beharko dira, eta bereziki honako hauek, txosten honetan ezarritako determinazioekin:

–Lanak hasi baino lehen, lan esparrua obretako zintarekin zedarrituko da, hondeaketa egin behar den alorretako azalera mugatzen duten larreen eta sasidi gipsofiloen eremuetan inongo afekziorik ez eragiteko. Neurri hau ere aplikatuko da bide berria irekitzearen ondoriozko afekzio zerrendan.

–Gutxienez 30 cm-ko profil batean geruza bat landare-lur kenduko da eta bereiz metatuko da zabortegi aktiboaren ontziaren landareztatzean erabiltzeko, edo erreserbatuko da proiektuak ukitutako eremua leheneratzeko, instalazioa eraisteko fasean.

–Perimetro-paretak eraikiko dira, eta arreta berezia jarriko zaio mendebaldeko mugatik hegoaldeko muturrera doanari, 2,8 metro altuerakoa, materiala haizetik babesteko eta kiratsa ez hedatzeko.

–Hesi berrian eta orain dagoenaren gainean beste sare xehe bat jarriko da (1,0 cm), beheko partean eta kanpoaldean, gutxienez 50 cm-ko altueraraino, eta bermatuko da lurrarekin kontaktua duen beheko aldeak zulorik ez izatea, ezta egiteko modurik ez egotea, lurretik animaliak sar daitezen saihesteko. Itxituraren goiko aldeak ez du txarrantxarik izanen, bertan hegaztiak harrapatuta gera ez daitezen.

–Ez da iraultze, metatze eta birrintze lanik eginen baldintza atmosferiko desegokiak dauden egunetan. Instalazioaren azalera egunero garbituko da, eta pilatutako hondakinetatik inguruetara hegan joandakoak garbituko dira astean behin gutxienez.

–Ingurumenaren arloko jarraipen planak aztertuko eta analizatuko du fauna basatiaren erakarpena instalazioetara. Egonkortzen ari diren gaien metek hegazti haratusteljaleak edo oportunistak erakartzen dituztela ikusten bada, instalazioa estaliko da guztiz sare xeheena duen oihala paratuz. Hamabost egunean behin kanpoko hesiaren egoera errebisatuko da.

–Lixibiatuak ez doazela libre hormigoiztatutako landatik kanpora egiaztatuko da, eta isurketa osoa behar den bezala bideratuta dagoela putzura, kutxatilara eta lixibiatuen putzura. Larrialdietako sistema bat aurreikusiko da, bilketa sistematik kanpoko isurketen arriskuei aurre egiteko, eurialdi luzeetan eta ohiz kanpoko plubiometria dagoenean.

–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, aintzat hartuko da Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak ezartzen duena, hari igorri behar zaizkiolako egin beharreko indusketa arkeologikoen emaitzak, eta atal horren baimena eskuratu beharko delako, eta zenbait baldintza bete, azkenean gauzatuko diren proiektuei dagokienez.

Dena den, lanak egin bitartean lur azpian agertzen bada aztarna arkeologikoren bat, ordura arte ezezaguna, sustatzaileak gogoratu beharko du legezko betebeharra duela horren berri berehala emateko Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ondare Historikoari buruzko indarreko legediak jasotzen duenaren arabera (Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak).

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Herri-lurren Atalari, Kutsaduraren Prebentziorako Atalari, Carcarko Udalari, Basozaintzari (Lizarrako hegoaldeko barrutia) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko ekainaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Ukituriko administrazio publikoentzat eta pertsona interesdunentzat irekitako kontsulten laburpena

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, kontsulta egin zaie ukitutako administrazio publiko eta pertsona interesdun hauei:

TALDE ETA PERTSONA INTERESDUNAK

NOIZ ERANTZUNA

CARCARKO UDALA

XX

2021/4/20

VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEA-KULTURA ZUZENDARITZA NAGUSIA

