166. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN (ELORTZIBAR)

Kultur Etxearen eta hari atxikitako espazioen erabilerarako eta antolamendurako araudia. Behin betiko onespena

Noain Elortzibarko Udalak, 2021eko apirilaren 13an egindako osoko bilkuran, aho batez onetsi zuen, hasiera batez, Kultura Kontseiluaren Erregelamendua.

Iragarkia 2021eko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 6an, eta jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik aurkeztu gabe; hortaz, aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat. Hona hemen testua osorik.

Argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Noain Elortzibarren, 2021eko ekainaren 8an.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

KULTUR ETXEAREN ETA HARI ATXIKITAKO ESPAZIOEN ERABILERARAKO ETA ANTOLAMENDURAKO ARAUDIA

1. KAPITULUA

Definizioa

1.–Noaingo Kultur Etxea Udalarena da, eta Noain Elortzibarko Udalari dagokio haren erabileraren ardura. Kultur Etxearen helburu nagusia da Noain Elortzibarko biztanleentzat parte hartzeko eta erreferentzia soziokulturaleko gune izatea.

2.–Noain Elortzibarko Udala, Kultura Alorreko Kontseiluaren bidez (Kultura eta Kirolen Udal Alorra kudeatzeko sortutako organo osagarria), arduratuko da bai eraikinaren barnean zein haren inguruan eta hari atxikitako eremuetan egiten diren jarduera, ikastaro eta ikuskizunen antolaketaz, kudeaketaz eta jarraipenaz.

3.–Kultur teknikaria izanen da Kultur Etxean egiten diren jardueren kudeaketaren eta jarraipenaren arduraduna.

2. KAPITULUA

Ordutegia

4.–Kultur Etxea normalean ordutegi honetan egonen da irekita urtean zehar:

–Urtarriletik ekainera eta irailetik abendura: astelehenetik ostiralera, 9etatik 20etara. Programatutako ekitaldi edo ikuskizunen bat dagoen larunbat eta igandeetan, jarduera hori garatzeko ordutegi puntualean irekiko da.

–Uztaila: jendearentzat itxita, administrazio zerbitzua baizik ez da izanen (opor egunetan izan ezik).

–Abuztua: zabalik 09:00etatik 14:00etara. Garai honetan ez dago jarduerarik barnealdean, urtaroa eta klimatologia kontuan hartuta jarduera guztiak kalean programatzen baitira.

5.–Kultura eta Kirolen Alorrak, kultur teknikariaren bitartez, ordutegi hori alda dezake, antola litezkeen jardueren beharren arabera, eraikina kudeatzeko hartutako konpromisoekin bateragarria bada eta diru galerarik ekartzen ez badio Udalari, ezta eskubideen murrizketarik ere Kultur Etxeko langileei.

3. KAPITULUA

Jarduerak

6.–Kultur Etxean batez ere kulturaren esparruko ekintzak eginen dira; honako hauen tankerakoak:

–Herritar guztientzako sustapen soziokulturaleko ikastaroak.

–Ikastaro laburrak edo monografikoak.

–Eskola eta gazte antzerkiko programazioak, herriko ikastetxeekin lankidetzan.

–Udalaren Musika Eskolak antolatutako musika programazioak.

–Norberak sortutako ikuskizunak: Dantzaren Nazioarteko Eguna, ikasturte bukaerako jaialdia...

–Haurrentzako zinema zikloak.

–Helduentzako zinema zikloak eta zineforuma.

–Familientzako antzerki ikuskizunak.

–Musika ikuskizunak, musika zikloak, kontzertu didaktikoak eta kontzertuak familian.

–Hitzaldi zikloak.

–Ahozko narrazioko eta ipuin kontalaritzako saioak.

–Nafarroako antzerki-talde amateurren eta profesionalen estreinaldiak.

–Argazkigintza, pintura, eskultura, zeramika eta abarren erakusketak, urte osoan, herriko nahiz Nafarroako edo beste erkidego batzuetako artistenak, ikasle taldeendako eta talde antolatuendako bisita gidatuak eta guzti.

