167. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

690/2021 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean herri bazkariak egiteko erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko betebeharra ezartzen duena.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Foru agindu horretan, une hartako egoera epidemiologikoa aintzat harturik, neurriak areago malgutzen ziren, egokitu behar baitzitzaizkion Nafarroako Foru Komunitateko arrisku maila txikiari, adierazle guztiek une honetan hala dela erakusten baitute. Malgutzen dira, oraingoan ere, ostalaritzaren eta jatetxeen sektoreko neurriak, baita diskoteka, dantzaleku, bingo, joko- eta josteta-aretoetakoak ere. Oraingo honetan, alabaina, itxiera ordutegiak bereizten dira, bateragarriak izan daitezen jarduera ekonomikoa eta osasun publikoaren babesa. Ordutegiak ezartzeko, aztertu da zer eratako jarduerak dituzten establezimenduek, lizentzian jasotakoaren arabera, eta oinarritzat hartu dira irailaren 23ko 201/2002 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituz ezarritako ordutegiak (foru dekretu horren bidez arautu zen ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra). Orobat, neurriak malgutzen eta edukierak handitzen dira kulturaren, kirolaren eta merkataritzaren sektorean, besteak beste, eta arautzen dira, era berean, bereziki udan gauzatzen diren zenbait jarduera, hala nola feria jostetak, haurrentzako eta gazteentzako aisialdi jarduerak, haurrentzako aisialdiko lokalak, kalejirak, herri bazkariak, zezenketak eta beste.

Aipaturiko Foru Aginduaren 34. puntuan ezartzen da, instalazioetan edo foru agindu honen 3. puntuan adierazten ez diren guneetan egiten diren herri bazkariak arautuko direla ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduko 3.1.1. puntuan, 3.2.2. puntuan eta 9.2.1. puntuan ostalaritza eta jatetxeen sektorerako ezarritako aginduen arabera.

Foru Agindu horretako 3.1.1. puntuan honako betebehar hauek ezartzen dira: Edukiera baimendutako gehienekoaren %60 izanen da, eta kontsumoa beti mahaian eserita. Kontsumitzaileek barrak erabiltzen ahalko dituzte edariak eskatu eta jasotzeko. Zilegi da tabureteak dituzten mahaietan kontsumitzea, barraren ondo-ondoan daudenetan. Mahaiak bi lagunentzat izanen dira gehienez, eta haien artean 1,5 metroko tartea utzi beharko da. Mahaien artean edo mahai multzoen artean 1,5 metroko tartea utziko da, mahaien ertzetik neurtuta; mahaien edo mahai multzoen okupazioa ez da sei pertsonatik gorakoa izanen, eta 70 cm-ko segurtasun-tartea bermatuko beharko da pertsonen artean; maskara jantzita eraman beharko da uneoro, salbu eta kontsumitzeko unean. Kontrolatuko da bezeroek maskara behar bezala erabiltzen dutela.

3.2.2. puntuan, toki irekiei buruzkoan, ezartzen da mahaien edo mahai multzoen arteko tartea 1,5 metrokoa izanen dela, mahaien ertzetik neurtuta, eta mahai bakoitzean hamar lagun elkartuko direla gehienez, pertsona horien artean 70 cm-ko segurtasun tartea bermatuz. Derrigorrezkoa izanen da maskara uneoro jantzita eramatea, salbu eta kontsumitzeko unean. Kontrolatuko da bezeroek maskara behar bezala erabiltzen dutela.

Bestetik, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduko 9.1.2. puntuak, besteak beste, ospakizun sozialetarako muga bat ezartzen du. Muga hori 75 pertsonakoa da barnean egiten diren ospakizunetarako eta 150 pertsonakoa kanpoaldean egiten direnetarako.

Osasun neurriak betetzen direla bermatzeko, eta herritarren artean, batik bat gazteen artean, kutsapena zabaltzea eragozteko, bidezkoa da herri ospakizunen antolatzaileei Osasun Departamentuan erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezteko betebeharra ezartzea arauetan eskatzen diren baldintzak betetzea bermatzeari buruz.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea ebazpen honen eranskin gisa ageri den erantzukizunpeko adierazpen eredua, herri bazkarien antolatzaileek sinatuta aurkeztu beharko dutena.

2. Erantzukizunpeko adierazpenak ospakizuna egin baino zazpi egun lehenago aurkeztu beharko dira, honako helbide elektroniko honetan: comunicaciones.sgtsalud@navarra.es. Behin adierazpena bidalita, antolatzaileek herri bazkaria egin ahal izanen dute, administrazioaren baimenik jaso gabe ere.

3. Ebazpen hau igortzea, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Barne Zuzendaritza Nagusira, Gobernuaren Ordezkaritzara, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Teknikora.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2021eko uztailaren 2an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

I. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, Nafarroan herri bazkariak egiteko baldintzak betetzeari buruzkoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2110938