LURRALDEAREN ANTOLAMENDUAREN ATALA

XX

2021/4/16

NEKAZARITZAKO AZPIEGITUREN ZERBITZUA

HERRI-LURREN ATALA

XX

2021/5/5

EBROKO KONFEDERAZIO HIDROGRAFIKOA

EKOLOGISTAK MARTXAN IRUÑEA-ECOLOGISTAS EN ACCIÓN

GURELUR-INGURUNE NATURALA BABESTEKO NAFARROAKO FUNTSA

LURRA LURRAREN DEFENTSAREN ALDEKO ELKARTEA

SUSTRAI ERAKUNTZA FUNDAZIOA

Apirilaren 20an emandako txostenean, Carcarko Udalak honako hau jakinarazi du: Alkatetzak 2020ko abenduaren 28an emandako 2020/274 Ebazpenaren bitartez, txosten bat eman zen, Montejurrako Mankomunitateak hala eskatu baitzuen. Txostenak honako hau adierazten zuen: “proposatutako jarduera ez da hirigintzaren udal araubide indarduneko determinazioen kontrakoa, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokion ingurumen izapidea ebatzi ondoren, titularrak aurreikusitako aldaketa egiten ahalko du, galarazi gabe dagokion obren lizentzien edo beharrezkoak diren beste baimenen tramitazioa”.

Bestetik, adierazten du proiektuak ukitutako azalera Carcarko Udalaren herri-lurrak direla, eta horiek 1991n, uztailaren 24ko 249/1991 Foru Dekretuaren bitartez, Jurramendiko Mankomunitateari erabilera lagatzeko desafektatutako azaleraren perimetrotik kanpo daudela. Hortaz, behar den azaleran herri lurretarako erabilera aurrez desafektatu beharko da, eta Nafarroako Gobernuak baimena eman.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak jakinarazi du atal horrek ez duela txostenik emanen prozeduraren fase honetan, kutsaduraren aurkako prebentzioaren, ingurumen inpaktuaren eta lurraldearen antolamenduaren atalen koordinazio protokoloari jarraikiz. Kasua bada, lurzoru urbanizaezinaren jarduerarako baimena jarduera lizentziaren barruan sartuko da, halakorik behar bada, edo obren udal lizentzian, 1/2017 FLDaren 117. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Herri-lurren Atalak jakinarazten du Carcarko 10. poligonoko 370. herri-lurzatian egin nahi den jarduerak sustatzaileak herri-lur hori bakarrik harentzat erabiltzea dakarrela eta hori ez dela bateragarria uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak aurreikusten duen herri-lurretako ezein aprobetxamendurekin. Hori dela eta, herri-lurraren berezko aprobetxamendua eta erabilera baldintzatuta gelditzen da, eta udala ez denez sustatzailea, instalazioa egin aurretik, Carcarko Udalak herri-lurrak desafektatzeko nahitaezko espedientea izapidetu beharko du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritakoarekin bat.

II. ERANSKINA

Proiektuaren laburpena

Gaikako bilketatik ez datozen hondakin organikoen bioegonkortze gune bat eraikitzeko proiektua da, Carcarko hondakinen instalazioko iparreko aldean. Horretarako, zolata hormigoiztatu bat (2.000 m²) eta kutsatutako euri-urak biltzeko sistema eraiki behar dira, bai eta ondoriozko produktuak biltegiratzeko gune bat ere; 4 m-rainoko metetan biltegiratuko dira, 3.120 metro koadroko azaleran. Beste 535 metro koadroko azalera ere sartu da inausketaren biltegirako, mugatzeko 2,8 metroko altuerako harresia duena.

Prozesu honetan egun tratatzen den kantitatea 9.000 tonakoa da urtea. Hondakin horiek metetan egonkortzen dira eta iraultzen dira, gutxi gorabehera 8 astez. Fase horretan bolumena eta pisua gutxitzen dira, gutxi gorabehera %33. Horren ondotik, finketa linean tratatuko dira, hortik gutxi gorabehera %30 material biegonkortu gisa aterako da, lurrak tratatzeko gai dena (urteko 2.700 t).

Bestetik, bioegonkortutako materiala gehienez 2 urtez biltegiratuko da, erabilia izan arte; hortaz, material horren 5.400 t biltegiratzea aurreikusten da. Inausketari dagokionez, urteko 1.000 t sartuko direla aurreikusten da eta hiru hilabetetik behin txikituko dela.