–Herriko talde artistikoak entseatzeko aretoak (akordeoiak, txalaparta, txistua, antzerkia...).

–Arte plastikoetako aretoa lagatzea herriko artista eta zaleei, beren arte jarduera gara dezaten Kultura eta Kirolen Alorrak erabiltzen ez dituen ordutegietan.

–Liburuen aurkezpena eta irakurketa dramatizatuak.

–Liburutegi zerbitzua, bideoteka, hemeroteka, Interneteko kontsulta, haur liburutegia, liburuak mailegatzeko zerbitzua, taldeentzako ikasgelak.

–Irakurzaletasuna bultzatzeko kanpainak.

–Interes soziokulturaleko bilera eta ikastaroetarako aretoak, herriko elkarte eta taldeek antolatuak.

–Espazio eszenikoa herriko eta komunitateko gainerako talde artistikoei lagatzea kontraprestazioen truke.

–Eremu eszenikoa edota erakusketa aretoa inguruko enpresei alokatzea, stageak edo aurkezpenak egin ditzaten prestazio ekonomikoen truke (ordenantza baten bidez arautua), betiere Kultura eta Kirolen Alorraren erabilera eta beharrak eragozten ez badira.

–Ezkontza zibilak erakusketa aretoan edo erabilera anitzeko aretoetan.

–Hauteskunde kanpainetan bakarrik izaten diren mitin politikoak.

–Espazioak lagatzea gainerako udal alorrei (Kirolak, Musika Eskola, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, Udala...) eta inguruko erakunde publikoei (ikastetxea, institutua, haurtzaindegia, Osasun Etxea...), beren programak eta ekitaldiak modu puntualean gara ditzaten.

–Espazioak lagatzea, kultura erakunde publiko eta pribatuekin hitzarmenak eginez: Kirol eta Gazteria Institutua, Nafarroako Ateneoa, Vianako Printzea Erakundea, Nafarroako Museoa...

–Erabiltzaileei arreta emateko zerbitzua eta Kultur Etxeko administrazioa.

7.–Gorago deskribatutako jarduera guztiek, garatzeko, Kultur Etxeko teknikarien onespena izanen dute.

8.–6. puntuan adierazitako apartatuetan sartzen ez den beste edozein jarduera ez da lehentasunezkotzat joko, eta idatziz eskatu beharko da Kultur Etxeko edozein gunetan egiteko. Artikulu honek berariaz aipatzen ditu bizilagunen bilerak.

9.–Berariaz, kanpo gelditzen dira bilera edo hitzaldi politikoak, hauteskunde kanpainako aldietan izan ezik. Horretarako badira beste leku batzuk udalerrian.

10.–Merkataritza eta/edo irabazizko helburuetarako bada, Udalak beretako gordeko du Kultur Etxeko espazioak alokatzeko eskubidea, horretarako onesten diren ordenantza eta tasei heldurik.

4. KAPITULUA

Erabiltzaileak

11.–Kultur Etxearen zerbitzuen erabiltzailea da haren barrenean egiten diren ikastaro eta gainerako jardueretan aritzen den oro, ikusle, irakurle/ikasle edo parte hartzaile gisa.

12.–Erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:

–Ezarritako ordutegiak errespetatzea.

–Bertan diren altzariak eta elementuak zaintzea eta egokiro erabiltzea.

–Kultur Etxeak duen azpiegitura zuzen erabiltzea.

–Lokaleko ordena eta garbitasuna begiratzea.

–Kultur Etxeko langileek eman ditzaketen jarraibideei men egitea.

–Erretzaileen eta ez-erretzaileen eremuak errespetatzea.

–Errespetuz jokatzea gainerako erabiltzaileekin eta Kultur Etxean lan egiten duten langileekin.

13.–Lokalak behar bezala ez erabiltzeak eta 12. puntuan xedatua ez betetzeak zehapena ekartzen ahalko du. Zehapen hauek Noain Elortzibarko Udalak jarriko ditu, Kultur Etxeko langileen nahitaezko txostenaren bidez. Udalak hutsegitea kalifikatuko du eta dagokion zehapena ezarriko du.

