167. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

77E/2021 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin-behinekoz ebazten baita unibertsitateko ikasketak egiten dituzten ikasleentzako beken deialdi orokorra 2020-2021 ikasturterako.

Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak eman duen txostena unibertsitateko ikasketak egiten dituzten ikasleentzako beken deialdi orokorra, 2020-2021 ikasturteari dagokiona, behin-behinekoz ebazteko (deialdia urriaren 9ko 102E/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta 2020ko 252. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, urriaren 28koan), eta ebazpen horren 10. oinarrian ezarritakoa betez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. I. eranskineko ikasleei ikasketetarako bekak ematea behin-behinekoz, izan daitezkeen erreklamazioak galarazi gabe, 2021eko aurrekontuko “Suspertu plana. Unibertsitateko ikasketetarako beka eta laguntzak” izeneko G10001 G1110 4800 323100 partidaren kargura.

2. Onuradunei pagatu beharreko zenbateko zehatza Nafarroako Gobernuak ematen duen laguntzari Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ematen duen bekaren zenbatekoa kenduz lortuko da, aipatu deialdiaren 8. arauan xedaturikoarekin bat. Horretarako, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak bekak eman edo ukatzearen gaineko frogagiria aurkeztua behar dute izan.

3. Bekak behin-behinekoz ukatzea II. eranskinean ageri diren ikasleei, deialdiaren baldintzak ez betetzeagatik.

4. Aipatutako deialdiaren 10. oinarria betetzearren, I. eta II. eranskinetan biltzen diren eskatzaileek beren beka edo laguntza espedientea berrikustea eskatzen ahal dute, hilabeteko epearen barnean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera. Eskaria Unibertsitateko Zerbitzuari zuzenduko zaio. Halaber, zerbitzu horrek ofizioz ikuskatzen ahalko ditu akatsak dituzten espedienteak edo 2020-2021 ikasturteko beken deialdi orokorrean xedaturikoa urratzen dutenak.

5. 2020-2021 ikasturteko beka eta laguntzen deialdi orokorreko kanpaina 2021eko azaroaren 30ean bukatuko da behin betiko. Espedienteren edo erreklamazioren bat horren ondoren ebazten bada, ordainduko da 2022ko aurrekontuan xede horretarako gaitzen den partidaren kargura.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus atarian argitara dadila agintzea.

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Ikasketetarako-ematen-diren-beka-eta-laguntzen-deialdia-2020-2021-ikasturterako

7. Eskatzaileek beren egoera zein den kontsultatu dezakete 2020-2021 ikasturteko beken deialdi orokorra telematika bidez tramitatzeko aplikazioan.

8. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusira, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuari, Unibertsitateko Zerbitzura, Unibertsitateko Atalera eta Araubide Ekonomikoaren Atalera (guztiak Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentukoak) eta Hezkuntza Departamentuko Beka Bulegora.

Sarrigurenen, 2021eko ekainaren 23an.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre.

Iragarkiaren kodea: F2110261