165. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

154E/2021 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Momplanete eguzki parke fotovoltaikoaren proiekturako, Erriberriko udalerriko 11. poligonoko 56. eta 57A lurzatietan. Monteplano Solar SLk sustatu du proiektua.

Goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-ukipenetarako baimena lortzeko eskaera Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “I” epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen-ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta izanen dituela uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 117. artikuluan ezarritako ondorioak (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Proiektuak 950 kWp-ko eguzki parke fotovoltaikoa gauzatzea proposatzen du; 2.160 eguzki modulu fotovoltaiko erabiliko dira, silizio monokristalinozkoak, multzoka ezarriak ardatz baten gaineko jarraitzaile horizontalen egitura mugikorretan, eremuan ipar-hego norantzan jarriak, eta lurzoruan zuzeneko tinkatuaz finkatuak. Jarraitzaileen arteko tartea 8,5 metrokoa izatea proposatzen da, eta gehieneko garaiera 3,5 metrokoa izanen da.

Parke fotovoltaikoan sortutako energia “Monplanete” maniobra zentroan bideratuko da banaketarako sare elektrikora. Maniobra zentro hori mugakide den 10. poligonoko 584. lurzatian dago eta bertan bada dagoeneko parke fotovoltaiko bat. Gune horretara bitarteko ebakuazio linea lurrazpikoa izanen da.

Parkea ezartzeko proposatzen diren lurzatiek 3,26 hektareako azalera dute guztira, eta horietatik 2,7 hektarea hesituta daude 2,25 metroko garaierako bihurdura bakuneko sarez. Jarraitzaileek eta etxolek hartzen duten azalera 4.205 m²-koa da gutxi gora behera.

Espedientean, Erriberriko Udalak zenbait baldintzarekin emandako aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Monteplano Solar SLk Erriberriko udalerriko 11. poligonoko 56. eta 57A lurzatietan sustatutako Monplanete eguzki parke fotovoltaikoari.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

• Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak. Ahalik eta gutxien ukituko da landaredi naturala, lan eremua ahalik eta txikiena izaten saiatuko baita eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko baitira.

• Aurkeztutako dokumentazioan ezartzen denaren arabera, jarraitzaileen euskarrien egitura zuzeneko tinkatuaren bidez finkatuko da lurrean. Horiek lur eremuaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira, lanak egin bitartean ukipena guztiz ezinbestekoa den esparruan soilik egiteko moduan, eta lur mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan. Plakak ezartzeko eremuan egin beharreko sasi garbitzeak eta lur berdintzeak ez dira eremu osoak ukituz eginen; jarraitzaileen zutoinek osatzen dituzten lerroetarako beharrezkoak diren ukipenak soilik eraginen dira, haien erabilera eta ezarpen egokirako doi beharrezkoak direnak.

• Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean beheko aldetik, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Gainera, baloratuko da proposameneko bihurdura bakuneko hesiaren ordez beste bat jartzea, iragazkortasuna hobetuko duena tamaina txikiko faunarentzat (abeltzaintzako hesia edo zinegetikoa, alanbre arantzadunik gabea).

• Argiunerik jarriko balitz instalazioan, ezinbestekoak direnak bakarrik jarriko dira, eta talka eremu potentzialetatik urrun jarriko dira (hesiak, tentsoreak, aireko linea elektrikoak, etab.). Erabiliko diren luminariak argi kutsadura gutxikoak izanen dira, intentsitate baxukoak, eta lurrera begira jarriak.

• Lanak egin bitartean lur azpian agertuko balitz aztarna arkeologikoren bat, ordura arte ezezaguna, sustatzaileak gogoratu beharko du legezko betebeharra duela horren berri berehala emateko Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ondare Historikoari buruzko indarreko legediak jasotzen duenaren arabera (Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak).

• Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza erabiliko da, eta behar berezia izanez gero, sasi-garbitzea makineriaz egitea baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

• Lagomorfo, karraskari eta bestelako animalien kontrola beharrezkoa balitz, aurrez behar diren baimenak lortuta egin beharko da, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliz, guztiz debekaturik dagoelako pestizida, intsektizida, errodentizida eta bestelako pozoiak erabiltzea.

• Lanak egin bitartean Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (254/2019 FD) edo/eta Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (139/2011 ED) jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

• Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan.

• Eguzki instalazio fotovoltaikoen eremu osoan, eta lanen kaltea jasan duten beste edozein zatitan ere, aldi batez izan bada ere, landaretza naturalik agertzen ez badute, belar-ereintza eginen da, bertako belardiko hazien nahasketa bat erabiliz. Lanak egin bitartean landare lurreko geruza kendu edo kaltetu bada, edo halakorik ez bada, belarra erein baino lehen landare lurra jarriko da, gutxienez 20 cm-ko geruza, aurretik behar bezala erauzi eta metatua. Landaredia berrezartzea lanak amaitu eta hurrengo sei hilabeteetan egin behar da.

• Erabilerari lotutako eraikinen diseinua ingurunearekiko harmonia errespetatuz eginen da, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.

Hirigintza arlokoak:

• Baimen honek 2.160 modulu eta guztira 950.000 Wp-ko instalaturiko potentzia izanen dituen eguzki parke fotovoltaikoa ezartzea babesten du.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

• Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

• Obrak egitean, aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Erriberriko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tafallako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko ekainaren 17an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2109834