14.–Larritzat jotzen ez den beste edozein hutsegite Kultur Etxeko teknikariek ebatziko dute, Kultura Alorreko Kontseiluko buruak horren berri izanik. Kultura Alorreko Kontseiluak eskubidea izanen du instalazioetan gaizki portatzen diren pertsona guztiei kargu hartzeko eta are instalazioetatik kanpora bidaltzeko.

15.–Instalazioak luzaroan erabiltzeko hitzarmena edo kontratua duten erakundeek instalazioak erabiltzeari dagokionez, zaindu beharko dute beren erakundeko kideek edo parte-hartzaileek instalazioak eta elementuak behar bezala erabiltzen dituztela. Udalak, erabilera desegokia eta gorabeherak gertatuz gero, dagokion gastuen faktura ordaintzea eta kargu hartzea ezarriko ditu lehenbiziko neurri gisa.

16.–Inguruabarrek eraginda eta aldi baterako, eta eskumena duen organoak horretarako baimena ematen duen aldiro, erabiltzaileek Kultur Etxeko biltegiguneak erabiltzen ahalko dituzte, trasteak, tresneria, eszenografiako materiala, etab. gordailatzeko.

17.–Ikus-entzunezko baliabideak Kultur Etxeko langile arduradunek erabiliko dituzte edo, bestela, entitate antolatzaileak akreditaturiko adituek, Kultur Etxeko teknikariek adostasuna emanik, betiere.

5. KAPITULUA

Kultur Etxeko espazioak

18.–Kultur Etxean hiru espazio mota daude, beren ezaugarriei begiraturik:

A.–Zerbitzu iraunkorrak:

• Administrazio eremua:

–Atezaintza.

–Administrazio zerbitzua.

–Kultur teknikaria.

B.–Erabilera bereziko espazioak:

–Bilkura aretoa.

–Liburutegia.

–Erakusketa aretoa.

C.–Erabilera anitzeko espazioak:

–1., 2. eta 3. aretoak (sotoa).

–4. aretoa (1. solairua).

6. KAPITULUA

Kultur Etxeko espazioen erabilera eta horiek lagatzeko eta erabiltzeko irizpideak

19.–Errege kaleko 10. zenbakiko Kultur Etxea Kultura Alorraren egoitza izanen da eta, beraz, haren kudeaketa organoarena: Noain Elortzibarko Udaleko Kultura Alorreko Kontseilua.

20.–Kultur teknikariaren ardura izanen da, arloari esleitutako langileekin koordinatuta, Kultur Etxeko instalazioak programatzea eta erabiltzea.

21.–Entitate edo partikularrek instalazioak erabiltzeko baimenak beti egonen dira Kultura Alorreko Kontseiluak antolatu edo babesten dituen jardueretarako erabiltzearen mende.

22.–Kultur Etxeko espazioak lagatzeko, honako baldintza orokor hauek ezarri dira:

–Eskabidea, 5 egun lehenago, Kultur Etxeko bulegoan. Adierazi beharko dira jardueraren izaera, iraupena, ordutegia eta aurreikusitako parte-hartzaile kopurua.

–Ezin da erre Kultur Etxeko areto bakar batean ere.

–Kultur Etxeko sarrerako informazio panelek adierazpen askerako gune bat izanen dute, eta guztiek begirune osoa izanen dute pertsonenganako eta haien iritziekiko.

–Areto guztietako horma eta kortxoetan bertan egiten diren jarduerak gauzatzeko behar dena baizik ez da paratuko; afixaz eta zerez garbi eta hasieran bezala utzi beharko da egunero.

–Araudi honen 12. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeko konpromisoa hartzen dute Kultur Etxeko pertsona, erakunde eta talde erabiltzaileek.

–Esleitzerakoan, lehentasuna izanen dute Noaingo talde edo elkarte kulturalek, edo bertan antolatutakoek.

