167. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

86E/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 12koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nafarroako industria jardueraren ikuskapenerako 2021eko programa onesten duena.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauak, industriako emisioei buruzkoak (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak), aurretiazko oharren (26) puntuan ezartzen duenez, Europar Batasuneko estatuek ingurumen ikuskapenak egiteko sistema bat ezartzearen alde egin behar dute. Sistema horrek behar den ezagutza eta titulazioa duten behar adina langile izanen ditu, ikuskapenak eraginkortasunez egiteko.

Zehazki, ingurumen arloko ikuskapenei buruzko 23. artikuluan ezartzen da Europar Batasuneko kideek ziurtatuko dutela aipatu zuzentarauaren eraginpeko instalazio guztietan izanen dela ingurumen arloko ikuskapen plan bat, nazio, eskualde edo toki mailakoa, eta plan hori behar denean berraztertzea eta eguneratzea bermatuko dutela.

2010/75/EE Zuzentarauak ingurumena ikuskatzeaz ezartzen dituen baldintzak Espainiako araudira erantsi dira abenduaren 16ko 1/2016 Errege Lege-dekretuaren bidez (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten du), eta zehazkiago Ikuskapenari eta Kontrolari buruzko 815/2013 Errege Dekretuko III. kapituluaren bitartez.

Toki mailan, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak 90. artikuluan ezartzen duenez, urte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren eskumeneko ingurumen ikuskapenak planifikatu beharko dira (foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen). Ildo horretatik, 2021eko ekainaren 22tik aurrera 4/2005 Foru Legearen ordez abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeari jarraituko zaio, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituenari; haren II. tituluan jasota dago ingurumen arloko esku-hartzearen menpe jarritako proiektu, jarduera eta instalazioen ikuskapena eta jarraipena. Horrek ikuskatu beharreko instalazio kopurua nabarmen handitzea dakar, eta ondorioz, 2022ko Programan sartu beharko dira.

Industria jardueren ingurumen ikuskapenerako planak eta programak prestatu eta betetzea Ingurumen Ikuskapenen Atalari dagokio, hala ezarrita baitago Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren 48.a) artikuluan.

Foru agindu honen bidez, 2010/75/EB Zuzentarauan, 815/2013 Errege Dekretuan eta 93/2006 Foru Dekretuan ezarritakoa gauzatu gogo da, Nafarroan 1/2016 Errege Lege-dekretuaren aplikazio eremuan dauden jardueren ikuskapenari dagokionez. Ingurumen ikuskapenerako programan beharrezko informazioa biltzen da horren barruan sartzen eta lehenesten diren ingurumen ikuskapenak egiteko, baita programa gauzatzeko beharrezkoak diren baliabideen aurreikuspena ere.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren Industria jarduerak ingurumenaren aldetik ikuskatzeko 2021eko Programa onestea. Haren testua foru agindu honen eranskinean dago.

2. Foru agindu hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal da, eskumena duen organo jurisdikzionalari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 12an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2109945