Hondakindegiko egungo ontziko lixibiatuen putzura doazen lixibiatuen tratamendua, berriz, ez da hartzen putzu horren guztizko isurketa handitzea balitz bezala, eremu berria martxan jarriko baita nabe berri bat eraikitzen denean. Horrek estaliko du gaur egun iparreko aldean (baxuagoa da) aire zabalean dagoen eremuaren zati bat, eta proiektu honi dagokion antzeko azalera izanen du.

Obrei dagokienez, lehenengo hormigoiez zolatuko da zabalgunea, 6.000 metro karratuko azaleran, eta gero honako hauek egin beharko dira: zabalgunearen azalera osoa garbitu eta soildu, gutxi gorabehera 20 cm sakon; lurzatiko landare-lurra kendu, gutxi gorabehera 50 cm lodiera; lursaila erauzi eta betelanak egin, kasuan kasuko planoak lortu arte, kutsatutako euri-urak behar bezala eramateko; eta zabor naturalaren bi geruza zabaldu.

Zabalgunerako sarbidea hobetuko da mendebaldetik, hormigoizko akabera izanen du, eta sarbide berri bat irekiko da hegoaldetik, hormigoizko akaberarekin.

Hormigoizko murru bat eraikiko da haize-babes moduan, materialak hegan kanpora ateratzea saihesteko: 2,80 metro altuera izanen du agerian, eta 25 cm lodiera. Murru hori hormigoizko zabalgunean zabalduko da, 55 metro mendebaleko albotik eta 10 metro hegoko albotik. Carcarko instalazioan, haizeak nagusiki mendebalde eta ipar-mendebaldetik jotzen du, hortaz, murrua oso baliagarria izanen da.

Hormigoiztatutako eremuaren perimetroan hormatxo bat eraikiko da: 60 cm altuera izanen diru agerian, eta 25 cm lodiera (salbu eta sarbidean, iparreko aldean eta haize-babeserako murruaren inguruan).

Tortsio bakuneko hesia kenduko da. Hesi horrek jarduketaren eremuko mendebaleko eta hegoko alboak ixten ditu. Horren ordez, tortsio bakuneko hesi berri bat jarriko da iparreko eta ekialdeko alboetan, hegoan dagoen hesiarekin ixteko. Hego-ekialdeko muturrean bi ate berri jarriko dira, bidearen barnean.

Zabalgune berriak jasoko dituen euri-ur kutsatuak bideratu behar dira ur beltzen kanalizaziora, malda planoen, kutxatilen eta hodien bidez. Ur beltzen kanalizazio hori hondakin-uren araztegitik lixibiatuen putzuetara doa, zabalguneko mendebaleko albotik.

III. ERANSKINA

Ingurumen dokumentuaren laburpena

Proiektuaren batera ingurumen dokumentu bat dago, eta bertan proiektuaren eta haren jardueren deskribapen bat dago, baita alternatiben analisi bat ere. Analisiak “0 alternatiba” sartzen du, eta aukerarik onena bezala “2. alternatiba” hautatzen du, ingurumenaren aldetik eta teknikoki egokiena izateagatik. Alternatiba hori Carcarko udal-mugarteko 10. poligonoko 370 K azpilurzatian dago.

Ingurunearen inbentario zehatz bat egiten da: abiotikoa, biotikoa, pertzepziozkoa, sozioekonomikoa eta kulturala.

Ingurumen inbentarioari dagokionez, azterketak inguruko flora eta faunaren deskripzio egokia egiten du, eta identifikatzen du hondakindegiaren jarduerak eragin garbia duen eremu bat. Lehorreko laborantzako lurzati bat da, eta bertan lehentasunezko habitateko formazioak daude: 1520 “Itxiokorri sastrakak, erromerodiak eta ezkaidiak” eta 6220 “Urterokoen eta bizikorren larre mediterranear xerofitikoak” daude inguru horretan (Natur Habitatak eta Basa Fauna eta Flora Zaintzeari buruzko Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentaraua, 1992ko maiatzaren 21ekoa, I. eranskinean). Faunari dagokionez, identifikatzen du inguruak duen komunitate potentziala, estepako eta lehorreko laboreei lotutakoa. Hori aldatuta dago, hiri-hondakin solidoen zabortegi baten ondoan baitago, eta horrekin espezie oportunistak eta haratusteljaleak sartzen dira.