–Egoerak aukera ematen badu, elkarlanerako hitzarmenak sina daitezke Udalaren eta pertsona edo kultur eta arte taldeen artean, Kultur Etxeko espazio batzuek erabiltzeko, bereziki eremu eszenikoa.

23.–Kultur Etxeko zerbitzu iraunkorrak erabiltzeko baldintza hauek ezartzen dira:

–Administrazioaren, atezaintzaren eta kultura koordinatzailearen eremuak Kultur Etxeko lantaldeak bakarrik erabiltzeko gunetzat hartuko dira. Bulegoa, langela eta atezaintza-postua ezin dira laga.

24.–Kultur Etxeko liburutegia erabiltzeko baldintza hauek ezartzen dira:

–Liburutegi Publikoaren espazioa Nafarroako Gobernuaren Liburutegi Sareak soilik arautuko du.

–Liburutegien Sarearen bidez, Nafarroako Gobernuak zehaztuko du Liburutegiko zerbitzuen jendaurreko ordutegia, bai eta irekitzeko eta ixteko urteko egutegia ere.

25.–Honako baldintza hauek ezartzen dira Kultur Etxeko erabilera anitzeko espazioak tokiko kolektiboek erabiltzeko eta haiei lagatzeko:

–Kultur Etxea eta haren menpeko guneak ez dira Noaingo ezein kolektiboren egoitza izanen, ezta Kultura Kontseiluan sartuta daudenena ere.

–Nornabakoak izan nahiz taldeak izan, erabiltzaileek ez dute Kultur Etxearen espazio eta tokietako giltzarik izanen. Talde bakoitzari esleitutako tokiak erabiltzeko, administrazio eta/edo etxezaindegiaren zerbitzura jo beharko dute, huraxe arduratuko baita irekitzeaz eta ixteaz eta haiek beren jardueran aritzeko behar duten materialaz hornitzeaz.

–Ikasturte bakoitzaren hasieran, Kultur Etxea erabiltzen duten kolektiboek jardueren eta ordutegien egutegi bat aurkeztuko dute, eta egutegi horretan zehaztuko dute noiz baliatuko diren Kultur Etxeko espazioez eta Kultura eta Kirolen Alorrari atxikitako beste gune batzuez. Ordutegi eta egutegiek bat egin beharko dute Kultur Etxeak, oro har, irekitzeko eta ixteko dituen ordutegi eta egutegiekin.

–Helburu horretarako jarriko ditu Kultura eta Kirolen Alorrak Kultur Etxeko erabilera anitzeko espazioak eta hari atxikitakoak. Erabilera anitzeko espazio gisa definituko ditugu era jarraituan zenbait jardueratarako erabil daitezkeenak. Zehazki, erabilera anitzeko espazioak dira Kultur Etxeko 1., 2., 3. eta 4. aretoak.

–Zer premia diren, zer espazio dauden eskura eta egin beharreko jarduera zer motatakoa den eta zer ezaugarri dituen, horiexen araberako erantzuna emanen diete Kultur Etxeko teknikariek espazioak lagatzeko eskaerei.

–Ordutegiak, jarduerak eta erabilera anitzeko espazioak ezarri ondoren, kultur zentroak dituen espazioen beste edozein erabilera eskatu beharko da idatziz, jarduera egin baino bi egun lehenago gutxienez, Kultur Etxean xede horretarako dauden inprimaki batzuen bidez.

–Kultura Alorreko Kontseiluak komenigarritzat jotzen badu, lokalen lagapena bukatu ahal izanen zaie beren jardueratik etekinak ateratzen ari diren talde edo kolektiboei, kultur jardueran hasi berriak diren taldeei emateko. Era berean, Kultur Etxean behar adina lokal ez badago eskatzen duten guztiei lagatzeko, lokalen erabilera nori lagako zaion erabakitzeko honako alderdi hauek hartuko dira aintzat: lehenik, Noain Elortzibarren erroldatutako bizilagun gehien dituen taldeei emanen zaie lehentasuna. Bigarrenik, baina lehenbizikoarekin lotuta, aintzat hartuko da eta taldea lehenesteko arrazoi izanen da, laga zaizkion lokalak erabili eta gero taldeak kultur ekintza edo jarduerak antolatu izana edo halakoetan parte hartu izana, herriari eta/edo ibarrari nolabait helaraziz lokala erabili duen bitartean egindako kultur lanaren emaitza. Lokala erabili eta gero, ez bada parte hartu inongo kultur ekimenetan (grabazioa, kontzertua...), lokala beste talde eskatzaile batzuei lagako zaie.

26.–Honako baldintza hauek ezartzen dira Kultur Etxeko erabilera anitzeko espazioak partikularrek erabiltzeko eta haiei lagatzeko, beren arte jarduera gara dezaten:

–Aurreko apartatuetan araututakoa deustan ukatu gabe, Kultura eta Kirolen Alorrak auzotarrei utz diezazkieke jardueretarako egokitutako espazioak, beren arte jarduera garatzeko.

–Kultur Etxeak programatutako jarduerarik ez dagoen egun eta orduetan lagako zaizkie aretoak partikularrei beren arte jarduera garatzeko, oztopatzen ez badituzte instalazioak garbitzeko eta mantentzeko lanak.

–Horretarako, eskaera bat egin beharko dute Kultur Etxeko administrazio bulegoan, eta onartuta dauden tasak ordaindu beharko dituzte, hala badagokio.

–Lagapena ez da bi hilabetetik gorakoa izanen, eta berritu daiteke betetzen badira aurreko apartatuetan jasotako baldintzak.

–Partikularrak jarriko ditu jarduera garatzeko materialak.

–Kontrakoa erabaki ezean, espazioak lagatzeak ez du ekarriko Kultur Etxeak gordetzea eta biltegiratzea inolako materialik, instrumenturik, artelanik edo beste edozein gairik.

–Berariaz onetsitako ordenantzari lotuko zaio lagapen horien tratamendu ekonomikoa.

27.–Honako baldintza hauek ezartzen dira ekitaldi aretoa eta espazio eszenikoa erabiltzeko eta lagatzeko:

–Ekitaldi aretoa eta agertokia edo espazio eszenikoa, funtsean, Kultur Etxeko programazioa gauzatzeko erabiliko dira.

–Ekitaldi aretoaren eta/edo espazio eszenikoaren erabilera erakundeei eta abarrei lagatzea idatziz eskatu beharko da Kultur Etxeko administrazio bulegoetan, gutxienez 10 egun lehenago.

–Entitate edo norbanakoek instalazioak erabiltzeko baimenak beti egonen dira Kultura Alorreko Kontseiluak, Udalak edo haren erakunde autonomoek antolatu edo babesten dituzten jardueren erabileraren menpe.

–Udalak, kultura eta ekonomia aldetik espazio honi etekin hobea ateratzeko asmoz, kontratu edo hitzarmenak egiten ahalko ditu partikularrekin, entitateekin edo arte taldeekin, erabilera lagatzeko eta arautzeko, dela une jakin batzuetarako, dela manera jarraikian eta/edo luzarorako (konparazio batera, hiruhilekorako, seihilekorako, denboraldirako, urtebeterako, etab.).

–Horrelako lagapenak akordio idatzien bidez eginen dira eta egokitzat jotzen diren konpentsazio bideak zehaztuko dira.

–Ahalegina eginen da beti ekitaldi aretoaren okupazioa partziala soilik izan dadin (agertokia), beste kultura ekitaldi batzuk (proiekzioak, hitzaldiak...) egin ahal izateko.

–Kultur Etxeko teknikariek ezarriko dituzte lagapen horien ordutegia eta baldintza teknikoak.

–Entitate edo pertsona eskatzailearen kontura izanen dira: edozein tasa, kontribuzio eta zergaren ordainketa, egile eskubideak ordaintzea, behar izanez gero, administrazio baimenak, halakorik bada, eta ekitaldiaren emanaldirako behar diren elementuak muntatu eta kentzea, antolaketa Kultura Alorreko Kontseiluaren gain ez dagoenean, baina, betiere, Kultur Etxeko langileek noiznahi ematen dituzten oharrei kasu eginez.