Ez da ikusi urriaren 16ko 254/2019 Foru Dekretua jasotako espezie mehatxatu eta/edo interesekoetako bat ere. Foru dekretu horren bidez, babes berezia duten basa espezieen Nafarroako zerrenda ezartzen da, Nafarroako florako espezie mehatxatuen katalogo berria ezartzen da eta Nafarroako faunako espezie mehatxatuen katalogoa eguneratzen da.

Proiektuak ukitutako eremu osoa ES2200031 KBEren barruan dago: Estellerriko Erriberako igeltsuak Beste eranskin batean, ingurumen dokumentuak atxiki ditu KBRren gaineko proiektuaren afekzioen azterketa.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari eskatutako txostenaren zain, ez da espero kultura ondarearen gainean inongo afekziorik.

Ingurumen dokumentuak dio intzidentziarik handieneko inpaktuak izaten ahal direla hormigoiztatutako landatik (hondakinen bioegonkortze prozesua egiten da bertan) doazen lixibiatuen presentziaren ondorio, baina horiek lixibiatuen kutxatilarantz bideratuko dira. Kutxatila hori landako ipar-mendebaleko muturrean eraikiko da, lixibiatuen putzuekin lotu ondoren, azaleraren beheko gune batean, eta kontrol-putzu batetik oso hurbil egonen da. Nolanahi ere, inguru horretatik gertu ez dago azaleko uraren ibilgu garrantzitsurik.

Inpaktuak gutxitzeko neurriak direla eta, ez da espero ondorio nabarmenik ondoko landare formazioen –horietako batzuk intereseko eta lehentasunezko habitatekoak dira (1520/6220)– eta faunaren gaineko inpaktuei dagokienez (hautsak, zaratak, makinek, makinen lanak eta abarrekoek eragindako molestiak), ezta ES2200031 KBE Estellerriko Erriberako igeltsuak espazioaren integritatearen gainean ere.

Paisaiaren gaineko eta kiratsa zabaltzearen ondoriozko eragina bateragarritzat jotzen dira, instalazio berria ibarbide batean baitago eta pertsona kopuru handia dauden lekuetatik urrun (NA-122 errepidea eta herriak).

Proiektua exekutatzen den bitartean inpaktuak prebenitzeko eta zuzentzeko zenbait neurri proposatzen dira: obrak hasi aurretik azalera argi zedarritzea; murru perimetralak eraikitzea, materiala haizearen kontra babesteko; lixibiatuak kutxatiletan biltzea; sarbideak, hesiak eta seinaleak hormigoiztatzea; lehentasunezko habitaten gainean zuzeneko afekziorik ez eragitea; eta lurra modu ordenatuan hondeatzea, geruzen arabera bereiziz, gero horiek instalazioetan erabiltzeko, horien ezaugarrien eta izaeraren arabera.

Ustiatzen den bitartean, inpaktuak prebenitzeko honako neurri hauek proposatzen dira: instalazioek basa fauna erakartzearen inguruko azterketa eta analisi bat egitea; kontrol neurriak, lixibiatuak lixibiatu putzuetan bildu eta kudeatzeko sistema ezartzea; materiala hezetzea; isurketa lausoak segitzea eta kontrolatzea; inausketarekin iraultze, metatze eta birrintze lanak egitea baldintza atmosferiko oneko egunetan; metak modu ordenatuan eta zehaztutako altueratan jartzea, ohiko haizearen aldeko orientazioarekin; eta instalazioa eta inguruak hegan joandakoetatik egunero garbitzea.

Halaber, instalazioak eraisten direnerako ixteko neurriak aurreikusten dira.

Dokumentuak duen segimendu eta ingurumena zaintzeko plana osoa eta nahikoa da.

Iragarkiaren kodea: F2109875