–Jarduera bukatutakoan, entitate antolatzailea arduratuko da instalazioak erabiltzeko ongi geldi daitezen, jarduera hasi aurretik zeuden egoera berean, eta instalazioaz arduratzen diren langileek oniritzia eman beharko dute.

–Entitate antolatzaileek beren gain hartuko dute instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren hondamen edo kalteak konpondu edo ordaintzeko ardura, edozein izanagatik haien arrazoia edo zergatia. Horretarako, Kultura Alorrak aurkeztuko dio likidazioa, non ez duen berak zuzenean hartzen egin behar diren konponketen ardura, Udalak izendatzen duen udal teknikariaren zuzendaritzapean, eta horren adostasunarekin.

–Orokorrean, instalazioen barrenean ezin izanen da inongo publizitate eta propagandarik egin, Kultura eta Kirolen Alorrak kasu bakoitzean esanbidez baimentzen duena izan ezik.

–Inguruabarrek eraginda eta aldi baterako, eta eskumena duen organoak horretarako baimena ematen duenean, entitateek, taldeek eta erabiltzaile partikularrek auditorioko biltegiguneak erabiltzen ahalko dituzte, trasteak, tresneria, eszenografiako materiala, etab. gordailatzeko.

–Ikus-entzunezko baliabideak Kultur Etxeko langile arduradunek erabiliko dituzte, edo bestela entitate antolatzaileak akreditaturiko adituek, Kultur Etxeak aurretik adostasuna emanik, betiere.

–Berariaz onetsitako ordenantzari lotuko zaio lagapen horien tratamendu ekonomikoa.

28.–Erakusketa aretoa erabiltzeko eta lagatzeko baldintza hauek ezartzen dira:

–Kultura Alorreko Kontseiluak Kultur Etxeko erakusketa aretoa utziko du bakarrik erakusketa artistikoak, kulturalak, eskulangintzakoak edo herritarrentzat interes orokorrekoak direnean.

–Erakusketa aretoa lagatzeko, eskaera bat egin beharko da Kultur Etxeko administrazio bulegoetan, horretarako emandako inprimakia betez.

–Eskaerarekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira:

  • Historia profesionala.
  • Egindako erakusketen zerrenda.
  • Lortutako sari eta aipamenen zerrenda.
  • Prentsako iruzkin kritikoak.
  • Lehenago egindako erakusketen katalogoen laginak edo artxiboak.
  • Formatu digitaleko bost argazki, gutxienez 9 × 12 cm-koak (erakutsi beharreko lanenak), edo horien bost diapositiba.

–Eskaerak onartzeko, kontuan hartuko dira erakusketariak zer curriculum vitae-a duen, obraren kalitatea nolakoa den, originaltasunik baduen, aretoak duen erakusketa programarekin bat heldu ote den, etab.

–Kultur Etxeko teknikariek idatziz adieraziko dio eskatzaileari eskaera onartu zaiola eta erakusketarako egun jakin batzuk eman dizkiotela. Erakusketariak 15 eguneko epea izanen du eman zaizkion datekin ados dagoela adierazteko eta, hala egiten ez badu, ulertuko da uko egiten diola eman zaion datari.

–Orokorrean, 7 egun iraunen du gutxienez, eta 30 egun gehienez. Data horiek kalitatearen eta aretoaren irizpidearen arabera erabakiko dira.

–Irekitzeko orduak ikusgai jarriko dira jendearendako eta erakusketariak horien berri izanen du aitzinetik.

–Garraioa eta asegurua: obra bidaltzeko eta itzultzeko gastuak, non Kultur Etxeko teknikariek ez duten bestelakorik erabakitzen, artistaren eta obraren interesa kontuan harturik, erakusketariaren kontura izanen dira eta hark bere aldetik aseguratzen ahalko ditu obrak, hala nahi badu.

–Zaintza: Kultur Etxea ahaleginduko da lanak zaintzeaz eta begiratzeaz. Hala ere, ez du erantzukizunik izanen, baldin eta istripu, lapurreta, sute edo bestelako arrazoiren batengatik lanak osorik edo partez suntsitzen badira.

–Muntatze-lanak: Kultur Etxeak bestelakorik erabaki ezik, erakusketaria beharturik dago bera arduratzera erakusketa muntatu eta kentzeko lanez, edo bestenaz bere konfiantzako beste norbait eskuordetuko du horretarako, hura behar bezala kreditatuta. Dena dela, Kultur Etxeko harreraguneko langileen laguntza izanen du. Aretoko apaingarriak bestelakotzea badakar, ez da aldaketarik onartuko. Paretetan kalte egiten duen materialik ere ez da erabiltzen ahalko (iltzeak, txintxetak, eranskailuak etab.).

–Publizitatea: erakusketariak erakusketako katalogo edo txartel bat argitaratuko du. Kultur Etxeak diru kopuru bat bideratuko du kontzeptu horretarako, laguntza gisa. Erakusketariak katalogoaren ezaugarrien, maketaren eta formatuaren berri eman beharko dio aldez aurretik Kultur Etxeari, eta bertan Noaingo Kultur Etxearen logotipoa agertu beharko da. Kultur Etxeak katalogoak edo txartelak igortzen ahalko dizkie herriko nahiz Foru Komunitateko entitate, erakunde eta korporazio ofizial nahiz kulturalei. Norbanakoei igorri nahi izanez gero, eta orobat gonbidapen espresuak, erakusketariaren kontura izanen da. Kultur Etxeak bere kasa iragarriko du erakusketa.

–Etenaldia: erakusketaren bat, Kultura eta Kirolen Alorrarekin ikustekorik ez duten arrazoiengatik, onartutako erakustaldiko egunen batean ezin bada ireki, ahal dela erakustaldia luzatu eginen da, aretoko jardueren programazioak bidea ematen badu.

–Aretoko gastuak: erakusketa aretoa doan lagako zaie artistei eta Udalak ez dio deus kobratuko erakusketariari zainketa, argia, garbiketa eta abar direla eta.

–Bestelako xedapenak. Araudi hau aplikatzeak ekartzen dituen auzietan, erakusketariak men eginen dio Iruñeko auzitegi eta epaitegien jurisdikzio eta eskumenari, beste guztiei uko eginda. Aurreikusi gabeko orotan eta arau hauen interpretazioaren inguruko zalantza edo arazoetan, Noaingo Kultura Alorreko Kontseiluak ebazten duena bete beharko da, eta ezin izanen da haren erabakiaren aurka jo.

29.–Honako xedapen gehigarri hauek ezartzen dira:

–Aldi baterako, Kultur Etxeak atondoa edo erakusketa aretoa erabiliko ditu ezkontzetarako, aldez aurretik Kultur Etxeko teknikariei hala eskatuta eta haiek ontzat emanda.

–Hauteskunde kanpainetan, Kultur Etxea erabil daiteke ekitaldi politikoak egiteko, Hauteskunde Batzordeak ezarritakoaren arabera.

–Kultura Alorreko Kontseiluak egoki baderitzo eta Kultur Etxearekin lotuta badaude, egin daitezke kultura jarduerak, proiekzioak eta erakusketak Kultur Etxearen sarrerako plazan.

–Erregalamendu hau osorik edo zati batean aldatzeko, Kultura Alorreko Kontseiluaren bilkura berezirako deia egin beharko da, iragarkian adierazita ezabatu edo aldatu nahi d(ir)en artikulua edo artikuluak. Kultura Alorreko Kontseiluan adostutako aldaketak edo aldaketek bertaratutakoen bi herenen botoak izan beharko dituzte, baldin eta boto eskubidea badute. Kontseiluak onartu ondoren, Udaleko Kultura eta Kiroletako Informazio Batzordeak behin betiko onartu beharko ditu.

Araudi honetan aurreikusi gabeko kasuak Kultura Alorreko Kontseiluak ebatziko ditu.

Iragarkiaren kodea: L2109591